Belem, Lisboako iraganaren ispilu Tue, 22 Dec 2009

Lisboaren historiako pasarte garrantzitsu baten lekuko izan zen Belem. Hain zuzen, bertako portutik Vasco da Gama itsasgizon entzutesuak Indiarako bidea hartu zuen 1498an. Portugaleko hiriburuko auzo horrek makina bat monumentu eta museo biltzen ditu, bestek beste, Mosteiro dos Jeronimos eta Torre do Belem, biak ala biak izendatu ditu Gizateriaren Ondare Unescok. Gozozaleek ere, badute bere paradisu txikia Belemeko gozotegi zaharrean, bertan, mundu mailako ospea duten esne gainezko pastel piloa egiten dituzte egunero.

Capri, naturaren ikuskizuna Tue, 22 Dec 2009

Napoliko golkoaren hegoaldean eta Sorrentoko penintsularen aurrez aurre dago Capri. Uharte xarmangarria eta txikia da oso, 6 kilometro luzeran eta 3 kilometro zabaleran. Capri Hiria eta Anacapri dira biztanle gehien hartzen dituzten guneak eta edertasun handiko amildegiak, hondartzak eta Grotta Azzurra bezalako haitzulo liluragarriak bisitatu daitezke. Tiberio enperadore erromatarra Caprirekin maitemindu zen eta bere bizilekua ezarri zuen paradisu horretan K.O Ingo mendean. 50. hamarkadatik, mundu osoko pertsona entzutetsuak zein artistak oporretan joaten dira Mediterraneoko txoko horretara.

Valladolid, hiri monumentala (II) Tue, 22 Dec 2009

Aste honetan Gaztela eta Leongo hiriburura bisitatuko dugu berriz, eta oraingoan, duela mende asko hirirako sarbide nagusia zen lekutik abiatuko gara: Zubi Nagusitik, alegia. 1080. urtean altxatu zuten, nahiz eta egun ikusten dugun zubia XIII eta XIV. mendeen artean eraikia izan. Zubia zeharkatu ostean, San Nikolas plazarekin egingo dugu topo. Ondoren, Imperial eta Garcia Chico kaleetatik, San Pablo plazaraino helduko gara, non balio historiko handiko eraikin ugari aurkituko ditugu.

Valladolid, hiri monumentala (I) Tue, 22 Dec 2009

Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoko hiriburua, Valladolid Espainiako Estatuko ipar-mendebaldean dago, Ipar Meseta erdialdean, 700 metroko altueran altxatuta. Madrildik 190 kilometro eskasera kokatzen da, Pisuerga eta Esgueva ibaien elkargunean. 318.000 biztanle ingururekin eta 197 kilometro koadroko azalerarekin, Valladolidek eskaintza kultural aberatsa eskaintzen dio bisitariari, bereziki hirigune historikoan hartzen duen ondare monumentalari esker.

Infernuetako Eztarria Jerteko Haranean Tue, 22 Dec 2009

Infernuetako Eztarria izena hartzen duen Erreserba Naturala, Cacereseko probintzian, Gredoseko Mendilerroaren ekialdean, aurkitzen da. Jerteko Haranaren magalean dagoen ingurune babestu hau Extremadurako Autonomia Erkidegoko sarrera dugu Avilako probintzian.

Memphis, bluesaren sehaska (II) Tue, 22 Dec 2009

Aisialdia, zalantzarik gabe, hiri estatubatuar honetako eskaintza turistiko garrantzitsuena da. Musika da duela mende erdi zuen izpiritu bohemioa mantentzen duen herri honen kulturako zati handi bat. Ibai baten deltaren gailurrean kokatuta, Memphis bi lurralde oso desberdinen arteko irteera bat da. Hegoaldera, landetxe txirotuenak, Louisianako zingirak eta New Orleans hiria aurkitzen dira. Beste aldean, berriz, landetxerik aberatsenak eta Chicago edo Detroit bezalako hiriak ikus daitezke. Eta, horrela, bi errealitate hauen erdian, berezko historia duen leku hau topatuko dugu.

Memphis, bluesaren sehaska (I) Tue, 22 Dec 2009

Tennesseeko estatuan kokatua, Memphis Shelby konderriko hiriburua da. Herri hau, batez ere, bluesaren etxea izateagatik da ezaguna. Izan ere, erritmo usaia eta zapore bohemioa duen hiri honetatik artista handiak atera dira. Aretha Franklin, Carla Thomas eta James Carr, besteak beste, Memphisen jaio ziren. Beste batzuk, berriz, han bizi izan ziren. Horien artean dira Elvis Presley eta Johnny Cash bezalako musikako mitoak. Graceland, "Erregearen" etxebizitza, hain zuzen ere, lekurik bisitatuenetako bat da. Azken finean, Memphis musika eta aisia edozein txokotan eskaintzen dituen hiria da.

Bòna jurnàta a Napoli (I) Tue, 22 Dec 2009

Vesuvio sumendiaren magalean kokatzen da Campania eskualdeko hiriburua. Biztanle gehien dituen Italiako hegoaldeko hiria da, milioi bat lagun ditu eta, bere metropoli-barrutiak 4 milioi inguru hartzen ditu. 3.000 urte bete ditu antzinako hiri greko honek eta ondare artistiko zein arkitektoniko izugarri aberatsa du, hala, Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen bere erdigune historikoa 1995an. Bestalde, Italiako hiri arriskutsuenetarikoa izateagatik sonatua da Napoli, Camorraren sorlekua eta operazio gunea da eta.

Curacao, Holandako puska bat Karibean Tue, 22 Dec 2009

Karibeko hego-mendebaldean kokatzen da Holandarren Antilletako irlarik handiena. Lau mendetako okupazioak eragin nabaria izan du bere arkitekturan, hezkuntza-sisteman, gobernuan, etab. Hamaika jatorritako biztanleek hala ere bere arrastoa utzi dute, batez ere, hizkuntzan, musika erritmotan eta gastronomian. Turismoa da paradisu zoragarri honen diru iturri nagusia eta, ez da harritzekoa, urpekaritzarako bikainak diren 38 hondartza eder baititu 44 kilometro koadrotan. Gainera, Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zituen Willemstad hiriburuko hainbat txoko.

Lieja, artea martxan Tue, 22 Dec 2009

Belgikako hiru hiri frankofoenetako bat dugu Lieja. Belgikako estatu federala hiru eskualdek osatzen dute: Brusela-Hiriburua, Flandeskoa eta Valonia. Azken honek bost herrialde ditu eta, Lieja, izen berekoaren hiriburua da. Hamabi mendetan zehar balio handiko ondare arkitektonikoa bildu du Belgika hegoaldeko hiri horrek. Martxoan, Gran Curtius Arte eta Historia museoak, bere ateak ireki zituen eta, horren karietara, Paul Delvaux margolariaren ibilbidea omentzeko erakusketa antolatu dute. Halaber, Santiago Calatravaren kutsu nabaria duen tren geltoki modernista hartzen du hiriak.