Bizkaiaren historia

Historiaurrea eta antzinatea

Euskal Herrian gizakiaren aztarnak oso aspalditik daude; zaharrenak, Bizkaian, Lemoako Arlanpe haitzuloan aurkitutako Behe Paleolitoko aztarnak dira (K.a. ~120000-100000).

Erdi Paleolitokoak, Neanderthal gizaki-motari dagozkionak, ugariagoak dira, hauen artean Axlor-koak (Dima), Goi-Paleolitoan (K.a. 9000 urte arte) klima hoztu egin zen; orduko gizakiak, Cro Magnon motakoak, itsaso aldera jo zuen. Bizkaian Bolinkoba (Abadiño), Arenaza (Galdames), Atxeta (Forua), Santimamiñe (Kortezubi), Lumentxa (Lekeitio) haitzuloetara. Dirudienez, ehiza zen giza talde horren lanbide nagusia.

Santimamiñe

Santimamiñeko hormako pinturak

Neolitoan (~K.a. 3500), abeltzaintzari eman zitzaion hasiera eta pixkanaka- pixkanaka ehizaren lekua hartu zuen; etxe-abereen aztarnak aurkitu dira hainbat haitzulotan. Hilobiratze-errituak garai hartan garatu ziren; ordukoak dira Euskal Herriko trikuharri ugariak. Euskal Herriko harrespilak metalak agertu ziren garaikoak dira (~K.a. 2000). Europako erdialdetik zetozen taldeak, Burdin Aroko lehen aldian, Pirinioetako pasabideetan zehar igaro ziren (~K.a. 900-500).

Bizkaian ez da zelten arrasto asko aurkitu, bai ordea Euskal Herriko beste herrialde batzuetan. Erromatarren garaian Enkartazioetan autrigoiak zeuden eta Nerbioi eta Deba ibaien artean karistiarrak. Bizkaian erromatarren aztarna arkeologiko gutxi aurkitu dira.

Bisigodoen garaian oraingo Bizkaia eta Araba, Kantabria probintziakoak ziren. Oraingo Gasteiz ondoan hiri bat eraiki zen, Leovijildok Gorbeia inguruan gudua izan ondoren (581).

Erdi Aroa

Bizkaiari buruzko lehenengo aipamen historikoa Asturiasko Alfontso III.a Handiaren kronikakoa da (883); hala ere VIII. mendearen erdialdetik lurralde hori aipatzeko izen hori erabiltzen zela uste izatekoa da, kronikaren pasarte hori aurreko errege asturiarraren eginei buruzkoa baita.

Zaila da gerora Bizkaiko jaurerria osatu zuten lurrek Goiz Erdi Aroko garai ilun haietan zer estatutu eta izaera zuten jakitea; orduan Ibaizabal eta Deba ibaien arteko eskualdeek osatzen zuten Bizkaia deiturikoa, hots, Bizkaiko gunea. Durangaldea, Urduña eta Enkartazioak errealitate desberdin gisa azaltzen ziren.

Eremu geografiko honek esanahi politikoa hartu zuen X. mendearen bukaeraz gero: iturriek Nafarroako erresumaren orbitan omen zegoen Bizkaiko konde bat aipatzen dute. Jaurerria izango dena osatzen ari zen: hasiera batean jaurgo jurisdikzionala zen, Nafarroako edo Gaztelako erregeak izendatutako buru batekin, nahiz eta kargu hau, denborarekin eta ohikoa zen bezala, familia baten eskuetan geratu.

Bizkaiko kasuan kargua batez ere bi familiaren esku egon zen Goiz Erdi Aroan: harotarrak eta ladrondarrak. XIII. mendea arte Bizkaia bi eragin politikoren menpe egon zen: Nafarroakoa eta Gaztelakoa. Durangaldea zalantzarik gabe Nafarroako erresumaren lurraldea zen bitartean, Enkartazioak mendebaldeko kristau erresumei, batik bat Gaztelari, lotuta egon ziren. XIII. mendearen hasieratik, ordea, Bizkaia Gaztelako koroaren eraginpean egon zen. Ordura arte badirudi Bizkaiko lurraldeek abeltzaintzan, basoaren ustiapenean eta, neurri txikiagoan, nekazaritzan oinarritutako ekonomia zutela; erlatiboki pobrea izanik populazioaren zati bat emigraziora bultzatu zuen, adibidez Iberiar penintsulan musulmanei irabazitako lurraldeetara. Gizarte-antolaketak senitartea zuen erdigune.

Hasiera batean giza taldeen arteko harremanek lurraren erkidegoaren jabegoa zuten oinarri, baina, Goiz Erdi Aroa aurrera joan zen heinean, familiaren jabegoa nagusituz joan zen. Horren ondorioz, gizarte-taldeak edo -mailak osatzen hasi ziren: goian, senniores edo jaunak, lur garrantzitsuenen jabeak; milites eta homines direlakoak, aurrekoen basailuak eta seguru asko arma-gizonak zirenak; eta, azkenik, kollazoak edo lurra lantzen zutenak. Hauek aurrekoen mende zeuden, menpekotasun-maila desberdinak zeudela.

Honetaz guztiaz gutxi ezagutzen bada ere, gizarte feudala zela esan daiteke. XIII. mendea erabakigarria izan zen Bizkaiaren eraketa historikoan. Mende horren hasieran Bizkaia behin-betiko Gaztelako erresumari lotu zitzaion; lotura hau erabat estutu zen 1376an, Bizkaiko jauna titulua Gaztelako erregeak (Gaztelako Joan I.ak) bereganatu zuenean. Jaurerri-izaera gorde zuen eta Gaztelako erregeek (eta gero Espainiakoek) euren titulu ugariei Bizkaiko jaunarena gehitu zieten.

Erdi Aroko mende horietan, gainera, jaurerriarekin bat egin zuten Durangaldeak (1212), Enkartazioetako zenbait herrik (pixkanaka; azkenengoak, Balmasedak, XIV. mendearen bukaeran) eta Urduñak (XV. mendean behin-betiko).

Hala ere, lurralde hauek beren erakunde eta ezaugarriak gorde zituzten. Garai horretan finkatu zen Bizkaiko lurralde-egitura, hiribildu eta elizateak orduantxe eratu baitziren. Lehenengo hiribildua XII. mendearen bukaera aldean fundatu bazen ere (Balmaseda, 1199), gehienek hiri-gutuna XIII. eta XIV. mendeetan zehar eskuratu zuten (zazpik XIII. mendean eta hamahiruk XIV. mendean). Hortaz, inguruko lurraldeetan gertatutako urbanizazio-prozesuekin alderaturik, Bizkaikoa (Gipuzkoakoa bezala) berantiarra izan zen.

Horrek Jaurerriaren atzerapen ekonomikoa adierazten zuen. Bizkaiaren kokapen geopolitikoa, Gaztela eta Nafarroako erresumen artean, alegia, ez zen guztiz finkatu, esan bezala, XIII. mendearen hasiera arte.

hiribilduak

Zuriz hiribilduak eta Zuzenbide Arrunteko Hiria:Balmaseda, Bermeo, Bilbo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete, Plentzia eta Urduña. Enparauan Foru-Zuzenbide Zibilak agintzen du.

Hiribildu bat fundatzeak Erregeak edo, Bizkaiko kasuan bezala, jaunak herrigune bati foru edo eskubide-multzo berezi bat ematea esan nahi zuen. Normalean, hiribilduaren bizitza arautzen zuen foruarekin batera lur-eremu bat ematen eta hainbat eskubide edota pribilegio ekonomiko, adibidez merkatua antolatzekoa, ematen zitzaizkion. Hiribilduak Bizkaiko jaunari (eta, hortaz, geroago Erregeari) zuzenean lotutako espazioak ziren; lur zabala ordea jaunen eta aitonen semeen eraginpeko eremua zen, harresiek banatzen zituztelarik.

Hainbat arrazoiren eraginez sortu ziren Bizkaiko hiribilduak. Faktore bakarra ez bazen ere, XIII. mendean eta XIV. mendearen hasieran sortutakoek zerikusia izan zuten merkataritzako bideen eta portuen finkapenarekin, Iberiar penintsulatik Europako iparraldera zuzendutako merkataritzako ardatz berriaren garapenaren ondorio bezala alegia. XIV. mendeko batzuk, ordea, bandoen arteko gerrek eragindako segurtasun-faltaren ondorio dira: biztanleak babesteko bidea izan ziren.

Hiribildu guztiek hiri izateko berezko joera bazuten ere, denak ez ziren hiri-jarduerak guztiz garatzera heldu. Hona hemen prozesu horren adibide eta data batzuk: Bermeo (1236), Urduña (1299), Durango (1290-1300), Bilbo (1300),Gernika (1376).

Bilboko planoa

Bilboko Erdi Aroko planoa

Hiribilduen aurrean kapareen edo leinuen eraginpean zeuden elizateak sortu ziren, lur zabala osatu zutenak, alegia. Bi eremuak mugatzeko beharra sortu zen, eta horrela XIV. mendearen lehenengo erdialderako hesitu gabeko eremuetako biztanleak administratiboki elizateetan antolatu ziren.

Hiribilduek inguruko nekazaritza-lurrak menperatzeko nahikoa indarrik ez zutela izan adieraziko du honek, nonbait. Bizkaia, hortaz, hiribildu eta elizatez osatutako lurralde bilakatu zen; hala ere, Durangaldeak eta Enkartazioek udal-antolamendua, ezaugarri eta erakunde berezi batzuk mantendu zituzten, hala nola Gerediagako Batzarrak eta Urrestietako Batzarrak.

XIII. mendean Bizkaian ekonomi egitura berriak finkatzen ari ziren. Hiribilduen sorrerak arrantza, garraioa eta merkataritza bezalako jardueren bultzada adierazten du. Gaztelatik Europako iparraldera esportatzen ziren produktuak (artilea, batez ere) eta handik Iberiar penintsula barnera inportatzen ziren asko Bizkaitik pasatzen ziren eta garai hartan bizkaitarrek nagusiki garraio-lanak egiten zituzten. Bilbori emandako trafiko-pribilegioak testuinguru honetan kokatzen dira. Baina, produktu hauekin batera, bizkaitarrak beste bat ere ustiatzen eta esportatzen hasi ziren, burdina, alegia.

Batez ere Somorrostro aldeko burdin meategietan oinarritua, Bizkaiko eta, oro har, euskal burdingintza garrantzitsua finkatu zen.

Abeltzaintza oraindik garrantzizkoa bazen ere, nekazaritzak aurrera egin zuen eta hiribilduetan aipatu bigarren eta hirugarren sektoreetako jarduerak garatu ziren. Ondorio gisa, lehen sektoreari loturiko kapare- eta nekazari-taldeekin batera, hiri-ekonomiari loturiko burgesia xume bat agertzen joan zen, pixkanaka garrantzi handiagoa hartuko zuena.

Berant Erdi Aroko (XIV-XV. mendeetako) depresioak, Mendebaldeko Europa guztian bezala, biztanleriaren hazkundea gelditu eta ekonomi krisia agerrarazi zuen. Halere, Bizkaian biztanleriaren eta ekonomiaren berreskurapena aski bizkorra izan zela dirudi, burdingintzaren eta merkataritzaren aurrerapenei kasu eginez gero behintzat.

Gizarte-arloan, aipaturiko aldaketa sakonen ondorioz, gatazka luzeak gertatu ziren, Bizkaiaren hurrengo bilakaeran garrantzi handia izan zutenak. Gatazka hauen erdigunean bando arteko liskarrak izan ziren, oinaztarren eta ganboatarren inguruan bildu ziren kapareen leinuen artekoak alegia, XIV. eta XV. mendeetan zehar iraun zutenak. Kapareentzat eta hauen buru ziren aitonen semeentzat gerra-krisiaren ondorioz murrizten ari zitzaizkien diru-sarrerak birbanatzeko bideetako bat izan zen; nekazarien gaineko presioa handitu eta aberasten ari ziren hiribilduei eraso zieten. Aitonen semeen eta bando arteko gerraren aurkako erreakzioa noble txiki, nekazari- eta hiritar-talde hauetatik sortu eta ermandadeetan gauzatu zen (nagusiak Bizkaikoa eta Enkartazioetakoak izan ziren, 1394koak, aurretik ahaleginik egin bazen ere).

Koroaren laguntzaz, leinuen gehiegikerien kontra borrokatu ziren, ahaide nagusien eragina erabat mugatu zuten eta Probintziaren erakunde eta antolaketa berriaren oinarri izan ziren. XV. mendearen bukaera alderako bakea lortu zen. Hala ere, bando-gerra eta ermandadeak ez ziren izan Berant Erdi Aroko krisiaren ondorio bakarrak: XV. mendearen bigarren laurdenean sortu eta XVI. mendea arte iraun zuen Durangoko heresia eta horren ondorioz gertatu ziren istiluak ere giro horretan kokatu behar dira.

Aro Modernoa

Berant Erdi Arotik jalgi zen gizarte-antolaketa berria, aldaketak izan bazituen ere, gutxi gorabehera XV. mendearen bigarren erdialdean finkatzen hasi eta XIX. mendea arte iraun zuen. Honako zutabe hauek izan zituen: forua eta foru-erakundeak, kaparetasun orokorra eta zerga-salbuespena.

Foruak bizkaitarren bizitza hein handi batean arautzen zuten usadio eta ohituren bilduma dira, Jaunak eta Koroak emandako hainbat pribilegio barnean bazuten ere. Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren arteko garaian idatziz finkatu ziren: Foru Zaharra (1452) eta Foru Berria (1526). Probintziaren erakunde gorena Batzar Nagusiak ziren.

Ermandadeen aurretik Bizkaian antzeko batzarrak ospatu bide ziren, baina ermandadeen batzarrak izan ziren, XV. mendetik aurrera, Bizkaiko Batzar Nagusi bilakatu zirenak. Hasiera batean beste leku batzuetan egiten baziren ere, XV. mendean Gernikan finkatu zen batzargunea.

Batzar Nagusiek, Probintziako beste erakundeekin batera, gero eta botere eta konpetentzia gehiago lortu zituzten Aro Modernoan zehar. Berant Erdi Aroko krisiaren beste emaitza bat, Gipuzkoan bezala, "kaparetasun orokorra" izan zen: kontzeptu honi esker bizkaitar guztiak juridikoki berdinak ziren, hots, guztiak kapare ziren. Honek, Batzar Nagusietara joateko ezarri zitzaien debekuarekin batera, ahaide nagusien porrota adierazten du. Bizkaiarentzat salbuespen eta berezitasunak finkatzeko oinarri teoriko paregabea izateaz gain, bizkaitar eskolatuei Espainiako administrazioan sartzeko aukera ona ematen zien.

Azkenik, Berant Erdi Arotik Aro Modernoaren hasieraren bitartean, Bizkaiak Koroarekiko berezitasun eta pribilegio fiskaleko eremu gisa lehenagotik zuen izaera finkatu egin zen, hau da, Bizkaian presio fiskala Gaztelako erresumako beste lekuetan baino txikiagoa zen. Honek ez du esan nahi bizkaitarrek zergarik ordaintzen ez zutenik: Probintziako aginte eta erakundeen behar gero eta larriagoak finantzatzeko behar zenaz gainera, Koroaren fiskoari dohain direlakoak ordaintzen zizkion; diru-beharra zuenean Koroak dohainak lortzeko presioa areagotzen zuen.

Bestalde, muga-zergen arloan hainbat salbuespen lortu eta finkatu ondoren (aduanak Balmasedan eta Urduñan, hots, barnealderako bidean finkatu ziren), Bizkaia Espainiako Monarkiako librekanbio-eremutzat joa izan zen.

Urduñako aduana

Urduñako aduana izandako eraikina

Horregatik Aro Modernoan, Araba eta Gipuzkoari bezala, Zergagabeko Probintzia izendapena eman zitzaion. XV. mendetik aurrera, Bizkaiko biztanleriaren hazkundeari aurre egin ahal izateko bertako nekazaritza nahikoa pobrea izanik, biztanleriaren zati batek emigratu egin behar izan zuen. Halaber, behar ziren baliabide eta gaien parte bat inportatu egin behar izaten zen. Horretarako oso onuragarria zen inportazio- eta esportazio-askatasuna, bertan kontsumitzen eta ekoizten ziren produktuentzat, alegia. Horren truke bestelako produktuak (burdina) eta zerbitzuak (garraioa eta merkataritza) esportatzen zituen.

XV-XVI. mendeetan zehar burdin meatzaritza eta produkzioa indartu egin ziren, Europak bizi zuen ekonomi hazkundearen eraginpean; Bizkaian burdinolak ugaritu egin ziren, baina teknika-arloan ez zen aurrerapen handirik izan.

Torrelanda

Torrelandako burdinola Orozkon

Merkataritza-arloan ere Bilbok Berant Erdi Aroan euskal portuen nagusigo argia lortu zuen eta, ondoren, Iberiar penintsulako iparraldeko merkataritza gune garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Honen ondorioz sortu zen Bilboko Kontsulatua (1511) bertako merkatarien eskubideak babesteko. Garapenak ordura arte Burgosko merkatariekin Bizkaiak zuen mendekotasun-harremana hautsi egin zuen. Bizkaitar merkatarien esportazio-produktu nagusiak artilea eta burdina ziren oraindik ere, baina, seguru asko, produkzioan eta kreditu-arloan ere sartuko ziren. Hauetako batzuek lurrak erosi zituzten, pixkanaka noblezia zaharreko lurjabeekin bat eginez.

Hortaz, bando-gerraren amaieran irabazle gertatu zen hiritar burgesia finkatu zen. Alabaina, nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako ekonomia zen oraindik nagusi; beraz, gizarte-mailan ere lurraren kontrola zen faktorerik garrantzitsuena. Bizkaiko nekazariak, guztiz galtzaile atera ez baziren ere, ezin esan daiteke Berant Erdi Aroko gizarte-gatazketan irabazle argiak izan zirenik. Nekazari gehienek lurrak errentan hartzen zituzten eta baserria unitate ekonomiko nagusia zen. Benetako irabazleak, merkatariekin batera, hiribilduetara bizitzera joandako maila ertaineko eta handiko lurjabeak izan ziren; hauek ziren lur eta burdinola gehienen jabeak eta semeak Espainiako administrazioan kokatzen zituztenak.

Halaber, horiexek izan ziren Aro Modernoan zehar Probintziako botere politikoa gero eta hertsiago kontrolatu zutenak. Juridikoki bizkaitar guztiak berdinak baziren ere, ordutik aurrera gizarte-mailaketarako neurri nagusia aberastasuna izan zen, hots, dirua eta batez ere lurra. Nagusitasun hau politikara ere iritsi zen, udal- eta foru-karguetarako sarrera mugatu baitzuten, eta gero eta elite urriago batek monopolizatu zuen: jauntxo direlakoek, alegia.

Karguak monopolizatzeko mekanismo nagusiak bi ziren. Lehenengoa, kargudun izateko gaztelaniaz hitz egin eta idazten jakitera behartzen zuena. Honek euskaraz bizi ziren biztanle gehienak baztertu egiten zituen (Batzar Nagusietan 1613an eskatzen da lehenengo aldiz). Bigarrena, gutxieneko aberastasun-maila izatea. Bestalde, lur zabalak Batzarretako aulki gehienak eskuratu zituen, Bilbo bezalako hiribildu populatuagoen kaltetan. Bestela esanda, Aro Modernoan zehar oligarkia berri bat indartu zen, Estatuarekin oso lotua eta udalerrietako eta Probintziako karguak XIX. mendea arte bere esku izan zituena, ideologia aldetik berdinzaletasuna eta odol-garbitasuna aldarrikatzen zuen bitartean.

XVII. mendean izurriteek eta ekonomi krisiak biztanleriaren hazkundea gerarazi zuten. Bereziki atzeratua geratzen ari zen burdingintzan eta merkataritzan krisia oso gogorra izan zen. Merkataritza-balantza orekatzen zuten jarduera haien koloka-egoerak aldaketak ekarri zituen: Bizkaiko ekonomia lehen sektorerantz itzuli zen, hau da, bigarren eta hirugarren sektoreetako jarduerek garrantzia galdu zuten bitartean, nekazaritzak aurrera egin zuen eta biztanleriaren zati handiago bat baserriari lotu zitzaion.

Baserria

Ispaster-eko Arritola baserria. Bizkaiko baserri tipikoa

Prozesu honen erdigunean Ameriketatik iritsitako eta produktibitate handia zuen landare berri baten ekoizpena finkatu zen: artoarena, hain zuzen. XVII. mendeko zailtasunek beste ondorio bat ere izan zuten: gizarte-gatazken areagotzea. Adibiderik argiena Gatzaren altxamendua izan zen (1631-34). Eragile nagusiak hauek izan ziren: alde batetik, Monarkiaren presioak zergak igotzeko eta, bestetik, herri xehearen haserrea bere bizi-baldintzak okertzen ari zirelako eta jauntxoek karguen gainean zuten kontrol politikoa indartzen ari zelako.

XVIII. mendean Orozko bailara behin-betiko sartu zen Bizkaian (1785), probintziaren lurralde-batasuna osatuz. Azken laurdenera arte behintzat, hazkunde-mendea izan zen, bai nekazaritza-arloari, bai manufaktura eta merkataritzari zegokienean. Burdingintzak, beti teknika tradizionaletan oinarritua, nazioarteko eskariaren gorakadari erantzun zion; merkataritza ere berrindartu zen. Horren ondorioz, nekazaritzako jabeen eta merkatarien taldeetan kapital-metaketa garrantzitsua gertatu zen: aberatsak aberatsago bihurtu ziren eta kargu politikoen monopolizazioa areagotu egin zuten. Bizkaiko egituretako barne-kontraesanak, ordea, larriagotu egin ziren.

Borboien esku zegoen estatuaren zentralizaziorako joera gero eta handiagoak, oinarri tradizionaletan garatutako hazkundearen mugek, nazioarteko ekonomi aldaketek eta batik bat Britainia Handiko industri iraultzak, mende-bukaerako zailtasun eta gerrek, etab.ek Erregimen Zaharraren eredua krisira eraman zuten Bizkaian. Nekazaritzako oligarkiaren, burgesiaren eta herri xehearen arteko kontraesanak areagotu egin ziren. Adibide argienak mende honetako altxamenduak dira: garrantzitsuenak, 1718ko Matxinada eta Zamakolada (1804-07).

XVIII. mendearen bukaeraz gero, komunean zituzten arazoei aurre egiteko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeak eta, batez ere, Diputazioak gero eta koordinatuago zeuden.

Aro Garaikidea

Erregimen Zaharraren krisiak baldintzatu zuen garai honen hasiera. Ekonomiaren aldetik, burdingintza tradizionalak gainbehera handia jasan zuen, atzerritar konkurrentziak eta merkatuen galerak jota. Nekazaritza-arloko hazkundea ere bere maila gorenera iritsi zen.

Konbentzio-gerrak (1794-95) eta Independentzi gerrak (1808-13) zailtasunak areagotu egin zituzten. Gerra hauen ondoren desamortizazioak baldintzatutako nekazaritzaren hazkunde apala nabari bada ere, manufaktura-arloan krisia zen nagusi, burdinolak modernizatzeko ahalegin batzuk egin baziren ere. Industrializaziorako lehenengo bultzada apalek ez zuten emaitza finkoegirik eman, mendearen lehenengo bi herenetan zehar baldintza egokiak falta zirelako.

Gertakizun politikoek ez zuten lagundu mendearen lehenengo bi heren hauetan. Gizarte-kontraesanek baldintzatutako Karlistaldiak (Lehenengoa 1833-39 bitartean eta Bigarrena 1872-76 bitartean) izan ziren. Bi gerra hauetan karlisten helburu nagusia izan zen arren, Bilbo liberalen esku mantendu zen, Bizkaiko zatirik handienean karlistak nagusi izan ziren bitartean.

Lehenengo gerraren ondoren foruak mantendu eta, arlo batzuetan behintzat, indartu baziren ere, izaera aldatzen hasi zen. Adibide nagusia aduanen lekualdatzea izan zen (1841), industriariek eta merkatari burgesek eskatzen zuten bezala; hala ere, neurri hau ez zen nahikoa izan, garapen ekonomiko jarraikia bultzatzeko. Bigarren Karlistaldiaren emaitza, ordea, foruak galtzea izan zen (1876), nahiz eta honen arrasto batzuk gelditu Kontzertu Ekonomikoetan (1878). Bizkaiaren integrazioa Espainian ia erabatekoa zen.

Mendearen azken laurdeneko gertakizun nagusiak industrializazioak hartu zuen abiada eta nazionalismoaren sorrera izan ziren. Altzairua egiteko Bessemer sistema asmatu zenean, Britainia Handia fosfororik gabeko burdin mea eskatzen hasi zen, Somorrostron lortzen zen burdin mota hain zuzen ere. Honek Bizkaiko meatzaritza bultzatu eta siderurgia modernoa ezartzeko eta finkatzeko oinarriak jarri zituen, 1876tik aurrera gertatu zen bezala.

La Iberia

La Iberia fabrika 1889an sortua

Bultzada honek ez zuen, gainera, siderurgia astuna bakarrik garatu, beste azpiarlo batzuetara ere zabaldu zen: metalurgia, garraio, itsasontzigintza, papergintza, kimika-industria, etab.etara. Ondorioetako bat inmigrazio-maila handitzea izan zen: hasiera batean langileak nagusiki Bizkaiko nekazari-herrietatik Bilbora eta inguruetara joaten baziren ere, laster inguruko euskal probintzietatik eta Espainiako lurralde urrunagokoetatik ere abiatu ziren Bizkairantz: Bizkaian proletarioen klasea sortu zen orduan.

Karlismoaren porrotak eta foruen abolizioak eragindako samintasunak, eta industrializazioak eta inmigrazioak ekarritako aldaketa-multzoak mugimendu politiko berri bat sorrarazi zuten: nazionalismoa. Ez da harritzekoa, hortaz, Sabino Aranak bultzatutako mugimendu honek hasiera batean Bizkaia izatea xede; lehenengo nazionalismo bizkaitarra laster bihurtu zen, ordea, euskal nazionalismo. Hala ere, lehen indarrak bere sorlekuan irabazi zituen eta, EAJ alderdia zela medio (1895ean fundatua), XX. mendearen hasierako Bizkaiko indar politiko garrantzitsuenetakoa izatera iritsi zen.

Sabino Arana

Sabino Arana-Goiri

Sozialismoaren garapena Bizkaiko industrializazioaren beste ondorioetako bat da. Hasiera batean meategietako langile-mugimenduan errotu bazen ere, laster zabaldu zen etengabe hazten ari zen langileen artean. Mugimendu honen lehenengo bultzadak meategietan eta geroago lantegietan egin ziren hainbat grebatan nabaritu ziren (lehenengo greba garrantzitsua 1890ean); berehala indar politiko garrantzitsu bilakatu zen. Nazionalismoa eta sozialismoa izan ziren, lurjabe eta industri burgesia handiaren interesak defendatzen zituen monarkia eskuindarrarekin batera, XX. mendearen lehenengo herenean Bizkaiko bizitza politikoa baldintzatu zuten hiru poloak.

XX. mendearen lehenengo herenak honako ezaugarri ekonomiko hauek izan zituen: alde batetik, industri bultzadaren jarraipena; bestetik, Lehen Mundu-Gerra zela eta, kapitalista bizkaitarrek lortutako mozkin handiak; eta, azkenik, 30.eko hamarkadako krisiak eragindako zailtasunak.

Politika arloan, Hego Euskal Herri osoan bezala, nazionalismoak plazaratu zuen erronkarik handiena. Honen ondorio nagusia II. Errepublika garaian (1931-39) gauzatu zen 1936ko Autonomi Estatutua izan zen, Gerra Zibila zela eta (1936-39) Bizkaian baino indarrean jarri ez zena. Bizkaia Errepublikaren alde azaldu zen, baina gerrak (nahiz eta gerraren basakeriaren sinbolo bihurtu den Gernikako bonbardaketa Bizkaian gertatu) gutxi iraun zuen hemen eta 1937ko erdialderako, altxatuek Bilbo hartu eta gero, bukatutzat eman daiteke.

Gernikako bonbardaketa

Gernika bonbardaketaren ondoren

Frankistek Estatutua eta Bizkaiaren beste berezitasunak ezabatu egin zituzten. "Probintzia traidore" izendatu zuten Bizkaia. Gerraosteko garai latzen ondoren, 50.eko hamarkadatik aurrera hazkunde ekonomikoa berriro hasi zen, 60.eko hamarkadan abiada handiagoa lortuz: bizkaitar enpresariek kapital-metaketa nabarmena egin zuten langileen kontura, frankismoak ezarritako baldintzek lagundurik. Hala ere, gerraosteko esplotazio-egoera honen aurkako erantzunik izan zen Bizkaian: 1947ko Greba Orokorra da azpimarragarrienetakoa. Hurrengo hamarkadetan horrelako gatazkak ugaritu egin baziren ere, 60.eko hamarkadan, Hego Euskal Herriko beste herrialdeetan bezala, euskal abertzaletasunaren berrindartze-prozesua azkartu eta Franco diktadorea hil zenerako (1975) oso garatua zegoen. ETAren sorrera eta indarkeria politikoa testuinguru honetan kokatu behar da. Araba eta Gipuzkoarekin batera Euskal Autonomi Erkidegoa osatu zuen 1979ko Gernikako Estatutuaren arabera; 1981ean Probintziako Batzar Nagusiak eta Kontzertu Ekonomikoak berrezarri ziren.

Orria posta elektronikoz bidali

< * Bete beharreko alorrak

Eskerrik Asko.
artikuluan arrakastaz bidalita da.

cerrar ventana
Lagun iezaguzu hobetzen! Zure iritzia garrantzitsua da, eta horregatik eskertuko genizuke zure iritziak eta iradokizunak info@hiru.eus helbidera bidaltzea.

* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana