Nafarroako horma pintura gotikoa eta horren eragin eremua

Artikuluaren egilea: María Carmen Lacarra Ducay

Nafarroako erresuman aro gotikoan egiten zen horma pintura eta horren eragin eremua zer-nolakoak izan ziren jakiteko, kontuan hartu behar dira Berant Erdi Aroan lurralde hispaniar horretan izandako egoera historikoak. Horrez gain, ezin da ahaztu Nafarroako erresumak Europako mendebaldeko erresuma kristauen multzoaren barruan zuen eginkizuna; izan ere, kokapen geografiko garrantzitsua zuen. Hots, mugakidea zen Frantziarekin (eta, horrez gain, XIII. mendetik, jabetzako zenbait lur garrantzitsu zituen erresuma horretan), Ingalaterrarekin (erresuma horrek zenbait lurralde baitzituen Frantziako hego-mendebaldean), Aragoiko erresumarekin (gainera, bertako errege familiaren ahaide zen) eta Gaztelarekin. Beraz, ez da harritzekoa Nafarroan egindako sorkuntza lan askok nazioarteko kutsua izatea -izan ere, Frantziatik eta Ingalaterratik zetorkion eragina, batik bat- eta leku hurbiletan aztarna utzi izana, Aragoiko zenbait lekutan, bereziki.

XIV. mendean zehar lortu zuen kalitate mailarik handiena Nafarroako horma pintura gotikoaren eskolak, eta tailer nagusiak eta obrarik finenak errege egoitzak kokatutako hiriguneetan biltzen ziren. Hala gertatu zen Iruña eta Olite hirietan; hain zuzen ere, bi hiri horietakoak dira horma pinturako multzorik onenak, eta, horiez gain, Artajona hiribildukoak (Oliteko merindadea) ere badira nabarmentzekoak. Nafarroako agiritegietan gordetako dokumentuetan, XIV. mendearen erdialdetik aurrerako egileei eta obrei buruzko datuak ageri dira. Data hori baino lehenagoko zenbait pinturatan, egilearen izena, egite data eta babesleen izenak adierazten dituzten inskripzioak daude, eta hori ez zen oso ohikoa garai hartan.

XV. mendean zehar, erretaula izan zen tenpluen barrualdeak edertzeko ohiko dekorazio baliabidea, baina, landa eremuetan, horma pinturari eutsi zioten. Altzari modukoak ziren erretaulak ("retro-tabulum"), zenbait altueratakoak eta tamainatakoak.

Nafarroako horma pintura gotikoko obra gehienak Iruñako Nafarroako Museoan daude. Oraindik ere, XIV. eta XV. mendeetako horma pinturako multzo ugari geratzen dira jatorrizko kokalekuan; esate baterako, Ekaiko San Martinen, Eristaingo San Joan Bataiatzailean, Iruñako San Nikolasen, Auzako San Martinen, Oliteko Santa Brigitan, Arellanoko San Erromanen, Villatuertako Jasokundean eta Xabierko gazteluko Kristoren kaperan. Horma pintura asko dira, beraz, eta horrek adierazten du Nafarroako pintura tailerrek lan asko egin zutela Berant Erdi Aroan.

Nafarroako monarkiak harreman estuak izan zituen Frantziako eta Ingalaterrako monarkiekin, XIII., XIV. eta XV. mendeetan zehar, eta, horren ondorioz, kosmopolitismo kutsua zuten Nafarroako artistek eta horien lanek. Are nabarmenagoa da kosmopolitismo hori, Iberiar Penintsulako gainerako erresuma kristauetako artista garaikideen lanekin alderatuz gero. Horrez gain, Nafarroan garai hartan lan egin zuten margolariak eredutzat hartu zituzten ondoko lurraldeetako artistek, eta eragin hori adierazten duten zenbait lanek gaur egunera arte iraun dute.

Nafarroako XIV. mendeko zenbait pinturak kalitate aparta zuten; adibidez, Iruñako katedraleko jangelako buruhormaren apainketa -Juan Oliver izeneko margolari batek 1330ean egina-, Artajonako San Saturnino elizako presbiterioko pinturak -Roque izeneko margolari batek XIV. mendeko berrogeiko hamarkadan eginak- eta Oliteko San Pedro elizaren dorrearen behealdeko bigarren apainketa (XIV. mendearen erdialdekoa). Kalitatearen aldetik, obra horiek garai hartako Frantziako eta Ingalaterrako tailerretan sortutako obren parekoak ziren. Lan horiek guztiek hizkuntza komuna erabiltzen dute, dotorezia formal handikoa, miniaturaren eta beiraren arteekin erlazionatua; izan ere, Frantziako, Ingalaterrako eta Nafarroako artistek antzeko prestakuntza zuten artean.

Gaiaren egoera

1910ean, Julio Altadill historiagile nafarrak hau idatzi zuen: "¿ porque precisamente no es en el arte de la pintura donde más ha brillado el nombre de este reino ¿". Ezin zuen inola ere imajinatu denborak gezurtatu egingo ziola adierazpen hori. Egia da ordura arte oso gutxi zekitela Nafarroako Erdi Aroko pinturari buruz, eta gure arte iraganeko alderdi hori argitzeko ikerketak hasi berriak zirela.

Dakigunez, Nafarroako horma pinturari buruzko berririk zaharrenak XVIII. mendekoak dira. 1707an Orreagan izandako bidaiari frantses batek bere egunerokoan idatzi zuenez, Espiritu Santuaren kaperaren kanpoaldeko hormetan, Kolegiataren ondoan, ornamentazio bat zegoen; apainketa horrek Orreagako bataila ospetsua goraipatzen zuen eta protagonistak identifikatzeko idazkun ugari zituen. 1170 ondoren margotu zen pintura hori; oso kontserbazio egoera txarrean zegoen XVIII. mendean, eta, gaur egun, desagertuta dago.

XIX. mendean, datu gehiago ditugu. Pedro de Madrazok eman zituen aditzera datu gehienak, 1886an Nafarroari eta Logroñori buruz idatzitako liburuan. Hark deskribatu zituen lehen aldiz Iruñako katedraleko jangelako eta Miguel Sanchiz de Asiain gotzainaren hilobiko horma pinturak, Artajonako San Saturninokoak, Gallipienzoko San Salvadorkoak, Oliteko San Pedrokoak eta Ujueko Santa Mariakoak. Azken eliza horretako horma pinturen deskribapenarekin batera, Pedro de Madrazoren lagun Juan Iturraldek egindako krokis bat dago, eta horrek konposizio dotorea zela ondorioztatzeko aukera ematen digu; Martinez de Sanguesa margolariak egin zuen pintura, eta, zoritxarrez, ez du gaur egunera arte iraun.

XX. mendean, historiari eta arteari buruzko ikerketa arloa berritu egin zen, eta, horren ondorioz, handitu egin zen iraganean egindako lanak ezagutzeko interesa. Erdi Aroko pintura ez zen salbuespena izan; egunez egun aurkitzen ziren horma apainketa zaharren hondakinak, eta horiek ikertzen hasi ziren Espainiako eta atzerriko ikerlariak.

Espainiari dagokionez, hasieran, ikerlari gehienek aro erromanikoan -XI. eta XII. mendeetan- egindako obretan jarri zuten interesa, baina zenbaitek ondorengo obrak aztertu zituzten; hain zuzen ere, Nafarroako obrak ikertu zituzten, penintsulako gainerako lurraldeetako artistenak baino kalitate handiagokoak baitziren. Esate baterako, 1908an, Emile Bertaux-ek Iruñako katedraleko klaustroa apaintzen zuten zenbait horma pinturaren kalitate aparta azpimarratu zuen, argitalpen batean. Horrez gain, horma pinturok frantses jatorrikoak zirela ondorioztatu zuen:

"¿ a coté d'un arbre de Jessé dont les figures ont la svelte souplesse du dessin français, una suite de scenes de la vie de la Vierge qui decore le tombeau d'un éveque mort en 1364, montre les architectures legères et les couleurs gaies des fresques siennoisses: c'est l'art italien d'Avignon, traduit par des mains françaises, qui passe les Pyrenèes ".

Zenbait urte geroago, Puig i Cadafalch ohartu zen Tuterako Santa Maria eta Lizarrako San Pedro de Rua elizetako klaustroetan pintura hondarrak zeudela: " A Navarra es veuen clarament la pintura en els claustres de Tudela i d'Estella ".

Eta Augusto L. Mayer-ek horma pinturen hondarrak aurkitu zituen Tuterako katedraleko abside nagusian: " De las pinturas murales que hay detrás del altar mayor de la catedral de Tudela solo se han conservado, por desgracia, restos escasos ".

Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo urteetan, Nafarroako Foru Diputazioa arduratu zen, Vianako Printzea Erakundea kultur zerbitzuaren bidez, horma pintura gotiko asko ezagutarazteaz eta suntsitzetik babesteaz. Izan ere, erakunde horrek zeuden lekutik kendu, zaharberritu eta Iruñako Nafarroako Museoan jarri zituen, euskarri berrien gainean, behar bezala egokitutako aretoetan. Lan hori 1944an hasi eta 1958an amaitu zen, ondoz ondoko kanpainetan. Lan horren ondorioz, XIII., XIV. eta XV. mendeetako horma pinturen bilduma bikaina lortu zen, eta museo publiko batean jarri. Ordura arte, ez zen Espainian horrelako bildumarik egon.

Azken urteetan, aurkitu izan diren horma pinturako multzoak garbitzea eta zaharberritzea izan da Nafarroako gobernuaren kultur politika, baita jatorrizko kokalekuan uztea ere, betiere, jatorrizko eraikinek horretarako baldintza egokiak bazituzten.

Adibidez, Vianako Printzea Erakundeak Ekaiko San Martin elizako horma pinturak, Xabierko gazteluko Gurutzearen kaperakoak, Eristaingo San Joan Bataiatzailea elizakoak, Iruñako San Nikolas elizakoak eta Villatuertako Jasokundekoak zaharberritu ditu, besteak beste.

Gaur egun horma pintura gotikoari buruz dugun informazioarekin, Nafarroako eskolaren estiloaren bilakaera azal dezakegu, azaletik bada ere. Bilakaera hori denboraldi luze batean gertatu zen, XIII. mendeko azken hamarkadetatik XV. mendeko azken urteetara eta XVI. mendeko lehen urteetara; alegia, estiloari hasiera eman zioten lehen obra protogotikoak agertu zirenetik (Artaiza, Artajona eta Olitekoak) Errenazimentuaren hastapenetara (Villatuertakoak). Denboraldi luze horretan zehar, zenbait aldi bereizten dira, eta horietan sortutako obren kalitate eta kontserbazio egoerak ez dira denak berdinak. Hona hemen aldi horiek, horien bereizgarrien arabera: trantsizioa, gotiko lineala, italo-gotikoa, nazioartekoa eta hispano-flandestarra.

Horietatik guztietatik, gotiko lineala da aldirik adierazgarriena, bai arte kalitate handia izateagatik, bai eragin eremuagatik. XIV. mendean zehar garatu zen, eta, horretan, Nafarroan lan egindako margolariek erresumatik kanpo eragin handia izan zutela berresten da, baita, beren garaiko arte korronte handiekin harremana izan zutenez, Nafarroako margolari horiek nazioartekotasun kutsuko lanak egin zituztela ere.

Katalogazioa

Gotikorako trantsizioa

Trantsizio aldian hasi zen Nafarroako horma pinturaren joera gotikoa. Artajonako (Oliteko merindadea), Artaizko (Zangozako merindadea) eta Oliteko elizetako apainketak dira horren adierazgarri. Gaur egun, horma pintura horiek Nafarroako Museoan daude, Iruñan. Nafarroako erresumara joera neobizantziarra iritsi zela erakusten dute pintura horiek, Iberiar Penintsulako beste erresuma kristauetara bezala, XIII. mendean zehar. Sigenako (Huesca) Santa Maria monasterioko horma pinturarekiko egindako loturak ez dira guztiz zehatzak: antzeko korronte estetiko batekoak dira denak, baina ezin da baieztatu pintura horiek egin zituzten tailerrek elkarrekiko mendekotasunik zutenik. Esan daiteke Artajonako San Saturnino eta Artaizko San Martin elizetako multzoak tailer berekoak direla; izan ere, tailer hori Pirinioez bestaldeko miniatura artearekin erlazionatuta zegoen, baita ohol pintura garaikidearekin ere (Berbegalgo Santa Maria, Huesca). Oliteko San Pedro parrokiako Virgen del Campanal deritzan kaperako lehen apainketaren egileak beste obren egileek baino joera herrikoiagoa zuen, eta konposizio konponbide konbentzionalagoak, azken erromanikoaren ildoan.

 Artajonako San Saturnino: Pinturak kapera nagusiko erdiko hormatalak hartzen zituen, leiho axial gotikoaren alde banatan, baita horren gainean ere. Azken Judizioa eta Jesusek leial izan zitzaizkion gizakien eskuzabaltasuna saritzeko egindako promesa ziren pintura horren gaiak: " Orduan, Pedrok esan zion Jesusi: "Hara, guk dena utzi dugu zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?". Jesusek erantzun: "Benetan diotsuet: Jainkoak mundu hau berregitean, Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan eseriko denean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko" " (Mateo, XIX, 27-28). Gaur egun, hormaren goialdean, leihoaren gainean, erdialdea ez dago osorik. Hor, Kristo Piztu eseriaren irudi bat zegoen, eskuetan bere martirioaren gurutzeari eusten ziola eta albo banatan haren pasioaren armak eramaten zituzten bi aingeru tente zituela. Agian, gaur egun irudi hori falta denez, are erakargarriagoa da Kristoren eskuinaldean eserita dauden apostoluen taldea; Kristo baino apur bat beherago daude, eta otoitz jarreran dituzte eskuak. Erdiko leihoa landare motibo eta motibo geometriko estilizatuz apainduta zegoen, leihate polikromatuen modura; izan ere, hori zen Frantziako hegoaldeko ohiko dekorazio baliabidea, aro gotikoan. Horrez gain, leihoaren albo banatan, itxurazko horma hobi banatan, Pedro eta Pablo apostolu santuen irudi tenteak zeuden.

 Artaizko San Martin: Eliza horretan, burualdeko absidearen zilindro erdian egin zen horma pintura. Eszena bakar bat margotu zen, bost atal berdinetan banatua. Bost atal horiek estilo gotikoaren hasierako arku zorrotzen bidez lotuta daude. Horma pintura horretarako, Bildotsaren Adorazioaren gaia aukeratu zen, San Joanen Apokalipsiaren arabera (VII, 9): " Ondoren, gizatalde handi bat ikusi nuen, inork konta ezin ahalakoa; nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea zegoen, tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutik, soinezko zuriz jantziak eta palmadarrak eskuetan ". Jainkoaren Bildotsa erdiko leihoaren gainean dago, zirkulu itxurako medailoi baten barruan, eta, Bildotsarekin batera, aingeru musikariak daude, arkuarteetan. Medailoiaren inguruko lau arkuduretan, otoizgile taldeak daude, zutik, arreta Bildotsaren irudian jarrita dutela. Bildotsa gurtzera deitutako gizakien aniztasuna nabarmendu nahi izan zuen margolariak; gizakien arteko desberdintasunak adierazteko, zenbait adin, gizarte egoera eta arrazatako gizakiak irudikatu zituen, hainbat jantzi, fisonomia eta apaingarri motarekin. Irudi horien gorputz lirainen bertikaltasunaren eta jantzien linealtasun nabarmenaren arabera, horma pinturak gotikoaren hasierakoak direla adieraz daiteke. Polikromia antzekoa da bi apainketetan: tonu epelak nagusi dira -gorriak, okreak eta erreak, urdin eta berde hotzen gainean-, denboraren joan-etorriarekin ahulduak; zuri pixka bat; eta urre kolorea, argi koroetan eta jantzien ertzetan (horrez gain, jantziak iztukuzko erliebedun esferatxoz apaintzen dira, bitxiak imitatzeko).

 Oliteko San Pedro: Eliza horretan, Campanaleko Ama Birjinaren kaperako hormetan eta gangan egin ziren horma pinturak. Kapera hori tenpluaren eskuinaldeari atxikitako kanpandorrearen behealdean dago. Campanaleko Ama Birjina tailu eder gotiko bat da, zur polikromatuzkoa. XIII. mendearen erdialdekoa da, estilo franko-gotikokoa.

Gurutzeria gangako lau plementuetan, lau aingeruren irudiak margotu ziren. Zutik daude, eta errege koroa bana dute eskuetan. Agian, lau goiaingeruak dira: Migel, Rafael, Uriel eta Gabriel; izan ere, ikonografia bizantziarrean, Pantokratorraren inguruan irudikatzen dira.

Kaperako hiru hormetan, ganga hasten den inpostak bereizitako bi ataletan banatuta dago apainketa. Aurreko horman, goialdea arku zorrotzeko tinpano itxurakoa da, eta Pantokratorraren irudiaz apaindu zen. Pantokratorra mandorla baten barruan irudikatuta dago, eta, ondoan, lau ebanjelari edo tetramorfoen sinboloak daude: gizon hegoduna (Mateo), lehoia (Markos), zezena (Lukas) eta arranoa (Joan). Inpostaren azpian, bi konposizio margotu ziren, baina, gaur egun, goikoa soilik identifika daiteke. Konposizio horretan, Epifania edo Errege Magoak Jesus haurra gurtzera joan zirenekoa (Mateo, II, I-2) dago irudikatuta, eta, horren aurretik, magoek Herodes erregearekin izandako topaketa. Denboran bata bestearen ondoren gertatu ziren bi eszena horiek, baina margolariak aldi berekoak izan balira bezala irudikatu zituen, konbentzionalismoz eta konposizioak hala eskatuta. Gauza bera gertatzen da Errege Jauregiaren ondoko Santa Maria elizako portada nagusian; horretan, Frantzian -agian, Parisen- prestatutako eskultore batek antzeko narrazio programa bat egin zuen, XIII. mendeko azken urteetan.

Kaperaren eskuinaldeko horman, goialdeko tinpanoa gotzain santu baten (San Saturnino? San Martin Tourskoa?) irudiaz apaindu zen. Santua zutik dago, eta bedeinkatze jarreran. Inpostaren azpian, erdiko leihoaren albo banatan, Pedro eta Pablo apostoluak daude, orbelezko atzealde baten gainean.

Kapera horren ezkerraldean, goiko tinpanoan, Andre Maria seme Jesukristok koroatu zuenekoa margotu zen, Frantziako ikonografia gotikoaren arabera, San Bernardo de Claravalen idatzien arabera, alegia.

Elizako nabetik kaperara sartzeko arkubarneran, atzealde urdinen gainean, pertsonaia sakratuen irudi erdiak jarri zituzten, apaingarritzat. Eskuinaldean, behetik giltzarriaren altueraraino, San Pablo, San Joan Ebanjelaria eta San Joan Bataiatzailea ezagut daitezke; ezkerraldean, berriz, San Pedro, Andre Maria Kristoren ama eta Kristo daude, eskuineko eskuaz bedeinkatzen ari dela eta ezkerraldekoan liburu bat duela.

Oliteko San Pedro elizako Campanaleko Ama Birjinaren kaperako apainketa hori aurreko biak baino nabarmen arkaikoagoa da; izan ere, polikromia ez da hain nabaria, tonu motelagoak ditu, denboraren joan-etorriaren eta hezetasunaren ondorioz, agian. Apainketa horren interesa programazio ikonografiko konplexuan datza, oso egokia baita kokapen arkitektoniko horretarako.

Azpimarratu behar da kaperaren aurrealdeko hormako eszenetan (Herodesen eta Magoen arteko topaketa eta Epifania) irudi nagusiek soilik dituztela erliebedun esferatxoak, argi koroetan eta jantzien ertzetan, Artajonako eta Artaizko pinturetan bezala.

 Auzako San Martin: Ultzamako haranean (Iruñako merindadea), Auzan, San Martin parroki eliza zaharrean (egungoa baino lehenagokoa), horma pinturen hondarrak aurkitu dira burualdearen ezkerraldean. Apainketa horren gaia Andre Maria da eta oso egoera txarrean dago. Horma pintura horretan, Andre Maria ikus daiteke, tronu batean eserita; horren ondoan, apostolutza bat dago, Epifania bat izan daitekeen irudi batekin batera. Silva doktorearen arabera, Oliteko San Pedro elizako Campanaleko Ama Birjinaren kaperako gangako eta hormen goialdeko horma pinturen ezaugarri berak dituzte eliza horretako horma pinturek. Nahiz eta pinturak oso egoera txarrean egon, ikus daiteke erliebedun esferatxoak erabili zirela, pertsonaia nagusien argi koroak eta jantziak apaintzeko.

Gotiko lineala

Nafarroako horma pintura gotikoaren bigarren aldi horretan, horma pintura hauek egin ziren: Iruñako katedraleko klaustroko eta jangelako apainketak, Artajonako San Saturnino elizako kapera nagusiko albo hormen pintura, Iruñako San Nikolas elizako pinturak -eskuinaldeko edo epistolako hormara lekualdatu zituzten jatorrizko kokalekutik, gurutzetik, alegia-, Iruñako San Pedro de Ribas monasterio zaharreko elizako arkosolio bateko pinturak -agian, San Nikolas elizakoak egin zituen tailer berekoak-, Ekaiko (Zangozako merindadea) San Martin elizako pinturak, Arellanoko (Lizarrako merindadeko hiribildua) San Erroman parrokian duela gutxi aurkitutako pinturak, Eristaingo (Olite merindadeko herria) San Joan Bataiatzailea elizako pinturak, Gallipienzoko (Zangozako merindadeko hiribildua) San Salvador elizako pinturarik zaharrenak eta Oliteko San Pedro elizako dorrearen behealdeko pinturak (estilo joera horren amaiera adierazten dute).

Iruñako katedrala izan zen estilo gotiko linealaren gune nagusia, eta, hortik, Nafarroako erresuma guztira zabaldu zen. Logikoa da hala gertatu izana, 1274tik aurrera frantsesen eragina handitu egin baitzen Iruñan. Izan ere, Nafarroako errege-erreginak Frantziako errege-erreginak izan ziren 1328ra arte, eta Parisen zuten egoitza iraunkorra. Errege-erreginek gobernadoreen bidez gobernatu zuten Nafarroa, eta gobernadore horietako gehienak frantsesak izan ziren. Halaber, herrialde horretakoak ziren XIV. mendeko lehen erdialdean Iruñako egoitza gobernatu zuten prelatuak ere, arte ederren mezenas gailenak; hala nola, Arnalt de Puyana (1310-1316) eta Arnaldo de Barbazan (1318-1355). Bi koroak bereizi zirenean, Nafarroako errege-erreginak Joana II. a eta Felipe Evreuxkoa (1328-1349) izan ziren. Erresumako hiriburuan jarri zuten gortea, eta, horren ondorioz, are gehiago frantsestu zen Nafarroa. Errege-erreginek denboraldi luzeak egin zituzten Frantzian (Parisen, batik bat); izan ere, nekez moldatu ziren Nafarroako usadio eta ohituretara, eta ez zekiten bertako hizkuntzan mintzatzen. Garai horretan (1274-1374), Frantziako eta Nafarroako monarkiak hertsiki lotuta zeuden, eta ez dago esan beharrik Nafarroako eta Frantziako arte adierazpenak oso antzekoak izan zirela. Zenbait kasutan, kalitate aparteko lanak egin zituzten Nafarroako artistek; batez ere, arkitekturan, musikan eta pinturan (azken horretan sakontzen ari gara).

 Iruñako katedrala: Katedraleko klaustro gotiko berrian -Miguel Sanchez de Uncastillo (1272-1278) gotzain zela hasia-, horma pinturako multzo bikainak egin ziren, XIV. mendean. Horma pintura horiek klaustroko galeriak eta kalonjeen zerbitzurako gelak apaintzeko ziren. Gaur egun, pintura horietako gehienak Nafarroako Museoan daude, baina, oraindik ere, zenbait lekutan, jatorrizko apainketaren zatiak ikus daitezke klaustro horretan.

Lehenengo eta behin, tradizioz Arbol de Jessé zeritzon horma pintura aipatu behar da, gotiko linealeko lehenetakoa baita. Isaiasen profeziatik (XI. kap., I-9) hartu zuten horma pintura horren gaia. Profezia horrek Mesiasaren etorrera iragartzen du, eta, hain zuzen, horrekin identifikatu zuten horma pintura, ikonografiaren arabera. Gure iritziz, konposizio konplexu horren margolariak, inspiratzeko, " Pange lingua gloriosi ¿" latinezko poema luzea erabili zuen, " Lignum Crucis " delakoaren omenez egina. Poema hori Pasioaren himnoa da, eta Venancio Fortunato (530-600) italiarrak idatzi zuela uste da; Poitiersko gotzain izendatu zuten Fortunato, bere bizitzaren amaieran. Poemak Kristoren Jaiotza, Gurutziltzaketa eta Hirutasun Guztiz Santua goresten ditu, ondoz ondo.

Jatorriz, klaustroko hegoaldeko hormaren hirugarren tartean zegoen horma pintura hori, Puerta Preciosa izeneko atearen ondoan; ate horretatik, kalonjeen logelara eta kapitulu gela berrira sartzen zen. Horma pintura hori konposizio handia da (6, 05 x 4, 14 m), teknika mistoz egina, tenperaz eta olio ukitu batzuen bidez, hain zuzen. Hala ere, polikromia galdu egin da, hezetasunak eta keak eragindako herdoiltzearen ondorioz. Hala ere, interes artistiko handia du, irudia oso dotorea baita eta narrazio elementuak oso modu orijinalean antolatuta baitaude.

Obraren elementu nagusia zuhaitz bat da. Zuhaitz horren oinarria horma pinturaren beheko erregistroari dagokio; enborra zutik dago, eta adarrak, berriz, horizontalean, lau solairutan, eta horietan daude pertsonaia nagusiak. Beheko solairuan, enborraren albo banatan, Deikundearen eta Epifaniaren eszenak daude, Mendebaldeko Berant Erdi Aroko ikonografia tradizionalaren arabera. Bigarren solairuan, erdian, Andre Maria dago, erregina eta Jainkoaren ama, zutik. Hirugarren solairuaren gai nagusia Kristo da, hiru iltzez gurutziltzatua. Kristoren albo banatan, Andre Mariaren eta San Joan Ebanjelariaren irudi arranguratsuak daude. Eta laugarren eta azken solairuan, Hirutasun Guztiz Santua dago, sinbolikoki Graziaren Aulki gisa irudikatua. Irudi horretan, Jainko Aita eta Espiritu Santua ageri dira, Berrerospenean parte hartzen. Horrez gain, Testamentu Zaharreko hamabi errege daude, Israelgo hamabi leinuak irudikatzeko. Errege horiek filakteriak eramaten dituzte eta, lehen hiru solairuetan bikoteka jarrita, Gurutziltzatuaren irudia seinalatzen dute.

Formari dagokionez, estilo gotiko linealeko pintura horrek eta Iruñako katedralean gurutziltzaketa irudikatzen duen ohol pinturak (1, 29 x 0, 78 m) ezaugarri komunak dituzte, Robert Mesuret-ek aspaldi adierazi bezala. Bi horma pinturetan aurki daitezke zenbait xehetasun ikonografiko; esate baterako, Kristoren irudia gurutzean, pelikano jainkotiarra bere habian, eta Eguzkiaren eta Ilargiaren irudiak (aingeruek eutsiak). Horrekin batera, bi konposizioetan daude filakteriak eramaten dituzten profetak, eta horrek katedral bereko jangelako horma pinturarekiko lotura adierazten du, baita Frantziako eta Espainiako XIV. mendeko beste horma pintura batzuekikoa ere. Frantziako horma pinturen artean, nabarmentzekoa da Tolosa hiriko (Languedoc) Notre-Dame du Taur elizako hegoaldeko horman egindakoa. Horma pintura horren gaia Jakoben genealogia da, eta 83 profetaren irudiak daude, bi solairutan banatuta. Enrico Castelnuovo-ren arabera, Pierre du Puy frantziskotarrak Tolosan zuen tailerrekoa da lan hori. Pierre du Puy margolariak Avignon pontifize hirian egin zuen lan, asko egin ere, 1316 eta 1329 artean, Joan XXII. a (1316-1334) aita santuaren zerbitzuan. Horrez gain, Cahors-eko (Guienne) katedraleko mendebaldeko ganga apaintzeko egindako horma pintura ere aipatu behar da. Horretan, zortzi profetaren irudiak daude, tamaina handikoak (4, 50 metrokoak), zutik, eta atzealdean trazeria gotikoko leiho bat dutela. Profetak Isaias, Ezekiel, Habacuc, Esdras, Jonas, Daniel, David eta Jeremias dira. Filakteriak daramatzate, eta, oinen ondoan, animalia bana dute. Guillaume de Labroue gotzain zela egin zen apainketa hori, 1316 eta 1324 artean, alegia. Gotzaina Joan XXII. aren senitartekoa zen, eta Pontifize Liburutegiko miniaturisten tailerra zuzentzen zuen, Avignongo jauregitik. Uste izan denez, Guillaume de Labrouek Tolosatik bidalitako Pierre du Puy margolariak egin zuen lan Cahorseko katedraleko pinturetan, edo, gutxienez, horren tailerrak egin zituen profeten irudiak, 1320 eta 1330 artean. Azken urteetan (1988), horma pinturak aurkitu izan dituzte Cahorseko katedraleko mendebaldeko gorputzean. Aurkikuntza horiei esker, agerian geratu da Genesiaren lehen kapituluei (I-III) buruzko irudi narrazio zabal bat. Lan hori Guillaume de Labroueren mezenasgoaren ondorioa izan zen. Horri esker, Frantziako XIV. mendeko pintura gotikoaren hedatzaile garrantzitsua izan zen Languedoc inguruan. Espainiako XIV. mendean profetak irudikatu zituzten pinturen artean, Santa Maria del Perdon kaperako horma pintura aipatu behar da. Kapera hori Sos del rey Catolicoko (Zaragoza) San Esteban parroki elizako kriptako abside nagusian dago. Herri hori Cinco Villaskoa da, eta, XI. mendetik XVIII. mendera -1785era arte, hain zuzen-, Iruñako elizbarrutian zegoen. Duela zenbait urte aztertu genuen apainketa hori; 1978an, alegia. Labe gangaz estalitako abside itxurako burualdeaz gain, kanoi gangaz estalitako aurreko tartea hartzen zuen. Gangan, Kristok Maria koroatu zuenekoa irudikatzen da, baita Andre Mariaren bizitzaren zenbait eszena ere; esaterako, Deikundea eta Mendekostea. Absidearen zilindro erdian, berriz, Errugabeen hilketa eta Familia Sakratuaren Egiptorako ihesa daude irudikatuta. Absidearen eta horren aurreko tartearen arteko parpain arkuaren arkubarneran, Mesiasaren etorrera iragartzen duten zenbait profetaren irudiak daude; hots, Job, Daniel, Salomon, David eta Zakariasenak. Profetek filakteriak dituzte. Absidearen aurreko tartera sartzeko arkuan (garaipen arkua dei dakioke) bost neskatxa zentzugabeak eta bost zentzudunak daude irudikatuta, Mateo ebanjelariak deskribatutako Jesusen parabolaren arabera (XXV, 1-13). Profetak bezala irudikatuta daude hamar emakumeak; alegia, lauki angeluzuzenen barruan daude, eta bata bestearen gainean, arkuaren giltzarrien alde batean edo bestean: neskatxa zentzugabeak epistolaren aldean daude, eta neskatxa zentzudunak, berriz, ebanjelioaren aldean. Badakigu nork agindu zuen horma pintura garrantzitsu hori egitea; izan ere, kaperaren eskuinaldeko pilastran dagoen erretratuaren arabera, badakigu haren izena "Doña Sancha" zela. Esan daiteke horma pintura hori XIV. mendeko lehen erdialdekoa dela. Nabariak dira Abbad Rios-ek (1971) horma pintura horien eta garai hartako Nafarroako tailerretako pinturen estiloaren artean egindako paralelismoak, pintura horien eta garai hartako Aragoiko pinturen artekoak baino nabariagoak. Eta horma pinturan nahiz ohol pinturan hauteman daiteke paralelismo hori. Horma pinturari dagokionez, Iruñako katedraleko klaustroko Arbol de Jessé izeneko pintura eta jangelakoak aipatu behar dira. Ohol pinturari dagokionez, berriz, hauek aipatu behar dira: Iruñako katedraleko Gurutziltzaketaren ohola, Artetako Andre Mariaren eta Haurraren frontala eta Gongorako Salbatzailearen frontala. Azken bi horiek Kataluniako Arte Museo Nazionalean daude. Halaber, horrez gain, Nafarroako artearekiko lotura horri esker, Frantziako hego-mendebaldeko horma pinturako lanik fin eta kultuenek -esate baterako, Saint Macaire (Guienne) herriko San Salvador elizako burualdeko horma pinturek (XIV. mendearen hasierakoak)- eta San Esteban parroki elizako horma pinturek zenbait ezaugarri komun dituztela jakin dezakegu. Pintura horiek gehiegi zaharberritu zituzten 1825ean, baina, oraindik ere, puntu komun garrantzitsuak dituzte Soseko pinturekin; adibidez, garaipen arkuko arkubarneran irudikatutako neskatxa zentzugabeak (4) eta neskatxa zentzudunak (6).

Orain arte azaldutakoa Nafarroako XIV. mendeko pintura gotikoaren eragin eremuaren adibide txiki bat baino ez da, baina askoz gehiago ere esan daiteke, eta hala egingo dugu hurrengo orrialdeetan. Hala ere, jarraitu aurretik, Pange lingua poeman oinarritutako horma pintura noizkoa den zehaztuko dugu. Lehen, Arbol de Jessé deitzen zitzaion, eta Iruñako katedraleko klaustroan dago. Kontuan hartu behar da, Goñi Gaztambidek bildutako dokumentuen arabera, XIV. mendeko lehen hamarkadan Iruñako katedraleko klaustroaren hegoaldeko bigarren tartean lan egiten ari zirela, kalonjeen kapitulu gela berrira sartzeko Puerta preciosa izeneko atea dagoen tartean, alegia. Beraz, Nafarroa frantsesen mendean zegoela -1274 eta 1328 artean- egin zen horma pintura hori, eta, seguru asko, Joana I. a Nafarroakoaren eta Frantziako Felipe I. a Ederraren semeen erregealdian; hots, 1305 eta 1328 artean.

Iruñako katedraleko klaustroaren hegoaldeko azken tartean, kalonjeen jangela zegoen. Jangela horretan, 1330ean, Kristoren Pasioa irudikatzeko horma pintura izugarri bat margotu zuten, 6, 15 x 3, 75 metrokoa. Teknika mistoz egin zuten, tenpera eta olio ukituak erabiliz. Gaur egun Nafarroako Museoan dago, Iruñan. Margolariari buruhorma apaintzeko agindua eman zitzaion; hain zuen, bi leiho oblongoen arteko erdiko espazio librean egin zuen horma pintura, argiztapeneko arrosa leihoaren azpian. Horrez gain, irakurleak pulpituan sartzeko erabiltzen zuen ateko tinpanoan ere margotu behar izan zuen horma pintura; pulpituak derrigorrezkoak ziren kalonjeen jangeletan, eta, Iruñako katedralean, ezkerraldeko horman dago, burualdetik hurbil.

Buruhormako pintura konposizio angeluzuzena da, tapiz edo beirate polikromo baten modukoa. Oso handia denez, zalantzarik gabe, jangelan sartuko zen ororen arreta eta meditazio puntua izango zen. Pintura horretako gaia Kristoren Pasioa da eta zenbait solairutan irudikatuta dago. Goiko solairuan, Zigortzearen eta Kalbario Bidearen eszenak daude. Erdikoan, Kalbarioa irudikatzen duen eszena bat dago, "ikuskizun handikoa". Eta behekoan, azkenik, Ehorzketa Santua, Emakume Santuek hilobi hutsa bisitatu zutenekoa eta Kristoren Pizkundea daude irudikatuta. Eszena horiek arku gotikoen barruan daude, eta narrazio multzoa greka baten bidez aberastuta dago. Greka hori hauts babes baten modukoa da eta alde luzeetan eta behealdeko banku edo predelan dago. Horrek konposizioaren noranzkoa ulertzen laguntzen du eta, horrez gain, egileari, egite datari eta komitente edo mezenasei buruzko informazioa ematen digu.

Pinturaren alderik luzeenetan Testamentu Berriko eta Testamentu Zaharreko profeten irudiak daude, bata bestearen gainean; zutik daude, eta filakteriak dituzte eskuetan. Profeta horiek, beren testuetan, Berreroslearen etorrera iragartzen dute. Guztira, hamabi profeta daude irudikatuta, albo bakoitzean sei. Hona hemen profetak: lau profeta handi (Isaias, Jeremias, Ezekiel eta Daniel); hiru profeta txiki, horien obra besteena baino txikiagoa baita (Habacuc, Zakarias eta Akeo); Testamentu Zaharreko bi errege (Salomon eta David); eta, azkenik, Testamentu Berriko hiru ordezkari, Kristoren biografian oso garrantzitsuak (Simeon, Joan Bataiatzailea eta Kaifas). Behealdean, zenbait armarri daude, obra egiten lagundu zutenenak, eta, horien albo banatan, juglare gazteak daude, musika tresnak jotzen. Lau armarri ageri dira; ikuslearen ikuspuntua hartuta, ezkerretik eskuinera: Iruñako gotzain Arnaldo de Barbazanen (1318-1355) armarria -Iruñako gotzaina zen, jangela egin zen garaian-; Joana II. a eta Felipe Evreuxkoa Nafarroako errege-erreginen (1328-1349) armarria, bi familien armak dituela; Foix-Bearn etxearen armarria, Foixeko konde eta Bearneko bizkonde (1319-1343) Gaston II. arena (Nafarroako erregearen laguna zen, eta laguntza eskaini zion erregeari Granadako mairuen erresumaren aurka pentsatu baina egin ez zen gurutzadarako); eta, azkenik Iruñako gotzaina (1357-1364) izango zen Miguel Sanchiz de Asiainen armarria (garai hartan, taulako artxidiakonoa zen). Pintura ondo dokumentatuta dago; izan ere, behealdean, inskripzio bat dago, maiuskula gotiko gorriz eta beltzez idatzita, eta laburdurak dituela: "ANNO D(OMI)NI M: CCC: XXX: EGO DOMINUS: I0(H)A(N)NES PETRI DE STELLA: ARCHIDIACONUS S(AN)C(T)I PETRI DE USUN: FUIT OPEARIOUS E(C)CL(ES)IE B(E)ATE S(ANCTE) M(ARIAE) PAMPIL(O)N(ENSIS): FECIT FIERI ISTUD REFERTORIU(M): ET IOHANNES OLIVERI DEPINXIT ISTUD OPUS"; hau da: Mila hirurehun eta hogeitamargarren urtea. Ni, Juan Periz (Pedroren semea), Lizarrakoa, Usungo San Pedroko artxidiakonoa, Iruñako Santa Mariako obren arduraduna izan nintzen, jangela egiteko agindu nuen, eta Juan Oliver-ek margotu zuen obra hori .

Juan Periz Iruñako katedraleko kalonjea izan zen, 1291tik. Dirudienez, kosmopolita izan zen, eta arkitekturaren zale handia. Jangela horrez gain, Iruñan zenbait eraikin egiteko agindu zuen, eta lehenetakoa izan zen garai hartako Estudio General izeneko ikastetxe batera joateko baimena jasotzen, bertan lau urtean ezagutzak hobetzeko. Miguel Periz de Legaria gotzainak (1287-1304) eman zion baimen hori; Juan Periz, dirudienez, 1310etik aurrera joan zen, eta Tolosa (Frantzia) hiria aukeratu zuen. Izan ere, garai hartan, Tolosa kultur gune garrantzitsua zen eta Mendebaldeko Mediterraneoko hiririk garatuenekin lotuta zegoen.

Ordurako, Juan Oliver -Iruñako katedraleko jangelako horma pinturaren behealdean izena utzi zuen margolaria- ezaguna izango zen, eta horregatik emango zioten Nafarroako erresumako erlijio agintariek eta agintari zibilek enkargu hori. Ez dago 1330 aurretik Nafarroan lan egin zuela frogatzen duen daturik. 1332koa da Nafarroako Agiritegi Orokorrean gordetako dokumentu bat (30. erreg., 79. or. ). Dokumentu horretan adierazten denez, 20 soldata eman zitzaizkion margolari horri: " Johan Oliver pintor de Pomplona, por tayllar e pintar el dito bolt de cera ". Luis infanteak agindu zion enkargu hori, Iruñako Santa Maria katedralean jartzeko. Hurrengo berriak askoz geroagokoak dira -1379, 1387 eta 1390ekoak-, eta " Juan Oliver, pintor vecino de Pamplona " margolariari egindako lanak -bakarrik edo laguntzaileekin egindakoak- ordaindu izana jasotzen dute; hurrenez hurren, erresumako hirian, Ujuen eta Orreagan egin zituen dokumentuotan aipatutako lanak. Informazio horien artean, interesgarria da 1379ko martxoaren 31ko dokumentu bat; Nafarroako Agiritegi Orokorrean dago, Kontuetako Sailean (41. kaxan, 6. zk., II). Dokumentu horrek adierazten duenez, 20 libera ordaindu zitzaizkion Juan Oliverri, Iruñako margolariari, " por cient lampadas de fusta que yoz obro por mandamiento del senyor Rey¿ Et en testimonio desto vos do este albaran en el qual he puesto mis armas de mi mano, dato anyo e die ut supra ". Dokumentuaren amaieran, haren armarriaren irudia dago, sinadura gisa: olibondo txiki bat. Pentsa dezakegu 1330. urtearen ondorengo aipuak izen eta lanbide bereko seme bati dagozkiola; izan ere, dokumentuetan azaltzen den azken data -alegia, 1390ekoa-, jangelako pinturarena baino hirurogei urte geroagokoa da. Edonola ere, jangelan lan egindako Juan Oliver margolaria Nafarroan jaioa izan zitekeen, edo, erresuman denbora luzean bizi izan zenez, nafartzat hartu zuten. Hala ere, nafarra izan ala ez, argi dago lanbidea Nafarroatik kanpo ikasi zuela, Frantzian edo Ingalaterran, agian.

Dokumentu ugaritan aipatzen da Juan Oliver izeneko pertsona batek margolari lanak egin zituela Pierre du Puy tolosarraren taldean. Aipatu dugu Pierre du Puy fraide frantziskotarra. 1316an, Avignonera aldatu zen fraidea, Joan XII. a aita santuaren (1315-1334) zerbitzuan hasteko, eta horretan jarraitu zuen 1329an hil zen arte. Haren tailerrak Proventzan -Sorguesko eta Novesko gazteluetako apainketetan- egindako pinturetan hartu zuen parte Oliverrek. Zoritxarrez, lan horiek ez dute iraun. Ustez talde horrek berak Tolosan eta Cahorsen egindako pinturak nahiko aldatuta daude, aurreko mendean izandako zaharberritze lanen ondorioz. Beraz, ez dute balio Iruñako jangelako horma pinturekin alderatzeko. Pentsa daiteke Usungo San Pedro elizako artxidiakono Juan Perizek Pierre du Puy ezagutu zuela, Tolosan izan zenean, eta, geroago, harengana jo zuela, haren laguntzaileen artean jangela apaintzeko margolari egokiaren bila.

Horren arabera, Juan Oliverren ikaste aldia eta lehen arrakasta profesionalen aldia1316 eta 1329 artean izan zirela ondorioztatzen da. Izan ere, orduan lortu zuen, irakaslea hil zenean, bere buruaren jabe egiteko eta Iruñara joateko aukera eman zion ospea.

Iruñako jangelako horma pintura gotiko lineala da, XIV. mendeko lehen hamarkadetako Frantziako eta Ingalaterrako gorteen modaren araberakoa. Garai hartan Ingalaterran eta Frantzian egindako horma pinturak, ohol pinturak, miniaturak, beirateak eta brodatuak Oliverren pinturaren antzekoak dira. Esate baterako, Tolosan eta Cahorsen geratzen diren pinturez gain, Mantxako Kanalaren bi aldeetako obra asko hizkuntza artistiko komunean adierazita daude. Kontserbatzen direnen artean, Frantziako Gaskoniakoak aipatu behar dira. 1294 eta 1453 artean, Nafarroarekin muga egiten duen lurralde hori Ingalaterrarena zen. Bertan dago La Romieu-ko (Guers) San Pedroko Kolegiata, Arnaud de Aux kardinalak fundatua. Kardinal hori Poitiersko gotzaina izan zen 1306tik 1312ra, eta, diplomazi jarduera handia egin zuen Ingalaterrako eta Frantziako errege-erreginen zerbitzuan. Avignonen hil zen, 1321ean. Dorrearen behealdean -hots, elizako sakristian-, zenbait pintura geratzen dira, bai hormetan (profetak, apostoluak, martiriak eta santuak, Andre Maria eta Berreroslea), bai gangan (zortzi aingeru bikote, bat oktogonoko plementu bakoitzean, intsentsu ontzi, koroa eta tronpetak dituztela). Horma pintura horiek 1314 eta 1320 artean egin ziren, eta Oliverren estiloaren antz handia dute.

Irakurlearen pulpitura sartzeko ateko tinpanoan (jangelako ezkerraldeko hormari atxikia), Kristoren burua margotu zuen Oliverrek, gurutzedun argi koroa bat zuela, atzealde zuri baten gainean. Tamainaren aldetik pintura txikia izan arren (0, 37 x 0, 49 m), xehetasunak oso interesgarriak dira. Pintura horri erreparatuta ondoriozta daitekeenez, margolariak Matthew Paris (San Albano abadiako fraidea, 1217tik 1259ra) artista eta idazle ingelesaren tinta marrazkiak hartu zituen eredutzat. Izan ere, kontinentean zehar hedatu ziren Matthew Parisen marrazkien zenbait kopia, eta, dirudienez, margolariak aintzat hartu zituen. Hain zuzen, beronika itxurako Kristoren buruak kopiatu zituen Oliverrek, Chronica Maiora (Ms. 26) eta Chronica Minora (Ms. 16) izenekoetako orrialde banatakoak. Obra horiek 1240 eta 1251 artekoak dira, eta, gaur egun, Cambridgeko Corpus Christi College delakoan daude. Eta gauza bera esan behar da buruhormako Pasioaren horma pinturaren beheko solairuan dagoen Pizkundearen eszenako Kristo Piztuaren buruari dagokionez. Nafarroako bi adibideetako aurpegierek lotura hori ematen dute aditzera, eta, era berean, agerian uzten dute aro gotikoaren mendeetan harreman estua zegoela Nafarroako errege-erreginen gortean lan egiten zuten artisten eta Iparraldeko Europako tailerren artean.

 Artajonako San Saturnino: Lehenago aipatu dugu eliza gotiko horretako burualdeko horma apainketa. Hori egin eta zenbait urte geroago, kapera nagusiko albo hormetan, beste narrazio eszena batzuk margotu ziren. Horretarako, forma angeluzuzen etzana erabili zuten, aurrealdetzat, eta, horma bakoitzean, ziklo hagiografiko oso bat garatu zuten. Hegoaldeko horma epistolaren aldeari dagokio, eta, horretan, san Saturninoren gorpuaren lekualdaketa kontatzen duen Languedoceko kondaira irudikatu zen. Kondaira horren arabera, santuaren gorpua Saint-Denys-eko abadian zegoen, Karlomagnok zainduta, eta, hortik, Tolosa hirira eraman zuten. " Carlemagne, voyant les grandes miracles que le corp de Saint Sernis faisait a Tolose, le fit transporter en France, ¿aprés qu'il eut gardé religieusement le saint corps l'espace de sep années -son dessein étant de le garder toujours-, ce glorieux martyr fit naistre, par la permission divine, du coté de Paris, tant de maux pestilentiels ". Eta Karlomagnok hau egin behar izan zuen: " de ramener ce corps venerable avec toute sa cour dans Tole ". Iparraldeko horma, berriz, ebanjelioari dagokio, eta, horretan, San Exuperioren bizitzaren pasarte bat margotu zuten; San Saturninoren ondorengoa izan zen Tolosako egoitzan. Hona hemen pintura horren inskripzioa: "AQUI ESTAN LOS CANONIGOS DE TOLOSA EN CAPITOL: AQUI LO AYLAN LOS CANONIGOS A EXUPERI: AQUI PRESENTA SAN EXUPERI EL TRASORO A LOS POBRES". Horma pintura hori XVIII. mendean ere irakur zitekeen; izan ere, hala egin zuen Fermin de Lubian Iruñako katedraleko kalonjeak, 1722an, eta Jose de Ororbiak idatziz jarri zuen.

Bi apainketetatik, lehenengoa zegoen hobeto kontserbatuta, eta, horren ondorioz, 1944an, hormatik ateratzea eta Nafarroako Museora eramatea erabaki zen. Pintura horren neurriak hormarenak dira (1, 62 x 3, 46 m). Zati bat soilik falta da horma pintura horretan: pinturaren behealdeko zati bat; zoritxarrez, zati horretan zegoen egilearen izenaren eta egite dataren berri ematen zuen inskripzioa. Seguru asko, beste hormako izen eta egite data berak izango ziren, bistakoa dirudienez, bi ikonografien arteko lotura estua eta kokalekua kontuan hartuta. Zoritxarrez, horma horretako pinturan nekez ikusten dira margolariaren izena eta egite data. Margolariak sei konpartimentu berdinetan banatu zuen horma pintura bakoitza, eta konpartimentuak arkitektura gotikoen bidez lotuta daude. Eszenen noranzkoa ezkerretik eskuinerakoa da, ikuslearen ikuspuntutik, eta goialdeko inskripzioek asko laguntzen dute horma pintura ulertzen: "AQUI ESTA EL REY EN SU CATHEDRA ASSENTADO: SOLDADOS: EL PUEBLO DE FRANCIA A SUPLICARLE QUE TORNE ESTE CUERPO SANTO EN THOLOSA: AQUI SAYLLE CON SUS CANONIGOS CON EL PUEBLO DE THOLOSA".

Hona hemen egilearen izena eta egite data adierazten dituen inskripzioan irakur daitekeen informazioa: "LO PINTO ROQUE¿ EL ANYO DE MIL ET CCC ET XL¿ (V)ECINO DE POM(PL)O(NA).

Lehen horma pinturan irudikatutako gaia -hots, tolosarrek San Saturninoren gorpua Saint-Denyseko Errege Abadiatik Tolosara lekualdatzea eskatu eta Karlomagnok onartu zienekoa- Tolosako Saint Sernin elizako girolan ere zegoen margotuta, XIII. mendearen amaieratik edo XIV. mendearen hasieratik aurrera. Esan behar da Artajonako San Saturnino eliza Tolosako Saint Sernineko kapituluaren jabetzakoa zela, 1084an Pedro de Andouque Iruñako gotzainak dohaintzan eman baitzion. Agian, Artajonako San Saturnino elizako pinturen egilea Tolosara joan zen inspirazio bila, elizaren jabeek hala eskatuta. Edo, agian, egilea bera tolosarra zen.

Estiloaren aldetik, gotiko lineala da Artajonako elizako San Saturninoren kondairan oinarritutako pintura, eta zenbait lotura ditu XIV. mendeko Frantziako miniatura lanekin. Zenbait ikertzailek agerian jarri dute horma pintura hori Juan Oliverrek Iruñako katedraleko jangelan egindakoarekin lotuta dagoela. Gure iritziz, bi artisten garaikidetasunaren ondorioa da pinturen arteko lotura hori, eta ez dago beste mendekotasun motarik kontuan hartzeko arrazoirik. Bestalde, Languedocen, Artajonakoen estiloaren antzeko horma pinturak daude; esate baterako, Alet-eko San Andres elizan ezkerraldeko kaperetako batean dauden horma pinturak garai berekoak dira, estiloaren aldetik. Gurutziltzatu bat dago, Andre Mariaren eta San Joanen artean, eta San Benitoren bizitzaren pasarte bat. Roquek Artajonako elizako presbiterioan egindakoen antz handia dute horma pintura horiek. Guihem Alzone Aleteko gotzaina izan zen garaian egin zuten kapera hori: 1333 eta 1355 artean, alegia.

 Ekaiko San Martin: Ekaiko (Zangozako merindadea) parroki eliza San Martin Tourskoari sagaratuta dago. XIV. mendearen erdialdean apaindu zuten horma pinturaz, baina, pintura horietatik, burualdekoak soilik geratzen dira jatorrizko lekuan. Nabeko hormetan egindako beste zati batzuk (San Kristobalen irudi bat eta Sebastako gotzain San Blasen bizitzaren pasarte bat) egoera txarrean daude. Beraz, pentsa daiteke jatorrizko apainketak tenpluko nabe osoa hartzen zuela.

Kontserbatutako atala absidearen zilindro erdian dago, hormaren behealdetik ganga hasten den lekuraino. Jatorriz, burualdearen gaineko gangan eta horren aurreko garaipen arkuan ere bazeuden pinturak. Alabaina, oso gutxi geratzen da pintura horietatik, eta, beraz, oso zaila da horien ikonografia identifikatzea.

Kapera nagusiko apainketa San Martin Galietako apostoluari sagaratuta dago, parrokiako titularra baita. San Gregorio Tourskoaren De virtutibus Sancti Martini obra eta santuaren biografia (Jacobo de Vorágine-k Legenda Aurea obran bildua) literatur erreferentziatzat hartuta, margolariak eszenarik ezagunenak irudikatu zituen, erdiko argiztapen leihoaren albo banatan. Aurrealde etzanean antolatuta daude eszena horiek, trazeria gotikoko arkitekturaren bidez lotuta, eta Roquek Artajonako San Saturnino elizako pinturetan erabilitako banaketa mota gogorarazten dute. Horrez gain, eszenek inskripzioak zituzten, ikonografia identifikatzen laguntzeko, baina gehienak galduta daude gaur egun. Hala ere, dekorazio balio handia dute. Ezkerraldetik eskuinaldera, ikuslearen ikuspuntutik, eszena hauek ikus daitezke: San Martinen karitatea (kapa behartsu bati eman zionekoa), Kristo hurrengo gauean agertu zitzaionekoa, deabruak hartutako pinuaren eraispena, bataiatu gabeko katekumenoa San Martinen otoitzei esker piztu zenekoa (eszenaren azpian, hau dago idatzita: "AQUI RESUCITA"), San Martin Toursko gotzain izendatu zutenekoa (azpian, hau irakur daiteke: "AQUI LEVANTAN VISPO A SAN"¿), eta San Martin Tourskoaren heriotza. Kanon luzeko pertsonaiak dira, adierazkortasun handikoak; horma pinturen atzealdeak oso ondo girotuta daude, eta, pintura zaharberritu ondoren ikus daitekeenez, polikromia oso bizia da. Horren guztiaren ondorioz, apainketa hori egin zuen margolari ezezagunari leku garrantzitsua dagokio Nafarroako horma pintura gotikoaren barruan.

 Iruñako San Nikolas: 1981eko urrian, Iruñako San Nikolas eliza zaharberritzeko obrak hasi ziren, eta, lan hori egiten ari zirela, horma pintura gotiko batzuk aurkitu zituzten; gurutzaduraren gaineko gangari kapera nagusiaren aldean eusten dioten bi zutabeen aurrealdeak apaintzen zituzten pintura horiek. Erretaula barroko batek estaltzen zuen pintura bakoitza. Eskuinaldeko erretaulan, 640 eta 659 artean Noyongo gotzain izandako San Eloi zegoen irudikatuta, eta ezkerraldekoan, berriz, San Mauro (500- 584), San Benitoren fraide dizipulua eta Galiaren ebanjelizatzailea. Horma pintura horiek bi zutabe gotikoak estaltzen zituen luzituaren gainean margotuta zeuden, tenpera teknika erabilita. Zutabeetatik kendu eta tauletan jarri zituzten; ondoren, epistolako nabeko eskuinaldean jarri zituzten, harri polikromatuzko irudi baten albo banatan (harrizko irudi hori XIV. mendekoa da, eta Andre Maria irudikatzen du haurrarekin). Zutabeetan zeuden bi pinturek antzeko konposizioa zuten, eta bao itxurakoak ziren. Amaiera trilobulatua zuten, profil zorrotzekoa, eta eszenak konpartimentuen barruan zeuden, zenbait solairutan banatuta, koloretako beirateak bailiran. Atzealdea urdina zen, eta urre koloreko lis loreak zituen. Pinturak marrazki finekoak eta kolore distiratsukoak ziren, eta, beraz, esan daiteke joera gotiko lineal aurreratukoak zirela (XIV. mendeko berrogeiko edo berrogeita hamarreko hamarkadetakoak). Horrez gain, nabaria da garai horretako Frantziako miniaturaren eragina. Hondatu samar daudenez, zaila da ikonografia identifikatzea, baina, dirudienez, narrazio konposizioak ziren, Frantzian eta Nafarroan Erdi Aroan gurtutako santuen bizitzei buruzkoak. Eskuinaldean (ikuslearen ikuspuntutik), hau erakusten dute geratzen diren zatiek: behealdean, gotzaingintza bat; erdialdean, bi aingeru musikari bikote, gaur egun ikusten ez den irudi baten albo banatan; eta goialdean, Kristoren irudi bat, tronuan, bedeinkatzen ari dela. Ikuslearen ezkerraldean, berriz, erdialdeko bi zati soilik kontserbatu dira. Ezkerraldekoan, santu bat dago irudikatuta, meza ematen; eta eskuinaldeko eszenan, berriz, santu bat ikus daiteke ohean, inguruan zenbait adinetako eta gizarte mailatako pertsonaiak dituela.

 Gallipienzoko San Salvador: Gallipienzon (Zangozako merindadeko hiribildua), San Salvador izeneko parroki eliza zaharra dago, herria dagoen muinoko lekurik garaienean. 1785ean, erabiltzeari utzi zioten, eta San Pedro apostoluaren elizara hasi ziren joaten herritarrak; izan ere, azken eliza hori lurralde lauan dago, eta errazago iristen dira eliztarrak horretara. San Salvador elizako kapera nagusian, bi garaitan egin ziren pintura apainketak. Lehendabizi, lehenengoa aztertuko dugu. XIV. mendeko lehen erdialdean, burualdeko obrak amaitu eta gutxira, Kristoren bizitzaren zenbait eszena irudikatu zituzten, arkitektura gotikoen bidez lotutako zenbait solairutan banatuta. Freskoaren teknika erabili zen, hormara zuzenean aplikatuta. Handik ehun urte baino gehiagora -hots, XV. mendeko bigarren erdialdean-, berriro apaindu zuten kapera nagusia. Bigarren horma pintura horretan, jatorrizko gaia irudikatu zuten, baina zenbait aldaketa egin zituzten. Horrez gain, estiloa ere aldatu zen zertxobait, garaiaren araberakoa baitzen. Igeltsuzko luzitua jarri zuten pintura zaharraren gainean, eta hor margotu zuten, tenperaren teknikaren bidez.

XVI. mendearen erdialdean, ohol pinturako erretaula bat jarri zen presbiterioan, eta horrek bigarren horma apainketa estali zuen. Hala ere, bazegoela gogoratzen zen, Pedro de Madrazok XIX. mendearen amaieran Nafarroari buruz egindako obran jaso zuenez. 1944 eta 1947 artean, Vianako Printzea Erakundeak Nafarroako elizetako horma pintura gotikoak ateratzeari ekin zion. Gallipienzoko San Salvador elizari dagokionez, pintura geruza bat baino ez zegoela uste zuten; hau da, ikus zitekeena, XV. mendekoa. Horma pintura hori kentzen hasi zirenean agertu zen aurreko pintura, azpikoa. Egoera okerragoan zegoen; izan ere, zeuden lekuan utzi behar izan zituzten zenbait eszena, betiko desager ez zitezen; adibidez, Azken Afaria, Baratzeko Otoitza, Atxiloketa eta Kristoren Pizkundea. Nafarroako Museoan, Gallipienzoko lehen maisua delakoaren eszena hauek daude: Deikundea, Ikustaldia, Tenpluko aurkezpena, Epifania, Egiptorako ihesa, Zigortzea, Kalbarioa, Maria Magdalena lurrin ontziarekin, aingeru bat palmadar batekin eta bi aingeru mandorla zati bati eusten. Gallipienzoko San Salvador elizako lehen dekorazio fase horren estiloa XIV. mendeko gotiko linealaren herri interpretazioa da. Eszenetan, zenbait akats nabarmen ikusten dira, bai marrazkian, bai konposizioan. Hala ere, irudikatutako pertsonaien adierazkortasunak eta eszenen polikromiak konpentsatu egiten dituzte akats horiek.

 Oliteko San Pedro: Aipatu dugu Campanaleko Ama Birjinaren kapera (dorrearen behealdekoa), XIII. mendeko azken hamarkadetan gangan eta hormen goialdean margotutako apainketa azaltzean. Horma pintura horiek egin eta zenbait urte geroago, beste bat egin zuten, hormaren behealdean, eta pintura horrek aurrekoaren zati bat estali zuen. Gaur egun hori ere ikus daiteke Nafarroako Museoan, eta haren egile ezezagunari Oliteko bigarren maisua deitzen zaio.

Eszenak erretaula batean baleude legez daude margotuta, eta Andre Mariaren bizitzaren zenbait pasarte irudikatzen dituzte, hori baita kaperaren titularra. Bi solairutan banatuta daude eszenak, eta solairu bakoitza, berriz, oso arkitektura gotiko lerdenen bidez lotutako zenbait etxetan banatuta dago. Bi solairuen artean, dekorazio greka bat dago, eta, solairu bakoitzaren gainean, inskripzio bat, solairuan irudikatutako gaiei buruzkoa. Goiko solairuan, ikuslearen ezkerraldetik hasita, eszena hauek daude: Deikundea eta Ikustaldia, Jaiotza eta Artzainei egindako deikundea. Beheko solairuan, berriz, hauek daude: Epifania, Campanaleko Ama Birjinaren irudiaren marko baten moduko diseinu arkitektoniko bat, Tenpluko aurkezpena eta Jesus doktoreen artean. Horrez gain, bi irudi handi daude erretaularen albo banatan, hura alboetatik ixten. Bi irudi horiek Epaileen liburutik hartuta daude: alde batean, Sanson dago, bi eskuekin lehoiari masailezurra kentzen ari zaiola (XIV, 5-6); irudi horretan, Sanson Kristoren sinboloa da, Kristo, Satani nagusitu ondoren, Linboan dagoenean. Beste aldean, Sansonen mendekua dago; zuhaitz bat sustraitik kentzen saiatzen ari da. Jainkoagandik jasotako indarra herriaren etsaien aurka erabiltzearen ikurra da irudi hori.

Oliteko bigarren maisua izendatu dugunaren horma apainketa hori da Nafarroako horma pintura gotikoko lanik interesgarrienetako bat. Nahiz eta zenbait lekutan osatu gabe egon -adibidez, Epifania, Tenpluko aurkezpena eta Jesus doktoreen artean irudikatzen dituzten eszenetako zenbait zati falta dira-, azpimarratu behar da egilea oso trebea izan zela konposizioa garatzen. Konposizio trebetasun horrek adierazten duenez, egileak bazuen XIV. mendeko bigarren erdialdean Frantzian eta Ingalaterran egiten ziren miniatura lanei buruzko ezagutza. Esaterako, "East Anglian School" delakoak egindako Apokalipsia gogoratu behar dugu (The Metropolitan Museum of Art, The Cloisters, New York). XIV. mendeko hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkaden artean egin zuten eskuizkribu hori, eta, horretan, besteak beste, eszena hauek irudikatzen dira: Kristoren jaiotza, Artzainei egindako deikundea eta Epifania (hurrenez hurren, 1. orrialdearen atzealdean -zenbakitu gabea-, 2. orrialdearen aurrealdean -zenbakitua-). Eszena horietan, Oliteko bigarren maisuaren pinturen tonu alai eta dotorezia xehe berak ikusten dira. Oliteko San Pedro elizako horma pintura egiteko, olioaren teknika (linazi olioa) erabili zen, hormaren gaineko luzitu lehorraren gainean. Ez dago pintura eder horri buruzko informazio idatzirik, ezta gordetako dokumenturik edo obran bertan inskripziorik ere, eta, beraz, ezin dugu zehatz-mehatz jakin nork eta noiz egin zuen. Hala ere, badago dokumentu argigarri bat, 1333koa. Hauei barkamenak emango zitzaiela adierazten du dokumentu horrek: "San Pedroko tenplua eta klaustroak bisitatzen duten fededunei, baita fabrika, eliz jantziak eta argiak egiteko limosnak ematen dutenei edo beste batzuek ematea lortzen dituztenei ere". Dokumentu horretan adierazitakoa eta dorreko hormetan egindako dekorazio kanpaina lotuta egon daitezke. Hala ere, gure ustez, dokumentu horrek adierazitako data baino geroago egin zen horma apainketa, 1340 eta 1360 artean, gutxi gorabehera. Hori ondorioztatu ahal izateko, Nafarroan XIV. mendeko lehen erdialdean egindako obrekin alderatu behar da Oliteko horma pintura; hala nola, Iruñako katedraleko jangelakoekin eta Artajonako San Saturnino elizako kapera nagusiko albo hormetakoekin. Izan ere, badakigu noiz egin zituzten, eta, estiloaren aldetik, ez dira Olitekoa bezain aurreratuak. Eta, bestalde, ez dugu ahaztu behar XIV. mendean Olite Nafarroako erresumako hiririk garrantzitsuenetako bat zela; izan ere, gortearen bizilekua zen urteko zenbait hiletan, eta bertara biltzen ziren ospe handiko artistak, lan bila.

Italo-gotikoa

Nafarroako horma pintura gotikoko hirugarren aldi horretan, estilo horretako ohiz kanpoko obra bat hartu behar dugu kontuan. Iruñako katedraleko klaustroan dago, eta 1357 eta 1364 artean Iruñako gotzain izandako Miguel Sanchiz de Asiainen hilobiaren apainketa da. Tenperaren teknikaren bidez egin zuten, prelatua hil baino denbora gutxi lehenago. Horrez gain, ez dago beste multzo aipagarririk. Beraz, argi dago gotiko linealak sustrai sakonak zituela Nafarroan, eta, goi kleroen eta nobleen giro intelektualetik kanpo, zaila zela adierazkortasun modu berriak onartzea.

 Iruñako katedrala: XIV. mendean zehar, katedraleko beheko solairuko klaustro gotikoa egin eta edertu zuten, eta joera italiarreko horma pinturen bidez apaindu zituzten klaustro horretako hormak. Joera horren jatorria Italiar Penintsulan dago, baina baita Frantzian ere; izan ere, Avignonen zegoen garai hartan pontifize gortea. Horrez gain, hiri kosmopolita zen Avignon, eta Europako hiririk garrantzitsuenetako artistak eta bezeroak biltzen ziren bertara. Nafarroako erresumaren eta Avignongo aita santuaren gortearen arteko harremanek ondorioak izan zituzten arteetan. Hain zuzen ere, horren adibide garbia da Iruñako gotzain (1357-1364) Miguel Sanchiz de Asiainen hilobi monumentua; lehenago aipatu denez, katedraleko klaustroan dago. Hilobia hegoaldeko hormari atxikita dago, lehen tartean, harrizko trazeria kalatuz apaindutako arku zorrotz baten azpian. XIV. mendeko eskultura eta pintura elementuz edertuta dago. Elementu horiek aparteko edertasuneko unitate formal eta ikonografiko bat osatzen dute; anbizio handiz egindako programa bat da, eta Andre Mariaren irudia goresten du, Seme Jesukristorekin batera berreroslekidetzat hartzen baitu. Jatorriz, pintura apainketak horma hobiaren atzealdeak hartzen zuen, eta arkuaren arkubarnera eta klaustroko hormaren kanpoaldekoak, ganga hasten den lekuraino, goialderaino. Gaur egun, horma hilobiaren atzealdekoa (3, 99 x 2, 30 m) eta arkuaren arkubarnerakoa (0, 58 m) dira ondoen kontserbatutako pinturak, eta Nafarroako Museoan daude, Iruñan, hilobi monumentuaren erreprodukzio batean, betiko gal ez daitezen.

Horma hilobiaren atzealdearen dekorazio eremua eskultura elementuen bidez bereizitako hiru aldetan banatu zen: behealdean, prelatuaren irudi etzana dago, hil ohean, gotzain jantzita (0, 55 x 2, 37 m). Gotzainaren irudiaren ondoan, negartiak daude; jatorrizko pinturan, negartien siluetak horma hilobiaren atzealdean zeuden, eta, atzealdean, katedraleko klaustro galeriaren irudia zegoen margotuta. Horma hilobiaren erdialdean, harrizko armarri handi bat dago, eta horrek bi atal berdinetan bereizten du espazio hori. Armarri horretan, prelatuaren armak daude irudikatuta, gotzain makilaz gurutzatuta. Armarriaren gainean, Andre Mariaren eta Haurraren irudi bat dago, Genesiaren liburuko lehen kapituluei buruzko erliebeez apaindutako mentsula baten gainean. Armarriaren ezkerraldean, Mariaren jaiotzaren eszena bat dago margotuta, eta, eskuinaldean, Tenpluko aurkezpena, Joakin eta Ana gurasoekin batera. Horma hilobiaren goialdean, eszena bakarra dago, horma hilobiaren forma zorrotzera egokituta. Irudi hori aurrekoekin lotuta dago, aipatutako Andre Mariaren irudiaren eta hura babesten duen trazeria kalatuko errezel lirainaren bidez. Irudi horretan irudikatutako eszenak horma hilobiaren erdialdeko pinturaren mezua osatzen du, ikonologiaren aldetik. Hona hemen irudi horretan irudikatutakoa: Andre Maria, Scala Salutis edo Salbamen Eskailera gisa, gizaki guztien alde agertzen da Semearekin Azken Judizioan, Aitaren aurrean, gizakia salbatzeko. Ama den aldetik, bularrak erakusten dizkio Semeari, haiekin elikatu baitzuen; Semeak saihetsa eta gurutziltzaketak eragindako zauriak erakusten dizkio Aitari; eta Jesusen albo banatan dauden aingeruek haren Pasio berreroslearen intsigniak erakusten dituzte: lantza, iltzeak, belakia, mailua eta gurutzea (Kristoren irudiaren atzean ikus daiteke azken elementu horren silueta). Kristoren eta Amaren eskuinaldean eta ezkerraldean, beheko planoan, gizateria osoa ikus daiteke, sinbolikoki, bi gizon eta emakume taldek irudikatuta. Gizon eta emakume horien aurpegierek argi erakusten dute Judizioan izandako epaia. Barkamena lortu dutenak Andre Mariaren eskuinaldean daude, belauniko otoitz egiten. Erremediorik gabe betiereko sutara zigortuak, berriz, garren artean iraulkitzen dira, Kristoren irudiaren azpian, etsipenak hartuta. Aita Betikoren irudia eszenaren goialdean dago, gainerakoen gainean. Aurrera begira dago, ortzadarraren gainean eserita eta uhin itxurako profileko mandorla baten barruan. Haren inguruan, silueta liraineko zazpi aingeru daude. Begitarte zorrotza eta dotorea du Aita Betikok. Eskuineko eskuaz bedeinkatzen ari da, eta, ezkerreko eskuan, izpi sorta bat du, ahalmen sortzaile gorenaren ikurra, alegia. Apainketa horretan, aipatutako irudiez gain, otoizgile bat dago Andre Mariaren albo bakoitzean. Andre Mariaren eskuinaldekoak (ikuslearen ikuspuntutik, ezkerraldekoak) gotzain jantziak ditu; Miguel Sanchiz de Asiain gotzaina bera izan daiteke, egindako hutsen barkamena eskatzen. Ezkerraldean dagoena, berriz, noble jatorriko zaldunen modura jantzita dago, eta gotzainaren anaia Ferrant Gil de Asiain izan daiteke, zenbait urte geroago hila. Hilobiaren gaineko arkuaren arkubarneran, jatorriz, Mariaren eta San Gabriel goiaingeruaren irudiak zeuden, aurrera begira, mentsulen gainean eta drosel kalatu banak babestuta. Deikundea eratzen zuten bi irudi horiek osatzen zuen hilobiaren programa ikonografikoa: Maria Eva berria da, eta, Jainkoaren ama izatea onartzean, gizakien berrerospenaren miraria gertatzeko aukera ematen du; beraz, jatorrizko bekatuak eragindako heriotzatik libratzen du gizadia. Horma pintura horren apainketa gisa, zenbait medailoi daude, eta, horien barruan, profeten irudi erdiak daude, filakteriak daramatzatela; medailoi horien testuak desagertu egin dira, denboraren joan-etorriarekin.

Ez dakigu horma apainketa horren margolariaren izena, ezta lan hori osatu zuen eskultorearena ere. Hala ere, Toskanako eragin italiarrak Nafarroako erresumara iritsi izanaren adierazgarritzat hartu izan da multzo hori. Agian, Avignongo pontifize gortean lan egiten zuten artisten bidez jaso ziren eragin horiek. Beraz, Emile Bertauxen hipotesiak ez dirudi okerra -haren ustez, Avignongo arte italiarra moldatu zuen frantses bat izan zen horma pinturaren egilea-, kontuan hartzen baditugu zenbait baldintza estilistiko eta historiko. Lehenen artean, horma pinturako eragin italiarreko ezaugarri nabarmenak daude, bai ikonografiari dagokionez, bai konposizioak osatzen dituzten elementuen kokapenari eta tratamenduari dagokienez; izan ere, zenbait aurrekari daude Toskanan bertan.

Baldintza historikoen artean, azpimarratu behar da Nafarroako gotzain egoitzaren eta Avignongo gortearen arteko harremanak estuak zirela. Horrez gain, eutsi egin zitzaien harreman horiei Miguel Sanchiz de Asiainen ondoren Iruñako gotzain izandako Bernaut de Folcauten gotzaintzan (1364-1377). Hilobiko horma pinturak noiz egin ziren zehatz-mehatz esan ahal izateko, uste izan behar dugu hilobi monumentuaren obrak 1357. urtearen ondoren hasi zirela, urte horretan izendatu baitzuten Miguel Sanchiz de Asiain Nafarroako egoitzarako. Egia da aukeratua izan aurretik autoritate handia izan zuela kapituluko kideen artean. Alabaina, Iruñako gotzain izendatu ondoren soilik izan zezakeen katedraleko klaustroan hilobia izateko pribilegioa; izan ere, aurrekorik gailenetako batengandik hurbil -Arnaldo de Barbazan (1318-1355)- lurperatu zuten, kapitulu areto berrira sartzeko Puerta Preciosa izeneko atearen ondoan (pixka bat lehenago amaitua). Kontserbatzen diren dokumentuek ez dute azaltzen Miguel Sanchiz de Asiainek bere hilobia egiteko diruz lagundu zuenik, baina, bestalde, ez dute ezeztatu ere egiten. Normala da pentsatzea hilobia jartzeko lekua bizirik zegoela aukeratuko zuela eta hilobiaren proiektua haren heriotza dataren aurrekoa zela; hots, 1364ko urtarrila baino lehenagokoa.

Nazioartekoa

Nafarroako horma pintura gotikoa aztertzeko ezarritako sailkapenaren laugarren aldi horretan, obra gutxiago egin ziren. Aldiz, ohol pintura ugari egin ziren garai hartan; izan ere, zenbait lan bikain egin ziren -esaterako, Lizarran eta Tuteran-, eta margolariei eta erresumako zenbait hiritako obrei buruzko dokumentuak daude.

Iruñako katedraleko klaustroko ipar-ekialdean dagoen hilobiko horma pintura -XV. mendeko lehen erdialdekoa- aldi horretako gotikoaren adibide bat da, estiloaren aldetik. Pere Arnaut de Garro zaldun noblearen eta haren emazte Johana de Beunza-Larrearen hilobi monumentua da. R. S. Janke-k ezagutarazi zituen titularrarenazken borondateak, eta, horien arabera, 1422ko otsailean amaituta zegoela jakin daiteke: " Por esto todo primerament ordeno dispongo e mando que quando quiera que nuestro senyor Dios fiziere su comiendamiento de mi et la mi anima partiere deste mundo al otro que los mi cabeçalleros juso scripto fagan soterrar el mi cuerpo en la claustra de la yglesia catedral de Santa Maria de Pomplona en la sepultura nueva que yo he fecho fazer ".

Pere Arnaut de Garrok oso harreman estua izan zuen Karlos III. a Noblea (1387-1425) erregearekin; izan ere, erregearen ondoan izan zen, hark Frantzian egindako egonaldi luzeetan (1397tik 1398ra eta 1403tik 1405era). Again, harreman horri zela-eta eskatu zien Jehan Lome de Tournai-ren taldeko artistei emaztearen eta haren hilobirako eskultura apainketak egiteko, talde horrek egin baitzuen, katedral berean, errege-erreginen hilobi bikoitza (1413-1419). Garro senar-emazteek hormari atxikitako hilobia aukeratu zuten, horma hilobian apainduraduna eta kanpo portada aberatsarekoa. Horma hilobiaren erdialdean -horretan, Garro eta Beunza-Larrea familien armarriak daude- apostolutza bat pintatu zuten tenpera pinturez. Fintasun handiko irudiak dira, eta, nahiz eta oso hondatuta egon, silueten eta fisionomien tratamendu finagatik nabarmentzen dira. Ondoen kontserbatzen direnak nazioarteko estilo gotiko horretako estilo joerakoak dira, eta Nafarroan XV. mendeko lehen laurdenean lan egin zuten gorte margolariek zenbateko maila lortu zuten adierazten dute. Hona hemen irudi horiek: San Andres, San Joan Ebanjelaria, San Pedro, San Pablo eta Santiago Txikia.

Hispano-flandestarra

Nafarroako horma pintura gotikoaren sailkapenean adierazitako bosgarren eta azken aldia Europako iparraldeko naturalismoaren joerari dagokio. Joera hori flandestarra da, batik bat, baina eragin germaniarrei ere antzematen zaie. Joera horiek XV. mendeko bigarren erdialdetik XVI mendeko lehen urteetaraino iraun zuten.

Garai hartako ohol pinturaren adibide ugari daude Nafarroan, eta oso homogeneoak dira pintura horiek. Horma pintura gutxiago daude, eta, horien artean, Gorteko obrak eta landa eremuetan egindakoak bereizi behar dira; izan ere, Gortekoak fintasun formal handikoak dira, eta landa eremuetakoak, berriz, herrikoiagoak, eta, beraz, ez hain zainduak.

Lehenengoen artean, Iruñako katedralean duela gutxi zaharberritutako pinturak daude. Tenpluko zenbait lekutan daude, erdiko nabeko giltzarrietan eta kapera nagusian. Erdiko nabeko giltzarrietako pinturen gaiak heraldikoak dira, eta kapera nagusikoak, berriz, figuratiboak. Kapera nagusian, presbiterioko lau aldeak osatzen dituzten eta girolara sartzeko balio duten lau arku zorrotzen arkuarteetan egin zituzten pintura apainketak. Zortzi aingeru gazte daude, hegan. Horietako seik turutak eta tronpetak jotzen dituzte, aldarean dagoen Jainkoa alabatzeko. Beste biek erakusle batez arkuaren kanpoko giltzarriaren parean dagoen liburuki ireki bat seinalatzeko keinua egiten dute. Karaktere gotikozko inskripzio batek osatzen du apainketa, goialdean, molduraren azpian. Multzo horrekin batera, gangaren plementuetako pintura dago. Zeru izartsu baten moduko apainketa da; hots, atzealdea urdina da, eta urre koloreko izarrak ditu. Aingeruen atzeko atzealdea gorria da, eta, beraz, haien siluetak argi eta garbi bereizten dira, argilun nabarmenez trazatuta baitaude. Duela gutxiko zaharberritze lanari esker, margolariaren estiloa identifika dezakegu; joera flandestarrekoa zen margolari hura, eta XV. mendeko azken laurdenean egingo zuen horma pintura. Seguru asko, Joan Albretekoa eta Katalina Foixkoa Iruñako katedralean Nafarroako errege-erregin koroatu aurretik egin zuen; hots, 1494ko urtarrilaren 12a (igandea) aurretik. Iruñako egoitzan, Antoniotto Gentil Pallavicini kardinala zegoen, 1492ko abuztuaren 31n Alejandro VI. a aita santuak izendatua. Kardinal horrek bikario nagusien esku utzi zuen administrazioa.

Bigarrenen artean (landa eremuetako horma pinturen multzoan), zenbait adibide aipa daitezke. Besteak beste, Gallipienzoko San Salvador elizako bigarren dekorazio aldia azalduko dugu. Horren margolariari Gallipienzoko bigarren maisua deitzen zaio. Eliza horretako lehen apainketa aztertzean esan genuenez, apainketa horren gainean margotu zen bigarrena, aurrekoa ezabatu gabe; izan ere, bigarren horma pinturaren oinarritzat erabili zen. Eszenen antolamendua antzekoa zen. Hau da, espazioa laukitan banatu zen, eta laukiak, zenbait solairutan. Arkitekturen bidez lotuta zeuden laukiak, eta kapera nagusiko hormak hartzen zituzten. Tenperaren teknika erabili zen, eta, freskoa baino okerrago kontserbatzen denez, zenbait eszena oso kontserbazio egoera txarrean zeuden. Ondoen kontserbatutako eszenak jatorrizko lekutik kendu eta mihise batean jarri ziren. Gaur egun, Nafarroako Museoan daude: Epifania, Egiptorako ihesa, Zigortzea, kalbarioa eta Bi emakume santu, eskuetan lurrin ontziak dituztela.

Gallipienzoko elizako bigarren apainketa horren margolaria XV. mendearen amaierakoa da.

Beraz, Europako iparraldeko, Flandesko eta lurralde germaniarretako naturalismoaren aurrerapenak ezagutzen zituen margolari horrek, eta bere erara interpretatzen. Bere konposizioetan, ez zituen aintzat hartu proportzioak eta perspektiba legeak. Adierazkortasunari eta koloreen bizitasunari ematen zien lehentasuna, beste edozein arte balioren gainetik. Ez zion Gallipienzoko lehen maisuaren eszenen ordenari zehatz-mehatz jarraitzen; izan ere, zenbait aldaketa egiten zituen, gogoaren arabera. Horrez gain, ikuslearen interesa lortu nahi zuen eta, horretarako, irudi zertxobait groteskoak egiten zituen. Durbanteak eta morisko kutsuko jantziak erabili zituenez, haren lanek eta XV. mendeko bigarren erdialdeko margolari aragoarrenek loturaren bat izan dezaketela eman izan da aditzera; adibidez, Martin de Soriaren lanekiko loturak aipatu izan dira. Gure ustez, askoz handiagoa da Frantziako hego-mendebaldeko muralistekiko lotura; izan ere, Frantziako hego-mendebaldean, antzeko estiloko konposizioak egin ziren XV. mendeko azken urteetan.

* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana