Eskultura gotikoa Euskal Herrian

Artikuluaren egilea: Clara Fernandez Ladrera

Txosten honen izenburuan eskultura gotikoa aipatzen bada ere, hilobi eta monumentu eskulturara mugatuko gara, espazio arrazoiak direla eta. Arrazoi berberengatik, Nafarroara eta Arabara mugatuko gara, Gipuzkoako eta Bizkaiko eskultura, interesgarria bada ere, ez baita besteak bezain garrantzitsua.1

Lana, beraz, bi bloke handitan banatzen da: Nafarroa eta Araba.

Nafarroa

Nafarroako eskultura gotikoa garrantzitsua izan zen Hispaniako eskultura gotikoan, baita Europakoan ere. Garai horretan, lehen mailako lanak egin ziren Nafarroan; esaterako: Iruñako katedraleko eta barrundegietako eskulturak eta Karlos III.aren hilobia.

Nafarroako lehen obra gotikoa Tuterako katedraleko Epaiketaren Portada izan zen, 1215 eta 1220-1230 artekoa. Espainiako lehen portadak ere urte horien ingurukoak dira; esaterako; Ourenseko, Tuiko eta Ciudad Rodrigoko katedraletakoak.2 Bestalde, Tuterako portada horrek antz handia du Chartreko hegoaldeko portadarekin (1210 eta 1215 artean datatua). Nafarroako estilo gotikoaren agerpena goiztiarra izan zen -Hispaniarekin alderatuta-, eta hori aurreko epean Nafarroako eskulturak izandako loraldiak azaltzen duela uste dugu. Aurreko epe horretako adibideak dira Lizarrako lanak -San Migelen portada- eta Tuterakoak -katedraleko klaustroa eta gurutzadurako ateak, eta San Nikolasen eta Magdalenaren portadak-.

Ez dago ia hilobi eskulturarik. Horren adibidetzat, Antso VII.a Azkarraren hilobia aipa daiteke.

Hala eta guztiz ere, aipatu bezala, Tuterako kasua bakarra izan zen,3 eta esan daiteke estilo hori ez zela XIII. mende amaiera arte erabat agertu eta hedatu. Hala gertatzen da Iruñako katedraleko klaustroko eskulturekin; XIII. mendearen azken hamarkadetan hasi ziren egiten, 1280tik aurrera. Horrekin, Nafarroako eskultura gotikoaren etapa gorenari ekin zitzaion, eta XIV. mende erdialdera arte iraun zuen.

Fase horren gune nagusia Iruña zan zen, eta, bereziki, bertako katedraleko artelanak: klaustroko kapitelak, giltzarriak eta portadak, Barbazana kaperako eskulturak eta kapitulu gela. Arestian adierazi dugunez, kalitatezko lanak dira, Hispaniako eta Europako lan onenekin inolako beldurrik gabe alderatzeko modukoak.4 Frantziaren eragina nabarmena da; kasu batzuetan, argi eta garbi defini daiteke -Rieuxen lantegiaren arrastoa, adibidez, Andre Mari Babeslearen atean, Barbazana kaperako atean eta Errefektorioko mentsuletan- eta, beste batzuetan, ez da hain nabarmena -Errefektorioko eta Artxidiakonotegiko ateak eta Ate Ederra-. Eragin hori erresumaren kokapen geografikoari zor zaio -Frantziaren mugakide zen- eta, bereziki, egoera politiko-erlijiosoari -Batetik, Frantziako erregeak egon ziren agintean: 1274tik, Frantziako etxea, eta, 1328tik aurrera, Evreux etxea. Bestetik, Avignongo pontifize gortearekin harreman estua zuten frantziar artzapezpikuak zeuden. Eta kabildoa Parisko, Toulouseko eta Avignongo frantziar unibertsitateetan hezia zen-.5

Multzo horren ondoan, Erresuma Zaharreko gainerako portadak ez dira hain garrantzitsuak -Oliteko Santa Maria la Real, Artajonako San Saturnino, Iruñako San Saturnino, Ujué eta Lizarrako Hilobi Santua-, probintziako lanak baitira, baina badute interesik. Horietako batzuk kanpokoekin lotuta daude; Oliteko Santa Maria del Real portadak, esaterako, Parisko katedraleko iparraldeko gurutzadurako ateen eta Toledoko katedraleko Portada del Reloj atearen eragina du. Beste batzuk katedraleko lanekin lotuta daude, Ujuékoa eta Lizarrako Hilobi Santukoa, esaterako. Hilobi eskultura ere ez da apartekoa, baina bada lan bikainik; esaterako: Arnaldo de Barbazanen hilobia. Hilobi hori Ate Ederrean lan egin zuen lantegiarekin lotuta dago, Miguel Sanchez de Asiainen lantegiarekin. Interesgarria da, batez ere, arkitekturaren, eskulturaren eta pintura muralaren sintesia delako, eta, zehazki, azken horregatik. Beste lan bikain bat Nafarroako Blankaren ustezko hilobia da. Lan hori Jean de Liegeren lanekin lot daiteke.

Arrazoi politikoek motelaldia ekarri zuten, XIV. mendearen bigarren erdialdera -Karlos II.ak nazioarteko politikan esku hartu zuen, Frantziako politikan, bereziki, eta horrek porrotak eta krisi ekonomikoa ekarri zituen-.6 Baina mende amaieran egoerak hobera egin zuen, eta hurrengo mendearen lehen erdialdera arte iraun zuen egoera horrek, zehazki: lehen herenera arte.

Komeni da, ordea, ohar bat egitea. Aurreko bi faseetan monumentu eskultura gailendu zen; fase honetan hilobi eskultura nagusitu zen. Garai hartako lan gorena (aurreko garaiko katedralen egikaritzen baliokidea) hilobi bat da, noski: Karlos III.aren eta Leonorren hilobia, Jehan Lomek egina. Hilobi hori Iruñako katedralean dago, eta honela definitu izan da: "una de las obras maestras de la escultura funeraria del siglo XV".7 Lan horrekin hasi zen hilobi eskulturaren loraldia, hilobi ugari egin baitziren horren atzetik. Batzuk Lomek berak eta haren lantegiak eginak direla esaten da, Tuterakoa eta Iruñako Sanchez de Oteizaren biak, adibidez; horiek, errege hilobia bezala, tournai-parisiense tradiziokoak dira. Beste batzuek, Iruñako Garroren hilobiak, adibidez, tradizio hori gainditzen dute, eta Sluterren borgoñonar korrontekoak dira. Eta, azkenik, beste batzuk -Tuterako Villaespesaren hilobia, adibidez- Aragoikoekin lotuta daude.

Badirudi monumentu eskultura interesgarriak izan zirela Oliteko eta Tafallako jauregietan, baina, zoritxarrez, ia guztia desagertu da; geratzen diren hondar bakanak -Oliteko Jauregi Zaharreko leihateak eta Oliteko gazteluko estatua bikotea, egun Museoan ikusgai- kalitate handikoak dira.8 Zenbait adibide on gorde dira, baina, zoritxarrez, nahiko hondatuta daude: Iruñako katedraleko San Jose Atea, Oliteko Santa Maria la Realeko klaustro txikiko estatuak (biak Lomeren lantokiarekin lotutakoak), eta Oliteko San Frantzisko komentuaren atea.9

Zerrenda horretatik ondorioztatzen denez, epe horretan, aurrekoan ez bezala, jarduera guneak banatuago egon ziren. Iruñarekin batera, Olite -bertan egin zen errege hobia-, Tutera eta, neurri txikiagoan bada ere, Lizarra aipatu behar dira.

XV. mendearen erdialdetik aurrera, Blanka andrearen heriotzarekin eta gerra zibilaren hasierarekin, epe bikain hori amaitu zen. Nafarroan ia ez dago estilo hispano-flandestarreko lanik, penintsulako beste erresuma batzuetan eta Araban bertan gertatzen denaz bestela. Krisia 1512. urtetik aurrera gainditu zen, Gaztelari atxikitzean, baina, ordurako, Errenazimentuaren estetika zen nagusi. Orain, horietako zenbait obra aztertuko ditugu, zehatzago, eta bi talde handitan banatuko ditugu, arrazoi praktikoak direla eta: monumentu eskultura eta hilobi eskultura.

Hasierako fasea

Fase horretako lan garrantzitsuena, esan bezala, Tuterako Epaiketaren portada da. Horrez gain, hilobi eskulturaren bi adibide hauek ere aipagarriak dira: Antso VII.aren eta Jimenez de Radaren hilobiak.

Tuterako katedraleko Epaiketaren portada10

Garrantzitsua da, estilo gotikoaren lehen adierazpena baita Nafarroan eta Estatuan. Datari begiratuz gero, 1215 eta 1220-30 artekoa da.

Arku zorrotzeko egitura du, eta zortzi arkibolta eta hauts babes bat; hamasei zutabetan oinarritzen dira, eta bakoitzak bere kapitela du. Mentsula gaineko tinpanoak osatzen du egitura.

Gaiari dagokionez, kapiteletan Genesiko eszenak ditu irudikatuta; ezkerrekoetan, kreazioak (aingeruena, Lurrarena eta izarrena, landareena, animaliena, Adan eta Ebarena), eta Jatorrizko Bekatua eta Damua; eskuinekoetan, berriz, Paradisutik kanporatzea, Lehen Aiten lana, Kain eta Abelen sakrifizioa, Abelen heriotza, Jainkoak Kaini egindako madarikazioa, Kainen ihesa, Noe eta haren ontzia, eta Isaaken sakrifizioa. Tinpanoari eusten dioten mentsuletan bi aingeru daude tronpeta jotzen, Azken Epaiketa iragarriz. Tinpanoan (egun liso dago), logikoki, Kristo-Epailea egongo zen, ohiko laguntzaileekin (hau da, Mariarekin, San Joanekin eta Nekaldiko tresnak dituzten aingeruekin), baita Epaiketaren hastapenak ere. Azkenik, arkiboltetan, gure ezkerrean -Kristoren eskuinean- dohatsuak ikusiko ditugu Paradisuan, eta, gure eskuinean -Kristoren ezkerrean-, kondenatuak infernuan, hildakoen piztueraren eszenekin nahastuta.

Eskultura multzo horretan, bereziki interesgarria da kondenatuen irudikapena. Bekatu asko eta mota askotakoak ageri dira, baita zigorrak ere; esaterako: bekatariak galdaratan egosten, narrastiak jende lizunari erasoka, sexu organoetatik eskegitako sodomitak, aberastasunen poltsa lepotik zintzilik duten diruzaleak suzko zartailuaz zigortuta edota txanponak edo harri goriak irenstera behartuta, gaizki esaleak etengabe biraka ari diren suzko gurpiletara mingainetik lotuta, suzko likido bat edatera behartutako mozkorrak, zakur haragia saldu -animalia ondoan du irudikatuta- eta pisuaz lapurreta egiten duen harakina, neurrian lapurreta egiten duen ehun saltzailea ehun biribilkia sorbaldan eramatera behartuta, eta deabruak jipoituta. Zigor horiek (batzuk oso originalak eta plastikan parerik gabeak) hainbat lekutatik hartu ziren: erlijio testuetatik -batzuetan islamiarretatik; esaterako: mozkorren, harriak irenstera behartutako diruzaleen eta sodomiten kasuak-, testu literarioetatik eta garai hartako tortura errealetatik. Gai horien narratibismoa eta zehaztasuna Erdi Aroko arte figuratiboek, eta, bereziki, monumentu eskulturek zuten funtzioak azaltzen du. Izan ere, garai hartako helburua heztea eta morala erakustea ziren, eta, hain eszena adierazkor horien bidez, apaizek bekatua baztertzera eta damua agertzera bultzatzen zituzten fededunak, bestela jasan beharko zituzten ondorioekin beldurtuz. Multzo hori Chartreko hegoaldeko erdiko atean inspiratuta dagoela dirudi.

Estiloari dagokionez, Lehen Gotikokoa da, eta lotura du, aldi berean, Chartreko hegoaldeko portadarekin.

Hilobi eskultura

Bikaina da. Antso VII. aren eta Jimenez de Radaren hilobiak aipatuko ditugu.11

Antso Azkarraren hilobia12

Interesgarria da, hori delako, seguru asko, estilo gotikoko lehen hilobi eskultura gure lurraldean. Subiranoa 1234an hil bazen ere, hilobia 1244tik aurrera egingo zen, oraindik ez baitziren behin betiko amaitu kokaguneari buruz Tuterako kolegio elizak, Olibako monasterioak eta Orreagako erietxeak zituzten eztabaidak. Azkenean, hirugarren horren alde egin zen.

Oherik gabeko hilobia zen, sarkofagoa dolu eszenez apainduta zegoen -ohiko ikonografia- eta hildakoa taparen gainean ageri zen (hori soilik geratu da). Eskuineko zangoaren postura bitxia da, ezkerrekoaren gainean gurutzatuta baitago. Tradizioak azaldu duenez, deformazio baten ondorioa da hori, erregeak azken urteetan izandako gaixotasunak eragina -ultzerak-, baina, egia esan, postura hori hilobi ingelesetan13 eta espainiarretan ere ageri da; horiek, hala ere, XIII. mendearen azken laurdenekoak eta XIV. mendearen hasierakoak dira, eta boterearen eta autoritatearen ikur moduan interpretatu behar dira.14

Bigarren fasea

Fase horretan, Iruñako katedraleko klaustroko eta barrundegietako monumentu eskulturak nabarmentzen dira bereziki. Bigarren mailan daude Nafarroako gainerako portadak. Nolabaiteko interesa duen hilobi eskultura bat ere badago.

Iruñako katedraleko monumentu eskultura15

Iruñako katedraleko eskultura multzoa da, inolako zalantzarik gabe, Nafarroako garrantzitsuena. Katedralean, Estatuko eta Europako lehen mailako lanak daude. Iruñako katedraleko eskulturak hiru lekutan daude, funtsean: klaustroan, Barbazana kaperan eta Errefektorioan.

Klaustroa

Klaustroko eskulturak hiru taldetan bana daitezke: kapitelak, giltzarriak eta portadak.

Kapitelak

Klaustroko kapitel historiatuak (interesatzen zaizkigun bakarrak) ekialdeko eta iparraldeko hegaletan daude; mendebaldeko eta hegoaldeko hegaletan, landaredun kapitelak bakarrik daude.

Kronologia klaustroko galeria horienaren antzekoa da; hau da, XIII. mendearen azken hamarkaden eta XIV. mendearen lehen hamarkaden artekoak direla esan daiteke.

Kapitel horien artean, erlijio gaia lantzen duen talde bat dago. Bertan, Genesiko eszenak eta Joben istorioa ageri dira. Genesiko eszenen artean, honako hauek daude: Adan eta Ebarena, Kain eta Abelena, Noe eta haren ontziarena (aroztegi baten irudikapen interesgarria eta guzti) eta Babelgo dorrearena (aurrekoaren antzeko masoneria lantegi bat duela). Joben istorioa, bestalde, kalustro erromanikoan ere ageri da.

Formari dagokionez, kapitel horien estiloa oso uniformea da, eta horrek guztiak lantegi bakar bateko lanak direla pentsarazten du. Estilo horren berezitasunak hauek dira: azaleko paisaia erreferentziak; errealitate natural baten irudikapenean, konposizio baliabide gehiago, irudiak baino; kanon motzeko irudiak -buru oso handiak-, eta zehaztasun handia genero eszenetan -Ontziaren eta Babelgo dorrearen eraikuntza-.

Gai profanoko kapitel multzo bat ere badago, baina erlijio zentzua ere eman dakieke, Erdi Aroko pentsamenduko bi munduen arteko loturaren arabera. Kapitel horietan honako hauek agertzen dira: dantza eszenak, juglareak, saltinbankiak, ehizaldiak, torneoak, mahats bilketa eta artzaintza, harpiak eta zentauroak, basatiak, eszena alegorikoak (pelikanoa kumeak elikatzen, eta lehoiak kumeak berpizten), eszena literarioak (dortokaren eta aberatsaren fabula, Aristotelesen eta Campasperen istorioa, eta Virgilio otarrean; hiru gai horiek zentzu moralizatzailez interpreta daitezke), etab.

Erlijio gaien kapiteletan ez bezala, horietan, hainbat lantegik hartu zuten parte: horietako batek ia beti eszena "jaten" duten landarezko atzealdeetan irudi txikiak egin zituen -ekialdeko hegalean, barruko horman-; beste batek irudi proportzionalak erabili zituen, eta landarezko atzealdeak kendu -ekialdeko hegalean eta iparraldekoaren lehen zatian-; eta beste lantegi batek irudi handiak eta argi tailatuak egin zituen, eta, kapiteletik atera, eta ia mukulu biribil izateraino -iparraldeko hegalean-.

Giltzarriak

Hasieran, giltzarriak programa ikonografiko bateratu interesgarri batekin pentsatu ziren, eta ekialdeko, iparraldeko eta mendebaldeko hegaletan hala egin zen. Kosmosaren alegoria bat zen: lau angeluetan Paradisuko lau ibaiak irudikatzea pentsatu zuten -baina bi bakarrik egin ziren-, lau aldeen erdian, Haize arrosaren hamabi haizeak, hiru alde banatan, bakoitza bere puntu kardinalean -bederatzi egin ziren, ekialdekoak, iparraldekoak eta mendebaldekoak-, eta, gainerakoetan, egutegia osatzen duten urtearen hilabeteei buruzko lanak -guztiak egin ziren-. Hegoaldeko hegaletik aurrera, programa interesgarri hori alboratu egin zen, eta oso originala ez zen erlijio gai batek ordezkatu zuen: Kristoren haurtzaroko eta Andre Mariaren bizitzako eszenak eta gai hagiografikoak landu ziren.

Portadak

Iruñako katedraleko klaustroko eskulturen artean, ikusgarriena portadak dira. Lau portada nagusi daude: Andre Mari Babeslearen atea, Errefektorioko atea, Artxidiakonotegiko atea eta Ate Ederra.

Andre Mari Babeslearen atea

Hori da katedraleko obra nabarmenetako bat, eta, beraz, baita Nafarroako eskulturakoa ere.

Klaustroa erromatar katedralarekin lotzen zen, eta, egun, gotikoarekin. Izena maineleko Ama Birjinarengandik datorkio: Andre Mari Babeslea.

Asko eztabaidatu da datazioaz, baina gai horretaz arduratu den azken egilearen iritziz -Martinez Alava-, atea bera 1320-1330 hamarkadakoa da, eta tinpanoa eta maineleko Ama Birjina 1335-1340koa.

Atea Ama Birjinari buruzkoa da, gotikoan Ama Birjinaren debozioak izandako loraldiarekin eta katedralaren beraren izenarekin bat etorriz. Tinpanoan, zehazki, Ama Birjinaren lokartzea agertzen da, eta Kristo haren arima zerura eramaten; bizantiar jatorriko ikonografia da, Jasokundeen aurrekaria. Mainelean, Ama Birjina Haurrarekin dago, eta horrek ematen dio izena portadari.

Formari begiratuz gero, oso originala da, eta garai hartarako aurreratuak ziren ezaugarriak ditu; horrek azaltzen du zergatik ezarri izan zaion beranduagoko data. Hona hemen horren estiloaren bereizgarriak: oso errealista da; erliebe oso sakona du, zenbait planotan egituratuta; argien eta ilunen arteko aldea nabarmena da, aurreko ezaugarriaren ondorioz; eta, bereziki, nahita gehiegi apaindua, desordenatua eta nahaspilatsua da, baita barrokoa ere, baina sentimenduz eta dramatismoz zipriztindua.

Tinpanoa eta Andre Mari Babeslea Frantzia hegoaldeko eskultura lantegi garrantzitsu batekin lotu dira: Rieuxen lantegiarekin . Lantegi hori Toulousen zegoen; horren estiloa 1325etik aurrera hasi zen garatzen, eta 1330erako osatuta zegoen. Haren lanik garrantzitsuena, eta izena eman ziona, Rieux kaperaren apainketa izan zen (1333 eta 1344 urteen artean datatua). Iruñako katedralean Toulouseko lantegi horrek lan egin izana ulertzeko, kontuan hartu behar da Iruñako kabildoak eta artzapezpikuak harremanak izan zituztela Frantziako hiri harekin.

Errefektorioko eta Artxidiakonotegiko ateak

Biak batera azter daitezke, unitate ikonografiko bat osatzen dutelako, antzeko estiloak dituztelako eta garaikideak diruditelako.

Ate horiek Errefektoriora eta Artxidiakonotegiko patiora ematen dute, hurrenez hurren, eta hortik datorkie izena.

Kronologia : 1335 inguruan amaituta egongo ziren. Data horretan amaitu zen Errefektorioa.

Gaiari dagokionez, Errefektorioko tinpanoan Jerusalemerako sarrera eta Azken Afaria irudikatu ziren -azken gai hori oso ohikoa da errefektorioetan-, eta janbetan, Eliza eta Sinagoga -Artxidiakonotegiko Gurutziltzaketarekin lotura dute-. Artxidiakontegiko tinpanoan, berriz, honako hauek daude: Gurutziltzaketa, Linborako Jaitsiera, Piztuera, "Noli me tangere" eta Kristo amaren aurrean agertzen. Egia esan, bi ateek ziklo bateratu bat osatzen dute, Kristoren Nekaldia eta Zerurapena.

Lan hori egiten bi maisu aritu zirela dirudi. Lehenengoak, bertakoak, estilo herrikoia eta arkaikoa ditu, eta, antza denez, hark egin zituen Azken Afaria eta Jerusalemerako sarreraren zati bat. Bigarrena kanpokoa izango zen, ziur aski, eta monumentaltasunerako eta idealizatzeko joera zuen; irudiek "hanchement" mugimendu arina dute, eta ehunek tratamendu soila eta naturalista. Maisu horrenak dira, antza, Jerusalemerako sarrerako zuhaitzaren eszena, Errefektorioko ateko Elizaren eta Sinagogaren irudiak, eta Artxidiakonotegiko ateko tinpano guztia. Horren estiloa eta Ate Ederraren estiloa bat datoz. Tradizionalki egilea Guillermo Ingles izeneko bat izan zela esan izan da -Iñiguez-, eta badirudi Huescako tinpanoan ere esku hartu zuela; gai hori landu duen azken autoreak -Martinez Alava- teoria horri eutsi dio. Uste da, gainera, Bordeleko katedraleko San Andres atean parte hartu zuela, edo, gutxienez, ate hori ezagutzen zuela.

Ate Ederra

Klaustroa eta karonjeen logela lotzen ditu. Izena karonjeek bertatik igarotzean abesten zuten salmotik datorkio: "Pretiosa in conspectu Domini mors sancto-rum eius".

Kronologia : 1350 eta 1360 artekoa.

Gaia . Tinpanoa da multzoko pieza garrantzitsuena eta, bertan, Ama Birjinaren heriotzaren aurreko eszenak, Hileta eta Koroazioa (aurreko guztiaren amaiera) daude, zehaztasun handiz. Koroazioaren gaia izan ezik, gainerakoak Ebanjelio Apokrifoetan oinarrituak direla dirudi; zehazki, Tesalonikako artzapezpiku Juanen Apokrifoan. Bitxia bada ere, heriotzaren unea bera falta da, "Loaldia", baina hori Andre Mari Babeslearen atean dago irudikatuta. Errefektorioaren kasuan gertatzen zen moduan, baliteke lotura egotea irudikatutako gaiaren (Ama Birjinaren heriotza) eta sarrera ematen dion lekuaren (logela) funtzioaren artean, Antzinarotik lotzen baitzituzten loa eta heriotza: loa "heriotza txikia" zen, heriotzaren aurrerapena, eta heriotza, "lo handia", betierekoa, behin betiko loa.

Arkiboltetan, aingeruak eta Bibliako emakume nagusiak daude irudikatuta; janbetan, berriz, Gabriel aingerua eta Ama Birjina. Horiek Deikundea edo Haragitzea osatzen dute, eta Ama Birjinen prerrogatiba guztien oinarri dira, baita Zeruratzearena eta Koroazioarena ere.

Ate horren estiloa eta Andre Mari Babeslearen atearena erabat desberdinak dira. Klasizismoaren aztarna nabarmena da: ordenarako eta argitasunerako gustua, konposizio simetrikoak eta orekatuak, edertasun formalerako eta dotoretasunerako kezka, eta aurpegien idealizazioa.

Frantzia iparraldetik iritsitako maisua. Esan bezala, Errefektorioko eta Artxidiakonotegiko Ateetako bigarren maisuarekin eta Bordeleko San Andresekoarekin lotzen da, baina ez da bera; guztiak korronte estilistiko berekoak dira. Dena den, badirudi Barbazan artzapezpikuaren irudi etzanean lan egin zuela.

Barbazana kapera

Kronologia : kapera horretako eskultura Barbazanen apezpikutzaren garaikotzat datatu da (1318-1355), baina epe horren hasiera aldekoa izan behar zuen, klaustroaren ekialdeko eta iparraldeko hegaletako kapitelekin duen loturagatik.

Gaia . Mentsulak eta giltzarriak bereizi behar dira. Mentsuletan honako hauek aurkituko ditugu: emakume eta gizonezko begetal bana, naturaren sinbolotzat; ehiztari bat, kirol horretarako gehiegizko zaletasunari buruzko kritika dirudiena; gizon bat aitzur bat duela eta emakume bat dragoiei bularra ematen, Adan eta Ebaren irudi, Jatorrizko Bekatuaren ostean kondenatutako lan tresnak dituztela eta zigorra betetzean; Virgilio otarrean, etab. Ustez, multzoaren hari gidariren bat egon behar du, baina, oraingoz, ez dakigu zein den.

Bigarren mailako giltzarrietan profetak ageri dira, filakteriak dituztela. Filakteria horietan, Hitzaren enkarnazioari eta Ama Birjinaren jainkozko amatasunari buruzko profeziak daude. Profetak erdiko giltzarria seinalatzen du behatzaz, eta, giltzarri horretan, Ama Birjina eta Haurra daude, izarrez inguratuta, guztiak ganga izartsuan sartuta. Arkitektura-eskultura multzoa Balaamen profeziaren irudikapena izan daitekeela pentsatu izan da: "Alzase de Jacob una estrella, surge de Israel un cetro". Profezia hori Mariari nahiz juduek Izarraren Semea deitzen zioten Mesiasari buruzkoa izan daiteke; hain zuzen ere, hori litzateke izarrez inguratutako Ama Birjina eta Haurra nagusitzen diren ganga izartsua. Esanahi hori berresten dutela dirudi bai biak seinalatzen dituzten profetek, bai Mesiasari eta Mariaren jainkozko amatasunari buruzko filakteriek.16

Ekialdeko eta iparraldeko kapitelen antzeko estiloa du. Ezaugarri nagusien artean, markoarekiko askatasuna, trebetasun teknikoa eta sorkuntza daude.

Errefektorioa

Aurrealdeko horman agertzen den inskripzioak ematen du kronologiaren berri, eta hari esker dakigu 1335. urtea baino lehenagokoa dela.

Gaia. Mentsulak, giltzarriak eta pulpitua bereizi behar dira. Mentsuletako gaia Kreazioaren antolaketa hierarkikoa da. Horren arabera, naturan indartsuenaren legea nagusitzen da -ehiza hirukoitza-, eta natura gizakiak menderatzen du, indarraren bidez -basurde ehiza-, adimenaren bidez -heziera-, edo sentikortasunaren bidez -Orfeo-. Giltzarrietan, erlijio gaiak ageri dira, eta, bereziki, heraldikoak. Azkenik, pulpituko mentsulan, dontzeilak adarbakarra ehizatu duela dioen kondaira ageri da, eta zenbait irakurketa egin dira horri buruz. Azken interpretazioaren arabera, Nafarroako Teobaldo I.aren (1234-1253) maitasun kanta batean oinarritzen da, "Aussi cum lunicorne" kantan. Kanta horretan, adarbakarra (dontzeilak ehizatua) eta gizona (emakumeaz maitemindua eta traizionatua) parekatzen dira.17

Estiloa . Mentsuletan (horiek dira multzoko garrantzitsuena), konposizioaren maisutasuna nabarmendu behar da: markora bikain egokitutako eszenak daude, eta espiritu naturalista, imaginatiboa eta bizia du. Horietako batzuk Andre Mari Babeslearen atea egindako lantegiarenak izan daitezkeela uste da.

Nafarroako gainerako zizelkatutako portadak18

Iruñako katedraletik kanpo zizelkatutako portada gotikoen artean, labur bada ere, honako hauen portadak aztertuko ditugu: Oliteko Santa Maria la Real, Artajonako San Saturnino, Iruñako San Saturnino edo San Zernin, Ujuékoa eta Lizarrako Hilobi Santua. Horiei beste batzuk gehitu beharko litzaizkieke (Legardako ermita, Mendibian, eta Salvador eliza, Zangozan, adibidez) baina ez ditugu aztertuko, espazio falta dela eta.

Oliteko Santa Maria la Real elizako portada19

1300 urtearen inguruko datazioa aspalditik proposatu izan da,20 eta, azken urte hauetan, baieztatu egin da, Toledoko Puerta del Reloj atearekin duen erlazioan oinarrituta; ate hori urte horren ingurukotzat datatu da.21

Azken berriztapenean, bi ezkutu aurkitu dira ezkerreko arkuartean: Nafarroako ezkutua eta Champagnekoa. Horrek bi urte hauen arteko tartea adierazten du: 1234 -Champagne eta Nafarroako Erresuma batu ziren urtea- eta 1328 -Nafarroa Frantziako koroatik banatu eta Nafarroako erregeek Champagnerekiko zituzten eskubideei uko egin zien urtea; Champagnek Frantziari lotuta jarraitu zuen-. Epe handiegia da hori, zoritxarrez, eta ez dio horrek ezer eransten aurretik esandakoari. Pena da beste aldeko arkuarteko ezkutua desagertu izana, Frantziakoa balitz (uste den moduan), gehiago zehaztu ahal izango baikenuke data, 1274 eta 1328 urteen artean, Nafarroa Frantziako koroara batu zen epean.22

Egitura. Arkibolta batzuk ditu, landarez beteta, eta tratamendua oso naturalista da. Arkibolta horiek zutabetan ezarritako kapitel jarraitu apainduetan zurkaizten dira, eta hori erromanikoaren eragin garbia da. Multzoa zizelkatutako tinpanoak osatzen du. Ateak berak sei arkuteria ditu alde bakoitzean; arkuteria horien buruan gableteak daude, eta apostoluak hartzen ditu.

Espainian nahiko ohikoa da apostoluak dituzten frisoak agertzea portadetan, eta horren adibide zaharrena, agian, Santiagoko Puerta de las Platerí­as23 izango da. Ate hori erromanikokoa da, eta zati bat baizik ez da gorde; ate horren ondoren etorriko ziren beste batzuk, erromanikoaren amaierakoak; adibidez: Gaztelako Santiago de Carrión de los Condes y Moarves24 eta Nafarroako Zangozako Santa Maria,25 baina, kasu horietan guztietan, frisoa atearen goian dago, eta ez alboetan. Hori dela eta (eta apostoluen ideia hortik etor badaiteke ere), pentsa daiteke horren antolaketa arkitektoniko originala (atea arkuteriez inguratuta egotea eta arkuterien gainean gableteak izatea) Parisko katedraleko iparraldeko gurutzadurako fatxadan inspiratu zela;26 izan ere, Parisko katedralean (XIII. mendearen erdialdean eraikia) ere ateak gabletedun arkuteriak ditu, baina hiru alde bakoitzean. Hipotesi horrek indar handiagoa du kontuan hartuta bertako eskultura Pariskoaren atekoarekin lotzen dela -ikusiko dugun moduan-, eta Toledoko Puerta del Reloj ateak (Olitekoarekin lotua) Notre Dameko portada izan zuela eredu.27

Artajonan eskema bera ageri da: elkarren gainean jarritako gableteak dituzten sei arkuteria, atearen alde bakoitzean. Beste antzekotasun batzuk ere badituzte, baina Artajonakoan apostoluak falta dira. Horrek auzi bat eragiten digu: erabakitzea kronologikoki zein izan zen lehena, eta zein izan zen noren eredu. Nik neuk, eta, gero aztertuko dugunez, Olitek kanpoko ereduekin duen lotura -Paris eta Toledo- eta Artajonakoan ez dauden zenbait ezaugarri arkaiko kontuan izanik -janbetako zutabeak-, aitzindaria Olitekoa dela uste dut, eta Artajonakoa horretan oinarritu zela.28

Ikonografia . Tinpanoaren burua titularra da (Artajonan ere bai), eta, kasu honetan, Ama Birjina da titularra. Irudi horrekin batera, Kristoren Haurtzaroko eszena batzuk -Deikundea, Jaiotza, Tenpluko aurkezpena, Errugabeen hilketa eta Egiptorako ihesa,- eta Bataioa ageri dira. Eszena horiek arkiboltetatik behera doaz, eta, ezkerrean, Erregeen adorazioa eta, eskuinean, Artzainen adorazioa ageri dira.

Arkibolta horietan bertan, bi erregeren irudiak ageri dira. Irudi horiek garai hartako errege-erreginenak direla esan izan da: Felipe I.arena (Frantziako IV.a) eta Nafarroako Joana I.arena (1274-1305). Kapiteletan landareak eta irudiak ageri dira, eta ez dira beti interpretatzen errazak: Adanen eta Ebaren kreazioa, Deikundea, fraideak, etab.

Janbetan era askotako eszenak daude, marko angeluzuzenetan, anizdunetan eta zirkularretan. Beste antzekotasun bat Artajonakoarekin.

Alboetan, arestian aipatu dugun moduan, apostoluak ageri dira.

Erlazioei dagokienez,29 Oliteko tinpanoa (1280 eta 1300 artean datatutakoa) Toledoko Puerta del Reloj atearekin lotu da -ikonografia gai berak, paralelismoak eszenetan, bai ateetan buru diren Ama Birjinen arteko lotura, antzekotasun estilistikoak-; baita Pariseko katedraleko iparraldeko gurutzadurako atearekin ere (XIII. mendearen erdialdekoa), zehazki, tinpanoaren behealdeko zerrendako erliebeekin.30 Lehen erkaketari esker, data ziurtasunez zehaztu ahal izan da.

Horri dagokionez, argitu behar da Oliteko tinpanoa egin zuenak zuzenean ezagutu zuela Parisko iparraldeko gurutzadurako atea, eta ez Toledokoaren bidez soilik; horren froga dira, batetik, Oliteko zenbait eszena edo irudi gertuago egotea Parisko eredutik Toledokotik baino,31 eta, bestetik, zuzenean Paristik hartutako zenbait dekorazio gai agertzea; adibidez: janbetako losangeetan grabatutako lirioak eta gazteluak (Sainte Chapelle elizako oinaldetik hartuak).32

Frantziakoarekiko lotura Nafarroak alboko herrialdearekin eta Frantziako koroarekin izandako harremanarena bidez azaldu da, eta, zehazki, Nafarroako oinordeko Joana I.aren eta Frantziako Felipe IV.a izango zenaren arteko ezkontzaren bidez. Gainera, ez da ahaztu behar horiek direla, antza, Oliten irudikatutako erregeak.33

Nafarroako ateen artean, ikusi dugun bezala, Artajonakoarekin lotzen da. Biek antzekotasunak dituzte antolakuntza eskeman: biek dituzte gabletedun arkuteriak alboetan -Oliten apostoluak hartzen ditu, eta, Artajonan, ziur asko, ez zen egin, edo desagertu egin zen-, eta, bietan, eszena askorekin estalitako zutikoak daude.

Estiloari dagokionez, tinpanoak estilo narratiboa du, eta konposiziok argiak eta orekatuak dira; simetriarako joera dute eta ongi egokitzen dira markoetara, eta hori guztia bikain gauzatu da. Apostoluen artean, monumentaltasuna eta nolabaiteko klasizismoa antzematen dira, baina horrek ez du esan nahi trakestasunak ere ez daudenik. Kapitelak dira multzoaren zati eskasenak.

Hori guztia dela eta, egile batek baino gehiagok parte hartu zutela uste da,34 baina guztiek ildo berean egin zuten lan. Horietako batek, kalitate handienekoak, Parisko iparraldeko portada eta Toledoko Puerta del Reloj ezagutzen zituen, eta hura izango zen lanaren maisu nagusia eta zuzendaria. Harenak dira tinpanoa eta arkiboltetako Errege Magoak eta Herodes, baita, agian, janbetako erliebeak ere; hala ere, zaila da hori ziurtatzea, egoera oso txarrean baitaude. Beste artista batek egingo zituen apostoluak. Eta kapitelak eta arkiboltetako artzain eta errege irudiak beste egile batek egin zituela dirudi; hura, seguru asko, bertakoa izango zen.

Artajonako San Saturnino portada35

Kronologia: Olitekoa bezala, Felipe I.a (Frantziako IV.a) eta Nafarroako Joana I.a (1274-1305) errege-erreginen agintealdikoa dela uste da; agian, epe horren amaiera aldekoa.36 Tinpanoan irudikatutakoak errege-erregina horiek direla esan izan da, baina, azken aldian, identifikazio hori baztertu egin da, eta errege-erregina horiek bertan jasotako zikloaren zati direla proposatu da. Zikloa titularraren bizitzari buruzkoa da; zehazki, buru den pasarteari buruzkoa: neska gazte batengandik deabrua ateratzea; uste da neska gaztea titularraren alaba zela. Gai hori ohikoa da santuaren zikloetan. Toulouseko erregeak edo gobernariak zirela uste zenez, hortik dator Toulouseko ezkutua.37

Edonola ere, "post quem" data bat dugu, Oliteko portadaren datazioa, eta horretatik eratorri dela uste dugu. Olitekoa 1300 urte ingurukotzat datatu da, eta Artajonakoa geroagokoa izango da, baina ez askoz geroagokoa.

Egitura. Adierazi dugun moduan, Oliteko Santa Maria la Real elizaren ereduari jarraitzen dio: turuta-arku zorrotzeko portada da; buruan gableteak dituzten hamabi arkuteriak biltzen du, eta arkuteria horiek apostoluak hartzeko izango ziren. Baina, gaur egun, ez dago apostolurik, desagertu egin zirelako, edo, segur asko, egin ez zirelako.38 Ateak kapitel jarraituetan zurkaiztutako arkiboltak ditu, baina ez daude zutabetan gainean (Olitekoekin gertatzen zen moduan), listelak dituzten baketoietan baizik, eta hori aurrerapauso nabarmena da. Multzoa zizelkatutako tinpano batek osatzen du, eta tinpano horrek ateburua ere badu.

Gaia. Arkibolta batzuk lauak dira, baina gehienak dekoratuta daude. Horietako batzuetan, erromatar jatorriko gaiak agertzen dira -takeatua-; beste batzuk, berriz, gotikoan erabilitako flora batez estalita daude (hobeto edo okerrago adierazia). Azken horien artean, hostajez inguratutako buruez apaindutako bat nabarmentzen da, eta horrek Iruñako katedralaren klaustroko arkibolta bat gogorarazten du, iparraldeko hegalean dagoen barruko hormakoa, nahiz eta estiloa askoz zakarragoa den.

Tinpanoan elizako titularra dago, San Saturnino, mirari baten bidez lagundu zion emakume gazte batekin -gai hori, agian, Toulouseko Saint Sernineko mendebaldean desagertutako atarian inspiratu zen; izan ere, Artajonako eliza haren mende zegoen-. Errege-erreginak dituzte alboan, belaunikatuta. Tradizionalki, Nafarroako Joana I.a eta haren senar Frantziako Felipe IV.a direla esan izan da, baina, egun, uste da gaztearen gurasoak izango direla, ikusi dugun bezala.

Ateburuan, San Saturninoren martirioaren atal batzuk ageri dira, eta, ziur asko, Jacobo da Voragineren Legenda aurea [Urrezko kondaira] liburuan oinarritu ziren horiek egiteko. Mentsula banak eusten die, eta mentsula horiek emakume baten eta gizonezko baten irudiarekin apainduta daude -atlanteak-. Ziur asko, hori da multzoko onena.

Azkenik, zutikoetan, identifikatzeko zailak diren eszena txiki batzuk ageri dira. Eta horiek Olitekoak gogorarazten dituzte, markoa, gaia eta konposizio monotonoagoak badira ere, eta gauzatzeko modua oso zarpaila badira ere. Estiloari dagokionez, bi maisu aipatu izan dira.39 Batetik, frantziar artista bat -agian, Midikoa-, errealista eta nolabaiteko eragin klasikoa duena; hura izango zen tinpanoaren eta ateburuaren egilea -eta, gure ustean, baita mentsulena ere-. Bestetik, herriko egile bat, zarpailagoa eta atzerakoiagoa, eta horrek janbak egingo zituen.

Iruñako San Saturnino portada40

Arkitekturaren datazioan -uste da 1276ko Nafarreriako gerraren ondoren hasi zirela, eta 1297 baino lehenago amaitu- eta Nafarroako beste portada batzuekiko erkaketan oinarrituta, 1300 urte ingurukoa dela esan izan da, urte gutxi batzuk gorabehera.41 Agian, datarik zuzenena azken hori izango da.

Egitura . Turuta arku zorrotz bat du, baketoiak dituzten sei arkiboltadunak (erabat lisoak); baketoi bakoitzak bere listela du, eta alboan moldura estuagoak dituzte. Hauts babes batek biltzen du guztia. Arkiboltak kapitel jarraituetan zurkaizten dira, eta horiei baketoiek eusten diete. Baketoiek listelak dituzte, eta moldura bertikal finagoak alboetan. Hauts babesari mentsulek eusten diote, eta kapitelen luzapentzat lantzen dira. Sistema hori Ujuéko elizakoaren eta Lizarrako Hilobi Santukoaren antzekoa da. Multzoa zizelkatutako tinpanoak osatzen du.

Ikonografia . Ezkerreko kapiteletan, Kristoren haurtzaroko ziklo bat ageri da -Deikundea (mentsulan),42 Ikustaldia, Jaiotza, Tenpluko aurkezpena, Errugabeen hilketa, Errege magoak Herodesen aurrean eta Egiptorako ihesa- ; eta, eskuinekoetan, Nekaldiaren eta Piztueraren zikloa -Jerusalemera sartzea, Azken Afaria, Eraistea, Hiru Mariak Hilobian, "Noli me tangere" edo Kristo amaren aurrean agertzen eta Kristoren jaitsiera Linbora, mentsulan-.43

Tinpanoan Kristo epailea dago -Zaurien Kristo-, eta alboan Ama Birjina eta San Joan ditu -belaunikatuta-. Horien bitartekotza egiten, tronpetadun aingeru bat (gurutze bati ere eusten dio) eta beste pertsonaia bat, emailetzat hartu dena,44 eta, goialdean, aingeruak, Nekaldiko tresnak dituztela. Ateburuan Epaiketa dago irudikatuta, eta hildakoen, dohatsuen eta kondenatuen Piztuera agertzen da. Hori guztia arkuteriaren azpian dago.

Arkiboltetako giltzarrietan, hainbat irudi daude -sistema hori Lizarrako Hilobi Santuan ere ageri da-: Kristo Erregea, Graziaren Aulki Hirutasuna45 eta Kristo Berpiztua. Azkenik, gailurrean, Kalbario osatua: Maria eta San Joan mentsula banaren gainean; Mariaren mentsulak dragoia du, eta San Joanenak arranoa, ilargia eta eguzkia, aingeruek eramaten dituztela. Kristoren buruaren goian pelikanoa dago, eta horren oinen pean burezurra -hori Kalbario mendiaren izenaren erreferentzia izan daiteke, edota Adanena-.

Estiloa hautematea zaila da, egoera txarrean baitago. Adibidez: tinpanoko bitartekarien eta emailearen buruak falta dira, eta kapitelak lauso eta erdi galduta daude. Hala ere, azkenaldian berritu egin da, eta, horrekin, asko hobetu du bere itxura.46

Multzoko onena tinpanoa da, bertako giltzarrietako irudiak eta erremateko Kalbarioa, bai eta kapiteletako Deikundearen eszena ere; hori guztia esku berak egin zuela dirudi. Autoreak irudi nahiko desproportzionatuak egin zituen, buruhandiak, eta jarreretan nolabaiteko manierismoa ageri dute -"hanchement", jarrera bihurri eta zailak-. Asko markatutako eta ertz askoko izurreko arropez estalita daude.

Ateburua eta kapitelak beste egile baldarrago batek egin zituela dirudi.

Ujuéko portada47

Hemen portada nagusia aipatuko dugu, hegoaldeko horman irekitakoa, beste bat baitago iparraldeko horman.

Kronologia . Zentzuzkoa dirudi nabe gotikoarekin batera edo horren ondoren egina izatea. Zoritxarrez, data eztabaidagarria da. Tradizionalki, Karlos II.aren (1349-1387) erregealdikotzat datatu zen, haren mezenasgoa izan zuela aipatzen baitzen, giltzarrietako batean agertzen omen zen ezkutu bat oinarri hartuta.48 Hala ere, teoria berri batek baztertu egiten du kronologia hori, eta XIV. mendearen lehen erdikoa izan daitekeela esaten da, aipatutako ezkutu hori Nafarroa-Frantziakoa dela argudiatuz, eta ez Evreux etxearena; horrek bi koroak batu ziren epera eramaten gaitu, 1284 eta 1328 artera. Horrez gainera, batetik, testamentu agintza batzuk ere badira, 1318 eta 1323 urteetakoak -horietako bat, gainera, "ad opus"-, eta, bestetik, koruko horman zenbait pintura daude, Montearagongo abade -Ujué monasterio horren mende zegoen- Eximino Lopez de Gurrearen (1327-1353) ezkutua dutenak, eta horrek "ante quem"49 data emango du. Teoria hori onartzen badugu, portadari XIV. mendeko hirugarren hamarkada ingurukoa dela esan ahal izango dugu.

Egitura . Iruñako San Zernin elizakoaren antzeko egitura du, desberdintasun txiki batzuk gorabehera. Adibidez: honetan, arkiboltak hamar dira, eta ez dira haiek bezain lodiak; eta hauts babesa landarez apainduta dago.

Ikonografia . Tinpanoan, Epifania bat dago, eta ateburuan Azken Afaria, Lizarrakoan bezala. Litekeena da egilea katedraleko bi lanetan inspiratu izana (klaustroko Peruten Epifania eta Errefektorioko ateko Azken Afaria), nahiz eta forma zehatzak eta estiloa oso bestelakoak diren.50 Otoizlariaren ohiko jarrera duen emaile batek osatzen du Epifania; denbora askoan, Karlos II.a erregea zela uste izan zen, nabea errege horren mezenasgoari atxiki baitzitzaion,51 baina, egun, baztertu egiten da hura denik.52

Kapiteletan, orbelezko atzealdearen gainean, motibo historiatuak daude: ezkerrekoetan, Kristoren haurtzaroaren ziklo bat -Deikundea, Ikustaldia eta Jaiotza, Iruñako San Saturnino elizan bezalatsu- eta mahats bilketako eszenak, eta, eskuinekoetan, irudi solteak (San Pedro eta San Pablo, besteak beste) eta Paradisutik kanporatzea, interpretatzen zailak diren beste batzuen ondoan. Iruñako katedraleko Errefektorioko eta Barbazana kaperako eskulturekin lotu izan dira,53 baina, gure ustez, katedraleko klaustroko ekialdeko eta iparraldeko hegaletako kapitelekin lotu beharko lirateke (esaterako, Babazana kaperako eta Andre Mari Babeslearen ateekin). Kapitelen sistema bera beha daiteke Lizarrako Hilobi Santuko portadan, eta inspirazio iturria bera da. Hauts babesaren mentsuletan gerlarien irudi bana ageri da, munstroekin borrokan.

Estiloa . Portada hori "Iruñako klaustroko eskolarekin" lotu izan da; zehazki, tinpanoa eta ateburua Ate Ederrarekin, eta kapitelak Errefektorioko eta Barbazana kaperako eskulturekin.54 Nire ustez, egia da katedralarekin lotura duela, eta hori Ujuéko beste eskultura batzuen eta Iruñako pieza batzuen artean dauden antzekotasun nabarmenek erakusten dute,55 baina lotura beste obra batzuekin egin behar da: tinpanoa eta ateburua, Peruteko epifaniarekin eta Errefektorioko atearekin; kapitelak, klaustroko kapitelekin, adierazi bezala. Bestalde, uste dut loturak gehiago direla gaiari eta konposizioari dagozkionak, estiloari dagozkionak baino.

Ujuéko tinpanoko eta ateburuko eskulturek estilo oso pertsonaleko eta bakarreko eskultorearen obrak dirudite -agian, ez oso estilo atseginekoak-; aurpegiak gutxi moldeatutako plano handien bidez landuta daude, eskuak oso handiak eta desproportzionatuak dira, eta arropek izur gogor eta markatuak dituzte. Litekeena da kapiteletan beste egile batzuk ere parte hartu izana, bereziki, Haurtzaroko zikloetakoan, gainerakoak baino hobea baitirudi.

Lizarrako Hilobi Santuko portada56

Kronologia . Zenbait autorek baieztatu dutenez, 1272rako bukatuta egon behar zuen, eta, hori esateko, ezkerreko arkuartean ageri den inskripzioan oinarritu dira. Inskripzio horretan, data hori eta pertsonaia batzuen izenak ageri dira. Dirudienez auzoko burgesen izenak dira, eta, agian, lanen gastuak bere gain hartu zituzten;57 baina berriki defendatu izan denez -eta hori da zuzena, nire ustez-, data hori goiztiarregia da eskulturarentzat, XIV. mendekoa izan behar baitu.58

Nire ustez, litekeena da Lizarrako portadak Iruñako katedraleko zenbait lanen eragina izatea; zehazki, Errefektorioko eta Artxidiakonotegiko ateenak eta Juan Oliverrek margotutako Errefektorioko muralarena. Horrek "post quem" data bat emango liguke, 1335 urtekoa, murala egin eta bi ateak bukatu zirenekoa.59 Bestalde, badakigu 1350etik aurrera Lizarrako egoera artistikoa erabat tamalgarria zela, Andres Jordan kantzilerraren hilobiaren "affaire"ak frogatzen duen moduan.60 Badirudi, beraz, portadaren eraikuntza urteak bi data horien artekoa behar duela; hau da, 1335 eta 1350 urteen artekoa.

Fatxadaren konposizioa Olitekoaren eta Artajonakoaren antzekoa da, eta, agian, horiek imitatzen ditu. Hemen ere turuta arku zorrotzeko atea dugu, eta, bi aldeetan, apostoluak hartzen dituzten sei arkuteria daude. Hala ere, desberdintasun batzuk nabari dira; zehazki, honako hau: arkuterien oinarria ez dago kapitelen maila berean, gorago baizik, eta zirkuluetan inskribatutako lau lobulutako friso batek apaintzen du, ez landare motiboek; arkuteriaren goialdean ez dago gableterik, laukizuzenetan bilduta baizik. Multzoa Olitekoa eta Artajonakoa baino hobea da, eta horrek geroagokoa dela pentsarazten du.

Portadak berak arku zorrotza du, baketoidun hamabi arkiboltarekin osatua. Arkibolta guztiak erabat lisoak dira, eta bakoitzak bere listela du, ondoan moldura estuagoak dituztela -hori, Artajonakoarekin eta Olitekoarekin alderatuz gero, berrikuntza da eta, beraz, berriagoa dela pentsarazten du-. Hauts babes bat ere badu, mentsuletan jarria, eta horiek ohiko kapitel jarraituetan daude. Horiek guztiak, berriz, baketoietan ezarrita daude, moldura bertikal finagoez enmarkatutako listelak dituztela. Sistema Iruñako San Zernin eta Ujuéko Andre Maria elizetakoen antzeko da. Multzoa ateburua duen tinpano zizelkatuak osatzen du.

Ikonografiari dagokionez, ateburuan Azken Afaria ageri da, eta tinpanoa bi zatitan banatuta dago. Beheko aldean, pasarte hauek ageri dira: Hiru Mariak hilobian -gogoratu eliza Hilobi Santuari eskainita zegoela-, Linborako jaitsiera eta Kristo amaren aurrean agertu zenekoa. Goialdean, berriz, Gurutziltzaketa. Hau da, Kristoren Nekaldia eta Zerurapena.

Oro har, gai hori Iruñako katedraleko Errefektoriko eta Artxidiakonotegiko ateetan oinarritua dela dirudi.61 Lehen ate horretatik, Azken Afaria hartuko zen; eta bigarrenetik, Hiru Mariak, Linborako jaitsiera eta Kristo amaren aurrean agertu zenekoa eta Gurutziltzaketa.62 Iruñako katedralean, gainera, bi portada horiek multzo bat osatzen dutela uste da.63

Gurutziltzaketako zenbait xehetasun Errefektorioko64 muraletik hartuak direla uste dugu; esaterako: Longinos eta Estefanos agertzea, eta lehen horren keinua, eskua begietara eramaten;65 bai eta bi lapur agertzea ere.

Tinpanoko ikonografia hori giltzarrietako Nekaldiko sinboloak dituzten aingeruen irudiekin eta erremateko Kristo Berpiztuarekin osatzen da. Iruñako San Zernin elizan ere agertzen dira irudiak giltzarrietan eta errematean. Tinpanoari eusten dioten mentsulek atlante bizardunen bi irudi dituzte. Kapitelek, berriz, landare naturalistak dituzte, eta animaliak, eszena bukolikoak eta mahats bilketako irudiak ere ageri dira, multzo xarmanta osatuz. Hori Iruñako katedraleko ekialdeko eta iparraldeko hegaletako antzeko kapiteletatik eratorria da; adibidez: Barbazana kaperako atetik eta Andre Mari Babeslearen eskuinekotik. Mentsulek hauts babesaren pisua jasotzen dute; ezkerrekoak gizonezko baten irudia du, eta eskuinekoak aingeru baten bustoa. Kapitelak landarez estalita daude, eta eszena historiatuak ageri dira; formula hori bera ikusten da Ujuékoan, eta Uxeekoaren eredua Iruñako klaustroan dago.

Tinpanoaren bi aldeetan, hamabi apostoluak, nitxozko friso batean.

Estiloa . Oro har hartuta, Nafarroako portada da onena, Iruñako katedraleko Andre Mari Babeslearen atearen eta Ate Ederraren ondoren; bere katedral ereduak baino hobea da. Tinpano barruko frisoko eszenak nabarmentzen dira bereziki -Hiru Maria, Linborako Jaitsiera eta Kristo amaren aurrean agertu zenekoa-; irudiak ongi proportzionatuak dira, itxura txikikoak, eta mugimendu naturala dute, arropak ongi landuta dituzte, eta tolestaketan dekoratzeko joera ageri dute. Azken Afariaren eta Gurutziltzaketaren kalitatea eskasagoa da: lehenengoan, nolabaiteko monotonia nabarmentzen da, eta, bigarrenean, arkaismoak -adibidez, antolaketa eskema erabat simetrikoa da, neurri hierarkikoari eusten dio eta markora egokitzeko zailtasunak ere nabari dira-. Apostoluen irudietan, monotoniari ihes egitea lortu da, orrazkerak, bizarrak eta arropak aldatu baitira.

Ziur asko, zenbait artistaren artean egin zuten.66 Azken Afaria, behinik behin, beste esku batek egina dela dirudi, eta ezkerreko lehen bi apostoluak ere -aureola duten bakarrak- badirudi ez zituela beste guztiak egindakoak egin.

Hilobi eskultura

Ez da batere ohikoa, baina aurreko epean baino gehiago agertzen da. Arnaldo de Barbazan eta Miguel Sanchez de Asiain artzapezpikuen hilobiak eta Blanka infantaren ustezko hilobia (fase honen muga kronologikoak gainditzen ditu) dira garrantzitsuenak; guztiak Iruñako katedralean daude.

Arnaldo de Barbazanen hilobia

67

Iruñako artzapezpiku ospetsuenetako baten hilobia da, eta, dirudienez, lanen sustatzaile handia izan zen. 1318 eta 1355 urteen artean gobernatu zuen elizbarrutia.

Barbazana izeneko kaperan dago. Hasieran, kapera horrek kapitulu gela izan behar zuen, baina Barbazanen hil kapera bihurtu eta izen hori hartu zuen.

Artzapezpikua hil baino zertxobait lehenago edo geroxeago egingo zen; hau da, 1355 urte inguruan.

Exentu motako hilobia da, baina etzandakoaren irudia soilik geratu da; sarkofagoa, edo ez zen egin -hori da sinesgarriena-, edo desagertu egin zen.

Prelatuak ohiko ereduari jarraitzen dio: artzapezpikuen intsigniez apainduta dago -mitra, eraztuna eta makulua-, eskuak gorputzaren gainean gurutzatuta ditu, hankak lehoi baten gainean eta, buru azpian, zenbait aingeruk izerkari bati eusten diote -aingeru bakarra geratzen da-.

Polikromatuta egongo zen, eta harribitxi inkrustazioak izango zituen meza jantzian, zuloak geratu baitira. Horrek asko hobetuko zuen horren itxura. Estiloari dagokionez, artzapezpikuaren irudia oso estilizatua da, konposizio bakunekoa, tolesketa oso sinplea du (eta horren bidez ongi transmititzen da ehunen kalitatea) eta aurpegi idealizatua.

Etzandakoaren irudiak eta gorde den aingeru bakarrak analogia formal garbiak dituzte Ate Ederreko eskulturekin. Hori dela eta, bi lanak lantegi berekoak direla esan daiteke, eta ate hori nolabaiteko zehaztasunez datatu.

Miguel Sanchez de Asiainen hilobia68

Iruñako beste prelatu garrantzitsu bat, aurrekoaren ondorengoa. Elizbarrutia 1357 eta 1364 urteen artean gobernatu zuen.

Klaustroko hego-ekialdeko angeluan dago, eraiki zen azken zatian, hain zuzen ere.

Arkosolio motako hilobia da, eta arkitektura, eskultura eta pintura konbinatzen ditu; berezia da horregatik, ez baita oso ohikoa, baina ez da bakarra. Egun, pinturak Nafarroako Museora eraman dira, eta hilobiaren jatorrizko itxura hutsalduta geratu da: jatorrizko itxurak askoz ikaragarriagoa izan behar zuen.

Kronologiari dagokionez, etzandakoaren irudiaren eta arkosolioaren arteko datazioan dauden desberdintasunak kontua izanik, uste izan da69 etzandako irudiak artzapezpikua hil aurrekoa izan behar duela (1364), eta arkosolioak eta haren dekorazioak, bai pinturak, bai eskulturak, heriotzaren ondoren eginak izan behar dutela, 70eko hamarkadan, hain zuzen ere. Erreforma ahaideren batek sustatuko zuen: Ferrant Gil de Asiainek edo Ferrant de Asiainek. Lehenengoa artzapezpikuaren anaia zen, zalduna, eta horren argazkia ageri da hilobian. Ferrant de Asian, berriz, iloba zen, Egiarteko artxidiakonoa; horrek, 1276an hil aurretik, kapilautza bat sustatu zuen, bai osabaren alde, bai bere alde, hilobia familiaren mausoleo bihurtzeko. Familia hilobia da, eta horrek azaltzen du Asiaindarren hiru ezkutu agertzea: bata, artzapezpikuarena, tinbretzat makulua duela; eta beste biak, makulurik gabeak, ahaideenak.

Arkosolioko arkitektura klaustroko hegaletakoen sintesia da: antolaketa orokorra ekialdeko hegalean inspiratua da; arkuko tinpanoko trazeriek mendebaldeko hegaletakoak gogorarazten dituzte, eta lobulu betegarriek, hegoaldeko hegala.

Eskulturaren zatiak osagai hauek ditu: etzandakoaren irudia, bere dignitatearen bereizgarriekin apainduta -mitra eta makulua-; segizioa, negargile eta guzti, etzandakoaren atzean; aipatutako hiru ezkutuak, bat atzealdean eta beste biak alboetan; eta, azkenik, Ama Birjina Haurrarekin, erdiko ezkutuaren gainean, Jatorrizko Bekatuarekin apaindutako mentsula baten gainean, alboko ezkutuetan, berriz, Deikundea osatuz, Maria eta Aingerua; guztiak droselez errematatuta daude. Azken hiru irudi horiek gai bateratu bat osatzen dute, eta gogorarazten digute Mariak, Jainkoaren Ama izatea onartzean, Erospena ahalbidetu zuela, eta horrek Jatorrizko Bekatuaren ondorioz irabazitako heriotzatik askatu gintuela.

Eskultura horien estiloa eta Barbazanen hilobia -etzandakoaren irudia- antzekoak dira, bai eta Ate Ederrekoa -droselak eta Deikundearen Ama Birjina- ere.

Pinturei 70 dagokienez, hauek dira irudikatzen diren gaiak: Mariaren Jaiotza, Ama Birjina Haurra Tenpluan aurkezten eta Azken Epaiketa (gai oso egokia hilobi baterako). Bi bitartekotzen gaia ere barneratzen da: Kristorena, Aita-Epaileari Nekaldiko tresnak eta zauriak erakusten, eta Ama Birjinarena, Kristori bularrak erakusten. Horrez gain, Ama Birjina Haurrarekin agertzen duen eskulturaren bi aldeetan bi irudi otoizlari agertzen dira: artzapezpiku bat (Miguel Sanchez de Asiain jauna) eta zaldun bat (agian, haren anaia Ferrant Gil de Asiain).

Estiloari dagokionez, Italiako estiloaren trazuak dituela soilik esango dugu, eta, hori dela eta, korronte italiar-gotikotzat hartu dela.

Karlos II.aren alaba Blanka infantaren ustezko hilobia71

Katedral erromanikokoa zen, baina suntsiketatik salbatu eta katedral gotiko berriaren hegoaldeko gurutzaduretako besoaren horman sartu zen. Erabateko ziurtasuna ez izan arren, Blanka infantaren hilobitzat hartu da. Karlos II.aren alaba 1376an hil zen, hamalau urte zituela.

Data horren ondorengotzat, baina 1378. urtea baino lehenagokotzat, hartu behar da obra, azken data horretan egoera kritikora bihurtu baitzen Erresuman.72

Tapa soilik gorde da, etzandakoaren irudi eta guzti. Neskato bat irudikatzen du: modelatu leuneko aurpegia du, azalera biribilekoa, eta irrika ari da, haur baten xalotasunaz. Ilea motza du, eta zehaztua baino gehiago zirriborratua; buruko zinta edo tira batek eusten dio. Mantua eta tunika soila gorputzean. Hil oihal baten gainean jarrita dago, ertzei lau aingeruk eusten dietela. Burua drosel batek estaltzen dio; eta hankak lehoi basati baten gainean ditu. Estiloari dagokionez, Jean de Liègeren hilobiaren estiloko frantziar hilobiekin lotu izan da; zehazki, Frantziako Bonarenarekin (Karlos V.aren alaba eta Blanka andrearen lehengusua). Balizko lotura hori Evreux etxeko kideen hilobiak ere estilo horretakoak izateak indartzen du.

Bigarren fasea

Esan bezala, hilobi eskultura nagusitzen da fase horretan, eta, guztien artean, Karlos III.aren hilobia nabarmentzen da. Monumentu eskulturari dagokionez, Iruñako katedraleko San Jose atea aipatu beharko litzateke.

Hilobi eskultura

Fase horretan, Nafarroako hilobi eskulturako lan bikain bat aipatu behar dugu: Karlos III.aren eta Leonor andrearen hilobia. Lan horrek, gainera, beste hilobi monumentu batzuetan eragin zuen, eta errege hilobi hori egin ondoren, bikoiztu egin zen hilobi monumentuen kopurua.

Karlos III.aren eta Leonorren hilobia73

Nafarroako gotikoko lanik esanguratsuenetako bat da, baita bere garaiko hilobi eskulturakoa ere.

Kronologia . Ongi dokumentatuta dago, eta, beraz, badakigu 1413an hasi eta 1419an amaitu zela.

Dokumentazioaren bidez dakigu, halaber, lanaren maisu zuzendaria Johan Lome de Tournai izan zela. Dirudienez, Karlos III.ak berak ekarri zuen Nafarroara, 1411n Frantziara egindako hirugarren bidaiatik itzultzean. Harekin beste egile batzuk aritu ziren, gehienak frantsesak; besteak beste, hauek aipa ditzakegu: Michel de Reims, Anequin de Sora eta Juan de Borgoña.

Hilobi oherik gabeko hilobi bat da, marmol beltzekoa. Etzandakoen irudiak taparen gainean daude, buruan droselak dituzte, eta hankak ohiko animalien gainean dituzte (lehoia eta zakurrak). Alboak negargileez apainduta ageri dira, droselen azpian. Hori guztia harzurizkoa da, eta xehetasunak polikromiazkoak.

Estiloari dagokionez , etzanda dauden estatuak dira multzoko onena, eta Lomek berak egin zituen. Karlos III.arena erregea bizi zela egin zuen, eta erabat errealista da, benetako argazkia. Leonor andrearena idealizatuagoa da: hura hil ostean egin zelako, agian; edo emakumezko baten irudia delako, kasu horietan ohikoagoa baitzen idealizatzeko joera. Biak otoitz egiten ari dira. Erregeak tunika bat, gaintunika bat eta mantua ditu; emazteak tunika eta azpiko arropa, eta burua sare batekin estalita. Biek koroa dute buruan. Arropa horiek frisoak eta beste apaingarri batzuk dituzte, polikromatuak eta urre kolorekoak; koroak ere halakoak dira, eta, gainera, harribitxiak zituzten, egun galduta badaude ere. Arropei eta tolestaketei emandako tratamendua erabat naturalista da. Etzandakoen irudien konposizioa erabat tradizionala da, biak tente baleude bezala landuak baitira, eta ez etzanda. Nabarmena da ez zituztela ezagutzen Dijiongo dukeen hilobietako berrikuntzak.

Erregeak lehoi baten gainean ditu hankak, boterearen eta maiestatearen sinbolo; erreginak, berriz, hezur bat hortzikatzen ari diren bi zakurren gainean ditu, gizakiaren hilkortasunari erreferentzia eginez. Bata zein besteak espiritu erabat errealistaz landu dira. Lehoiak direla eta, Karlos III.ak bere bilduman lehoiak zituela gogorarazi behar da eta, beraz, Lomek, agian, zuzenean behatu zituela.

Negargileei dagokienez, behin baino gehiagotan berritu direla esan behar da, eta horien banaketa ez dela jatorrizkoa -badirudi, besteak beste, jatorriz bikoteka zeudela, Dijongo hilobikoen moduan-. Segizioko parte dira, eta, logikoki, guztietan tristura nagusitzen da, baina jarrera desberdinak dituzte. Horietakoren bat garai hartako pertsonaiaren batekin identifika liteke; adibidez, kardinala Martin de Zalbarekin edo haren iloba Miguel de Zalbarekin, eta artzapezpikua Sancho Sanchez de Oteizarekin.

Estiloari dagokionez, hainbat talde bereiz daitezke. Lehenengo taldean sei elizgizonak sartuko genituzke, besteak beste; elizgizon horiek irudi errealekin lotuta daude, erlatiboki. Bigarren taldea horietan oinarritzen da, baina estilizaziora eta formak itxurati bihurtzera jotzen du. Azkenik, hirugarren taldea urrundu egiten da aurrekoetatik; konposizio naturala eta dotorea eta nahiko estilizatua ditu. Azken horiek txanoak dituzte, aurpegiaren zati handi bat estaliz, eta arropak landuagoak dira, arreta gehiago ematen baitzaie xehetasunei eta osagarriei. Talde horren barruan, bolumetria eta gorpuztasuna nabarmen indartzen dituzten zenbait negargile daude, eta oso hurbil daude eskola borgoñonar sluterianotik.

Nabarmena da Karlos III.aren hilobiaren eredua Felipe Ausartaren hilobi ospetsua izan zela. Hilobi hori Claus Sluter eta Claus de Wervek egingo zuten; Nafarroako erregeak Dijonen ikusi ahal izan zuen, eta inpresio handia egin zion, antza. Biak, noski, bat datoz ezaugarri batzuetan -koloreari dagokionez, kontraste handiko materialak erabiltzea; negargileak binaka banatzea; trazeria apaingarriei protagonismo handia ematea, etab.-. Baina antzekotasun hori, estilo eragina baino areago, hilobi hura imitatu nahi izana dela dirudi; izan ere, bien itxura antzekoa bada ere, xehetasunetan tradizio estilistiko desberdinak nabarmentzen dira. Borgoñako hilobia tradiziozko egituraren berrinterpretazio berritzailea da (XIII. mendeko Frantziako errege hilobietan inauguratua); Nafarroako hilobia, aldiz, kontserbadoreagoa da, helburua diseinu tradizionala perfekzionatzea baitzen.

Karlos III.aren hilobiak, esana dugun bezala, hilobi oldea ekarri zuen. Besteak beste, hauenak aipa ditzakegu: Villaespesa kantzilerrarena, Garrotarrena, Sanchez de Oteizatarren biak,74 Baquedanotarrena,75 Periz de Andosillarena eta Zuriarena,76 Martin Cruzatena,77 Enequo Pinelena,78 Periz de Estellatarrena eta Joana infantarena.79

Azken hori izan ezik, gainerakoak arkosolio motakoak dira. Gehienetan, gainera, arkosolioaren formula berri bat ageri da, Oliteko Jauregi Zaharreko "ganbera luzeko" leihotik eratorria (Lomek 1413 urte inguruan egina).80 Berrikuntza garrantzitsuena hildakoaren ezkutuak arkuarteetan kokatzea izan zen, eskuarki lauostotan inskribatzen baitziren. Mota horretakoak dira Villaespesaren hilobia, Garroren hilobia, Sanchez de Oteizarena (Iruñako katedralean), Baquedanotarrena, Periz de Andosillaren eta Zuriarena. Horietako batzuk Lomeren lantegiak egin zituela uste da -Sanchez de Oteizaren hilobia-, eta beste batzuk beste korronte estilistiko batzuetakoak dira, osorik edo zatika -Villaespesaren, Garroren, Baquedanoren hilobiak, eta Oliteko San Frantziskoko hilobiak-. Dena den, guztiak dira Lomek Nafarroan egindako lanaren zordun. Gehiegi ez luzatzeko, adibide batzuk soilik ikusiko ditugu; interes berezia dutelako edo egoera onean daudelako aukeratu ditugu, baita nahiko ongi aztertuta daudelako ere.81

Villaespesaren hilobia82

Erregearen hilobiaren osteko hilobirik galantena mosen Frances de Villaespesaren eta haren emazte Isabel de Ujue andrearen hilobia da, eta Tuterako katedraleko Itxaropenaren Andre Mariaren kaperan dago. Karlos II.aren eta Karlos III.aren gorteko kide itzaltsua izan zen, erreinuko kantzilerra eta errege familiaren laguna.

Kronologia . Hilobia egiten 1419ko udaberrian hasi zirela uste izan da; alegia, Isabelen heriotzaren ostean (1418. urtearen amaiera aldera). Kantzilerra hil zenean, 1421. urtean, amaitu gabe zegoen oraindik. Hogeiko hamarkadaren erdialdera edo amaiera aldera amaitu zela uste da.

Egileei dagokienez, badirudi ezin dela Lome eta haren inguruarekin lotu, nahiz eta badituen lotura puntu batzuk errege hilobiarekin. Badirudi lan hori, edo zati bat, bederen, aragoiar artistek edo Aragoin lan egin zutenek egina dela.

Arkosolio motako hilobia da, arku zorrotzekoa, eta arku konopial batek hartzen du; alboetan, pinakuluetan errematatutako kontrahorma bana ditu. Tinpanoa zulo bordatuko trazeria ederrak atonduta dago; nahiko aurreratua da, baina ez da Garroren hilobiko forma flamigeroetara iristen, eta horrek azken horren arkosolioa geroagokoa dela baieztatuko luke.83 Arkuterietan trazeria itsuko bi franja daude; eta, goikoaren gainean, bikotearen ezkutua.

Piezarik interesgarrienak etzandakoen irudiak dira. Aurpegi oso errealistak dituzte (batez ere, senarrak), garaiko arropak daramatzate soinean, eta jantziek xehetasun asko dituzte. Errege hilobian ikusi dugun bezala, droselen azpian daude (errege hilobikoak baino soilagoak dira), eta hankak ohiko animalietan dituzte: lehoiaren eta zakurraren gainean.

Arkosolioaren atzealdea eta alboak erliebeez apainduta daude, eta hiru pisutan banatuta. Behekoan, hain ohikoa den segizioa ageri da, arku beheratuek biltzen dutela. Erdikoan, San Gregorioren meza ageri da: erdian, arkosolioaren atzealdeko horman, Kristo ageri da (Doloreetako jauna), Nekaldiko sinboloez, eta Maria eta San Joan lagun dituela; ezkerrean, arkosoliaren ezkerreko alboan, Mezaren ospakizuna, eta, eskuinaldean, arkosolioaren aurkako aldean, Villaespesa familia mezan -kantzilerra, emaztea, seme-alabak eta bilobak-. San Gregorioren mezan Kristo Doloreetako jauntzat agertzea ohikoa zen XV. mendeko ikonografikoan; ezagunak dira garai horretako adibide batzuk: Cuellarko San Esteban elizako koadroa (egun Museo Arkeologikoan), Valladolideko San Benitoko erretaula zaharra eta Pisón de Castrejóngo erliebea (lehenengoa ere hileta testuinguru baterakoa da). Gaiak, funtsean, eukaristia mezua zuen -Sagarapeneko substantzi aldaketa irudikatzen du-, baina, kasu honetan, hileta zentzu bat eransten zaio, meza bitarteko eraginkorrenetako bat baita hildakoen alde otoitz egiteko. Azkenik, goiko aldean, Hirutasun Antropomorfiko bat ageri da, Nafarroan arrotza den Hirutasunaren aldaera (Nafarroan Graziaren Aulkia Hirutasuna irudikatu ohi zen). Jatorria Herbehereetako hegoaldean duela dirudi; garai horretatik aurrera, fama pixka bat lortuko zuen, Oliteko Enequo Pinelen hilobiaren erliebean ere ageri baita.

Hilobi arkuaren parean, negargileak daude arkuen pean, jarrera askotan.

Multzoa erabat polikromatuta dago.

Estiloari dagokionez, hiru talde bereiz daitezke. Batetik etzandakoen irudiak; horiek nolabaiteko lotura dute errege hilobikoekin, baina desberdinak dira. Bestetik, goiko erliebeak; Lome eta haren zirkuluaren lanen kalitaterik ez dute, eta antzekotasunak dituzte Darokako korporalen kaperako erliebeekin (Claus de Werverekin ikasitako Issanbartenak direla uste da).84 Azkenik, kutxaren aurreko negargileak Lomeren negargileen oso bestelakoa dira; zabalera asko nabarmentzen dute eta horrek Sluterrekin lotzen ditu.

Garroren hilobia85

Mota horretako beste hilobi bat Pere Arnaut de Garro eta Juana de Beunzarena da. Iruñako katedraleko klaustroaren ipar-ekialdeko angeluan dago, Sanchez de Asiain artzapezpikuaren hilobiaren aurrean. Garro garai hartako noble garrantzitsu bat zen, eta harreman onak zituen monarkiarekin.

Kronologia . Jakina da 1422ko otsailerako eginda zegoela, Pere Arnauten testamentuan agertzen baita, eta testamentu hori data horretakoa da; ez zen denbora asko izango egin zela, honela aipatzen baitu: "la sepultura nueva que yo he fecho fazer". Bestetik, errege hilobia baino geroagokoa izan behar du (1419rako amaitu zen). 1420-1421 urteen artean egingo zen, beraz.

Teoria berri batek86 dioenez, ordea, hilobi hori bi fasetan egin zen. Lehenengoa, antza, Pere Arnautek sustatu zuen, eta 1422rako amaitu zen; fase horretakoak omen dira etzandakoen irudiak, eta arkosolio bakunago batean egongo ziren. Bigarrena bere seme Leonel de Garroren ekimena izan zela esaten da, eta 1450 urte ingurukotzat hartzen da; fase horretakoak omen dira egungo arkosolioa, trazeria flamigeroak eta atzealdeko eskulturak. Borgoinarren eragina dute.

Villaespesaren hilobiarekin gertatzen den moduan, arkosolio motako hilobia da, eta arkitektura eta eskultura nahasten ditu, baita pintura ere. Horrek Sanchez de Asiain artzapezpikuaren hilobiarekin lotzen du (aurrean du). Kontrahormak ditu ondoan, pinakuluekin errematatuta, eta arku konopial bat biltzen dute. Villaesparen hilobikoak baino trazeria kalatu aurreratuagoak ditu, flamigelatuak baitira. Arkuarteetan Garrotarren armarriak daude, lauostoez bilduta.

Eskulturen zatia honako hauek osatzen dute: etzandakoen irudiek; Kalbarioak, ondoan lau santuren irudiak dituela -ezkerrean, San Antonio Abad eta San Joan Bataiatzailea, eta, eskuinean, Santa Katalina eta artzapezpiku santua- arkosolioaren atzealdeko horman; eta Jainko Aitaren eskultura batek (arku konopiala errematatzen duena).

Etzandakoen irudiak oso suntsituta daude, zoritxarrez. Villaespesaren hilobikoen moduan, garaiko arropak daramatzate soinean, eta jantziek xehetasun asko dituzte. Buruak kuxinen gainean dituzte, aingeru bikoteek eusten dietela, eta hanketan ohiko animaliak: lehoia gizonak eta zakurrak emakumeak.

Pintura galdu egin da, zoritxarrez. Pintura batzuk arkuarteetan zeuden: Jainko Aitaren irudiaren bi alboetan bi serafin eta aingeruak ezkutuen lauostoei eutsiz. Arkosolioaren beheko aldean, apostoluak zeuden margotuta; oraindik ere nahiko ongi ikus daitezke San Joanen eta San Pedroren irudiak. Nazioarteko korronte gotikokoak dira.

Estiloari dagokionez , Pere Arnaut de Garroren etzandako irudia Karlos III.aren anaia Pedro de Navarra-Evreuxenarekin lotu izan da. Horren irudia Parisko kartusiarako egin zen, 1412 eta 1413 urteen artean. Ez dirudi zuzeneko eragina izan zuenik, baina pertsonaia, moda eta ikuskera mota beraren irudikapena da, denbora aldetik hurbilekoak baitira. Joanaren irudiak lotura nabarmena du Baquedano-Palomequeren hilobiko Teresa Palomequerenarekin. Biak lantegi berak egin zituela aipatu izan da.

Gainerako irudiak kalitate handikoak dira, eta Sluterren tradizioko borgoinar eskulturaren ezaugarriak nabarmenak dira -esan izan da Ama Birjina Chapmoleko kartusiako Kalbariokoan inspiratuta dagoela-. Erregearen hilobian pixka bat nabarmendu baizik ez ziren egiten, eta, beraz, eredu horretatik urruntzen da. Aurpegiak zabalak eta biribilduak dira, arropek bolumena dute, eta zabaltasunerako joera, eta tailua zaindua eta xehetasun askokoa da.

Monumentu eskultura

Iruñako katedraleko San Jose atea87

Iruñako katedraleko iparraldeko gurutzadurako besoan dago.

Errege hilobia amaitu ostean egin zela uste da, 1425 urte inguruan.

Egitura . Turuta arku zorrotzeko baoa du, janbetan hiru baketoien bidez sartuta. Horiek irudizko dekorazioko bi arkiboltari eusten diete. Arkibolten inguruan, gainean, bi loroi dituen arku konopial bat dago, eta, multzoaren alboetan, bi kontrahorma, goian nitxoek bere droselak dituztela. Nitxo horien gainean pinakulu bat dago. Mentsuletan ezarritako tinpano zizelkatu batek osatzen du atea.

Gaia . Eskulturak tinpanoan, arkiboltetan eta mentsuletan daude. Lehenengo hori Ama Birjinaren Koroazioari eskainita dago. Gai horrek erro zaharrak ditu: XII. mendean, Senlisen agertzen da, baita katedraleko Ate Ederrean ere; Ate Ederrean istorio baten zati da, eta, hemen, gai bakarra. Bestaldeko Lokartzearen osagarri izango zela uste izan da. Arkiboltetan, luzetara ezarritako santuak daude, gotikoan ohikoa den moduan, droselek babesten dituztela. Bateren bat identifikatu ahal izan da; adibidez: San Nikasio, San Klemente, San Frantzisko, San Lorentzo eta San Esteban. Mentsuletan aingeru bana dago; aingeru horiek ezkutuak zituzten, baina galdu egin dira, zoritxarrez, emaileei eta kronologiari buruzko datu garrantzitsuak emango zituzten eta.

Estiloari dagokionez , arkiboltetako irudiak dira, batez ere, garrantzitsuak. Lotura estua dute errege hilobiko negargileekin, eta, hori dela eta, Lomerekin eta haren lantegiarekin lotu ahal izan da.

Araba

Euskal Herriko eskultura gotikoko foku garrantzitsuena Araba da, inolako zalantzarik gabe, eta, adierazi den moduan, kapitulu garrantzitsua osatzen du Hispaniako plastikan.88 Osoko ikerketa bikaina egin du, gainera, Maria Lucia Lahozek bere tesian, baina, zoritxarrez, eta ulergaitza bada ere, argitaratzeke dago; horren zati bat baino ez dugu ezagutzen, egileak zenbait aldizkaritan argitaratutako artikuluen bidez. Horietan oinarritu gara, funtsean, txostenaren zati hau egiteko, aurreko bibliografia biltzen duten heinean, baina berau baztertu gabe.

Nafarroako eskultura gotikotik bereizten da ikerketa hori, bi errealitate direlako, jasotzen dituzten eraginengatik. Nafarroan, ikusi dugun moduan, eragin nagusia europarra izan zen; zehazki, Frantziakoa eta Herbehereetako hegoaldekoa. Araban, berriz, Frantziaren eraginarekin batera, oso garrantzitsua izan zen eragin hispanikoa; bereziki, Burgosena eta Toledorena, baina baita Nafarroarena berarena ere.

Horrez gain, estilo gotikoa Nafarroan baino askoz geroagoa agertu zen Arabako plastikan. Laguardiko hegoaldeko gurutzadurako atearen estatua zutabeak izan ezik (uste baitugu egokiagoa dela "Erromanikoaren eraldaketak" delakoetan sartzea),89 estilo horretako lehen lanak XIII. mende amaierakoak eta XIV. mende hasierakoak izango dira: Tuestako frisoa,90 Trebiñoko Andre Mari Zuriaren eskultura, Laguardiako San Joan Batailatzailearen elizan desagertutako mendebaldeko portada91 (portada horren hondar batzuk geratzen dira, eta bereziki azpimarragarria da maineleko Ama Birjinaren irudia). Nafarroan ez bezala, beraz, diakronian bat dator Hispaniako estilo horretako lehen adierazpenekin:92 Tuiko, Ourenseko eta Ciudad Rodrigoko portadekin. Alde nabarmen hori Arabako lurraldearen egoera historikoek, politikoek, ekonomikoek eta sozialek azaltzen dute, eta garrantzitsua da, halaber, aurreko epean Arabak izaniko egoera artistiko pobrea.

Edonola ere, atzerapen horrek arkaikotasun nabarmena ematen dio Arabako gotikoari -baina ez da zentzu negatiboan ulertu behar-, batez ere, estiloari dagokionez. Estilo arkaiko hori oso bereizgarria da; agortuta zeuden kanpoko formuletan inspiratu ziren bertako lan artistikoak.

Horrek, ordea, ez dio interesik kentzen Arabako plastikari, eta, bereziki, fase klasikoko monumentuei. Horiek multzo garrantzitsua osatzen dute Hispanian; horien balio garrantzitsuena zera da: desagertutako proiektu askoz garrantzitsuagoen balizko isla izatea -Burgosko katedraleko mendebaldeko portadarena, adibidez-.

Bestetik, Arabako monumentu eskulturaren loraldi garaian, eskultura mota hori ahitzen ari zen lurralde hispaniarretan (Nafarroan izan ezik).

Eskulturaren barruan, bi bloke handi bereizi beharko lirateke: monumentu eskultura eta hilobi eskultura.

Monumentu eskultura

Monumentu eskulturari dagokionez, Lahozek ongi definitutako bi une bereizten ditu.93

Lehen fasea XIV. mendekoa da, bereziki, bigarren herenetik aurrekoa, eta fase klasikotzat hartzen du. Goi mailako gotikoa dela esaten du, inspirazioa nazioartean duela, eta, berandu bada ere, Frantziako gai gotikoen ildo nagusiei jarraitzen diela. Fase horretako ekoizpena bi lekutara mugatzen da: Gasteiz eta Laguardiara. Lehenengoan hauek aipatu behar dira: Santa Maria elizako Santa Ana atea eta mendebaldeko ataria, San Pedroren iparraldeko portada eta ekialdeko ataria, eta San Migel elizaren hegoaldeko portada. Bigarren fasean, San Joanen eta Santa Mariaren mendebaldeko portadak nabarmentzen dira.

Bigarren fasea hispano-flandestarra izango litzateke, XV. mende amaiera eta XVI. mende hasiera bitartekoa. Lan duinak eman zituen fase horrek, baina ez aurreko epekoak bezain garrantzitsuak, eta Burgosko eskolaren ildoei, eta, kasuren batean, Toledoko eskolarenei jarraitzen die. Etapa horretan, gotikoa arabar lurraldean hedatu zen; gune garrantzitsuenak leku hauetan daude: Lautadan (gune garrantzitsuena Agurain da), mendi eremuan (Done Bikendi Harana eta Santikurutze Kanpezu), eta hegoaldeko eremuan eta Errioxan (La Puebla de Arganzon eta Estavillo, eta Leza, Navaridas eta Oion, hurrenez hurren).

Fase klasikoa

Labur bada ere, fase klasikoko zenbait obra aztertuko ditugu; zehazki, Gasteizko katedraleko portadak eta San Pedro elizaren Atari Zaharra, eta Laguardiako Santa Mariaren portadak. San Pedro elizaren iparraldeko portada eta San Migel elizaren portadak ere erantsi genitzake, baina, espazio arrazoiak direla eta, ez ditugu azalduko.94

Gasteizko katedrala95

Gasteizko Andre Maria elizak (jatorriz, parrokia; eta egun, katedrala) Frantziako katedralek bezala ditu antolatuta sarrerak: ate bat gurutzadurako hegoaldeko besoan -Santa Ana atea-, eta hiru mendebaldeko fatxadan. Santa Ana atean Kristoren Haurtzaroko gaiak agertzen dira, bataiatu artekoak; mendebaldeko hiru ateek Frantziako eskema kanonikoari jarraitzen diote, eta ohiko gaiak ageri dira: Azken Epaiketa -eskuineko ateko tinpanoan-, hagiografia bat, San Gilenak -ezkerreko ateko tinpanoan- eta Ama Birjinaren Zerurapena -erdiko ateko tinpanoan-; janbetan, berriz, Testamentu Zaharreko irudi tipografiko batzuk eta emakumezko santuen irudiak ageri dira.

Hegoaldeko Gurutzadurako Atea edo Santa Ana Atea96

Santa Ana atea Gasteizko katedraleko eskultura lanen hasiera da. XIV. mendearen bigarren herenean hasi zela dirudi, eta tinpanoak eta arkiboltek garai horretakoak dirudite; janbetako gizonezkoen irudiak, berriz, mende horretako bigarren erdikoak direla ematen du, eta emakumezkoenak 1400 urtearen ingurukoak.

Ikonografia . Tinpanoa eta arkiboltak egoera txarrean daude, eta horrek zaildu egiten du gaiak identifikatzea. Janbetako irudiak mendebaldeko ataritik ekarri ziren, eta beste estilo eta kronologia batekoak dira. Horrek zalantzan jartzen du jatorrizko proiektuko parte ote zen.

Arkiboltez ari garela, kanpokoenean itun zaharreko pertsonaia batzuk aurkituko ditugu -erregeak, profetak eta patriarkak-, Kristori zenbait modutan lotuta; hurrengoan, identifikatu gabeko pertsonaia eseriak -agian, Kristoren irudikapenak- eta aingeruak; ondorengoan, erlijio kategoriak eta estamentuak; laugarrenean, emakumezko santuak, eta, bosgarrenean, Haurtzaroko ziklo bat, arabar gotikoko monumentu plastiko osatuena. Interesgarria da Haurtzaroko zikloa oraindik ere arkiboltetan egotea -Erromanikoan gertatzen zen moduan- eta ez tinpanoan -gotikoan ohikoa den moduan-; hori mendebaldeko portadan eta San Pedrorenean eta Laguardiakoan ikusiko dugu -beranduagokoak dira-.

Ateburua zaila da interpretatzen; Lahozek bi aukera ematen ditu lehenengo eszenarako: batetik, Kristoren lurreko familia: Jesus, Maria ama, lurreko aita San Jose, eta amaren gurasoak, San Joakin eta Santa Ana. Gai hori arraroa da monumentu eskulturan, ez du aurrekaririk; hori azaltzeko, atearen izena, ondoko kaperaren eskaintza eta kristauen pietatearen eboluzioa (jainkozko irudiak gizatiartzeko joera) hartu behar dira kontuan. Bestetik, Ama Birjina Haurrarekin, ondoan Santa Ana eta San Joakin eta Santa Isabel eta Zakarias dituela; lehenengoak atearen izenarekin daude lotuta, eta bigarrenak tinpanoko Bataioarekin. Bigarren eszenarako, Simeon agurearekin izandako topaketa edo familia santu bat (zentzu hertsian) proposatzen ditu Lahozek. Kristoren gizatasuna nabarmentzea da helburua, Bataioan aldarrikatzen den jainkotasunarekin kontrajarrita.

Tinpanoko lehen erregistroa ezin izan da identifikatu. Lahozek uste du tinpanoaren gaia ateburukoarekin lotuta egongo zela.

Goiko erregistroan, Kristoren Bataioa ageri da. Kasu bakarra da Arabako gotikoko plastikan, eta lotura zuzena du Burgosko katedraleko klaustroko atearekin. Batetik, arkiboltetako Haurtzaroko zikloaren amaiera izango litzateke, Bizitza Publikoaren hasiera adieraziz, eta, bestetik, tinpanoko gaiekin egongo litzateke lotuta, Aitzindariaren gurasoak eta Mariak eta Haurrak Simeon agurearekin izandako topaketa ageri direla onartuz gero. Hori aurkezpenaren lehen urratsa izango litzateke, Bataioaren Lege Zaharrean Lege Berriaren aurreirudikapena.

Janbetako irudiei dagokienez, ezkerreko biak Santa Luzia eta Santa Barbara direla esan dute, baina eskuinekoak, gizonezkoen bi irudiak, oraindik ere ez dira ziur identifikatu. Ez da lotura ikonografiko garbirik aurkitu gai osoarekin, baina aipatu da Arabako ikonografiak hagiografiara jotzeko izandako joerak eragina izan litekeela, mendebaldeko atarian ere ageri baita.

Estiloari dagokionez, hainbat zati bereizten dira. Batetik, tinpanoa: bertan bi lantegik hartuko zuten parte; batek ateburuan eta besteak gainerakoan. Bestetik, arkiboltak, askotariko estilokoak: batzuek tinpanoarekin dute lotura -elizgizonen eta Itun Zaharreko pertsonaien irudiak-; beste batzuek Azken Epaiketako atearekin -zehazki, andre marien (emakumezko santuen) arkiboltarekin-; eta beste batzuk anekdotikoak edo narratiboak dira -Haurtzaroaren zikloa-. Janbetako irudiak horien guztien ondorengoak dira; gizonezkoenak lantegi batek egin zituen (eragin asko dituzte: frantziarra, alemaniarra eta hispaniarra), eta emakumezkoenak beste batek.

Mendebaldeko eskuineko atea edo azken epaiketaren atea97

Izenak adierazten duen moduan, Azken Epaiketari eskainia dago. Gai horrek atari nagusia hartu ohi zuen, baina alde honetara ekarri eta Ama Birjinaren Koroapenak hartu zuen haren lekua, Reimsen inauguratutako sistema bati jarraiki.

Uste da XIV. mendearen bigarren herenean egin zela, epe hori aurrera zihoala.

Ikonografia . Kanpoko arkiboltan emakumezko santu batzuk ageri dira; horietako batzuk erraz identifika daitezke, dituzten ezaugarriengatik. Aintza osatzen dute. Barrukoan, apostoluak ageri dira, Epaiketaren aholkulariak; lehen tinpanoan edo janbetan egoten ziren, baina hona ekarri, eta lekua egin zaie janbek osatutako multzoan osoko esanahia hartzen duten emakumezko santen irudiei.

Tinpanoaren goialdean, Kristo epailea dago, Zaurien Kristo, ondoan bitartekariak dituela, Maria eta San Joan, eta Nekaldiko tresnak dituzten aingeruak, eta goiko aldean gurutzeari eusten dioten bi aingerutxo; horren azpian, erdian psikostasia, ezkerrean -Kristoren eskuinean- dohatsuen Paradisua eta, eskuinean -Kristoren ezkerrean-, kondenatuen segizioa, bazter batera eraman eta Leviatanen ahoaren bidez irudikatzen den Infernuan amaitzen dena. Kronologia aurreratua dela eta, zenbait berezitasun ikonografiko ditu; besteak beste, hauek nabarmentzen dira: Zeruaren aldeko hautua egitea, segizioa alde batera utziz; egoera alderantzizkoa da Infernuaren kasuan, hor gehiago garatzen baita segizioa Infernua bera baino; ez dira aipatzen hierarkiak edo klase sozialak, eta dohatsuentzat nahiago dira ama birjinak, aitorleak eta martiriak, eta kondenatuentzat bizioaren irudi generikoa (diruzalekeria eta lizunkeriaren topikoetara joz); elementu garrantzitsuak ezabatzen dira, sintesirako joera dela eta (adibidez: Hildakoen Piztuera). Azken Epaiketa horrek Chartre katedralaren ereduak gogorarazten ditu azken buruan, baina berehalako inspirazioa Burgosen du, Puerta de la Coronerí­a atean, eta, maila txikiagoan, Corpus Christi kaperako atean.

Ateburuan Santiagoren bizitza dago irudikatuta. Lehen begiratuan, ez du loturarik tinpanoarekin, eta eskema kanonikoen transgresioa eta ziklo desberdinen sintesia da -ohikoa Arabako eskultura gotikoan, geroago ikusiko dugun moduan-, eta hori berankorra izateak justifikatzen du. Baina lotura bat egin daiteke. Ateburuan, beste gauza batzuen artean, San Pedroren eta Santiagoren predikuak ageri dira; horrek kristau dogmaren unibertsaltasunari egiten dio erreferentzia, eta, beraz, salbazioaren aukera unibertsalari; bestetik, Santiagoren martirioaren bidez, fededunen bi ereduak agertzen ditu: santuarena berarena, jarraitu beharrekoa, eta Herodesenena eta sayon direlakoena, baztertuko beharreko eredua; horiek bi segizioekin lotuko lirateke, dohatsuenarekin eta kondenatuenarekin.

Estiloari dagokionez, lantegi asko aritu zirela adierazi behar da. Janbetako emakumezko santuak eta Azken Epaiketak dirudite zati zaharrenak. Azken hori Burgosko Corpus Christi kaperako tinpanoaren mende dago; horren egileak San Gil atearen goialdea ere egin zuen. Ateburua beste lantegi batek egin zuen, aurreratuagoa eta manierista zen batek, eta San Gil atearen ateburuan ere parte hartu zuen. Apostoluen arkiboltan zenbait esku aritu ziren; irudi batzuek epe gotiko klasikoko ereduak interpretatzen dituzte, baina dagoeneko modu manieristekin, eta beste batzuek beranduagoko inspiraziokoak dirudite. Emakume santuen irudiek antzekotasunak dituzte gai bereko Santa Ana atearenekoekin, eta Laguardiako Santa Maria portadakoa, gai berekoa, aurreratzen du.

San Gilen atea98

Kronologikoki , XIV. mendearen bigarren erdialdearen hasierakoa da, Azken Epaiketaren tinpanoaren ondoren eta atari zentralaren aurretik egina.

Ikonografiari dagokionez, gaiaren guneak -hau da, tinpanoak- santu baten bizitza aurkezten du, frantziar tradizio onenaren ildotik, baina frantziar adibide horiek baino garapen narratibo handiagoa du, ate hau berankorra baita. Zehazki, San Gilen ziklo bat da, Urrezko Kondairan oinarritua. Gai hori aukeratzeko arrazoiak Erdi Aroan santuak izan zuen ospean eta errege-erreginen familiarekin izandako loturan bilatu behar dira, monarkiak ez baitzuen alferrik babestu Santa Mariaren eraikuntza. Bestalde, gainerako gaiarekin lotzen da; zehazki, Azken Epaiketaren atariarekin. Emaitza ona lortzeko zein ereduri jarraitu behar zaion agertzen du, eta, aldi berean, egoera horretan santuen bitartekotzak duen garrantzia gogorarazten du. Bi gaiak, Azken Epaiketarena eta San Gilen zikloa, Chartreko katedraleko hegoaldeko atarian agertuta zeuden ordurako. Estiloari begiratuz gero, Azken Epaiketaren atariarekin lotzen da, eta bi lan horiek lantegi berak egin zituela uste da.

Ate nagusia99

Kronologia . Azken ikerketek XIV. mendeko 70eko hamarkadakotzat datatzen dute, baina janbetako zenbait estatuak lehenagokoak dirudite: XIV. mende erdialdekoak.

Ikonografia . Mendebaldeko atariko ate nagusiak ziklo bikoitza du tinpanoan -berriz ere, Arabako plastikan gotikoaren bereizgarria den zikloen sintesia-. Ateburuan, Kristoren Haurtzaroko ziklo bat ageri da -Deikundea, Ikustaldia, Jaiotza, Artzainei egindako iragarpena, Epifania, Tenpluko aurkezpena eta Errugabeen hilketa-, eta, tinpanoan bertan, Mariaren Zerurapenaren ziklo bat -Apostoluen iritsiera, Ama Birjinaren Heriotza, Gorputzaren eta Arimaren Zeruratzea, Santo Tomasi Andre Mariaren gerrikoa emateko kapituluarekin lotuta, eta Koroapena-, eta ziklo horrez gain, Igokundearen eta Mendekostearen eszenak ere badira. Horiek ziklo kristologiko batekoak dira, baina Mariari gorapenean ere laguntzen diote Theotokos den aldetik leku nabarmenean jartzen baitute.

Bi zikloak batzearen ideia horrek aurrekaria Frantzian izan zuela iradoki izan da: Villeneuve l´Archevêque elizan, edo antzeko ikonografia duen beste batean. Gainerakoan, Haurtzaroko pasarteak Mariaren Jainkozko Amatasunaren laburpen izateak justifikatzen du lotura hori, eta, hori, aldi berean, Zerurapenaren oinarria da.

Bi ziklo horiek berriz agertzen dira XIV. mendeko Laguardiakoaren portadan (desberdintasun txiki batzuekin bada ere), eta Debako elizan, gipuzkoan (XV. mende amaierakoa); baita, nolabait, Iruñako Ate Ederrean ere, kasu horretan, Haurtzaroaren zikloa janbetako zeruratzean sintetizatzen bada ere. Aldaera ikonografikoak gorabehera, nabarmena dirudi lehen hiru portaden inspirazioaren jatorriak; izan ere, elkarren artean hurbilagoak dira Ate Ederrarekin alderatuz baino.

Bereziki interesgarria da Gorputzaren eta Arimaren Zeruratzearen eszena, espainiar gotikoan eszena horrek garapena lehen aldiz lortzen baitu, tratamendu independentea eta konposizio argitasuna; Pariseko Nôtre Dame katedraleko koru atzeko erliebe batean inspiratua dela uste da. Era berean, aipatzeko modukoa da Apostoluen bidaiaren pasartea; arraroa da monumentu eskulturan eta Iruñako Ate Ederretik hartu dela dirudi. Kasu hori Nafarroako eskulturak izandako eraginaren adibidea da, eta eragin hori, gainera, oso modu zehatzean nabarmentzen da.

Janbetan Testamentu zaharreko pertsonaia batzuk ageri dira (Ezequiel, Salomon eta Sabako erregina, adibidez), eta bikain lotzen dira multzo osoaren gaiarekin -Andre Mariaren aintzarekin eta gai eklesiologikoarekin-, eta, aldi berean, aberastu eta zehaztu egiten dute. Emakumezko santu batzuk ere ageri dira: Santa Katalina, Santa Marta eta Santa Margarita. Haurra duen Ama Birjin bat da maineleko buru, Laguardiakoan bezala.

Estiloa. Tinpanoan deskripzio xehetasun asko ageri dira. Aurpegiak errealistak dira, eta irudien jarrerak adierazkorrak. Janbetako irudiak ez zituen lantegi bakarrak egin. Erro klasikoak dituen lantegi batenak dira Testamentu Zaharreko irudiak, eta Amiens, Reims, Leon eta Burgoskoen eragina dute. Beste lantegi batenak dira Santa Katalinaren (XIII. mendeko ereduei jarraitzen die) eta Santa Martaren irudiak.

Gasteizko San Pedroko portada nagusia100

Bitxia bada ere, ekialdean dago, elizak kokapen berezia baitu; eta kokapen hori du defentsarako zelako eta harresiari itsatsita dagoelako.

Kronologia . Portada honetan bi fase izan zirela uste da -Perez Higuera-. Lehenengo fasea 1300 urte ingurukoa da, eta janbetako apostoluak eta maineleko Ama Birjina dira, antza, fase horretakoak. Bigarren fasea XIV. mendean ondo sartuta hasiko zen, eta tinpanoa jotzen da fase horretakotzat.

Ikonografia . Tinpanoan, titularraren bizitzaren eta martirioaren ziklo zabala garatzen da -LehenGotikotik hasitako tradizio bati jarraiki-, eta ateburuko Kristoren Enkarnazioko eta Haurtzaroko ziklo batekin osatzen da. Horrek atariko janbetan eta hormetan irudikatutako San Pedroren eta gainerako apostoluen misio apostolikoa azaltzen du, martir diren aldetik -XIII. mende hasieran Chartreko hegoaldeko atarian agertutako ideia-, eta bakoitza bere martirioak dituela dago idulkian. Lotura honako hau izango litzateke: apostoluak -San Pedro barne- Testamentu Berriaren dotrinaren zabaltzaileak dira; Testamentu berriak Hitzaren haragitzea inauguratzen du; eta apostoluek beren martirioarekin itxi zuten ekintza hori. Mainelean Ama Birjin bat dago Haurrarekin, eta hori dago eskola apostolikoaren buru.

San Pedroren bizitzaren eta martirioaren zikloaren aurrekaria santu horren Oliteko elizaren tinpanoan egon daiteke. Oinazpikoetan apostoluak martirioan agertzea eta hori irudikatzeko modua Burgosko katedraleko klaustroan oinarritzen da.

Estiloa . Esan izan da janbetako eta maineleko irudiak eta tinpanokoak estilo desberdinekoak direla -Perez Higuera-, eta hori kronologia desberdintasunaren ondorioa izango da. Lehenengoak XIII. mendeko Frantziako lantegi handietako klasizismokoak dira -Amiens eta Reims-, haien ohiko sosegua eta oreka baitute. Bigarrenek, berriz, mugimendua adierazten dute, askotan "s" forman, eta kiribil formako izurrek indartzen dute; Pariseko Nôtre Dame katedraleko gurutzadurako hegoaldeko atearen eta Reimsko azken lantegien eraginen mende zeudela dirudi. Eragin hori XIV. mendean nagusitu zen, Frantziako marfilen bidez. Autoreak berak Gasteizko, Toledoko Puerta del Reloj ateko eta Oliteko andre marien arteko lotura aipatzen du, baina beste batzuek hori ukatu eta Leongo isla aipatzen dute.101

Laguardiako Santa Mariaren portada102

Etapa klasikoko azken lana da, eta 1390. urtearen ingurua dela esan daiteke.

Ikonografia . Gasteizko katedraleko mendebaldeko erdiko ateari buruz aritzean aipatu genuen bezala, eta Arabako gotikoan ohikoa den moduan, bi ziklo ageri dira. Batetik, Kristoren Haurtzaroa, ateburuan: Deikundearen, Ikustaldiaren eta Epifaniaren pasarteak. Bestetik, Ama Birjinaren Zerurapena, honako pasarte hauetan laburtuta: Apostoluen bidaia, Ama Birjinaren heriotza -arimaren zeruratzea; hori ez zen agertzen katedralean, eta Iruñako Andre Mari Babeslearen ateko tinpanoan oinarrituta egongo da, agian-, Gorputzaren Zeruratzea, Santo Tomasi gerrikoa ematearen pasartearekin batera, eta Koroapena. Bi ziklo horiek elkartzearen arrazoia eta horren antzinako jatorria katedraleko atea lantzean aipatu ziren.

Adierazi bezala, lotura estua dago bi lanen artean, eta aldagai ikonografikoak badaude ere, argi dago zein izan zen inspirazioa. Bestetik, Laguardia Debako portada berankorraren eredua izango da.

Errioxako atearen ikonografia maineleko Ama Birjinarekin osatzen da, eta Maria Eba Berria balitz bezala ageri da, sugea zapaltzen ari baita, eta jatorrizko bekatuaren eszena baitago idulkian. Eredua Parisko katedralean inauguratu zen, XIII. mendean, nahiz eta horren iturri zuzena Iruñako katedraleko Andre Mari Babeslearen Ateko Andre Mari Babeslea izan daitekeen. Mariaz gain, apostoluak daude janbetan.

Estiloa . Tinpanoan beheko erregistroa nabarmentzen da, errealismo klasikora iristen den ikuskera naturalistagatik: espazioa menderatzen du, eta irudiak trebetasunez daude kokatuta. Goiko erregistroak ere antzeko ezaugarriak ditu. Beheko erregistroan, ordea, irtenbide arkaikoak eta irudi pilaketak nabari dira. Apostoluen eskulturek eredu gotikoei jarraitzen diete: ehunei tratamendu estilizatua eta ohikoa ematen zaie, eta buruak errealistak eta indibidualizatuak dira. Ama Birjinak, berriz, edertasunerako joera ageri du, fatxada berankorretan gertatzen den moduan.

Fase hispano-flandestarra

Adierazi dugun moduan, ez da bestea bezain interesgarria eta, espazioari dagokionez, hedapen handiagoa izan zuen. Hiru eremu bereizten dira: Lautada (gune garrantzitsuena Agurain da), mendi eremua (Done Bikendi Harana eta Santikurutze Kanpezu), eta hegoaldeko eremua eta Errioxa (La Puebla de Arganzón eta Estavillo, eta Leza, Navaridas eta Oion, hurrenez hurren).

Errioxa eta hegoaldeko eremua

Garrantzitsuena azken eremu hori da. Eremu horretan Estavilloko elizaren portada nabarmentzen da.103 Paularrean Juan Guasen Toledoko eskolak sortutako ereduari jarraitzen dio; eredu hori asko zabaldu zen eremu horretan, agian, artista horrek 1483an Miranda de Ebrora egindako bisita zela medio. Hala ere, lotura zuzenagoa du Burgosko eskolarekin, berehalako inspirazio iturria Gil de Siloeren Cartuja de Mirafloreseko portada izango zuelako. Portada horrek kontrahormak eta inposta ditu; ateak arku beheratua du, tinpanoa arku zorrotzeko arkiboltaz mugatuta dago, eta arku konopial bat dago estradosean. Motibo ikonografiko nagusia Deikundea da, eta tinpanoan ageri da; Gizakundearen ideia nabarmentzen du, Jainko Aitaren eta Espiritu Santuaren usoaren agerpenaren bidez. Hori guztia Erospenarekin osatzen da, eta hori goiko inpostako aingeruek irudikatzen dute, "Arma Christi" direlakoekin; hori da inpostako gai nagusia. Eskultura horien estiloa, eta, bereziki, goiaingeruarena, Mirafloresko Siloeren gai berari buruzko erliebearekin lotuta dago.

Lapuebla de Arganzon 104 herriko portadarekin lotzen da, baina areago garaiagatik lantegi edo esku berekoak izateagatik baino. Guasek Paular-en ospetsu bihurtutako tipologiari jarraitzen dio. Programa Ama Birjinaren Zerurapenari buruzkoa da, eta tinpanoan irudikatzen da: Haurra besoetan du, tronuan jarrita dago, eta droselaren azpian, ondoan, ohoratzen duten lau aingeru ditu; monumentu eskulturan baino gehiago, erretauletan erabiltzen zen formula da. Arkuarteetako San Pedroren eta San Pabloren irudiek osatzen dute gaia; horiek eskola apostolikoaren sinbolo dira, eta Ama Birjinaren gorespenean barneratzen dute sinbolo hori. Estiloari eta ikonografiari dagokienez, tinpanoa Burgosko eskolaren baiatakoa da, nahiz eta lotura gehiago duen erretauletako lanekin monumentu eskulturekin baino.

Lezako portadaren105 egituran, Guas-en Toledoko eskolatik eratorritako eredu hispano-flandestarra errepikatzen da. Estavillokoarekin eta Lapueblakoarekin lot daiteke, ziur asko horietan oinarritu zelako, eta bereziki, lehenengoan, hura izan behar baitzuen eredu. Programa ikonografikoak San Martin santu titularra goresten du. Titularraren bi irudi ageri dira: bata tinpanoan, pobre bati kapa emanez, eta, bestea, artzapezpikua, konopioan. Lehenengoa XVII. mendearen erdialdekoa bada ere, badirudi irudi hispano-flandestar original baten kopia dela. Estiloari begiratuz gero, Estavillokoarekin lotzen da, nahiz eta eskulturak baldarragoak diren.

Oiongo portadaren tipologia106 desberdina da; Guasen Toledoko katedraleko Tenorio artzapezpikuaren eskaileraren atetik eratorria da. Egitura besteena ez bezalakoa da; kasu honetan, ez dago goiko inpostarik, eta arkiboltek eta tinpanoak profil lerronahasi oso mugitua dute. Programa ikonografikoan Zeruratzea soilik ageri da, eta horregatik lotzen da Estavillokoarekin, baina Birjintasunaren ideia indartzen du, eta hori portada egitean Angelusak zuen goraldiarekin lotu behar da. Zenbait arlo (janzkera, esaterako), hispano-flandestarrak dira, baina beste batzuetan (gorputzen biribiltasunean eta bolumetrian) Errenazimentuko forma berrien eragina nabari da.

Mendi eremua

Mendi eremuan, Santikurutze Kanpezuko elizaren portada nagusia nabarmentzen da;107 eliza horren tipologia Estavillokoaren, Lapueblakoaren eta Lezakoaren berdina da. Irudikatutako gaia Hildako Kristoren gainean negar egitea da. Hori ohiko gaia zen Erdi Aroaren amaierako portadetan, eta Arabatik kanpo adibide asko aipa litezke.

Hilobi eskultura

Arabako eskulturako bigarren bloke handia hilobi eskultura da, eta hiru gune nagusitzen dira: Gasteiz, Santikurutze Kanpezu eta Kexaa.

Gasteiz

Gasteizen biltzen da Arabako hilobi ekoizpenaren zati handiena. Nukleo garrantzitsuena katedralean dago, baina beste leku batzuk ere aipa daitezke; esaterako: San Pedro eliza -Alava baten hilobia-, San Vicente eliza -Nicolas txantrearen hilobia- eta San Migel -Oñate batxilerraren hilobia-, baita San Frantzisko, Santo Domingo, Magdalena eta Santa Klara komentuetako desagertutako hilobiak ere.

Gasteizko katedraleko hilobiak dira108 Arabako hilobi plastikako lehenak; gaur egunera arte iraun duenarena, behinik behin.

Hiru hilobi dira, gizonezkoenak. Horietako bi Hirutasun Guztiz Santuaren eta Santa Ana kaperen arteko tarteko horma batean daude, eta Vazterra familiarenak dira; hirugarrena Santa Ana kaperan dago, eta Iñiguez familiarena da.

Lehen bien tipologia askotan ageri da Arabako gotikoan -San Pedroko Alava hilobian ere bai-. Bi kaperen arteko tarteko horman bi arku zorrotz egin ziren, eta horma hobietan etzandakoen irudiak jaso. Goialdean, hildakoen ezkutua eta inskripzioa daude; patronazgoari buruzkoa da, eta hilobiak identifikatzen ditu.

Hirugarrenak, Iñiguez hilobiak, "lucillo" motako harrizko kutxa ekarri zuen Arabako gotikora; kutxa mota horrek, aurrekoak ez bezala, eragin eskasa izan zuen Araban; Nafarroan, berriz handia izan zuen. Molduratutako arku zorrotzeko baoak (lobulatutako arkuen trazeriez apaindua eta gabletea duela) pinakuluekin errematatutako euskarriak ditu alboetan; formula horren aurrekaria Burgosko katedralaren zenbait eredutan dago -XIV. mendean orokortu ziren-. Mailan hiru lehoi daude, eta kutxaren aurrealdea ezkutuez apainduta dago.

Etzandakoen irudiei dagokienez, hiruretan zaldunaren ikonografia ageri da. Ikonografia hori orokorra izan zen XIII. mendean, eta XIV. mendean ere iraun zuen. Tunika luzeak eta mantu estua dituzte, lokailu eta guzti; esku bat sabelaren gainean dute, mantuaren zati bati edo eskularru bati eutsiz, eta bestearekin lokailuri eusten diote. Hankak zakur baten irudian dituzte, zaharrenak izan ezik (galdu egin baitu).

Iñiguez Vazterra I.aren hilobia da soilena; ez du elementu gehiago. Iñiguez Vazterra II.arenak bi aingerutxo ditu hildakoaren buruaren alde banatan, eta burkoari eusten diote, goratu nahian, "Transitio animae" delakoari erreferentzia eginez. Hori lehen erreferentzia da Arabako hilobi eskulturan. Aingeru horiek berak daude Iñiguezen hilobian ere, eta zentzu bera dute, baina, kasu honetan, hirugarren bat ageri da, hilobiaren erdialdean, eta intsentsu ontzi bat darama. Horrek zerutar liturgiari egin diezaioke erreferentzia, edo zeruko atseginen glosa plastikoa izan daiteke; horretaz gain, hilobi horretako hildakoa aldare zapi baten gainean dago, eta horrek irudiaren bidez adierazten den pasartea adierazten du: "Corpore insepulto" ofizioaren erritu liturgikoa. Ofizio horri dagozkio arropa eta zaldunaren kokapena.

Gaztelar tradiziokoa da, eta, bereziki, Tierra de Camposeko eta haren eragin eremuetako hilobiekin lotuta dago; hala ere, ezin da aurrekari jakinik zehaztu.

Zaharrena Iñiguez Vazterra I.tzat identifikatutakoa da, 1300. urte inguruan datatua. Zaharrena izateaz gain, Araban gordetako hilobi eskultura guztiaren aitzindaria da. Hori izan zen hilobi mota horretako lehena, eta gainerako bietan ez ezik, Gasteiz hiriko zaldunen gainerako hilobietan ere errepikatu zen gotikoan. Antzinatasuna oihalen tratamenduan nabari da: forma geometrikoak dituzte, eta gogor samarrak dira.

Iñiguez Vazterra II.arena XIV. mendekoa dela esaten da, ez aurrekotik oso urrun. Modernotasun handiena izurretan dago: modelatu biribilagoa dute, eta galduak ditu geometrismoa eta gogortasuna ; hori dela eta, errealismo handiagoa du.

Iñiguez hilobia da modernoena; hala frogatzen dute xehetasun hauek: formen modelatua leunagoa da, oihalak findu egin dira, eta aingeruek modernotasun hori islatzen dute. XIV. mendearen erdialdekotzat datatzen da.

Santikurutze Kanpezu

Herri horretako parrokian Fernan Ruiz de Gaona artxidiakonoaren hilobia dago. Artxidiakono hori Arabako Erdi Aroko pertsonaia bikainenetako bat zen.109

Kalitatezko lana da, eta, bertan, ikonografia nabarmentzen da. Aipatu behar da hiletak ageri direla ikonografia horretan, eta hori "unicum" da Arabako plastikan. Formula tradizionalei jarraitzen badie ere, kopia hutsa baino zerbait gehiago dela dirudi: hildakoaren ospea nabarmentzeko eta haren memoriaren iraupena bermatzeko nahia. Bertan, apostoluen eskola dago irudikatuta (hilobi eskulturan ohikoa den gaia), eta Epaiketari egiten dio erreferentzia -apostoluak kontseilariak izango lirateke-, bestela, eskolaren ondorengotza Fernan jaunarena zela adieraz lezake,. Irudikatutako beste gai bat hildakoaren hileta da. Horrek ikonografia tradizionalari jarraitzen dio, baina zenbait berezitasun ditu: fase publikoa soilik ageri da, ikusgarriena, eta segizioa garatzen da gehien; oso hierarkizatua da, eta pobre eta hiletari asko daude (hildakoaren ospe sozialaren adierazle), baita apaiz asko ere (elizgizona zelako); bestetik, ehorzketa zeremonia artzapezpiku horrek berak egiten du, eta hori hildakoaren kategoriaren aipamen berria da. Azkenik, oheburuaren albo ikusgarrienean, artxidiakonoaren armak ageri dira, errege ezkutuaren ondoan; sistema horren bidez Fernan jaunari egiten zaio gorazarre eta monarkiarekin izandako lotura estua adierazten da. Goialdean, etzandakoaren irudia aldare zapi baten gainean dago, "corpore insepulto" elizkizunerako; ohiko zakurra du oinetan, eta bi aingeru buruaren bi aldeetan.

Lan horretan bi maisu aritu ziren. Batek apostoluak egin zituen, eta, besteak, hileta eta, agian, etzandakoaren irudia. Lehenengoa hezkuntza klasikoko egilea zen, nahiz eta berantiarra izan. Bigarrena, modernoagoa, katalandar-aragoitar heziketa eta inspiraziokoa zela dirudi.

XIV. mendearen bigarren erdialdeko lehen urteetakoa dela esaten da.

Kexaa

Kexaako San Joan domingotar monasterioa Fernan Perez de Ayala jaunak fundatu zuen, kantzelariaren aitak, eta bertan dago Euskal Herriko hilobi multzo garrantzitsuena. Monasterio horretan, hilobi oso interesgarriak daude. Pedro Lopez de Ayala kantzelariaren eta haren emazte Leonor de Guzmanen hilobia, horien seme Fernan Perez de Ayala jaunaren eta haren emazte Maria Sarmiento andrearena, eta kantzelariaren guraso Fernan Perez de Ayala jaunarena eta Elvira de Ceballos andrearena.

Pedro Lopez de Ayala kantzelari jaunaren eta haren emaztearen hilobia110

Virgen del Cabello elizako kapera kantzelariak berak sustatu zuen hilobi kaperatzat, eta bertan dago Pedro Lopez de Ayala jaunaren hilobia.

Hilobi exentua eta bikoitza da. Ohearen gainean, etzandakoen irudiak ageri dira, eta beren maila eta dignitate sozialaren berri ematen duten ezaugarriak dituzte, baina erlijiosotasuna ahaztu gabe. Pedro zaldun moduan irudikatuta dago, baina zaldun kristau moduan, eta emaztea dama handi baten moduan, baina dama jainkotiar moduan -hala adierazten du otoiz orduen liburua edukitzeak-.

Idulkia irudi batzuek apaintzen dute; irudi horiek medailoi tetralobulatuetan daude, eta loturetan eskotadurak dituzte. Programa ikonografiko oso interesgarria osatzen dute, eta Pedro jaunaren obra literariotik abiatuta argitzen saiatu izan da. Zenbait irudi karteladun identifikatu dira; esaterako: Job, San Pablo, Isaias, David, Daniel eta Salomon. Pertsonaia horiek askotan aipatzen dira kantzelariaren testuetan, eta nabari da miresten zituela. Zenbait bertute ere ageri dira, emakumezkoen irudien bidez: Pietatea, Justizia, Indarra, Fedea, Karitatea, Apaltasuna eta Esperantza. Horiek ere Pedro jaunaren idatzietan aipatzen dira, batzuk oso sakon, kantzelariaren beraren bertuteak adierazi nahi dituztela dirudi, eta, horien bidez, betiereko zerua lortuko zuela. Hilobietan bertuteak irudikatzea Italian sustatu zen bereziki, Giovanni Pisano eta haren ikasleen bidez, eta, bertute horietako batzuen ikonografia ikonografia italiarrarekin lotuta dago. Garai horretara arte, ordea, gai horiek santuen, elizgizonen eta erregeen hilobietan soilik lantzen ziren; Pedro jaun noblearen hilobian agertuko zen lehen aldiz ohiko lekutik kanpo, Espainian, bederen.

Gai hori kantzelariak berak aukeratu zuela dirudi. Gizon kultua zen, eta giza zientzietan zuen heziketak eragina izan zuen idulki horretan. Heziketa horrek azaltzen du programa hori kontzeptuala izatea, eta ez narraziozkoa, garai hartan ohikoa zen bezala; eta Italiarekin zuen lotura ere azaltzen du, literaturaren eta Avignongo egonaldien bidez ongi ezagutzen baitzuen.

Uste da Ferrand Gonzalezen Toledoko lantegiak egin zuela, baina zenbait eskuk hartu zuela parte. Arropak eta apaingarriak egiteko esku ona zuen artista batek egin zituen etzandakoen irudiak; aurpegiak egiteko, berriz, ez zuen hain esku ona, estereotipatuak eta espresio gabeak baitira. Idulkiko zenbait iruditan, berriz, kalitatea hobea da, eta tradizio klasikoko eta Italiako trecentoarekin lotutako forma batzuk ageri dira. Hori guztia dela eta, egilea italiarra izango zela uste da.

Amaituta egongo zen 1399. urterako.

Kantzelariaren aita Fernan Perez de Ayala jaunaren hilobia111

Virgen del Cabello elizako kapera horretan bertan, kantzelariaren aita Fernan Perez de Ayala jaunaren (1385ean hila), eta haren emazte Elvira de Ceballosen hilobiaren hondarrak daude. Leinua berreskuratu eta bultzada berri bat eman zion, eta, horri esker, Ayala familia Kexaan kokatu zen behin betiko. Monasterioa ere hark fundatu zuen.

Hasieran, komentuko elizaren kapera nagusian zegoen hilobia, eta, tokiz aldatzean, aldaketak egin eta zati bat galdu zen. Hasieran, hilobi exentu bikoitza zen; etzandakoen irudiak hilobiko ohean zeuden, eta medailoi lobulatuetan inskribatutako apostoluen irudiez apaindua zegoen idulkia. Egun, etzandakoen irudiak (bi nitxotan sartuak, gainera) eta idulkiaren zenbait zati baizik ez dira geratu.

Kantzelariaren hilobiaren ereduari jarraitzen dio, eta, haren moduan, hau ere Ferrand Gonzalezen Toledoko lantegiaren lana da.112 Ustez, haren seme Pedro jaunak enkargatu zuen, berearekin batera, 1390-1400 urte inguruan.

Kantzelariaren seme Fernan Perez de Ayala jaunaren hilobia113

Pertsonaia hori (aitonaren izen berekoa) eta haren emazte Maria de Sarmiento andrea elizan bertan lurperatuta daude, baina jatorrizko ehortz tokia beste bat zen.

Hasieran, hilobia, exentua eta bikoitza, tenpluaren oinaldean zegoen, nabearen erdian, lekaimeen koruaren ondoan. Egun, banandu egin dira etzandakoen irudiak, eta koruaren oinaldeko alboko nitxoetan sartu dira.

Taparen gainean etzandakoen irudiak zeuden. Zaldunak aurpegi errealista zuen, eta damaren irudiak finezia ageri zuen aurpegieran. Biek garaiko arropak zituzten. Idulkian landare friso bat, bikotearen ezkutuak eta inskripzio bat: inskripzio horrek identifikatu egiten zituen, sarkofagoaren kokapena adierazten zuen eta haien fundazioetako bat aipatzen zuen (Gasteizko Virgen del Cabello erietxea).

Aipamen horiek ez ziren garrantzi gabekoak. Argazki moduan egitea, baina idealizatutako etzandakoen irudiekin batera izenak aipatzea eta motibo heraldikoak jartzea jendearen memorian irauteko eta ospea izateko egin zutela ulertu behar da. Erietxea fundatu zutela aipatuz, hildakoen bertuteak nabarmentzen zituzten (zehazki, karitatea), eta hori ezinbestekoa zen Epaiketan aldeko erantzuna lortzeko. Azkenik, kokapena oso esanguratsua da: "lekaimeen burdin hesiaren aurrean, Santa Maria del Cabelloren irudia dagoen koruaren azpian". Beraz, lekaimeen otoitzek babestu egingo zituzten, eta Epaiketaren egunean bitartekari handia den Ama Birjinaren babesa izango zuten.

Estiloari dagokionez, borgoñar korrontekoa da, data horretan Gaztelan eta Nafarroan eragin baitzuen. Estetika hori izatea (modan zegoen) mezenasaren aukera pertsonala izan daiteke: gizon kultua zen, eta egindako bidaietan korronte artistiko nagusiak ezagutu zituen. XV. mendearen 30eko hamarkadaren ingurukoa dela adierazi da.

Oharrak

  • 1. Lehen hurbilpen baterako, ikus ZENBAIT EGILE: Monumentos Nacionales de Euskadi , II. eta III. lib., Bilbao 1985; eta S. ANDRES ORDAX: "Arte" in ZENBAIT EGILE, Paí­s Vasco en Tierras de España, Madril, 1987, 188.-200. or.
  • 2. S. MORALEJO: La escultura gótica en Galicia , 1200-1350, Santiago, 1975, 7.-14. eta 22-24. or.; J. M. VAZQUEZ, J. M. IGLESIAS, A. A. ROSENDE, M. del S. ORTEGA eta M. L. SOBRINO: Historia del Arte gallego , Madril, 1982, 157.-161. or.
  • 3. J. YARZA: Historia del Arte hispánico , II. lib., La Edad Media , Madril, 1980, 242. or.
  • 4. Ibidem, 329. or. Oso esanguratsua da Errefektorioko atea, Artxidiakonotegiko atea eta Ate Ederra aipatu izana, eta azken horren argazkia ere agertzea Europako Erdi Aroko eskulturari buruzko azken sintesi handian: G. DUBY, X. BARRAL eta S. GUILLOT de SUDUIRAT: La escultura. El testimonio de la Edad Media. Desde el siglo V al siglo XV, Bartzelona, 1989, 210. or.
  • 5. J. M. LACARRA: Historia política del Reino de Navarra , Iruña, 1972, II. lib., 218.-269. or., eta III. lib., 13.- 23. or.; eta J. GOÑI: "Episcopado y cabildo" in ZENBAIT EGILE, La catedral de Pamplona , Iruña, 1994, I. lib., 39. eta 62 . or.
  • 6. J. M. LACARRA: Historia..., III. lib., 49.-145. or.
  • 7. R. S. JANKE: Jehan Lome y la escultura gótica posterior en Navarra , Iruña, 1977, 55. or.
  • 8. J. MARTINEZ de AGUIRRE: Arte y monarquí­a en Navarra 1328-1425 , Iruña, 1987, 167.-168. eta 324.-325. or.
  • 9. R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 107.-113. or. -San Jose atea-, 173.-176. or. -Oliteko klaustro txikiko estatuak- eta 181.-185. or.-Oliteko San Frantzisko komentuko atea-.
  • 10. M. L. MELERO: "Recherches sur l´iconographie des métiers à Tudela", Cahiers de Civilisation Médiévale XXX (1987), 71.-76. or.; IDEM: "Los textos musulmanes y la Puerta del Juicio de Tudela", Actas del V Congreso Español de Historia del Arte , Bartzelona 1984, Bartzelona 1987, I. lib., 203.-216. or.; IDEM: "La catedral de Tudela", in ZENBAIT EGILE, El Arte en Navarra , Iruña, 1994, 1. lib., 105.-108. eta 111.-112. or.; eta B. MARIÑO: "Sicut in terra et in inferno: La Portada del Juicio de Santa Marí­a de Tudela", Archivo Español de Arte , LXII (1989), 157.-168. or.
  • 11. Jimenez de Radaren hilobiari buruz, ikus S. SILVA: "Sepulcros góticos" in ZENBAIT EGILE, El Arte en Navarra ,..., 1. lib, 164. or. Nahastuta, Fiteroko Villalba abadearen hilobiaren argazkia ageri da. Argazki eta deskribapen zuzenerako, ikus M. C. GARCIA GAINZA eta beste: Catálogo Monumental de Navarra , I. lib, Iruña, 1980,174. or., 322. lam.
  • 12. CAMPO, L. Del: "Dos esculturas de Sancho VII el Fuerte", Temas de Cultura Popular , 251. zk., 12.-26. or.; eta C. GARCIA GAINZA eta beste: Catálogo Monumental de Navarra , IV** lib., Iruña, 1992, 328. or.
  • 13. Adibidez, Robert Curthoserena aurkitu dut, Gloucestereko katedralean, eta XIII. mende bukaerakoa da -G. DUBY, X. BARRAL eta S. GUILLOT: La escultura ..., 172. or. -. Arazo bat du, Antso Azkarrarenaren ondorengoa dela, baina egon zitezkeen beste batzuk lehenago. Eta abantaila bat ere badu: Silvak zaldunen hilobiak aipatzen baditu ere -S. SILVA: "Sepulcros...", 173. or.-, errege bat da; zehazki esateko, Normandiako duke bat, Gilermo Konkistatzailearen seme nagusia.
  • 14. Jarrera bera agertzen da, esaterako, Herodes erregearen irudikapenetan, bai eta Jesus Haurraren zenbait iruditan ere, esaterako, Nazarrekoan.
  • 15. Iruñako katedraleko eskulturari buruzko atala lan honetan oinarritu da: C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura" in ZENBAIT EGILE, La Catedral ..., I. lib. 275-335. or. Aurreko bibliografia guztia hartzen du. Lan honetan ere oinarritu da: C. FERNANDEZ-LADREDA: "La catedral de Pamplona", in ZENBAIT EGILE, El arte en Navarra , ..., 1. lib., 10. zk., 147.-153. eta 158. or.
  • 16. S. SILVA: "La catedral de Pamplona. El claustro y dependencias claustrales", in ZENBAIT EGILE, Navarra en La España gótica .
  • 17. E. MARTINEZ de LAGOS: "Influencia de la miniatura medieval en la caza del Unicornio. El púlpito del Refectorio de la catedral de Pamplona: ¿alegoría sacra o alegoría profana?", Lecturas de Historia del Arte , 4. zk., 1994, 174.-186. or.
  • 18. Katedraletik kanpo Nafarroan zizelkatutako portadei buruzko ikerketa sakona egiteke dago, eta, beraz, guk hurbilpen bat baino ez dugu egingo. Hurbilpen hori dakigunarekin eta ekarpen pertsonal batekin osatuko dugu, baina ez da, inolaz ere, behin betikoa. Gai horri buruzko doktore tesia abian da Nafarroako Unibertsitatean; Purificacion Diez Goñi ari da egiten, eta "Escultura gótica monumental navarra, siglos XIII-XIV" du izenburua.
  • 19. A. DURAN eta J. AINAUD: Escultura gótica en Ars Hispaniae , VIII. lib., Madril, 1956, 143. or.; J. E. URANGA eta F. IÿIGUEZ: Arte medieval navarro , Iruña, 1973, IV. lib., 225.-228. or.; T. PEREZ HIGUERA: "Relaciones artísticas entre Toledo, Navarra y Álava en torno al año 1300", Vitoria en la Edad Media . Actas del I Congreso de Estudios Históricos celebrado en esta Ciudad del 21 al 26 de septiembre de 1981 en conmemoración del 800 aniversario de su fundación, Gasteiz, 1982, 739.-74. or.; IDEM: La puerta del Reloj en la catedral de Toledo , Toledo 1987; eta M. C. GARCIA GAINZA eta beste: Catálogo Monumental de Navarra , III. lib., Iruña, 1985, 280.-283. or. Jardunaldi hauetan bertan, portada horri buruzko komunikazio bat aurkeztuko da, zehazki, ateburuari buruzkoa: E. MARTINEZ de LAGOS: "Una marginalia en piedra? A propósito del dintel de Santa Mar­ía de Olite".
  • 20. J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ..., IV. lib., 68, 225. eta 240. or.
  • 21. T. PEREZ HIGUERA: "Relaciones...", 742.-743. or.; eta IDEM: La puerta ..., 28. or.
  • 22. J. Martinez de Aguirre irakasleari eskertzen diot ezkutu horietan arreta jarrarazi izana eta horien identifikazioa eman izana.
  • 23. J. M. AZCARATE: "La portada de Platerí­a y el programa iconográfico de la catedral de Santiago", Archivo Español de Arte , XXXVI (1963), 12. or.; eta M. DURLIAT: La sculpture romane de la Route de Saint Jacques , Cahors, 1990, 341. or.
  • 24. I. BANGO: "Arquitectura y escultura", in ZENBAIT EGILE, Historia del Arte de Castilla y León , Valladolid, 1994, II. lib., 108.-111. or.
  • 25. E. ARAGONES: "El Románico de Sangüesa" in El arte en Navarra ,..., 1. lib., 5. zk., 69. eta 72. or.
  • 26. W. SAUERLANDER: La Monde gothique. Le siècle des cathédrales (1140-1260) , Paris, 1989, 260. or. 1250. urte ingurukotzat datatzen du.
  • 27. T. PEREZ HIGUERA: La puerta ...,19. eta 20. or.
  • 28. Urangak eta Iñiguezek, aldiz, Artajonakoa lehenagokoa dela uste dute. XIII. mendearen azken herenekoa dela diote, eta lehenago lantzen dute -J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte..., IV. lib., 222. or.
  • 29. Eragin ingelesaren hipotesia baztertu egin behar dela uste dugu. Hipotesi hori lan honetan aipatzen da: J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ..., IV. lib., 226. or.
  • 30. T. PEREZ HIGUERA: "Relaciones...", 739. eta 742.-743. or.; eta IDEM: La puerta ..., 30.-31. or. Oliteko eta Toledoko eszena antzekoenak hauek dira: Deikundea (T. PEREZ HIGUERA: La puerta ..., 56. or., 15. eta 16. lam.), Errugabeei lepoa moztea (Ibidem: 67-68. or., 33. eta 34. lam.), Tenpluan aurkeztea -bereziki, Ama Birjina, Haurra eta aldarea- (Ibidem: 71. or., 40. eta 41. lam.), Bataioa -Oliten San Joanen eta aingeruaren irudiak alderantzikatu egiten badira ere, eta beste aingeru bat sartu kandela bat daramala- (Ibidem, 76. or., 47-48. lam.). Olitekoaren eta Pariskoaren arteko eszena antzekoenak hauek dira: Egiptorako ihesa (Ibidem: 36. eta 37. lam.), Parisko Errugabeen Hilketako Herodesen irudia (Ibidem: 67. or., 32. lam.); Olitekora igarotzen da (Ibidem: 34. lam.), baita magoekin hizketan ari den Herodesen irudira ere, belarrira hitz egiten dion deabrua barne (Ibidem, 24. lam.).
  • 31. Egiptorako ihesia eta Errugabeen Hilketako pasartean Herodesek hankak gurutzatuta dituen irudiaz ari gara zehazki (aurreko zitan aipatuak).
  • 32. J. MARTINEZ de AGUIRRE eta F. MENENDEZ PIDAL: Emblemas heráldicos en el arte medieval navarro, en prensa. Autoreei eskertzen diet kontsultatzen utzi izana.
  • 33. T. PEREZ HIGUERA: "Relaciones...", 744.-745 or.; eta IDEM: La puerta .., 29. or.
  • 34. A. DURAN eta J. AINAUID: Escultura gótica..., 143. or. Bi egilez ari dira; bata, tinpanoarena eta salmeretarena; bestea, apostoluena. Nire ustez, hipotesia zuzena da. J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ..., IV. lib., 226. or. Liburu horretan diotena nahiko nahasia da. Badirudi, hala ere, hiru egile bereizten dituztela: bata, tinpanoko Ama Birjinarena; bestea, haren bizitzako talde txikiena, eta horri zenbait apostolu gehitzen dizkio, baina zein adierazi gabe; eta, hirugarrena, gainerako apostoluak egin zituena, Lizarrakoekin lotua. Gure iritziz, tinpanoko multzoa, Ama Birjina eta guzti, esku berarena da; ez dugu uste tinpanoko taldearen egileak apostoluak egin zituenik, beste batenak iruditzen baitzaizkigu, eta, azkenik, ez dugu inolako estilo loturarik ikusten Oliteko eta Lizarrako apostoluen artean. M. C. GARCIA GAINZA eta beste: Catálogo ..., III. lib., 283. or.. Lan horretan ez dira argi mintzatzen. Aurreko teoriak jasotzen dira, eta, hasieran, badirudi Duran eta Ainauden teoriaren alde egiten duela; teoria horrek bi egile izan zirela dio, bata tinpanoarena eta bestea apostoluena, baina, ondoren, Uranga eta Iñiguezek tinpanoaren eta apostoluen zati baten arteko loturari buruz egindako adierazpena jasotzen du, eta, badirudi, aurretik esandakoaren aurka egiten duela; azkenean, zenbait egileko lantegi zabal batez mintzo da.
  • 35. J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte..., IV. lib., 222.-223. or.; M. E. IBARBURU: "La iglesia fortificada de San Saturnino del Cerco de Artajona", Principe de Viana , XXXVII. lib., 1 (1976), 177.-182. or.; IDEM: ""La portada de la iglesia de San Saturnino de Artajona", Traza y Baza , 6. zk., 99.-105. or.; eta M. C. GARCIA GAINZA: Catálogo ...., III lib., 6.-7. or.
  • 36. M. E. IBARBURU: "La Iglesia fortificada...", 178. or.; eta IDEM: "La portada ...", 102. or. Egileak, lan horietan, erregealdi horretakoa dela dio, eta egiten hasi zeneko urtea 1284ra atzeratzen du; hau da, Felipe Frantziako errege izendatu zuten urtera arte. M. C. GARCIA GAINZA eta beste: Catálogo ..., III. lib., 6. or. Lan horretan ere teoria horren alde egiten da. J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte...., IV. lib., 222. or. Lan horretan XIII. mendearen azken herenekoa dela esaten da.
  • 37. J. MARTINEZ de AGUIRRE: "La heráldica en el arte medieval navarro. Avances de un estudio", Principe de Viana LIII (1992), 413.-414. or.; J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte..., IV lib., 223. or. Lan horretan ere gauza bera iradoki zen.
  • 38. Esan izan da Artajonako San Pedro elizan aurkitu eta egun Museo Diozesiarrean gordetzen diren estatua batzuk portada horretakoak izan daitezkeela -M. C. GARCIA GAINZA: Catálogo ..., III. lib., 7. or.-. Ez dirudi hala denik, bi arrazoigatik: batetik, ez dira apostoluak soilik, zenbait artzapezpiku ere agertzen baitira, eta, bestetik, egurrezkoak dira, eta, beraz, ez dira kanpoan egoteko egokiak.
  • 39. Puntu horretan lan honi jarraitu diogu: M. E. IBARBURU: "La iglesia...", 180. eta 181. or.
  • 40. Iruñako San Saturnino portadari buruz, ikus J. ALBIZU: San Cernin. Reseña histórico-artística de la iglesia parroquial de San Saturnino de Pamplona , Iruña, 1930, 42.-44. or.; eta J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ..., IV. lib., 234.-236. or. 1994an bikain berriztatu zuen Iruñako Kontserbazio eta Errestaurazio Zentroak.
  • 41. J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ..., IV. lib., 235.-236. or.
  • 42. San Zernin elizako Deikundeak berezitasun bat du: Jainko Aitaren irudia agertzen da. Irudi hori 50 urte lehenago agertu zen, XIII. mendearen erdialdean -G. SCHILLER: Iconography of Christian Art , Londres, 1971, I. lib., 45. or.-, eta, XIV. mendearen hasiera aldean, oraindik ez zegoen gehiegi hedatuta. Gainera, bitxia bada ere, Jainko aitak ilargia eta eguzkia ditu eskuetan.
  • 43. Kapitel horien gaien identifikazioa lan hauetan aurki daiteke -horien egoera txarra dela eta okerren bat ere badago-: J. ALBIZU: San Cernin ..., 43. or. Nekaldiko gaietarako, ikus S. SILVA: Iconografá­a gótica en Álava. Temas iconográficos de la escultura monumental , Gasteiz, 1987, 101. or.
  • 44. Nafarroan emaileak bi portadatan ditugu: Iruñako San Zernin portadan eta Ujuékoan. Maiz agertzen bada ere, ez du interesik galtzen, ez baita hain ohikoa tinpanoetan emaileak agertzea. Ikus, Frantziako kasurako: W. SAUERLANDER: La sculpture gothique en France 1140-1270 , Paris, 1972, 29 or. Lan horretan, oso arraroa dela esaten da eta bi adibide soilik aipatzen dira: Pariseko Notre Dame katedraleko mendebaldeko eskuineko portada, 1160 urte ingurukoa, eta Donnemarie-en-Montoiseko elizako hegoaldeko ataria, 1220-1230 ingurukoa. Hala ere, autore berak beste kasu bat aipatzen du aurrerago, Lemoncourtekoa -IDEM: La sculpture ...., 128. or.-. Estatuan, Burgosko katedraleko Corpus Christi kapera aipa dezakegu; gainera, gurearekin bat dator, Deesis eta aingeruak Nekaldiko tresnekin aurkezten baitituzte, baina ez dago epaiketarik -S. ANDRES ORDAX: Castilla y León 1 in La España gótica , 9. lib., Madril, 1989, 104.-105. or.-.
  • 45. Ikus G. de PAMPLONA: Iconografí­a de la Santí­sima Trinidad en el arte medieval español , Madril, 1970, 99. or.
  • 46. Ikus 40. oharra.
  • 47. Portada horri buruz, A. DURAN eta J. AINAUD: Escultura gótica ...., 148. eta 153. or.; J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ..., V. lib., 114.-115. or., eta M. C. GARCIA GAINZA eta beste: Catálogo ..., III. lib., 517.-518. or.
  • 48. J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ..., IV. lib., 131. eta 141. or., 70 b eta 142. lam., 71 b. lam. Horrez gainera, M. C. GARCIA GAINZA eta beste: Catálogo ..., III. lib., 511., 512. eta 513. or.
  • 49. J. MARTINEZ de AGUIRRE: Monarquí­a y arte en Navarra, siglos XIV-XV in Cuadernos de Arte Español , 78. zk., 15.-17. or. Autore horrek onartzen du, hala ere, badaudela bere teoriarekin bat ez datozen datuak; esaterako: bobedan Sellan abadearen ezkutua duen giltzarria dago (1359-1391), baina berriz zizelkatuta egon daitekeela iradokitzen du. Idazle berak lehenago ere zalantzan jarri zuen Ujuéko nabe gotikoa Karlos II.arena izatea: J. MARTINEZ de AGUIRRE: "Carlos II en la vida artí­stica y cultural del Reino", Principe de Viana XLVIII (1987), 690.-693. or.
  • 50. Epifaniari dagokionez, Perutekoarekin nolabaiteko antzekotasuna du Haurraren jarreran (Amaren eskuineko belaunean zutituta) eta Ama horren mantuaren kokapenean. Bestalde, katedraleko eta Ujuéko Azken Afariaren arteko lotura lehengo ere aipatu zen: C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura"..., 322. or.
  • 51. J. E. URANGA eta F, IÑIGUEZ: Arte ..., V. lib., 114. or.
  • 52. Emailea Karlos II.a izatea zalantzan jarrita zegoen, ikus: M. C. GARCIA GAINZA eta beste: Catálogo ..., III. lib, 518. or. Zalantza bera agertzen da beste lan hauetan ere: J. MARTINEZ de AGUIRRE: Arte y monarquí­a ..., 302. or.; IDEM: "Carlos II...", 691. or.; IDEM: Monarquí­a ..., 15. or. Azken horretan irmoago baztertzen da identifikazio hori.
  • 53. J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ..., V. lib., 115. or.
  • 54. A. DURAN eta J. AINAUD: Escultura gótica ...., 148. or.; eta J. E. URANGA eta F. INIGUEZ: Arte ..., V. lib., 113., 114. eta 115. or.
  • 55. Hori da, adibidez, Ujuéko ingurabideko eskultura batzuen kasua; esaterako: zakurrek belarrietatik hoska egiten dien zezena; greenmana ; oreina bere buruari hankaz hazka egiten; eta emakumezko haragikoia, dragoiek bularrean hozka egiten diotela. Eskultura horien ereduak Iruñako katedralaren klaustroko eta Barbazana kaperako lanetan daude -J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ...., V. lib, 120. or, 257 a eta b, eta 258 a eta b lam.-.
  • 56. A. DURAN eta J. AINAUD: Escultura ..., 148. or.; J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ..., IV. lib., 223.-225. or.; M. C. GARCIA GAINZA eta beste: Catálogo ..., II* lib., Iruña, 1982, 516.-517. or.; eta J. GOÑI: Historia Eclesiástica de Estella , I. lib, Iruña, 1994, 514.-515. or.
  • 57. J.E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ...., IV. lib, 223. or.
  • 58. M. C. GARCIA GAINZA eta beste: Catálogo ..., II* lib., 516. or.
  • 59. Lizarrako elizako atearen eta Iruñako katedraleko Errefektorioko eta Artxidiakonotegiko ateen arteko lotura Uranga eta Iñiguezek ere defendatu zuten, baina, autore horiek datazio oso goiztiarra eman ziotenez Hilobi Santuari (1272 urterako amaituta zegoela suposatu zuten), alderantzizko lotura ezarri zuten: Artxidiakonotegiko atea Lizarrakoaren kopia zela pentsatu zuten -J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ: Arte ..., V. lib., 12. or.-. Hilobi Santuko eta Iruñako Artxidiakonotegiko portaden arteko lotura ere aipatzen da, baina zuzen -Lizarrako ateak Iruñakoa kopiatuko zuen-, ikus C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura",..., I. lib., 323. or., eta II. lib., 256. or., 85. oharra. Beste lan honetan ere aipatzen da harreman hori: M. C. GARCIA GAINZA eta beste: Catálogo ..., II*. lib., 516. or. Baina ez da garbi geratzen zein den eredua. Errefektorioko muralaren datazioari buruz, ikus J. MARTINEZ de AGUIRRE: "La pintura mural gótica", in ZENBAIT EGILE, El Arte en Navarra , ..., 1. lib., 13. zk., 198. or.; eta J. MARTINEZ de AGUIRRE eta F. MENENDEZ PIDAL: Emblemas ... Dataren irakurketa tradizionala zuzentzen da: 1330. Errefektorioko eta Artxidiakonotegiko ateen datazioari buruz, ikus C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura",..., I. lib., 319. or. Lan horretan esaten denez, bukatuta egongo zen urte horren inguruan.
  • 60. J. MARTINEZ de AGUIRRE: Arte y monarquí­a ..., Iruña, 1987, 317.-318. or.
  • 61. Ikus 59. oharra. Portada horiei buruz, ikus C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura",..., 319.-325. or. Deribazio horren hipotesiaren indargarri, zalantzan jarri badaiteke ere irudien xehetasunekin bat ez datorren heinean, esan behar da tinpanoetan Nekaldiko istorioa gotiko berantiarrean agertzen dela, lehen adibidea Reimseko ezkerreko mendebaldeko portalean dago, eta hori 1245-55 urte ingurukotzat datatu da -W. SAUER-LANDER: La sculpture gothique ..., 156.-157. or.-. Ez zen nahikoa hedatu (beti izan zen mugatua), XIII. mendearen azken laurdena arte, zizelkatutako portalen epe handia amaitzear zegoen arte! -G. SCHILLER: Iconography of Christian Art , Londres, 1972, 2. lib., 16. or.-. Hispaniako gotikorako (S. SILVA: Iconografía ..., 101.-102 or.) Burgosko katedraleko klaustroko Santa Catalina kaperaren ateko tinpanoko Eraistea eta hemen erabilitako Nafarroako ereduak soilik aipatzen dira (Nafarroako katedralaren Artxidiakonotegiko eta Errefektorioko ateak eta Lizarrako Hilobi Santua, bai eta Iruñako San Zernin ere -kasu horretan, baina, Nekaldiko zikloa ez dago tinpanoan, kapiteletan eta kopetean baizik, eta hori desberdina da-); beste adibide bat ere erants nezake, Oliteko San Frantziskoko Gurutziltzaketa, baina oso berantiarra da, XV. mendeko bigarren laurdenekoa -R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 181.-185 or. eta J. MARTINEZ eta F. MENENDEZ PIDAL: Emblemas ... (hor datazioa zuzendu egiten da)-. Oso esanguratsua iruditzen zait XIV. mendeko Arabako eskulturan (bereziki aberatsa eta oparoa) egile horrek Nekaldiko adibide bakar bat ere topatu ez izana tinpanoetan. Gurutziltzaketa bakarra aurkitu du, eta uste du hilobi jatorria duela -S. SILVA: Iconografí­a ..., 102-103. or.-. Badakit, noski, XV. mendearen bigarren erdialdetik aurrera Nekaldiko pasarte bat asko ugaritu zela (Pietatea), baina hori lantzen ari garen gaitik aldentzen da.
  • 62. Katedraleko ateetatik irudikatu beharreko gaiak hartu dira, eta ez, zehazki, irudikatzeko modua. Adibidez: Errefektorioko Ateko Azken Afaria S. Mt 29, 1-9 pasartean oinarritua da, eta Hilobi Santukoa S. Joan 13, 21-30 pasartean -C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura", ..., I. lib., 322. or., eta II. lib., 256. or., 80 oharra-. Hala ere, kasuren batean, antzekotasun handia dago; adibidez: Kristo amaren aurrean agertzea eta Linborako Jaitsiera. Tinpano horren ikonografiarako ikus S. SILVA: Iconografí­a ...., 102. eta 114.-116. or. Argi gera bedi antzekotasuna gaian dagoela, eta ez estiloan, estiloa oso desberdina baita.
  • 63. C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura.",..., 319. or.
  • 64. M. C. LACARRA: Aportación al estudio de la pintura mural gótica en Navarra , Iruña, 1974, 166.-167. or., 27 b irudia.
  • 65. Keinu hori kondaira batek azaltzen du. Kondaira horren arabera, Longinosek gaixotasun bat zuen ikusmenean, eta Kristo bere lantzaa zauritu zuenean zauritik irtendako odolak sendatu egin zuen. Gertaera horrek onbihurtu egin zuen. Hori urrezko kondairak jaso zuen, eta motibo hori artera igaro zen -G. SCHILLER: Iconography ..., 2. lib., 155. eta 156. orr., 512., 513., 514., 518., 519. eta 525. irudiak-; bereziki, pinturara eta miniaturara igaro zen gai hori, eta Schillerrek jasotako adibide guztiak arte horietakoak dira. Logikoa da monumentu eskulturara eta, zehatzago, tinpanoetara igaro ez izana, tinpano gutxitan agertzen baita gai hori -ikus 61. oharra-. Horregatik guztiagatik, eskultorearen iturria pintura bat izan zela uste dugu; eta Nafarroan eta Iruñako katedraleko Errefektorioko horma-irudian motibo bera dugunez, badirudi handik hartu zuela. Aukera hori indartu egiten du aipatu dugun teoriak: alegia, Lizarrako ateari katedraleko bi lanek eragin diotela (Errefektorioko ateak eta Artxidiakonotegiko ateak).
  • 66. Iritzi hori -Azken afaria tinpanoaren gainerakoa egin zuen eskultoreak egina ez izatea eta apostuluak zenbaiten artean egin izana- lan honetan aipatzen da: J. YARZA: Historia ..., 322. or.
  • 67. Barbazanen hilobiari buruz, ikus C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura"..., 295.-296. or.
  • 68. Sanchez de Asiainen hilobiari buruz, ikus Ibidem: 337.-338. or.; R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 117.-119. or.; eta S. SILVA: "Sepulcros...", 166.-167. eta 173. or.
  • 69. C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura"..., 338. or.
  • 70. M. C. LACARRA: Aportaciones ..., 308.-325. or.; IDEM: "La catedral gótica. Pintura", in ZENBAIT EGILE: La catedral de Pamplona ,..., 366.-368 . or.; eta J. MARTINEZ DE AGUIRRE: "La pintura mural gótica",..., 197. or.
  • 71. Hilobi horri buruz, ikus R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 165.-166 . or.; J. MARTINEZ DE AGUIRRE: Arte y monarquí­a ..., 320. or.; IDEM: "Monarquí­a...," 78, III. or., 3. eta 26. zk.; C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura"..., 339.-340. or.; eta S. SILVA: "Sepulcros...", 167. or.
  • 72. J. M. LACARRA: Historia ..., III. lib., 119.-137. or.
  • 73. Hilobi horri buruz, ikus R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 37.-93. or.; C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura",..., 340.-348. or.; eta S. SILVA: "Sepulcros...", 168. eta 174. or.
  • 74. Tuterakoari buruz, ikus R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 113.-117. or. Iruñakoari buruz, ikus R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 119.-124 . or.; C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura",..., 348.-350. or.; eta S. SILVA: "Sepulcros...", 169. or.
  • 75. R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 159.-163. or.; eta S. SILVA: "Sepulcros...", 170.-171. or.
  • 76. R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 166-168. or.; S. SILVA: "Sepulcros...", 171. or.; eta J. MARTINEZ de AGUIRRE eta F. MENENDEZ PIDAL: Emblemas ... Lan horretan, Periz de Andosillaren hilobia identifikatzen da, eta Zuria hilobiko ezkutuak berriz zizelkatu direla adierazten da.
  • 77. S. SILVA: "Sepulcros...", 172. eta 176. or.
  • 78. R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 176.-181. or.; eta S. SILVA. "Sepulcros..." 172. or.
  • 79. R. S. JANKE: Jehan Lome .., 163.-166. or.; eta S. SILVA: "Sepulcros...", 171.-172. or.
  • 80. J. MARTINEZ de AGUIRRE: "La heráldica...", 416-417. or.
  • 81. Ikus 74-79 oharrak.
  • 82. R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 132.-151. or.; M. C. LACARRA: "Intercambios artísticos entre Navarra y Aragón durante el siglo XV", Primer Congreso General de Historia de Navarra, 6. Comunicaciones, Principe de Viana , 11. eranskina, XLIX lib. (1988), 280-281. or.; eta S. SILVA: "Sepulcros...", 169.-170. or.
  • 83. Villaespesaren hilobiaren elementu aurreratuenak, arku konopialak alde batera utzita, tinpanoko trikenak eta arrainen maskuriak dira; baina horiek agertuta zeuden XIV. mendearen bigarren erdialdean edo hasieran, Asiainen hilobian eta katedralaren hegoaldeko hegalean, hurrenez hurren.
  • 84. M. C. LACARRA: "Intercambios...", 280.-281. or.
  • 85. R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 151.-159. or.; C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura", ..., 350.- 352. or.; eta S. SILVA: "Sepulcros...", 170. eta 175. or.; eta M. C. LACARRA: "La catedral gótica. Pintura"..., 368.-369. or.
  • 86. C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura...", 352. or.
  • 87. R. S. JANKE: Jehan Lome ..., 107.-113. or.; eta C. MARTINEZ ALAVA: "La catedral gótica. Escultura",..., 348. or.
  • 88. M. L. LAHOZ: "Algunas consideraciones sobre la escultura monumental gótica en Álava", Goya, 246. zk. (1995). 355. or.
  • 89. Estatua horiei buruz, ikus M. L. LAHOZ: "Aproximación estilística e iconográfica a las estatuas columnas de San Juan de Laguardia", Principe de Viana LIV lib. (1993), 281.-291. or.
  • 90. M. L. LAHOZ: "El friso de Tuesta y los comienzos de la escultura gótica en Álava", Cuadernos de Sección. Artes Plásticas y Monumentales , 11 (1993), 57.-72. or.
  • 91. M. L. LAHOZ: "La primitiva portada occidental de San Juan de Laguardia". Anales de la Historia del Arte , 4. zk., Homenaje al Prof. D. Jose M. de Azcárate, 1995, 431.-439. or.
  • 92. Hausnarketa hauek eta ondorengoak lan honetatik hartu dira: M. L. LAHOZ: "Algunas consideraciones...", 355.-359. or.
  • 93. Ibidem, 357. or.
  • 94. San Pedroko iparraldeko portadari buruz, ikus M. J. PORTILLA: "Parroquia de San Pedro Apóstol", in M. J. PORTILLA, E. ENCISO, J. M. de AZCARATE, M. APRAIZ, J. SAMPEDRO, J. CANTERA, G. LOPEZ de GUEREÑU eta beste: Catálogo monumental. Diócesis de Vitoria , III. lib., Gasteiz, 1968, 155.-156 or. Aurrerantzean, honela aipatuko da: ZENBAIT EGILE: Catálogo ... Gasteiz; S. SILVA: Iconografí­a gótica en Álava , Gasteiz, 1987, 36.-45. or.; eta M. L. LAHOZ: "La Portada Norte de San Pedro de Vitoria y su contexto litúrgico", Norba-Arte , XIII, 1993, 7.-17. San Migelgoari buruz, ikus E. ENCISO: "Parroquia de San Miguel Arcángel", in ZENBAIT EGILE: Catálogo ...Vitoria, III. lib, 194.-195. or.; S. SILVA: Iconografí­a ..., 218.-226. or. eta M. L. LAHOZ: "El programa de San Miguel de Vitoria, reflejo de sus funciones cá­vicas y litúrgicas", Academia, Boletín de la Real Academia de Bellas Artes de San Fernando , lehen seihilekoa, 1993, 76. zk., 389.-417. or.
  • 95. S. ANDRES ORDAX: "Arte", in ZENBAIT EGILE: País Vasco en Tierras de España , Madril 1987, 189. or.
  • 96. J. M de AZCARATE: "La catedral de Santa Marí­a", in ZENBAIT EGILE: Catálogo ...Vitoria, III. lib., 87.-89. or.; S. SILVA: Iconografí­a..., 55., 65., 74., 76., 80., 87., 90., 91.-92. eta 99.-101. or.; eta M. L. LAHOZ: "Contribución al estudio de la portada de Santa Ana (Catedral de Vitoria)", Boletí­n del Museo e Instituto Caman Aznar (prentsan). Egileari bihotzez eskertzen diogu argitaratu gabeko lanaren originala kontsultatzen utzi izana.
  • 97. A. APRAIZ: "Los tí­mpanos de la catedral Vieja de Vitoria", Archivo Español de Arte , XXVI (1953), 195-197; J. M. de AZCARATE: "La catedral de Santa Marí­a", in ZENBAIT EGILE: Catálogo ...Vitoria, III. lib., 93.-94. or.; S, SILVA: Iconografí­a .., 181-189. or.; eta M. L. LAHOZ: "El tí­mpano del Juicio Final de la catedral de Vitoria", Revista de Cultura e Investigación Vasca Sancho el Sabio , 4. zk. (1994), 209.-225. or.; S. ANDRES ORDAX: "Arte" ..., 209.-225. or.
  • 98. A. APRAIZ: "Los tá­manos...", 197.-202. or. Santo Tomasenarekin identifikatzen du, okerra bada ere; J. M. de AZCARATE: "La catedral de Santa Marí­a", in ZENBAIT EGILE: Catálogo ...Vitoria, III. lib., 94.-95. or.; S. SILVA: Iconografí­a ..., 247.- 257. or.; eta M. L. LAHOZ: "La portada de San Gil en la catedral de Vitoria", Cuadernos de Arte e Iconografí­a , V. lib., 10. zk., 1992, 235.-248. or.
  • 99. A. de APRAIZ: "Los tí­mpanos...", 192.-195. or.; J. M. de AZCARATE: "La catedral de Santa Marí­a", in ZENBAIT EGILE: Catálogo ...Vitoria, III. lib., 91.-93. or.; S. SILVA: Iconografí­a ...., 63.-67., 74.-75., 77.-79., 80.-84., 87., 89.-91., 120.-123., 125.-126., 136., 137.-138., 141.-144., 149.-151., 155.-160. eta 166. or.; M. L. LAHOZ: "La Asunción del tí­mpano de la catedral de Vitoria. Algunas consideraciones iconográficas", Cuadernos de Arte e Iconografía , III. lib, 6. zk., bigarren seihilekoa, 1990, 5.-10. or.; IDEM: "La Dormición de María en el arte gótico alavés", Boletí­n del Museo e Instituto Caman Aznar , XLIV. lib. (1991), 109.-118. or., bereziki, 113.-114. or.; IDEM: "El encuentro de Salomón y la reina de Saba en la catedral de Vitoria", Lecturas de Historia del Arte , IV. zk., Gasteiz, 1994, 187.-191. or.; IDEM: "Sobre el Viaje de los Apóstoles en la plástica gótica monumental hispana", Viajes y viajeros en la España medieval . V Curso de Cultura medieval, Aguilar de Campoo (prentsan); eta IDEM: "Sobre la ascendencia Navarra en la plástica gótica del Paí­s Vasco", Tercer Congreso General de Historia de Navarra , (prentsan). Biziki eskertzen diogu egileari argitaratzeke dauden bi obra horiek kontsultatzen utzi izana.
  • 100. M. J. PORTILLA: "Parroquia de San Pedro Apóstol"..., 152.-155. or.; S. ANDRES ORDAX, "Arte"..., 189. or.; S. SILVA: Iconografía ...., 20., 67.-69., 75., 79.-80., 84.-85., 87.-90., 214.-215., 231.-242. eta 257.-276. or.; eta T. PEREZ HIGUERA: "Relaciones artí­sticas entre Toledo, Navarra y Álava en torno al año 1300", Vitoria en la Edad Media . Actas del I Congreso de Estudios Históricos celebrado en esta Ciudad del 21 al 26 de septiembre de 1981 en conmemoración del 800 aniversario de su fundación, Gasteiz, 1982, 744. or.
  • 101. L. LAHOZ: "Sobre la ascendencia...".
  • 102. E. ENCISO eta J. CANTERA: Catálogo Monumental. Diócesis de Vitoria , I. lib, Gasteiz, 1967, 87.-88. or.; S. ANDRES ORDAX: "Arte"..., 190. or.; S. SILVA: Iconografí­a ..., 35., 69., 75.-76., 85.-86., 136.-138., 145., 152.-154., 160.-161., 166., 257.-277. or.; M. L. LAHOZ: "La Dormición...", 114.-116. or.; IDEM: "Sobre el Viaje..." (prentsan) eta IDEM: "Sobre la ascendencia..." (prentsan).
  • 103. M. L. LAHOZ: "Precisiones sobre la portada de San Martí­n de Estavillo", López de Gámiz, XVII (1993), 67.- 77. or.; eta S. SILVA: Iconografí­a .., 72. or.
  • 104. M. L. LAHOZ: "La portada occidental de La Puebla de Arganzón", López de Gámiz, XVIII (1994), 57.-65. or.
  • 105. M. L. LAHOZ: "Tres portadas hispano-flamencas en la Rioja alavesa", Archivo Español de Arte , LXVIII (1995), 68.-71. or.
  • 106. M. L. LAHOZ: "Tres portadas...", 64.-68. or.; eta S. SILVA: Iconografí­a ..., 72. or.
  • 107. S. SILVA: Iconografí­a ..., 108.-109. or.
  • 108. J. M. de AZCARATE: "Catedral de Santa Martín...", ZENBAIT EGILE, Catálogo...Gasteiz, III. lib., 97.-98. or.; eta M. L. LAHOZ: "Sepulcros góticos de la catedral de Vitoria", Cuadernos de Sección. Artes Plásticas y Monumentales , 11 (1993), 73.-91. or.
  • 109. M. L. LAHOZ: "El sepulcro de don Fernán Ruiz de Gaona y la iconografía de las exequias en el Gótico en Álava", Revista de Cultura e Investigación Vasca Sancho el Sabio , 3 zk. (1993), 209.-241. or.
  • 110. M. T. PEREZ HIGUERA: "Ferrand González y los sepulcros del taller toledano", Boletí­n del Seminario de Estudios de Arte y Arqueologí­a , XLIV. lib. (1978), 129.-142. or.; S. SILVA: "Las empresas artí­sticas del canciller don Pedro López de Ayala", Vitoria en la Edad Media ..., 775. or.; M. J. PORTILLA: Quejana, solar de los Ayala , Gasteiz, 1983, 45-. or. ; M. J. PORTILLA, J. ITURRATE, A. GONZALEZ de LANGARICA eta J. M. AZCARATE: Catálogo Monumental. Diócesis de Vitoria , Gasteiz, 1988, VI. lib., 797.-800. or. (aurrerantzean, honela aipatuko da ZENBAIT EGILE: Catálogo ...Gasteiz, VI. lib.); eta M. L. LAHOZ: "La capilla funeraria del canciller Ayala y sus relaciones con Italia", Boletí­n del Museo e Instituto Caman Aznar , LIII. zk. (1993), 71.-112. or.
  • 111. M. L. LAHOZ: "En torno al panteón de don Fernán Pérez de Ayala", Revista de cultura e investigación Vasca Sancho el Sabio , 1. zk. (1995), 285.-297. or.; eta ZENBAIT EGILE: Catálogo ...Gasteiz, VI. lib., 798.-800. or.
  • 112. M. T. PEREZ HIGUERA: "Ferrand González ...", 129.-142. or.
  • 113. M. J. PORTILLA: Quejana..., 49. or.; ZENBAIT EGILE: Catálogo... Gasteiz, VI. lib., 782.-784. or.; eta M. L. LAHOZ: "Reflexiones acerca del proyecto funerario de don Fernán Pérez de Ayala en Quejana", Boletí­n de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País , XLIX, 2 (1993), 469.-492. or.
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana