Itzuli orri osora
Belem, Lisboako iraganaren ispilu
jue, 30 jul 2009 18:32:00 +0200

Lisboaren historiako pasarte garrantzitsu baten lekuko izan zen Belem. Hain zuzen, bertako portutik Vasco da Gama itsasgizon entzutesuak Indiarako bidea hartu zuen 1498an. Portugaleko hiriburuko auzo horrek makina bat monumentu eta museo biltzen ditu, bestek beste, Mosteiro dos Jeronimos eta Torre do Belem, biak ala biak izendatu ditu Gizateriaren Ondare Unescok. Gozozaleek ere, badute bere paradisu txikia Belemeko gozotegi zaharrean, bertan, mundu mailako ospea duten esne gainezko pastel piloa egiten dituzte egunero.

53 "freguesiek" edo barrutik osatzen dute Lisboako hiria, eta horiek, bost auzo nagusitan banatuta daude: Alfama tipikoa, Chiado bohemiarra, erdiguneko Baixa, Expo 98rako eraikitako Parque das Nacoes eta Belem marinel-auzoa. Belemen jomuga duen 15 zenbakia daraman tranbiak, Lisboako Praca do Comercion edo Praca da Figueiran har daiteke. Cais de Sodre geltokitik, berriz, Belemera doan trena abiatzen da. Aipatu 15. tranbiak, Baixa, Alcantara eta Belem lotzen ditu, eta hogei bat minututan, egunero hainbat turisten bisita izaten duen auzora iritsiko gara.

Monumenturik interesgarrienak Praca do Imperio inguruan kokatzen dira. Enparantzaren iparraldean, aurkikuntzen garaiko Mosteiro dos Jeronimos dago, mendebaldean, Centro Cultural de Belem eta ekialdean, aldiz, Palacio de Belem.

Mosteiro dos Jeronimos, Portugaleko eraikin garrantzitsuenetako bat da, Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen 1983an. Vasco de Gama bere Indiako abenturatik itzultzerakoan eraiki zuten, batetik, bere balentria goraipatzeko eta, bestetik, espezien salerosketan lortutako dirua inbertitzeko. Hala, 1591an ekin zioten eraikin erraldoi horren eraikuntzari Tajo ibaiaren ertzean, eta 70 hamar urte behar izan zituzten bukatzeko. Hamaika arkitektok hartu zuten eraikuntzaren ardura, besteak beste, Diogo de Boitaca, Diogo de Torralva eta Jeronimo de Ruao. Aurkikuntzen garaian eraiki zutenez, urruneko tokietako elementu exotikoak zein errenazimendukoak eta gotikokoak elkarbizi dira eraikinean. Estilo nahasketa horri, manuelino izena jarri zioten eta monasterioa horren adibide bizia da. Duda barik, eraikin multzo ikusgarria da oso, 300 metroko aurrealdea du eta. Mendebaldean dagoen ate nagusitik, Santa Maria de Belemeko elizara sartuko gara. Nabearen alde batean, Vasco de Gama itsasgizonaren hilobia dago eta bestean, Luis de Camoes poetarena. 1893an, monasterioan hegal bat prestatu zuten, Museu Nacional de Arqueologiarentzako eta Museu Maritimoarentzako lekua eginez.

Praca do Imperioren mendebaldean, eraikin zaharren artean atentzioa deitzen duen Centro Cultural de Belem aurkituko dugu. Musika, arte eszenikoak eta argazkilaritza jaun jabe dira eraikinean.

Portugaleko tendentzia kulturari gainbegiratua egin ostean, gertuko Praca Alfonso de Albuquerquera joko dugu. Bertan, 1911 urtetik hona Portugaleko Errepublikako lehendariaren bizileku ofiziala den Palacio Real bisitatu daiteke. Larrosa koloreko aurrealde deigarria duenez, "Palacio Cor de Rosa" ezizenagatik ezaguna da. XVI. mendeko jauregia Joao V.ak erosi zuen XVIII. mendean; horrek, areto eta pabilioi berriak gehitu ez ezik, apainketa oparoaren aldeko apustua egin zuen. Hala, Sala Dourada deiturikoan, XVIII. mendeko zeru-sabai ikusgarri bat mirestu daiteke. Horrelako batek ere, Sala Azul edo Enbaxadoren Aretoa dotoreziaz janzten du. Bestalde, jauregiak museo bi hartzen ditu: Portugaleko presidenteen ingurukoak biltzen dituen Museu Da Presidência Da Republica eta, Museu Nacional Dos Cochesen, berriz, XVII-XIX mendeetako errege-gurdien Europako bilduma ospetsuenetarikoa bisitatu daiteke.

Brasilia eta Indiako etorbideak zeharkatu eta Tajo ibaiari begira, Padrao Dos Descobrimentos kokatzen da. Hain zuzen, XV. mendean Afrikara zihoazen karabelak itsasoratzen ziren lekuan. Aurkikuntzen garaiari omenaldi xumea egiten dio karabela itxurako harrizko monumentu horrek.

Ildo horretatik, Lisboa hiri kultur anitza eta merkatal jarduera bizikoa zen garai hartan, hiriko portua itsasontzi askoren geralekua bilakatu zen. Horregatik, defentsa gerriko bat eratzeko hiru forte eraiki zituzten eta horietako bat, Torre de Belem (1541-1520) dugu. Denboraren poderioz, defentsarako barik, beste zereginetarako erabili zen dorrea, besteak beste, aduana, itsasargia eta preso politikoentzako kartzela izan zen. 1910ean, Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen. 35 metroko dorreak 4 solairu eta terraza bat ditu; espiral formako eskailera batek lehenengo hiru solairuetara (Sala del Gobernador, Sala de Audiencias eta Sala dos Reis) eramaten gaitu. Laugarren pisua, aldiz, kaperari dagokio eta azkenik, terrazatik Tajo ibaiaren eta Ponte Vasco da Gama bista ederrak daude.

Atsedena hartzeko unea iritsi da. Mosteiro de Jeronimosetik hurbil dagoen gozotegi zaharrera hurreratuko gara Lisboako postre ezagunena dastatzeko. 1837. urtetik prestatzen dituzte Pasteis de Belem izenekoak antzinako ezkutuko errezeta jarraituz. Belem bisitatzen duen orok ezin du gozotegiko usain gozoaren tentalditik ihes egin.

(Argazkiak: 2, 3, 4: www.flickr.com)