Burdingintzaren historia Euskal Herrian

 

Burdingintza oso zaharra da Euskal Herrian. Gure aroaren hasiera baino bospasei mende lehenago ezaguna zen langintza hau hemen. Argi dago behintzat erromatarrek ezagutu eta ustiatu zituztela Bizkaiko mendebaldeko burdin meatze handietako batzuk eta Oiartzungo Arditurritik, zilarraz eta berunez gainera, burdina ere ateratzen zutela. Geroztik, Euskal Herriaren historiak burdinarekin zerikusi handia izan du beti.

Antzinatean burdina lortzeko behar ziren bi baldintza edo langai nagusiak bazituen Euskal Herriak: meatzeak eta basoak, alegia. Gero, Aro Modernoan, lehenengo makineria higiarazteko behar zen ura ere ugari zuen hainbat eta hainbat erreka eta ibaitan.

Haizeolak

Burdina lortzeko prozedurarik zaharrena mendian egurrez eta egur-ikatzez sua egin eta beranduago, buztinez estalitako enbor-kofak edota metro bat diametro eta bizpahiru metro altuko, karobi antzeko, labe batzuk erabiltzen hasi ziren. Egur-ikatzaren eta burdin mearen geruzak txandatuz betetzen zen labea eta guztiz estaltzen zen, errekuntzak behar zuen aireak sarrera izan zezan, zulo bat utziz. Eskuz edo oinez eragindako hauspoek putz egiten zioten suari eta mearen zepak arragoa zeritzan zulo batera jausten ziren. Erregai ugari eskatzen zuen prozedura zahar horrek. Kintal bat burdina ateratzeko bederatzi zaku haritz-, pago- edo arte-ikatz behar ziren eta gaztaina-ikatza erabiltzen baldin bazen, gehiago. Burdina ez zen urtzera iristen eta hau sortzeko, masa gori belakitsua mailukatu egin behar izaten zuten. Lantegi hauei haizeolak zeritzan.

Haizeola

Haizeolaren eskema. Iturria: zientzia.net

Zeharrolak

XI. eta XII. mendeetan zehar Europan uraren indarrari etekina ateratzen hasi ziren, burdinoletako gabiei eta hauspoei eragiteko. Ez dakigu seguru teknika hau Euskal Herrira XIII. mendea baino lehen heldu zen, baina bai hobekuntza hori Nafarroara iritsi zela lehenengoz. Leku guztietan ez zen noski aldi berean erabiltzen hasiko; toki batzuetan, mendialdean batez ere, XVI. mendea arte iraungo zuten haizeolek, eta beste batzuetan, Santiago-bidetik iragaten ziren erromesek ekarrita edo, XIII. mendean ezagutzen zen teknika hidraulikoa. Handik aurrera, urik erabiltzen ez zuten olei agorrolak zeritzen eta urez eragindakoei berriz zeharrolak.

Agorrolak egondako lekuetan aurkitzen diren aztarnak eta zeharrolak egondakoetan azaldu direnak guztiz desberdinak dira. Lehenengoetako zepa-hondarrak beltzak, trinkoak eta apurtune beiratsuzkoak dira, bigarrengotakoak, aldiz, arreak eta belakitsuak dira eta egur-ikatz zatitxoak dituzte. Bi zepa-motak bi prozedura eta beraz bi prozesu fisiko-kimiko desberdini dagozkie.

Esan bezala, haizeola edo agorroletako teknika zaharra ez zen bat-batean desagertu eta, are XVII. mendean, prozedura zaharra erabiliz lortzen ziren burdin masak eta gero zeharroletara eramaten ziren..

burdinola

XVI. mendearen erdialdera, Gipuzkoan eta Bizkaian baziren gutxienez 300 zeharrola, horietako 118 Gipuzkoan. Gipuzkoako burdinolek 120.000 kintal burdina ekoizten zituzten penintsularako eta baita Europako beste lurralde batzuetarako eta are Amerika eta Asiarako.

Garai honetako Gipuzkoako olagizonen kopurua oso handia zen, probintzia honek zuen biztanleria urria gogoan izanda, 3.500 gizonek baitziharduten lantegi horietan.

Burdinolen tamaina eta egitura

Burdinola guztiak ez ziren tamaina berekoak: zeharrola handiak eta tiraderak zeritzan txikiagoak bereizten ziren. Zeharroletan 12-16 arroako agoak egiten zituzten eta tiraderetan berriz, txikiagoak, 5 bat arroakoak. Tiraderetako lanak kostu handiagoa bazuen ere, ekoizpenaren kalitatea hobea zen.

Burdinolaren eraikin nagusian mearen eta egur-ikatzaren gordailua egoten zen, ibaitik ura hartzeko harlanduzko antepara eta isurbideak izaten ziren, uraren indarra aprobetxatzeko turtuki edo gurpil hidraulikoa eta honekin bat eginda ardatz nagusia, hauspoak eta gabia higiarazteko.

Hiru olagizon-mota aritzen ziren burdinoletan: igele edo forjariak, urtzaileak eta gatzemaileak. Igelea zen ongien ordaindua eta trebetasunik handiena eskatzen zuen lana egiten zuena. Urtzailea, mea eta ikatzaz, hauspo, labe eta sutegien gobernuaz arduratzen zen. Urtzaileek burdina goritu edo agoa lortu eta gabian ipintzen zuten eta txandaka lan egiten zuten, lau orduko txandatan, burdina goriaren ekoizpena gau eta egun mantentzeko. Igelea gabiaz arduratzen zen eta horretarako turtukira sartzen zen ura erregulatzen zuen. Urtzaileak emandako forma jakinik gabeko agoak barra bihurtzen zituen. Gatzemaileak mea xehatu, mandatuak egin, lapikoa zaindu eta bigarren mailako beste lan batzuk egiten zituen.

Euskal Herriko burdinolen ospea

Euskal Herrian lortzen zen altzairua oso estimatua zen, batez ere Arrasatekoa. Alfontso X.ak 1262ko abuztuaren 4an, pragmatika baten bidez, arrasatearrei altzairua ekoizteko esklusiba antzeko bat eman zien eta ondorengo erregeek ere, urte askotan zehar, burupe hau sendotu egin zuten, hala nola Gaztelako Joan II.ak 1417an eta 1454an, Errege Katolikoek 1490ean eta 1511n eta Karlos V.ak 1536an.

Espainiako erregeek, Frantziara zihoazela, Gipuzkoan zehar iragaten zirenean burdinola hauetako batzuk bisitatu ohi zituzten. Felipe III.ak Beasaingo Igartzara egin zuen bisita, adibidez, hilezkortuta gelditu da Truchuelok egin zuen marrazki batean. Eta Toledoko ezpata famatuen sekretua ere hein handi batean Arrasateko altzairuan zetzan; bertako armagileek 1777ko txosten batean adierazten zutenez, Arrasateko altzairua Milangoa eta alemana baino hobea zela esanez.

Aitzinapen teknikoak: haize-arkak, gabi lasterrak, ainguragintza

Burdinolen garaiko aitzinapen tekniko aipagarrienetako bat haize-arken erabilera izan zen.

Hasiera bateko haizagailuak larruzko hauspoak ziren. XVII. mendearen hasieran egurrezko hauspoak ere bazeuden eta beranduago hasi ziren hauspoen ordez haize-arkak erabiltzen. Hauetan, sistema hidrauliko huts bat erabiltzen zen. Haize-arka batek bi uharka izaten zituen, bata bestearen gainean eta goikotik behekora jaitsi ahala diametro handiagoa zuten hodi koniko batzuk. Goiko uharka beti urez beteta egoten zen eta ur hori hodietan behera jaitsarazten zenean airea desplazatu eta hezetu egiten zen. Lortzen zen haize-korrontea toberen bidez labera zuzentzen zen. Sistema honen ondorioa ez zen olako tresneria sinpletzeko era bat soilik izan. Izan ere, aireak zeraman hezetasuna zela medio, errekuntzan karbono monoxidoaren eta hidrogenoaren nahastea, hots, ur-gasa sortzen baitzen eta honek burdinaren erredukzioan parte hartzen zuen, noski.

Gabietan ere egin zen hobekuntzarik. Mazo zaharrei eragiteko, gabi-ardatzean lau espeka edo maisukari izaten ziren. Horrela, 120 kolpe minutuko lortzen ziren gutxi gorabehera. Kolpeen erritmo hori garrantzi handikoa zen, motelegia izanez gero burdina goria hoztu egiten baitzen. XVI. mendean Markos Zumalabeko balmasedarrak gabi txikiago bat asmatu zuen eta honi eragiteko sei maisukari ipini zituen. Handik aurrera burdinoletan gabi handi bat eta txiki bat egoten ziren.

Euskal olagizonek maiz aurkitzen zuten lana Euskal Herritik kanpora Kantabrian, Asturiasen, Galizian, Aragoin, baita Frantzian eta Portugalen ere, haien trebetasunak zuen estimazioagatik. Beti ez ziren ofizioa irakastera irten, izan ere Juan Fermin Gilisasti aiarrak Holandatik ihes egin behar izan zuen, ainguragintzaren sekretuak zelatatzen zebilela igarri ziotenean. Gilisasti, ongi ikasi eta gero, aingura handiak egiten lehena izan zen hemen. Aingura-inportazioak amaitu ez ezik, esportazioei ekin zitzaien Portugal, Frantzia eta Ingalaterrara. 18 burdinola lan horretan jarduten ziren XVIII. mende bukaeran.Are gehiago, atzerriko teknikak gainditu zituzten Gilisastik eta bere olagizonek.

Gipuzkoako burdingintzan aipamen berezia merezi du Errenteriako fanderia edo ijezketa-lantegiak. Irandako Markesak sortutako lantegi hartan uraren indarra aprobetxatuz burdina, kobrea, etab. ijezten zituzten Alemaniatik ekarritako ofizial batzuk.

Burdinoletako batzuk aplikazio militarretarako lan egiten zuten. Famatuak egin ziren armagintzan Soraluze, Eibar, Arrasate, Tolosa eta Alegiako olak. Leitza, Erasun eta Goizuetakoak erregearen flotarentzako iltzeak egiten zituzten. Tolosan eta Baigorriko haraneko Bankakoan, berriz, kanoiak eta kanoi-balak.

Burdinolen gainbehera eta burdingintza modernoaren sorkuntza

XVIII. mendean hasi zen burdinolen gainbehera, burdin mea landugabea esportatzen hasi zelako eta basoak ahitzen hasi zirelako. XIX. mendean zehar burdinola guztiak bata bestearen atzetik itxiz joan ziren. 1864an, 20 burdinola geratzen ziren eta 1880an, lau besterik ez. Bizkaian, 1885ean molde zaharreko azken burdinola itxi zen eta Gipuzkoan, Legazpiko Bengolea burdinola bigarren karlistaldiaren ondoren itxi orduko, Sestaon Labegaraiak eraikiak ziren jadanik.

Teknologia-aldaketak, XVIII. mendearen erdialdean Britainia Handian egin ziren aurrerapenetan du erroa. Han, industrializatze-prozesua bizkortu zenean, metalen eskea asko ugaritu zen eta erantzuteko ez zirela gai erakutsi zuten. Coalbrookdale-ko Darby errementari-familiak konpondu zuen arazoa, eskualde hartako sufre gutxiko ikatzaz eginiko kokea erabiliz, prozedura aski hobetuz. Eta honek, burdingintzaren geografia zeharo aldatu zuen. Prozedura berriek ematen zituzten etekinen aurrean ezin zitekeen, egur ugari izanda ere, hemengo burdingintza sistema zaharrei lotua mantendu.

Erregimen Zaharraren suntsipenarekin eta Foruen galerarekin burdin mea esportatzeko debekua desagertu zenean, aberastasun-iturri berri bat sortu zen. Bestalde, zenbait arrazoi teknikok esportazio hau erraztu egiten zuen. Kontuan izan behar da 1855ean asmatutako Bessemer prozedurak, aurrerapen izugarria suposatu zuen arren, bazuela akats garrantzitsu bat: sufrea eta fosforoa eliminatzeko gai ez izatea. Eta Europako burdin mea gehienek fosforo ugari zuten, batez ere Alemaniakoek.

Somorrostroko burdin mea oso egokia zen gero Bessemer prozeduraz altzairu bihurtzeko eta horregatik Britainia Handira esportatzen hasi ziren. Trukean, britainiarrek harrikatza bidaltzen zuten Euskal Herrira.

Merkatalgoak, koloniekiko harremanak eta nekazaritzako errentek sortutako kapitalen ekarpenez 1841ean Santa Ana de Bolueta izeneko baltzua eratu zen eta artean egur-ikatza erabiltzen zuten labegaraiak ipini zituzten. Handik urte batzuetara, 1859an, Barakaldon Ibarra y Cía enpresak beste labegarai batzuk eraiki zituen.

Kokezko labegaraiak eta latorrigintza

Somorrostroko burdin meaz eta Britainia Handiko harrikatzez baliatuz, 1865ean hasi zen lanean kokezko lehen labegaraia. Hirugarren karlistaldiak eragin zuen geldialdia gainditu ondoren, atzerriko kapitalak parte hartuz, enpresa berriak jaio ziren: Orconera Iron Ore Co. Ltd. eta Societé Franco-Belge des Mines de Somorrostro.

Bultzada berri honen eraginez, 1880an, Vizcaya zeritzan enpresak kokezko zenbait labegarai eraiki zituen, 1882an Sociedad Anónima Altos Hornos y Fábrica de Hierro y Acero de Bilbao enpresa sortu zen eta 1890ean Iberia elkartea jaio zen.

XIX. mendearen bukaeran konpetentzia latza zegoen Euskal Herrian burdingintzaren alorrean eta lantegi txikiek espezializazioa bilatu zuten. Horrela, Beasaingo Goitia y Compañía enpresak Martin Siemens prozedura erabiltzeko egokitu zuten lantegia. Jakina denez, metodo honen bidez kalitate fineko altzairuak lortu ahal izaten ziren, industriak planteatzen zituzten premia berriei erantzuteko. Friedrich von Siemens asmatzaileak berak egindako planoetan oinarrituz 6 tonako labe bat eraiki zuten 1886an, bertako egur-ikatzezko labegaraietan lortzen zituzten lingoteetatik abiatuz, burdina altzairu bihurtzeko. Horrekin batera latorria egiteko makineria ere ipini zuten bertan. 1894an, latorria egiten zuten bi lantegi bakarrak euskaldunak ziren.

Estatu-mailan nagusi, baina Europan atzera

Garai honetako burdingintzak bazituen bere ajeak: teknologia eskasa eta enpresen tamaina txikiegia, batez ere. Dena den, enpresa berriak sortu ziren burdingintzaren arloan: Tubos y Forjados Bilbon, Aurrera, Hijos de J. Jauregui Zornotzan, Alambres del Cadagua Bilbon, La Euskeria Bilbon, Vasco-Belge Miraballesen, Maquinaria Guipuzcoana Beasainen, San Pedro Elgoibarren, Viuda de Urgaiti e Hija Araian. 1890etik aurrera finkatu egingo da euskal burdingintza modernoa. Halere, 1898an euskal burdingintza atzeratuta zegoen Europakoarekiko, labegaraien erdiak oraindik egur-ikatzezkoak baitziren. Estatuaren barnean, ordea, burdingintzaren kontrola Euskal Herriko enpresen eskuetan zegoen. 1901ean Echevarria enpresa jaio zen, altzairu bereziak egiteko, eta 1902an Altos Hornos de Vizcaya delakoa Altos Hornos, Vizcaya eta Iberia batuz.

Metalurgia arina, nekazaritzarako lanabesen fabrikazioa (Miraballes, Tolosa, Durango, Legazpi, Gasteiz), itsasontzietako motorrena (Zumaia), trengintza (Beasain), etab., 1914tik aurrera garatu ziren.



 


 

 

Orria posta elektronikoz bidali

< * Bete beharreko alorrak

Eskerrik Asko.
artikuluan arrakastaz bidalita da.

cerrar ventana
Lagun iezaguzu hobetzen! Zure iritzia garrantzitsua da, eta horregatik eskertuko genizuke zure iritziak eta iradokizunak info@hiru.eus helbidera bidaltzea.

* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana