Espartingintza Maulen
Espartinak
Espartzuzko zola eta ehunezko gainaldea duen oinetako-mota hau Mauleren historiarekin hertsiki lotuta doa. XVIII. mendeaz geroztik behintzat egiten dira espartinak Euskal Herrian. XIX. mendearen hasieran Mauleko familia bat espartinak handizka saltzen hasi zen. Eskulangileek euren etxeetan egiten zituzten eta merkatari horiek etxez etxe biltzen zituzten salmentara eramateko. 1880 ezkero espartinak fabrikan egiten hasten dira. Frantzia iparraldeko meatzariek asko kontsumitzen zituzten. Espartingintza gora joaten da eta 30 fabrika jartzen dituzte Zuberoan. Alabaina, meatzetan istripu asko izaten ziren grisuak eztanda eginda. Arrisku hau saihesteko hezetasuna handitzen dute meatzetan eta hor dator espartinaren gainbehera. XX. mendearen hondarrean, berriz, ekialdeko herrialdeen konkurrentziak kalte handia egin zion industria honi. Gaur egun aisiako erabileratarako bakarrik egiten dira Maulen espartinak.