Itzuli orri osora

XX. mendeko krisialdi sakona

1960ko hamarkadan Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatu osoan eraldaketa ekonomiko handia izan zen. Diktadurak babestu eta bultzatutako garapen basatiaren garaia zen. Ez zen ezer errespetatzen, ez langileen eskubideak, ez hiritarren eskubide politikoak, ez natura. Eskrupulurik gabekoen mauka zen hura. Bilbo inguruan inon baino garestiago ordaindu ziren jokabide horren ondorioak: arrapaladan egindako etxebizitzak, inmigrazio-uholdeak, lurraldearen txikizioa eta kutsadura, langileen eta enpresarien arteko harreman gaiztotuak.

Eredu horrek, ordea, ez zuen balio izan hurrengo urtetarako. 1973an hasi zen petrolioaren krisialdiak gainbehera jarri zuen Euskal Herriko ekonomia. Langileak poliziarekin borrokan kaleetan. Azpiegituran sistemak zuen akatsa mundu-mailako krisiaren astinduak nabarmendu zuen. 1981ean Altos Hornos de Vizcaya enpresa, ordura arte ekonomiaren motorra izan zena, Siderurgiaren Birmoldatze-Planean sartu zen. Horren ondorioz, garai hartan zituen 13.584 langileetatik 5.986 bakarrik geratu ziren eta 1996an, 1.830 langile geratzen zirelarik, behin betiko itxi egin zen. 1997an minialtzairutegi automatizatu bat ari da lanean oso langile gutxirekin. Ontziola garrantzitsuak ere, Euskalduna, esate baterako, krisialdiak desagerrarazi zituen eta oraindik sektore horretan konpondu gabeko arazoak daude.