Euskal Herriko hiriburuak

Baiona

Baiona

Baiona Handia eta Ttipia bereizten ditu Aturri ibaiak

Lapurdiko hiriburua da, probintziaren ipar-mendebaldean dago, kostaldetik hurbil, Aturri eta Errobi ibaiek bat egiten duten lekuan eta 39.844 biztanle ditu. Administratiboki, hiru kantonamendutan banatua dago: Baiona Iparraldea (Bokale barne), Baiona Ekialdea eta Baiona Mendebaldea. Oso lurralde laua da; klima ozeanikoa du, euritsua eta epela urte osoan. Hiru gune historiko ditu: Baiona Handia edo harresiz inguraturiko alde erromatarra (Gaztelu Zaharraren kokalekua); Baiona Ttipia edo Sanandres (Gaztelu Berriaren kokalekua) eta Santespiritu edo erromes-ospitale baten inguruan sortu eta juduek XVI-XVII. mendeetan kolonizatutako auzoa. Antzinako gune hauen inguruan sortu dira Muserola merkataritza-, egoitza- eta portu-gunea, Baiona Berria edo Santa Kurutze izeneko bizitegi-auzoa, eta Sanleon deituriko zerbitzu-gunea.

Portuari esker, Iparraldeko industri eta merkataritza-zentro garrantzitsua izan da Baiona mendetan; baita Landetako hegoaldekoa ere. Euskal Herriko merkataritzarako portuetan hirugarrena da, Bilbo eta Pasaiaren atzetik; esportazio-portua da batez ere (altzairua, sufrea eta zerealak). Industria (metalurgia, elikagai-industria, eraikuntza eta industria kimikoa) Aturriren bi aldeetan dago kokatua, baina ez du merkataritza eta esportazioak adinako garrantzirik. Zerbitzu-sektoreak ere garrantzi handia du (administrazioa, dendak, kultur zerbitzuak, irakaskuntza, garraioak, osasun-zentroak).

Herriko festak uztailaren 29tik abuztuaren 2ra izaten dira. Besteak beste, Jean Joseph Ader, Jules Balasque, Leon Bonnat, Marguerite Brunet, Rene Cassin, Etienne Decrept, Domingo Jose Garat Hiriarte, François Cabarrus eta Pierre Lhande Baionan sortu ziren.

Santa Maria katedral gotikoa (XIII-XIV. m.), Gaztelu Zaharra (XIV. m.), erromatarren garaiko harresia eta hiriaren defentsarako eraikitako Gaztelu Berria eta harresiak, monumentu izendatuta daude. Beste hainbat eraikin eta museo aipagarri ere bada: Euskal museo eta liburutegia, Bonnat museoa, Merkataritza Ganbera, etab.

Bilbo

Bilbo, Nerbioi ibaiaren bokalean

Bizkaiko hiriburua da Bilbo eta probintziaren ipar-mendebaldean, Ibaizabal-Nerbioiren bokalean kokatzen da. 358.977 biztanlek osatzen dute Bilbo eta Euskal Herriko hiririk populatu eta industrializatuena da. Hiria inguratuz mendi ugari dago: hegoaldean Pagasarri (673 m), Ganeta (689 m), Restaleku (587 m) eta Arnotegi (426 m); iparraldean Artxanda (213 m), San Bernabe (224 m), Santo Domingo (292 m) eta Santa Maña (447 m). Nerbioi ibaiak zeharkatzen du eta beraren inguruan garatu da hiria. Klima ozeanikoa du, euritsua eta aski epela urte osoan. Ipar-mendebaldeko haize hezea da nagusi eta horren ondorioz, Bilboko industriguneetan aireratzen diren hondakinak Nerbioiren ibarrean barrena hedatzen dira.

XIX. mendearen erdialdetik aurrera, meatzaritzak eta industrializazioak ekarritako portuaren garapenaren eta etorkin-andanaren ondorioz, hiria izugarri hazi zen. Hazkunde-prozesu horretan inguruko herri txikiak bereganatu zituen: Abando 1870ean, Begoña 1924an, Deustua eta Lutxana, eta zabalgune hauek nahikoa ez zirela eta, auzo berriak eraiki ziren hiritik guztiz aparte. Industrigune (Ansio, Bolueta, Castrejana, Enekuri, Errekaldeberri) eta langile-auzo asko dago (Olabeaga, Otxarkoaga, San Ignazio, Santutxu). Berdeguneak, berriz, gutxi dira; Artxanda eta erdigunean dagoen Kasilda Iturrizaren parkea. Bestalde, Zazpi Kaleak auzoa merkataritza- eta zerbitzu-gunea da eta Deustuan unibertsitatea dago. Hasieran industria Bilbora bertara mugatu zen, baina XIX. mendearen bukaeran ibaiaren ertzean zehar zabaldu zen, ezkerraldera batik bat. Siderurgia, ontziola, eraikuntza metaliko eta antzekoez industrigune garrantzitsua eratu zen; lehenagoko burdinolak kendu eta ibaiaren ezkerraldeko meategiak ustiatzen zituen siderurgia berria ezarri zen. Industriaren ondoan, Abra badiako itsas portuak garrantzia izan du kanpo-merkataritzan. Euskal Herriko porturik handi eta garrantzitsuena da, eta Europa mailan ere aurrenetakoa. Inportazio-portua da, baina kabotaje-trafikoan garrantzi handia hartzen ari da. XIX. mendeko garapen industrialaren ondoan, XX. mendean eten handiak izan ditu; Lehen Mundu Gerra ondoren Europako merkatua larriki murriztu zenean, Bilboko siderurgia Espainiara begira jarri zen, baina Espainiako Gerra Zibilak (1936-1939) eten handia eragin zuen.

Industri jarduerez gain, zerbitzu- eta finantza-gunea ere bada. 1990eko hamarkadan hiria hobetzeko hainbat proiektu handi abiarazi ziren: metroa, portua handitzea, berdeguneak zabaltzea eta Bilboko itsasadarra hiriko ardatz bihurtzeko proiektuak. Kultur ekipamenduari dagokionez, Guggenheim museoa, Musika eta Kongresuetarako Jauregia, Bizkaiko itsas adarra Itsas Museoa, eta Eliz Museoa aipa daitezke.

Festa-ekitaldi nagusiak abuztuaren 15eko Ama Birjinaren eguna eta abuztuko hirugarren astean ospatzen den Aste Nagusia dira.

Artearen inguruan, Santiago katedrala, parte zaharreko Zazpi Kaleak, Arte Ederretako museoa, Sota etxea, Montero etxea, Udal-Alondegia, San Anton eliza, Plaza Berria eta Zeberitxa jauregia monumentu izendatuta daude. Begoñako santutegia, Abandoko San Bizente eliza, San Nikolas Barikoaren eliza, San Frantzisko Asiskoaren eliza, Arriaga antzokia, Burtsa-etxea, Erakustazoka eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregia ere aipagarriak dira.

Donibane Garazi

Donibane Garazi, Errobi ibaiak zeharkaturik

Nafarroa Behereko hiriburua da, izen bereko kantonamenduan, probintziaren erdialdean dago eta 1.416 donibandarrek osatze dute. Bertan, Arnegi eta Beherobia ibaiak Errobira isurtzen dira.

Lurralde oso laua da eta nekazaritza (artoa, zuhainak, mahastiak, barazkiak) eta abeltzaintza (behi-, ardi- eta txerri-aziendak) dira jarduera nagusiak. Ez da industri hiria, roquefort gazta egiteko lantegiren bat eta eraikuntza-enpresaren bat baino ez dago. Probintziako merkataritza-gunea da (astelehenetako azoka eta apiril, uztail eta abuztuko ardi- eta gazta-feriak). Turismoak garrantzi handia du: hotelak, apartamentuak, kirol-instalazioak, jatetxeak eta bigarren bizileku diren etxebizitza ugari dago.

Uztailaren 15ean, Joan Maiorgakoa martiriaren eguna ospatzen dute. Donibandarrak ziren, besteak beste, Jean Barbier, Charles Floquet, Joan Huarte eta Joan Maiorgakoa.


Artearen ikuspuntutik badago zer gozatu. Gotorlekua eta beraren inguruko eraikuntzak; zubiaren muturreko eliza bezala ere ezagutzen den Jasokundearen eliza gotikoa (XIII. mendekoa); hiri zaharreko kale eta auzoak; orain udaletxea eta lehen Mansart etxea izandako eraikuntza, XVIII.eta XIX. mendeetan udal-presondegi bihurtu zen apezpikuen presondegia izeneko etxea (XIII -XIV. m.), monumentu izendatuta daude.

 

Donostia

Donostia, Kontxako badia

Gipuzkoako hiriburua, Donostialdea eskualdean, probintziaren ipar-ekialdean dago, kostaldean eta 181.451 biztanlek osatzen dute. Gipuzkoako Beterrin dago, Urumea ibaiaren bokalean, Bizkaiko Golkoaren ertzean eta Mendizorrotz eta Jaizkibel mendien artean. Urgull eta Igeldo mendien artean, Kontxako badia dago; bertan, Santa Klara uhartea eta Kontxako eta Ondarretako hondartzak daude. Urgullpean arrantza- eta kirol-portua dago. Urgull eta Uliaren artean Urumea ibaia itsasoratzen da; haren ondoan, Zurriolako hondartza dago. Hondartza hau artifizialki luzatu eta zabaldu zuten 1994an.

Donostiako nekazaritza Zubieta eta Igeldon dago kokatua. Industria gutxi dago eta hiritik kanpo sakabanatua (elikagai-industria, ehungintza, lantegi mekanikoak). Zerbitzuetan diharduen hiria da; administrazioaz gain, merkataritza ere garrantzitsua da. Finantza- eta unibertsitate-zerbitzuak biziki ugaldu dira 1970eko hamarkadaz geroztik.

Kultur eta turismo-hiria da, hainbat jai-, kultur eta kirol-ekitaldiren egoitza: estropadetan Donostiako edo Kontxako bandera, Nazioarteko Zinemaldia, Musika-Hamabostaldia, arte-erakusketak, Aste Nagusia, etab. XIX. mendean Viktoria Eujenia erreginak bere oporraldirako hautatu zuenez geroztik, Donostiak hiri turistiko izateari eutsi dio. Donostiako jai nagusia San Sebastian eguna da, urtarrilaren 20an; egun horretako ekitaldi ospetsuena danborrada da. Donostiarrak izan ziren, besteak beste, Okendo, Alonso Idiakez, Katalina Erauso, aita Donostia, Bilintx, Usandizaga eta Pio Baroja.

San Bizente eliza gotikoa (XVI. m.) eta Santa Maria eliza barrokoa (XVII. m.), San Telmo museoko XVI. mendeko klaustroa eta pinturak, Miramarko jauregia, udaletxea (garai bateko Kasino Handia) eta zenbait etxe, monumentu izendatuta daude. Eraikin aipagarri gehiago ere badira: Aquariuma, Aieteko jauregia, Viktoria Eujenia antzokia, Artzain Onaren katedral neogotikoa (1888-97).

Gasteiz

Gasteiz, airetik ikusita

Arabako eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua, Arabako Lautadan, probintziaren erdialdean kokatzen da eta 218.902 gasteiztarrek osatua dago. Araba osoko populazioaren %75 baino gehiago bertan bizi da. Hegoaldean Gasteizko mendiek eta iparraldean Gorbeia, Elgea eta Aizkorri mendiek mugatzen dute. Zadorra ibaiak iparraldetik mendebaldera zeharkatzen du. Bordele-Astorga galtzada erromatarra, gero Santiagorako erromesek erabili zutena, Gasteiz ondotik pasatzen zen; horri esker, garapen handia izan zuen XIII. mendean.

Gasteiz industri hiri berria da (metalurgia, eraikuntza, kimika eta elikagaiak). Nekazaritza- eta merkataritza-jardueran oinarritutako hiri izatetik, inguruko probintzietako industriaren kokaleku izatera iritsi da XX. mendean. Euskal Herriko hirigune handietatik gertu egon, lur-eremu zabalak eduki eta industri zerga arinagoak edukitzeari esker, batetik, eta garraio-sarean izandako hobekuntzei esker bestetik, 1950-75 bitartean garapen industrial handia izan zuen. Industrializazioak erakarritako immigrazioa handia izan zen. Horren guztiaren ondorioz, hiri zaharraren itxura erabat aldatu da.


Hirigune zaharraren inguruan industri poligonoak, langile-auzoak eta bizitegi-auzoak eraiki dira: Abetxuko, Armentia, Gamarra, Gazalbide, Txagorritxu, Zaramaga, etab. Industriaren ondoren, merkataritza eta administrazio-zerbitzuak hazi dira. Gainera, 1980az geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko botere legegilearen eta betearazlearen egoitzak eta administrazio-zerbitzu nagusiak bertan daude: Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza, Ajuria Enea jauregia eta EHUko Arabako Campusa.

Jai nagusiak San Prudentzio (apirilaren 28an) eta Ama Birjina Zuriaren ohorez (abuztuaren 5ean) ospatzen dira; azken honetako pertsonaia nagusia Zeledon da. Heraklio Alvaro Fournier, Fernando Amarika, Ignacio Aldecoa, Jesus Guridi, Gustavo, Maria eta Ramiro Maeztu, Raimundo Olabide eta San Prudentzio bertan jaio ziren.

Monumentu izendatutako eraikuntza asko dago: Armentiako San Prudentzio basilika, Estibalizko Santa Maria eliza, San Pedro eta San Bizente elizak, Santa Maria katedrala, Kordoi etxea, Plaza Berria, Arte Ederretako Probintzi Museoa eta zenbait jauregi eta dorretxe. Aipagarriak dira bestalde, Diputazioko jauregia, Santa Krutz komentua,
Arquillos arkupea, Foru-plaza, Ama Birjina Zuriaren plaza, San Antonio komentua, Florida parkea eta Katedral Berria.

Iruñea

Iruñea, Gaztelu enparantza

Nafarroako Foru Komunitateko hiriburua eta Euskal Herriko hiriburu historikoa da eta izen bereko merindadean, Nafarroako erdialdean, kokatua dago. 186.245 biztanlek osatzen dute, iruindar edo iruinxeme deiturikoak. Iruñerria eskualdean dago, mendiz inguratua: San Cristobal (895 m), Erreniega (1.037 m), Taxoare (672 m). Arga ibaiak ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du. Klima submediterraneoa du, hezearen eta lehorraren artekoa. Iruñean bizi da gaur egun Nafarroako biztanleriaren %35. Hiriak Erdi Aroko hirien egitura gorde du; historikoa eta monumentala da. Gotorlekutik (gaur egun hiriko berdegune garrantzitsua) eta hiru auzo zaharretatik abiaturik (Nafarreria jatorrizko auzoa, San Zernin burgua eta San Nikolas auzo berria) zabalguneak egin dira. Bestalde, Atarrabia, Barañain eta Burlatarekin batera konurbazio bat osatzen du. Garraiobide-sare garrantzitsua du; Gipuzkoa eta Araba, Frantzia, Zaragoza eta Logroñorekin lotua dago, eta Irurtzun eta Andoain arteko autobideari esker, garraiobide-sare nagusira (Madril-Paris ardatza) hurbildu da.

XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara nekazaritza-industria nagusitu zen. Gaur egun ere industria jarduera ekonomiko garrantzitsua da (automobilen fabrikazio eta muntaketa, industria metalikoa, ehungintza, elikagai-industria, zurgintza, papergintza, arte grafikoak, eraikuntza eta industria kimikoa), baina hirugarren sektorea (merkataritza, administrazioa, eskola eta unibertsitateak, ospitaleak, finantzak) da nagusi.

San Saturtino da Iruñeko patroia. Dena den, festa nagusiak sanferminetakoak (uztailaren 6ko eguerdiko suziriarekin hasi eta 14ko gauerdiko Pobre de mí iritsi bitartean egunero entzierroak eta korridak) eta San Blas egunekoa (otsailaren 3ko prozesioa) izaten dira. Jose Agerre, Migel Astrain, Elio Ezpeleta, Joan Mari Gelbenzu, Juan Iturralde Suit, Arturo Kanpion eta Pablo Sarasateren sorterria.


Iruñeko Alde Zaharra, Ziutadela, Harresiak, Gotorlekua, Nafarroako museoa, Kontu
Ganbera, San Pedro, Miluze eta Madalena zubiak eta katedrala (XV. m.) monumentu izendatuta daude. Halere, badira eraikin aipagarri gehiago ere: Agustindar errekoletoen eliza eta bertako erretaula churriguereskoa eta organo klasikoa, Aldapako San Fermin basilika neoklasikoa, San Agustin parrokiako Erdi Aroko pontea, San Nikolasko Kristo Gurutziltzatuaren eskultura (XIV. m.), San Saturnino eliza (XIII. m.), San Domingo eliza gotikoko Picart eta Beauvais-en eskulturak, Leringo kondeak XVI. m.an eraikitako Kondestablearen etxea, Redin Cruzat-en etxea (1658), San Bartolomeko gotorlekua (1730), Antso VI.a Jakitunak eraikitako Erregeordearen edo Kapitania jauregia (1190), Diputazioko jauregi neoklasikoa, Iruñeko artzapezpikuen egoitza izan den Artzapezpiku-jauregi barrokoa (1732) eta Ezpeleta jauregi barrokoa; Nafarreriako jauregia izenez ere ezaguna.

Maule-Lextarre

Maule, Gaztelu Zaharra

Zuberoako hiriburua, probintziaren iparraldean kokatzen da eta 3.344 mauletar-lextarrestarrek osatzen dute. Uhaitzandi ibaiak hiria hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du. Hirigunea muinoz inguraturik dago. Klima atlantikoa du, epela eta hezea urte osoan. Biztanle gehienak Uhaitzandiren ezkerraldean bizi dira; hiriburua izan arren, emigrazioak jotako herria da, Zuberoa osoa bezala.

Ekonomia tradiziozko artisautzari lotuta egon da: soka, ehun, elikagai tradizionalak
eta, batez ere, oinetakogintza. Industria Uhaitzaindiren eskuinaldean kokatuta dago batik bat; zerbitzuak, batez ere turismoaren inguruan garatu dira (hotelak, jatetxeak, garraioak). Nekazaritza (artoa, barazkiak) eta abeltzaintzak (txerri- eta ardi-aziendak) ez du ia garrantzirik udalerrian.

Herriko festak uztailaren 15ean ospatzen dira. Maulen jaio ziren, besteak beste, Arnaud Oihenart, Jacques eta Jean Philippe Bela eta Maitia familiako apezpikuak.

Maitia jauregi errenazentista, Mauleko gaztelu zaharra eta San Joan Berrautekoaren kapera gotikoa monumentu izendatuta daude. Andre Mariaren eliza eta kanpandorrea (XVI. m.) ere aipagarriak dira. Gaztelu zaharra hirigunearen ondoko muino batean dago eta bertatik haran osoa ikusten da.

Orria posta elektronikoz bidali

< * Bete beharreko alorrak

Eskerrik Asko.
artikuluan arrakastaz bidalita da.

cerrar ventana
Lagun iezaguzu hobetzen! Zure iritzia garrantzitsua da, eta horregatik eskertuko genizuke zure iritziak eta iradokizunak info@hiru.eus helbidera bidaltzea.

* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana