Euskadiko arkitektura erromanikoa: mota, eredu eta espezifikotasunak

Artikuluaren egilea: Dulce Ocon Alonso

Ehun urte bete dira Euskadiko monumentu erromanikoak aztertzen hasi zirenetik,1 baina, oraindik ere, zaila da Euskadiko arkitektura erromanikoaz hitz egitea. Izan ere, alde batetik, ez zuen garrantzi bera izan lurralde guztietan, eta, beste batetik, berritasunak ez ziren aldi berean leku guztietara iritsi. Horren ondorioz, orain arte ezin izan da sistematizaziorik egin, ezta azterketa orokorrik ere. Alabaina, errazagoa izan da probintzia bakoitzaren baitako azterketak egitea;2 horietako batzuk meritu handikoak dira, baina, hala ere, ez dira nahikoa fenomeno osoa ulertu ahal izateko.

Bestalde, gaur egungo historiografiaren egoera ez da oso ona. Nafarroan, berriz, egoera askoz hobea da; izan ere, Nafarroako erromanikoari buruzko ikerketa asko izateaz gain, garrantzi handia du penintsulako erromanikoari buruzko argitalpenetan.3 Aitzitik, Euskadiko erromanikoari dagokionez, Barrio Lozak 1979an deitoratutako egoerak dirau. Alegia, oso garrantzi gutxi ematen zaie Euskadiko monumentu erromanikoei -eta, horietatik, Arabako erromanikoko eraikin apartei ematen zaie, oro har-, nahiz eta, askotan, Espainiako erromaniko landatarreko eraikinak bezain interesgarriak izan.

Oro har, Nafarroako lanak Euskadikoak baino garrantzitsuagoak izan dira, arlo guztietan; adibidez, arkitekturan, eskulturan eta luxuzko arteetan. Hona hemen horren arrazoietako bat: Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, lanak berantiarrak dira. Hala ere, horrek soilik ez du azaltzen Nafarroako erromanikoari Arabakoari edo Bizkaikoari -batez ere- baino garrantzi gehiago eman izana. Euskadiko erromanikoa inguruko beste lekuetakoa besteko arretaz aztertu behar da. Dena den, horretarako, ikertzaileok lortu behar dugu Euskadiko erromanikoak leku bat izatea penintsulako erromanikoaren garapenean. Leku hori erromaniko periferiko bati dagokiona izango da, baina korronte handietatik bereizita egoteak eta berantiarra izateak ez du esan nahi interes berezirik eta arazo propiorik ez duenik.

XX. mendearen erdialdetik hona ikerketaren arloan izandako aurrerapenei esker, segurtasun handiagoz ekin diezaiokegu lurralde horietako erromanikoaren garapenaren berezitasunak batera azaltzeari. 1900 baino apur bat geroxeago, Angel de Apraizek Arabako erromanikoaren azterketa bateratua egiteko saioak egin zituen. Behaketa eremua handitu egin zuen, ordura arte zenbait monumentu aipagarritan soilik jartzen baitzen arreta.4 Bizkaiko erromanikoa luzeago egon zen aztertu gabe, 1944ra arte, alegia; orduan ekin zion Juan Antonio Gaya Nuñok Bizkaiko erromanikoa aztertzeko ikuspegi berriak irekitzeari.5 Probintziaz probintziako azterketa horiek bultzatuta, beste ikerlari batzuek mota bereko lanak egin zituzten. Gaur egun ere, probintzia bakoitzaren baitako lanak dira gaira hurbiltzeko abiapuntua. Esate baterako, Micaela Portillaren proposamenak eta Felicitas Martinez de Salinasen eta Jose Javier Lopez de Ocarizen lanak azpimarratu behar dira; Bizkaian, Jose Antonio Barrio Lozaren obra da, oraindik ere, Bizkaiko erromanikoari buruzko ikerketarik zabal eta xehatuena; eta, Gipuzkoakoen artean, Juan San Martinen eta Manuel Lekuonaren sistematizazio saioak aipatu behar dira. Bestalde, Arabako ondarea katalogatzeko Micaela Portillak zuzendutako lan nekaezin eta goresgarriak ezinbesteko oinarria eman digu Arabako monumentu erromanikoak aztertzeko.6 

Aipatutako lan horiek eta beste batzuek -hala nola, Jose Maria de Azcaratek egindakoek- Euskadiko errealitate erromanikoen esanahia eta garrantzia azaltzeko lan konplexurako oinarriak finkatu dituzte.7 Dirudienez, desagertu egin dira nolabaiteko endogamia baten arriskuak; izan ere, endogamia horrek zenbait ondorio deitoragarri izan zituen; besteak beste, artelanen esparru orokorra ahaztea, Gaztelako eraginak ahaztea edo egiaz baino txikiagoak izan zirela sinestea, eta, berezkoaren balioespen zilegiak bultzatuta, monumentuetarako kronologia defendaezinak proposatzea.

Penintsulan arkitektura erromanikoa sortu eta hedatu zuten eragileak ahalik ondoen ulertzeko, kontuan izan behar dugu erromanikoa, neurri handi batean, hertsiki lotuta dagoela bi faktore historikorekin eta lotura hori ulertu egin behar dela. Alde batetik, botere politikoak sendotu egin ziren. Beste batetik, Europako eraginak sartu ziren penintsulako kulturan, artean eta erlijioan. Erresuma hispaniarrak sortzeko prozesuarekin batera hedatu zen erromanikoa. Beraz, erromanikoak Euskal Autonomia Erkidegoko egungo lurraldeetan eta Nafarroan izandako hedapenaren berezitasunak ulertzeko, fenomeno historiko hori hartu behar da aintzat; kontuan izan behar dira fenomeno horrek euskal lurraldeetan eragindako gorabeherak.

Aztertzen ari garen garaian, erabakigarria izan zen Antso III.a Gartzes Nagusiaren (992?-1035) politikaren joera.8 Erromesen bidea hark aldatu zuela esaten da. Ibilbide berriak Gares eta Lizarra lotzen zituen, eta Gaztelara sartzen zen, Logroñotik eta Najeratik.9 Iruñako erregeak ibilbide hori bera erabiltzen zuen, lekualdatu behar zuenean, eta, horrez gain, Antso Nagusiaren garaiko erresumako hiru gune nagusiak lotzen zituen: Najera (950etik, erresumako gune nagusia zen), Iruña (Antso III.ak gotzain hiritzat berreskuratua) eta Leyre (erresumako gune espirituala, eta horko monasterioko fraideen artean aukeratu ziren Iruñako gotzainak X. mendetik 1076ra). Denboraren joan-etorriarekin, erresumako hazkunde ekonomikoaren ardatza izan zen erromesen bidea. Horren inguruan sortu ziren XII. mendeko hiribilduak -esaterako, Zangoza eta Lizarra- eta monasterio klunitar eta zistertar boteretsuak.

Iruñako monarkaren politika baskoien hegoaldeko lurraldearen aldeko apustu argia zen. Hegoaldeko lurraldea iparraldekoa baino askoz seguruagoa zelako egin zuen apustu hori, eta segurtasun hori bi gertakariren ondorioa zen: alde batetik, kaliferria suntsitzen ari ziren borroka zibilena eta, beste batetik, kaliferriaren banaketarena (1031). Hala ere, apustu hori iparraldeko lurraldeen kalterako izan zen. Antso Nagusiak eta horren ondorengoek bultzatutako ibilbide berriak iparraldeko bideak alde batera uztea ekarri zuen. 1000. urtetik ordura arte, zenbait lekukotasunen arabera, iparraldeko bideak izan ziren seguruak Galiziako mugaldean aurkitutako apostoluaren hilobira joateko penintsula zeharkatzen zuen jendearentzat. Izan ere, apostoluaren hilobiaren fama gero eta handiagoa zen, eta gero eta lagun gehiago joaten ziren hura bisitatzera.10 

Horrek guztiak ondorio handiak izan zituen artean. Gaur egun, ez da uste eraikuntza erromanikoaren goieneko aldiak erromesen bideekin lotura estu-estua duenik, baina behinola ideia hori izan zen nagusi. Izan ere, Espainian, klunitarren hedapena eta erregeen ekimen handiak Santiago bidearen ibilbidearekin bat etorri ziren. Erromesen bide berria -edo bide frantsesa- erresuma hispaniarren arteko komunikazio ardatz nagusia izan zen, baita erresuma hispaniarren eta Europaren artekoa ere. XI. mendearen erdialdetik eta XII. mendean zehar, ordena monastikoek eta Nafarroako, Gaztelako eta Leongo monarkek sustatutako eraikuntza proiektu handiak bildu ziren erromes bidearen inguruan. Eta bide horretatik urrun zeuden lurraldeak, berriz, fenomeno horrek eragindako ekonomi, gizarte eta eraikuntza sustapenetatik kanpo geratu ziren; izan ere, Goiz Erdi Aroko jarduerak bideratzen zituzten guneetarainoko distantziaren arabera jaso zuten sustapen horien onura. Horren ondorioz, penintsulako erresumetan erromanikoa garatu zen mende eta erdian, Arabako egoera Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa baino hobea izan zen.

Erromanikoaren hasierak baskoien lurraldean

Antso III.a Gartzesek "imperator" Leongo titulua izan zuen, erregealdiaren azken urtean. Yarzak adierazten duenez, eraikuntza jarduera handi-handia garatu zuen errege horrek; izan ere, Oliba abadeak Marka Hispaniarrean egindakoa soilik da horren pareko.11 Hona hemen erregearen garaian ustez egin edo proposatu ziren zenbait obra: Loarreko gotorlekua eta horko kapera gangadunaren eraikuntza, Palentziako eliza nagusiaren berreraikuntza -obra horretatik, gaur egungo San Antolin kripta iritsi zaigu- eta San Juan de la Peñako monasterioko eliza handitzeko lanak. Gaur egun, obra horien egoera dela eta, oso gutxitan ikus daitezke Antso Nagusiaren garaiko lanen aztarnak: San Antolin kriptan eta Loarreko gotorlekuko zenbait harresi hormataletan bakarrik. Aztarna horietatik ondoriozta daitekeenez, garaiko Iruñako erresumako arkitektura giroa bi alderdirengatik bereizten zen. Alde batetik, erresuma hispaniarretan ganga erabiltzeko Goiz Erdi Aroko tradizioen joera goiztiarrari eutsi zitzaion. Beste alde batetik, Kataluniako konderritik iritsitako eraginak zeuden; esaterako, lehen erromanikoa edo erromaniko lonbardiarraren ereduak, bai kareore eta hareazko horma harien bidez lotutako harlanduskoan, bai zenbait arkitektura diseinutan. Alde horretatik, adibide onak dira Loarreko Erreginaren Dorreko leihoak, Kataluniako konderriko lonbardiar motako zenbait dorretakoen antzekoak.12 

Erresumaren erdi-erdian, baldintza politiko berriei eta Leyreko monasterioak Antso Nagusiaren garaian lortutako nagusitasunari esker, seguru asko, tenplu berri bat eraiki zuten, aurreko tenplu prerromanikoa ordezteko. Kontuan hartuta Antso Nagusiaren politika europazalea zela eta Ripoll-eko Oliba abadearekin harreman estuak zituela -hain zuzen, 1032 baino lehenagoko gutun batean, "rex ibericus" tituluaz goretsi zuen abadeak erregea-,13 litekeena da ordena klunitarra erresumako bi monasteriorik garrantzitsuenetan goiz sartu izana; hots, San Juan de la Peñako eta Leyreko monasterioetan.14 Hala izan bazen,15 horren ezinbesteko ondorioetako bat tenplu zaharrak zaharberritzea izango zen. Bi alderdi horiek -alegia, Frantziako fraideak etorri izanak eta tenpluak zaharberritzeak- Nafarroako monarkiak XI. mendearen hasieran zuen izaera modernizatzailea indartuko zuten, eta, beraz, garai hartako Leongo erresuma arkaizantearen aldean, modernoago bihurtuko zuten. Edonola ere, testigantza materialek eta dokumentuek aditzera ematen dutenez, Antso Nagusiaren ondorengoen garaian egin zen eraikin berria; alabaina, Leyreko monasterioari dagokionez behintzat, pentsa daiteke eraikin berriaren planifikazioa -edo, gutxienez, proiektua egiteko asmoa- haren garaian egin zela. Antso Nagusiaren ondorengoek kripta baten gainean burualde bat eraikitzeko agindu zuten, eraikin berria zaharrarekin lotzeko, absideetako tarte zuzenen parean. Idatziz jasota geratu zenez, obrak 1057an sagaratu zituzten, Antso Peñalengoak aita Gartzia Najerakoa ordeztu zuenean, alegia. Uste denez, Gartzia Najerakoak bultzatu zuen obra hori. Dirudienez, lana aurreratu samar zegoela egin zuten sagarapen hori, baina adituak ez dira ados jartzen, dokumentuak adierazitako zeremonia ospetsuaren unean eraikuntza horretako zer atal zeuden eginda zehaztean. Batzuek erromaniko primitiboaren aztarnei antzematen diete, kriptako kapitelen itxura zakarrari erreparatuta eta arreta handiz ibili zirela aintzat hartuta; hona hemen adibide batzuk: euskarri gehiegi eta arku bikoitzak egin zituzten. Beste ikerlari batzuek, berriz, eraikitzaileen segurtasun ezari egozten dizkiote arreta horiek, baina horrek ez du esan nahi obra hori nahitaez erromanikoaren hasieran egin zenik. Dena den, Oliba abadeak Katalunian eginarazitako burualde handien oinarrizko itxura gogorarazten dute obra horretako zenbait elementuk; hots, hiru absideen kanpoaldeko itxurak eta horietako paramentuen sendotasun izugarriaren eta baoen antolamenduaren ondoriozko bolumetriak. Alabaina, alde handiak daude; adibidez, harlandua erabili zuten Leyreko obran, harlanduskoaren ordez, eta ez zuten zerrenda lonbardiar berezirik erabili, ezta beste edozein giltzadura elementurik ere. Zalantzarik gabe, obra gerokoa dela adierazten dute ezaugarri horiek, baita beste eskulan bat erabili zela ere. Hala ere, ezin da alde batera utzi Kataluniako konderriko obretan inspiratu izana; izan ere, Antso Gartzesek nolabaiteko babes politikoaren pean zuen lurralde hori. Dirudienez, Oliba abadeak eginarazitako obretan aurkitu zuen inspirazioa Iruñako monarkiak, bere arkitektura proiektuak egiteko. Hona hemen abadeak eginarazitako zenbait obra: Ripolleko eliza (berak sagaratu zuen 1032an, eta, hura amaitu ahal izateko, Antso Nagusiari berari eskatu zion laguntza ekonomikoa) eta Cardonako San Pere eliza (1029 eta 1040 artean eraikia). Obra horietan inspiratu izana ez da batere arraroa; izan ere, modernitate europazalearen eredu paregabea zen Katalunia X. mendeko penintsulan. Beraz, Antso Nagusiak eta haren ondorengoek berritasunak bilatzeko kontuan har zezaketen leku bakarra zen. Oso ezagunak dira Antso Nagusiaren eta Oliba abadearen arteko adiskidetasun harremanak; izan ere, abadea erregearen aholkularia izan zen askotan, erlijio gaietan. Halaber, abadearen dizipulu Ponç edo Ponce monjeak asko lagundu zion Iruñako erregeari; gerora, monje hori Oviedoko gotzaina izan zen.

Leyreko elizako hiru absideen barrualdearen planifikazioa lehen erromanikoaren eta erromaniko betearen artekoa dela dirudi. Alde batetik, Obarrako (Huesca) Santa Mariaren itxura astun eta geometrikoak gogorarazten ditu, eliza horrek ere baititu arku bikoitzak eta harroinik gabeko pilareak. Baina, beste batetik, Leyreko elizan zutabe erdiak erabili ziren, pilareen aurrealdeei atxikiak eta kapitel apaindukoak, Obarrako pilastra lisoen ordez. Horrek erromaniko aurreratuagoaren itxura ematen dio. Alabaina, kapitelak Huescako elizako hegoaldeko portadakoen antzekoak dira, teknikaren eta estiloaren aldetik; izan ere, oso primitiboak dira, eta behe elizetakoen antzeko gaiak dituzte zizelkatuta. Eta Obarrako eliza hori, aztarna guztien arabera, XI. mendeko lehen erdialdekoa da. Badago alderaketarako beste elementu bat: Leyreko goi elizako iparraldeko atearen diseinuak Obarrako elizako hegoaldeko atearenaren antz handia du, baina zertxobait konplexuagoa da, moldura ugari baititu.

Badakigu 1098an beste sagarapen ospetsu bat egin zela Leyren. Raimundo abadearekin batera, hauek zeuden zeremonia horretan: Iruñako gotzain Pierre d'Andouque edo de Rodez (tolosarra, Conques-ko Santa Fe basilikan hezia, eta 1084tik Iruñako gotzaina), Diego Pelaez (Santiagokoa), Frotard abadea (Saint Pons de Thomièreskoa eta Gregorio VII.aren ordezkaria), Nafarroako eta Aragoiko errege Pedro I.a eta haren anaia Alfontso. Zeremonia hori presbiterioa egiteko lanak sagaratzeko izanez gero, obra zaharkitu samarra zen, penintsulan egindako beste monumentu batzuekin alderatuta, baina litekeena da eraikuntza lana asko luzatu izana. Hala ere, pentsa daiteke sagarapen hori tenpluko obrak amaitzean egin zutela; hau da, nabeen inguruko hormak egitean. Geroago, estalki gotiko bat egin zuten tenpluko atal horretan.

Leyreko burualdea eta Jacako katedralekoa alderatuz gero, ondoriozta dezakegu Leyrekoa Jacakoa baino zenbait urte lehenago egin zela:16 Baina Ujueko obrek, berriz, Jacako katedralaren antzeko planifikazioa dute, eta Ujueko obrak gutxi gorabehera noiz egin ziren jakin dezakegu, idatziz jasota baitago 1089an dohaintza bat egin zela. Absideak dekorazio inposten eta pilastren bidez antolatuta daude. Leihoetan erabilitako apainketa motagatik ondoriozta daitekeenez, Ujueko obren egileek erromaniko beteko dekorazio formulak ezagutzen zituzten, baina formula horiek ez dira hain nabarmenak Leyren. Gauza bera esan daiteke barrualdeaz, nahiz eta zizelkatze lana oso zakarra izan.

Edonola ere, zalantzarik gabe, Nafarroa arkitektura korronte europazaleetan sartu zen, Leyreko eta Ujueko eraikinen bidez. Handik gutxira -hain zuzen, 1101ean-, katedral bat eraikitzen hasi ziren Iruñan, Pedro de Roda gotzainaren agintaritzapean. Seguru asko, proiektu horretan, Santiagotik iritsitako maisu batek egin zuen lan, Gelmirez gotzain kargugabetuarekin batera (harrera ona izan zuen gotzain horrek Nafarroan eta Aragoin). Antza denez, Santiagoko maisu hura Esteban maisua izan zen, eta obren ardura hartu zuen. Estebanek, Iruñako katedralean parte hartzeaz gain,17 beste zenbait obratan utzi zituen bere lanaren aztarnak: Leyren XII. mendeko lehen laurdenean egindako obretan eta Sos del Rey Catolicoko San Esteban elizan. Katedral erromanikoa desagertu egin zen egungo katedral gotikoa egin zutenean, baina, azken urteetan egindako arkeologi indusketei esker, zer-nolakoa zen jakin dezakegu. Jacako katedralaren antzekoa zen. Hiru abside zituen -transeptu banatara irekitako kapera erdizirkulardunak-, eta hiru nabe. Egunera arte iraun duten eskultura hondar interesgarrien arabera, kalkula daiteke eraikin erromanikoa XII. mendeko lehen laurdenetik eta 1141-1142ra bitartean amaitu zutela, ustez orduan amaitu baitziren klaustroko lanak.18 

Nafarroako eta Aragoiko monarkiak Nafarroako erresumaren erdi-erdian XII. mendeko azken laurdenean zehar egindako eraikuntza lanak eta erresumako beste leku batzuetakoak edo gainerako erresuma hispaniarretakoak antzekoa izan ziren. Baskoien lurraldearen erdi-erdian erromaniko beteko eraikinak egiten hasi zirenean, Santiagoko katedralaren eraikuntzak aurrera egiten zuen, Fromistako monasterioko eliza egin zen (Antso Nagusiaren alargun Mayor andreak sortua), eta, Leonen, panteoiaren ondoan, San Isidoro eliza berria eraikitzen hasi ziren (eliza horretako kapitel batean, Esteban maisuaren eragina ikus daiteke). Beraz, Nafarroa modernitatearen korronteetan sartu zen, eta Europako eraginak jaso zituen. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako lurraldeetan, berriz, egoera oso desberdina zen. XI. mendearen amaierara arte, Nafarroako monarkiarekin lotuta zeuden, eta ordutik 1134ra arte, berriz, Gaztelako koroarekin. Beraz, botere guneetatik urrun zeuden, eta ez zegoen horietan ordena monastiko garrantzitsurik. Horren ondorioz, XI. mende osoan zehar, asmo gutxiko arkitektura tenplarioa egin zen, ohitura prerromanikoen ondorengoa. Dokumentuek adierazten dutenez, X. mendetik erlijio gune ugari zeuden lurralde horietan,19 eta horrek frogatzen du Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban akulturatzeko eta kristautasuna finkatzeko prozesua gertatu zela, penintsulako iparraldeko beste leku batzuetan bezala.20 Erlijio gune horiek nekazaritzan eta jarduera espiritualetan aritzen ziren, eta kondeen edo jaunen politikaren arabera lurraldea gobernatzeko helburua zuten. XI. mendearen amaieran, tenplu soilak zituzten, Cerrada de Ranesen (Abanto Zierbena) eta Momoitioko (Garai) San Joan elizan egindako indusketek aditzera eman dutenez.21 Eraikin txikiak ziren, harri horma zakarrekoak eta, oso gutxitan, ertz landuagoz sendotuak. Teilatu arina zuten, zurezkoa eta lokatzez eta landare materialez estaliak. Batzuetan, Momoition egindako indusketak erakutsi duenez, euskarri bat zegoen elizaren erdian, teilatuaren pisu txikiari eusteko. Tenplu horietako batzuek aberastasun elementu txiki bat zuten: buruhorma lauan, leihatila bat zuten, hareharrizko atal batean zulatua.

Ondorengo eraikinetan, beste elementu mota batzuk erabili ziren: gezi itxurako leihoak, arku erremate ultrapasatuak eta zirkulu itxurako erremateak. Dirudienez, birpopulaketa artearen dekorazio formuletatik hartutako elementuak ziren. Bizkaian dago elementu horien multzorik handiena; izan ere, hamahiru eraikinetan daude. Horrez gain, Astigarribiako San Andres eliza gehitu behar da; egun, Gipuzkoan dago, baina Goiz Erdi Aroan, berriz, "in fine Vizcahie" zegoen.22 Duela gutxiko lan baten arabera, eliza mota hori penintsulako Bizkaiko Golkoko iparralde osoan -hau da, Galizian, Asturiasen eta Kantabrian- egin zuten, baita Burgos iparraldean, Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroako pirinioaurrekoan ere.23 

Larrabetzuko (Bizkaia) Zarandoako San Salvador ermitaren egungo itxura aintzat hartuta, jakin dezakegu gutxi gorabehera nolakoa zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan XI. mendearen amaierara arte edo XII. mendearen hasierara arte egiten zen ohiko tenplu mota. Araban, berriz, Zalduendoko San Julian eta Santa Basilisa tenplua da Goiz Erdi Aroko tenplu motaren iraunkortasunaren adibidea, neurriei eta planimetriari dagokienez; ermita hori San Adriango tuneletik Arabako lautadara doan bidean dago.24 Nahiz eta, oro har, garai erromanikoetan berriro egin zutela uste den, buruhorman, oso ferra arku itxiarekin zizelkatutako leiho monolitikoaren ondoan, itxura erregularreko harlandu mota batez egindako horma egitura bat dago. Harlandu mota horrek Alfontso III.aren garaiko eraikinetako (Valdediosko San Salvador) paramentuak gogorarazten dituzte, baita birpopulaketa arteko zenbait tenplutakoak ere (adibidez, Celanovako San Miguel eta Lourosako San Pedro). Aipatutako tenplu hori San Juliani eta Santa Basilisari sagaratuta egoteak Asturiasko monarkiaren eta Arabako lurraldearen arteko harreman estua gogorarazten dute. Asturiasko zenbait dokumenturen arabera, Araba Asturiasko erresumako konderri izan zen IX. mendearen erdialdetik aurrera, eta izan liteke Iruñako monarkia sendotu aurretik lurraldea Asturiasko erresumaren eragin eremuan sartu izana. Araban hartu zuten babesa Alfontso II.ak (Munia arabarraren semea) eta Alfontso III.ak, Asturiasko erresumako aldirik gatazkatsuenetan.

Formula erromanikoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeetara iristea.

XI. mendea amaitu zenean, eta XII. mendearen hasieran ere bai, euskal lurraldeetako artearen egoera ibilbide garrantzitsuetatik urrun zeuden lurraldeei zegokiena zen. Oso biztanle gutxi zeuden lurralde horietako leku gehienetan, baina Araban demografi hazkundea gertatzen ari zen. Oro har lurralde malkartsuak ziren -Bizkaia eta Gipuzkoa, batik bat-, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarrituta zegoen ekonomia. Bertako noblerik gailenenek -hau da, Ayalatarrek, Mendozatarrek, Guevaratarrek eta Harotarrek- Gaztelako edo Nafarroako gorteetan ematen zuten denbora gehiena,25 eta, horren ondorioz, landako behe nobleziaren esku geratzen zen lurraldeen antolamendua. Hiru lurraldeotan ez zegoen gotzain hiririk, eta elizak urruneko gotzain hirien mendean zeuden; esaterako, Burgos, Iruña eta Calahorrakoen mendean.26 Jasota geratu da IX. mendetik aurrera Armentian (Araba) gotzain hiri bat izan zela. Gotzain hiri hori desagertu egin zen, Fortunio hil zenean; hots, XI. mendean. Agian, liturgia berria ezartzen saiatzen ari zirelako desagertu zen -izan ere, Araban eta beste zenbait lekutan, aurre egin zioten liturgia horri-, edo hegoalderagoko gotzain hiriak berrezartzeko joera orokortu zelako. Azken finean, lurraldeotan monasterio garrantzitsurik ezean, bertako erlijio guneak kanpoko monasterioen mendean izan ziren; esate baterako, Errioxako monasterioen (Najerakoa edo San Millan de la Cogollakoa), Nafarroako monasterioen (Iratxekoa) eta Aragoiko monasterioen (San Juan de la Peña monasterio boteretsua) mendean.27 

Lurralde horietatik kanpoko monasterioek edo Nafarroako eta Gaztelako monarkek sustatu zuten erromaniko betearen hedapena. Bi erresuma horiek lurraldeotan nagusitzeko lehian ari ziren, eta nagusitasun hori sendotu nahian bideratu zuten erromanikoaren hedapena. Jaunek ere eginarazi zituzten tenpluak -gogoratu, lurraldeen benetako kontrola izateaz gain, Nafarroako eta Gaztelako gorteetako eragin handiko pertsonaiak zirela-; tenplu horien babesleak ez ezik, jabeak ere baziren, ohitura hispaniar zahar baten arabera.28 Gaztelan, Alfontso VI.ak eta horrek lagundutako fraide klunitarrek sustatu zuten ohitura bitxi hori, baina Europa osoan, berriz, aurre egin zioten, Gregorio VII.aren aitasantutza aldian egindako batasun liturgiko eta administratiboaren pean. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, dirudienez, luze iraun zuen ohitura horrek; izan ere, eztabaida ugari sortu zituen gotzainen eta jaunen artean, 1390eko Guadalajarako gorteetan. XIV. mendean, jaunek bi argudiotan oinarritzen zituzten beren aldarrikapenak: alde batetik, lur horiek birpopulatu zirenean, haien arbasoek eliza horiek egin zituztelako jasotako eskubideetan eta, beste batetik Urbano II.ak 1095ean emandako bulda eztabaidagarrian (Aragoiko eta Iruñako errege Pedro I.aren laguntzari esker eman zuen bulda hori).29 Lope de Salazarrek XV. mendearen amaieran adierazi zuenez, landa jaunek eginarazi zituzten patronatu laikoko eliza horiek, beren agindupeko lurraldeetan; jaunek lurraldeak ustiatzen zituzten, lurra landu eta mendiak eta larreak ustiatu. Tenpluak eraikitzeagatik eta mantentzeagatik, kolonoen zergen hamarrenak jasotzen zituzten, beraiek elizetan jarritako apaizen bidez. patroi garrantzitsu horietako bat Pedro Lopez de Ayala kantzelaria izan zen, eta, bere kronikan, aurretik aipatutako argudioei eutsiz egiten du aldarrikapen horren alde.30 

Babesletza baten edo bestearen pean, XII. mendearen erdialdean, nazioarteko erromanikoaren korronteen araberako eraikinak egiten hasi ziren Araban. Arabak Gaztelako eta Nafarroako erresumetako zenbait korronte jaso zituen, kokapen geografikoagatik -Gaztelako eta Nafarroako erresumen artean zegoen- eta elizarekiko mendekotasunagatik. Bestalde, tentsio politikoa eta militarra etengabea zen lurralde horietan -izan ere, aldizka, erresuma baten subiranotasunetik bestearenera igarotzen ziren-; horrez gain, bertako handikiak bi erresumen artean banatuta zeuden, eta, horren ondorioz, politika zalantzagarriak egiten zituzten. Horren guztiaren ondorioz, askotan, arte eraginak nahasi egin ziren. Izan ere, Bizkaia Nafarroako erresuman sartuz joan zen, XI. mendean zehar. Antso Peñalengoa 1076an hil zenean, Nafarroako erresuma zatikatu egin zen, eta Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Errioxa Gaztelako Alfontso VI.aren erresumaren zati izatera igaro ziren. Nafarroako erresuma 1134an berrezarri zenean, lurralde horiek gehienak Iruñako monarkiari atxiki zitzaizkion berriro, baina oso gutxi iraun zuen egoera horrek; izan ere, XII. mendearen amaieran, Gaztelako koroan sartu ziren, pixkanaka-pixkanaka, Alfontso VIII.a Gaztelako erregea zela: lehenik, Enkarterri (1179), eta gainerakoak -baita Araba gehiena, Durangaldea eta Gipuzkoa ere-, 1200ean, gutxi gorabehera.31 Alfontso VIII.aren politika espantsionistak begiz jo zituen euskal probintziak. Alde batetik, lurralde horien garrantzi ekonomikoa gero eta handiagoa zen, Gaztelako produktuak itsaso aldera eramateko bidea baitziren. Beste alde batetik, horietatik izango zuen Akitaniara (haren emazte Leonorren ondare desiratua eta lortu gabea) zuzenean joateko aukera, Nafarroako Pirinioetako igarobideen mendean izan beharrik gabe; izan ere, Gaztelak ezinezkoa zuen igarobide horietatik ibiltzea, Alfontso VIII.aren eta Nafarroako monarkiaren arteko gatazka luzearen ondorioz.32 

Gaztelak euskal lurraldeak konkistatu aurretik, Nafarroako monarkia Gipuzkoarantz, Arabako lautadarantz, Ayuda ibaiaren ertzetarantz eta Errioxarantz hedatu zen, sistematikoki. Hedapen horrek arkitekturan eragin zuen, garai hartan zenbait tenplu eraiki baitziren. Zenbait kasutan, eraikin zaharrak zaharberritu egin ziren, seguru asko; izan ere, garaiko korronteetara egokitu zituzten tenplu horiek. Beste kasu batzuetan, biztanle kopurua handitu egin zen, eta eraikin berriak egin zituzten, baita hiribilduak sortu ere; esate baterako, Treviño. Antso VI.a Jakitunak foruak emateko politikari ekin zion (Treviño, 1161; eta Laguardia, 1164). Antso VII.a Azkarrak eta Gaztelako Alfontso VIII.ak jarraitu egin zioten politika horri (hurrenez hurren, Labraza, 1196; eta Lapuebla de Labarca, 1190). Politika horren ondorioz, Araba jendeztatzen hasi zen, eta horrek tenplu gehiago egitea eskatzen zuen. Jakina, prozesu hori motela izan zen baina XIII. mendearen hasieran azkartu egin zen. Tenpluetako eraikuntzek oso astiro egiten zuten aurrera, eta gehienak erromaniko berantiarrekoak dira. Eraikin asko Gaztelan sartu ondoren amaitu ziren, eta beste batzuk, berriz, orduantxe hasi ziren. Eraikin gehienek eragin berriak izan zituzten, eta, zenbaitetan, proiektu zaharrak aldatu ziren, garai berrietara egokitzeko. Beraz, Euskadi eraikin erromanikoz bete zen; batez ere, Araba, demografi garapen handiagoagatik eta hegoaldeko monasterioekin -batik bat, Najerako eta San Millan de la Cogollako monasterioekin- zituen harreman estuengatik.

Lehen erromanikoaren eraikuntza formulak lurralde horietan hedatu izanaren adibide bat, Laguardiako Santa Maria de los Reyes elizako iparraldeko paramentuetako bat har daiteke; izan ere, tenplu horrek iparraldean dituen behealdeko hiru tarteetatik, lehenengoak puntu erdiko arku itsuetako giltzadura bat du, goialdean, kontrahormen artean. Paramentu horren bidez, nabeko gainerako tarteak harmonizatu nahi izan zituzten. Horren kanpoaldeko itxura bat dator lehen erromanikoaren horma tratamenduarekin, Obarrako (Huesca) elizan eta teknika horien bidez Kataluniako konderrian egindako adibide berantiarrak bezala; adibidez, Tahull-eko San Clementeko absideetan.33 Sistema horiek Aragoitik eta Kataluniatik kanpora hedatutako eraikinen antzekoak dira; esaterako, Urueñako (Valladolid) Santa Maria elizarena.34 Hala ere, Leyren ikus daitekeenez, aparailua erregularragoa da eta hobeto ebakita dago. Alabaina, eraikinean ondoren egindako aldaketekin batera dago elementu hori, eta aldaketa horietako batzuk aro gotikoan egin ziren; beraz, ezin da azaldu zer eraikin motatakoa zen. Bestalde, Laguardiako tenpluari buruz dakiguna ere ez da nahikoa ustez tenplu horren lehen eraikina izan zena noiz egin zuten zehazteko. Hala ere, badakigu herri txiki bat zegoela leku hartan, agian, monasterio baten inguruan, 1161ean hiribilduari forua eman aurretik; izan ere, monasterio horren aztarnak geratu dira tokiko toponimian.35 Jatorrizko eraikina kontserbatu izan balitz, lehen erromanikoak euskal lurraldeetan izandako hedapenaren adibide interesgarria izango zatekeen, eta hobeto jakingo genuke Nafarroako monarkiaren eremuan nola hartu zuten. Gaur egungo egoeran, ezin da ziurtatu XI. mendekoa denik, eta datu historikoek aditzera ematen dutenez, XII. mendekoa izan daiteke, lehen erdialdekoa, seguru asko.

Zehatzago hitz egin daiteke XII. mendearen erdialdetik aurrerako egoerari buruz. Garai hartan eraikitzen hasi ziren tenplu motak XIII. mendearen erdialdera arte jarraitu zuten egiten. Tenplu mota horien artean, erromaniko hispaniarreko ohiko bi motak daude. Alde batetik, nabe bakarreko eta burualde angeluzuzeneko tenplu apalak egin zituzten; izan ere, egitura xume hori bat zetorren eraikin askoren landatartasunarekin eta periferiartasunarekin. Balizko pobretasun horrez gain, tenplu horiek berantiarrak ziren, eta, beraz, kanoi zorrotzeko gangaz estalita zeuden -baina, batzuetan, eraikinetako burualdea soilik zegoen estalita-, beste zenbait lekutan bezala, Gaztelan, esaterako.36 Beste alde batetik, beste mota konplexuago bateko elizak ere egin zituzten. Oro har, nabe bakarrekoak ziren, eta abside kurbatu bat zuten, eta, horren aurretik, tarte zuzen bat. Mota horretakoak dira Arabako erromanikoko elizarik erakargarri eta interesgarrienak. Azkenik, beste leku batzuetan baino geroago, lehen eraikuntza konponbide gotikoak agertzen hasi ziren; adibidez, lehen gotikoaren planteamenduetan oinarritutako pilareak. Zalantzarik gabe, estalkietako nerbio bidezko konponbideei eusteko egin zituzten pilare horiek.

XI. mendearen amaierako erromanikoaren moduak Toberako Santa Maria elizan ikus daitezke. Eliza hori Arabako probintziako hego-mendebaldean dago, ustez Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko bidegurutzea izan zen lekuan; gaur egun, lurralde hori jendez hutsik dago.37 Erromaniko landatarreko eliza txiki bat da, eta, horri buruzko daturik ez dugun arren, esan daiteke XII. mendean eraikin zutela. Abside erdizirkular bateko eta nabe bakarreko egitura du, eta, beraz, oso apala da. Dena den, absidearen diseinuan, erromaniko beteko antolamendu eta dekoraziorako oinarrizko elementuak erabili ziren. Arabako erromaniko landatarrean hedatutako eliza motaren adibide ona da.

XII. mendearen erdialde inguruan hasitako eraikinetatik gaur egunera arte iraun dutenen artean, Armentiako eta Estibalizko tenpluak dira eraikin motarik konplexuenaren adierazgarri. Monumentuak izateko asmoz egin zituzten bi eraikinok, bai arkitektura garapenari dagokionez, bai eskultura apainketari dagokionez; izan ere, apainketa hori aberastasun apartekoa da. Bi tenplu horiek erromaniko hispaniarrean erlijio eraikinetarako orokortutako eredukoak dira. Seguru asko, eraikin horietan, komeni zen fraideentzat leku handia izatea, eta fededunentzat, berriz, leku txikiagoa beharko zen. Beraz, Armentiako eta Estibalizko tenplu horiek abside erdizirkularrak eta gurutzadura dituzte, eta nabe bakarrekoak dira. Dirudienez, bi unetan egin zituzten eraikinok. Lehenengoan, absideak egin zituzten, eta, horietan, erromaniko beteko formulak erabili ziren. Geroago, berriz, gurutzadurak egin zituzten, eta, horietan, lehen gotikoko elementuak erabili zirela ikus daiteke.38 

Estibalizko Ama Birjinari dagokionez, badakigu 1138an Najerakoa zela, Maria Lopezen dohaintzaz.39 Maria Lopez hura Lope Gonzalez kondearen alaba zen, eta Gaztelaren aldeko bandoko kide eta Bizkaiko jaun Diego Lopez de Haroren iloba. Tenplua ordena klunitarrari atxiki zitzaionean hasi ziren egungo tenplua eraikitzen, eta, nahiz eta zenbait zaharberritze lan izan,40 oraindik ere ikus daiteke Gaztelan XI. mendearen amaieratik aurrera ondo finkatuta zeuden ereduei jarraitu zitzaiela. Seguru asko, absideko jatorrizko paramentuak zutabe erdi atxikien bidez antolatuta zeuden, Fromistan bezala. Fromistako elizan, erlaitzetako baten gainean, bi zutabe zeuden, bata bestearen gainean; elementu horietako batek gaur egunera arte iraun du, erlaitzaraino iristen ez den erdiko absideko horma berreraikian. Bestalde, Estibalizko Ama Birjinaren goitiko bistako egiturak Gaztelako erromaniko landatarreko zenbait elizarena gogorarazten du; besteak beste, Cozuelosko Santa Eufemia, Cantamudako San Salvador eta Castañedako Santa Cruz elizetako egiturarena. Horiek guztiak gangaz estalita daude, guztiz, eta Gaztela kantabriar mendikateko igarobideekin lotzen zuten bideetan daude; esate baterako, Castañedako Santa Cruz eliza euskal lurraldeetatik hurbil dago, Santanderko mendian.41 Horietan bezala, Estibalizko tenpluan, esfera laurdenez eta kanoiz estalita daude absideak, eta kanoiak gurutzaduraren besoetara irekitzen diren tarte zuzenetan daude. Nabea oso laburra da aipatutako eliza horietan guztietan, bi edo hiru tartekoa, Estibalizen bezala,42 eta kanoi ganga edo kanoi zorrotzeko ganga du. Cantamudako San Salvador elizako gurutzaduraren erdiko tarteak du Estibalizkoaren antzik handiena, eta erdiko tarte horrek gurutze primitiboko ganga du. Horrez gain, bi tenpluen kanpai horma ere antzekoa da; bietan, dorre txiki bat dago, kanpaietara iritsi ahal izateko.

Arabako erromanikoko beste tenplu enblematikoaren (Armentiako San Prudentzio) jatorrizko egitura ere aldatuta dago, ondoz ondo egindako zaharberritze lanen ondorioz. Aldaketarik handiena 1776ko zaharberritze lanak eragin zuen. Urte hartan, Erromarekin negoziazio luzeak izan ondoren, meza bat eta irakurgai liburu propioa izatea lortu zen, eta horrek tokiko santua goresteko giroa piztu zuen. Horren ondorioz, garaiekiko tenplu egokiagoa egitea erabaki zen, baina, geroago, alde batera utzi zuten proiektu hori. Horren ordez, tenplu erromanikoan zaharberritze lan handia egitea erabaki zuten. Ordurako, zenbait zaharberritze lan eginda zegoen eraikin zaharra, baita zenbait elementu erantsita ere, baina, ziur asko, ia erortzeko zorian zegoen. Duela gutxi, 1776ko obrei buruko dokumentuak eman izan dira ezagutzera, baita aztertu eta eraikin erromanikoen testigantza material garrantzitsuekin alderatu ere. Dokumentu horiei esker, jakin dezakegu zer-nolakoa zen Armentiako San Prudentzio elizaren jatorrizko itxura.43 

Estibaliz bezala, anbizio handiz -edo, agian, anbizio handiagoz- egindako eraikina zen, Arabako lurraldean eraikitako beste batzuekin alderatuta. Agian, XII. mendearen erdialdea baino lehenago hasi ziren tenplua eraikitzen. 1135eko dokumentu batean, Armentia kolegiata bat zela eta Arabako artxidiakono Pedrok agintzen zuela adierazten da. Hala ere, eraikin horren alde nagusia XII. mendeko bigarren erdialdekoa da, eta, agian, Calahorrako gotzain (1146-1190) Rodrigo de Cascanteren gotzaintzarekin lot daiteke. Burualdea egiten ari zirela, berriro pentsatu zituzten lanak, eta tailerra aldatu egin zuten; izan ere, absideko kapitelak -zakarrak eta herrikoiak- eta gainerako eskultura apainketa oso desberdinak dira. Orduan, tarte zuzen bat erantsi zuten, absideko arroa baino garaiagoa, baita garapen handiko gurutzadura protogotiko bat ere. Beraz, burualdea da atalik zaharrena, eta, agian, egile berriek egin zutena baino eraikin xumeago baterako proiektatu zuten. Aipatutako bi eraikuntza kanpainen ondoren, tenpluaren azken itxura hau izan zen: burualde erdizirkularra zuen, gurutzadura handia eta nabe bakarra. Tenplu osoa zegoen gangaz estalita, 1776ko zaharberritze lanen baldintzetatik ondoriozta daitekeenez; izan ere, baldintza horietan, tenplu zaharreko ganga eraisteko agindu zuten, eta horren ordez ertz gangak egiteko. Horrez gain, kanoi gangaz estali zuten nabea. Gurutzaduraren erdiko tartean, jatorri akitaniar nabariko zinborio bat zegoen (poituarra); kanpoaldean, lau dorre txiki erdizirkularrak zituen horrek -gaur egun ere ikus daitezke egungo estalkiaren azpian, jatorrizko estalkia baino altuago-, eta, barrualdean, berriz, gurutze ganga bat. Beraz, Dueroko eliza multzoaren antzekoa zen. Hona hemen multzo horretako zenbait eliza, Armentiakoaren garai berekoak, gutxi gorabehera: Zamorakoa (1151-1174), Salamancakoa (1152-1207) eta Torokoa (1160-1240). Ordena klunitarra Languedocetik edo Akitaniatik hedatu zen penintsulan, batik bat,44 eta, beraz, interesgarria da arkitektura mota horretako eraikinak Gaztela eta Leonen eta Frantziako mendebaldeko lurren arteko komunikazio bide naturalean izatea.

Bestalde, Armentian proposatutako eraikinaren ereduak Iratxekoaren antz handiak ditu, bai oinplanoan, bai gurutzaduran, bietan nabarmenduta baitago gurutzadura (Iratxen, angeluetan lau dorre dituen oktogono itxurako linterna baten bidez). Halaber, bi elizetan, oso antzekoak dira gangen hasierako Tetramorfoaren irudiak, eta hori behin eta berriz aipatu da bibliografian. Ikuspegi tipologikoaren aldetik, irudi horiek penintsulako erromanikoan (Jaca, Fromista) ondo finkatutako prototipo baten antzekoak dira.45 Bestalde, Armentiako eta Iratxeko eskultura hornidura Lizarrako San Miguel elizako lanen antzekoa da; horrek adierazten duenez, hargin talde berek edo, agian, prestakuntza bereko harginek lan egin zuten XII. mendearen amaieran edo XIII. mendearen hasieran, Armentiaren eta Lizarraren arteko lurraldean. Hargin horiek, agian, Gaztelan prestatu ziren. Gogoratu behar da Silosen desagertutako elizak, seguru asko, zinborio bat zuela -barrualdean, tronpen edo petxinen gaineko kupula batez osatua-, baita Iratxeko edo Lizarrako tenplukoen antzeko eskultura elementuak ere.46 Beste ikuspuntu batetik aztertuta, Lizarrako, Iratxeko eta Armentiako tenpluetako eskultura tradizioa Silosko klaustroko lanekin lotuta dago.47 Beraz, argi dago XII. mendearen amaieran Euskadiko eta Nafarroako eremuetan Gaztelako modernitate korronte eta joera protogotiko asko sartzen ari zirela.

Armentiako tenpluko sarrera nagusia hegoaldean zegoen, gurutzaduraren besoaren ondoan, XVIII. mendeko obrei buruzko dokumentuek aditzera eman dutenez. Orain arte, datu horrek zenbait iritzi sortu izan ditu.48 Sarrera horretan zeuden eskultura hondakin gehienak; gaur egun, atari zaharraren ordez egindako atarian sakabanatuta daude (zenbait iturrik egiaztatzen dute atari zahar hori bazegoela).49 Ohitura hispaniarraren arabera, atari horrek hilobi funtzioa zuen; hala adierazten dute lurrean aurkitutako hilobiek.50 Portadan ustez zeuden eskulturak -tinpanoko bildotsaz gain, Kristoren heriotzari eta pizkundeari buruzko lau erliebe, besteak beste-erreferentzi esparru egokia izango ziren hilobi funtzio horretarako.51 

Tenpluaren gaur egungo perimetroan, San Agustin ordenako kalonjeen klaustro guneetako zenbait gela daude; izan ere, ordena horrek ematen zuen zerbitzua Armentian. Gotzaintza labur baten egoitza izan zen Armentiako tenplua, IX. mendetik 1087ra arte; izan ere, 1181ean, Calahorrako gotzain Rodrigo de Cascantek "Episcopus Armentiensis" titulua zuen. Horrez gain, kolegiata ere izan zen, 1498ra arte, urte hartan eraman baitzuten egoitza Gasteizko Andre Mariara. Bi ezaugarri horiek aintzat hartuta, pentsa dezakegu Armentiako eraikinak izaera horri dagozkion elementuak izango zituela eta, horien artean, klaustroa egongo zela. Zaharberritze lan batzuei buruzko 1562ko dokumentu batean, "la claustra" aipatzen da. "La claustra" delako elementu horretan, prozesioak egiten zituzten, igandeetan eta jai nagusietan. Eta Juan de Urbina maisuari agindu zizkioten zaharberritze lan horiek, garai hartan klaustroa oso egoera txarrean baitzegoen.52 1772an, klaustroa eskuaira itxurako atari bikoitza zen, eta elizaren gorputzari atxikita zegoen; horrez gain, prozesioak egiteko erabiltzen jarraitzen zuten, eta erortzeko arriskuan zegoen. Hori dela eta, Gasteizko Andre Mariako kapituluak kezka agertu zuen; ordurako, eliza horretara eraman zuten kolegiata, eta horren mendean zegoen Armentia. 1775ean hartu zuten eraikinaren atal hori behin betiko eraisteko erabakia, eta apaizaren etxea egiteko eta kapituluak bere funtzioak egiteko areto bat prestatzeko aprobetxatu zuten.53 Aipatu dugun 1776ko dokumentuak aditzera ematen duenez, erortzeko zorian zegoen klaustro erromanikoaz gain, klaustroko zenbait gelaren hondarrak zeuden tenpluaren inguruko ipar-mendebaldeko eskuairan. Besteak beste, kapitulu gela bat zegoen, seguru asko; horren ordez, XVIII. mendeko obran, atariaren gaineko areto garaia egin zuten.

Armentian bezala, Estibalizen ere egon ziren atari bat eta klaustro bat, zaharberritze lanak egin aurretik. Olaguibelek egindako txostenaren arabera, portada barne hartzen zuen ataria 12,50 X 4 m-koa zen,54 eta hiru zutabe zituen aurrealdean. Landazurik, bestalde, klaustro bat zegoela adierazi zuen.55 Armentiari buruzko berrietatik ondoriozta daitekeenez, elizaren bi edo hiru aurrealde inguratzen zituen teilape bat izan zen atari hori, seguru asko, Euskadiko tenpluetako klaustroen ohiko itxura baitzen hori; izan ere, aztarna ugari geratu dira, baina zaila da horiek guztiak noizkoak diren zehaztea. Edonola ere, halaber, bi tenpluetako klaustro horiek benetako atariak izan daitezke, Gaztelako tenplu askotan iraun duten atarien modukoak. Armentiako tenpluan, zehazteke dago zer funtzio zuten bi zutabe bikoitzek; harroin eta kapitel ederrak dituzte, eta, egun, elizaren aurrean daude. Agian, atari bateko arkuei eusten zieten, Pedrazako Nuestra Señora de las Vegas ermitako atarian bezala, edo leku hurbilago batean, Canales de la Sierrako (Errioxa) San Cristobal ermitakoan. Armentiako bi euskarriek bezala, Pedraza edo Canalesko zutabe bikoitzek kanon laburra dute, ataria ixten duen horma altuan daudenez.

Emandako adibideez gain, Treviñoko San Vicentejo elizaren proportzioen edertasuna eta harmonia azpimarratu behar dira. Lurraldearen bitxitasun historiko eta eklesiastikoak direla eta, Burgosko erromanikoari buruzko azterketetan eta Arabako erromanikoari buruzkoetan aztertzen da eliza hori.56 Egun, ikertzaileek interes handia jartzen dute eraikin horretan, obra zaindua eta preziosista egiten saiatu baitziren. Hala adierazten dute eraikin horren arkitektura formek eta eskultura apainketak; adibidez, eskultura apainketari dagokionez, tenplu horrek oso kapitel ederrak ditu, ohiz kanpokoak inguru horretan, eta apartekoak, erromaniko hispaniarreko eremu zabalagoetan. Zalantzarik gabe, oso maila handiko maisu batek hartu behar izan zuen parte tenplu hori eraikitzen, ez baita batere ohikoa erromaniko landatarrean. Seguru asko, lana hasi zuen, baina, ondoren, beste lekuren batera joango zen; izan ere, absideko burualdean eta ahokaduran soilik ikus daiteke apainketa zaindua, eta nabeko gainerako apainketa euskarri lisoen bidez konponduta dago.

Bestalde, Treviñoko ermita oso eredu erraz eta orokortuko eraikina da; nabe batez eta abside erdizirkular batez osatuta dago, eta, absidearen aurrean, tarte zuzen bat du. Ermitaren kanpoaldean, paramentu artikulazio konplexua azpimarratu behar da. Paramentu kurbatuak dira, eta apainketa ugarikoak; apainketa horretan, dekorazio eta eraikuntza elementu ugari daude, eta, horren ondorioz, barrokismo handiko efektua lortzen da. Paramentu artikulazio hori osatzen duten baliabideen artean, aipatzekoak dira deskarga elementuak. Eta ugariak dira elementu horiek; goialdean, arku trilobatuak dituzte (Santiagokoen modukoak);57 arku trilobatuen azpian, arku beheratuak daude; eta, leihoak babesteko, arku zorrotzak daude. Elementu horiek ez dute euskarri funtzioa soilik; hots, konposizio gehiegitasun horrek absideko paramentuei eta eskultura zainduari eusten dieten euskarrien pilaketaren dekorazio ahalegin berari erantzuten dio. Paramentu horiek eta eskulturak absidearen efektu preziosista osatzen dute, eta, apainketari dagokionez, abside hori Menako haraneko San Lorenzo del Vallejokoaren mota berekoa da, baina zertxobait desberdina. Barrualdean, bi horma hobi daude, apainketa aberatsekoak. Horma hobi horiek Burgosko haraneko zenbait elementu gogorarazten dituzte; esaterako, Sionesko Santa Mariakoak.

Zer adierazten du eliza hori Condado de Treviñon egoteak? Alde batetik, Antso Jakitunak, Gaztelako Alfontso VIII.a adingabea zenean, garrantzi handia eman ziola lurralde horri. Portadaren barruko kontrahormaren inskripzioaren arabera, 1162 da eraikinaren eraikitze data. Baina testigantza materialen arabera, data hori baino askoz geroago eraiki zuten eliza; agian, Antso Azkarrak Treviño Gaztelako erregeari eman zion garaian, 1200ean. Gaztelako monarkek pribilegio eta mesede asko eman zizkioten hiribilduari XIII. mendean zehar, eta esan daiteke garai hartan amaitu zirela San Vicentejoren obrak eta orduan egin zituztela inguruko beste zenbait eliza; esaterako, Marquinezkoa eta, geroago, Treviñoko San Juan.58 Beste alde batetik, esan daiteke garai hartan Treviñok izan zuen goieneko une ekonomikoari zor zaiola eliza hori bertan egotea.59 Izan ere, Ebrora, Errioxara eta Kanpezura igarotzeko bidean zegoen, eta, horrez gain, kontuan izan behar da Gasteizko mendatetik Peñacerradara joaten ziren erromesen bideko etapa bat zela; Peñacerradatik, erromesak Errioxako bideetara iristen ziren, "Balcón de la Rioja" izeneko paisaia aparta zeharkatuta.

XIII. mendeko erromaniko herritarra

Egitura erromaniko ugari eraiki zituzten XIII. mendean zehar. Mende hartan, biztanle kopurua handitu egin zen; bereziki, Araban. Demografi hazkunde horren ondorioz, tenplu asko eraiki zituzten. Eraikin horiek egiteko, erromaniko beteko zenbait ezaugarri hartu zituzten, eta, beraz, XII. mendean zehar garatutako tenplu motaren oinarri sinplifikatua eredu praktikoa izan zen eta landako obra askotan erabili izan zen.

Tenplu asko garai erromanikoaren amaiera aldean eraiki zirenez, ohikoa zen eraikin horiei beste zenbait elementu eranstea; esate baterako, kanoi zorrotzeko estalkiak (zorroztasun hori garaipen arkuetan eta bao askotako profiletan erabili zen). Eskultura elementuak zakarrak eta herritarrak ziren, zenbait salbuespen nabarmenetan izan ezik, eta eskultura mota hori erromaniko inertzial horren ezaugarririk bereizgarriena da. Askotan, elementu erromaniko horiekin batera, estetika edo ikonografia gotikoari antzematen zaio, eta horrek argi eta garbi adierazten du tenplu erromaniko horiek oso berantiarrak direla.

Treviñoko lurraldean, Marquinezko ermitak burualde erdizirkularreko tenplu prototipoaren hedapena adierazten du; hori da erromaniko landatar hispaniarreko burualde motarik enblematikoena. Dekorazio elementuei dagokienez, San Vicentejo eliza baino soilagoa da, baina, hala ere, proportzio zuzenetako eraikin ederra da; proportzio horietan, erromanikoaren edertasun eta erritmo geometrikoak ikus daitezke, eta hori erromanikoa landa eremuetan hedatzen denean ere hauteman daiteke. Atari irtentzat sortu zuten Marquinezko ermitako portada, eta Artaizko San Martin gogorarazten du. Inskripzio interesgarri bat dago, baina oraindik ez da bertako informazio guztiz argitzerik izan; inskripzio horretan, 1226ko data eta hiru izen azaltzen dira: Calahorrako gotzain Juan Perez, Marquinezko Fortunio delako bat eta Garsias de Pangua, magistro in Armentia. Beraz, Marquinezko ermita adibide ona da forma erromanikoek garai berantiarretan iraun zutela egiaztatzeko.

Abside erdizirkularra duten elizen artean, bi adibide interesgarri daude ekialdeko lautadan: Gazeoko San Martin Toursekoa eta Alaizako Jasokundea elizak.60 Bi tenplu horietan, iraun egin du pintura apainketak; apainketa hori gotikoa da, baina horrelakorik ez duten eraikinek baino hobeto iradokitzen dute Erdi Aroko tenpluen jatorrizko efektua. Ziur asko, XIII. mende betean egin zituzten. Nabean eta presbiterioaren aurreko tartean, kanoi zorrotzeko gangak dituzte eliza horiek, eta presbiterioan, berriz, labe ganga.

Arabako erromaniko landatarraren adibide soilagoak burualde zuzeneko eraikinak dira. Askotan, hori da gangaz estalitako elementu bakarra eraikin horietan. Batzuetan, esan izan da burualde zuzeneko tenplu mota hori latitude horietako erromanikoaren elementu bereizgarria zela, penintsulako gainerako lekuetako erromanikoaren aurkakoa, baina hori ez da egia.61 Penintsulako gainerako lurraldeetan bezala, obra berantiarrak eta apalak dira, erromaniko inertzial baten adierazgarriak. Agian, zistertar ordenak hedatutako arkitekturaren nolabaiteko eragina du erromaniko inertzial horrek, eta kontuan izan behar da ordena hori oso garrantzitsua izan zela penintsulan. Tenpluak erromanikoaren azken garaian egin zituztenez, askotan dituzte konponbide gotikoak estalkietan, aipatu den moduan.

Hona hemen tenplu mota horren adibide onak: Areatza, Musitu, Birgara Goien eta Birgara Barrenako elizak (ekialdeko lautadan); Arluzea, Ascarza, Moraza eta Uzquianoko (Treviño) tenpluak; eta Koartangoko eliza guztiak, baina aipagarriak dira Gopegikoa, Ondategikoa, Urbina Basabekoa, Gorostizako San Pedro, Buruagakoa eta Goikoanakoa. Azken horien artean, bereziki interesgarria da Urbina Basabekoa; patroien dorrearekin batera, gorputz bat osatzen du.

Bizkaian ere badaude euskal erromaniko landatarraren adibide interesgarriak. Galdakaoko Andra Mari elizaz gain (ondoren azalduko dugu), hiru eraikinek soilik iraun dute osorik gaur egunera arte, eta horiek guztiek burualde angeluzuzena dute. Arrigorriagako Abrisketako San Pedro eliza -zenbait egileren arabera, XI. mendearen hasierakoa edo XII. mendearen amaierakoa62 - euskal erromaniko landatarrean aztarna prerromanikoek iraun izanaren adibide ona da. Beste daturik ezean, gaur egungo aztarnen arabera, ezin da data zehatzik adierazi. Alabaina, Barrio Lozak bezala, guk ere uste dugu eraikin hori bat datorrela erromaniko landatarraren bertsiorik herritarrenetakoekin. Tradizio prerromanikoko gaiak berrerabili edo kopiatu ziren; adibidez, bi gurutze eta zenbait ildaska zizelkatuta dituen leihatila (horiek meandro bat osatzen dute baoaren gainean, arku baten modukoa).63 

Bakioko San Pelaio eliza adibide garbia da, Euskadiko mendietako tolesturetan XII. mendearen amaieran eta XIII. mende betean sakabanatuta zeuden eliza asko nolakoak izango ziren jakiteko. Tenplu soilak ziren, baina anbizio handiz eginak, lur horien biztanle kopurua aintzat hartuta. Dena den, XIII. mendean zehar, biztanle kopurua handitu egingo zen. San Pelaio eliza txikia da, eta burualde angeluzuzena du, kanoi zorrotzeko gangaz estalia: Nabe bakarrekoa da, eta hori, jatorriz, zurezko armadura batez estalita zegoen. Monumentaltasun asmoz eraiki zuten tenplua; hori ondoriozta daiteke harri horma zainduari eta zizelkatutako zenbait elementuri erreparatuta. Hona hemen elementu horietako batzuk: absideko leihatila txaranbeldua eta burualdera igarotzeko garaipen arku bikoitzeko kapitelak. Eliza horretatik hurbil, Gaztelugatxeko San Joan ermita dago; 1053an, Iñigo Lopezek eta Toda Ortizez eman zioten ermita hori San Juan de la Peñako monasterioari. Bakioko San Pelaio eta Gaztelugatxeko San Joan tenpluek antzeko ezaugarriak dituzte, eta, horren arabera, Mundakako itsasadarretik gertuko eremu horretan erromaniko sinplifikatua hedatu zela ondoriozta daiteke. Seguru asko, Bermeon pilatuko zen garai hartako euskal kostaldeko merkantzien eta pertsonen itsas zirkulazio gehiena.

Bakiotik hurbil, Bizkaian osorik kontserbatutako hirugarren eliza erromanikoa dago. Zumetxagako San Miguel tenplua da; Jata mendiaren behealdean dago, Bakio eta Bilbao komunikatzen dituen bidean. Eraikin soila da, eta asko gogorarazten du San Pelaio. Burualdea kanoi zorrotzeko gangaz estalita dago, eta nabea, berriz, puntu erdiko kanoiko gangaz; horrez gain, nabeko tarteak bereizteko, garaipen arku zorrotz eta bikoitz bat dago. XII. mendean eraiki zutela esan da, baina ez dirudi datazio hori zuzena denik.64 Izan ere, beste eraikin batzuekin alderatuta -Arabakoekin, batez ere-,65 esan daiteke tenplu hori eta Bakiokoa XIII. mendearen hasierakoak direla, nahiz eta horietan erromaniko beteko zenbait motibo egon.

Formula gotikoen hedapena

Eremu horretako tenplu asko erromaniko berantiarrekoak direnez, ganga gotikoari eusteko pentsatutako pilareak erabili zituzten, asmo handiz egindako tenpluetan. Pilare horiek zutabe bikoitzekoak dira, eta ukondoak dituzte ojiben nerbioetan. Treviñoko San Joan eta Laguardiako Andre Maria tenpluetan daude horrelako pilareak. Bi tenplu horietan, Zangozako Santa Maria la Real elizako eta Tuterako katedraleko arkitektura planteamenduen eragina hauteman daiteke.66 Laguardiako San Joan elizako kanpo portadan, estilo une horrekin bat zetorren eskultura bat jarri zuten. Portada horretako Deikundea eta Lokartzea eskultura, Armentiako atariko eskulturekin batera, Arabako "1200eko artea" delakoaren eskultura joeren adierazgarririk onena da.67 

Aipatutako pilare eredu hori azkar hedatu zen Arabako lautadan zehar, eta, nolabait, tradizio erromanikoko arkitekturaren faserik berantiarrenen ezaugarrietako bat da. Pilare horiekin batera, gotikoaren zenbait berritasun erabili ziren; berritasun horiek, beste zenbait arlotan, aspalditik agertu ziren. Garai hartan, gurutze gangak orokortu egin ziren. Ezkerekotxako elizako burualde obalatua da horren adibiderik onena. XIII. mendearen amaieran egin zuten. Nerbioak erdiko giltzarri batean elkartzen dira, tarte laburra gurutze gangaz estalita dago, eta zutabe bikoitzeko arku toralak ditu, pilareei atxikita. Halaber, Tuestako eliza ere har daiteke adibidetzat; horretan, formula gotikoak erabili ziren, bai burualde poligonalaren oinplanoan, bai ganga eta pilareetan.

Bizkaian, Galdakaoko Andra Mari eliza da gotiko goiztiarraren formulak hartzeko prozesuaren adierazgarria. 1250 inguruan eraiki zuten, baina, jatorrizko eraikin horretatik, behealdeetako bi tarteak soilik geratzen dira. Burualdea Errenazimentuan zaharberritu zuten, eta, horren ondorioz, Bizkaiko lehen gotikoaren adibide on bat galdu zen. Eliza horretako portadan, argi eta garbi ikus daiteke ezaugarri erromanikoak eta espiritu gotikoa uztartu egin zirela. Portadan ez ezik, eraikinaren egituran ere ikus daiteke hori.

Horrekin batera, abside poligonalak hedatu ziren erromaniko landatarrean. Horrelako zenbait egin izan zituzten erromaniko betean -esaterako, muturretako kapera erradialak, Santiagon-, baina, berez, kronologia berantiarreko adierazgarriak dira, bai Bizkaian, bai beste leku batzuetan.68 Antolamenduari dagokionez, dekorazio egitura eta eredu erromanikoek iraun dute abside mota horretan, eredu gotiko berriekin batera; esate baterako, Tuestako eta Huetoko (Araba) absideetan eta Miranda de Ebroko San Nicolas elizako absidean.

Beraz, arkitekturari dagokionez, XIII. mendeko egoera konplexu samarra zen, zenbait korronte eta formula erabili baitziren batera. Hala ere, hori oso normala zen; alde batetik, erromaniko betea berandu sartu zelako euskal lurraldeetan, eta, beste batetik, garrantzi guneetatik urrun zeudenez, marjinazio egoeran zeudelako, penintsulako beste leku batzuk bezala. Horren ondorioz, erromaniko inertzialak iraun egin zuen leku horietan. XIII. mende betean ere, Araban beste bi lurraldeetan baino eraikin gehiago egin ziren. Kostaldean, berriz, monumentu eraikinak soil eta arkaiko samarrak ziren, Santiago bidearen egituraketak sortutako baldintzen ondorioz; izan ere, Santiago bidearen ibilbideak mesede handia egin zien barrualdeko hiriei, kostaldeko hirien kalterako, eta egoera horrek luze iraun zuen. Garai hartan kostaldean sortutako hiribilduek (Getaria eta Mutriku, 1209an; Hondarribia, 1203an; eta Bermeo eta Zarautz, 1236an) ez zuten ahalmen ekonomikorik izan, eki-mendebaldeko ardatzak pixkanaka garrantzia galtzean eta ipar-hegoaldeko ardatzak gora egitean sortutako egoera berriari etekina ateratzeko. Barrualdeko hiriek kontrolatu zuten merkantzien zirkulazioa, eta eraikinak egiteko erabili zuten horri esker lortutako etekin ekonomikoaren zati bat.69 

Hondar erromanikoak

Azterketa honetan, osorik iraun duten eraikinak hartu ditugu kontuan. Alabaina, horiekin batera, Araban zehar sakabanatutako zenbait elizak jatorrizko eraikin erromanikoaren aztarna handiei eutsi izan diete, nahiz eta horietan berreraikitze lanak izan diren. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, elementu ugarik iraun dute; bereziki, kapitelek eta portadek. Askotan, geroago egindako eraikinetan erabili izan dira. Beraz, pentsa dezakegu garai hartako eraikin asko desagertu egin direla; izan ere, iraun izan balute, eliza erromanikoen egungo egoera oso bestelakoa izango litzateke gaur egun. Esaterako, Bilbaoko Arkeologia Museoan dagoen Santurtziko tinpanoak adierazten digunez, Ibaizabal itsasadarraren bokalearen ondoko leku horretan, tenplu erromaniko bat zegoen; horrez gain, antza denez, Bilbao fundatu aurretik, Santurtzik nolabaiteko garrantzia izan zuen. Besteak beste, Fruiz, Gautegiz Arteaga, Artzentales, Lemoiz eta Iurretako portadak, Barrika eta Lemoizko leihoak eta Mungia, Getxo eta Maruriko kapitelak Bizkaiko erromanikoko eraikinetakoak ziren. Eraikin horiek desagertuta daude, ordea; iraun izan balute, gaur egun gehiago jakingo genuke Bizkaiko erromanikoari buruz.

Gipuzkoako egoera atsekabegarria da. Egun, ez dago osorik iraun duen eraikinik, baina, XIII. mendean, egoera oso desberdina zen. Oso aztarna gutxi geratzen dira, baina, horiek aintzat hartuta, erromaniko landatarreko elizak eraiki zirela ondoriozta dezakegu, eta erromaniko landatar hori oso inertziala eta berantiarra izan zela. Hona hemen aztarna horietako batzuk: Ugarteko Andra Mariko portada bat, profil zuzeneko molduraduna; Hernaniko portada bat, baketoi lauduna; edikulu bat eta bi leiho (berriro erabiliak, Aretxabaletako kanpai horman eta Bedoñako Santa Eulalian, hurrenez hurren); eta baptisterioan sartzeko portada, Tolosako Santa Marian. Tolosako San Migel elizako portada, berriz, iragaite eraikin batekoa izan zen, seguru asko. Hala ematen du aditzera kanpoko arkiboltako arku multzoak, Oliteko San Pedroko portadaren antzekoa.

Ondorioa

Behin eta berriz adierazi dugun bezala,70 euskal lurraldean gune handirik ez zegoenez, ez zuten monumentu garrantzitsurik egin. Beraz, euskal lurraldeetako erromanikoa marjinala izan zen, zenbait kasutan izan ezik. Hala ere, horrek ez du esan nahi erromaniko hori ez denik interesgarria. Izan ere, erromaniko landatarreko zenbait monumentu aparta eta eraikin asko daude, beste leku askotan bezala; beraz, antzeko egoeran daude. Bestalde, eraikin horietako asko berantiarrak dira, baina hori ez da horien garrantzia gutxiagotzeko arrazoirik. Aitzitik, horrek erakargarriago egiten du eraikin multzo hori. Horrez gain, eraikin multzo horri erreparatuta -hots, aldi berean korronte asko erabili zirela eta hedapen garaietan monumentu laginek asimilazio ahalmen handia izan zutela-, gai gara Erdi Aroko arteak euskal lurraldeetan eta beste hainbat lekutan izandako bilakaera konplexuak azaltzeko.

XIII. mendean eta, batik bat, XIV., XV. eta XVI. mendeetan, hiribildu asko sortu ziren kostaldean. Horren ondorioz, kostaldeko eraikin asko desagertu egin ziren, horien ordez beste batzuk eraiki zirelako. Edonola ere, Arabako hondar erromaniko ugariek eta Bizkaiko erromaniko landatarraren konplexutasunak -baita Gipuzkoako erromanikoak oraindik ere sorrarazten dituen zalantzek ere- nahikoak izan beharko lukete Euskadiko erromanikoari buruzko ikerketa gehiago bultzatzeko, baita, ikerketa horien bidez, erromaniko horren aberastasuna ezagutarazteko eta horren ezaugarrietan sakontzeko ere.

Oharrak

  • 1. Abiapuntu hori Jose AMADOR DE LOS RIOSen "Estudios monumentales y arqueológicos. Las provincias Vascongadas" artikuluak zehazten du. Revista de España aldizkarian argitaratu zen, 1871n. Horren ondoren, "La basílica de San Andrés de Armentia y la iglesia de Santa María de Estíbaliz (Álava)" artikulua argitaratu zuen, "Museo Español de Antigüedades" delakoan, 1872an; VII, 383. or. eta hurrengoak. Horren aurretik, kronikariek, entziklopedistek eta bidaiariek Euskadiko monumentu erromanikoei buruzko lehen datuak jaso zituzten beren obretan; hona hemen horietako zenbait: IBAÑEZ DE ECHAVARRI, LANDAZURI, MADOZ eta BECERRO DE BENGOA. XX. mendeko lehen laurdenean zehar, eta ibilaldi elkarteen babesean, Amador de los Riosek hasitako lanarekin beste batzuek jarraitu zuten; besteak beste, Antonio PIRALAk, JUSTIk, Pedro VAZQUEZk, Felix LOPEZ DEL VALLADOk, Carmelo ECHEGARAYk, RUIZ DE LARRINAGAk, Serapio HUICIk, Ignacio LLERAk eta Angel de APRAIZek. Horiek eman zuten euskal probintzietako hondar erromanikoak katalogatzeko oinarria.
  • 2. Bizkaiari buruz, lan hauek hartu behar dira kontuan: Juan Antonio GAYA NUÑO, "El románico en la provincia de Vizcaya", in Archivo Español de Arte , 1944 (probintzia mailako lehen ikerketa); Jose Angel BARRIO LOZA, La arquitectura románica vizcaína (Bilbao, 1979); eta Ramon LOPEZ DOMECH, El románico en Vizcaya , Bilbao, 1985. Arabako erromanikoari buruz: Angel de APRAIZ, "EL románico en Álava", in Euskal Erria , LXV, 1911; Micaela PORTILLA, "El románico y el protogótico en Álava", in Álava en sus manos , Gasteiz, 1984, 46.-72. or.; eta J.J. LOPEZ DE OCARIZ eta Felicitas MARTINEZ DE SALINAS, "Arte Prerrománico y románico en Álava", in Eusko Ikaskuntza , 5, 1988, 17.-73. or. Gipuzkoako hondar erromanikoak sistematizatzeko saioak, berriz, hauek dira: Juan SAN MARTIN, "En torno a los testimonios del arte románico en Eibar con algunas consideraciones en torno al camino de Santiago", in Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País , 1969; eta Manuel de LEKUONA, "El románico en Guipúzcoa", in Idazlan Gustiak , 3, Gasteiz, 1978, 157.-171. or. Azken horrena da Euskadiko Erdi Aroko arteari buruzko lehen ikerketa saioa: "El arte medieval en el País Vasco", in Cultura Vasca , II, Donostia, 1978. Ikerketa horretaz gain, beste bi ikerketa orokor daude: alde batetik, Kosme Maria DE BARAÑANO, Javier GONZALEZ DE DURANA eta Jon JUARISTI ikerlariek Euskadiko arteari buruzko lanean arte erromanikoa aztertzeko eskainitako atal laburra -planteamendu orokor interesgarrikoa- eta, beste batetik, Eusko Jaurlaritzaren babespean argitaratutako dibulgazio liburua; horretan, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Zuberoako erromanikoko monumenturik garrantzitsuenak bildu zituzten zenbait ikerlarik (M. P. AYESA, I. ESNAOLA, J. GIL MASSA, J. GONZALEZ DE DURANA, J. J. LOPEZ DE OCARIZ, K. M. DE BARAÑANO, F. MARTINEZ DE SALINAS, Euskal Artearen Historia, Erromanikoa , Donostia, 1990). Lur argitaletxeak 1987an argitaratutako "Euskaldunak" entziklopedia handian Erdi Aroko artea aztertzen duen liburukia ere dibulgaziozkoa da. Lan izugarri hori argitaldari talde batek egin duela azaltzen da, baina ez zeinek osatu zuten talde hori. Nahiz eta zenbait datu artistiko eta historiko okerrak izan, aipatu behar da erromanikoari buruzko atalaren meritu nagusia zein den: euskal obra erromanikoak sistematizatzen saiatzea.
  • 3. Nafarroako erromanikoari buruzko historiografia zabalaren adierazgarri, hona hemen oinarrizko egile eta obra espezifiko batzuk: Pedro de MADRAZO, España, sus monumentos y artes, su naturaleza e historia, Navarra y Logroño , 3 lib., Bartzelona, 1886. IDEM, "La iglesia de Santa María la Real de Sangüesa", B.A.S.F., 1889, 122. or. eta hurrengoak. Leopoldo TORRES BALBAS, "Acta de incautación de monumentos de Navarra de la iglesia de Santa María la Real de Sangüesa", B.A.S.F., 1890, 94. or. eta hurrengoak. IDEM, "La catedral románica de Pamplona", A.E.A.A., 2, 1926, 153. or. eta hurrengoak. Serapio HUICI, "Arquitectura navarra: la iglesia de Gazolaz", Argua, V, 1923, 32.-35. or. IDEM, "Iglesia de templarios de Torres del Rio", Argua, 1923, 253. or. O. LARUMBE, La catedral de Pamplona , B.C.M.N., 1928, 91. or. eta hurrengoak. Elias LAMBERT, "Les chapelles octogonales d'Eunate et de Torres del Rio", in Henri Basset memoriala, Paris, 1928. IDEM, "La catedral de Pamplona", Ppe. de Viana , 1951, 9. or. eta hurrengoak. J.M. LACARRA, "La catedral románica de Pamplona: nuevos documentos", A.E.A., 1931, 1. or. eta hurrengoak. J.M. LACARRA eta J. GUDIOL, El primer románico de Navarra , Ppe. de Viana , 1944, 221. or. eta hurrengoak. 73.-86. or. T. BIURRUN Y SOTIL, El arte románico en Navarra , Iruña, 1936. J.E. URANGA, "Notas críticas. El románico de Leyre", Ppe. de Viana , 1942, 354. or. eta hurrengoak. IDEM, Arte Medieval Navarro, 3 lib., Iruña, 1973. GUDIOL, J., "El primer románico en Navarra", Ppe de Viana , 16, 1944, 221. or. eta hurrengoak. YARNOZ, J., Las iglesias octogonales de Navarra", Ppe. de Viana , 21, 1945, 515. or. eta hurrengoak. Antonio UBIETO ARTETA, "La fecha de construcción del claustro románico de Pamplona", Ppe, de Viana , 1950, 77. or. eta hurrengoak. E. TYRELL, "Historia de la arquitectura románica del monasterio de San Salvador de Leyre", Ppe de Viana , 72.-73, 1958, 305. or. eta hurrengoak. G. GAILLARD, "La sculpture Navarre du XIéme siécle avant l'influence des pèlerinages", Ppe. de Viana , 1956, 121. or. eta hurrengoak. IDEM, "Cluny et Espagne dans l'art roman du XIéme siécle", Bull. Hispanique , 1961, 153. or. eta hurrengoak. René CROZET, "Recherches sur la sculpture romane en Navarre et en Aragon", in Cahiers de Civilization Médiévale , 1959-1962. C.M. LOPEZ, Leyre, Historia, Arqueología, Leyenda , Iruña, 1962. Luis Maria de LOJENDIO, Navarre Romane, La pierre-qui-vire , 1967. Jacques LACOSTE, "San Miguel de Estella", in Homenaje a José María Lacarra , V, Zaragoza, 1977, 101.-132. or. Maria Concepcion GARCIA GAINZA eta al., Catálogo Monumental de Navarra , zenbait liburuki, Iruña, 1982tik. Maria Luisa MELERO MONEO, La escultura románica de Tudela y su continuación , Bellaterra, 1988.
  • 4. APRAIZ, A, op. cit., 1911.
  • 5. GAYA NUÑO, J.A., op. cit., 1944.
  • 6.  Gasteizko elizbarrutiko monumentuen katalagoa , 6 lib., Gasteiz, 1967-1995. Bizkaiko katalogazioa Javier IBARRAk egin zuen, 1958an: Catálogo de Monumentos de Vizcaya (Bilbao, 1958). Obra hori berrikusi egin behar da. Gainerako egileei buruzko datuak izateko, jo 1. oharrera.
  • 7. Jose Maria de AZCARATE, "Basílicas de Armentia y Estíbaliz", in Monumentuen katalogoa , IV. liburukia, La llanada alavesa occidental, 99.-129. or. Artikulu hori monumentu horiek aztertu izan ditugun ikertzaile guztion abiapuntua izan da. Hona hemen egile horiek: Jose EGUIA Y LOPEZ DE SABANDO, "Elucubraciones en torno a la basílica de San Prudencio (Álava), Programa de fiestas de San Prudencio", Gasteiz, 1984ko apirila. Dulce OCON, "El tímpano del cordero de la Basílica de Armentia", in La Formación de Álava . 650 aniversario del Pacto de Arriaga (1332-1982), Gasteiz, 1985, II. liburukia,.794.-796. or. IDEM, "La primitiva portada de San Andrés de Armentia (Álava): Datos documentales", Kobie (Bellas Artes saila), IX, 167.-180. or. Margarita RUIZ MALDONADO, Escultura románica alavesa: El foco de Armentia , Bilbao, 1991. J.J. LOPEZ DE OCARIZ, Mirari, un pueblo al encuentro del arte . Amarica aretoko erakusketa katalogoa, 1989ko abendua - 1990eko urtarrila, Gasteiz, 1990, 152. or. IDEM, "Un ejemplo originario de Armentia sobre la "formosa deformitas" de San Bernardo", in Lecturas de Historia del Arte , II, 1990, 227. or. eta hurrengoak. IDEM, "El temor al infierno hacia 1200. Análisis iconográfico de la Anastasis de Armentia", in II Curso de Cultura Medieval , Seminario Alfonso VIII y su época, Aguilar de Campoo, Centro de Estudios del Románico, 1992 (1990), 253.-269. or. J.M. AZCARATE, "El protogótico alavés", in Vitoria en la Edad Media , Gasteiz, 1982, 43.-51. or.
  • 8. Monarka horri dagokionez, oraindik ere nahitaezkoa da Fr. Justo PEREZ DE URBELen lana: Sancho "el Mayor" de Navarra , Madril, 1950.
  • 9. Historiagile asko agertu dira iritzi horren alde; besteak beste: Ramon MENENDEZ PIDAL, Historia de España Ramon Menendez Pidal obrako VI. liburukiaren hitzaurrea, Madril, 1956, XLV. Fr. Justo PEREZ DE URBELek iradokitzen duenez, Akitaniako Gilermo Handia Santiagora joaten zenean haren lekualdaketak errazteko pentsatu zuten ibilbide berria; izan ere, adiskidetasun harreman ona zuen Iruñako erregearekin. Hala ere, onartzen da ibilbide berria errege horren ondorengoen garaian finkatu zela -hau da, Gaztelako Alfontso VI.a eta Aragoiko Antso Ramirez erregeen garaian- eta orduan hasi zirela profil monumentalak egiten.
  • 10. Goiz Erdi Aroko kronika gehienak bat datoz horretan: bai Silosko kronika, bai Najerako kronika, baita Rodako kodizeko testu nafarrak ere. "pervia Álavae peregrini declinaban timore maurorum" esaldia kronika horietan guztietan ageri da. Ikus Pablo ARRIBAS BRIONES, El camino de Santiago en Álava , Gasteiz, 1964; M. PORTILLA, Una ruta europea. Por Álava, a Compostela. Del paso de San Adrián al Ebro , Gasteiz, 1991, 3. or. eta hurrengoak; eta VAZQUEZ DE PARGA, LACARRA eta URIA ikertzaileen ikerketa klasikoa: Las peregrinaciones a Santiago de Compostela , C.S.I.C., 1948.
  • 11. Joaquin YARZA, Arte y arquitectura en España 500-1250 , Madril, 1979, 160. or.
  • 12. Ibidem.
  • 13. Fr. Justo PEREZ DE URBEL, Sancho "el Mayor" ¿ op. cit. Luis Garcia de VALDEAVELLANO, Historia de España , I, Madril, 1973 (5. argitaraldia), 266. or.
  • 14. MENENDEZ PIDALek, PEREZ DE URBELek eta Ricardo DEL ARCOk 1025eko udaberrian gertatu zela diote, in Historia de España Ramon Menendez Pidal, VI. liburukia, op. cit., Hitzaurreko XLV. or., 326. eta 381. or. hurrenez hurren (obra honetan dokumentatua: MAGALLON, Colección Diplomática de San Juan de la Peña , Rev. de Arch. Bibliotecas y Museos, 1903-1904, 112. eta 116. or.). Ordena klunitarraren mugimendu berritzailea sartzen ari zenez, Antso Handiak Paterno fraidea bidali zuen Borgoinako monasteriora. Itzuli zenean, San Juan de la Peñako monasterioaren ardura eman zion, eta hark aholkatuta zaharberritu zen Leyreko monasterioa. R. DEL ARCO, op. cit., 381. or.
  • 15. Dakigunez, San Juan de la Peñako beste dokumentu baten arabera, 1071ko martxoaren 12an sartu zen liturgia gregoriarra Aragoiko eta Nafarroako erresumetan ( Crónica de San Juan de la Peña , Tomas Ximenez de Embrunen argitalpena, 51. or.). Olivan Bayle, Los monasterios de San Juan de la Peña y Santa Cruz de la Serós , Zaragoza, 1973, 76. or. Aldi berean, San Juan de la Peñako San Juliani eta Santa Basilisari sagaratutako oratorioa eman zitzaion doahintzan ordena klunitarrarari eta horren abade Aquilinori.
  • 16. Jacako katedralaren eraikitze datari dagokionez, ez dirudi herri horrek civitas maila lortu aurrekoa denik, eta hori, Ubietoren arabera, 1077an gertatu zen; alde batetik, dokumentuan Antso Ramirez zelako iruindarren erregea, eta, beste batetik, urte hartako dokumentuetan deitu zitzaielako lehen aldiz Aragaoiko gotzainei "episcopus in Iacca". A. UBIETO, "La catedral románica de Jaca, problemas de cronología", in Pirineos , 1961-62, 134.-137. or. Egile berarena, "El románico de la catedral jaquesa y su cronología", in Ppe de Viana , XXV, 1964, 187.-195. or. Obren zatirik handiena 1098an egin zen, seguru asko; izan ere, urte hartan eraman zuten gotzain hiria Huescara.
  • 17. Jakin badakigu Iruñan zegoela, Iruñako katedraleko Liburu Biribileko zenbait dokumentutan adierazten baita. Dokumentu horietan, maisu horri zenbait etxe eta mahasti eman zitzaizkiola egiaztatzen da. Ikus J.M. LACARRA, "La catedral románica de Pamplona. Nuevos documentos", Arch. Esp. de Arte y Arqueología , 19, 1931, 1.-86. or.
  • 18. Liburu Biribileko dokumentuen arabera, UBIETOk argitaratuak. Data horiek Lacarrak emandako datuak ere berresten dituzte; op. cit., eskaintza: 1124, sagarapena:1127. LACARRAk fatxadaren hondarrak 1120 ingurukoak izan daitezkeela dio, eta klaustroarenak, berriz, 1140 ingurukoak.
  • 19. Bizkaian, hirurogeita hamar gune baino gehiago ziren; MAÑARICUA, op. cit., 173. or. Arabari dagokionez, "Reja de San Millán" delakoaren dokumentuak azaltzen duenez -hots, Fernan Gonzalez kondearen botoa adierazten duenak-, monasterio emilianotarrak, beste ondasunen artean, erlijio gune ugari zituen Arabako lurraldean, baita Aiarako haraneko hiribilduak ere. XI. mendearen amaieran, Pedro Calahorrako gotzainaren eta Aiarako haraneko biztanleen arteko hitzarmenean, 11 eliza eta monasterio aipatzen dira: Añes, Kexaa, Perea, Respaldiza, Murga, Olabezar, Amurrio, Orue, Derendano (Saratxo), Mariaka (Amurrioko auzo bat), Obaldia (gaur Madaria). "Voto de San Millán" dokumentuaren arabera -seguru asko, XIII. mendekoa da, baina XI. mendeko egoera islatzen du-, Treviñoko hogeita hamabost herrik ordaintzen zioten zerga monasterio horri, eta horrek adierazten du monasterio emilianotar horrek sustrai sakonak zituela euskal lurraldeetan.
  • 20. Ikus Bizkaiko kasurako: Jose Angel GARCIA DE CORTAZAR, La sociedad rural en la España Medieval , Madril, 1988, 18. or.; J.A. GARCIA DE CORTAZAR eta C. DIEZ HERRERO, La formación de la sociedad hispanocristiana del Cantábrico al Ebro en los siglos VIII al XI: Planteamiento de una hipótesis de análisis del caso de Liébana, Asturias de Santillana y Trasmiera , Santander, 1982.; eta J.A. GARCIA DE CORTAZAR, B. ARIZAGA, M.L. RIOS eta I. DEL VAL, Vizcaya en la Edad Media , Donostia, 1985, I, 33.-34. or.
  • 21. Tenplu horiei buruz, ikus: I. GARCIA CAMINO, J.M. GONZALEZ CEMBELLIN eta A. SANTANA EZQUERRA, "La arquitectura perrománica vizcaína", in Kobie , Bellas Artes saila, IV, 1987, 7.-37. or. Bi egitura dira: bata, 6,5 X 4,5 m-koa (Cerrada de Ranes), eta bestea, 4,2 X 3,1 m-koa (Momoitio). Lehenengoa X. mendeko azken urteetakoa izan daiteke -baina ez dago erabat ziur jakiterik-, eta bigarrena, berriz, XI. mendekoa. Momoitiokoak ertz indartuak ditu, atal landuagoen bidez.
  • 22. Ignacio BARANDIARAN, "Excavaciones en la iglesia de San Andrés de Astigarribia (Motrico, Guipúzcoa)", in Noticiero Arqueológico Hispano , XV, Madril, 1971, 189.-217. or. San Millan de la Cogollako 1086ko dokumentu batek eliza hori Errioxako monasterioari eman zitzaiola jasotzen du.
  • 23. I. GARCIA CAMINO, J.M. GONZALEZ CEMBELLIN eta A. SANTANA EZQUERRA, "El mozarabismo periférico", in I Curso de Cultura medieval , Aguilar de Campoo, 1989ko urria, Aguilar de Campoo, 1991, 115.-121. or. Hona hemen eliza horien zerrenda: Cambako San Juan, Reza a Vellako Santa Catalina, Mosteiro de Eireko San Miguel, Ambiako Santa Eufemia eta Berredoko Santa Eulalia, Galizian; Barcenako San Miguel, Pillarnoko Santa Maria eta Salasko San Martin, Asturiasen; Lebeñako San Andres, Kantabrian; Navamue-koa, Palentzian; Castro de Lastrakoa, Zalduendoko San Julian eta Hermuako San Martin, Araban; Ujuekoa, Nafarroan.
  • 24. Bide horri dagokionez, esan daiteke XI. eta XII. mendeetatik erabiltzen zela, aurkitutako Antso Peñalengoa, Antso Ramirez eta Alfontso VI.a erregeen txanponek adierazten dutenez. Ikus M. PORTILLA. Una ruta Europea, por Álava, a Compostela ¿ >op. cit., 35. or.
  • 25. Ikus M. PORTILLA, Torres y casas fuertes en Álava , Gasteiz, 1980. J.A. GARCIA DE CORTAZAR, B. ARIZAGA, M.L. RIOS eta I. DEL VAL, Vizcaya en la Edad Media , op. cit.
  • 26. XI. mendearen amaieran, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko egungo probintzietako lurraldea zenbait elizbarrutitan banatuta zegoen. Hona hemen nola zeuden banatuta lurraldeak: Iruñako elizbarrutian, Deba eta Urumea ibaien arteko Gipuzkoako lurraldea; Calahorrakoan, Arabaren eta Bizkaiaren zati handi bat; Baionakoan, Deba eta Urumea ibaien arteko lurraldea; eta Burgoskoan, Enkarterriak eta Valdegovia. A, MAÑARICUA, Obispados de Álava, Guipúzcoa y Vizcaya hasta fines del siglo XI , Gasteiz, 1964.
  • 27. Arabari dagokionez, San Millango eta Najerako monasterioek eragin handia izan zuten, San Juan de la Peñakoarekin batera. 1060an, San Juan de la Peñako monasterioak Ulakoa (Araba) anexionatu zuen; 1062an, Iratxekoak, Santa Engraziakoa (Araba); eta 1075ean, San Millangoak, Langreizko Santiagokoa. 1114an, Santa Zezilia eta Obaldiako (Gaur Madaria) San Klemente monasterioak San Millangoari eman zitzaizkion dohaintzan. 1192an, Alfontso VIII.ak Arbiletako (Orduñatik gertukoa) San Klemente eman zion San Millango monasterioari. Assa (Arabako Errioxa) Najerako priorrerria izan zen, XI. mendearen erdialdera arte. Bestalde, Oñako monasterioak oso eragin handia izan zuen, Enkarterrietan, bereziki. San Millangoak Bizkaian izan zuen, eta, Gipuzkoan, berriz, Leyrekoak eta San Juan de la Peñakoak.
  • 28. M. TORRES eta R. PRIETO, Instituciones económicas, sociales y político-administrativas de la Península Ibérica durante los siglos V, VI y VII, in Historia de España Ramon Menendez Pidal, III. liburukia, La España visigoda, Madril, 1940, 305., 306. eta 323. or. Halaber, Manuel TORRES LOPEZ, "La doctrina de las iglesia propias", in Anuario del derecho en España , 2, 1925; "El origen de las iglesia propias", in Anuario de Historia del Derecho en España , 5, 1929, 83.-217. or.; R. PRIETO BANCES, "Unas palabras sobre la iglesia propia", in Revista portuguesa de historia , 4, 1949, I. liburukia, 155.-168. or.; Ramon BIDAGOR, La iglesia propia en España. Estudio histórico canónico , Roma, 1933.; Claudio SANCHEZ ALBORNOZ, La España Cristiana de los siglos VIII al XI , I. lib.: El reino astur-leonés (722-1037); "Sociedad, economía, gobierno, cultura y vida", in Historia de España Ramon Menendez Pidal, VII. liburukia, Madril, 1980, 597.-598. or, 602. or. eta 608.-609. or. Ohitura horrek euskal probintzietan izandako iraunkortasunari buruz, LOPE GARCIA DE SALAZAR, Las Bienandanças e Fortunas que escribió Lope García de Salazar estando preso en la su torre de Sant Martín de Muñatones (XV. mendea), faksimile-edizioa, Madril (Maximiliano Camaron), 1884, X. liburukia, XCVII. orrialdea.
  • 29. Micaela PORTILLA, Monumentuen katalogoa , VI. liburukia, 1988, 27. or. eta 48. eta 49. oharrak.
  • 30. P. LOPEZ DE AYALA, Crónica de D. Juan I de Castilla y León , B.A.E., LXVIII, XI. kapitulua, hamabigarren urtea, 138. or. eta hurrengoak.
  • 31. Gregorio de BALPARDA, Historia crítica de Vizcaya y sus fueros , Madril, 1925. Estanislao Jaime de LABAYRU, Historia general del señorío de Bizcaya , Bilbao, 1968. Federico de ZABALA, Historia del pueblo vasco , Donostia, 1971. Martin de UGALDE, Síntesis de la historia del País Vasco , Madril, 1974. Andres MAÑARICUA, Álava, Guipúzcoa y Vizcaya a la luz de su historia , Bilbao, 1977. J.A. GARCIA DE CORTAZAR eta al., Introducción al a historia medieval de Álava, Guipúzcoa y Vizcaya en sus textos , Donostia, 1979. F. GARCIA DE CORTAZAR eta M. MONTERO Historia de Vizcaya , I, Donostia, 1980.
  • 32. Gai horri buruz: Julio GONZALEZ, El reino de Castilla en la época de Alfonso VIII , Madril, 1960, I, 792.-864. or.
  • 33. Tahulleko San Klemente 1123an sagaratu zutela jasota dagoen arren, YARZAk uste du eliza data hori baino lehenago zegoela amaituta. Arte y Arquitectura en España 500-1250 , Madril, 1979, 219. or.
  • 34. Urueñako Santa Maria tenpluari buruz, Isidro BANGO, El románico en España , Madril, 1992, 222. or. eta hurrengoak.
  • 35. Santa Maria gaztelu dorrea abadia dorretzat hartzen jarraitzen dute Laguardian. Dorre horren eta elizaren artean dagoen ur tangari ere horrela deitzen diote. E. ENCISO eta J. CANTERA, Gasteizko elizbarrutiko monumentuen katalogoa , I. liburukia, 69., 85. eta 98. or.
  • 36. Antonio Momplet-ek egindako ikerketa tipologikoan jakinarazten denez, Gaztelako eliza erromanikoen erdiek baino gutxiagok dute nabea gangaz estalita; hain zuzen ere, %40k, gutxi gorabehera. A. MOMPLET MINGUEZ, Tipología de la iglesia románica en Castilla , Ed. de la Universidad Complutense, Madril, 1988, I, 133. or. Eta gauza bera gertatzen da Leonen: A. MOMPLET. "La arquitectura románica", in Historia del Arte en Castilla y León , Colegio de España Salamanca, 1995, 25. or.
  • 37. Eskultura apainketari eta horren ikerketari buruz, ikus Agustin GOMEZ GOMEZ, "La ermita de Santa María de Tobera: una manifestación del románico rural en Álava", Kobie , VI, 1989, 269.-276. or.
  • 38. Armentiako eta Estibalizko tenpluen izaera protogotikoari buruz, J.M. AZCARATE, op. cit.,1982.
  • 39. Estibalizen monasterio bat eta tenplu bat zeudela adierazten duen lehen datua 1074koa da. Urte hartako apirilaren 12an, Alvaro Gonzalez de Guineak elizako eskuinaldeko aldarea eman zion dohaintzan San Millan de la Cogollako monasterioari. Luciano SERRANO, Cartulario de San Millán de la Cogolla , Madril, 1930, 218. or., eta A. UBIETO, Cartulario de San Millán de la Cogolla , Valentzia, 1976, 389. or. Hala ere, ezin da ondorioztatu zer-nolako eraikinetan egon zitekeen aldare hori. Najerako priorreriaren bidez Estibalizko tenplua ordena klunitarrarekin lotuta zegoela adierazten duen 1138ko dokumentua Archivo Histórico Nacional delakoan dago, Órdenes monásticas atalean, Aperregui, paper sorta, 689. or., eta obra hauetan jasota dago: J.J. LANDAZURI, Historia general de Álava , Gasteiz, 1797 (Bilbao, 1973), III, 162.-163. or.; eta M. NUÑEZ DE CEPEDA, El santuario de la Santísima Virgen de Estíbaliz , El Escorial, 1931, 563. or.
  • 40. Horietako garrantzitsuena Udalak eta Arabako Foru Aldundiak egin zuten, 1904an.
  • 41. Izan ere, iparraldeko lurralde horiek izan zuten lehentasuna Alfontso VIII.aren garaian. Horren adierazgarri, birpopulaketa eta hiribilduen sorrera ditugu. Besteak beste, hiribildu hauek sortu ziren: Castro Urdiales (1192), Santander (1187), Laredo eta Santillana (1201).
  • 42. Estibalizko nabea zaharberritu aurretik, bi tarte soilik zituen, Azcaratek adierazi bezala, op. cit., 117. or. Olaguibelek emandako neurrien arabera, nabea 92 oin eta erdi luze zen, eta 21 oin zabal. Kalkulu hori egiteko, burualdearen eta gurutzearen neurriak kendu zizkion elizaren luzera osoari, eta oin neurriaren baliokidetasun hau erabili zuen: 0,2148 = 1m (alboetako absideen ahokadurarako ematen duen neurritik -14 oin- ondoriozta daitekeenez, 3 m, gaur egun). Beraz, arkitekto horren arabera, nabearen luzera 8,86 m-koa zen gutxi gorabehera, eta hori bi tarteri dagokie. Justo Antonio de Olaguibelek 1793an egindako ikuskapena eta balioztapena obra honetan jasota dago: E. SAENZ DE BURUAGA, Historia de Estíbaliz , Gasteiz, 1991.
  • 43. Bizkaiko Agiritegi Historiko Probintziala (BAHP), protokoloa, 1584, Miguel Robredo Salazar, 1776, 509.-517. or. (hemendik aurrera, BAHP, 1776), in D. OCON, "La primitiva portada de San Andrés de Armentia (Álava): Datos documentales", Kobie (Bellas Artes saila), IX, 1992-93, 167.-180. or.
  • 44. Ikus Serafin MORALEJO, "Cluny et les débuts de la sculpture romane en Espagne", in Actes du Colloque Scientiphique Inernational , Cluny, 1988, 405.-434. or., esp. 411. or. eta hurrengoak. Horretan, Fromistako eta Jacako eskultura tradizioarekin lotutako Gaskoniako aurrekariak eta paralelotasunak azaltzen dira. Horrez gain, Moralejok jakinarazten duenez, Borgoinatik jasotako eragin artistikoa handitu egin zen, XII. mendeko azken herenetik aurrera; horren adierazgarri, Estibalizko gurutzeko kapitelak aipatzen ditu.
  • 45. Armentiako eta Iratxeko tetramorfoei buruz: M. RUIZ MALDONADO, "Resonancias compostelanas en el Tetramorfos de Armentia", in B. Camón Aznar , 38, 1989, 5.-13. or.
  • 46. URANGAk eta IÑIGUEZek, hain zuzen, Armentiako eta Iratxeko propotipoa silostarra izan zitekeela uste dute: op. cit., 158. or. Silosko eliza erromanikoaren zaharberritzeari buruz: I. BANGO, "La iglesia antigua de Silos: del prerrománico al románico pleno", in El románico en Silos , Studia Silensia I, Series Maior, 1990, 317.-376. or, esp. 361.-362. or. Eta A. MOMPLET, "Sistemas de cubiertas en la iglesia de Silos", ibidem, 495.-499. or, esp. 406.-407. or.; horretan aipatutako adibideen arabera, Dueroko (Nebreda, Dom Ferotin) elizen antzeko zinborio bat zuela hartu behar dugu aintzat.
  • 47. D. OCON, "Alfonso VIII, la llegada de las corrientes artísticas de la corte inglesa y el bizantinismo de la escultura española en torno al año 1200", in Alfonso VIII y su época , Aguilar de Campoo, 1992, 307.-320. or.; IDEM, "La recepción de las corrientes artísticas europeas en la escultura monumental castellana en torno a 1200", in IX Congreso del C.E.H.A. , Leon, 1992 (Leon, 1994), 17.-23. or.; eta IDEM, "Los modelos de la escultura monumental española: de fines del siglo XI a fines del siglo XII", in X Congreso del C.E.H.A ., Madril, 1994, 67.-73. or.
  • 48. AMADOR DE LOS RIOS, op. cit.; V. LAMPEREZ, Historia de la arquitectura cristiana española , II. liburukia, Madril, 1908, 609.-612. or.; J.M. AZCARATE, Basílica de San Prudencio. Armentia , Gasteiz, 1984.; D. OCON, op. cit., (1982) 1985.; J. EGUIA Y LOPEZ DE SABANDO, "Elucubraciones en torno a la basílica de San Prudencio (Álava), in Programa de fiestas de San Prudencio , Gasteiz, 1984ko apirila.; eta M. RUIZ MALDONADO, op. cit., 1991. Aurreko proposamenen laburpen bat dago, eta beste interpretazio bat.
  • 49. Bernardo IBAÑEZ DE ECHAVARRI, Vida de San Prudencio. Obispo de Tarazona. Patrono de la M.N. y M.L. Provincia de Álava , Gasteiz, 1754, 225. or. 1776ko zaharberritze lanen baldintzak in D. OCON, op. cit., 1992-1993.
  • 50. LANDAZURIk ere adierazi zuen 1776ko obrarako egindako indusketen ondorioz hilobietako zenbait inskripzio aurkitu zirela, eta horietako bat kopiatu zuen, 1126koa: "era MCLXIIII. II. K. Marti. ob. A. MADO FIN. PACE". Hona hemen inskripzio horren transkripzioa: "1164an, martxoaren bigarren kalendetan, Alonso de Mado hil zen, eta bakea izan zuen". Op. cit., 130. or. Halaber, elizaren barruan hilobi berriak egiten hasi ziren tenpluko atal horren zaharberritze lanekin batera, eta aldiberekotasun hori esanguratsua da.
  • 51. Sarbide horren balizko itxurari buruzko zehaztasun gehiago azaltzen ditut artikulu honetan: "La primitiva portada¿", op. cit., 1992-1993. Alderdi ikonografikoak, berriz, beste artikulu honetan aztertu ditut: "La representación de la Anástasis de la basílica de Armentia", in Cuadernos de Arte e Iconografía (prentsan).
  • 52. BAHP, 5437. protokoloa, Diego Martínez de Salvatierra , 1537, 400. or.
  • 53. BAHP, 1776, 103. or.
  • 54. E. SAENZ DE BURUAGA, op. cit., 186. or.
  • 55. LANDAZURI, Historia general de Álava , III. liburukia, XV. kapitulua; eta "Historia del santuario de Nuestra Señora de Estíbaliz", op. cit., 213.-226. or.
  • 56. J. PEREZ CARMONA, Arquitectura y escultura románicas en la provincia de Burgos , 1959, 108. or.; eta A. Momplet, op. cit., 1995, 80.-81. or.
  • 57. Arku mota hori Iratxeko burualdean ere badago, baina arku horiek kalitate gutxiagokoak dira, eta, ikuskeraren aldetik, oso desberdinak.
  • 58.  Gasteizko Elizbarrutiko monumentuen katalogoa , op. cit., II. liburukia, 7.-10. or.
  • 59. Treviño eta horko herriak Erdi Aroko bideetako mugarri garrantzitsutzat hartzen ziren, XVI. mendeko ibilbideetan. Izan ere, XVIII. mendean, Treviño Errioxara zihoazen mandazainen igarobide garrantzitsua zen. Monumentuen katalogoa , II. liburukia.
  • 60. M. PORTILLA, Gasteizko elizbarrutiko monumentuen katalogoa , op. cit., V. liburukia, 444.-447. or.; J.C. STEPPE, "Las pinturas murales de Gaceo, Una catequesis a través del arte", in Gasteizko Elizbarrutiko monumentuen katalogoa , V. liburukia, op. cit., 179.-245. or.; eta J. EGUIA LOPEZ DE SABANDO, Gaceo y Alaiza. Pinturas murales góticas , Gasteiz, 1986.
  • 61. Gai hori hainbat ikerketatan aztertu izan da, eta horri buruzko iritziak askotarikoak izan dira. Hona hemen iritzi horietako batzuk zer obratan ikus daitezkeen: J.A. GAYA NUÑO, op. cit., 26. or.; M. PORTILLA, "El románico y el protogótico en Álava¿", op. cit., 51. or.; J.A. BARRIO LOZA, op. cit., 32. or.; eta BARAÑANO, GONZALEZ DE DURANA eta JUARISTI, op. cit., 72.-73. or. Egia esan, tenplu mota hori da eredurik ekonomikoena, eta horrek ditu eraikuntza konponbiderik errazenak. Oso zabalduta dago penintsulako erromanikoan, baina eraikin xumeetan soilik (bai neurriei dagokienez, bai kalitateari dagokionez). A. MOMPLET, op. cit., 1988, 459.-461. or. Eredu horrek Galizian izandako hedapenari buruz, ikus I. BANGO, Arquitectura románica en Pontevedra , Coruña, 1979, 21. or.
  • 62. J.A. BARRIO LOZA, op. cit. 52. or.; eta R. LOPEZ DOMECH. op. cit., 15.or.
  • 63. Ibidem, 52. or.
  • 64. J.A. BARRIO LOZA, op. cit., 54.-57. or.
  • 65. BARRIO LOZAk data hori proposatu zuen, ziur asko, eliza horretako fusten apainketa geometrikoa euskal jatorrikoa zela interpretatu zuelako. Estibalizko tenpluarekin zuen erlazioari eta Borgoinako jatorriari dagokienez, ikus A. GOMEZ GOMEZ, "Algunos aspectos del arte románico en el País Vasco. Extensión y relaciones de un arte periférico", in VIII Congreso Nacional de Historia del Arte , Merida, 1992, 73.-79. or.
  • 66. J.M. AZCARATE, "El protogótico alavés", op. cit., esp. 47.-48. or.
  • 67. Ibidem. Ikus 47. oharra.
  • 68. Gaztelan, zenbait tenplutako abside berantiarrak aipa daitezke; hona hemen horietako batzuk: Soriako Perdices, Miranda de Ebroko San Nicolas eta Burgosko Pino de Bureba. Eta Errioxakoen artean, berriz, Los Cantosko San Asensio aipa daiteke.
  • 69. E. FERNANDEZ DE PINEDO, "Aspectos económicos y sociales de Vitoria y su entorno en la Baja Edad Media", in Vitoria en la Edad Media, I Congreso de Estudios Históricos , Gasteiz, 1981 (Gasteiz, 1982), 65.-73. or.
  • 70. MAÑARICUA, Álava, Guipúzcoa y Vizcaya a la luz de su historia , Durango, 1977; eta J.A. BARRIO, op. cit., 28. or.
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana