Eskultura barrokoa Euskadin. Irudi erlijiosoak eta horien bilakaera

Javier Velez Chaurri

Euskadiko eskultura barrokoen kopurua eta kalitatea nahiko handia dela adierazten dute Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Burgosen, Kantabrian eta Errioxan egin berri diren azterketek. Egia da bertako ekarpena ez dela izan XVI. mende erdialdeko urteetan bezain emankorra, baina egia da, era berean, bi mendeetan ¿batik bat, XVII. mendearen lehen erdian eta XVIII. mendearen bigarren herenean¿ gorteko eskultoreek eta trazatzaileek sarritan hemen lan egiteak handitu egin zuela bertako eskulturen kalitatea. XVI. mendean, eskultura lan hauek egiten ziren maizen: erretaulak, parrokia eta komentuetako fatxadak eta koruko aulkiteria, patronatu kaperetako hilobi monumentuak eta erretaulak, eta nobleziaren jauregietako fatxada eskultorikoak. Krisi ekonomikoaren, erreforma erlijiosoaren eta pentsamoldeen aldaketaren ondorioz, enkargu horietako batzuk erabat desagertu ziren, eta aldatu egin zen beste batzuen tipologia eta zentzua. Elizetan eta ermitetan ikus ditzakegun erretauletan dute beren balio nagusia barrokoko eskultura erlijiosoek; hortaz, erretaulak eta horietako irudiak aztertuko ditugu, eta nahita utziko ditugu alde batera beste genero batzuk. Zaila da jakitea erretaulen egitura arkitektonikoak bultzatu ote zuen horietan irudi jakin batzuek egitera, ikonografia eta estilo berriek eskatu ote zuten horiek jartzeko marko berriak egitea, ala bakoitzak ¿bai markoak, bai irudiak¿ bere bidea egin ote zuen. Modu batera izan ala bestera, Barrokoak iraun zuen mendeetan erretaulek izan zuten bilakaera ezagutu behar dugu, horietan zeuden irudiak hobeto ulertzeko.

Erretaula eta eskultura barrokoen bilakaera azaldu nahi izan dugu, eta hori lortzeko, erretaulak zein eskulturak egin zituzten bertako nahiz kanpoko maisuak eta tailerrak ¿gortearen eremukoak, batik bat¿ aztertu ditugu. Horrekin batera, liburu, liburuxka eta artikulutan sakabanatuta zegoen informazioa bildu eta laburtu nahi izan dugu. Lehentasunezko helburu mardul horrek alde batera utzi ditu gaiaren beste alderdi batzuk, besteak bezain baliagarriak, baina, gure ustez, nahikoa ezagutzen direnak: sustatzaileak (parrokiak, komentuak, kontzejuak, gortesauak edo indianoak), eskultoreen jarduera profesionalaren markoa (gremioak, aprendizak...), erretaulak egiteko prozesua, eta elizbarrutietan edo Trenton emandako arauen garrantzia. Badakigu zer-nolako garrantzi handia duen polikromiak egurrezko eskulturetan, eta elementu hori gabe erretaula handi horiek beren izaeraren zati bat galtzen dutela. Ildo horretatik, eskulturaren bilakaera aztertzeko finkatu ditugun aldiekin batera, beste horrenbeste finka genitzakeen polikromiari dagokionez, baina alde batera uztea erabaki dugu, oraingoz. Lan hau hiru ataletan banatu dugu; atal horiek bat datoz erretaulagintza barrokoaren garaiekin, eta, atal bakoitzean, egitura arkitektonikoak aztertu ditugu lehenik, eta, ondoren, irudiak. Testuan adierazitako datak obren hasierakoak dira: irizpide hori jarraitu dugu, ahal izan dugun neurrian.

Orain urte gutxi arte, eskultura barrokoari buruz Espainian argitaratu diren historia liburuak Gregorio Fernandez, Luis Salvador Carmona edo Juan Pascual de Menak egindako lanen berri emateko soilik aipatu dute Euskadiko barrokoa, baina erretaulagintzari buruz egin berri diren azterketek ¿Martin Gonzalezena, esaterako¿ askoz izen eta obra gehiago azaltzen dituzte; hor dugu, gainera, Andres Ordaxek egindako sintesia. Bertako eskultura agirien bidez eta haren benetako neurria azalduko duten balorazioen bidez ezagutarazteko lan horretan zeresan handia dute Portilla Vitoriak, Andres Ordaxek eta Velez Chaurrik Arabari buruz egindako lanek, Cendoya Echanizek eta Astiazarain Achabalek Gipuzkoari buruz egindako lanek, Barrio Loza eta Zorrozua Santistebanek Bizkaiari buruz egindako lanek, eta Garcia Gainzak egindako ekarpenek. Horiei guztiei Nafarroari, Kantabriari, Burgosi eta Errioxari buruz hurrenez hurren Fernandez Graciak, Polo Sanchezek, Payo Hernanzek eta Ramirez Martinezek egindako lanak gehitu behar dizkiegu. Idatziaren amaieran bibliografia hautatu bat jarri dugu.

Erretaula klasizistak eta naturalismoko eskulturak

Gregorio Fernandez Euskadin

XVII. mendeko lehen urteetan, aldaketa handiak gertatu ziren Euskadin egindako arteetan, eta, batik bat, eskulturan. Alde batetik, indarrean zirauen eskultura erromanistak, bai irudiei dagokienez, bai irudi horiek hartzen zituzten markoei dagokienez; baina, bestetik, eredu berriak sartu ziren: irudi naturalistagoak eta, horiek jasotzeko, Vignolaren oinordeko ziren marko klasizistagoak. Eredu berri horiek Valladolideko eta Madrilgo gorte eremuetatik etorri ziren, maisu eta trazadurekin batera. Gregorio Fernandezen irudiek eta Escorialgo San Lorenzo Basilikaren erretaula nagusia izan ziren eskulturak Euskadin 1618tik 1665era bitarterako berrogeita hamar urte eskasetan izan zuen aldaketaren eragile nagusiak. Valladolideko eskultorearen lanak hiru bidetatik zabaldu ziren: lehen bidea eskultore bera izan zen, zenbait alditan etorri baitzen Euskadira; bigarrena, Gipuzkoako eta Arabako parrokia eta komentuetarako egin zituen lanak, eredu izan baitziren bertako eskultoreentzat; eta, hirugarrena, Euskadiko eta Kantabriako eskultore gazteak Valladolidera joatea lanbidea ikastera, bai Gregorio Fernandezen tailerrean, bai Gaztelako beste eskultore batzuen tailerretan. Herrerak Escorialerako egin zuen erretaula nagusiak eta Perreten irudiek alde batetik, eta Gregorio Fernadezekin batera Euskadira etorri ziren eskultoreek ekarritako trazadura klasizista berriek bestetik, Escorialeko erretaula eredua zabaldu zuten Euskadin. Eredu hori, hasieran, bertan egiten zen erretaula ereduarekin nahastu zen ¿Astorgako katedralaren erretaula nagusiaren oinordeko ziren erretaula erromanistekin¿, eta, gerora, nagusitu egin zen. Erretaula eredu horrek garrantzi handia ematen zion tenplete eukaristikoen formako sagrarioari, eta hori nahiko logikoa da, eukaristia ulertzeko erari dagokionez ere, kontraerreformaren garaian gaudela aintzat hartzen badugu. Haren formari eta erretaularen gainerako zatiekiko kokapenari eta askatasunari dagokionez, zerikusi handia izan zuen, baita ere, Escorialeko erretaularako egindako sagrarioak ¿hori ere Perreten irudien bidez zabaldua¿.

Gregorio Fernandez eskultorea ezinbesteko erreferentzia da Euskadiko eskultura barrokoaren bilakaera ulertzeko, hari zor baitzaizkio irudien estiloaren eta ikonografiaren aldaketa nagusiak, eta harekin etorri baitziren erretaulagintza aldatu zuten arkitektoak. Hura etorri baino lehen, Euskadiko eskulturak formula erromanistei atxikita jarraitzen zuen ¿onarpen handia zuten gure lurraldean¿, eta erretaulek zein irudiek zorrotz jarraitzen zieten Migel Angelen ereduei. Gregorio Fernandezen ekarpena jaso ondoren, eredu erromanisten zenbait alderdi indarrean jarraitu zuten mendearen erdialdera arte, baina, ordutik aurrera, Euskadiko eskultura bete-betean sartu zen berritze aldi batean. Ildo horretatik, Valladolideko maisuaren lan bat mendearen lehen laurdenean iritsi zen Euskadira: 1614an, Valladoliden jesuitentzat lan egin ondoren, Loiolako San Ignazioren irudi bat zizelkatu zuen Konpainiak Bergaran duen eskolarako. Lan horren arkitektura egitura Pedro de Ayalak egin zuen, eta eragin handia izan zuen inguruetan; besteak beste, Gipuzkoako Ordizian, Zaldibian edo Ataunen. Fernandezek erabilitako ereduak ematen digu lan horren errealismoaren berri; izan ere, Domingo Beltranek San Ignazioren aurpegi molde batez egindako buztinezko burua erabili zuen eredutzat. Hala ere, urte batzuk gehiago behar izan ziren haren lanek Euskadin oihartzuna izan zezan. Lehen eskultura hori egin ondoren, behin baino gehiagotan itzuli zen Euskadira erretaulak egitera. Horrenbestez, erretaulak egin zituen Gasteizko, Eibarko eta Arantzazuko frantziskotarren komentuetarako, eta Gasteizko San Migel parrokiarako. Aurrerago ikusiko dugunez, Fray Juan de Orbea Valladolideko karmeldarrari zor zaio, neurri handi batean, eskultoreak lurralde honetara hainbestetan etorri izana.

Gasteizko Sortzez Garbiaren komentua egiteko, Pedro de Ayala eta Juan de Angulo aukeratzea litzateke, itxura batean, aukera logikoena; izan ere, bertako bi eskultore horiek forma eta eredu erromanisten jarraitzaile ziren, eta ospe handiko dinastien ondorengoak. Baina, hala ere, komentuaren sustatzaile Mariana Velez Ladron de Guevara andreak (Carlos de Alavaren alarguna) eta bere lehengusu Fray Juan de Orbea karmeldarrak ¿biak Valladoliden bizi eta eskulturaren ildo berrien jakitun ziren¿ Gregorio Fernandez aukeratu zuten. Erabaki horren atzean Fray Juan de Orbea izan zen, Karmengo Amaren Ordenaren Gaztelako Probintziala, kondesaren lehengusua, eta Valladolideko eskultorearen laguna. Fernandezek 1618 eta 1621 artean egin zituen erretaula nagusiaren eta alboko lau erretaulen irudiak. Erretaula horren arkitektura egitura egiteko, Valladolidera bizitzera joandako Diego de Basoco mihiztatzaile bizkaitarra aukeratu zuten. Azken horrek Palentzia, Caceres eta Valladoliden egin zituen lan nabarmenenak. Urreztatze lanak, berriz, Marcelo Martinez pintoreak egin zituen; hori ere Valladolidera bizitzera joandakoa. Hau aitortu zuen aita Orbeak erretaula horiei buruz: " no se hicieron en Vitoria ni en su comarca en el precio en que están y en su bondad exceden a los que se conoce de ellos ". Multzoaren irudi batzuk soilik iritsi zaizkigu gaur egunera arte. Egungo erretaulan, San Frantziskoren eta Santa Teresaren irudiak ikus ditzakegu ¿Jovellanosen esanetan, Sortzez Garbiaren irudiaren albo banatan zeuden¿, baita San Antoniorena, Gurutziltzatuarena, Mariarena (egun San Pedro parrokian) eta San Joanena ere. Halaber, San Joseren irudia ikus dezakegu Jesus haurtxoarekin, bere garaian alboko erretaula baten erdiko irudia izandakoa.

Ez zen hori izan Gregorio Fernandezek Euskadirako egin zuen lan bakarra: 1623an, Gasteizko San Migel parrokiako erretaula egiteko elkarrizketak hasi zituen; 1624an, Eibarko frantziskotarren komentuko erretaularen irudiak egiteko konpromisoa hartu zuen; eta 1627an, Arantzazuko frantziskotarren komentuko erretaularen irudiak egitekoa. Gregorio Fernandezen eta frantziskotarren arteko harreman oparo horrek beste emaitza batzuk izan zituen, besteak beste, Peñafielen, Paredes de Navan, Salamancan eta Madrilen. Eskultura multzo handi horiez gain, Azkoitiko San Jose ermitan ikus dezakegun Ecce Homo bat zizelkatu zuen Valladolideko maisuak, baita " un Santo Cristo crucificado de escultura al vivo que hicimos en esta ciudad de Valladolid por mano de Gregorio Hernández, famoso artífice " lana ere. Azken eskultura hori Arantzazuko komentuko sindikoa zen Juan Diaz de Garayoren Garayo dorrean zegoen. San Antonioren komentuko erretaulek harrera ezin hobea izan zuten Gasteizen, eta, horrek bultzatuta, San Migel parrokiako eliztarrek Valladolideko maisua kontratatu zuten, parrokiako erretaula nagusia egiteko, eta, horrekin batera, erretaula " tan bueno y con bentaxa en bondad y perfeçión que la obra " izatea eskatu zioten. Badakigu Valladolideko eskultorea 1623an egon zela Gasteizen, eta San Migel parrokiaren presbiterioaren neurriak aztertzera joan zela pentsa dezakegu. Enkargu horren lehen kontratua Gasteizen izenpetu zen, eta behin betiko konpromisoa, berriz, Valladoliden, 1624ko abuztuaren 24an. Konpromiso horren arabera, hiru urtetan amaitu behar zuen lana, baina erretaula 1632an asentatu zen. Halaber, Fray Juan de Orbearen parte hartzea ezinbestekoa izan zen Gregorio Fernandezek Eibarren lan egin zezan, komentuaren buru Luis Lopez de Isasik nahiago baitzuen Pedro de Ayala lan horretarako. 1624 eta 1629 artean egin ziren erretaula nagusia eta alboko erretaulak herri horretako mojen komenturako. Erretaulok Gasteizko San Migel parrokiako eskemari jarraitzen zioten, baina gaur egun galduta daude. Eibarko erlijiokideek egin bezala, Arantzazuko drantziskotarrek ere Gregorio Fernandez aukeratu zuten erretaula nagusia, alboko kapera batzuk eta aulkiteria egiteko (azken hori laster utzi beste batzuen eskuetan). Lanak 1627 eta 1635 artean egin ziren, eta horien deskribapenak baditugu ere, guztiak 1834an gertatutako qute batean erre ziren. Gregorio Fernandezekin bAtera, haren taiLerreko Andres de Solanes eta Mateo de Prado eskultoreak ¿1635ean egin zuten lan Arantzazun¿ etorri ziren, baita Juan García de Verastegui mihiztatzailea eta ospe handiko arkitekto batzuk ere.

Gregorio Fernandezen arkitektoak eta mihiztatzaileak. Erretaula klasizisten lehen urratsak

Gregorio Fernandezek egindako irudiak Valladoliden bizitzen jarritako arkitektoek diseinatutako erretauletan jarri ziren; beraz, arkitektook ezaguna zuten Escorialen sortutako klasizismoa, asko zabaldu baitzen Gaztelako probintzia hiriburu horretan. Bizkaian jaio baina Valladoliden bizi zen Diego de Basoco arkitektoak egin zituen Gasteizko eta Arantzazuko komentuetako erretaulen trazadura. Arantzazun lan egindako Juan eta Francisco Velazquez anaiek ¿batik bat, azken horrek¿ egin zuten San Migel parrokiako erretaularen trazadura, eta, ziurrenik, baita Eibarkoana ere, Valladolideko arkitektoei enkargatu baitzitzaizkien, garaiko agirien arabera: " que sin hacer agravio son lo mejor de España ". Horien artetik, Francisco de Velazquez nabarmendu behar dugu: lekuko gisa izenpetu zuen San Migel parrokiarekin egindako lehen kontratuan, eta haren lana, zeharka bada ere, Escorialgo erretaularekin lotu dezakegu, Francisco de Mora, Juan Gomez de Mora eta Francisco de Praves arkitektoekin lan egin baitzuen. Gainera, azken hori Gasteizen izan zen 1621 eta 1625 artean, San Antonioren komentuko arkitektura baloratzeko. San Antonioren komentuko erretaula ere Valladoliden bizitzen jarritako arkitektoek egin zuten.

Erretaula klasizista, gortesau eta Vignolaren jarraitzaile horien lehen urratsotan, zenbait zaintzailek eredu berri bat ezartzeko zuten interes partikularra hautematen da, eta ez eredu aldaketa orokor bat. Aldaketa orokor hori aurrerago gertatu zen. Eredu berri hori onartu nahi ez, eta ohiko erretaula erromanikoen alde egiten zuenik ere bazen. Horixe gertatu zen Eibarko frantziskotarren komentuko erretaulekin: Luis Lopez de Isasi buruak Pedro de Ayala bertako arkitekto eta eskultoreari eman nahi izan zion erretaularen trazadura egiteko ardura, baina aita Fray Juan de Orbeak honako hau esan zion haren nahiari aurre egiteko: Valladoliden " se han reído mucho, y con razón, de la traza, que tiene cien disparates, y ejecutada vendría a ser la obra más indigna de este edificio ". Erretaula erromanistak gutxietsi egiten ziren, eta erretaula klasizistak hobesten ziren horien ordez. Gregorio Fernandezen eta harekin lan egindako arkitektoen lan bakarrak iraun du orain arte: Gasteizko San Migel parrokian egindako erretaula. Horrenbestez, hura hartu behar dugu erretaula klasizistaren adibidetzat, eta bertako erretaulagintzaren ondorengo bilakaeraren eredutzat.

Gasteizko San Migel parrokiaren egitura Vignolaren lanari jarraitzen dion eredu klasizistakoa da, eta haren jatorria Escorialgo basilikaren erretaula nagusian aurki dezakegu. Hori dugu, ezbairik gabe, arkitektura mota horren adibiderik nabarmenena Euskadin. Erretaula monumentala da, ordena korintiarreko bi gorputzetakoa. Gainera, bost kale eta atikoa ditu. Erretaula horren elementu banaketa Nava del Reyko Santos Juanes elizako edo Plasenciako katedraleko erretaulek dutenaren oso antzekoa da. Apaingarriak dotoreak eta doiak dira, eta ez dituzte egituraren ildo nagusiak estaltzen: galloiak, itxuratutako harriak markoetan, zintak eta frutak dituzten umeak kolomen oinarrietan, eta oxkarrak, txartelak eta girlandak idulki eta frisoetan. Erretaula horren trazaduraren egilea Valladolideko Francisco Velazquez izan zen. Arkitekto horrek, Juan anaiarekin batera, erretaula horren eta beste askoren trazadura egin zuen, Gregorio Fernandezentzat. Francisco Velazquezek Francisco de Mora, Juan Gomez de Mora eta Francisco de Praves arkitektoekin egin zuen lan Nava del Reyn, San Pablo elizan eta Valladolideko Huelga mojen komentuan. Hori guztia ikusita, klasizismoaren lehen ereduekin lotu behar dugu Gasteizko parrokiako erretaula.

Eskulturaren berrikuntza. Gaztelako maisuaren irudiak, erliebeak eta ereduak

Gregorio Fernandezek egin eta gaur egun arte iritsi zaizkigun irudietan ¿Sorkundearen komentuko irudiak, Gasteizko San Migel parrokiako erretaula nagusia, Azkoitiko Ecce Homoa edo Bergarako San Ignazioa¿ argi ikus dezakegu zer nolako lanak egin eta zer eredu landu zituen eskultore horrek Euskadin, eta horiek zer eragin izan zuten bertako eskultoreengan. Komentuan ikus ditzakegun irudietan, naturalismoa indar handia hartzen ari zela nabarmentzen da aurpegi eta jarreretan, alabaina tolesdurak ez dira oraindik gogorrak eta erzdunak. Artean beata zen Santa Teresaren irudiaren aurrekari bat aurki dezakegu Avilako San Jose komentuan. Erretaularako santa hori aukeratzea ere Fray Juan de Orbeari zor zaio, santa horren irudi bat jarri baitzuen Valladolideko Carmen Calzadoren komentuan (egun Eskulturako Museo Nazionalean) zuen hil kaperarako. Santa Teresaren irudia nahiko estatikoa da, baina emozioz beterikoa: ezkerreko eskuan liburua du, eskuinekoan idazluma, eta aurpegia zerurantz begira, Espiritu Santuaren inspirazioa iritsi zain. Tunika, kapa zuria eta eskapularioa daramatza soinean, oraindik ere aloz handi eta leunekoak. Aurpegi naturalista eta adierazkorrak, jarrera deklamatorioa eta liburuaren ertzaz bularrean eusten duen kaparen kokapen handizkatuak barrokoaren ezaugarrietara garamatza. Ikonografia hori ez zuen Gregorio Fernandezek sortu, baina eredu hori zabaltzen lagundu zuen. Hark egindako San Joseren eskulturak ere ¿egun alboko erretaula batean¿ eragina izan zuen lurralde honetan.

San Migel parrokiako erretaula nagusiko irudiek eta erliebeek Trentoko idealekin lotura estuan dagoen ikonografia azaltzen dute. Lehen atalean, Andre Maria Sortzez Garbia dugu erdian, eta bigarrenean, berriz, San Migel; azkenik, atikoan, kalbarioa dago. Lehen atala eta haren bankoa Mariari eskainiak daude, eta Deikundearen, Epifaniaren, Aurkezpenaren eta Ikustaldiaren erliebeen gainean, Artzainen Adorazioa eta Zirkunzisioa ikus ditzakegu. Bigarren ataleko bankoa Elizako Gurasoei eta Ebanjelistei eskainia dago, eta horien gainean Gargano Mendiko elezaharraren bi pasarte ageri dira. Hirugarren bankoan, Zuhurtziaren, Sendotasunaren, Justiziaren eta Neurritasunaren erliebeak daude. Multzo horri guztiari San Pedroren, San Pauloren, San Sebastianen, San Feliperen, San Joan Bataiatzailearen, Santiagoren, eta Gabriel eta Rafael arkanjeluen irudiak gehitu behar zaizkio. Erretaula hagiografiko horrek, era berean, Sortzez Garbiaren gurtzaren garrantzia adierazten du, santuen bitartekaritza, anjeologia eta Gurasoen eta Ebanjelarien garrantzia, fedearen euskarri diren aldetik. Betiko Aitaren irudiarekin amaitzen da Kalbarioa, eta horrek Erredentziora garamatza; erretaula osoan Trentoko mezua zabaltzen duen alderdi nabarmenetako bat, hain zuzen.

Lanaren kalitateari erreparatuta, argi dago maisuak berak egin zituela erretaulako pieza asko, baina lana hain handia izanik, ofizialen laguntza izan zuen; esaterako, bankoetako erliebe txikiak egiteko. Erliebeek eta irudiek barrokoaren estilo naturalistari jarraitzen diote erabat: deklamatorioak eta handizkatuak; konposizio irekiak; aurpegien errealismoa; ileen eta bizarren zehaztasuna; giza haragien kalitatea; eta "perkusioan" egindako jantziak, denak ere tolesdura erzdunak dituztenak eta Dureroren grabatuetatik ateratakoak. Pertsonaiek gogo aldarte ezberdinak erakusten dituzte, baretasun mistikotik Pasioaren dramara artekoak. Nabarmentzekoak dira Andre Maria Sortzez Garbiaren, San Pedroren eta San Migelen eskulturak. Lehena Gregorio Fernandezek sortutako ikonografiari dagokio, eta Sortzez Garbiaren prototipozko irudi barrokoa bihurtu zen, XVII. mendean. Frantziskotarrek Sortzez Garbia zuten zaindari, eta dogmaren defendatzaile sutsuak ziren eta adierazia dugu lehen ere Fernandez sarritan aritu zela ordena horrekin elkarlanean, baita, elkarlan horretatik Sortzez Garbiaren irudi eder ugari sortu zirela ere. Ordena horrek komentu bat zuen Gasteizen, eta komentu horretakoa da ederrenetakoa; Miranda de Douroko (Portugal) erretaulan aurreratu zuen tipokoa, hain justu. Gazte irudikatu zuen Ama Birjina, zutunik, otoitzean, koroatua, aingeruzko aureola batez, eta ilargia, lainoak eta aingerutxoak azaltzen dituen idulki baten gainean. Haren aurpegiaren bisai borobilduak eta lepo zilindrikoak oreka handiko keinua adierazten du, eta erdi irekitako begiek lurrera luzatzen dute haren begirada ameslaria. Ile luzea eta askea simetrikoki erortzen zaio bizkar gainera, kaparen bi aldeetara, eta eskuak elkartuta ditu, albo batera eginez eta, bide batez, aurretiko ikuspegia etenez. Jantziek hertsia ageri da Maria, tunika itxia du eta kapa ireki egiten zaio sorbaldatik behera, triangelu formako konposizioa sortuz, eta izur gogorretan tolesten da, lurraren kontra egin arte. Eredu hori behin baino gehiagotan kopiatu zen Euskadin. San Pedrok itxura dotorea eta contraposto arina du, eta, halaber, barnean daraman energia azalarazten du, ikusleari hitz egin eta bere mezua jakinarazi nahiko balio bezala. Eskulturaren jarrera deklamatorioa eta ikuslearekin lortu nahi zuen komunikazioa estetika barrokoaren ezaugarriak dira, baita aurpegiaren eta eskuen ageriko naturalismoa ere. Ile xerlo klasikoa ere ikus daiteke eskulturaren kopetan. Deabruarekin izandako borrokan irabazle irtendako San Migelek barea du aurpegia, eta contraposto -an eta kapako oihalen mugimenduan biltzen du egoerari dagokion dinamismoa.

Erliebeak ia borobilak dira, irtenkariak ( salientes) eta ongi nabarmenduak ( bien relevados) . Horiek dira maisuaren lanen ezaugarri nagusiak, eta hala eskatzen zizkioten lan baldintzetan: " historias de más de medio relieve que casi parezcan las primeras figuras de ellas redondas ". Konposizio eragingarriak eta sinesgarriak dira, dinamismoa ageri dutenak. Artzainen Adorazioaren eta Zirkunzisioaren erliebeak egiteko estanpak erabili dituztela hautematen da. Berriki izan dugu Fernandezek erabilitako zenbait estanpen berri; besteak beste, Wiericx anaiek aita Nadalek 1593an argitaratutako " Evangelicae Histoirae Imagines " liburua ilustratzeko egindakoak, Cornelis Cortek egindako zenbait estanpa, Durerorenak, eta Juan de Jaureguik egindakoak Luis de Alcazar jesuitak 1614an argitaratu zuen " Vestigatio arcani sensu in Apocalypsi ..." libururako. Gasteizko parrokia horretako erretaulan azaltzen den Zirkunzisioa Wiericxek izen berarekin egindakoaren berdin-berdina da. Gauza bera gertatzen da Artzainen Adorazioarekin: Valladolideko Huelga mojen monasteriorako egindakoaren ia berdin-berdina da, eta argi dago lan horiek egiteko eredu bera erabili zuela Fernandezek. Berriki aurkitu da, halaber, zein izan zen Azkoitiko Ecce Homoa egiteko erabili zuen jatorrizko estanpa: Cornelis Cortek Francesco Salviatik egin zuen konposizioan oinarrituta Kristoren Bataioari buruz egindako grabatua ¿eskultoreak irudi bakarra aukeratu zuen¿. Nolanahi ere, konposizioen egitura egokia eta simetrikoa da, eta erdialdean irekitzen dira ikusleek irudia behar bezala ikus dezaten. Naturalismoaren ezaugarriak argi hautematen dira zenbait xehetasunetan; esaterako, gaitan, bildotsean edo zirkunzisioari ekin behar dion apaizaren jarreran. Konposizioaren beste bi erliebe nagusiek San Migelek Gargano mendian izandako gertakizun legendarioa azaltzen dute, eta Jacobus da Varagine autorearen " Legenda sanctorum " (urrezko legenda) liburuan azaldutakoaren argitara interpretatu behar dira ¿parrokiako benefiziodunek azaldu zioten berau eskultoreari¿. Paisaia sinplea eta inozo samarra da, baina leku handia hartzen du, eszenak hala eskatuta. Gasteizko erretaula egin zuenerako, Gregorio Fernandez atzean utziak zituen hasierako lan manieristak, eta forma eta eredu barrokoak eskaini zizkien bertako eskultoreei. Bertako eskultoreek bere egin zituzten eredu horiek, eta alde batera utzi zuten lurralde honetan hain errotuta zegoen erromanismoa. Gasteizko erretaulako eskulturek Nava del Reyko Santos Juanes elizako edo Plasenciako katedraleko eskulturen antzeko maila estilistikoa dute.

Bertako arkitekto eta eskultoreek ¿Pedro de Ayalak, Juan de Ayalak, Miguel Zozayak eta Diego Mayorak, besteak beste¿ Gregorio Fernandezek egindako lanei erreparatu zieten, eta moda berrietara egokitu zuten beren estiloa. Gazte batzuk, berriz, Valladolideko eskultura tailerretara ¿esaterako, Fernandez maisuarena¿ eta Burgoseko eskultura tailerretara joan ziren lanbidea ikastera, eta handik itzultzean moda berriak ekarri zituzten. Honako hauek joan ziren Gregorio Fernandezen tailerrera: Pedro Jimenez (1611n itzuli zen etxera); Juan de Angulo (lehen aipatutako Juan Anguloren semea, 1621ean egin zuen Fernandezekin ikasteko kontratua); Andres de Ichaso (1625ean egon zen Valladolideko eskultorearen etxean); Miguel de Elizalde (Fernandezen alaba Damianarekin ezkondu zen); Juan Garcia de Verastegui (Valladolideko auzotartzat jo zuen bere burua, Fernandezek Arantzazuko erretauletarako lan egin zuenean); eta Francisco Foronda (1625ean egon zen Valladoliden, eskultorearekin zerikusia zuten arazoak konpontzeko). Antonio de Alloytizek, berriz, Burgoseko tailerretara jo zuen, lurralde hartan baitzuen familia; baina, hala ere, harreman handia izan zuen Valladolideko tailerrarekin. Horren lekuko da Alloytizek Francisco Freminekin ¿Fernandezen tailerreko ofizial nagusietako bat¿ 1642an egindako kontratua, Begoñako basilika eta beste obra batzuk (" y otras partes ") egiten lagun ziezaion. Pedro Hernandezek Salamancan zuen tailerrera joan zen Gabriel de Rubalcaba 1628an, lanbidea ikastera. Eskultore horren lanetan ere ikusten da Gregorio Fernandezen lanen eragina, nahiz eta punta-puntako eskultorea ez izan. Beste euskal eskultore batzuk ere izan zuten harremana Gregorio Fernandezekin; esaterako, Pedro Zaldivarrek (lehenik Esteban Jordanen tailerrean ibili zen, eta ondoren Fernandezenean) eta Juan de Beobide ¿maisutzako ofizial zela hil zen¿ bizkaitarrak. Aldaketa horiek eta Valladolideko eskultoreak Euskadin utzitako arrastoa azaltzeko, erretaula ereduak eta horiek egin zituzten arkitektoak aztertuko ditugu, eta, ondoren, irudiak eta horiek egin zituzten eskultoreak.

Erretaula klasizistak eta horien bilakaera

XVII. mendetik aurrera, Euskadin egindako erretaulen estiloa aldatzen joan zen, pixkanaka baina etengabe. Trazadura erromanistako erretaulek klasizismorako bidea jorratu zuten, nahiz eta, zenbaitetan, bi ereduen arteko nahasketak egin. Gortetik ¿Valladolidetik, batik bat¿ iritsitako arkitektoek eta trazadurek ekin zioten bide horri, eta eragin handia izan zuen, halaber, Escorial basilikako erretaula nagusiak, Perreten grabatuaren zabalpenaren bidez, izan zuen arrakastak. Batzuetan zalantzati eta beste batzuetan asmo osoz, Euskadiko arkitektoek bide berriak jorratu zituzten, eta aldaketaren protagonista bihurtu ziren. Arkitektoek beraiek lotzen zituzten, normalean, erretaulak egiteko kontratuak, baina eskultoreek ere jasotzen zituzten erretaulak egiteko enkarguak, eta beren konfiantzazko arkitektoen esku uzten zuten erretaulen arkitektura lanak.

Euskadiko erretaulek klasizismorantz egindako bidean, gertakari hauek funtsezkoak izan ziren: Valladolideko Francisco Velazquez eta Diego Basoco arkitektoek Gregorio Fernandezen eskulturentzat Euskadin egin zituzten erretaulak; 1590etik aurrera, Escorialgo San Lorenzo basilikako erretaula nagusiaren irudia ¿Juan de Herrerak diseinatutakoa eta Perretek grabatutakoa¿ zabaldu izana; eta bertako zenbait arkitektok ¿Bernabe Corderok edo Juan Bazcardok, esaterako¿ Giacomo Vignolaren " Regola delli cinque ordini d¿archittetura " lana izatea ¿lan hori 1593an itzuli zen¿. Erretaula mota horren elementu gehienek Vignolaren ereduari jarraitzen zioten; hau da, asko zaintzen zuten egitura arkitektonikoa, taulamendu hautsiek eta aurrera ekarritako euskarriek soilik eteten dituzte forma lauak, eta nabarmena dute, halaber, leihoburuak egiteko joera. Antolamendu garbiko erretaulak dira: bi edo hiru atal dituzte, atikoek handitik txikira egiten dute, eta triangelu formako hegalen bidez egiten dute bat erretaularekin; halaber, atalek hiru kale eta horiei dagozkien kale arteak dituzte, batak taulamendu luzeen bidez banatuak eta besteak, berriz, euskarrien bidez. Koloma klasikoa da euskarri nagusia, eta, batzuetan, pilastren eta atxikitako kolomen arteko jokoa, betiere, taulamendu edo oinarrietan bermatua ¿inoiz ez mentsuletan¿. Hasieran, ordena klasikoak (dorikoa, jonikoa, korintiarra eta konposatua) gainjartzen ziren, eta gero, Vignolak adierazitakoari jarraituz, korintiarra soilik erabili zen erretaula osoan. Dekorazioa aurreko beste eredu batzuetan baino soilagoa da, eta motibo geometrikoetan (galloiak, dentikuluak, diamante puntak, bolazko piramideak eta pitxarrak) eta landare motiboetan (girlandak eta erroleoak) oinarritzen da. Kutxen markoek belarri formako moldurak dituzte, eta horietan irudiak eta erliebeak baino ez dira jartzen, baita, salbuespenez eta beste leku batzuetan ez bezala, margolanak ere. Alabaina, erretaula erromanistetan ez bezala, arkitektura eta eskultura orekatuta daude erretaula hauetan. Ez dugu beti aurkituko eredu hori elementu guztiekin, eta, zenbaitetan, erretaula erromanisten ezaugarriak ere aurkituko ditugu. Horiek erretaula hibridoak edo nahastuak dira, baina beti nagusitzen dira horietan moda berriaren ezaugarriak. Erromanismoko elementu hauek erabili ziren gehien aldaketa garai horretan: beheko aldea landare motiboez, ildaska izurtuez edo sigi-sagan jarritako ildaskez apainduta duten kolomak; pilastra galloidunak egotea; ataletan jarritako frontoiak ¿batzuetan, umeak etzanda zituztenak¿, eta portada forman nabarmendutako kaxak. Aipamen berezia merezi du sagrarioak, elementu askea, eta, garai horretan, erdi solairukoa eta oso handia denez, bankotik gora egin eta lehen ataleko erdiko kale osoa betetzen du.

Gasteizko Sorkundearen komentuan (1618) ikusi ahal izan zen ¿egun desagertua¿ lehen aldiz eredu hori ia osorik, Diego de Basoco arkitekto bizkaitarraren eskutik. Hala ere, eredu horren ikurra Gasteizko San Migel parrokiakoa da, Francisco Velazquezek 1624an trazatua. Bi arkitekto horiek Valladoliden bizi izan ziren, eta Vignolaren ereduen jarraitzaile izan ziren. Bertako arkitekto ugarik bereganatu zuten eredu hori, baina baita eskultore batzuk ere, trazatzaile lanetan; esaterako, Juan Bazkardok, Diego de Mayorak, Miguel de Zozayak, Juan de Angulok eta Pedro de Ayalak. Eskultore horien eta erretaulen trazadurak egin zituzten beste eskultore batzuen ezaugarri komuna hasieran erromanismoa landu izana da; izan ere, XVII. mendetik aurrera arkitektoek bereganatu zuten lan hori. Bazkardok berak auziak izan zituen zenbait mihiztatzailerekin zenbait lanen jabetza zela eta, "eskultorea eta trazatzailea" zela aldarrikatzen baitzuen. Eskultore horiek eta arkitekto ugarik Araban eta Gipuzkoan zabaldu zuten lehenik erretaula klasizistaren eredua, eta geroago, Bizkian.

Arabako lehen erretaula klasizistak

Juan Bazcardo izan zen Arabako erretaulagintzaren protagonista nagusia, XVII. mendean. Eskultore hori 1584an jaio zen, Caparroson (Nafarroa), Pedro Gonzalez de San Pedro eskultore erromanistak Cabredon zuen tailerreko aprendiza izan zen, eta tailer horretako zuzendari 1609tik aurrera. Bere eskultura lanek Gregorio Fernandezek Euskadin izan zuen jarraitzaile onena izan zela adierazten dute, baina eredu erromanistei jarraitu zien trazatzaile lanean. Arabako Errioxan egin zituen lan gehienak, baina Gipuzkoan ere egin zituen zenbait lan. 1614an, Laguardiako Andre Maria parrokiako sagrario tenpletea egiteko kontratua izenpetu zuen, eta geroago, 1618an, erretaula nagusia egitekoa. Lope de Mendieta eta Tomas Manrique arkitektoek egin zuten erretaula hori, ezaugarriei dagokienez, erabat erromanista. Arkitektook Bazkardok marraztutako trazadurari jarraitu zioten, eta aintza hartu behar dugu Bazkardok erabilia zuela trazadura hori bera Calahorrako katedralaren erretaula egiteko, 1601ean. Geroztik, lan ugari egin zituen: Zalduondoko erretaularen (1623) trazadura marraztu zuen ¿Francisco de la Plazak eta Pedro de Ayalak egin zuten horren arkitektura lana¿; litekeena da Ozaetako (1623) erretaularen trazadura marraztu izana ¿Francisco de la Plaza, Gregorio de Alava eta, ziurrenik, Pedro de Ayalak egin zuten arkitektura lana¿; Oiongo (1624) erretaula egiteko kontratua lortu zuen, Pedro Jimenez lagun zuela; baita La Puebla de Labarkako (1638) erretaula egitekoa ere, Diego Jimenez II.a lagun zuela. Gainera, zeharkako lan ugari egin zituen; besteak beste, Tolosarako (1644) eta Irunerako (1647). Zalduondoko eta Ozaetako erretaulei dagokienez, horien alderdi arkitektonikoa nabarmendu behar da; izan ere, apaingarri gutxiago dituzte, ez dute mentsularik, eta multzoak, oro har, lauagoak dira. Erretaulok, ordea, badituzte frontoi batzuk ¿Laguardiako erretaulan ez bezala, ez da haurrik ageri horietan¿. Gerora, La Puebla de la Barkan ez zen frontoirik jarri. Ozaetako erretaularen kontratuak arkitektura ordenak gainjartzea agintzen zuen, " conforme lo muestra Jacobe de Viñola en su libro ".

Pedro de Ayala eta Juan de Angulo maisuek tailer garrantzitsu bat izan zuten Gasteizen, XVII. mendean. Bi maisu horiek XVI. mendeko eskultore familia ospetsuen ondorengoak ziren, eta, eskultore izateaz gain, eredu erromanistei atxikitako trazatzaileak ziren. Pedro de Ayalak zenbait erretaularen trazadurak marraztu zituen Eibarko frantziskotarren komenturako, eta Juan de Angulok bere izenean sinatutako bat marraztu zuen Ozaetako erretaularako. Luzaroan lan egin zutenez, Vignolaren ereduak bereganatzeko aukera izan zuten; batik bat, Francisco de la Plaza mihiztatzaile gasteiztarraren, horren seme Juan de la Plazaren eta Jose de Anguloren laguntzari esker. Azken horri eta bere aita Juan de Angulori " maestros de la facultad de escultoría y arquitecticos " esaten zieten. Mende horretako hogeiko hamarkadan aldaketa txiki bat izan zen haien lanean; hala ikus daiteke Zalduondoko (1623) eta Ozaetako (1623) erretauletan, biak ere Juan Bazcardoren trazadura zutenak eta Francisco de la Plazak kontratatuak. Lan horietan, gainera, Pedro de Ayalaren laguntza izan zuten (fidatzaile izan zen lehengoan, eta lekukoa bigarrengoan), baita Juan de Angulo eta Gregorio de Alavarena ere (azken horrek Ozaetan soilik lagundu zuen). Erretaula horien egitura erromanista da, baina aurrerapauso nabarmenak dituzte; ziurrenik, Francisco de la Plazaren parte hartzeagatik, azken horrek Gasteizko komentuko erretaulak ezagunak egin baitzituen. Egiteko askatasun osoa izanda, mihiztatzaile horrek egin zuen Gasteizko San Pedro elizako Aingeru Guardakoaren erretaula (1624), baina baita Otazuko (c. 1629) eta Guereñuko (1633) erretaula nagusiak ere. Nabarmena da azken horiei Escorialgo erretaula nagusiaren itxura eman nahi izan ziela. Pedro de Ayalak Zurbanoko (1633), Letonako (1637) eta Ulibarri-Ganboako (c. 1638) elizetako erretaulak egin zituen. Jose de Angulok asko aldatu zuen bertako erretaulagintza: dinamismo handiagoa eman zion Vignolaren ereduari, koloma bikoitzak erabili zituen, eta, lehenengo aldiz Araban, erroleoetan oinarritutako landarezko apaingarriak erabili zituen; esaterako, Dulantzin (1635), Añuan (1635), Alin (1639, Juan de Apaezteguirekin) eta, ziurrenik, Lukon (c. 1640). Hosto kizkur mamitsuek eta lore handiek apaintzen dituzte Dulantziko erretaularen lehen ataleko panelak eta oinarriak, baina horiek mendearen bigarren erdialdean jarriko ziren erretaula moda berrietara egokitzeko; hala gertatu baitzen, esaterako, Toberako erretaulan.

Arabako zenbait erretaulek badute ezaugarri berezi bat: tenplete eukaristiko handiak izatea. Horrela gertatzen da, esaterako, Galarretatik (c.1625-30) etorri eta egun Gasteizko Babesgabetuen Andre Maria parrokian dagoen erretaulan. Erretaula horren egilea, ziurrenik, Francisco de la Plazak, Juan de Angulok eta Pedro de Ayalak osatutako taldea izango zen. Zuazo, Margarita, Fresneda, Artaza eta La Hozko sagrarioak ere horietakoren batek eginak dira. Eraikin txiki eta klasizista horrek solairu zentralizatua ¿eliz erabilerarako egokiena¿ eta zenbait eskultura ditu, eta bat dator Trentoko kontraerreformak eukaristiarekiko zuen helburuetako batekin: sakramentua eliztarren aurrean ospatzeko helburuarekin. Bi atal eta kupula galloitua dituen tenpletea da, Escorialgo sagrarioaren oinordekoa, eta argi hautematen da Francisco de la Plazak Vignolaren eredu klasizistari jarraitu ziola hura egiteko. Eskulturak eukaristiaren garrantzia goratzeko jarrita daude.

Agurainen ere izan ziren eredu berriaren arrastoak hogeita hamarreko hamarkadan, Miguel de Zozaya eskultore, arkitekto eta trazatzailearen eskutik. Artista horrek bi eremu artistikorekin izan zuen harremana: alde batetik, Gasteizko maisuenarekin ¿Jose de Angulorekin, besteak beste¿, eta, bestetik, Gipuzkoako eremuarekin ¿besteak beste, Diego Mayorarekin¿. Arkitektura lanak egin zituen batik bat, eta hark egindako erretaulek ¿Munaingoa (1633), Ordoñanakoa (1633) eta Herediako (c.1637)¿ Vignolaren ereduak finkatutako erregulartasunari eta antolamenduari jarraitzen diote. Ordena klasikoko koloma ildaskatuak eta idulkiak erabiltzen ditu erretaulotan; alabaina erromanismoaren aztarnak ere hauteman daitezke. Arabako ipar-ekialdean, Arespalditzako Domingo de Arana eta Esteban de Retes arkitektoek osatutako taldeak zabaldu zuen eredu klasizista mendearen bigarren laurdenean. Talde horretako lehen kideak egingo zuen, ziurrenik, Belandiako (1637, Bizkaia) erretaularen trazadura, eta Esteban de Retesek, berriz, arkitektura lana. Erretaula horretan agerikoa da Escorialgo erretaula nagusiaren eragina: taulamendu luzeak ditu, frontoirik ez du ia, kolomek idulkiak dituzte, atikoak handitik txikira egiten du, eta erretaularen antolamendu orokorra Escorialgoaren antzekoa da. Lan hori egin ondoren, Domingo de Arana Arabako erriberara joan zen berrogeiko hamarkadaren hasieran, eta Burgoseko zenbait lekutan ere egin zuen lan. Azpimarratzekoa da, halaber, garai horretan bertan egin zen Caicedo-Yusoko (1640) erretaula. Domingo de Aranak egin zuen horren trazadura, eta eredu izan zen, besteak beste, Juan Bautista Galan maisuarentzat, gerora kopiatu baitzuen Molinillan (1655) eta Quintanilla de la Riberan (1663). Gesaltzan bizi zen Juan de Astete arkitekturako maisua, eta herri horretan ez ezik, Arabako erriberan eta Gipuzkoako hegoaldean egin zuen lan. Haren azken lan aipagarria Turisoko (1630) erretaula izan zen; baina, ondoren, haren seme Tomasek jarraitu zuen aitaren lanarekin.

Gipuzkoako erretaulak

Arriarango erretaula giltzarria da, ezbairik gabe, Gipuzkoako erretaulagintzak klasizismorantz egindako bidean. 1624 aldera hasiko ziren erretaula hori egiteko lanak, eta haren trazadura, ziurrenik, Juan de Mendiaraz eskultoreak egingo zuen ¿hala egiten baitzuten garai hartako beste eskultore erromanista batzuek ere¿, baina erretaularen berritasunak haren egiletasunari buruzko zalantzak dakarzkigu. Erretaula hori Escorialgo erretaula nagusiaren kopia da, eta erretaula horrekin sartu zen Gipuzkoan Vignolaren eredua. Ez dugu ahaztu behar, hala ere, 1624 inguruan hasi zirela Velazquez eta Gregorio Fernandez Eibarko frantziskotarren komentuko erretaulak egiten. Eskultorea, trazatzailea eta formula erromanisten jarraitzailea zen, halaber, Segurako Diego de Mayora . Enkarguak lortzeko, beste eskultore eta arkitekto batzuekin aritzen zen, batzuetan elkarlanean, eta beste batzuetan, lehian; horien artean, aipagarriak dira Juan de Mendiaraz eta Miguel de Zozaya eskultoreak, eta Juan de Ayerdi, Juan Garcia Verastegui eta Mateo Zabalia arkitektoak. Agirien arabera, Diego Mayorak egin zituen Zeraingo (1624) eta Gaintzako (1626) erretaula nagusien trazadurak; ez dakigu zein izan zen lehen lan hori egin zuen arkitektoa, baina bigarrena Juan de Ayerdik egin zuen. Mayorak egindako erretaula horiek harridura sortzen dute; izan ere, eredu erromanistari Vignolaren eredua gailendu zaiola dirudi Zeraingo erretaulan. Gaintzako erretaula Zeraingoa baino bi urte geroago egin bazen ere, itxuraz behintzat, ez da azken hori bezain eboluzionatua; egitura garbia du, eta frontoiak eta haur etzanak gehitu zitzaizkion. Egitura konplexuagoa du Oiartzungo (1629) erretaulak, Juan de Huici nafarrak egindakoa; izan ere, denbora luzea behar izan zen hura amaitzeko (1643an amaitu zen), eta bitarte horretan aldatu egin zituzten zenbait euskarri, eta beste egitura batzuk jarri ziren.

Juan Garcia Verastegui arkitektoak eman zuen behin betiko urratsa probintziako erretaulagintzan. Gregorio Fernandezen laguntzaile izan zen Arantzazun, Juan de Mendiarazen alaba batekin ezkondu zen, eta aski frogatua zuen erretaulen trazadurak egiteko gaitasuna. Baliteke Zegamako (1638) erretaularen trazadura eta arkitektura lana hark egin izana, eta gauza bera gertatuko litzateke Ataungoarekin (1641), baina azken kasu horretan arkitektura lana Mateo Zabaliak egin zuen. Bi erretaula horiek Mayoraren lanak gainditzen dituzte, eta Eibarko, Arantzazuko eta Gasteizko erretaulen eragin nabarmena dute. Ataunen " que no se corten los cornisamientos " eskatu zioten, "arquitectura mas fina y mexor" zelako, eta dekorazioari dagokionez, berriz, formula barrokoagoak nahi zituzten, " florones entre canecillos y en los plafones de los arquitrabes " jartzeko eskatu baitzuten ¿denak ere Zegamako erretaulan ikus daitezke¿. Eskakizun horiek guztiak egitura argiko bi lanetan gauzatu ziren: erretaulok kutxatilategi moduan antolatuta zeuden, ordena korintiarreko koloma ildaskatuak (Zegaman eraldatuak) eta friso jarraituak (Ataungoa) zituzten. Dekorazioari dagokionez, berriz, erroleoek landare dekorazioa zuten eta lore handiak mentsulek. Ataunen, hemezortzigarren mendean elementuak gehitu bazitzaizkion ere, argi hautematen da Escorialaren arrastoa.

Bizkaiko erretaulak

Kantabriako tailerren indarrak, eta, batik bat, Limpias-Liendokoarenak eragina izan zuen XVII. mendearen lehen erdian Bizkaian egin ziren zenbait erretaulatan. Tailerrok Enkarterritik gertu zeudenez, horietan egin ziren Bizkaiko elizetan jarriko ziren zenbait erretaula. Faktore hauen ondorioz, zaila da zehazki jakitea zein urteetan gertatu zen klasizismorako aldaketa: funtsezkoak ziren zenbait lan desagertuta daude; lan ugari anonimoak dira; eta Jaurerritik kanpo maila handiko arkitekto bizkaitarrak zeuden, besteak beste, Diego de Basoco, Rodrigo Muniategui eta Antonio de Alloytiz. Gainera, Valladolideko erretaulagintzaren arrastoa ez da Gipuzkoan eta Araban bezain agerikoa. Hauek dira Limpias-Liendoko maisuek ¿erromanismoaren ildoan oraindik¿ egindako lanik adierazgarrienak: Romañako San Pedro elizako erretaula, Truciosen (1630), Bartolome Martinez de Villavidek (Arantzazuko aulkiteria egin zuen, 1626an) mihiztatua, Diego de Lomberak trazatua, eta Juan de Palacio Arredondo eta Felipe de la Gargollaren eskulturak dituena; Güeñeseko Andre Maria parrokiako erretaula (1631) hau ere, beste batzuen artean, Bartolome Martinez eta Juan de Palacio Arredondok egindakoa; Ahedoko San Migel erretaula, Karrantzan (c. 1636), Luis de la Peñak eta Felipe de la Gargolla eskultoreak egindakoa; eta Lanestosako San Pedro parrokiako erretaula (c.1635), Juan de la Dehesak eta Pedro Alvo eskultoreak egindakoa. Alabaina, 1640ra arte ez zen erretaula ekoizpen jarraiturik egin, eta urte horretaraino jo behar dugu erretaulagintzaren bilakaera aztertzeko. Bilakaera horren funtsezko lana izan zen Zamudioko San Martin parrokiako erretaula (1639), baina ez zaigu gaur egun arte iritsi. Erretaula horretan Diego eta Bernardo Lombera arkitektoek eta Felipe de la Gargolla eskultoreak parte hartu zuten, guztiak ere Limpiaseko (Kantabria) tailerreko maisuak. Maisu horiek egin zuten lan, bigarren fase batean, Guriezoko (Kantabria) erretaulan, eta horrek Zamudiokoan erromanismoaren arrastoa nabaria izan zitekeela adieraz diezaguke. Eredu aurreratuagoei jarraitzen die Elorrioko San Gregorio elizaren albo batean dagoen erretaula anonimo batek; ziurrenik, 1640 aldera egindakoa.

Pedro de la Torre Euskadin. Erretaula klasizistaren bilakaera

Pedro de la Torre , Alonso Cano, Sebastian de Herrera eta Sebastian de Benavente arkitektoek eraldatu egin zuten Vignolaren ereduko erretaulen trazadura eta dekorazioa, eta eredu berri bat garatu zuten. Eredu horri madrildarra deitu izan zaio, baita kastizoa edo churriguereskoa ere, Churriguera anaiek garatu baitzuten hura azkeneraino XVII. mendearen azken herenean. Hala ere, erretaula horiek, gure ustez, klasizistak dira oraindik, baina egiturazko aldaketak eta dekorazioaren aldaketak dituztenak; izan ere, aldaketa horiek ez dira beste fase baterako aldaketa adierazteko adinakoak. Fase aldaketa, ordea, nabarmena izan zen hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, erretaula churriguereskoak egiten hastean. Hogeiko hamarkadan gertatu zen bezala, oraingoan ere gortetik etorri ziren berritasun aipagarrienak, eta, zehazkiago, Madrilgo gortetik: ordena erraldoi bakarra erabiltzea, erretaulari batasuna emateko; zirkulu erdiko edo arrautza oskol formako erremateak; modiloidun erlaitzak zituzten friso irtenak; kaleak aurrera eta atzera eramatea, oinplanoari dinamismoa emateko; eta landarezko motiboen dekorazio sarriagoa, hala nola, fruta sorta esekiak, kaktus formako kartelak, kukuluak eta lore handiak. Madrilen egindako erretaulek multzoen batasuna azpimarratzen bazuten ere, ezaugarri hori ez zen beti betetzen eredu honetan; hala ikus dezakegu Pedro de la Torrek berak Tordesillaseko Andre Maria elizako (1655) erretaula nagusiaren trazadura egin zuenean. Erretaulen euskarriak ere ez ziren beti berdinak, gehienetan koloma ildaskatuak erabiltzen baziren ere ¿normalean ordena korintiarrekoak edo konposatuak¿, salomondar kolomak ere erabiltzen baitziren; esaterako, azken horiek erabili zituen Pedro de la Torrek Madrilgo Buen Suceso Ospitaleko (1637) erretaulan. Pedro de la T"rrek berak ekarri zuen eredu hori Euskadira, baina, erretaula gutxi batzuetan izan ezik, eredu horrek ezaugarri bereziak izan zituen bertan, Vignolaren ereduaren ezaugarri batzuk ¿esaterako, kutxatilategi formako egitura edo salomondar koloma¿ mende osoan iraun baitzuten. Ondorioz, bertako erretauletan gutxitan ikusiko dugu ordena erraldoiak erretaulari ematen dion batasuna, eta salomondar koloma, berriz, nahiko berandu ikusiko dugu. Hala ere, aldaketaren adierazle garbiak dira oinplanoen dinamismoa, frisoek aurrera egitea, koloma ildaskatuak zenbaitetan binaka erabiltzea, eta dekorazio berrira moldatu izana.

Tolosako Andre "aria parrokiako erretaularen trazadura egiteko Pedro de la Torre aukeratu zuten, eta 1639an izenpetu zuten hura egiteko kontratua. Erretaula hori ez zaigu gaur egunera arte iritsi, baina " como lo mejor que se hacen en Madrid " egiteko eskatu zioten arkitektoari. Madrilgo gortearekiko lotura hori Pedro de Arambururengandik dator, han bizi izan baitzen eta hari eman baitzioten erretaularen kontratua egiteko ardura. Tolosan lanean zela, Bilbaora joan zen, eta Begoñako Andre Maria Basilikaren erretaula nagusiaren (1640) trazadura marraztu zuen ¿erretaula hau ere desagertua dago egun¿, baita Bilbaoko Santiago katedralaren alboko kaperetako bi erretaularena (1642) ere. Trazadura horiek arrasto luzea utzi zuten Euskadin, nahiz eta Pedro de la Torrek berak ez egin erretaula horiek eraikitzeko lanak. Tolosako erretaula haren ofizial Bernabe Corderok eraiki zuen, eta Begoña eta Bilbaoko erretaulak, berriz Antonio de Alloytizek. Corderok bere "bigarrentzat" zuen Alloytiz, eta biak izan ziren bertako erretaulagintzaren protagonista nagusiak mendearen bigarren herenean: bien artean banatu zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko merkatua, eta Pedro de la Torreren estiloari jarraipena eman zioten jarraitzaileak izan zituzten.

Pedro de la Torreren ofizialak eta jarraitzaileak

Bernabe Cordero madrildarra Pedro de la Torreren ofiziala zela iritsi zen Euskadira, Tolosako erretaula egiten laguntzeko. Erretaula hori, 1644an bigarren kontratu bat egin ondoren, haren esku geratu zen. Tolosako erretaula bere gain hartu aurretik, Antonio Alloytizen esku utzi zuen Bilbaon egin behar zuen lana. Orduz geroztik, etengabe egin zuen lan, eta beste hainbat erretaula egin zituen Tolosan ¿esaterako, San Franciscoren komentuko San Joseren erretaula (1647)¿ eta probintzian: Juncalgo Andre Maria parrokiako (1647) eta Hernaniko San Joan Bautista parrokiako (1651) erretaula nagusiak, Hondarribiko Rosarioko Andre Maria elizako erretaula, Errenteriako Andre Maria parrokiako San Migelen erretaula (c.1655), Ordiziako Santa Ana parrokiako erretaula nagusia eta alboko erretaulak (1656). Horiez gain, erretaula hauen traza marraztu zuen: Andoaingo San Martin parrokiako erretaularena (1657), Zaldibiako parrokiako erretaularena, eta Debako Andre Maria parrokiako erretaularena (azken hori Pedro Alloytizek egina, 1662an). Obra horiek guztiak egiteko zenbait ofizialen laguntza izan zuen; batik bat, Pedro de la Tijerarena (Andoaingoa eta Zaldibiakoa egin zituen 1660an) eta beren anaia Andresena, biak ere Corderoren aprendizak izandakoak. Andres de la Tijerak oinordetzan jaso zituen Madrilgo arkitektoaren lanabesak eta liburuak. Domingo eta Martin de Zatarain tolosarrek egin zituzten eskulturak Hernanin, Andoainen eta Zaldibian, eta Juan Bazcardo maisu handiak Tolosan eta Irunen.

Agirien esanetan, Cordero " arquitecto de la villa de Madrid " zen, eta Pedro de la Torreren konfiantzazko ikaslea. Cordero maisu handiekin izan zen harremanetan, eta horietako bat Antonio Herrera " escultor de su majestad y aparejador de las Obras Reales " izan zen. Corderok jarraipena eman zion Herrerak egindako traza bati; El Casarreko erretaularenari (Guadalajara, 1624), hain zuzen. Halaber, senidetasun harremana izan zuen Juan Sanchez Barba eskultorearekin. Hark egindako ikasketek eta izandako harreman profesionalek prestakuntza sendoa zuela adierazten dute, eta etxean zituen liburuek eta irudiek berretsi egiten dute esandakoa: Vitrubio, Euklides, Serlio, Vignola, Arfe, " papeles del arte de la arquitectura " eta "un texto del estudio de talla y escultura en estampas". Bere maisua hartu zuen eredutzat Euskadin egin zituen lanetan. Elementu ugarik lotzen dute Irungo erretaula Pedro de la Torreren lanekin eta Madrilgo ereduekin: erretaula bi atal eta zenbait kaletan banatu bazuen ere, erdiko kalea nabarmendu zuen, erretaulari batasuna emateko; ordena konposatuko koloma ildaskatuek markotik kanpora egiten dute; friso irten modiloidunak erabiltzen ditu, erroleodun dekorazio sarria eta mamitsua; lore handiak atikoan; bildutako gortinak; eta ispilu formako armarriak kale arteetan. Alabaina erretaula horren bi alderdi nabarmendu behar dira; alde batetik, Juncalgo Andre Mariaren irudia jartzeko egin zuen gelatxoa, Segoviako Fuencisla santutegirako (1645) Francisco Bautista jesuitak trazatu eta Pedro de la Torrek egindakoaren berdin-berdina, eta, bestetik, erretaularen alboetan koloma bikoitzak erabiltzen dituela, espazioa antolatzeko. Mentsulak jarri zituen koloma bikoitzen arteko espazio txikian, eta mentsulen gainean irudiak. Erretaula horren ia berdin-berdina baina dekorazio sarriagokoa da Pedro de la Torrek Madrilgo beneditarren San Placido komentuko erretaula (1658). Hernaniko erretaula monumentalak Irungo eskemari jarraitzen dio, zenbait aldaketarekin: fuste izurtuko kolomak erabiltzen ditu; atiko handiagoa du, presbiterioak hala eskatuta; eta kartela bat du erdiko kalean. Ordiziako erretaula, aldaketak aldaketa, eredu horren adibide are nabarmenagoa da, atal bakarrekoa baita; halaber, koloma bikoitz erraldoiak erabiltzen ditu, erretaularen bi aldeetan kale estuak sortzen dituztenak, eta aurrean hosto canescodun mentsula irtenak daude, eta horien gainean irudiak. Horrez gain, honako elementu hauek Euskadiko multzo ederrenetakoa bihurtzen dute erretaula hori: atiko zirkularra; dekorazio sarria (gerora jarritakoa alde batera utzita); eta erdiko horma hobia, gelatxo moduan antolatua, eta Mariaren irudia hartzen duena. Sagrarioek funtsezko garrantzia dute Bernabe Corderoren lanetan, eta, zenbait lekutan, esaterako, Hernanin, eraikin exentuak dira. Sagrario horiek hogeiko hamarkadako ereduak dakartzate gogora, haiek baino dekorazio sarriagoa izan arren. Corderok marraztutako trazadurei jarraituz, Pedro de la Tijerak egin zituen Andoaingo San Martin parrokiako (1656) eta Zaldibiako Santa Fe parrokiako (1660) erretaulak; Irungoaren oso antzekoa aurrenekoa, baina 1765ean egindako oskola formako erremateak nabarmen aldatu zuen. Larraulgo erretaula nagusiak (1655) ere badu lortura erretaula mota horrekin. Pedro de Luzuriaga arkitektoa eta Juanes de Cialceta eta Bernardo Elcaraeta eskultoreak kontratatu zituzten hura egiteko, denak ere Asteasun jaioak edo bertan bizi zirenak. Dena den, Elcaraetak Juan Bazcardok Cabredon zuen lantegian ikasi zuen lanbidea.

1664raino joan behar dugu Madrilgo ereduak jarraituko dituen beste adibide nabarmen bat ikusteko: Lazkaoko karmeldar oinutsen komentuko erretaula nagusia. Valladoliden hogei urte bizitako Fray Lorenzo del Santisimo Sacramento karmeldar nafarrak egin zuen, eta Vicente Berdusanen margolanak ditu. Alabaina, garai hartan Fray Alonso de la Madre de Dios "trazatzailea" zen komentuko priorea, eta, ondorioz hura izango zen, ziurrenik, trazadura marraztu zuena. Ordena erraldoiko atal bakarrean hiru kale ikus ditzakegu, koloma konposatuak, atiko erdizirkularra eta dekorazio urria baina dotorea; denak ere, Madrilen eta Valladoliden egiten ziren erretaulen oihartzuna dakarten ezaugarriak. Hain justu ere, urte horretan bertan egin zuen Gaintzako Juan de Usularrek Cristo de los Dolores kaperako baldakina, Venerable Orden Tercera de San Francisco Madrilgo elizan. Baldakin horren trazadura Francisco Bautista jesuitak marraztu zuen. Horren berri izanda, badakigu Juan de Ursularre arkitekto gipuzkoarra Madrilgo ereduarekin lotu behar dugula, eta, besteak beste, Bautista Anaiarekin eta Pedro de la Torrerekin harremana izan zuela. Ursularre 1670ean itzuli zen etxera, eta urte horretan izenpetu zuen Beasaingo Andre Maria parrokiako erretaula nagusia egiteko kontratua. Hortaz, ez da harritzekoa erretaula hori izatea Euskadiko erretaularik ederrena, Madrilgo ereduari jarraitzen diotenen artean. Trazatzaile trebea zen, eta gaur egun hark egindako zenbait marrazki gordetzen dira; esaterako, Antzuolako Antiguako Andre Maria elizako erretaularenak (1671) eta Uzarragako San Juan elizako Kristoren eskulturarenak (1671). Hala ere, ez dakigu nork egin zuen Beasaingo erretaularen trazadura, trazatzaile horrek ugazabek lehendik entregatutakoari (" que tiene antregada ") jarraitu behar baitzion. Aurrez entregatutako trazadura horren egilea erlijio gizon bat izan zitekeen, hori bera gertatu baitzen Zumarragako erretaularekin (1678), maisu erlijio gizonak bidali baitziren (" se embían maestros religiosos ") horren trazadura aztertzeko. Ildo horretatik, bitxia da 1672an Ursularre bera Arantzazuko komentuan bizi izan zela jakitea. Atal bakarreko erretaula da, eta ordena konposatuko koloma ildaskatuez banatutako hiru kale ditu ¿alboetakoak estuagoak dira¿. Kolomak hosto canescodun mentsula handiak dituzten oinarrietan eusten dira. Kaktus forma duten kartela handiek betetzen dituzte tinpano txikiak eta atikoa, eta fruten girlandak ere zintzilikatzen dira azken horretatik. Antzuolako erretaulan eskema berari jarraitu zion, baina neurri txikiagoan, eta Zaldibian (1677), berriz, alboko trazadurak eginez. Urte batzuk geroago, Elgoibarko San Bartolome elizako erretaula (1682) eta Lazkaoko San Migel parrokiako (1683) erretaula egiteko enkarguak jaso zituen, baina, zoritxarrez, biak desagertuak dira. Erretaula horietan, ziurrenik, salomondar kolomak erabiliko zituen, hala erabili baitzituen Nafarroan egin zituen lanetan: Etxarri-Aranazko erretaulan (1687) eta Iruñeko moja errekoletoen erretaularen trazaduran.

Juan de Apaeztegui arkitekto azpeitiarrak (Anguloren laguntzaile izan zitekeen Alin, 1639an) Usularreren ildoari jarraitu zion erretaula nagusi hauek egiteko: Aiakoa (1677), Zumarragakoa (1678, desagertua), Azpeitiko Soreasuko San Sebastian elizakoa (1684), Aizarnakoa (1685) eta Zestoakoa (1686). Azken hiru erretaula horiek egiteko Martin de Olaizolaren laguntza izan zuen, eta Zestoan eta Aizarnan salomondar koloma erabili zuen. Aian ildaska ondulatuko kolomak erabili zituen, eta erretaularen batasuna indartu zuen. Azpeitiko erretaula nabarmentzen da besteen artetik: bi ataleko erretaula da, baina oskola formako errematea, solairu dinamikoa, mentsula monumentalak, eta friso erdibituak eta irtenak ditu. Hala ere, dekorazioa da erretaula horren alderdirik azpimarragarriena, eta horren barruan, kutxa nagusiak eta oskola formako itxitura errematatzen dituzten kaktus formako kartela handiak. Litekeena da dekorazio errepertorio hori Jose de Echeverria maisu churriguereskoak egin izana, moda berrien jakitun baitzen. Aizarnako erretaula churriguereskoa da erabat, eta, haren trazaduraren protagonismoa ikusita, litekeena da Olaizolak egin izana.

Lehen adierazi dugun moduan, 1640. urtea funtsezkoa izan zen Bizkaiko erretaulagintzan, urte horretan joan baitzen Pedro de la Torre Bilbaora, eta hark egindako trazadura aukeratu baitzuten Begoñako basilikaren erretaula nagusia egiteko. Foruako tailerreko Antonio de Alloytiz arkitekto eta eskultoreak egin zuen erretaula, nahiz eta une horretan Burgosen izan, senide batzuekin. Ziurrenik, Gaztelako hiriburu horretan ikasi zuen lanbidea Alloytizek, Limpias-Liendoko tailerreko maisu kantabriarrekin batera. Dokumentazioaren arabera, Marmellar de Arriba (1637), San Martín de Huerta Arriba (1637) eta Villalba de Losa (1638) herrietan egin zuen lan, besteak beste; azken herri horretan, Liendoko Diego Lopez de Candina mihiztatzailearekin batera. Halaber, Diego Lopez de Candinak behin baino gehiagotan egin zuen lan Diego Lomberarekin. Datu horiek guztiak ikusita, hau ondoriozta dezakegu: Alloytizek harreman handia zuen Kantabriako tailerrekin, eta eredu erromanistak jarraitu zituen hasierako lanetan; halaber, gaztetatik bizi izan zen Burgosen senideren batekin, haren familiako belaunaldi ugari hiri horretan bizi baitziren aspalditik; eta, azkenik, Madrilgo ereduak ezagutu zituen, Pedro de la Torre eta Bernabe Corderoren ¿ez dakigu noiz egin zen azken hori Pedro de la Torreren "bigarren"¿ eskutik. Gainera, Alloytiz Calahorra-La Calzada apezpiku hiriko behatzaile izan zen, eta, batzuetan, Madrilera eta Valladolidera bidaiatu zuen. Hark zabaldu zuen erretaula mota berri hori Bizkaian, eta, geroago, Araban. Lan ugari egin zituen Euskadin ¿askotan Pedro de Alloytizen laguntzaz¿, eta horietako lehena Begoñako basilikaren erretaulak egitea izan zen (1640), eta geroago, Bilbaoko Santiago katedraleko alboko bi erretaula (1642an, Bernabe Corderok trazatuak). Halaber, parrokia ugariko erretaulak egin zituen. Hona hemen parrokia horiek: Mañariko Jasokundearen parrokia (1641), Errigoitiko Andre Maria (1649), Zornotzako Andre Maria (1651), Gordexolako San Joan (1653), Iurreko Santiago (1656, Araba), Azkoitiko Andre Maria (Gipuzkoa, 1660, horren trazadura Madrildik etorri zen, eta Pedro Bautista Medina jesuitak egin zuen); Azkoagako San Joan (1664, Araba); Urduñako Antiguako Andre Maria (1664); eta Zirianoko San Joan Ebanjelaria (1665, Araba). Erretaula horietako askotan Pedro de Alloytizek egin zuen lan. Jakina da eskultore ona zela, baina Kantabriako tailerrekin harreman handia izan zuenez, eta Jose de Palacio Arredondo eta Juan de Azcunaga eskultoreak gertu izan zituenez, ez litzateke harritzekoa izango batzuek zein besteek parte hartu izana hark egindako erretauletan.

Begoñako basilikako erretaularen grabatu batek monumentala erakusten digu multzoa, eta gelatxo txikia, koloma ildaskatu parekatuak, biribilki galloidun eta hosto mamitsuko mentsulak, eta lore handiz osatutako landare dekorazioa ikus ditzakegu bertan. Madrildar ereduko erretaulen ezaugarrietako bat multzoaren batasuna da, eta, ondorioz, eredu horretako erretaulek atal monumental bat eta atikoa izaten dute. Begoñako erretaula eredu hori sortu zuten egileetako batek egin zuen, Pedro de la Torrek, hain zuzen; alabaina, erretaula horrek bi atal eta hiru kale zituen, eta eragin handia izan zuen Bizkaiko erretaulagintzan. Eragin hori, noski, ez dugu erretaula multzoen batasunean aurkituko, baina agerikoa da beste ezaugarri askotan. Hona hemen horietako batzuk: euskarriak; koloma bikoitzak; ordena korintiarra eta konposatua erabiltzea; taulamendu hautsiak; erlaitz irtenak; kaleek aurrera eta atzera egitea; mentsulak erabiltzea; eta landare dekorazio mamitsua jartzea dekorazio geometrikoaren ordez. Agerikoagoa da eragin hori Mañariko erretaulan; izan ere, erretaula bi ataletan banatu zuen, eta koloma handi parekatuak erabili zituen (Iurren ere bai) horiek lotzeko. Halaber, kale bakoitzean eskultura bat eta eskultura horren gainean horma hobi bat jarri zituen. Egitura horrek Madrilgo ereduak kopiatzen ditu, eta, azken buruan, Alonso Canok Lebrijako erretaula (1629) egiteko erabili zituen eskemak, Palladiorengandik jasotakoak, eta geroago Madrilen garatuak. Gordexolako elizako presbiterioa zabala zenez, konpartimentu gehiagoko erretaula egin behar izan zuen, eta, ondorioz, kale arteak jarri, baina, hala ere, eskema berari jarraitu zion. Erretaula horretan berritasun bat sartu zuen: ordena konposatuko kolomak erabili zituen, eta horien fusteak mahats parra sarriez inguratu zituen. Ziurrenik, lehen aldia izango zen Bizkaian egitura hori erabiltzen zela. Azkoitian, Pedro Bautista Medina jesuitak marraztutako trazadurari jarraitu behar izan zion, eta horrek argi uzten du gorteko ereduekiko zegoen mendekotasuna. Azkoitiko erretaula monumentala eta atal bakarrekoa da, oskola formako errematea du; ordena konposatuko eta fuste ondulatuko koloma erraldoiek hiru kale banatzen dituzte, eta tenplete eukaristikoak hartzen du erdiko kale osoa. Zirianoko erretaula ere gaur eguneraino iritsi zaigu.

Alloytizen garai berean egin zuen lan Foruako tailerreko Juan de Bolialdea arkitekto eta trazatzaileak. Fruizko erretaula nagusian (1646), multzo zaharkitu samarra egin zuen, baina lan eguneratuagoak egin zituen Amurrion (1655) eta Nabarnizen (1673). Egun desagertuta daude hark egindako zenbait lan: Bermeoko elizako erretaula nagusia (1641), Busturiakoa (1646, piezatan zatitua), Durangoko Magdalenako Andre Maria elizakoa (1675), Gorlizkoa (1677) eta Bilbaoko Abandoko San Bizente Martiriaren parrokiarako trazatu zuen erretaula (1674). Haren lankide izan ziren Domingo de Garitaondo, Juan de Azcunaga, Jose de Palacio Arredondo eta Santiago Castaños arkitekto eta eskultoreak. Amurrion ez zuen frontoirik jarri, eta taulamenduak hautsita daude, gainera, landare dekorazioa sarri agertzen da frisoetan eta kolomen behealdean. Alabaina, askoz geroago egindako Nabarnizko erretaulan, aurrekoez gain, mentsulak, fuste ondulatuko koloma aurreratuak jarri zituen; ez zuen, ordea, erabat bereganatu eredu berria.

Arkitekto eta trazatzaile garrantzitsuagoa eta erretaulen egiturazko berrikuntzen jakitunagoa zen Martin de Arana . Arkitekto horrek egin zuen Arespalditzako erretaularen trazadura eta arkitektura egitura, eta, ziurrenik, lehen aipatu dugun Domingo de Aranaren semea izango zen. Dakigunez, honako lan hauek egin zituen, guztiak ere kontuan hartu beharrekoak: Urduñako Andre Maria parrokiako erretaula nagusia (1648), Artziniegako Jasokundearen elizakoa (1662), eta Bachicaboko San Martin elizakoa (1677). Lehen bi erretaulek Jose Palacio de Arredondok egindako eskulturak dituzte. Aranak erretaularen trazadura marraztu zuen, eta horren arkitektura egitura Francisco eta Santiago Martinez de Arcek egin zuten. Erretaula horietan, Begoñako basilikako erretaulatik ekarritako berrikuntzekin batera, eredu zaharren zenbait elementu azaltzen dira. Urduñakoan, koloma ildaskatu parekatuak erabili zituen, eta, batzuetan, atzera eramanda daude erdiko kalean; eta, gainera, kiribil galloidunak eta landare zartak dituzten mentsulak, idulki esekiak, taulamendu hautsiak, modiloidun eta kukuludun erlaitzak eta frutazko girlandak ere ikus ditzakegu. Nabarmentzekoa da Artziniegako erretaula; izan ere, koloma erraldoi parradunak erabiltzen ditu haren atal bakarra bost kaletan banatzeko. Alabaina, erlaitza jarraitu modiloiduna eta kaktus formako erdiko kartela dira multzo horren elementu adierazgarrienak. Koloma berdinak baina txikiagoak erabili zituen Bachicabon. Erretaula horretan, tailu lodiagoak egin zituen, eta tinpano txikia zuten markoak jarri zituen, landare kartelak jartzeko.

Debako Andre Maria parrokiako erretaula nagusiaren (1663) trazadura Bernabe Corderok egin zuen, eta hura da, hain zuzen, Pedro de Alloytizen lanik nabarmenena. Agirien arabera, Lemoizko Andre Maria elizako erretaula nagusiaren (1677) trazadura marraztu zuen (Jose de Isusik egin zuen erretaula bera), baita Debako Arrosarioko Ama eta San Migelen alboko erretaulena (1683) ere. Hark egindakotzat jotzen dira, halaber, beste lan adierazgarri batzuk; esaterako, Artziniegako erretaularen trazadura (1662), eta Urdulizko Andre Maria elizako erretaularen (1666) arkitektura lana. Lan horiek hark eginak badira, Foruako tailerreko arkitekto horrek erretaula barrokoaren bilakaeran zeresan handia izan zuela aitortu beharko genuke. Eskultura ere bere lan esparruan sartzen bazuen ere, Kantabriako Jose de Palacio espezialistak egin zituen Debako eskulturak. Debako erretaulak Urduñako Andre Maria elizako erretaularen antz handia du, eta elementu hauek Madrilgo ereduaren ildoan kokatzen dute: erretaulak bi atal eta hiru kale izatea, erroleotan oinarritutako dekorazio sarria erabiltzea eta eskulturei eusten dieten idulkiak. Erretaula horrek, gainera, koloma parradunak erabiltzen ditu, matsalko eta mahatsondo hostoez josita, eta, dekorazio hori da, hain zuzen, haren ezaugarririk nabarmenena. Artziniegako eta Urdulizko erretaulekin duen lotura bakarra, ordea, koloma parradun erraldoiak erabiltzea da, erretaulari batasuna ematen diotenak. Hala ere, harrigarria da Lemoizko erretaularen trazadura bi atal eta hiru kalekoa izatea, eta egitura hori bera erabiltzea Debako alboko erretauletan. Azken lan horretan, salomondar koloma erabili zen, baina erretaula ez zuen Alloytizek egin, Mateo de Azpiazuk baizik.

Adierazi dugu Antonio de Alloytizek parte hartu zuela Arabako zenbait lanetan; esaterako, Iurren, Azkoagan eta Zirianon. Hala ere, lan horiek baino lehenago hasiak ziren egiturazko aldaketak egiten Pedro de la Torreren ereduei jarraitzen zieten zenbait erretaulatan. Aldaketa horien bultzatzaileetako bat Azpeitiko Mateo de Zabalia arkitektoa izan zen. Ezagunak dira Ataunen, Bergaran (alboko erretaulak), Usurbilen, Nafarroako zenbait lekutan egin zituen lanak, baina, batez ere, nabarmentzeko da Aguraingo San Joan parrokiako margolan erretaula (1646) itzela. Erretaula horrek bi atal eta hiru kale ditu, eta pilastrek eta ordena konposatuko koloma atxikiek osatzen dute haren euste sistema. Vignolaren ereduko trazadurak egitura barrokoa bereganatu du, erdiko kalea nabarmen aurreratuta baitago, eta frisoen azpian kukuluen eta lore handien dekorazioa jarri baita. Taulamenduaren erlaitzean jarritako haur ilara estilo horren berezko ezaugarria da, eta ondoren jarritako erroleoek haren egile marketako bat dira.

Mende horretako berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, Kanpezun bizitzen jarritako Martin de Arenalde arkitektoa izan zen egile garrantzitsuetako bat, eta koloma ildaskatu ondulatuak eta dekorazio sarri eta dinamikoa erantsi zien bere lanei. 1652an, Tolosan auzotu zen, eta harremanak izan zituen Cabredoko tailerrarekin, batik bat, Bazcardoren suhi Diego de Jimenez II.arekin. Datu horiek ikusita, ez litzakete harritzekoa izango Tolosako Andre Maria elizako erretaula handia egiten lagundu izana. Hauek dira hark egindako erretaula aipagarrienak: Dallokoa (1652), Kripangoa (1663), Maeztukoa (1666), Zuhatzu Donemiliagakoa (1670) eta Donemiliagako San Romangoa (1677). Hark egina izan daiteke, halaber, Egilatz kontzejuko elizaren erretaula, baina XVIII. mendeak kolomak aldatu zizkioten, eta erabat itxuraldatu zuten. Erretaulen eskulturak egiteko, zenbait eskultoreren laguntza izan zuen, besteak beste, lehen aipatutako Diego Jimenez II.arena, eta hura hiltzean, Bartolome Calvorena ¿honek lan ugari egingo zuen senide arteko tailerra ireki zuen Orbison¿, eta, ziur asko, Francisco Forondarena. Dalloko erretaula laua eta erregularra da, zuzi formako koloma korintiarrak erabiltzen ditu, eta, dekorazioari dagokionez, erroleo finak jarri zituen frisoen gainean. Maeztun, ordea, egitura dinamikoa erabili zuen; koloma ildaskatu uhinduak erabili eta dekorazio sarriagoa ¿txarteltxoak eta hosto canescodun kartela handiak¿ jarri baitzituen. Geroago, bere seme Pedro de Arenaldek salomondar kolomak erabili zituen jada, erretaulen egiturari eusteko.

Arabako Errioxan, Elciegoko San Andres parrokiako erretaula monumentala izan zen obrarik garrantzitsuena garai hartan. Erretaula hori Diego de Ichaso eta Sebastian de Oyarzabal arkitektoek egin zuten, 1646tik aurrera. Lehena Calahorra eta La Calzada apezpiku hiriko " behedor general de las obras de architectura " izatera iritsi zen, eta Santo Domingo de la Calzadan bizi zen. Bigarrena, berriz, Brionesen bizi zen. Elciegoko parrokiako erretaulak bi atal eta atikoa ditu; halaber, hiru kale ditu, eta kapitel korintiarreko eta fuste ondulatuko koloma pareek osatutako lau kale arte. Euskarri horien oinarriak eta taulamenduak erretaularen markotik irteten dira, eta landare dekorazio dinamikoa eta mamitsua du frisoetan, oinarrietan, markoetan eta beste elementu batzuetan. Horiek horrela, erretaulak itxura erabat barrokoa du.

Hauek dira garai horretan Araban egin ziren beste erretaula batzuk: Oreitiakoa (1664); Mataucokoa, Mendiolakoa, eta Elorriagakoa. Oreitiakoa Martin de Telleriak egin zuen, eta kutxatilategi eskema jarraitu zuen, baina koloma ildaskatu bihurrituak eta belarri formako markodun kutxak erabili zituen. Litekeena da Mataucoko eta Mendiolako erretaulak Cabredoko tailerreko arkitektoek egin izana hirurogeita hamarreko hamarkadan. Elorriagako erretaula geroago egin zen, eta Antonio Alvaradoren estiloaren eragina ikus daiteke bertan. Erretaula horrek atzean utzi du jada kutxatilategiko eskema, eta atal bakarra du, ordena erraldoikoa, eta fuste bihurriko kolomek hiru kaletan banatzen dute multzoa. Halaber, friso erdibitua eta ertzetan bolutak dituen atiko handia du. Erretaulak dekorazio sarriagoa du, eta erroleoak, kaktus formako kartelak, fruta zintzilikatuak eta beste elementu naturalista batzuk leku handia hartzen dute erretaularen arkitektura egituran. Urte luzez eutsi zitzaion eskema horri; hala ikus dezakegu Gacetako erretaulan (1701), Oñatiko Tomas de Arizmendi arkitektoak egindakoa.

1618 eta 1670 arteko eskultura barrokoa. Gregorio Fernandezen eragina

Garai horretako erretaulen garrantzia ez zetzan horien arkitektura egituran; aitzitik, erretaula horietan jartzen ziren eskultura eta erliebe ugariak ziren erretaulen ardatza, fededunentzako katixima irakaspenak baitziren. Kutxatilategiko egiturak eskultura ugari jartzeko aukera ematen zuen: kaleetan, kale arteetan, bankoetan, oinarrietan, erlaitzetan eta libre egon zitekeen edozein espaziotan. Bertako maisuek eskultura erromanikoen ereduak bereganatu zituzten, eta XVII. mendearen lehen erdiko erretauletako eskultura eta erliebe ugaritan ikus dezakegu horien arrastoa. Lehen adierazi dugun moduan, ordea, eredu horiek aldatuz joan ziren Gregorio Fernandezen eraginez, eta bertako eskultoreek ¿batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago, eredu erromanisten indarraren arabera¿ beren lanetan islatu zituzten azken horrek ekarritako ereduak. Erromanikoak baino eskultura dinamikoagoak dira, jarrera deklamatorioa dute, eta jantzi naturalagoak, aurpegi errealagoak eta, oro har, jendearengana iristeko helburua betetzen dute. Hainbat iturritatik hartu zituzten horiek egiteko ereduak. Aukera bat pertsonaien imitazioak egitea zen; esaterako, San Ignazioren aurpegiarena. Beste bat irudiak erabiltzea zen, batzuk errepertorioetatik ateratakoak, eta beste batzuk, berriz, kanonizazio prozesuetarako propio egindakoak. Gregorio Fernandezek Wiericx, Cornelis Cort eta Dureroren irudiak erabili zituen, eta, pentsatzekoa den bezala, haren ikasleek, ofizialek edo jarraitzaileek ere eredu berak erabiliko zituzten. Hala ikus dezakegu bertoko zenbait eskultoreren lanetan; esaterako Antonio de Alloytizen eskulturetan edo Jose Palacio Arredondorenetan, jakina baita bi horiek aita Nadalen liburua izan zutela, eta, liburuan Wiericx anaien eta Corten irudiak azaltzen ziren. Ikonografiari dagokionez, Ama Birjinaren, Familia Santuaren eta Santuen gurtza eta eukaristiaren gorespena egiten zuten, kontraerreformatik bultzatutako gaiekin bat etorriz. Horrenbestez, betiko gaiekin batera ¿gurutziltzatua, apostoluak, ebanjelariak, elizako aitak, bertuteak, ordenen fundatzaileak edo santu herrikoiak¿, beste gai hauek ere ikus ditzakegu: Sortzez Garbia, Ama Birjinaren bizitza, San Jose, Jesus Haurra, kanonizatutako azken santuak eta aingeruak ¿batik bat, Guardakoa¿. Batzuetan, aldaketa txikiak egiten ziren betiko gaien trataeran, eta kontraerreformatik etorritako gaiei dagokienez, berriz, Jesusen haurtzaroko gaiak aukeratzeko joera nagusitu zen. Alabaina, Nekaldia pasioko pasoetan soilik jorratu zen.

Euskadin lan egin ondoren, eskultore asko senide arteko tailer ezagunetan sartu ziren. Horietako batzuk, eskultore erromanikoek egiten zuten moduan, ez zuten espezializaziora jo, eta "eskultore eta arkitekto" bezala aurkezten zuten beren burua, eta, ondorioz, arkitektura zein eskultura lanak egiten zituzten. Gregorio Fernandezen eragina jaso zuten tailerrek ¿bai Valladolideko maisuarekin ikasitako langile bat zutelako, bai haren lanari erreparatu ziotelako¿ egiten zituzten kalitate handieneko eskulturak. Horregatik dute Arabako eta Gipuzkoako artistek Bizkaikoek baino zeresan handiagoa eredu horri dagokionez; nahiz eta, azken horiek Kantabriako maisuen laguntza izan. Prozesu berdina errepikatu zen tailer guztietan: Valladolideko maisuaren eraginari esker, eredu erromanisten oinordeko zen eskultore belaunaldi bat moda berrira egokitzen joan zen, eta berrogeiko hamarkadaren bueltan, beste belaunaldi batek hartu zuen aurrekoaren lekua. Bigarren belaunaldia erabat barrokoa zen jada, eta hamarkada horretatik aurrera egin zituzten lan gehienak. Hala gertatu zen Gasteizko tailerrean: Juan de Anguloren (+ c.1643) eta Pedro de Ayalaren (+ c. 1646) ondoren, Jose de Angulo, Bartolome Calvo eta Francisco Foronda etorri ziren. Viana-Cabredoko tailerrean, Pedro Jimenezen (+1640) eta Juan Bazcardoren (+1658) ondoren, Diego Jimenez II eta Bernardo Elcaraeta etorri ziren. Gipuzkoan, Juan de Mendiaraz eta Diego de Mayora eskultoreen ondoren, Domingo eta Martin Zatarain etorri ziren, eta horiek baino lehenago, agian, Andres de Ichaso, gerora Santo Domingo de la Calzadan bizitzen jarritakoa. Bizkaian, Kantabriako Juan de Palacio Arredondo maisuaren ondoren, Kantabria bertako Felipe de la Gargolla eta Jose de Palacio Arredondo etorri ziren, baita Bizkaiko Antonio de Alloytiz eta Juan de Azcunaga ere.

Gasteizko tailerra: angulotarrak

Juan de Anchietak, Lope de Larreak eta Esteban de Velascok Gasteizen egindako lanaren oinordeko izan ziren Pedro de Ayala eta Juan de Angulo. Bi artista horiek lantalde oparoa osatu zuten, nahiz eta banaka ere zenbait lan kontratatu. Gasteizko eskultore dinastia baten ondorengoa zen Pedro Ayala . Agiriek XVI. mendearen hasieratik ematen digute dinastia horren berri, eta Pedro de Ayalari dagokionez, Francisco de Ayalaren semea zela esan behar dugu. Eskultore horrek, familiako tailerrean ikasitakoari eutsiz, eskultura erromanistak egin zituen, baina Gregorio Fernandezen lanak ikusteko aukera izan zuen gaztaroan, eta horrek eta luzaro bizi izanak estiloa zertxobait aldatzeko aukera eman zion. Hala erakutsi zuen Bergarako erretaulan (1614, Fernandezek egindako San Ignacio eskultura jarri zen erretaula horretan) eta, geroago, Gasteizen (1618). Hala ere, eredu erromanistei atxikitako eskultorea izan zen beti. Juan de Angulo , berriz, Bartolome Angulo eskultore erromanistaren semea zen, eta Valpuestan zuen familiaren jatorria. Eskultore horrek ere eredu erromanikoei eutsi zien, bere aitari eta Nafarroako Pedro Gonzalez de San Pedrori ikasitakoari jarraituz. Valladolideko eskulturgintzaren berritasunen jakitun, Gregorio Fernandezen etxera bidali zuen Juan semea lanbidea ikastera, eta, horrekin batera, lan egiteko estiloa aldatu zuen, batik bat, haren beste seme Jose de Angulok parte hartu zuen lanetan. Juan de Angulok eta Pedro de Ayalak, eta, 1630etik aurrera, Jose de Angulok ere osatutako taldeak eskultura ugari egin zituen Araban. Pedro de Ayalak egin zituen Zalduondoko (1623), Ozaetako (1623) ¿bi hauek Juan de Angulorekin batera¿ Zurbanoko (1633), Letonako (1637) eta Ulibarri-Gamboako (c. 1638) erliebeak eta eskulturak. Horiek denak lan handiak dira, baina ez ditugu ahaztu behar beste leku batzuetan egin zituen lanak: Villodasen, Guereñan, Doroñon, Galvaraingo San Martinen, Buston, Estavillon eta Parizan. Zalduondoko eta Ozaetako eskulturak egiteaz gain, Juan de Angulok Arrietako erretaularen (1621) bankoko irudiak egin zituen, baita Aingeru Guardakoaren erliebea, eta, ziurrenik, San Isidroren Mirakuluarena ere, biak Gasteizko San Pedro parrokian (1624). Halaber, semearekin elkarlanean, hainbat elizatako erretaula nagusien eskulturak egin zituzten; besteak beste, Manzanosekoak (1630), Munaingoak (1633), Dulantzikoak (1635), Añuakoak (1635), Eharikoak (1639) eta, ziurrenik, Lukokoak (c. 1640). Eskultore horiek, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, Gregorio Fernandezen lanen zenbait ezaugarriri lotu zitzaien; besteak beste, aurpegien errealismoari, konposizio irekiei, tolesdura erzdunei, kopetaren gaineko ile xerloari, erliebeak ia mukulu borobilekoak izateari, eta erabilitako eredu ikonografikoei. Eredu horien artean, aipatu beharrekoak dira Sortzez Garbiarena, San Joserena, San Pedrorena, San Paulorena eta, erliebeei dagokienez, Kristoren Bataioarena.

Zalduondo, Ozaeta, Zurbano eta Letonako erretaulen eskulturak oso erromanistak dira oraindik, nahiz eta Zurbanokoaren San Joanen eta San Joseren eskulturak eguneratuagoak izan. Manzanosen egindako Kristoren Bataioaren erliebea Valladolideko ereduaren jarraipen baldarra da, eta ereduzko estanpa berak erabili zirela nabarmentzen da. Ehari, Dulantzi eta Añuako eskulturak barrokoagoak dira, eta Gaztelako eskulturen ereduari jarraitzen diote, besteak beste, Dulantziko eta Añuako San Jose eta San Joan eskulturek, eta Ehariko, Dulantziko, Ulibarri-Ganboako eta Aretxabaletako Sortzez Garbiaren irudiek (azken horrek lotura nabarmenak ditu Angulotarren lanekin). Juan de Angulok egindako " ystoria del ángel " erliebea gordetzen da Gasteizko San Pedro elizan. Erliebe horretan, San Migelek demonioari lantzaz egindako erasoaren irudikapena egiten da, eta Aingeru Guardakoa haur bat babesten azaltzen da. Gregorio Fernandezek behin baino gehiagotan irudikatu zuen eszena hori, baina Gasteizko erliebean erromanismoaren arrastoak ikus daitezke oraindik. Ezaugarri berak ikus ditzakegu eliz bereko San Isidroren erliebean. Azken horretan, mirariz iturri bat sortzen azaltzen zaigu santua. Irudia Erroman egindako grabatu batean oinarrituta dago, santuaren kanonizazioa zela eta.

Mendearen lehen erdian, Kantabriako eskultore gutxik egin zuten lana Araban, baina horien artean Cudeyoko tailerreko Gabriel de Rubalcaba aipatu behar dugu. Francisco Rubalcaba aita eta eskultore erromanistarekin ikasi ondoren, Salamancako Pedro Hernandezen etxera joan zen lanbideko prestakuntza hobetzeko. Lan gehienak Burgosen egin bazituen ere, lan aipagarri bat egin zuen Araban: Caicedo-Yusoko erretaula nagusiko (1642) erliebeak. Erliebe horietan, Ama Birjinaren ikustaldia nabarmentzen da, Valladolideko ereduen eragin nabarmena baitu. Belandiako (c.1642) elizaren erretaula nagusiko erliebeak ere Kantabriako eskultore horrek egin zituelakoan gaude.

Juan Bazcardo Araban eta Gipuzkoan. Viana-Cabredoko tailerraren eragina

Ukaezina da tailer horrek XVII. mende hasieran Errioxa, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako eskulturan izan zuen eragina. Gauza bera gertatuko zen, ziurrenik, Bizkaian, Kantabriako maisuen bidez. Beste tailer batzuekin gertatu bezala, tailer erromanista horrek Diego Jimenez el viejo (I) eta Pedro Gonzalez de San Pedro eskultoreen eskutik XVI. mendearen azken herenean izan zuen arrakastak XVII. mendearen hasieran jarraitu zuen, Pedro Jimenez el viejo (I) eta Juan Bazcardo maisuek egindako berrikuntzek bultzatuta. Arrakasta horrek indarrez jarraitu zuen mende amaierara arte, lehenik, Diego Jimenez el joven (II) eskultorearen eskutik, gero, Bernardo Elcaraetaren lanekin, eta, azkenik, XVIII. mendearekin lotuz, Francisco Jimenezekin. Horiek guztiek senidetasunezko eta lanbidezko harreman sendoak zituzten; izan ere, Pedro Jimenez I eskultorearen aita zen Diego Jimenez I, eta Diego Jimenez II aurrekoen iloba eta biloba zen, hurrenez hurren. Halaber, Ana Maria Gonzalez de San Pedrorekin ezkondu zen Bazcardo, eta bi horien alaba Micaela Bazcardo Diego Jimenez II.arekin ezkondu zen, bi familien adarrak lotuz.

Eskultura erromanistaren kanonak aldatzeko behar zen eguneratze prozesua ez zen inoiz erabat burutu, baina prozesu hori goiz hasi zen, Pedro Jimenez I Gregorio Fernandezen tailerrean izan baitzen 1610ean. Egonaldi horretan, Pedro de la Cuadra eskultorearen adiskide egin zen. Garai hartan hogeita hamar urte zituen, eta prestakuntza egina izango zuen aitaren tailerrean, baina eskulturaren joera berriak ezagutzeko balioko zion Valladolidera egindako bidaiak. Hala ere, Fernandez urte horietan hasi zen bere estiloa garatzen, eta berrikuntza gutxi bereganatuko zituen Cabredoko eskultoreak 1611n etxera itzuli zenean. Lan gehienak Errioxan egin zituen, baina, hala ere, eskultore horri buruzko bi datu azpimarratzea dagokigu: Domingo de Gomiciaga ermuarra hartu zuen ikasletzat 1611n, eta Oiongo erretaula nagusia eta alboko erretaula batzuk egiteko kontratua izenpetu zuen 1624an. Gainera, Bazcardoren esku utzi zuen azken erretaula horien eskulturen erdia egiteko ardura.

Juan Bazcardo zen tailerreko eskultore ezagunena, Caparroson jaioa eta Martin Bazcardoren semea. Bere aitaginarreba Pedro Gonzalez de San Pedroren ingurune erromanistan ikasi zuen ofizioa, eta hala ikus dezakegu hark egindako lehen lanetan; esaterako, Laguardiako Andre Maria elizako erretaulan (1618). Alabaina, Gregorio Fernandezen jarraitzaile fidelenetakoa bilakatu zen gerora, eta haren lan ugari ikus ditzakegu Arabako Errioxan. Gainera, bi lan garrantzitsu egin zituen Gipuzkoan, eremu horretako eskulturgintza berritzen lagundu zutenak: Tolosako parrokiako erretaula nagusia eta Irungo Juncalgo Andre Mariaren elizakoa. Haren biografiaren berri nahiko zehatza dugu, eta aztertua dugu jada haren trazatzaile lanak. Eskultura lanei dagokienez, eskultura ugari egin zituen Euskadin, eta horien artean, hauek nabarmendu behar dira: Oiongo erretaula nagusikoak (1624, Pedro Jimenez I.ekin), La Puebla de Labarkakoak (1638, Diego Jimenez II.arekin), Tolosakoak (1643, desagertua), eta Irungoak (1647). Horiez gain, zenbait eskultura egin zituen Labrazan, Paganosen, Lekoran eta Bujandan, eta sagrarioa Birgara Barrenen. 1643 inguruan, Gipuzkoa aldera jo zuen lehen adierazitako bi lan esanguratsu horietan Bernabe Corderorekin lan egiteko, eta litekeena da hark egindako lan berriak azaltzea, Oñatin izan baitzen 1652an. Jimenezen lan erromanista eta Bazcardoren eredu eguneratuagoak ikus ditzakegu Oiongo erretaulan. Azken horien adibide dira Santiagoren eskultura exentua eta Ama Birjinaren jaiotzaren erliebea. La Pueblako erretaula nagusiko eskulturek hertsiago jarraitzen diote Fernandezen ereduari: eskulturen tolesdurek ertzak dituzte, aurpegiak naturalagoak eta adierazkorragoak dira, ile xerlo tipikoak dituzte, konposizioak garbiagoak dira eta jarrera deklamatorioa lortu nahi dira. Hala ere, figurak nahikoa lauak dira, agian, Diego Jimenez II.aren parte hartzearen eraginez. Pieza ederrenak, ordea, Irunen egin zituen, jarrera duinekoak eta oso adierazkorrak baitira.

Diego de Jimenez II.ak ¿bianarra eta Bazcardoren suhia¿ 1641ean ekin zion bere ibilbide artistikoari, aitaginarrebak urte horretan eman baitzion ¿agian, ezkonsari gisa¿ La Puebla de la Barkako erretaularen eskulturen erdia egiteko ardura. Hortik aurrera, lan ugari egin zituen Araban eta Errioxan, eta tailerreko ereduei jarraitu zien arren, batzuetan zenbait nabardura erantsi zien bere lanei: zorroztu egin zituen eskulturen aurpegiak, eta erliebeak lauak eta garatuagoak egin zituen. Hil zen arte ¿1660an¿ Arabako Errioxan (Lekora, Paganos, Elciego, Laguardia, Navaridas eta Leza) egin zuen lan, baita mendebaldeko lautadan (Dallo, Luzuriaga eta Erroeta) ere. Lan gehienak alboko erretauletarako egindako eskulturak dira, eta Dallon (1652) soilik egin zuen erretaula nagusi bat oso-osorik. Erretaula horretan, Ikuzketari eta Afari Santuari buruzko erliebeak eta San Pedroren, San Pabloren eta San Andresen eskulturak egin zituen.

Asteasukoa zen Bernardo de Elcaraeta , ziurrenik, Bazcardoren aprendiza izandakoa, eta, maisuarengandik bereizi ostean, Santo Domingo de la Calzadan lantegia irekitakoa. Ez zituen inoiz tailerreko lan moldeak atzean utzi, baina haren eskulturek dinamismo handiagoa dute, eta konposizioak barrokoagoak dira, gorputzen jarrerak bortxatuagoak, jantzien tolesdurak gogorragoak eta keinuak puztuagoak. Hala ere, hark egindako eskulturen bisaia txiki eta herrikoiek eta kizkur handiko ilajeek ez zuten bere maisuak egindako eskulturen dotorezia erdietsi. Goi Errioxan egin zituen lan gehienak, baina beti egon zen bere jaioterriarekin harremanetan, eta, Errioxan bizi arren, Mariana de Uretarekin ezkondu zen, Asteasukoa eta artisten familiako alaba. Berrogei urte baino gehiagoz egin zuen lan 1639tik aurrera, Nafarroan, Errioxan, Burgosen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken probintzia horretan, Larraulgo elizaren erretaula nagusiko eskulturak (1655) eta San Migelen eta Arrosarioko Andre Mariaren eskulturak egin zituen, azken bi horiek Bergarako San Pedro parrokiarako (1656). San Antonioren eskultura bat zizelkatu zuen Bilbaoko San Francisco komenturako (egun desagertua), eta Arabako Errioxan, berriz, honako lan hauek egin zituen: Santa Elenaren erretaula Laguardiako Andre Maria parrokiarako (1662, egun desagertua), eskultura bakan batzuk Lezarako (1667-70) eta Salinillas de Buradonerako (1671), eta, batik bat, Eltziegoko San Andres parrokiako erretaula nagusiko eskulturak eta erliebeak (c. 1669, bankoko eta Nekaldiko erliebeak izan ezik) eta Labastidako Jasokunde parrokiaren erretaula nagusiarenak, biak ere Vianako Andre Maria elizako erretaula nagusiarekin konpara ditzakegunak. Elciegon, deigarriak dira zenbait panelen taxu piktorikoa; esaterako, Jasokundearena, Ama Birjina belauniko eta besoak irekita dituela azaltzen baita, Vianakoen antzekoa den konposizio bizi-bizian. Labastidan, irudi handiek (San Pedro edo Jasokundea) kontrastea egiten dute erliebe txikiekin, eta horrek Viana-Cabredoko tailerrarekin duten lotura adierazten dute.

Viana-Cabredoko tailerrarekin lotu behar ditugu Francisco Foronda eta Bartolome Calvo. Foronda Gregorio Fernandezekin izan zen harremanetan Valladoliden, han izan baitzen 1625ean, eta, gero, handik itzultzean, Cabredora joan zen bizitzera. Cabredotik Bernedora joan zen, eta han tailer bat ireki zuen. Horrez gain, badakigu Bartolome Calvorekin izan zela harremanetan. Aguraingo Andre Maria parrokiako erretaula nagusiaren (1637) atikoan zenbait erliebe egin zituen; esaterako, Jasokunde-Koroatzearena, Valladolideko maisuaren Sortzez Garbiaren ereduari jarraitzen diona. Errioxan ere egin zituen zenbait lan, eta, gainera, Urarteko alboko erretaulen eskulturak egin zituen (1642), Bernedoko sagrariokoak (1663) eta Toberako erretaula nagusikoak (1663). Azken erretaula horretan, bi Joanen eskulturek eta sagrarioak Viana-Cabredoko tailerrak erabiltzen zituen eskemei jarraitzen diete. Bartolome Calvok senide arteko lantegi bat ireki zuen Orbison, Bartolome eta Migel semeekin, eta lantegi horretan egindako lanek argi uzten dute Cabredoko tailerraren eragina. Hona eskultore horrek egindako lan batzuk: San Estebanen eskultura Aletxan (1659); Arrosarioko Ama Birjina Bujandan (1664); Orbisoko (1665) eta Oteoko (1666) alboko erretauletako zenbait eskultura; eta Kripango (1663), Maeztuko (1666) eta Gebarako erretaula (1680, zenbait pieza solte bakarri gordetzen dira) nagusiak. Azken horren zati bat bere semeek egin zuten. Kripango eta Maeztuko eskulturak oso ikusiak dira, zurrunak, tenteak eta aurpegi ezagunekoak, eta, gainera, jantzi planoak dituzte. Ezaugarri horiek guztiek eskultorearen trebetasun mugatua adierazten dute. Kripanen egindako San Pabloren eskultura soilik da kalitatezkoa, baina oso litekeena da ez izatea eskultore horrek egina.

Erromanismotik naturalismo barrokora, gipuzkoan

Tailer erromanistek indar handia izan zuten Gipuzkoan ere, eta erretaula barrokoranzko aldaketak Arabako prozesuaren antz handia izan zuen probintzia horretan. Juan de Anchietak lehenik, eta Ambrosio de Bengoecheak gero, lan handia egin zuten eskulturgintzaren alorrean, eta haien lanak eragin handia izan zuen herritarrengan. Ez da harritzekoa, beraz, Gasteizko eta Cabredoko tailerretan gertatu zen moduan, Diego de Mayora eskultore segurarrak ildo berari jarraitu izana Bengoechearen tailerrean lanbideko ikasketak amaitu ondoren. Baina Angulorekin eta Bazcardorekin gertatu zen moduan, Gregorio Fernandezen lanak ikusteko aukera izan zuen ¿kasu honetan Arantzazuko komentuan, bere jaioterritik gertu¿, baita eskulturaren ildo berriak ezagutzekoa ere, eta, zenbait mugekin izan bazen ere, garai berrietara egokitzen asmatu zuen. Lan ugari egin zituen, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan (azken probintzia horretan jasotzen dute agiriek bere lehen lanaren berri; 1621ean Olaztin, hain zuzen). Agirien arabera, hark egin zituen beste lan hauek ere: Lezoko erretaula nagusia; Zeraingo erretaula nagusia (1624); Okarizko zenbait lan (1625ean, San Kristobalen eskultura; 1636an, San Antonen eskultura; 1638an, Kristo gurutzean); Gaintzako erretaula nagusia eta alboko erretaulak (1626); Munaingo erretaula nagusia (1633); Erdoñanako erretaula nagusia (1633); ziurrenik, Herediako erretaula nagusia (c.1637); Santa Anaren eskultura, Legazpin (1639); Ataungo erretaula (1641); San Sebastianen erretaularen eskulturak eta erliebeak, Erroetan (1646); eta Alaitzako erretaula nagusia (c. 1646).

Gregorio Fernandezen eragina ia hasieratik azaltzen da Zerainerako zituen San Franciscoren eta San Joseren eskulturetan (eskema berari jarraitu zion Gaintzan eta Erdoñanan), bai konposizioari dagokionez, bai zenbait xehetasuni dagokionez; esaterako, ile xerlo tipikoa. Halaber, Fernandezen ereduen kopia berdin-berdinak egin zituen Gaintzako erretauletako zenbait iruditan, eta, batik bat, San Migelen eta Artzainen Gurtzaren erliebeetan, Gasteizko San Migel elizako erretaularen kopia inozo samarrak baitira. Erdoñanako erretaulan, Jasokundearen irudi dinamikoa nabarmentzen da, eta Heredian, zenbait erliebek Cabredoko tailerrak erabilitako ereduak dakartzate gogora. Bilakaera hori, ordea, are nabarmenagoa da Ataunen, lanen mugimenduak eta naturalismo nabarmenak Mayoraren bilakaera estilistikoak goia jotzen duela baitirudi. Baina, hala ere, Gaztelako maisuari jarraitu zion konposizioaren zenbait alderditan ¿Deikundean, esaterako¿, eta zenbait xehetasunetan ¿besteak beste, Ikustaldiaren irudian erabiltzen dituen lepo zabal eta irekiko atorretan edo kapeluetan¿.

Antzeko bilakaera izan zuen Mendiaraztarrek Urretxun zuten tailerrak. Juan de Anchietaren inguruan hezitakoa izango zen Domingo Mendiaraz eskultore erromanistaren lekua horren seme Juan de Mendiarazek hartu zuen. Semearen lanek aitaren ereduari jarraitu zioten, eta Juan Garcia de Verastegui haren familian sartu zenean ¿Verastegui bere alaba Magdalena Mediarazekin ezkondu zen¿ soilik aldatu zuen zertxobait estiloa. Haren lanak Vicente Mendiarazen ¿agian, anaia izango zuen¿ lanekin lotzen dira batzuetan, eta, agirien arabera, lan hauek egin zituen: Gurutziltzatua Zumarragan (1618an, baina hori baino lehenago Berpizkundea eta Kristo koloman eginak zituen); Arriarango erretaula nagusiko eskulturak eta erliebeak (1624), San Migelen eskultura Legazpiko ermitarako (1625), eta San Ignazioren eskultura herri bereko parrokiarako, Azkoitikoaren berdina (1631); Magdalenaren ermitako lanak Itxason; Lazkaoko sagrarioa (1633); eta Maeztuko sagrarioa (1633). Gaur egunera arte iritsi zaizkigun lanen artean, Arriarango erretaula da lanik aipagarriena, batik bat Kristoren Bataioa, oraindik ere eredu erromanistei lotua. Bestalde, zaila zaigu Juan Garcia de Verasteguiren lana baloratzea, agiriek "Valladolideko mihiztatzailea" zela adierazten baitzuten 1631n. Datu horrek Gregorio Fernandezen tailerrarekin lotzen dute Verastegui, eta lotura hori berretsita dago, Gipuzkoara etorri baitzen Valladolideko maisuak 1627an kontratatu zituen Arantzazuko erretaulak eta aulkiteria egiten laguntzeko ¿gerora, Fernandezek Verasteguiren esku utzi zuen aulkiteria egiteko ardura¿. Lehen adierazi dugun bezala, Verastegui bertako eskultore Juan de Mendiarazen alabarekin ezkondu zen. Verasteguik arkitekto eta mihiztatzaile lanak egin zituen erretaula txikietarako; esaterako, Legazpikoa (1631), Lazkaokoa (1640) eta Segurakoa (1651), eta, gainera, Gasteizko Santo Domingo komentuaren koruko aulkiteria egin zuen (1654), baina egun desagertua dago. Haren lanik onena, ordea, Zegamako erretaula nagusia da (1638). Verasteguik Zegaman bizi zela esaten zuen, eta agiriek zalantzarako aukerarik gabe adierazten dute bera izan zela erretaula horren egituraren egilea. Hala ere, gure ustez, ez zituen hark egin erretaula horretako eskulturak, Viana-Cabredoko tailerreko eskultoreek egindakoen antz handia baitute, eta, ondorioz, ez litzateke harritzekoa izango horiek Juan Bazcardo berak edo Diego Jimenez II.ak egin izana, edo, akaso, Olaztiko Andres de Ichaso eskultoreak egingo zituen, 1625ean Gregorio Fernandezen tailerrean aprendiza izandakoa eta aurrekoekin harremanetan izandakoa. Eskultura tipo eta konposizioek Gregorio Fernandezen lanen oihartzunak dakarkigu zenbaitetan, baina oraindik ere nabarmena da Nafarroa eta Errioxa arteko tailer emankorraren eragina. Erretaula horretako Artzainen Gurtzaren, Epifaniaren eta Deikundearen erliebeen erreplikak egin ziren beste leku batzuetan, esaterako, Fuenmayorren. Dena den, zalantzarik gabe esan dezakegu Gipuzkoako eskultura barrokoaren multzo hoberenetakoa dela.

Domingo eta Martin Zatarain tolosarren eskulturak jarri ziren Bernabe Corderoren erretauletan. Litekeena da bi eskultore horiek Juan Bazcardoren ondoan ikasi izana lanbidea, azken hori Tolosako parrokiaren erretaula nagusiko eskulturak egitera joandakoan (c. 1644). Tolosar horien lan azpimarragarrienak Hernaniko (1651), Andoaingo (1657) eta, maila berekoak ez badira ere, Zaldibiako (1660) elizetako erretauletarako egin zituzten eskulturak eta erliebeak dira. Eskultore horiek egindako pertsonaiek aurpegi adierazkorragoak eta keinu naturalagoak dituzte, baina, hala ere, kalitate handiagoa eta konposizio originalagoak dituzte zenbait erliebek; esaterako, San Martin kapa ebakitzen irudikatzen duena, Kristoren Bataioarena edo Ikustaldiarena. Azken horren atzeko paisaia ongi egina dago, eta bertako arkitektura egiturek sakontasuna ematen diote irudiari. Halaber, Gregorio Fernandezen lanen eragina nabarmena da Sortzez Garbiaren eskulturetan, bai Hernaniko erretaulakoan, bai Errenteriako San Migel parrokiako erretaulakoan; azken hori ere, ziurrenik, Zarataindarrek egindakoa.

Eskultura Bizkaian. Kantabriako tailerrak eta foruako maisuak

Aurreko mendean gertatu zen moduan, XVII. mendean ere ugari izan ziren Bizkaiko mendebaldean lan egin zuten maisu kantabriarrak, elizbarrutien banaketak bultzatuta. Limpiasko eskultoreak nagusitu ziren probintziako merkatuan; esaterako, Juan de Palacio Arredondo (Limpiasen bertan egin zuen lan) eta Felipe de la Gargolla (aldi baterako lanera etorritakoa, besteak beste, Bilbaora). Horien atzetik, Antonio Alloytiz eta Jose Palacio Arredondo nabarmendu ziren. Juan Palacio Arredondo Limpiaseko tailerreko figura nagusienetakoa izan zen, eta goiz samar aurki dezakegu haren lan bat Burgosen (1626, Cañizar de Amayako erretaula). Dokumentazioaren arabera, lan garrantzitsuak egin zituen Euskadin; esaterako, Güeñesko Andre Maria parrokiaren erretaula nagusiko eskulturak (c. 1631), Turtziozko Romañako San Pedro elizaren erretaula nagusikoak (1632), eta Balmasedako Arrosario Ama Birjinaren parrokiako erretaula nagusikoak (1637). Hark egindako eskultura eta erliebeek, funtsean, eredu erromanistei jarraitzen diete, nahiz eta zenbait xehetasun erantsi: kanon luzea, gorputz argalak, eta aurpegi lasai eta zorroztuak. Güeñeseko elizan egindako Deikundearen edo Epifaniaren erliebeek Viana-Cabredoko tailerraren lanak dakarzkigute gogora.

Garcia de Arredondoren ondoan ikasitakoa zen Felipe de la Gargolla Ribero mihiztatzaile eta eskultorea. Erromanismoaren aztarna nabarmena dute haren lanek, eta keinu eta postura naturalagoak egiten saiatu zen arren, lan xaloak dira. Haren lanak Bizkaian, Burgosen, Errioxan, eta, nola ez, Kantabrian ikus ditzakegu. Bere lan ibilbidearen hasieran Bilbaon bizi izan zen, gutxienez, 1636tik aurrera, eta urte gutxi batzuk geroago Zamudioko San Martin elizako erretaularen eskulturak egin zituen (1639), Turtziozko Romañako San Pedro elizako erretaula nagusiko erliebeak (1640) eta Ahedoko San Migelekoak (c. 1640). Ondoren, Burgosera joan zen, eta Celada del Camino, Villasilos eta Frandovinez herrietan egin zuen lan 1645 bitartean, gutxienez. Turtziozen beste lan batzuk egin ostean (Jesus Haurra, 1656an; eta alboko erretaulak, 1662an), Encisoko erretaula egin zuen Errioxan, Bazcardoren ereduei jarraituz. Zenbait erliebetan ¿Ahedoko Deikundean eta Jaiotzan edo Encisoko Ikustaldian¿, erromanismoaren aztarnak eta Valladolideko ereduen eragina ikus ditzakegu.

Foruako tailerreko kide nabarmenena zen Antonio de Alloytiz maisuaren eskutik egin zen belaunaldi aldaketa. Alloytizek harreman estua izan zuen Liendoko tailerreko maisuekin, eta Burgosen egin zituen bere lanbidezko prestaketa eta lehen lanak, haren senideengandik eta arkitekto eta eskultore kantabriarrengandik gertu. Adierazi dugu lehen ere Alloytizek lan harremanak izan zituela Pedro de la Torrerekin eta Bernabe Corderorekin, eta arkitektura lan ugari egin zituela. Halaber, badakigu eskulturak egiteko gai zela, baina, gure ustez, arlo hori beste eskultore batzuen esku utziko zuen ¿esaterako, Jose de Palacio Arredondoren esku¿, arkitektura lanak bere gain hartzeko. Agiriek Palaciori egotzitako eskulturek aukera hori berresten dute, eta, gainera, gogoan izan behar dugu batek zein besteak konposizio berdinak erabili zituztela, Wiericx anaien edo Corten grabatuetatik jasotakoak. Beste datu honek ere bide beretik garamatza: Alloytizek kontratu bat egin zuen 1642an Valladolideko Francisco Ferminekin ¿Gregorio Fernandezen tailerretik irtendako eskultore onenetakotzat jotzen da egun¿, Begoñako basilikako eta "beste leku batzuetako lanak" egiten lagun ziezaion. Alloytizek zuzenean ezagutu zituen Valladolideko eskulturgintza eta Ferminek ekarritako grabatuak, eta Jose de Palaciok ere jasoko zuen ekarpen horren eraginik. Halaber, deigarria da Alloytiz eta Palacio Urduñan lan egin izana garai inguru horretan, eta, geroago, Gipuzkoan; izan ere, Antonio de Alloytizek Azkoitiko elizaren erretaula nagusia egiteko kontratua izenpetu zuen 1660an, eta Pedro de Alloytizek Jose de Palacioren esku utzi zuen Debako elizako erretaula nagusiko eskulturak egiteko ardura. Horiek horrela, agian berriz baloratu beharko ditugu Mañariko, Gordexolako, Iurreko (Araba) eta Azkoitiko elizetako erretaulen eskulturak, baita Errigoitiko elizako erretaulatik geratzen diren panelak eta Zornotzako elizaren erretaulako Jasokundearen eskultura ere. Mañarian, eskultura eta erliebe xaloen gainetik, Santo Domingo eta San Francisco santuen irudiak nabarmentzen dira, eta, batik bat, Jasokundearena, Valladolideko ereduei jarraituz egindakoa. Gordexolako erretaula herrikoiagoa da, kanon laburragokoa, zurruna eta eredu erromanisten jarraitzailea zenbait erliebetan; esaterako, Kristoren Bataioan edo Bautistaren Predikazioan. Bi erliebe horien oinarrian Wiericx anaien eta Cornelis Corten grabatuak daude. Gregorio Fernandezek ere erabili izan zituen grabatu horiek; adibidez, Kristoren Bataioaren grabatua erabili zuen gai bereko erliebea egiteko Nava del Reyn.

Limpiaseko tailerreko eskultorea izan zen Jose de Palacio Arredondo , eta haren lanek eta Alloytizenek garapen paraleloa izan zuten. Eskultore hori, segur aski, Juan de Palacio Arredondoren semea izango zen, eta konposizioari dagokionez, erromanismoari atxikita jarraitu zuen, baina eguneratu egin zen anatomiaren trataerari, jarrerei eta espresioei dagokienez. Kanon ertainak eta txikiak erabili zituen, eta haren eskulturek, Alloytizen erretauletako eskulturek bezalaxe, zaindu gabeko proportzioak, buru handiak eta jarrera zurrunak dituzte. Debako elizako erretaularen erliebeetan aurreko lanetan baino nabarmenago ikus dezakegu gogortasun hori. Haren gubiak egindako eskultura eta erliebe ugariren berri dugu; izan ere, hark egin zituen Urduñako Andre Maria (1648), Amurrioko Andre Maria (1655), Artzeniegako Jasokundea (1662) eta Debako Andre Maria (1663) elizetako erretaula nagusien eskulturak eta erliebeak. Halaber, gure ustez, hark egindakoak izan daitezke Alloytizen zenbait lan eta Urduñako Andre Maria parrokiako Jasokundearen erretaula. Adierazitako lan horietan soilik, hogeita hamar erliebe handi zenbatu ditzakegu, erliebe txiki ugari eta berrogeita hamar eskultura baino gehiago. Palaciok lehen adierazitako grabatuak erabili zituen Urduñako eta Amurrioko elizetako erretaulen erliebeak egiteko, eta, horietan, Gregorio Fernandezek erabilitako istorioak eta ereduak errepikatu zituen. Gauza bera esan dezakegu Debako Jasokundearen eskulturari dagokionez, Valladolideko maisuaren eskema arrakastatsua kopiatu baitzuen hura egiteko. Urduñako elizako erretaularen eskultura batzuk aurrekoak baino hobeagoak dira; esaterako, San Joan Ebanjelariarena, baina, oro har, eskulturak nahiko zakarrak eta xaloak dira. Juan de Azcunaga eskultorea eta arkitektoa ere Foruako tailerrarekin lotu behar dugu, eta eredu horiei jarraitu zien Busturiko Axpeko Andre Mariaren erretaulako eskulturetan (1646) eta Gernikako parrokiako San Pedroren eskulturan (1643). Bizkaiko beste eskultura ugarik jarraitzen diote Gregorio Fernandezen ereduari, baina horien artean Elorrioko Sortzez Garbiaren Parrokian dagoen San Gregorioren erretaula (c.1630-1640) nabarmendu nahi dugu, eta, batik bat, Ikustaldiaren erliebea.

Atal honekin amaitzeko, ezinbestekoa zaigu XVII. mendeko lehen bi herenetan Madriletik, Andaluziatik eta, besteak beste, Italiatik ekarritako lanak aipatzea, ugari izan baitziren. Horietako asko, anonimoak izan arren, eskultore ospetsuak egindakoak direla uste da, eta beste kasu batzuetan, berriz, agiriek aski frogatzen dute nork egindakoak diren. Aipatzekoak dira: Bergarako San Pedro parrokiako Agoniaren Kristoa (1626), Juan de Mesak egindakoa; Larreako karmeldarren komentuko Ecce Homoaren eskultura, Manuel Pereirak egindakoa; eta Gasteizko Andre Maria katedralean dagoen San Joan umea, hori ere Juan de Mesa eskultoreari egotzitakoa. Baina eskultura horiek eta beste batzuek ¿batik bat, Sortzez Garbiaren eskulturek¿ ez zuten eragin handirik izan gure eskultoreengan.

Erretaula churriguereskoak eta mugimenduaren eskultura

Erretaula churriguereskoen trazadura, egitura eta dekorazioa

Berrogeiko hamarkadan arkitekto madrildarren eskutik egindako estilo berrikuntzak beste urrats bat eman zuen XVII. mendearen hirurogeita hamarreko hamarkadan, gero eta estilo barrokoagoa jorratuz. Aldaketak pixkanaka egin ziren, askotan nahikoa berandu, erretaulagintza barrokoaren fase churriguereskora iritsi arte (1680-1740). Izendapena baliagarria zaigu oraindik ere, erretaula mota horren sortzaileak Churrigueratarrak izan ez arren, anaiok muturreraino eraman baitzuten eredua, eta erretaula horien egitura desegiten eta eredua penintsulatik zabaltzen lagundu baitzuten. Hala ere, ez dugu ahaztu behar eredu berriak Madrilen sortzen zirela, eta Gaztelan egindako lanen bidez iristen zirela gureganaino, normalean Valladoliden, Salamancan edo Burgosen egindako lanen bidez, eta, askotan, Gaztelako ereduen berri zuten maisuen eskutik. Horren adierazgarri dugu Villavetako eskuizkribu ezaguna, hau adierazten baitu Fernando de la Peña arkitektoak ¿Euskadin ere lan egindakoa¿ Burgoseko herri horretan 1689tik aurrera egin behar zuen erretaulari buruz: " y esa fue la razón de ejecutarlo así, sólo por imitar a la Corte ".

Ekonomia berpiztearekin batera, eraikuntza lanek gora egin zuten, eta erretaula ugari egin ziren Euskadin. Oro har, erretaula horien arkitekturazko lanak kalitatezkoak dira, baina tradizionalagoak eskultura arloari dagokionez. Kantabriako tailerren eskutik etorri ziren joera berriak: lehenik, ildaska izurtuez apaindu ziren erretaulen kolomak, eta, gerora, salomondar kolomak erabili ziren, erretaulak antolatzeko. Salomondar kolomek, taulamendu hautsiek eta solairu oktogonalek erretaula dinamikoagoak sortu zituzten. Erretaula horien egiturari dagokionez, batasunerantz jo zen, eta atal bakarreko erretaulak egin ziren, ordena erraldoikoak, hiru kaletan banatuak eta atiko erdizirkularrekoak ¿batzuetan, oskola formakoak¿; eta alde batera utzi zen kutxatilategi formako antolamendu klasikoa. Salomondar kolomak zurtoin, matsalko eta txori txikiez inguratu ziren hasieran, gerora horien bolumena handitu eta landare motiboez (kukulu formakoak) ordeztu ziren, eta, azkenik, elementu geometrikoez eta zinta edo apaindura militarrak jarri ziren horien ordez. Halaber, mende aldaketarekin batera, gero eta gehiago erabili zen estipitea. Dekorazioa, berriz, oso sarria zen erretaulen egitura osoan: landare motibo mamitsuak, hosto caneskoak, kukuluak, eta fruta eta mahatsondo esekiak ikus ditzakegu. Mendea igarotzearekin batera, dekorazioa gero eta sarriagoa da ¿batzuetan, erretaularen arkitektura egiturak estali artekoa¿, baina baita xeheagoa eta kizkurtuagoa ere. Aldaketa horiek guztiak pixkanaka egin ziren, eta, horregatik, bi ataleko erretaulak ere egin ziren, elizen burualde handiak atal bakarreko erretaulekin betetzea ia ezinezkoa baitzen. Euskarri nagusia salomondar koloma izan bazen ere, XVII. mendearen azken herenean parratu sarriz estalitako koloma lisoak ere erabili ziren, baita, 1700. urtean bertan, ildaska izurtukoak ere. Deigarria da, halaber, baina ez harritzekoa, zenbait erretaulen errematea oskola formakoa izatea. Elementu hori XVIII. mendearen berrogeiko hamarkadatik aurrera erabili zen batez ere, Bergarako eta Segurako elizetan egin ziren nitxo formako erretaula handietan. Hala ere, XVII. mendearen azken herenean egindako zenbait erretauletan ikus dezakegu; besteak beste, Labastidan, Mendarozketan, eta, lehen adierazi dugun moduan, Azpeitian.

Aurreko fasean legez, sagrarioa nabarmendu zen erretaula horietan, liturgiaren ezinbesteko elementua baita; garai horretan, gainera, aurrekoetan baino gehiago. Elementu horrek baldakin edo tenplete eukaristiko handien forma hartu zuen, eta, zenbaitetan, erdiko kale osoa hartu zuen. Sagrarioen arteko diferentzia nabarmenenak elementu hori erretaulan sartzeko erabilitako bideari zegokion: batzuek egitura arkitektoniko itxiak osatzen zituzten, eta beste batzuek, berriz, Berniniren baldakinen ereduari jarraituz egiten ziren, horien izaera erakuslea nabarmentzeko, eta oskola formako itxitura erdiesferikoz errematatzen ziren. Kontuan izan behar dugu erretaula askotan aldatu izan dutela elementu hori, eta, gainera, sagrarioak ez zirela beti erretaulekin batera egin. Batzuetan erretaula egin aurreko sagrarioak aurki ditzakegu, elementu hori beti egiten baitzen, nahiz eta, azkenean, diru arazoak zirela eta, erretaula egin ez. Erretaulak eraiki ondoren egindako sagrarioak ere aurki ditzakegu, sagrario zaharren ordez jarritakoak gehienak. Sagrario eredu horren adibide adierazgarriak aurki ditzakegu Ispaster, Lendoño, Loiu, Oñati, Berriatua eta Mendarozketako parrokietan. Kasu horietan, sagrarioak eta erretaulak batera egin ziren.

Kantabriako arkitektoen parte hartzea Euskadin egindako erretaula churriguereskoen garapenean

Garai horretako arkitekto ugariren berri dugu, eta, ondorioz, beharrezkoa da erretaulagintza barrokoaren bilakaeran garrantzia handiena izan zutenen aukeraketa egitea. Kantabriako arkitektoak eta zizelkariak (Liendo-Limpiaseko tailerrekoak, besteak beste) izan ziren Euskadiko erretaulagintza barrokoaren bilakaeraren eragile nagusiak XVII. mendearen hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera; horien artean aipatu beharrekoak dira Francisco Martinez de Arce, Fernando de la Peña, Francisco de la Cueva, Antonio Alvarado eta Jeronimo de la Revilla. Horiek guztiek garai horren adierazgarri diren erretaulak egin zituzten Euskadin, Kantabrian bertan baino gehiago. Francisco Martinez de Arce Liendoko arkitekto eta eskultorea izan zen salomondar koloma Euskadira ekarri zuenetako bat. Agirien arabera, 1663tik aurrera hasi zen lanean, eta Bizkaian eta Araban egin zituen erretaulak bi eratara antolatzen dira: kutxatilategi moduan edo atal bakarrean; baina, betiere, modu dinamikoan, atzera eramandako kaleak, friso hautsiak edo erlaitz irtenak erabiliz. Horri guztiari erretaularen arkitektura egitura osoan zabaldutako dekorazio naturalista ¿kukuluak, fruta esekiak eta erroleo mamitsuak¿ gehitu behar diogu, baita egitura horren gainean eta markoen tinpano txikietan jarri ohi zituen kartelak ere. Egitura bat zein bestea erabili, Francisco Martinezek koloma izurtuak erabili zituen, batzuetan parratu sarrikoak eta beste batzuetan salomondarrak. Gordexolako San Nikolas parrokiaren erretaula (c. 1699) izan zen artista horrek egindako azkenetakoa, eta hor parratu sarrikoa koloma izurtua erabili zuen, nahiz eta lehenago salomondarra erabili.

Ezagunak dira Laredoko (1665) eta Santanderreko (1666) frantziskotarren komentuetarako egin zituen lanak ¿bietan ere salomondar koloma erabili zuen¿, baita Ampueroko elizako erretaula (1693) ere, Pedro de Helguerorekin batera egindakoa. Zoritxarrez, desagertuta daude Bizkaian egin zituen hainbat erretaula: San Agustinen komentukoa Durangon (1665); Gurutze Santuko komentukoa Bilbaon, Gatikako Andre Maria parrokiakoak (1669), Orozkoko San Joan Bataiatzailea parrokiaren alboko erretaula bat (1678), eta Antiguako Amaren Santutegikoa, Urduñan (c. 1680). Hasieran egindako erretauletan; esaterako, Gatikan, " columnas revestidas de medio relieve" erabili zituen, eta horietan " paxaros, racimos y oxas de parra ", hau da, parratu sarriko kolomak erabili zituen. Koloma mota hori bera erabili zen Sangriceseko San Julian eta Santa Basilisaren erretaulan (c.1670), egile berari egotzitakoa. Bachicaboko San Martin parrokiaren erretaula nagusia (1677) da hark Euskadin egin eta gaur arte iritsi zaizkigunen artean lehena. Erretaula Santiago Martinez de Arce anaiarekin egin zuen, Martin de Aranak egindako trazadurari jarraituz. Bi atal, hiru kale eta atikodun kutxatilategiko egitura badu ere, erretaula churriguereskoa da, eta hori argi geratzen da erdiko kaleak eta bertako horma atalak hartzen duten lekuari eta dekorazio mamitsuari ¿kolometan ere ikus dezakegu¿ erreparatzen badiegu. Arespalditzako Jasokundearen parrokiako erretaularen (1679) eskema oso bestelakoa da, baina aldaketa hori, batik bat, parrokiaren altuera txikiari egotzi behar diogu. Erretaula horrek atal bakarra eta zabala du, eta hiru kaletan banatuta dago salomondar kolomen bidez, binaka eta tarteka jarriak erdialdean. Dekorazioa sarria eta naturalista da, eta kaktus formako kartela handiak ditu markoetako tinpanoetan eta atikoaren goiko aldean. Turtziozko Romañako San Pedro parrokiaren alboko erretaulek (1680) eta Gordexolako Santa Isabel komentukoek (c. 1685) antzeko dekorazioa eta euskarri mota berak erabiltzen dituzte. Balmasedako Santa Klara komentuko erretaula nagusiak eta alboko erretaulek ere salomondar kolomak dituzte. Erretaula nagusia erretaula churriguereskoen adibide bikaina da, hiru kaletan banatutako atal bakarra du, atiko erdizirkularra eta landare dekorazio sarria. Azken hori baino bertikalagoa da Zuazako Santa Marina parrokiaren erretaula (1689), eta, gainera, espira handiagoko salomondar kolomak erabiltzen ditu, baina harritzekoa da Gordexolako San Nikolas parrokiako erretaulan (1699) berriro ere koloma parratuak erabili izana. Hark egindakoa da, halaber, Artzentaleseko San Migel parrokiako erretaula nagusia (1697). Francisco Martinez de Arce da, ezbairik gabe, erretaula mota berri hori ekarri zuenetako artista bat.

XVII. mendeko azken herenean penintsulan lan egin zuten eskultore garrantzitsuenetako bat izan zen Fernando de la Peña Carrera kantabriarra. Eskultore horrek lan ugari egin zituen Burgosen, Palentzian, Errioxan eta Araban, Burgoseko artzapezpiku barrutiko behatzaile izan zen, eta nahikoa goiz atxiki zitzaion salomondar kolomadun erretaula monumentalen ereduari. Agirien arabera, zenbait lan egin zituen Araban, eta lehena Labastidako Jasokundearen parrokiako erretaula nagusia (1672) izan zen. Erretaula garai hartako modari jarraituz egin behar zela adierazten zuen horren kontratuak, eta landareez, mahatsondoez eta hegaztiez apaindutako salomondar kolomak erabili behar zirela. Horiek horrela, hura izan zen Euskadin salomondar koloma erabili zuen lehen erretaula. Presbiterioa oso handia zenez, Fernando de la Peñak bi pisutako egitura trazatu behar izan zuen, eta hiru kaletan banatu zuen atal bakoitza, si salomondar kolomen bidez. Azpil formako solairua eta tartekatutako euskarriek Pedro de la Torrek Euskadira ekarri zituen eskemak dakarzkigu gogora; alabaina, salomondar kolomaren erabileraz gain, berritasun handiena dekorazio oparoa izan zen. Dekorazioak erretaula guztia okupatzen du, eta elementu deigarrienak kutxa guztietako tinpanoetan jarritako kaktus formako kartela handiak eta erlaitz hegalkinduei eusten dieten modiloiak dira. Hala ere, bitxia da oskola formako errematea egin izana, Araban egindako lehena baita, eta erretaula bera Bernardo Elcaraetak egin bazuen ere (1679), hasierako trazaduran jasota egon beharko baitzuen. Erretaula horren egituraren zenbait alderdik Martin de Arana arkitektoaren lanak dakarzkigute gogora, eta kontuan izan behar dugu Labastidako errematea egiten ere parte hartu zuela. XVIII. mendearen lehen hamarkadan itzuli zen Fernando de la Peña Arabara, bitarte horretan Burgosen eta Palentzian egin baitzuen lan. "Villavetako eskuizkribuaren" arabera, 1690 bitartean hirurogeita hamalau erretaula egin zituen, baina idatzi horrek berak aitortzen duenez, " de los hombres más sagaces y ladinos " zen lanak adosterako garaian. Arabara itzultzean, Argoteko erretaula egiteko kontratua izenpetu zuen (1705), Betoñokoaren trazadura marraztu zuen (1708), eta, halaber, Pagoetakoaren egilea dela uste da. Erretaula horiek guztiak atal bakarrekoak dira, eta atiko erdizirkularra eta salomondar koloma monumentalak dituzte. Ezin dugu esan arkitekto horrek ekarpen izugarria egin zionik Euskadiko erretaulagintzari, baina zenbait lan egin zituen Araban eta lehen aldiz ekarri zuen euskarri mota berri bat: salomondar koloma. Ez dugu ahaztu behar Fernando de la Peñak madrildar ereduei jarraitzen ziela; izan ere, Errioxako Navarrete herriko elizako erretaula egiteko kontratua izenpetu zuen, eta bertako sagrarioa jesuitek Madrilen zuten Colegio Imperial ikastetxearen sagrarioarekin lotu zuen.

Limpiaseko tailerreko Antonio de Alvarado kantabriarra izan zen hegoaldean gehien nabarmendu zen artistetako bat. Garaiko agiriek arkitektoa eta zizelkaria zela adierazten dute, eta eskultura lanak egiteko beste kantabriar batzuen laguntza izan zuen; besteak beste, Agustin de Suanorena (Elburgon, eta, ziurrenik, Añastron eta Armiñonen) eta Francisco Antonio de Rucoa y Barredorena (Betoñon eta Trespuentesen). 1678tik 1708ra Araban egin zuen lan, eta lurralde horretara ekarri zituen salomondar koloma eta erretaula churrigueresko monumentala eta unitarioa. Erretaula horiek, halaber, atiko erdizirkularra dute, mentsula handiak, kartela mamitsuak, kartela txikidun markoak, lore handiez apaindutako erlaitz hegalkinduak eta dekorazio sarri, mamitsu eta dinamikoa. Haren lehen lan dokumentatua Orozkoko San Juan parrokian egin zituen Arrosarioko Andre Mariaren eta San Agustinen erretaulak dira (1676), biak ere desagertuak gaur egun. Hauek dira haren lan aipagarrienak: Pedruzoko Jasokundearen parrokian egindako San Juanen alboko erretaula (1678); San Formerio ermitako erretaula nagusia (1680); alboko bi erretaula, Ulibarri-Viñan (1682); Armiñongo San Andres parrokietako erretaula nagusi monumentalak (1685); San Andresen erretaula, Añastron (1685); eta San Pedrorena, Elburgon (1690). Horiek guztiek goian adierazitako eskemari jarraitzen diote; izan ere, " columnas obra salomónica " monumentalak erabiltzen dituzte, mahatsondo hostoez, matsalkoz eta hegaztiz apainduak, eta erdiko kalean aurrera egiten dutenak. Baños de Ebroko erretaulan (1695) eta Trespuenteseko erretaulan (1703) batzuen ustez anaia eta beste batzuen ustez semea zuen Franciscorekin egin zuen lan, eta ez zuen egitura unitariorik egin: Alvaradok bi ataleko erretaulak egin zituen, ziurrenik, herri horietako elizen altuerak horretara behartuta. Adierazgarria da Bañoseko elizako erretaularen trazadura Francisco de la Cueva arkitekto kantabriarrak egin izana, hark eraman baitzuen eredu churriguereskoa Errioxara eta inguruetara, eta, gainera, Abadiñoko San Torkuato parrokiako erretaula nagusiaren tasazioa egiten ere parte hartu zuen 1698an. Betoñoko elizako erretaula ere egin zuen Alvaradok (1708), bere lanik eboluzionatuena, eta, berriro ere atal bakarrekoa. Erretaula horren trazadura Fernando de la Peña arkitekto kantabriar berritzaile ezagunak egin zuen, Burgosen lan ugari egindakoa.

Alvaradoren aprendiza izan zen Limpiaseko tailerreko Juan de Helguero , eta zenbait lan egin zituen Araban, Bizkaian, Errioxan eta Kantabrian bere anaia Pedro de Helguerorekin. Hiru multzo ematen digute haren lanen ezaugarrien berri: Sortzez Garbiaren eta San Joseren alboko erretaulak Eskuernagan (1692), Bilbaoko Santa Klara komentuko erretaula nagusia (1697, desagertua) eta Gamarra Menorko Natibitatearen parrokiako erretaula nagusia (1701ean, Pedrok soilik). Horietan guztietan salomondar koloma erabili zuen, eta Bilbaoko komentuan, berriz, honelakoak: " de cinco vueltas repartiéndolas al modo nuevo de suerte que en cuanto a las alturas las vueltas no se han de repartir como trae la Binola, y han de ser con disminución ". Nabarmentzekoa da Vignolaren aipamena, salomondar kolomaren erabileraren erreferentziatzat jotzen baitu, hark egindako tratatuko marrazkia eta azalpena aipatzean.

Cudeyoko tailerreko maisurik onenetakoa izan zen Jeronimo de la Revilla pedreñarra, eta Antonio Alvaradoren ereduen jarraipena egin zuen Arabako Erriberan, Errioxan, Burgosen eta bere jaioterrian (sarritan itzultzen zen bertara) egin zituen lan ugaritan. Agirien arabera, " maestro de ensamblaje y de retablos ", " maestro arquitecto " eta " maestro de hacer retablos " zen, eta, besteak beste, gertakari honek ematen digu bere mailaren berri: aurreko errematerik gabe kontratatu zuten Antezana de la Riberako elizako erretaula nagusia egiteko (1703), kontratatzaileen esanetan, " maestro de todo crédito y aprobación en dicho arte " baitzen. Badakigu trazatzaile trebea zela, hark marraztu baitzituen egin zituen erretaulak, eta beste maisu batzuk ere hark marraztutako trazadurak erabili baitzituzten; esaterako, Francisco de la Cuevak (Pancorbon, Esperantzaren Andre Mariaren erretaula egiteko, 1689an) eta Diego Lomberak (Zarratonen, 1699an). La Corzanillako ermitako erretaula nagusia (Berantevilla, 1691) egin zuen Araban, baita Antezana de la Riberako elizakoa (1703), Manzanoseko elizakoa (c. 1710) eta Berantevillako elizakoa (1715) ere. Rivabellosako elizako erretaula nagusiaren (1730) errematea ere berarentzat izan zen, baina hura egin baino lehen hil zen. Erretaula nagusi horiez gain, alboko erretaulak egin zituen Urizaharran, Antezana de la Riberan, Subijana de Morillasen, Morillasen eta La Puebla de Arganzonen (1699). Azken horretan Sortzen Garbiaren eta San Bartolomeren erretaulak egin zituen, biak ere kalitate handikoak. Kantabrian, Rubayoko (1692), Setiengo (1708) eta Gajanoko (1723) parrokietako erretaula nagusiak egin zituen. Hark egindako erretaulek eredu churriguereskoari jarraitzen diote, eta atal bakarrekoak dira, hiru kaletan banatuak lau edo sei salomondar kolomen bidez. Halaber, mentsula irtenak dituzten frisoak eta atiko erdizirkular hegal handidunak erabili zituen. Beti erabiltzen du sei espiratako salomondar koloma ¿batzuetan bikoitza¿, zurtoinez, mahats hostoez eta matsalkoez estalia, eta, horiez gain, La Puebla de Arganzonen txori txikiak ageri dira mahatsak mokokatzen. Erretaulon dekorazioa gero eta estilizatuagoa eta dinamikoa da, mami eta bolumen txikiagokoa, eta nabarmentzekoak dira kale nagusiaren eta atikoaren gainean jarritako hosto kizkurreko kartela ederrak. Berantevillako Jasokundearen eliza oso handia zenez, bi ataleko erretaula nagusia egin behar izan zuen. Haren azken lanak mendearen hogeiko hamarkadan egin zituen, eta horietan kolomek ildaskatua dute goiko herena eta beheko bi herenak, berriz, landare motiboez zizelkatuak. Revilla izan zen erretaula churriguereskoa Araba hegoaldera ekarri zuenetako bat, baita ereduak lurralde horretan izan zuen eraberritzearena ere.

Urduña inguruan lan egindako arkitekto nabarmenetako bat izan zen Felipe del Castillo . Orain arte ez da behar bezala balioetsi arkitekto horren lana, kontuan izanda erretaula egile garrantzitsuen alboan izan zela; besteak beste, Policarpo de la Nestosaren eta, Lorenzo Velez de Bareyoren bidez, Fernando de la Peñaren alboan. Hark egindako lan gutxi ezagutzen baditugu ere, horiek maila onekoak dira; izan ere, domingotarrek Kexaan duten San Joan Bataiatzailearen komentuko erretaularen trazadura marraztu zuen (1694), eta erretaula garrantzitsu batzuen tasazioak egin zituen; esaterako, Arespalditzako Jasokundearen parrokiako erretaula nagusiarena (1689), Gasteizko San Pedro parrokiako erretaula nagusiarenarena (1691) eta Azpeitiko Soreasuko San Sebastian parrokiako erretaula nagusiarena (1692). Lan horien bidez, Francisco Martinez de Arce, Jose Lopez de Frias, eta Juan de Apaeztegui eta Martin de Olaizola arkitektoekin jarri zen harremanetan, hurrenez hurren. Burgosen hasi zuen bere lanbide ibilbidea. Arlanzon herriko elizako erretaula egin zuen probintzia horretan, eta, 1688an, Urduñara joan zen jesuitek herri horretan duten ikastetxeko (egun Familia Sakratua) erretaula nagusia eta alboko erretaulak egiteko kontratua izenpetzera. Erretaula horien eredua jesuitek beraiek emandakoa izan daiteke, Jose Fernandezek Salamancako Clerecian erabili zuen eskema aitzindariaren antz handia baitu. Urduñako multzo monumentala oin zuzenekoa da, banko altua eta atal bakarra ditu, azken hori atiko erdizirkular batez itxia. Ordena erraldoiko salomondar kolomak ditu, asko nabarmendutako matsalkoez apaindutakoak, ostikoak atikoan, orbelezko mentsula handiak eta hosto kizkurreko kartela handiak. Dekorazio mota hori bera erabili zuen maisuak Gasteizko San Francisco komenturako diseinatu zituen igeltsu egituretan (1689). Burgosen egin zituen lanbidezko lehen urratsetan, oskola formako errematea zuten erretaulak ikusi zituen Fernando del Castillok, eta erremate hori bera erabili zuen Kexaako elizako erretaularen trazadura egiteko. Erretaula hori Martin de Echeverriak eta Jorge de Budarrek egin zuten. Litekeena da Bilbaoko Santos Juanes elizako erretaularen (1683) trazadura Juan de Echevarriak egin izana (alboko zenbait erretaula egin baitzituen), baina Felipe del Castillok egindako lanen antz handia du. Miguel de Villanueva, Domingo de Suano Quintana eta Agustin de Quintana kantabriarrek ere egin zuten lan Bizkaian garai horretan. Agirien arabera, lehenak Getxon, Lekeition, Durangon, Güeñesen eta Zeanurin egin zuen lan, 1712 eta 1728 artean, eta beste biek osatutako taldeak Berrizen, Meñakan eta Durangon, 1735 eta 1742 artean. Halaber, Pedro de la Viescak (Liendo) Pietatearen erretaula eraiki zuen Molinarren (1717) eta San Bizente parrokiako erretaula nagusia Güeñesen (1723).

Normala denez, Araban eta Bizkaian baino parte hartze txikiagoa izan zuten Kantabriako maisuek Gipuzkoan, erretaulagintza barrokoaren aldi horretan. Gipuzkoan lan egin zuen maisu kantabriarretako bat Isla herriko Pedro de Quintana arkitektoa eta zizelkaria izan zen, eta, ziurrenik, lehen aipatutako Domingo de Soano Quintana eta Agustin de Quintana Islako arkitektoen senide izango zen. Haren lan gutxi ezagutzen baditugu ere, horietako bat Legazpiko Andre Maria parrokiako erretaula nagusia (1713) izan zen, eta lan horri esker leku garrantzitsua izan zuen garai hartako erretaulagintzan. Badirudi Segurako Jasokundearen parrokiako Arrosarioko erretaula (1708) egiten parte hartu zuela, baina zizelkatze lanetan soilik: " que toda la talla que aya de llevar... a y a de ser avierta por Pedro de Quintana ...". Lan txikiagoak dira Ordiziako Andre Maria parrokiako erretaulari (1720) egin zizkion aldaketak; izan ere, Bernabe Corderok egindako egitura aldatu zuen garai berrietara egokitzeko. Halaber, Araozko elizako erretaula nagusia egiten parte hartu zuen, eta desagertuta dago Garinen egin zuen Arrosarioko Andre Mariaren alboko erretaula bat (1727). Legazpiko Andre Maria parrokiako erretaula oso handia da, bi atal ditu eta atiko erdizirkularra. Salomondar kolomek eta estipiteek hiru kaletan banatzen dute erretaula, eta azken horiek mentsula handien gainean jarrita daude eta buruak dituzten oinarrian. Hala ere, erdiko atalaren alboan dagoen estipiteak hartutako lekua da erretaularen alderdi azpimarragarriena, baita zenbait nitxo eta dekorazio kizkurtuko kartela monumentalak ere.

Viana-Cabredoko tailerra eta Arabako hego-ekialdean izan zuen eragina

Viana-Cabredoko tailerrak mendaren lehen erdialdean egindako lan ugariek utzitako arrasto luzeari jarraituz, inguru horretan zenbait arkitektok lanean jarraitu zuten XVII. mendearen azken herenean eta XVIII. mendearen aurreneko hamarkadetan. Arkitekto horiek Kanpezun, Marañonen, Vianan, Lantziegon eta Gasteiz bertan zituzten tailerrak, baina guztiek ere Vianako tailerreko maisuek, esaterako, Jose Lopez Friasek, erabilitako eskemen jarraipena egin zuten. Agirien arabera, Jose Lopez de Frias bianarra " maestro arquitecto y escultor de crédito y experiencia " zen, eta erretaulagintzaren pertsonaia erreferentziala izan zen XVII. mendeko azken urteetan eta XVIII. mendeko lehen herenean. Maisu horrek erretaula churrigueresko monumentalak egin zituen, eta horien ezaugarri nagusia dekorazio sarria da, erretaularen egitura elementuak estaltzen dituena. Francisco Gurrea arkitekto nafarraren eragina hautematen da dekorazio sarri horretan. San Pedro parrokia izan zen, 1685ean, formula berrietara egokitzeko urratsa eman zuen Gasteizko lehen parrokia; izan ere, erretaula nagusi berri bat enkargatu zuen parrokiak urte horretan, eta erretaula horren funtsezko zatiak Jose Lopez Frias arkitekto maisuak eta Francisco Jimenez eskultoreak egin zituzten. Egun desagertuta badago ere, erretaula hori oso garrantzitsua izan zen Madrilgo ereduak bertara ekartzeko eta hiriko erretaulak erretaulagintza barrokoaren modu berrietara egokitzeko; eta lan horretan berebiziko garrantzia izan zuen Jose Lopez de Friasen parte hartzeak. Erretaula churriguereskoen adibide argia zen, salomondar kolomak zituen eta dekorazio sarria. Azken ezaugarri hori Nafarroan ikusitako erretauletatik hartu zuen maisuak.

Hauek dira Jose Lopez de Friasek egindako lanik azpimarragarrienak: Birgara Goiengo San Andres parrokiako erretaula (1714, Juan Pascual de Oraarekin batera); Trebiñoko San Pedro parrokiako erretaula (1720); Gasteizko Babesgabetuen Andre Maria parrokiako erretaula (1734, Juan Bautista Jaureguik egindako trazadura duena, eta Galarretatik ekarria); eta Rivabellosako Arrosario Andre Maria parrokiako erretaula nagusiaren trazadura (1732). Marquinezen eta Arluzean egin zuen lan Friasek. Trebiñoko erretaula da lan nabarmenena: atal bakarreko multzo monumentala da, oskol forman errematatua, salomondar koloma "akogollatuak" ditu, eta dekorazioa, berriz, xehea eta kizkurra. Erretaula horrek oinplano mugitua eta plano konkaboak ditu, Borrominiren eskemetatik gertu. Babesgabetuen parrokiako erretaulak bi atal ditu, eta salomondar koloma txikiak erabiltzen ditu. Erretaula horretako egiturako eta dekorazioko elementuek rococoaren atarian gaudela adierazten digute: atikoko estipiteak, dekorazio ebakiduna eta urduria, txirla formako plakak, fruta esekiak eta erretaularen arkitektura osoan ikus daitezkeen kukulu irten eta estilizatuak. Fin eta modu bariatuan landutako erretaula horretan eta kolometan, halaber, nahasirik azaltzen zaizkigu hostaila kizkurra, haurrak, aingeruak, serafinak, aurpegi apainduak eta orbela. Rivabellosako parrokiarako egin zuen trazadurak bi aukera ematen zituen, eta herriko biztanleek salomondar koloma "akogollatuak" eta mentsuletan elkartutako haurren irudiak zituena aukeratu zuten.

Pedro de Arenaldek tailerra zuen Kanpezun, eta, bertatik, jarraipena eman zion bere aita Martinek egindako lanari, zenbait herritako elizen erretauletan; besteak beste, Gometxan (1676), Arrietan (1684), Panguan (1686, alboko erretaula), Samianon (1694), eta Gazeon (1700). Erretaula horietan guztietan fuste uhinduko koloma erabili zuen, eta Bujandako elizan (1703) soilik eguneratu zuen estiloa, atal bakarra eta lau salomondar koloma zituen erretaula egin baitzuen. Antzeko egiteko moduak izan zituen lehenbiziko lanetan Marañongo Juan Pascual de Oraa arkitektoak. Arkitekto horrek atal bakarreko erretaulak egin zituen, hiru kaletan banatuak fuste uhinduko kolomen bidez, eta, zenbaitetan, salomondar kolomen bidez. Besteak beste, Muergas (1690) eta Franco (1701) herrietako elizen erretaula nagusiak egiten parte hartu zuen, baita Birgara Nagusiko San Andres parrokiako erretaula nagusia (1714) egiten ere; gainera, Atauriko (1691) eta Langarikako (1708, egun oso aldatua dago) elizetako erretaulen trazadura marraztu zuen, eta egun desagertutako dagoen Gasteizko San Pedro parrokiako erretaula nagusia (1699) egin zuen. Muergasen eta Birgaran soilik erabili zuen salomondar koloma, eta azken erretaula horretan, gainera, motibo naturalistako dekorazio kizkurra erabili zuen. Agirien arabera, hark egindakoa da Navaridaseko elizako erretaula (1668), baina erretaula horrek dituen salomondar kolomak gerora jarri ziren, eta erretaula horren data ez dator bat arkitekto horren lan bizitzako epearekin.

Gasteizen, San Bizente parrokiako erretaula (1701) izan zen estilo churriguereskoaren eragina izan zuen lehen erretaula. Gasteizko tailerreko kide hauek egin zuten lan erretaula horretan: Gregorio Larrar arkitektoak, Andres de Maruri zizelkariak ¿San Pedro parrokiako erretaulan ere parte hartu zuen¿, eta Manuel Izquierdo eskultoreak. Lehendabiziko bi artistek Jose Lopez de Friasekin harremanetan egon ziren, eta, ondorioz, Viana-Cabredo tailerrak zabaldutako moda barrokozalea ezagutzeko eta beren lanetan aplikatzeko aukera izan zuten. XIX. mendearen amaieran bi kale gehitu bazitzaizkion ere, erretaula hori XVII. mendearen bigarren erdiko lehen urteetan Madrilen sortutako ereduaren jarraitzaile argia da: dinamismo handiko oinplanoa du, egitura bateratua, salomondar koloma erabiltzen du eta dekorazio sarria darabil, naturalista eta mamitsua. Erretaula ordena erraldoiko atal bakarrekoa da, eta hiru kaletan banatzen da mentsulen gainean jarritako lau salomondar kolomen bidez. Mentsulak erretaularen banko handian sartzen dira, eta atikoaren gainean, berriz, hosto kizkurtuduneko plaka bat ikus dezakegu. Lehen adierazi dugun moduan, dekorazioa sarria da, mamitsua eta lodia: hostoak, fruituak, erroleoak, matsalkoak eta txoritxoak ikus ditzakegu koloma, plaka eta idulkietan, eta horrek guztiak areagotu egiten du dinamismo sentsazioa. XVIII. mendeko hogeita hamarreko hamarkadara arte egin zuen lan, eta erretaula hori egin baino lehen, hauek egin zituen Gregorio Larrarrek: Asteguietako Natibitatearen erretaula (1692), egun Luna lekuan dagoena, koloma uhinduko atal bakarrekoa; Estarronako parrokiako erretaula nagusia (1693, egun desagertua); Trespuenteseko elizaren alboko erretaula bat (1695); Lermandako San Esteban elizako erretaula nagusia (1699), jada salomondar kolomak erabiltzen dituena; eta erretaula baten trazadura Leintz-Gatzagarako. Gasteizko tailerreko kide zen, halaber, Juan Antonio Larrumbe , eta artista horrek ere eskema churriguereskoari jarraitu zion Arcaya kontzejuko elizaren erretaula egiteko (1702). Erretaula horrek Manuel Izquierdok egindako eskulturak ditu. Beste lan hauek ere egin zituen Larrunbek: San Estebango erretaula (1715) eta Francoko erretaularen zati bat (1715). Lan horiez gain, Beasaingo San Martin de Loinaz basilikako erretaula nagusiaren eta alboko erretaulen eskulturak egin zituen (c. 1716).

Martin Ruiz de Luzuriagak , Alvaradorekin zuen harremanaren bidez, harremanetan jarri zituen bertako artistak eta Kantabriakoak Betoñon eta Ascarzan (1695) egin zituen erretauletan. Erretaula horien trazadura eta baldintzak artista kantabriarrak jarri zituen, eta fuste uhinduko kolomak badituzte ere, erretaulok atal monumental eta bakarra dute, eta kaktus formako kartela handiak dituzte erdiko kalearen amaieran. Ruiz de Luzuriagak Juan Antonio Larrumberekin egin zuen lan Arcayako parrokiaren erretaula nagusian (1699). Halaber, Ruiz de Luzuriagak alboko erretaulak egin zituen Luzuriagan (1700), Oreitian (1706), Arbulun (1708), Gazetan (1716), eta Guevaran (1717), eta erretaula nagusia Gaunako San Vitor ermitan (1720). Luzuriagako alboko erretauletan fuste uhinduko koloma erabili bazuen ere, beste guztietan salomondar koloma erabili zuen. Jose de Echeverria , Kanpezura bizitzera joandako artista, Gasteizko tailerreko maisuekin izan zen harremanetan; esaterako, Juan Antonio Larrunberekin. Artista horrek ez zituen lan asko egin, baina egindako lanak erabat churriguereskoak dira. Agirien arabera, bi erretaula nagusi garrantzitsu egin zituen: Manurgako San Martin parrokiakoa (1702) eta Llarrazako Santa Eulalia parrokiakoa (1702). Halaber, Luzuriagan (1678), Donemiliagako San Romanen (1680) eta Zumarragan (1708) egin zuen lan, eta hark egindakoak izan daitezke Ondategiko erretaula (1701), Kanpezukoa eta Azpeitiko elizako erretaula nagusiaren dekorazio motiboak.

Arabako Errioxan, Cabredoko eta Lantziegoko tailerretako maisuek egindako erretaulak nagusitu ziren. Erretaulok Errioxako eta Nafarroako erretaulen eragina jaso zuten. Nabarmentzekoak dira Jose Perez de Viñaspre eta Jose de Mendieta arkitektoak. Lehenak Lezan, Labrazan, Marquinezen, Bilaren eta Bernedon egin zituen erretaulak, eta Errioxan eta Nafarroan aritu zen lanean. Bigarrenak erretaula ikusgarria egin zuen Samaniegon (1705), bi atalekoa eta hiru kaletan banatutakoa zurtoinez eta hostoez dekoratutako salomondar kolomen bidez. Erretaula horrek, gainera, leku guztietan ikus daitekeen dekorazio aberatsa du. Jose de Mendietak berak egindakoa izango da, ziurrenik, Moredako erretaula (1710). Dirudienez, Francisco del Ribero izan zen eskultorea Samaniegon eta Moredan. Deigarria da Laguardiako San Joan parrokiako erretaula nagusia (1694), "jardinera" aberatsa baitu, eta, horren gainean, banko liraina eta atal bakarra, salomondar koloma erraldoiak dituena. Francisco Jimenezek egin zituen erretaula horretako eskulturak, baina ez dakigu nor izan zen arkitektoa: nafarra izan zitekeen (Juan Bautista Suso edo Jose Lopez Frias), edo, ziurrenik, Francisco de la Cueva kantabriarraren inguruko norbait, azken horrek Errioxan egin zituen lanetan maiz erabili baitzuen elementu hori.

Gipuzkoako eta Bizkaiko maisuak

Francisco Martinez de Arcek ekarri zuen erretaula churriguereskoa Bizkaira, baina beste maisu batzuk ere nahikoa goiz bereganatu zuten eredua, eta salomondar koloma erabili zuten aldaketaren ikur gisa. Aipatutako maisu kantabriarrekin batera, Gipuzkoako arkitekto sorta batek ere leku nabarmena izan zuten garai hartako erretaulagintzan, batzuetan noizbehinkako lanak eginez, eta beste batzuetan, berriz, leku jakin batzuetan bizitzen jarriz. Azken bide horretatik tailer garrantzitsuak sortu ziren: Elorrikoa eta Durangokoa, besteak beste. Bizkaian ez ezik, Gipuzkoan ere egin zuten lan, eta, ondorioz, bi probintzietan izan ziren erretaulagintzaren aldaketaren eragile. Normala denez, bizkaitarrek ere lan handia egin zuten gune garrantzitsutan; esaterako, Bilbaon, baina erretaulagintzaren aurreko fasean nabarmendu ziren beste gune batzuk ¿besteak beste, Foruakoa¿ behera egin zuten. Juan de Apaezteguik eta Martin de Olaizolak Gipuzkoan egindako lehen lan churriguereskoen ondotik beste arkitekto askoren lanak etorri ziren, baina gutxi izan ziren erretaula kopuru handia edo kalitate handiko lanak egin zituztenak. Lehen adierazi dugun moduan, Gipuzkoako arkitekto askok Bizkaian egin zuten lan; besteak beste, Andres de Lecumberrik, Francisco de Beitiak, Mateo de Azpiazuk, Martin de Zalduak, Martin de Olaizolak eta Martin de Echevarriak. Gipuzkoarrak dira, halaber, Francisco de Igartua, Tomas de Ordozgoiti, Domingo de Aldanondo eta Martin Antonio de Alliri arkitektoak.

Zenbait erretaulek adierazten dute Bizkaian erretaula churriguereskorako aldaketa. Ildo horretatik, Durangon bizi zen Domingo de Ascorbebeitiak egin zuen, Durangon, Uribarriko Andre Maria parrokiako San Migelen erretaula (1678), salomondar kolomak erabili zituzten erretaulen artetik gaur egun arte iritsi zaigun zaharrena. Erretaula horrez gain, alboko bat egin zuen Ubiden, San Antonio ermitako erretaula Igorren (1687) eta San Torkuato parrokiako erretaula nagusia Abadiñon (1690). Azken erretaula hori egun desagertuta dago, baina lan hori Juan de Olearekin batera egin zuen, eta 1698an tasatu zuten, Juan de Iturriza, Martin de Olaizaola eta Francisco de la Cueva maisu kantabriarraren mailako artistek. Aipatu beharrekoa da, gainera, Ugao-Miraballesen dagoen Udarriagako ermitako erretaula (1680) goiztiarra, salomondar kolomak, dekorazio sarria eta hosto caneskoduneko mentsulak erabiltzen baititu. Erretaula horren trazadura Juan Alonso de Viadero kantabriarrak egin zuen. Garai bertsuan eginak izango dira Gordexolako Irazagorriako San Esteban parrokiako erretaula nagusia (c. 1680) eta Lumoko San Pedro parrokiako erretaula (c.1680). Azken bi horietan kartelak eta kukuluak ikus ditzakegu.

Mateo de Azpiazu azkoitiarra izan zen, 1683 aldera, Gipuzkoako erretaulagintzaren aldaketa eragin zuen arkitektoetako bat, salomondar koloma erabili baitzuen Azpiazuk berak eta Pedro Alloytizek urte goiztiar horretan Debako elizan egindako alboko bi erretauletan. Urte batzuk geroago Gabiriako Andre Maria parrokiako San Pedroren erretaula egin zuen (1698). Erretaula hori gaur nahiko aldatuta dago, baina, agirien arabera, hau egiteko eskatu zioten artistari: " las colunas se aian de travajar a lo salomónico ". Murelagako (1704, egun desagertua) eta Olaberriko (1722) San Joan Bataiatzailearen parrokietan Arrosarioaren erretaulak egin zituen, baita Bergarako jesuitenean ere. Olaberrian egindakoarekin konparazten baditugu Deban egindako erretaulak, argi eta garbi ikusiko dugu erretaula churriguereskoaren bilakaera salomondar kolomaren aldaketetan eta dekorazioan, hasieran sarria eta lodia, eta, geroago, xehea eta kizkurra.

Arkitekto talde bat nabarmendu zen garai horretan Gipuzkoan eta Bizkaian. Talde horretako kideen arteko harremana elkarrekin lanen bat egiterakoan eta beraiek egindako trazadurak erabiltzean sortu zen. Hauek osatu zuten talde hori: Bergarako Martin de Zalduak, Azpeitian jaio baino Elorriora bizitzera joandako Martin de Olaizolak, eta aldi baterako Bilbaon bizi izan zen Jose de Eguzquizak. Martin de Zaldua arkitektoa eta trazatzailea zen, maisu erretaulagile klasikoa baino, eta datu hauek bere maila handiaren berri ematen digute: Bilbaoko Gizakundearen komentuko portadan (1690) parte hartu zuen, Loiolako basilikako lanen zuzentzeko ardura eman zioten 1693an, eta zenbait lan garrantzitsu egin zituen harria erabiliz. Erretaulagintzari dagokionez, komentu eta parrokia hauen erretaula nagusien trazadurak marraztu zituen: Mesedetako komentuaren erretaula nagusiarena (1687), egun desagertua; Abandoko Sorkundearen komentuko erretaula nagusiarena (1688), egun desagertua; Arrigorriagako Magdalena parrokiako erretaula nagusiarena (1692); eta Berrizko San Joan ebanjelariarena (1695). Azken bi horiek Jose de Egusquizak eta Martin de Olaizolak egin zituzten, hurrenez hurren. Sorkundearen elizan, Bizkaian egin zen oskola formako lehen erretaula zegoen; Arrigorriagan, salomondar koloma monumentalen eta oso irtenen gainean ostikodun atikoa dago, eta bere hiru kaleak txartel handietan amaitzen dira; eta, azkenik, Berrizen, salomondar kolomak erabiltzen dituen bi ataleko erretaula diseinatu zuen Zalduak. Azken erretaula horrek, oskol formako itxiera, mentsulak eta dekorazio sarria ditu, eta hosto bihurriko txartelek osatzen dute dekorazioaren atal interesgarriena.

Lehen lanak bere jaioterriko probintzian egin ostean, Martin de Olaizola gipuzkoarrak Elorrion jarri zuen tailerra, eta, besteak beste, Bilbaon, Berrizen eta Leioan egin zuen lan. Erretaula churriguereskoak Gipuzkoara ekarri zituen lehenetakoa, eta Martin de Zalduak Bizkaian egindako lanaren jarraitzailea izan zen. Adierazi dugu lehenago Juan de Apaezteguirekin egin zuela lan Azpeitiko Soreasuko San Sebastian elizan (1684), Aizarnan (1685) eta Zestoan (1686): lehena bi ataleko erretaula da, eta ildaska uhinduko kolomak, kartela handiak eta oskola formako errematea ditu, eta beste biek, berriz, salomondar kolomak dituzte. Aizarnakoa Gipuzkoako lehenetako erretaula churriguereskoa da, eta aipatzekoa da bere erdiko kalearen garrantzia, bertan Ama Birjinarentzako gelatxo sakona baitago. Erretaula horrek, halaber, hostaila du egitura osoan, are nabarmenagoa erretaularen txartela handietan. Bizkaian 1695etik aurrera egon zen gutxienez, urte horretan egin baitzuen, Martin de Zalduak marraztutako trazadurari jarraituz, Berrizko San Joan ebanjelariaren parrokiako erretaula. Gerora, berak egindako trazadurari jarraituz, Leioako San Pedro parrokiako erretaula egin zuen (1706). Erretaula horrek atal bakarra du, eta atiko erdizirkularrean amaitzen da; halaber, kaleetan banatuta dago mahatsondoz, mahatsondo hostoz eta txoriz apaindutako salomondar kolomen bidez; izan ere, garaiko agirien arabera, erretaulak " repartición de la nueva moda con sus emparrados, racimos y pájaros picando " izan behar zuen, bai eta, horrez gain, zizelkatze egokia " como al presente se practica " ere. Emandako aginduekin bat etorriz, dekorazio naturalista eta kizkurra ikus daiteke erretaularen egitura osoan, eta, horien artean, ispilu formako txartelak. Lan aipagarri horrez gain, Sortzez Garbiaren erretaulak eta Santa Ana komentuko erretaula egin zuen Elorrion, alboko bi erretaula Berrizen, beste batzuk Markinako Barrinagako San Pedro parrokian (c.1709, Pedro Larrinak egindakoak) eta Ibeniko Santos Juanes parrokiako erretaula nagusia (1708). Azken hori Jose de Alcortak egin zuen, eta, baliteke, gerora, Iurreko Andre Maria parrokiara eraman izana.

Agiriek ez digute argitzen harreman profesionalik izan ote zen Martin de Olaizolaren eta Jose de Egusquizaren artean, baina badakigu azken hori Olaizolak Leioan izenpetu zuen kontratuko lekukoa izan zela. Harremanik izan ala ez, Arrigorriagan, Bilbaon, Güeñesen eta Ispasterren egindako lanei erreparatuta, erretaulagintzaren protagonistetako bat izan zen Egusquiza XVII. mendearen amaiera aldera. Zalduak marraztutako trazadurari jarraitu zion Arrigorriagako elizako erretaula nagusia (1692) egiteko. Halaber, Bilbaoko Santos Juanes parrokiako alboko bi erretaula egin zituen (1694an eta 1696an), eta beste bi egin zituen Güeñesko Andre Maria elizan (1699an eta 1703an), baina haren lan onena Ispasterko San Migel parrokiako erretaula nagusia izan zen (1696). Oinplano oktogonaleko erretaula monumentala da azken hori, oskola formako itxiera du eta banko bikoitza erabiltzen du presbiterioaren altuerara iristeko, mentsula handiak ditu, sei espirako salomondar kolomak eta friso luzea. Zizelkatze estilizatuko txartel handiek osatzen dute dekorazioaren oinarria, eta dekorazio hori kukuluez eta txarteltxoez osatzen da.

Olaizola hil ondoren, haren tailerra eta amaitu gabeko lan batzuk jarraitzeko ardura Zestoakoa izan baina Elorriora bizitzera joandako Jose de Alcortaren esku geratu ziren. Azken horrek egin eta gaur egun arte gorde diren lanetan agerikoa da erretaula churriguereskoen jarraitzailea zela; hala nola, Abadiñoko San Antolin ermitako erretaula nagusian (1703), Zornotzako Larreako karmeldarren komentuko erretaula nagusian (1706), eta Iurreko Andre Mariaren parrokiako erretaulan (1708an egindakoa, eta, ziurrenik, Bilbaoko Santos Juanes parrokiatik eramandakoa). Halaber, desagertuta daude Olaizolak trazatu eta Alcortak Berrizko San Joan parrokiarako egin zituen alboko bi erretaula (1710), baita haren lan garrantzitsuena izan zitekeena ere; hau da, Elorrioko Sorkundearen parrokiako erretaula nagusia (1719). Azken erretaula horren trazadura Alberto Churriguerak egin zuen, eta, dakigunez, bederatzi urte eman zituen erretaula horretan lanean. Alcortak egindakoa erabat aldatu zen 1754an, Diego Martinez de Arcek egindako trazaduran oinarrituta. Hala ere, aintzat hartu beharrekoa da Churriguera anaietako baten lana Elorrion jarri zela, eta ez dugu ahaztu behar, halaber, horren anaia Joaquin Loiolan izan zela 1720an. Hauek dira Alcortak erabiltzen zituen elementu bereizgarriak: salomondar kolomak mahatsondoez apainduak; landare dekorazio xehea, baina ez aurreko erretauletan bezain sarria; eta, Larreako komentuan, panopliak eta objektu liturgikoak.

Urduña eta inguruetan beste maisu gipuzkoar batek egin zuen lan: Segurako Martin de Echeverriak . Egin dugu lehen ere maisu horren aipamena, Kexaako elizako erretaula egin baitzuen (1694), Felipe del Castillo kantabriarrak egindako trazadurari jarraituz. Erretaula horrez gain, beste hauek ere egin zituen: Lendoño de Arribako elizako erretaulak (1702), Urduñako jesuiten eskemari jarraituz; alboko bi erretaula Urduñako Antigua Santutegirako (1704), biak ere Jorge Budarek trazatuak; Salmanton kontzejuko elizaren erretaula nagusia eta alboko erretaulak (1712); eta Luiaondoko Jasokundearen erretaula. Garai hartako erretaulagintzaren erakusle garbia dugu Echeverria, eta haren lanetan ez dago berritasun handirik; gainera, beste pertsona batzuek egindako trazadurak erabili zituen gehienetan. Echeverriarekin harremanetan izan zen Jorge de Budar . Garai hartako agiriek menditarra zela diote, baina " nazión flamenca " zela ere esaten dute. Lan ugari egin zituen Araban, Burgosen eta Errioxan, eta, horietan, jada ezaguna zaigun eskema errepikatu zuen: salomondar kolomak dituen atal bakarreko erretaula eta erremate erdizirkularduna. Kexaako komentuko erretaulan (1694) izan zuen parte hartzearekin eta Urduñako Antigua Santutegirako egin zituen alboko bi erretaulen trazadurarekin batera, hauek dira haren lanik nabarmenenak: Treviñoko konderriko bi parrokietako erretaula nagusiak, bata, Taravero-San Andresko San Migel parrokiakoa (1703), eta, bestea, Bustoko San Ziprian eta Santa Justina parrokiakoa (1706); eta Arrosarioko Andre Mariaren erretaula Comuniongo San Kornelioren eta San Ziprianoren parrokian (1713). Beste lan nabarmen bat Miranda de Ebroko Agustindar Errekoletoeen komentuko erretaula (1707) izan zen. Erretaula horrek eskema churrigueresko tipikoari jarraitzen zion eta koadro handi bat zuen erdiko kalean, baina erretaula horren argazki zaharrak baino ez ditugu egun. Taravero-San Andreseko erretaula egiteko kontratuaren baldintzek argi adierazten digute, berandu samar izan arren, zenbait lekutan aldaketak egiten ari zirela oraindik; izan ere, erretaularen lau kolomak mihiztatuak izatea eskatzen zen. Hala ere, azkenean, salomondar kolomak jarri ziren lau koloma horien ordez.

Nafarren eragina

Nafarroako maisuak ere joan ziren Arabara eta Gipuzkoara XVIII. mendearen lehen herenean. Juan Angel Nagusia eta Juan Bautista Suso Lizarrako lantegiko maisu garrantzitsuak izan ziren, lan asko egin baitzituzten. Juan Angel Nagusia Nafarroako erretaula egile garrantzitsuenetakoa izan zen XVIII. mendearen lehen zatian, bai eta Lizarrako lantegiko burua ere. Lantegi hori garai horretan hasi zen nabarmentzen, eta Tuterako arkitekto handiak, berriz, bigarren maila batean geratu ziren. Harrigarria da hain maisu ona ¿"erresumako onenetarikoa"¿ Arabara joatea zenbait lan egitera. Lehenengo lana Miguel de Mendieta arkitektoarekin batera egin zuen: bi alboko, Toloñoko Andre Maria santutegian (1729; galduak); eta, ondoren, Erentxungo (1730; eraldatua) eta Villanueva de la Ocako (1730) San Andres parrokietako erretaula nagusiak. Juan Bautista Susok Vianan, bere jaioterrian, ikasi zuen Bernardo Elcaraetaren ondoan, eta erretaula monumentalak egin zituen Lodosan eta Iturmendin; izan ere, parrokia horretan egindako lanari esker, zenbait lan egin zituen Oñatin: hasieran, portadako dekorazio motiboak, eta, ondoren, San Migel parrokiako erretaula nagusia (1714). Erretaula hori bi gorputzeko multzo aberatsa da, salomondar koloma pareek hiru kaletan banatzen dituzte eta atikoa du. Egituraren tailu zehatzak ezaugarri berezia du: aingerutxoen eta haurren buru txikiak daude, bai mentsuletan, bai kaxetan, bai tinpano txikietan, eta multzo osoa betetzen dute.

Lazkaoko Santa Ana (1716) zistertar mojen komentuko erretaula nagusia eta alboko biak Fermin Larrainzar Iruñako zurgintza, mihiztadura eta arkitektura maisuak egin zituen; Iruñako gotzaindegiko ikuskatzailea ere izan zen, eta, batzuetan, Francisco Jimenezek egin zizkion eskultura lanak. Larrainzarrek Nafarroan egin zuen lan oparoaz gain, Lazkaoko erretauletan aurreko garaietako estiloko multzoak egin zituen, koloma ildaskatuak eta uhinduak erabili baitzituen, agian klasizismoa bilatu nahian, baina, era berean, berritzaileak, "jardinerak" erabili baitzituen. Izan ere, pedrelaren gainean zango erdi bat dago apaingarriz beterik. Elementu hori Errioxan eta Nafarroan lehenago ere erabili zuten, baina ez zuen eraginik izan Gipuzkoan, eta Larrainzarrek Jose Antonio de San Juan tuterarraren lanetan ikusi ahal izan zituen; esate baterako, Carcarreko San Migel parrokiako erretaulan. Erretaula horretako hiru kaleak eta zirkuluerdi formako atikoa gehiegi apaindutako dekorazio elementuez beterik daude, hala nola, zintzilikarioez, txartelez, kerubinez eta ispiluez.

Frai Marcos de Santa Teresa trazatzaile karmeldarrak zenbait erretaula egin zituen Euskal Herrian. Salamancan jardun ondoren, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait komentutan bizi izan zen. Lan arkitektoniko garrantzitsua egin zuen, baina erretaula gutxi. Izan ere, Lazkaoko beneditarren komentuko alboko erretaula batzuk bakarrik dokumentatzen zaizkio (1754; aurretik, karmeldar oinutsen komentua izan zen), eta uste da Markinako karmeldar komentuaren erretaula nagusia eta horren albokoak (1732), Corellako karmeldarren komentuaren albokoak eta Etxebarriako San Andres parrokiako erretaula nagusia (1734) egin zituela; parrokia hori Miguel eta Jose de Lleregui eta Jose de Suso arkitektoek eraiki zuten. Lan horien berritasuna balaustredun eta erraboildun kolomak erabiltzea izan zen, bai eta landare dekorazio zehatza ere, geometrizaziorako joera zuena. Hala ere, Etxebarrian koloma lisoak erabili zituen, landare zurtoinak eta kerubinen buru txikiak zituztela.

Erretaula churriguereskoen eskultura. Jarraipenaren eta aldaketaren artean

Erretaulagintzaren lehen fasean gertatzen zen bezala, aztertzen ari garen garaian ere, eskultura gainditu zitzaion pinturari Euskal Herriko erretaula gehienetan. Baina, arkitektura eta dekorazioa garai horretako eskultura baino garrantzitsuagoak izan zirenez, eskultorea bigarren maila batean geratu zen. Eskuarki, lehen fasean ez bezala, arkitekto-tailugileak kontratatzen zuen lana, eta eskultoreari irudiak egiteko ardura ematen zion, eta, batzuetan, arkitektoak berak egiten zituen irudiak. Beraz, eskulturetarako eta erliebeetarako espazioa etengabe murriztu zen, baina ez egitura arrazoiengatik bakarrik, baita deboziozko alderdiekin loturiko beste arrazoi batzuengatik ere; izan ere, narrazio zikloak baino gehiago, irudi zehatzak eskatzen zituzten fededunek, irudi horiekin errazago identifikatzen baitziren. Erretauletako egituretan aldaketa nabariak egin zirenez, eta une horretan herriak debozio zehatz eta sinesgarriak nahiago zituenez, lan barroko horietan eskultura mota jakin bat landu zen. Irudi exentuak ziren horiek, eta, noiz edo noiz, irudiaren bizitza azaltzen zuten erliebe narratiboak zituzten. Ez zen beharrezkoa pasarte asko azaltzea, nahikoa zen irudia eta horren ezaugarri ikonografikoa, fededunak santu jainkozale horietan ikus zezan imitatu behar zuen kristau bizitzaren eredua eta adibidea ¿ez ziren dragoiekin borrokatu, ezta egundoko martirioak jasan¿. Hortaz, erretaulek, oro har, titularraren irudia, beste bi santuarenak alboko kaleetan eta Kalbarioko taldea atikoan azaltzen dituzte. Irudi horietaz gain, zenbaitetan bi erliebe azaltzen dira bankoan edo alboko kaleetako irudien gainean; baina erliebeak desagertzeko joera da nagusi. Aipatutako Villavetako eskuizkribuan, alderdi hori aipatzen da: "en Madrid es lo que se estila en estos tiempos que en lugar de historias se ponen frisos¿".

Esan daiteke Euskal Herriko eskulturaren gainbehera handieneko urteak izan zirela horiek. Aurreko fasean hasi zen, baina une horretan ongi nabari zen garai horretako eskultoreen eta aurrekoen (XVI. mendekoak) eta gerokoen (1730etik aurrera sortuko zirenak, adibidez) arteko kalitate desberdintasunak. Gainera, alde handia dago eskulturen eta erretaula bikainen artean. Dena dela, badira tailu nabarmenak. Horietako batzuk, gutxi badira ere, gortetik ekarri zituzten, Madrilen bizi ziren patroiekin loturikoak, edo komentu baten erretaula apaintzeko. Bertako eskultoreak hiru lantegitakoak ziren gehienbat: Kantabriako Siete Villas eta Limpias herrikoak eta Viana-Cabredokoa. Bilbaoko, Arabako eta Gipuzkoako eskultoreek ere egin zituzten lanak, baina horien ekarpena urria izan zen, orain arte dakigunaren arabera, behintzat.

Estiloari dagokionez, irudi horiek eredu gaztelauei jarraitzen zieten, Gregorio Fernandezen ereduari, batez ere, arestian ikusi dugun bezala, baina pixkanaka-pixkanaka beste zenbait elementu sartuz joan ziren: bizitasun handiagoa, ertz leunagoko izur zehatzagoak eta jarrera deklamatorioagoak. Eguneratze horretan, badirudi Gaztelako eraginik ere izan zela, eta Euskal Herrian aritu ziren kantabriar eskultore batzuen kasuan, antza denez, Sierratarren lantegiaren eragina izan zen, eta loturaren bat ere egon zen Pedro Alonso de los Rios eskultorearekin, Fernando de la Peña eta horrekin lan egin zuten eskultoreen bidez. Lehengo irudi naturalistek izur bihurriko jantziak, neurrizko espresibitatea eta mugimendu leunak adierazten zituzten; garai horretan, berriz, irudien keinua eta jarrera nabarmendu egin ziren, nahiz eta aurpegien naturalismoari eutsi, eta mugimendua areagotu, bai pertsonaiarena, konposizio biziagoak hartu baitzituen, bai jantziena, izurrak ez baitziren hain sakonak eta ertz gogorrak desagertu baitziren. Orain dela gutxi, XVII. mendearen bukaeran Berniniren eragina heldu zela adierazi da, baina alderdi hori oraindik zaila da zehazten.

Halaber, zaila da zehaztea zer iturri grafikotan inspiratu ziren eskultore horiek. Dena dela, litekeena da XVII. mendearen 60ko hamarkada arte erabili izan zen grabatu errepertorioa geroago ere erabili izatea. Izan ere, egin ziren erliebe urriek hori erakusten dute; irudien kasuan, berriz, zailagoa da hori zehaztea. Errepertorio horietaz gain, otoitz liburuak ere erabili zituzten, eta haietako estanparen bat eredu izan zen. Zenbait irudi ere imitatu eta kontratuetan eskatu zituzten, bai debozioa pizten zutelako, bai kalitate artistiko handia zutelako. Aipagarria da Rubensen lana eredutzat erabili izatea; esate baterako, Moredako erretaula nagusiko Gurutzetiko Eraisteari buruzko erliebea Rubensek margoturiko pasarte ezagunean oinarrituta dago. Beste adibide bat Migel Anjelen ereduari jarraitu zion Kanpezuko elizako erretaula nagusiko Pietatearen erliebe bikaina da, XVIII. mende ingurukoa. Ikonografiari dagokionez, zenbait aldaketa izan ziren aurreko fasearekin alderatuz gero. Nabarmenena, beharbada, Arrosarioko Ama Birjinaren eta Karmengo Ama Birjinaren irudi asko egin zirela izan zen, titulazio horietako kofradia asko baitzeuden, baita beste batzuk ere ¿adibidez, Vera Cruz kofradiak Santa Elenaren irudiak eskatzen zituen¿; kofradia horiek erlijio ordenek sustatu zituzten. Ama Birjina erretaulen elementu nagusia zen artean, baina ikonografia aldatu egin zen: Sortzez Garbiaren ordez Jasokundea irudikatu zuten. Bestalde, parrokiaren titularrarekin batera Elizako gurasoak azaltzen ziren (Pedro eta Paulo), eta komentuetako erretauletan, berriz, ordenako santuak. Hortaz, San Frantziskoren, San Antonioren eta Santo Domingoren irudiez gain, Euskal Herrian oso ohikoa da San Ignazio Loiolakoaren irudia. Santu sendatzaileak eta zaindariak ere azaltzen dira (adibidez, San Sebastian, San Roke, Santiago edo San Anton), baita aingeruak ere, San Migel arkanjelua, batik bat. Pasioaren ziklo handiak, berriz, ia ez zituzten irudikatu, baina egin zituztenean, bankoaren bi erliebetan kokatu zituzten.

Kantabriako eskultoreak

Kantabriako lantegikoak ziren denboraldi horretako eskultore nagusiak, Siete Villas eta Limpias lantegikoak, batez ere. Lehenengokoak Martin del Hoyo , Agustin de Suano eta Francisco del Ribero izan ziren, baina Suanok egindako lan kopuru adierazgarria baino ez dugu. Martin del Hoyo Islan jaio eta Burgosen egin zituen ia lan guztiak; hala ere, kalitate nabarmenekoak dira Urduñako Familia Santua parrokiako erretaula nagusiko Ama Birjinaren eta San Joseren tailuak, baita Francisco de la Dehesarekin batera Balmasedako Santa Klara komentuko erretauletarako egin zituen tailuak ere (1687). Islako seme Agustin de Suanok , Islako semeak, irudi asko egin zituen Arabako eta Errioxako erretauletan. Leku hauetan zenbait lan egin zituen: Burgelun (1690), Antezana de la Riberan (1708), Gamizen (1709), Subijanan (1713) eta Betoñon (1715); eta Armiñon eta Añastroko irudiak (1685) hark egin zituela uste dugu, baina Francisco Jimenezen edo Antonio Helgeroren jarraitzaile batenak ere izan daitezke. Betoñoko erretaulan Jaiotza eta Epifania irudikatzen duten bi erliebe bakun eta San Joan ebanjelistaren eta Santiagoren irudi zurrun eta estatikoak egin zituen, baina hobeak dira Antezana de la Riberan egin zituen irudiak, izur txikietako jantzia duen Jasokundea, batez ere. Francisco del Ribero Argoñosen jaio bide zen, eta Andres de Monasterio kantabriar maisuarekin ikasi zuen 1680tik aurrera. Araban, bi lan garrantzitsu egin zituen Samaniegon (1711) eta Moredan (1715); Samaniegon, Jasokundearen, San Joanen eta San Joseren tailuak eta Pasioaren erliebeak, eta, Moredan, Nunilo eta Alodia martiriei buruzko eszena harrigarriak, eta atikoan dauden Pasioari buruzko bi erliebe (Rubensen lanetan oinarrituta).

Limpias lantegikoak ziren Antonio Helguero, Francisco de la Dehesa Gargolla, Francisco Antonio de Rucoa Barredo eta Francisco Palacio. Francisco Martinez de Arce ere aipatu izan dugu, eskultorea izan zela uste baita, eta hark egindako irudietan estilo asko daudela ikusi dugu; esate baterako, Bachicabon egin zituen bi irudiak kalitate handikoak dira eta Gregorio Fernandezen eragina dute, baina Arespalditzan egindakoa askoz pobreagoa da, Jasokundearen irudia, adibidez. Antonio Helguerok Villabuenako (1692) eta Samaniegoko (1693) alboko erretauletako zenbait irudi egin zituen. Francisco de la Dehesa eta Francisco Antonio de Rucoa izan ziren kalitate handieneko lanak egin zituztenak. Lehenengoak Bilbaoko Santa Klara komentuko erretaulako irudiak (1697; galdua) egin zituen, baita Balmasedako Santa Klara komentuko erretaulako irudiak (1687) Martin del Hoyorekin batera, eta Betoñoko erretaula nagusiko eta horren alboetako irudiak (1708) Rucoarekin batera ere. Litekeena da hirurek Trespuentesko erretaulan parte hartzea (1708), eta beste lan batzuetan Etxabarri-Ibiñan eta Subijanan, nahiz eta dokumentazioan Rucoaren izena bakarrik azaldu. Betoñoko eta Trespuentesko eskulturak eta erliebeak kalitate handikoak dira, horien bizitasunagatik, konposizioaren eskemagatik eta jarrera deklamatorioagatik. Kanpezuko erretaulako irudiekin alderatuz gero, lan hori Limpiaseko eskultore horiek egin zutela ondorioztatuko da. Aipatu behar dugun lantegi horretako azken eskultorea Francisco Palacio da. Zenbait lan egin zituen Gamarran, Etxabarri-Ibiñan, Oto Goien eta, batez ere, Berantevillako erretaula nagusian. Berantevillako erretaulan, 1718tik aurrera, bost irudi eta Jasokundearen taldea landu zituen. Jasokundearen irudia kalitate handikoa da eta eskema bizia du: hodei tronu batean eserita dago, besoak zabalik eta jarrera itxuratia dituela, eta tunika izur biribiletan tolesten da. Euskal Herrian Kantabriako beste eskultore askok lan egin bazuten ere, Juan Antonio Ontañon izango da aipatuko dugun azkena. Castillon jaio zen, baina Bergaran bizi izan zen. XVIII. mendearen 30eko hamarkadan tailuak egin zituen Araban (Gasteizko Gurutze Santua komentua), Bizkaian (Lekeitioko, Amorotoko, Elorrioko eta Arratzuko parrokiak) eta Gipuzkoan (Bergara, Soraluze eta Elgoibar). Kalitateko zenbait irudi egin zituen: Gasteizko Santo Domingorena, Elgoibarko San Bartolomerena eta Elorrion egin zituenak (erretaula bereko beste irudi batzuk Juan de Munarrek egin zituen). Eskultore horren lanetan, joera barrokoa gutxiagotu eta adierazpen akademikoa handitu egin zen, bizi izan zuen garaiari zegokion bezala.

Viana-Cabredoko lantegiaren jarraipena: Francisco Jimenez

Viana-Cabredoko lantegi emankorrak lan onak egin zituen Euskal Herriko imajinagintzan XVI. mendearen azken herenetik aurrera, eta XVII. mendearen lehen bi herenetan maila handiko eskultoreak izan zituen (Juan Bazcardo, Diego Jimenez gaztea edo Bernardo Elcaraeta); Francisco Jimenez izango da azkena. Jimenezek 1675etik 1712ra egin zituen lanak, eta ia berrogei urte horietan, Viana herritik abiatuta, irudiak egin zituen Arabako herri askotarako, hego-ekialdeko koadrantekoetarako, batez ere. Gasteizen ere egin zuen lan, San Pedro parrokiako erretaula nagusi berritzailean. Diego Jimenez gaztearen semea eta Juan Bazcardoren biloba zenez, aitaren lantegian prestatu zen, eta mendearen lehen zatitik, lantegiak ezarritako formulak ikasi zituen. Valladoliden ere ikasi zuen, baina irudiari buruz zituen kontzeptuak ez ziren asko berritu; hala ere, horren eskulturak berezko ezaugarriak dituzte, eta erraz bereizten dira. Garai horretako arkitekto garrantzitsuenekin egin zuen lan (hala nola, Martin de Arenalde, Jose Perez de Viñaspre, Jose Lopez de Frias, Juan Pascual de Oraa, Pedro Arenalde, Antonio Alvarado, Jose de Echeverria eta Martin Ruiz de Luzuriaga arkitektoekin), eta erretaula askotan egin zituen irudiak. Aitarekin eta Bernardo Elcaraetarekin hasi zen lanean Elciegoko erretaulan (1669), eta, geroago, irudiak eta erliebeak egin zituen Donemiliagako San Roman elizako erretaula nagusirako (1679), baita Bernedo (1684), Gasteiz (1685, San Pedro parrokia), Muergas (1690), Burgelu (San Pedroren irudia bakarrik, 1697), Bujanda (1703), Ilárraza (1704) eta Adana (1708) herrietako erretaula nagusietarako ere. Halaber, alboko erretaula ugari egin zituen (Agurain, Iekora, Leza, Billar, Añua, San Román de Campezoko, Bernedo, Fuidio, Villaverde, Muergas, Apellaniz eta Arbulu herrietan). Tailu nabarmenak ere landu zituen; adibidez, Iekorako eta Lezako Kristo Santuak, Donemiliagako San Roman elizako San Roman, Añuako Santa Katalina, Burgeluko San Pedro, Arbuluko San Anton, Bernedoko Ecce Homo eta Laguardiako San Joan. Irudiak zertxobait zurrunak dira, eta Gregorio Fernandez gogorarazten dute konposizioetan, motetan eta jantzietan, baina bizitasun handiagoa, izur leunagoak eta aurpegiak ez hain bereiziak dituzte.

Manuel Izquierdo arabarrak Gasteizen eduki zuen lantegia, eta Viana-Cabredoko artistekin harreman onak zituenez, haien eskemei jarraitu zien bere lanetan. Izquierdoren lanik garrantzitsuenak Gasteizko San Bizente parrokiako erretaula nagusiko irudiak eta erliebeak izan ziren (1701). Eskultura dinamikoak dira, besoak zabalik eta antzerki jarrerak dituztela, eta bat datoz mugimenduari buruzko barrokoaren eskemekin, betiere errealismoaren eta naturalismoaren eskemen barnean. Irudi horiek ondo eginda daude; erretaularen bankoan dauden erliebeek, berriz (San Bizenteri buruzkoak), trebetasun gutxirekin eginda daude. Aipagarria da, halaber, Arkaiako erretaularen buruan dagoen Ama Birjinaren jaiotzari buruzko erliebe handi bat (1702), bakuntasun handikoa eta sakontasunik gabekoa.

Gipuzkoako eta Bizkaiko lantegiak

Gipuzkoako zenbait eskultorek lanak egin zituzten Gipuzkoan eta Bizkaian, aipatutako ereduei jarraituz eta ekarpen berririk egin gabe. Esate baterako, Martin de Allanegui tolosarrak Zestoako erretaula nagusia landu zuen (1685); Jacobo de Ayesta bergararrak eta Rafael Larraldek zenbait komentutan lanak egin zituzten elkarrekin (adibidez, Bergarako jesuiten eskolako erretaula nagusia, 1692an, eta Arrasateko San Frantzisko komentuko erretaula, 1695ean); eta Francisco Barrenechea tolosarrak Lekeitioko Andre Maria parrokiako San Pedro erretaulako eskulturak egin zituen (1692). Hurrengo mendean, beste eskultore batek, Felipe de Arizmendik , kalitate handiagoko lanak egin zituen: tailu exentuak dira, oro har, eta batzuk pasioko pasoak. Eskultore horrek, Donostian jardun zuen: San Bizente eta Santa Maria parrokietarako arimei buruzko erliebe bat eta figura etzan bat egin zituen, hurrenez hurren, eta Ecce Homo bat bietarako. Elgoibarren eta Soraluzen zenbait lan egin zituen, eta Olaberriako erretaula nagusian San Joanen irudia landu zuen (1725). Bukatzeko, Itsasondoko Juan Asensio de Ceberio aipatuko dugu. Eskultore horrek Ordiziako San Bartolome basilikarako San Bartolomeren irudi bat egin zuen (1736) jarraibide hauen arabera: "a imitacion del modelo que tiene echo dicho Juan Asencio, y a proporción del nicho en que se ha de colocar con su serpiente a los pies, siendo los ojos del expresado bulto de christal". Irudi horrek ez du gaur egun arte iraun.

Bizkaian, eskultore kantabriarrez gain, bertako eskultore bat aritu zen: Bilbaon bizi izan zen Santiago Castaños . Gregorio Fernandezen estetikaren eragina izan zuen, irudietako ertz biziko jantzietan eta ile xerlo markatuetan, behintzat (aipamen hutsa ez bada ere, gogora dezagun Diego Basoco arkitekto bizkaitarraren biloba zela Juan Castaño, eta aprendizko kontratua egin zuela Fernandez eskultorearekin, 1626an). Hark egindako irudi asko galdu egin dira; adibidez, Zeberioko alboetako erretauletako irudiak (1672), eta Bilbaoko Gizakunderen komentuko erretaula nagusikoak (1678). Hala ere, zenbait lanek iraun dute; hala nola, Bilbaoko Santos Juanes parrokiako alboetako erretauletako irudi batzuek (1683) ¿Castañosek egindako tailuak dituzte, baita aurreko garaietakoak ere¿, eta Arrigorriagako Magdalena parrokiako erretaula nagusiko (1692) San Ignazio eta San Frantzisko Xabierko jesuiten eta Magdalenaren irudiek ¿azken hori oso ederra da, eta santa penitentzigileari buruzko konposizio originala irudikatzen du¿. Castañosek egindako lanik onenetarikoa Nabarnizko erretaula nagusia da (c.1673); erretaula horretako Deikundeari buruzko erliebeak Bernardo Elcaraetak egindakoen antzekoak dira.

Denboraldi horretako erretauletan tailu ugari daude, eta gehienak egile ezezagunenak dira. Horietako batzuk kalitate handikoak dira; esate baterako, Legazpiko erretaula nagusiko irudiak (1713), Urduñako Klaratarren erretaulako San Frantziskoren Estigmatizazioari buruzko erliebea (c. 1735) ¿tratamendu piktoriko eta eszenografikoagatik¿, eta Ondategiko erretaulako San Lorenzoren, San Joan Bataiatzailearen eta Santa Teresaren irudiak (1701) ¿Madriletik bidali zituen herriko seme Juan Saenz de Buruagak, Felipe V.aren errege idazkariak¿. Sortzez Garbiaren eta Jesus Haurraren beste irudi batzuk madrildar, andaluziar eta napoliar maisuek egindakoak direla uste da.

Gorteko erretaula rococoa eta XVIII. mendearen bigarren hereneko eskultura

Denboraldi hori zuraren arteen gaineko aldietako bat izan zen Euskal Herrian, eta horren arrazoiak honako hauek izan daitezke: XVIII. mendearen hasieran hasitako ekonomiaren susperraldi orokorra, kanpoko baliabideak iristea (indianoek ekarrita, gehienetan) eta gortean euskaldun asko egotea ¿horri esker, lehen mailako arkitektoak eta eskultoreak etorri ziren Euskal Herrira¿. 1739. eta 1770. urte artean, erretaula rococoak eta horren irudiek kalitate handia lortu zuten, Juan de Anchietak XVI. mendearen azken herenean lortutakoa bezain handia. Hori horrela izan zen, gorteak eragin handia izan zuelako (trazak heldu ziren) eta, batez ere, zenbait maisu Madriletik etorri zirelako edo hiri horretan prestatu zirelako ¿hasieran, Errege Eraikinetako lanetan, eta, gero, San Fernando Arte Ederretako Akademian¿. Maisu horien artean, euskaldunik ere bazen; izan ere, gorteko lana bukatu eta sorterrira itzuli ziren lan egitera. Bestalde, familiako lantegiek ere jarraitzen zuten ¿gremioetako egitura zuten, eta prestakuntza tokiko lantegietan egiten zen¿, eta horien lanak ere kalitate handikoak ziren. Adierazitakoa erretaulen arkitekturari eta dekorazioari dagokio, baina baita irudiei ere, arkitekto horiek, askotan, gorteko eskultoreak ekarri baitzituzten, eta horri esker, tailuen eta erliebeen maila igo egin zen. Hortaz, ez da harritzekoa Euskal Herrira sona handiko eskultoreak etortzea; adibidez, Luis Salvador Carmona edo Juan Pascual de Mena.

Erretaula rococoa

Erretaula rococoa gortera baino urte batzuk beranduago heldu zen Euskal Herrira; nahiko goiz, hala ere. Madrilen bizi eta lan egiten zuen Miguel de Irazusta gipuzkoarrari esker heldu zen. Irazustak 1736an eman zuen Bergarako Santa Marina parrokiako erretaula nagusirako traza, nahiz eta 1739ra arte lanak ez ziren hasi. Urte horretan eta lan eta arkitekto horren bidez sartu zen erretaula rococoa eta eredu berria; eredu hori, aldaera batzuekin, 1770era arte erabili zen, gutxi gorabehera. Askotan adierazi da dekorazioa zela eredu berri hori definitzen zuen elementua, eta, zehazki, garai horretan ospe handia zuen elementu bat: arrokaia. Multzoen egitura arkitektonikoa gero eta garrantzitsuago bihurtu zen, eta, beharbada, erretaula barrokoen arteko dinamikoena izan zen.

Erretaula berri horrek gortean izan zuen jatorria, eta nabarmenak dira nazioarteko barrokoarekiko harremanak, barroko italiarrarekin eta frantsesarekin, batez ere, baina baita alemaniarrarekin ere. Definituko dugun ereduak zenbait aldaera izan zituen, baina, oro har, bi eredu daude. Lehenengoa nitxo itxurako oskol erretaula da: oinplano ahurra eta sakona du, agertoki baten antzera. Bigarrenak oinplano konbexua eta atiko laua ditu, eta zenbait tenplutako burualdeetan badago ere, gehiago erabili zen alboko erretauletan. Oskol erretaulak (baldakin erdikoa ere esan zaio) Errenazimentuko nitxo handietan du jatorria, Bramantekoan hasita. Baina honako artista hauen lanek eta diseinuek eratu zuten behin betiko eredu hori: Bernini, Borromini eta Pozzo italiarren lanek; Oppenordt eta Lepautre frantsesen lanek; Pedro de la Torreren eta Narciso Tomeren erretaulek, eta, batez ere, Jose Benito Churrigueraren lanek. Churriguerak egindako Madrileko Calatravas elizako erretaula (1720) estilo berriaren paradigma izan zen, eta aurrekariak Churriguerak egindako beste lan batzuk izan ziren (Leganesko Mesedetako komentuan eta San Salvadorren) edo haren familiako kideren batek egindakoak; adibidez, Joaquinek (Riosecoko Santiago de Medina parrokiako erretaula nagusiaren traza).

Erretaula rococoak aurreko faseko zenbait elementu ditu, baina izaera arkitektoniko desberdina eta dekorazio berria ditu. Oinplanoak ahurrak eta lerronahasiak dira, eta oinplanoek eta azalerek mugikortasun handia dute, erromatar barrokoaren eraginez, Borrominiren eraginez, batez ere. Eragin hori berandu samar heldu zen, harri arkitekturan gertatu zen bezala. Erretaulak banko garai bat du, aurreko aldean kerubin burua duten mentsula ahur handiak dituela. Horren gainean, erretaularen gorputz bakarra dago, koloma erraldoiez hiru kaletan banatuta (erdikoa zabalagoa da); kolomek fuste ildaskatua eta kapitel konposatua dute. Euskarri horrek salomondarra eta estipitea ordezkatu zituen, nahiz eta zenbait multzotan erabiltzen jarraitu zuten. Lerro bihurrietako taulamendu handi baten ondoren, oskol itxurako errematea edo esfera laurdenekoa dago, ahokadura arku indartsua duena (zeru ganga eta gloria barrokoak ekartzen ditu gogora). Egitura horren gainean, nitxoak daude, tenplete gisa eta altuera desberdinetan. Nabarmenena titularrarena da (benetako gelatxo bat izan ohi da). Argi naturala leiho ezkutuetatik sartzen denez (gardenak), espazioak agertoki handi baten itxura hartzen du, eta, bertan, naturaz gaindiko gertakari bat azaltzen da. Egitura horretan, sagrario erakusketaria elementu nagusietakoa da, eta aurrekaririk gabeko monumentalitatea lortzen du erretaula barrokoen artean; izan ere, erretaularen ia gorputz osoaren altuera hartzen du.

Erretaula horren izaera arkitektonikoa indartu eta dekorazioa gutxitzen da; ezaugarri horrek bereizten du gehiegi kargatutako estilo churriguereskotik. Hala ere, ornamentazio motibo berri asko gehitzen zaizkio aurreko errepertorioari; oro har, "txinatar" dekorazioa esan ohi zaio horri. Errepertorio horren motibo nagusia arrokaia da, hartzen duen forma guztietan. Motibo horrek Frantziako grabatuetan du jatorria (Oppenordt, Meissionnier), bai eta Alemaniakoetan ere (Klauber). Motibo horietaz gain, hauek ere gehitzen dira: plaka adbentizioak, zirkulu edo giltzurrun itxurako ispiluak, "C" formako kartoiak, zintzilikatutako ehunak, lore girlandak, panopliak, Pasioarekin edo Sortzez Garbiarekin lotutako erlijio ikurrak eta grabatu erromatarretatik hartutako apaingarri militarrak. Motibo horiek bankoko paneletan, alboko kaleetan (irudirik ez badute) eta atikoko oskolean daude, eta kolometako fuste ildaskatuei ere gehitzen zaizkie. Arkitektura eta dekorazio elementu horiek eta oinplano desberdin batek beste erretaula mota bat definitzen dute, ezaugarri hauekin: oinplano konbexua, erdiko kale aurreratua eta taulamendu hautsiak (zeiharka daude). Hori dela eta, multzo horiek borromineskoak direla esan daiteke, aurrekoak baino gehiago.

Gorteko ereduak Gipuzkoara heldu ziren. Miguel de Irazusta eta jarraitzaileak

Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan egin zen lehen erretaula rococoa ¿eta onena¿ Bergarako Santa Marina parrokiako erretaula nagusia izan zen. Lan horretan oso nabarmena da gortearen eragina; izan ere, lanaren trazatzaileak, Miguel de Irazusta gipuzkoarrak (Alkizan jaio zen) Errege Eraikinetan egin zuen lan, Madrileko Erregeren Jauregian, adibidez. Erretaula hori egiteko enkargua Madrilen jaso ondoren ¿han bizi zen¿, 1736an bidali zuen traza. Hasieran, lana Andres de Aldeataren lantegian errematatu zuten, baina ez zuten lana egiteko arkitekto gaiturik aurkitu: "por no ser fácil encontrar maestro de la inteligencia que se requiere para dicha obra en muchas leguas". Egoera horrek garbi erakusten du erretaula horren antolamendu arkitektonikoak eta dekoratiboak berriak zirela, eta tokiko maisuak ez zirela gai horiek egiteko. Azkenean, Irazusta bera etorri zen Bergarara lana kontratatzeko eta 1739tik aurrera egiteko, bai eta alboetarako trazak egiteko ere. Erretaula handi horrek aipatutako oskol motako erretaularen eskemari jarraitzen dio bete-betean, eta trazak Jose de Churrigueraren ereduei jarraitzen die. Erretaulan irudi asko daude, gorteko eskultore batek eginda. Miguel de Irazustak Madriletik eskultore bat ekartzeko konpromisoa hartu zuen, eta ondo aukeratu zuen, Luis Salvador Carmona etorri baitzen. Eskultore horrek lan ugari egin zituen Euskal Herrian ¿gero aipatuko ditugu¿.

Duela gutxiko ikerketek Miguel de Irazustari buruzko datu berriak eman dituzte: 1665ean jaio zen, Madrilera 1690. urte aldera joan zen eta gortean, Valladoliden eta Toledon egin zuen lan, Churriguera eta Tome familietako eskultoreek eta arkitektoek menderatzen zuten arte giroan ¿zalantzarik gabe, eragina izan zuten Irazustaren lanetan¿. Horretaz gain, Irazustaren biblioteka oso trinkoa zen, eta egile askoren lanak zituen, besteak beste, Serlio, Vignola, Frai Lorenzo de San Nicolas, Juan de Torija, Arfe, Palomino, Andrea Pozzo eta Fontanaren liburuak, bai eta estanpa liburu bat ere. Hori guztia dela eta, Irazusta XVII. mendearen bigarren laurdeneko Espainiako erretaula egile nagusietakoa izan zela baiezta daiteke. Euskal Herritik kanpo, traza eta lan garrantzitsuak egin zituen; adibidez, Madrileko San Felipe el Real komentuko erretaula (c. 1719; galdua), Villarrubia de Santiagoko San Bartolome parrokiako erretaula (1722, Toledo), Valladolideko Carmen Calzado komentuko bi alboko (1740) eta Valladolideko San Agustin komentuko erretaula nagusia (1741; galdua). Urte horietan egin zuen aipatutako Bergarako Santa Marina elizako erretaula, baita Alkizako San Martin parrokiako erretaula nagusia eta albokoak (c. 1724) ¿herri horretan jaio zen¿ eta Tolosako erretaula baten tasazioa, Jose de Zuaznabarrekin batera ¿gero familia harremanak izan zituzten¿. Alkizako erretaularen gorputzean salomondar kolomak erabili zituen, baina tenplete erakusketari monumentalean, berriz, fuste ildaskatuko kolomak, horrek Borrominiren eragineko dinamismo nabarmena eman zion.

Irazusta 1743an hil zenez, ezin izan zuen tamaina horretako lan gehiago egin; hala ere, Gipuzkoan lau urtean egon zen bitartean, beste parrokia batzuen erretauletarako trazak egin zituen. Irazustak parrokia hauetako erretaulen diseinuak egin zituen: Idiazabalgo San Migelen (1742), Segurako Jasokundearen (1743, horren traza bikaina Biblioteka Nazionalean dago) eta Olaberriako San Joan Bataiatzailearen parrokietakoak (1742); erretaula horiek Jose Antonio Iparaguirrek, Diego Martinez de Arcek eta Juan Bautista Jaureguik egin zituzten, hurrenez hurren. Zumarragako erretaula ere diseinatu zuen (1743) ¿azkenean, ez zitzaion traza horri jarraitu¿ baita Anoetako San Joan Bataiatzailearen parrokiako bi alboko ere (1755) ¿lehenagoko traza dute, eta Valladolid eta Alkizakoen antzeko egitura¿. Idiazabalgo eta Segurako erretaula monumentalak erretaula rococo bikainak dira, eta Bergarako erretaulan dute sorburua; Olaberrikoak, berriz, lan desberdina egitea eragin zuen, burualdeko espazio estuagatik, beharbada. Irazusta ordezkatzeko, erretaula horiek eta hurrengo hamarkadako beste batzuk egiteko, parrokiek, zenbaitetan, Irazustarekin harremanak izandako gorteko maisuak kontratatu zituzten (esate baterako, Diego Martinez de Arce eta Silvestre Soria) eta, beste batzuetan, tokiko maisuak (adibidez, Juan Bautista Jauregui).

Diego Martinez de Arcek ("maestro arquitecto y adornista de la corte bien afamado en ella y aún en este Pays por su obras y diseños") Segurako erretaula egiteko ardura hartu zuen (1743). Izendapen horretan, Juan Martin de Lardizabal segurarrak zerikusi handia izan zuen; Madrilen bizi zen, eta Consejo Supremo de Indias izeneko erakundeko kidea zen. Martinez de Arce Medina del Campon jaio zen, eta Madrilen ikasi zuen, Borboien jauregi berriko lanetan, beste hainbat arkitektok, tailugilek eta apaintzailek bezala. Martinez de Arcek berak aipatu zuen Irazusta: "Don Miguel de Yrazusta mi maestro". Beraz, logikoa da Segurako obra egiteko izendatua izatea. Lan hori egin ondoren, Martinez de Arcek lan gehiago egin zituen Euskal Herrian: Bilbaoko San Nikolas parrokiako erretaularako traza (1752) eta Elorrioko Sortzez Garbiaren erretaularako traza (1754) ¿Juan de Aguirrek eta Silvestre Soriak eginak, hurrenez hurren¿, baita Seguran, Zerainen eta Amezketako Ugarteko ermitan egindako alboko batzuen trazak ere. Hala ere, Madrilen bizitzen jarraitu zuen, eta Erregeren Jauregian lan egin zuen (1750), bai arkitekto lanetan, bai Olivierik agindutako armarrien eta beste zenbait elementuren dekoratzaile lanetan, eta ia beti Silvestre Soriarekin elkarlanean ¿lan harreman estua izan zuten¿. Toledon, zenbait erretaula ere egin zituen (1760). Biografia txiki honen arabera, Diego Martinez de Arce Madrilen bizi eta lan egin zuenez, diseinu arkitektonikoaren eta dekoratzailearen berritasunen berri izan zituen; bestalde, Silvestre Soria nafarrarekin aritu zen lanean (Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako erretaulagintza rococoaren beste egile garrantzitsuenetako bat) eta Tomas de Jaureguiren eta Juan de Aguirreren maisu izan zen ("oficiales y discípulos de dicho don Diego Martínez de Arce"). Azken horiek ere lan onak egin zituzten.

Diego Martinez de Arcek nitxo formako erretaula bat egin zuen Seguran, sakontasun handikoa eta oskol galloidun baten bidez erremataturik. Horretarako, Irazustaren trazari jarraitu zion (Madrileko Biblioteka Nazionalean gordeta dagoen marrazki ederra da). Banko altu baten gainean, kolomak, pilastrak eta nitxo irtenak daude tenplete gisa, baina erdiko kalea da indartsuena. Kale horretan, tabernakulua eta Jasokundearen nitxoa daude, eta azken hori indarrez sartzen da atikoko oskolean. Ama Birjina apostoluez inguratuta dagoen nitxo sakon horretatik, urre koloreko errainuak erortzen dira, ezkutuko argizulo baten argitan. Segurako lan hori Berninirengan oinarritutako barrokoaren eszenografiaren eta Tomeren Toledoko gardenaren erreplika nabarmena da. Multzo horretan berrogei eskultura baino gehiago daude, eta Luis Salvador Carmonak egin zituen. Arcek Elorrion egin behar zen lanaren montioa eginda utzi zuen, baina gaixotu egin zenez, ezin izan zuen lana egin. Arcek berak adierazi zion lantegiari zein zen aukerarik onena: "dicho señor don Silvestre Soria por la confianza que tenía que la egecutaría según arte y con todo primor".

Silvestre Soria arkitektoa eta "edertzailea" Sesman jaio (Nafarroa) eta gortean aritu zen lanean, maisu tailugile gisa, Juan Domingo Olivieri italiarraren, Erregearen eskultore nagusiaren, agindupean ¿Olivierik Arte Ederretako Akademiaren sorrera bultzatu zuen¿. Arestian aipatu dugunez, Erregeren Jauregian Martinez de Arcerekin elkarlanean aritu zen. Arceri esker, hasieran Bizkaira, eta, ondoren, Nafarroara itzuli zen behin betiko 1759an. Honako hauek dira Soriaren lanik nabarmenenak: Elorrioko erretaula nagusia (1754) eta lau alboko (1758-59), Aulestiko San Joan Bataiatzailearen parrokiako erretaula nagusiaren trazaren diseinua (1754) ¿Jose de Urrutiak eraiki zuen 1755etik aurrera¿, Lekeition egindako zenbait lan txiki eta Nafarroan egin zituen hainbat erretaula. Elorrioko parrokia altuera handikoa zenez, erretaulak bi gorputz izan zituen, garapen sakonekoak eta oskol itxurako errematearekin. Gainera, aurreko proiektu bateko salomondar kolomak erabili ziren; hala ere, multzoak gorteko erretaula rococoaren ereduari jarraitzen dio: oinplano lerronahasia, plaka atxikiak dituzten koloma ildaskatuak, mentsula handiak, irtengune handiko nitxoak eta oinazpiak eta garden moduko gelatxo bat elizako titularra barnean hartzeko. Lehen gorputzaren zati handi bat tenplete itxurako sagrario erakusketari batek hartzen du, eta arrokaiak, ispiluak eta loredun zintzilikarioak arkitektura dinamiko horretan zehar barreiatzen dira ¿elementu horiek egiten oso trebea zen¿. Irudiak Juan Antonio de Ontañon (1729) eta Juan de Munar (c.1754) eskultore kantabriarrek egin zituzten; azken horrek atikokoak egin zituen, San Joanen irudia izan ezik. Aulestiko erretaulak nitxo itxurako oinplano lerronahasia du, zeharkako koloma ildaskatuak, oskol itxurako errematea eta zenbait arrokaia mota nabarmentzen diren dekorazioa. Irudiak Jeronimo de Argos, Manuel de Acebo eta Juan de Munar eskultoreek egin zituzten.

Miguel de Irazustak hasitako bide berriari Diego Martinez de Arcek eta Silvestre Soriak jarraitu zioten, eta, ondoren, Juan de Aguirrek eta Tomas de Jaureguik ¿Arceren dizipuluak izan ziren eta zenbait lanetan elkarrekin aritu ziren¿. Juan de Aguirre azpeitiar arkitekto eta tailugileak bere maisuarekin lan egin bide zuen Segurako erretaula monumentalean, 1747an bukatu zen arte. Eta litekeena da Azpeitiko parrokiako erretaularen San Ignazioren albokoa (Iberok trazatua) lehenago lantzea (1742), Tomas de Jaureguirekin elkarlanean eta garai horretako ereduari jarraituz: "a la moda que se estila en el momento, bien rebajada, limpia y con toda curiosidad". Ondoren, Jauregirekin batera eta Arceren trazei jarraituz, Amezketako Ugarte ermitako ebanjelioaren albokoa egin zuen (1748) eta Segurako Gurutzearen eta Bakardadearen albokoa (1750). Domingo Bergarecherekin, Azpeitiko Sorkunde komentuko San Frantziskoren eta San Antonioren albokoak egin zituen (Iberok trazatu zituen 1750ean), eta bakarrik, segur aski, Ordiziako San Migel kaperakoa (1751). Baina Euskal Herrian egin zuen lanik onena Bilbaoko San Nikolas parrokiako erretaula nagusia eta albokoak izan zen (1752). Lan hori bere maisuaren trazarekin eta Juan de Iturbururen lankidetzarekin egin zuen. Nabarmenak dira Martinez de Arcek diseinatutako lan horren eta beste batzuen arteko desberdintasunak; izan ere, tenpluaren burualdea txikia zen, Arcek landutako beste batzuekin alderatuz gero. Bilbaoko lan horretan, oskola eta nitxo formako oinplano ahurra alde batera utzi zituen, eta horren ordez, eredu hau erabili zuen: oinplano konbexua, lerronahasia, oso dinamikoa eta Borrominiren eredua gogora ekartzen duena; hiru kaletan banatutako gorputz bat du, kaleak fuste ildaskatuko koloma erraldoiez daude banatuta, kolomak planoa baino aurrerago daude, eta gorputzak atikoa kurbatua du. Dekorazio motiboak urriagoak direla dirudi, baina baliteke multzo gehiena zuriz egoteak eragindako pertzepzioa izatea. Bilbaoko Udalak eskulturak egiteko, parrokiaren eta erretaularen garrantziaren mailako gorteko eskultura bat aukeratu zuen: Juan Pascual de Mena.

Tomas de Jauregui Urretxun jaio zen, eta Diego Martinez de Arceren ofiziala eta Juan de Aguirreren lankidea izan zen. Gortetik Euskal Herrira etorritako lantegi horretako bosgarren kidea izan zen; erretaula rococoa sartzeko eta hedatzeko ardura izan zuen lantegikoa, hain zuzen. Lan harremanak izan zituen Francisco Ignacio de Azpiazurekin eta Ignacio Iberorekin. Iberok Azpeitiko parrokiako San Ignazioren albokorako diseinuak egin zituen (1742), eta Jaureguik tailuak. Jaureguik eta Francisco Ignacio de Azpiazuk elkarrekin egin zuten Tolosako Santa Klara komentuko erretaula nagusia (1744). Nabaria da Jauregiren izaera artistikoa Irazustaren lanek ¿Tolosako Santa Klaran ere Bergarako eredua imitatu behar zen¿ eta Seguran Arcerekin izandako lan harremanek definitu zutela. Hori dela eta, Jauregik landu zuen erretaula rococoak ezaugarri hauek zituen: oinplano lerronahasia, oskol itxurako errematea, gardenak, sagrario monumentalak eta arrokaiaz eta plaka adbentizioz osatutako dekorazioa ¿60ko hamarkadan hasiko dira dekorazio formula neoklasikoak sartzen¿. Juan de Aguirrerekin egindako lankidetzen ondoren, Arceren trazei jarraituz, Jaureguik arkitekto lan ugari egin zituen Gipuzkoan eta Nafarroan. Lehenengo lana Lesakako San Martin parrokiako erretaula nagusi monumentala eta albokoak izan zen (1751); irudiak Carmonak (Sortzez Garbia eta San Martin) eta Juan Bautista Mendizabalek (gainerakoak) egin zituzten. Goizuetako erretaularen traza ere egin zuen (1755), baina ez zen eraiki. Gipuzkoara itzuli eta, Bergaran, San Migelen, San Sebastianen eta San Rokeren albokoak egin zituen Irazustaren diseinuei jarraituz. Zumarragako Jasokundearen parrokiako erretaula nagusia egiteko konpromisoa hartu zuen (1756); berak egin zuen traza, eta eskulturak Mendizabalek. Handik gutxira, Zegamako albokoen trazak egiteko ardura hartu zuen (1757) ¿1766an semearekin, Antonio Miguel Jauregui eskultorearekin, doitu zituen¿, bai eta Ormaiztegiko erretaula nagusiko traza egiteko ere (1761) ¿ez du gaur egun arte iraun¿. 60ko hamarkadan lan gehiago egin zituen (harrizko lanak ere egin zituen): Arantzazuko komenturako sei alboko (1761), Eskoriatzako Bakardadearen erretaularako traza (c. 1764), Errezilgo albokoetarako trazak (1765), Gabiriako Jasokundearen parrokiako erretaula nagusirako traza eta lanak eta albokoen berritze lanak (1766) ¿eskulturak semeak egin zituen¿. Zenbait diseinu ere egin zituen, baina azkenean baztertu egin ziren: Iruñako San Saturnino elizako Nuestra Señora del Camino kaperako erretaulen (1766) eta Soraluzeko erretaularen (1767) diseinuak. Donostiako Andre Maria parrokiako Santa Katalinarena ere hark egin zuela uste da (c.1764).

Lan horien guztien artean, Zumarragako, Zegamako eta Gabiriako erretaulak azpimarratu nahi ditugu. Zumarragakoan Francisco Sabandok eraldatze sakonak egin zituen XVIII. mendearen bukaeran: ornamentazio motiboak kendu zituen idulki, mentsula eta kolometatik, baita frisoetako modilloietatik ere. Aldaketa neoklasiko hori eta marmolak eta jaspeak imitatzen eta dekorazio motiboak urre koloreko guneetara murrizten duen polikromia erabili arren, oinplanoaren eta altxaeraren jatorrizko eskemak iraun zuen ¿erretaula rococoaren osagaiak dituzte¿. Nitxo itxurako oinplanoa du ¿oskol batez erremataturik¿, gorputzean koloma ildaskatuak eta pilastrak, eta dekorazioa zintzilikarioek, giltzurrun formako ispiluek eta estalki asimetrikoko pebeteroek osatzen dute. Egitura hori ¿Arceren egiturak gogorarazten ditu¿ Zegamako albokoetan eraldatu egiten da, oinplano konbexua baitute. Egituran, titularrentzako nitxo sakon bat irekitzen da, Borrominiren estiloko bihurguneen eta kontrabihurguneen arteko joko ederraren bidez, eta taulamenduak izaera estrukturala galdu, eta ia frontoi bihurtzen da. Gorputz bakarra hiru kaletan zatitzen da, eta albokoak zeiharka daude eta bigarren plano batean, eta gainean zirkuluerdi formako atiko kiribildu bat dago. Koloma ildaskatuek fustean zuten dekorazioa galdu dute, zintzilikario txiki bat izan ezik. Gabiriako erretaulan ¿Jaureguik bi marrazki desberdin zituen traza bat eskaini zuen¿, oskolak eta oinplano lerronahasiak irauten dute, baina neoklasizismoaren ereduak ornamentazio asko kentzea ezarri zuen. Jaureguik bere bizitzaren azken aldera izandako jarrera hori semearekin, Antonio Miguel de Jauregui eskultorearekin, lotu behar da, semea San Fernando Arte Ederretako Akademiako barneko ikaslea baitzen.

Zenbait gipuzkoar maisuren eguneratzea. Eredu churriguereskotik rococora

Irazustak Bergaratik sustatutako erretaulagintza berria hark egin eta beste arkitekto batzuek gauzatutako trazen bidez ere hedatu zen. Horiek arestian aipatu ditugu; orain, Irazustaren trazak jarraitu eta eredu berrietara moldatu ziren maisuak aipatuko ditugu, nahiz eta aipatutako bost egile nagusirekin lan harreman zuzenik ez eduki. Lehen talde horretan, Jose Antonio de Iparaguirre eta Juan Bautista Jauregui daude. Lehenengoa Idiazabalen jaio zen, eta 30eko hamarkadatik aurrera lan hauetan parte hartu zuen: Idiazabalgo San Migel parrokiako albokoetan (1734), Loinazko San Martin basilikako erretaula nagusian eta albokoetan eta Beasaingo Andre Maria parrokiako albokoetan (1739); denak ere Ignacio Iberoren trazari jarraituz. Erretaula horiek dinamismo gutxi, oinplano zuzenak eta salomondar kolomak zituzten, eta eredu berriak dekorazioko alderdi batzuetan bakarrik aurreratzen zituzten. 40ko hamarkadako lanetan hasi zitzaion nabaritzen erretaulagintza rococoarekiko lotura. Idiazabalgo San Migel parrokiako erretaula nagusia kontratatu zuenean (1743), Irazustak emandako trazari jarraitzeko konpromisoa hartu zuen, eta, horri esker, eredu horien berri izan zuen. Ondoren, berak diseinatu zuen Astigarretako San Pedro parrokiako erretaula nagusia (1745), eta Lucas del Camino kantabriarrak egin zuen, Iparaguirre hil egin baitzen. Idiazabalen, Gipuzkoan egindako beste erretaula rococo handienetako bat dago, Irazustaren lanen ohiko eskemari jarraitzen diona: nitxo itxurako oinplano kurboa du, euskarriak oso irtenak eta zeiharka daude eta oskol itxurako atikoa du; taulek, mentsulek, ordena konposatuko eta fuste ildaskatuko kolomek eta atikoak dekorazio dinamikoa dute (kerubin buruak, arrokaia plakak, ispiluak eta girlandak); harmailen gaineko tenplete erakusketari batek eta argi naturala garden gisa hartzen duen titularraren nitxoak oso barroko bihurtzen dute erretaula. Titularraren eskultura Carmonak egin zuen, eta gainerakoak Juan Bautista Mendizabalek. Astigarretan, Mendizabalek egin zituen eskulturak, eta erretaularen antolamendua neoklasikoa da.

XVIII. mendearen 30eko hamarkadan, Juan Bautista Jauregui Bergarako arkitektoa Gasteizen herritartu zen. Araban eta Gipuzkoan egin zituen lanetan, erretaulagintza barrokotik eredu rococoetara izandako bilakaera nabaritzen da, Gasteizko Gurutze Santuaren domingotarren komentuko erretaulan parte hartu zuenetik (1730). Hurrengo hamarkadan, eskema horiek alde batera utzi eta moda berrietara egokitu zen, Miguel de Irazustaren lanen eraginagatik. Gurutze Santuaren erretaularen egitura eskema bateratuko eredu churriguereskoari jarraitu zion: gorputz erraldoi bakarra, hiru kaletan banatuta, lau salomondar kolomaren bidez, eta estipiteak dituen atikoa. Berritasuna estipiteak eta, batez ere, landarezko dekorazioa erabiltzea da. Landarezko dekorazioa zehatzagoa, dinamikoagoa eta oso liraina da, mende hasierako trinkoa eta mamitsua alde batera utzita. Honako lan hauek ere egin zituen: Oreitiako alboko erretaula bat (1732), Azkoitiko San Jose ermitako erretaula eta Galarretako (berak trazatu zuen 1734an, eta Jose Lopez de Friasek egin), Aperregiko (1735) eta Arangizko (1735; eskulturak Jose Antonio de la Conchak egin zituen) erretaula nagusiak; guztietan salomondar koloma erabili zuen. Horietaz gain, Mandojanako eta Zuhatzuko San Estebango erretaulak (1741) ere aipatu behar dira; bietan, Bernardo Monasteriok egin zituen eskulturak. Azken erretaula horretan zenbait berritasun daude; esate baterako, zintzilikarioak dituzten fuste ildaskatuko kolomak eta atikoko giltzurrun formako ispiluak, oraindik estipiteak dituztela.

Amorebietako Andre Maria parrokiako erretaula nagusiak erakusten du joera aldaketa izan zela Jauregiren lanetan (Jaureguik trazatu zuen 1743an, Ignacio de Iberoren argibideei jarraituz, eta Domingo Gutierrez eta Juan de Avendaño kantabriarrek egin zuten, 1749an); izan ere, lan horrekin gorteko ereduetako erretaulagintza rococoaren proposamenen alde egin zuen Jaureguik. Horretarako, Irazustaren ereduak ezagutzeak eta Iberoren iradokizunek lagundu zioten; pasarte honetan Iberok Bergarako erretaularen oskola jarri zuen eredutzat: "más nubes y rayos (en) la gloria del remate de dicho cascarón a imitación de la que se halla ejecutada en la parroquial de Santa Marina de Vergara". Joera hori nabarmenagoa egin zen Olaberriako San joan Bataiatzailearen parrokiako erretaula egiteko ardura hartu zuenean (1746) ¿Irazustak berak trazatu zuen, eta Diego Martinez de Arcek zenbait aldaketa egin zituen¿. Hala ere, geroko lan batzuetan, planismo handia azaldu zuen, eta oinplano lerronahasiak alde batera utzi zituen; esate baterako, Elgeako erretaula nagusiko trazan (1750) eta Audikanako (1748), Ilárrazako (1748) eta Ehariko (1753; Jaureguiren traza eta Manuel Morazaren lana) zenbait albokotan. Lan horietan guztietan, girlandak eta zintzilikarioak dituzten fuste ildaskatuko kolomak, aingerutxoen buruak dituzten mentsulak eta txinatar motiboetan oinarritutako dekorazio gutxiago (apain orraziak, batik bat) erabili zituen. Estipitea ere erabili zuen, eta, aldizka, txirla itxurako kutxak ¿edo lauak¿, irudietarako oinazpikoak dituztenak. Erretaula nabarmenenak Amorebietakoa eta Olaberriako dira. Lehenengoak oskol errematea duen nitxo formako erretaularen ereduari jarraitzen dio, baina hegoak luzatu egiten dira, garaipen arku baten modura; tenplete irten gisako nitxo batzuk ditu, titularraren gelatxoa (Ramon del Solarren eta Jeronimo de Argosen irudiak daude), eta tenplete erakusketariaren formako sagrarioa, kupula eta harmaila hirukoitza dituela. Olaberriako erretaulak ez du oskolik, ornamentazioa urriagoa da eta kolomak lisoak dira; hori dela eta, pentsa daiteke ez zela Irazustaren ereduen arabera egin, baina arrazoia beste bat izan zen. Izan ere, tenpluaren burualdeak mugatutako atiko lauan izan ezik, gainerakoa eraldatu egin zuten polikromia egin zutenean (1819), eredu neoklasikoei egokitzeko, Zumarragan gertatu zen bezala.

Juan Bautista Jauregiren koinatuak, Jose de Zuaznabar oiartzuarrak, arkitekto trebeekin izan zuen harremana (Ignacio Ibero, Tomas de Jauregui, Jose Antonio Iparaguirre eta Sebastian de Lecuona, besteak beste), eta zenbait erretaula barroko churrigueresko adierazgarritan hartu zuen parte, baina urte asko bizi izan zenez, Gipuzkoan goiz garatu ziren moda berrietara egokitu ahal izan zen. Zenbait lan egin zituen Oiartzunen (1726) eta Amezketan (1742), eta Ermuko Santiago parrokiako multzo bikainaren egilea dela uste da (c. 1742-43). Ermuko erretaula hori nitxo formakoa da, oskol batez erremataturik, eta banko garaia, gorputz bakarra, taulamendu hautsiak, euskarri aurreratuak eta Jasokundearentzako garden formako nitxoa ditu; dekorazioan zintak, fruituak eta gerra trofeoak azaltzen dira. Ezaugarri horiek Bergarako erretaularekin lotzen dute, baina errepertorio dekoratzailea estetika rococoarekin bat ez datorrenez, eta, batez ere, sei salomondar koloma erraldoi daudenez, badirudi trazatzailea ez zela ondo definitu, edo garai berrietara egokitutako aurreko traza bat egin zuela. Ermuko parrokiako zenbait alboko erretaulak, Zuaznabarrek eginak badira, adierazten dute dekorazioan eta euskarrietan estetika rococora egokitu zela.

Zuaznabarrek bezala, beste zenbait arkitektok ere beren bizitza aktiboaren zati bat erretaulagintza churriguereskoa maila gorenean zegoenean garatu zuten, eta moda berriak ustekabean harrapatu zituenez, ahalik eta azkarren horretara egokitzen saiatu ziren, bai beren kabuz, bai komitenteek aginduta. Euskal Herriko egile horien arteko nabarmenena Ignacio Ibero izan zen. Erretaulagintzan lan oparoa egin zuen, eta trazak egin zituen, batez ere. Loiolako lanetan arrakastaz hartu zuen parte, eta lanbideari buruzko ezaupideak zenbait testuren bidez aberastu zituen ¿adibidez, 1726an eskuratu zuen Frai Lorenzo de San Nicolasen arkitektura tratatua¿. Horri guztiari esker prestigioa lortu zuen, eta leku askotatik deitu zioten lanbidearen zenbait alderdiri buruzko iritzia eskatzeko. Iberok egin zituen arkitektura lanetan, eskema churriguereskoei jarraitu zien hasieran, eta, ondoren, eredu rococoaren alde egin zuen. Azpeitiko Sortzez Garbiaren komentuko erretaula nagusiko trazaren garapenean (1736) ¿Francisco Ignacio de Azpiazuk egina¿ eredu churriguereskoari jarraitu zion, dudarik gabe, bai oinplanoko garapen lauagatik (euskarri aurreratuak eta taulamenduaren haustura), bai mentsulen gaineko salomondar kolomak erabiltzeagatik, bai dekorazio naturalistagatik (zintak, zurtoinak eta loreak), nahiz eta pixka bat geometrikoa izan. Adierazgarriena Sortzez Garbiaren irudia hartzen duen tenplete erakusketaria da, kanpai formako pabiloi handia eratzen duten gortinaz inguraturik. Motibo hori Loiolako kupulan ere aurki dezakegu, armarriak babesten ¿Iberoren sinadura bihurtu zen¿. Loinazko San Martin basilikako erretaula nagusia eta albokoak salomondar kolomekin ere trazatu zuen, baita Beasaingo Andre Maria parrokiako erretaula nagusia ere (1739); biak Jose Antonio Iparaguirrek egin zituen.

Bergarako Santa Marina parrokiarekin izan zituen harremanei esker, gertu-gertutik ezagutu zuen Irazustaren traza. Horren eragina pixka bat hauteman daiteke Azkoitiko Santa Klara komentuko erretaula nagusiaren trazan (1740); erretaula Bernardo Anillok egin zuen. Bergarako erretaularen eragina atikoaren oskolean eta zintzilikarioak eta zenbait dekorazio motibo dituzten koloma ildaskatuetan adierazten da apur bat; kanpai formako pabiloiek, berriz, irauten dute. Ibero bera konturatzen da aldaketez; izan ere, Azpeitiko parrokiako San Ignazio erretaula diseinatu zuenean (1742), tailua honela egitea eskatu zuen: "a la moda que se estila en el momento"; hau da, ispiluekin, motibo asimetrikoekin, eta draperiekin. Bergarako erretaularen tasazioak (1743) aukera eman zion multzo paradigmatiko hori zehaztasunez aztertzeko, eta erreferentetzat erabiltzeko Amorebietako erretaularako Jaureguiren trazari egin zizkion gehigarrietan (1743) eta Tolosako Santa Klara komentuko erretaularako diseinatu zuen trazan (1744); erretaula horiek Francisco Ignacio de Azpiazuk eta Tomas de Jaureguik egin zituzten, eta eskulturak Tomas Gargolla kantabriarrak. Iberok erretaula eredu berria ondo ulertu eta nitxo formako oinplano bat diseinatu zuen, oskol batez erremataturik eta kale kurbatuak ¿aurreko lan lauak ez bezala¿, koloma ildaskatuak eta Bergarakoen antzeko kutxak zituela; dekorazioan, arrokaiak ziren nagusi, eta Iberoren pabiloi klasikoak ere azaltzen ziren.

Mutrikuko, Debako eta Azpeitiko (Sortzez Garbiaren parrokia eta komentua) zenbait albokoren trazak Iberok egin zituen, baita Idiazabalgo eta Amorebietako erretaula nagusien tasazio garrantzitsuak ere. Eta haren lanen aipamena bukatzeko, Loiolako santutegiko erretaula nagusia aipatuko dugu. 1739. urte inguruan hasi ziren erretaula hori egiteko lan luzeak, hurrengo urtean maisua kolomak egiten ari zen, eta 1747rako oinarrizkoa bukatuta zegoen. Berritasuna material aberats bat erabiltzea izan zen: harri noblezko inkrustazioak zituen marmola, San Ignazioren aldi baterako miliziari eta milizia espiritualari buruzko motiboak zituena. Trazari dagokionez, erretaulak ezaugarri hauek ditu: nitxo forma du eta Borrominiren eredua gogorarazten duen oinplano ahur-konbexua, erdiko kalea aurreratua du, eta galloidun oskol batez erremataturik dago. Egitura orokorra edo zenbait xehetasun kontuan hartuz gero ¿irudiak hartzen dituzten nitxoak, esate baterako¿, erretaula hori oso loturik dago Bergarako Santa Marinako erretaularekin, eta salomondar kolomek bakarrik gogorarazten dizkigute aurreko ereduak ¿baldakin gisa, sagrarioa eta santuaren irudia hartzen dituzte¿. Santuaren irudi famatua Le Grosek Il Gesú elizarako egindako estatuaren erreplika bat da, eta Francisco Vergarak zilarrez bozeldu zuen; 1758an ekarri zuten Erromatik Loiolara. Ignacio Iberoren semeak ere, Francisco Iberok , erretaulak diseinatu zituen; besteak beste, Aizarnako albokoak (1746), Azkoitiko Santa Klara komentuenak (1756; irudiak Juan Bautista Mendizabalek egin zituen), Elgoibarkoa (1761), Eibarkoa (1771) eta Ezkiokoa (1773), baita Azpeitiko Santo Domingo komentuko erretaula nagusia ere (1758; galdua). Azkoitikoek oinplano konbexua, koloma ildaskatuak eta rococo estiloko dekorazio errepertorioa dituzte, baina Eibarko Karmengo Andre Mariarena interesgarriagoa da: Borrominiren estiloko oinplanoa du, eta dekorazio gutxiago (ispilu, apain orrazi eta arrokaia bikainak). Javier Ignacio de Echeverriak ere, Ignacio Iberoren suhiak, erretaulen trazak diseinatu zituen; adibidez, Lekeitioko Jesuiten Ikastetxeko erretaula nagusia (c. 1766) ¿gaur egun, San Jose parrokia¿, nahiz eta Iberoren aurreko diseinu bat egon, Juan de Iturburuk egindako dekorazio aldaketa batzuk zituena(1759). Erretaula Domingo Lacak eta Domingo Pellonek egin zuten.

Iberotarrek eta Echeverriatarrek diseinaturiko erretaulak zenbait arkitektok egin zituzten. Esate baterako, Francisco Ignacio de Azpiazuk , besteak beste, Azpeitiko Sortzez Garbiaren komentuko eta Tolosako Santa Klara komentuko erretaula nagusiak eraiki zituen, baita Donostiako Andre Maria elizako San Ignazioren albokoa eta Azkoitiko Santa Klara komentuko albokoa ere; Domingo de Laca mutrikuarrak eta Domingo Pellon kantabriarrak Eibarko albokoa, Lekeitioko San Jose ikastetxeko erretaula nagusia eta Ereñoko parrokiako erretaula nagusia egin zituzten. Azken erretaula hori Juan de Iturburuk eta Lucas de Caminok (Ajon jaioa) trazatu zuten. Lucas de Camino Gipuzkoan bizi izan zen hogei urte baino gehiagotan, eta Bizkaian ere egin zituen lan batzuk; Debako San Jose elizako erretaula ere egin zuen ¿Iberoren traza zuen, eta hark adierazi zuenez, oinplano konbexua zuen "con raros y esquisitos movimientos"¿, bai eta Astigarretako erretaula nagusia ere, aipatutako Pellonekin elkarlanean (1754). Amasako San Martin (1763) eta Abaltzisketako San Joan Bataiatzailearen (1771) parrokietako erretaula nagusiak oskolean erremataturiko nitxo itxurako ereduaren erreferentzia berantiarrenetakoak dira, eta, gainera, estetika rococoaren dekorazio errepertorio guztia dute, baina murriztua, egileek une horretako estetika neoklasiko nagusiarekin identifikatu baitziren. Erretaula biak Juan Elias de Inchaurrandiagak trazatu zituen (1763); egile hori Francisco de Iberoren laguntzailea izan zen Azpeitiko Santo Domingo komentuan. Amasako diseinuan zenbait aldaketa egin ziren, Francisco de Azurmendi arkitekto eta eskultoreak adierazita (Alegiako, Mutiloko eta Segurako Kontzepzionisten komentuko erretaula nagusietan parte hartu zuen). Erretaula bietan Santiago Marsiliren eskulturak daude. Denboraldi horretan, beste zenbait gipuzkoar maisu ere aritu ziren; esate baterako, Antonio de Arsuaga, Juan Antonio de Iriarte, Juan Asensio de Ceberio eta Sebastian de Lecuona.

Frai Jacinto Sierra. Trazatzaile erlijiosoak Gipuzkoako rococoan

Frai Jacinto Sierra frantziskotar trazatzailea Gipuzkoan izan zen, haren ordenako bi komentutan: Segurako kontzepzionisten eta Oñatiko Bidaurreta klaratarren komentuetan. Sierratarren klaneko kidea zen, eta lantegia Medina de Riosecon zuten. Frai Esteban Lopezekin batera, Aillóneko komentutik (Segovia) Segurara etorri zen, Sortzez Garbiaren erretaula nagusia egiteko (1742). Oinplano zuzena du, eta gorputz erraldoia eta zirkuluerdi formako atikoa. Lau koloma ildaskatuk hiru kaletan banatzen dute erretaula; kolomek zintzilikario landuak dituzte, eta beheko herena nabarmenduta. Erdiko kalean, Sortzez Garbia babesteko baldakina nabarmentzen da, eta markotik tenplete exentu eta koroa erakusketari gisa irteten da. Atikoa ere interesgarria da, Koroatze taldeak antzerki jarrera baitu; irudi horiek eta gainerakoak Francisco Sierrarekin lotu dira. Oñatiko Bidaurreta komentuko erretaula (1749) askoz ere ikusgarriagoa da: arkitekturaz gain, irudi asko nabarmentzen dira, baita Francisco eta Jose Sierrak familia lantegian egindako erliebe batzuk ere. Multzoak nitxo formako erretaularen ereduari jarraitzen dio, koloma ildaskatuak eta zintzilikarioz eta ispiluz beterik dituela; Irazustak trazatutako ereduen antzekoa da ¿Frai Jacinto Sierrak berak Segurako parrokian ikusi zuen¿. Errematea ez da ohiko oskol formakoa, baizik eta kasetoiak dituen luneta ganga zati bat. Baina erretaula horren orijinaltasuna Ama Birjinaren Koroatzearen multzoa duen gelatxo monumentala da. Atikoan sortu eta ikuslearengana doa, erretaulari lotuta egongo ez balitz bezala. Argi naturaleko foku bat gangaren irekigunetik garden gisa sartzen denez, errainuek argia dute; gainera, horra iristeko aukera dago. Horrek guztiak fededuna erakartzen du, zeruko ikuskizun baten aurrean dagoela uste baitu. Gelatxo hori eta multzo osoa Toledoko gardenarekin eta nazioarteko barrokoarekin lotuta dago, Berninirekin, batez ere.

Bizkaiko erretaulagintza rococoaren garapena

Bizkaiko erretaulagintza rococoaren lanik adierazgarrienak honako erretaula hauek dira: Ermuko Santiago (1742; aipatutako zehaztasunekin), Amorebietako Andre Maria (1749; Jaureguiren traza, 1743an), Bilbaoko San Nikolas (1752; Diego Martinez de Arcek trazatua), Elorrioko Sortzez Garbiaren (1754; Diego Martinez de Arcek trazatua) eta Aulestiko San Joan Bataiatzailearen (1755; Silvestre Soriak trazatua) elizetako erretaulak. Eredu horiek, Bergarako Santa Marina elizakoarekin batera, zenbait bizkaitar arkitektok hedatu zituzten Bizkaiko Jaurerri osoan; adibidez, Ignacio Ibarrechek, Juan de Urquizak, Juan de Iturburuk eta Jose de Urrutiak. Arkitekto horiek Lekeition kokatu ziren. Horietaz gain, beste arkitekto batzuek ere garrantzi gutxiagoko Bizkaiko erretaulak egin zituzten, horietako batzuk, Bizkaiko erretaulagintzan ohikoa zenez, kantabriarrak ziren.

Ignacio Ibarreche lekeitiarra harrizko lanen arkitekto gisa aritu zen, batez ere, erretaulen arkitekto lanetan baino gehiago. Bilakaera orokorrean garrantzi gutxi izan zuten zenbait alboko erretaula egin zituen, hasierakoak churriguereskoak, eta azkenak rococo estilokoak. Amorotoko Arrosarioko Andre Mariaren erretaulak (1737) eta Ereñoko Arrosarioko Andre Mariarena eta San Pedrorena (1743) salomondar kolomak, estipiteak eta eguneratutako oinplano konbexua dituzte ¿Ereñon, dekorazioak argi azaltzen ditu motibo berriak¿. Eako Kontsolazioaren Andre Maria elizako erretaula ere egin zuela uste da (c. 1735). Rococoak dira, berriz, Lekeitioko San Jose parrokiako San Estanislao Kotskakoaren eta San Pedroren erretaulak (1743; lehenago Jesuiten ikastetxea), Lekeitioko Andre Maria elizako Kristo Santuaren erretaula (1748) eta Ondarroako Andre Maria elizako Arimen erretaula (1750). Erretaula horien oinplanoa, euskarriak, fuste ildaskatuko kolomak eta dekorazioa (zintzilikarioak, draperieak, gortinak, arrokaiak batzuetan, forma moztuak) rococoak dira. Ibarrecheren eguneratzean oso adierazgarria izan zen Ignacio Iberorekin 1747an egin zuen Olaberriako erretaularen tasazioa, eta oso nabarmena 1748tik aurrera.

Juan de Urquizak , Ibarrecheren ofizialak, askoz lan gehiago egin zituen, eta bizitza aktibo luzea izan zuenez, erretaula neoklasikoak ere egin zituen. Lekeition herritartu zen, eta geroago Durangon. Badakigu lan harremanak izan zituela Jose de Urrutiarekin eta Juan de Munar eskultorearekin. Urquizaren lehen lan garrantzitsua Bermeoko Andre Maria parrokiako erretaula nagusia izan zen (1745). Erretaula horren ezaugarriak hauek dira: oinplano konbexua ¿silueta moztuen eskumuturrekoak dituela¿ eta arrokaien, zinta tolestuen eta palmeten bidezko dekorazioa, baina salomondar kolomei eutsi zien (Zuaznabarrek eta Ibarrechek bezala), aipaturiko dekorazio rococoz beterik. Euskarri hori Ermuko Andre Maria elizako erretaula nagusian bakarrik (1754) erabili zuen berriro, baita oinplano lineala ere ¿aurreko traza batena, beharbada¿. Markinako Ziortzako kolegiatako San Joseren eta Arrosarioko Andre Mariaren ¿Luis Salvador Carmonak egindako irudia du¿ erretaulek (1746) egilearen jarduera aldaketa adierazten dute, Madrildik bidalitako trazei jarraitu behar baitzien ¿koloma ildaskatuak eta Borrominiren estiloko oinplano lerronahasia¿. Une horretatik aurrera, Urquizaren lanek erretaula rococoaren ereduari jarraitzen diote; adibidez, Mundakako Andre Mariaren erretaula nagusiak eta albokoek (1752; irudiak Juan de Munarrek egin zituen), Mendatako San Migel parrokiako albokoek, eta Amorebietako Larreako karmeldarren komentukoek (1767). Beste lan hauek, berriz, neoklasikoak dira: Durangoko San Bizente ermitako (1778) eta Abadiñoko San Torkuato parrokiako erretaula nagusiak (1782); parrokia horretako albokoak, berriz, neoklasikoak dira ¿Jose Ignazio semearen traza dute¿. Lan horien artean, Mundakako erretaula da azpimarratzekoa: oinplano konbexua du, girlandaz eta arrokaiaz apaindutako koloma ildaskatuak eta kupula batez koroaturiko sagrario erakusketari bat.

Bizkaiko erretaulagintza rococoaren lan funtsezkoenetako bat, ikusi dugun bezala, Bilbaoko San Nikolas parrokiako erretaula nagusia da, Arzek trazatua eta Juan de Aguirrek eta Juan de Iturburuk egina, 1752tik aurrera. Juan de Iturburu lekeitiarrak harreman ona izan zuen Juan de Urquizarekin, eta Bilbaon egin zuen lan hori ikastaldi ezin hobea izan zen, erretaula horren eta Amorebietako erretaula nagusiaren itzala (oskola egiteko lanetan parte hartu zuen; c. 1752) beste zenbait lanetan hautematen baitira; hala nola, Bilbaoko San Nikolas parrokiako alboko batzuetan (1752 eta 1756), Amorebietan (c. 1761; eskulturak Juan de Munarrek eginak) eta Lezaman (1773; eskulturak Geronimo de Argosek eginak). Halaber, badakigu dekorazio elementu batzuk gehitu zizkiola Iberok Lekeitioko Jesuiten erretaularako egin zuen trazari (1759). Multzo horietan elementu hauek azaltzen dira: Borrominiren estiloko oinplanoak, erdiko kale aurreratua, itsatsitako motiboak dituzten koloma ildaskatuak eta arrokaien, ispiluen eta zintzilikarioen bidezko dekorazioa. Ereñoko San Migel parrokiako erretaula nagusia desberdina da ¿agian, geroago egin zelako¿; Iturburuk trazatu zuen (1776) eta Domingo de Lacak eta Domingo Pellonek egin zuten (1778). Mugimendu gutxiko oinplano oktogonala du, eta oraindik koloma ildaskatuak eta pilastrak ditu, baita rococoaren dekorazio errepertorio guztia ere. Arau neoklasikoetarako aldaketa hobeto hautematen da Mujikako San Bizente parrokiako erretaula nagusian (1781); oinplano lerronahasi dinamikoa eta erdiko kale aurreratua du, baina fuste lisoko kolomak erabiltzen ditu, eta dekorazioa asko murrizten da; izan ere, eraikitzeko baldintzetan, modako apaingarriak eta "jaramalla" gutxi eskatzen ziren. Jose de Urrutia arkitektoa ere Lekeitioko taldekoa izan zen, nahiz eta Irunen jaioa izan. Egile hori arestian aipatu dugu, Aulestiko San Joan Bataiatzailearen parrokiako erretaula nagusian parte hartu zuela aipatu dugunean (1755).

Gorteko rococoaren egokitzapen berezia araban

Gasteizko katedraleko erretaula nagusian egindako berrikuntzak 1741 eta 1745 artean (beirateak eta ispiluak, Ama Birjinarentzako pabiloi berri batean), eredu aldaketaren erreferentzia datatzat har daitezke. Halaber, denboraldi horretan, Juan Bautista Jaureguik Zuhatzuko San Esteban parrokiako erretaularen ardura hartu zuen (1741). Jaureguik, ikusi dugunez, erretaula churriguereskoak eginak zituen (Gasteizko Gurutze Santuaren komentuko erretaula nagusia eta Galarretako, Aperregiko eta Arangizko parrokietako erretaula nagusiak). Zuhatzuko San Estebanen, zintzilikarioak zituzten koloma ildaskatuak eta giltzurrun formako ispiluak erabili zituen. Arabako beste lan batzuetan ere elementu horiek eta beste zenbait erabili zituen (adibidez, arrokaiak, apain orraziak eta estipitea), baina beti egitura lau batean; esate baterako, Elgeako erretaula nagusian, Audikanako, Ilárrazako eta Ehariko (Manuel Morazak egina) albokoetan.

Julian de Roquenik egindako lana eredu churriguereskoen eta erretaulagintza rococoaren erdibidean dago. Izorian jaio zen, Urduña ondoan, eta, hasieran, inguru horretako zenbait lanetan hartu zuen parte: Urduñako Gertaera Oneko ermitako erretaulan (1731) eta Artziniegako Agustindarren komentuko Kristo Santuaren erretaulan (1731). Ondoren, Arabako erriberara joan zen, Rivabellosako Arrosarioko Andre Maria parrokiako erretaularen ardura hartzeko (1740). Herri horretan, Remedioetako Andre Maria elizako alboko erretaularen traza eta baldintzak egin zituen (1747) ¿Manuel Morazak eraiki zuen¿, eta Rivagudan, Sortzez Garbia elizako alboko erretaularena. Artziniegako erretaula, gaur egun, lan neoklasikoa da, eta zerikusi gutxi du Roqueniren lanarekin, nahiz eta Madrildik ekarritako traza bat ezarri zioten. Rivabellosan ere Jose Lopez de Friasen aurreko traza bati jarraitu zion; hori dela eta, erretaula berean daude, batetik, salomondar kolomak ("akogollatuak"), eta, bestetik, fuste lisoa, beheko herena ildaskatua eta oihal zintzilikatuz eta ispiluz beteriko beste batzuk, eta atikoan estipiteak eta ostikoak. Baina Roquenik dinamismo nabarmena eta dekorazio xehe eta urduria eman zion multzoari. Bere gustu artistikoak Rivabellosarako alboko erretaula bat egiteko baldintzetan adierazi zituen: "orden composita"ko kolomak, horien desbideratzeak oinplanoan adierazita, eta, beraz, Vignolaren antolamenduei jarraitzea ("las cañas astriadas y encima de dichas astrias sus pendientes de buena talla y de tercio sus pañetes o cintas abrazando dichos pendientes"). Ezaugarri horiek Rivagudako erretaulan ere ikus daitezke. Errioxan ere egin zituen lanak (San Vicente de la Sonsierra).

Baina Arabako rococoaren maisurik nabarmenena Manuel Moraza izan zen. Egile horren bizitza profesionalari buruzko alderdi askoren berri dugu, baita horren produkzio oparo gehiena ere. Estiloari dagokionez, moda berrietara oso ondo egokitu zen, eta azken lanetan, Jose semearekin batera, neoklasizismoarekin loturiko erretaulak eraiki zituen. Villanueva de la Ocan jaio zen, eta aukerarik onena herri horretara Juan Anjel de Nagusia 1730ean herriko parrokiako erretaula nagusia egitera joan zenean izan zuen. Juan Anjel de Nagusia XVIII. mendearen lehen zatiko erretaulagintza barrokoaren egile nabarmenetakoa izan zen, baita Lizarrako lantegiaren burua ere. Juan Anjel de Nagusiaren aprendiza izan zen Moraza, eta harekin joan zen Lizarrara. Han lanean aritu zen, eta maisuaren alabarekin ezkondu zenean, dirua eta arkitekto lanbidearen materialak hartu zituen ezkonsaritzat. Nagusia zendu zenean, lan batzuk egin zituen Nafarroan Jose Perez de Eulaterekin elkarlanean, gotzaindegiko ikuskatzaile izango zenarekin, eta, azkenean, jaioterrira itzuli zen 1744an. Hasieran, Añastrora, gero Villanueva de la Ocara eta 1749an Gasteizera. Gasteizen familia lantegi emankorra eratu zuen, eta, bertan, 1740tik mendea bukatu arteko ia erretaula guztiak egin ziren. Haren erretaulen irudiak Gregorio Valdivielsok, Manuel Romero Puellesek, Juan Jose de Murgak eta Bernardo Monasteriok egin zituzten.

Arabako zenbait tenplutan, Bizkaiko batean eta Burgosko beste batean, Manuel Morazak trazatutako edo egindako erretaulak dituzte aldare nagusietan. Honako hauek dira: Araicoko San Kosme eta San Damian (1749), Gamarra Nagusiko Jasokunde (1753), Apodakako San Martin (1753), Suzanako Magdalena (1754, Burgos), Faidoko San Migel (1755), Antoñanako San Bizente (1755), Apellanizko Jasokunde (1762), Antezana de Forondako San Migel (1763), Marietako Gurutze Santu (1767), San Martin de Galvaríngo San Migel (1768), Zamudioko San Martin (1772), San Román de Campezoko Natibitatea (1772) eta Argandoñako Santa Columba (1777) parrokiak. Horietaz gain, alboko erretaula asko egin zituen Añastron, Cuchon, Rivabellosan, Apodakan, Eharin, Zuhatzun, Barriako monasterioan, Labastidan, Antoñanan, Arangizen, Antezana de la Riberan, Antezana de Forondan, Apellanizen, Zamudion eta iraun ez duen Gasteizko Santo Domingo komentuan.

Halako lan oparoak, jakina, bilakaera bat izan zuen, eta Lizarran ikasitako oinarri churriguereskoetatik neoklasikoetara igaro zen, eta, tartean, rococo ereduko lanak egin zituen (gehienak). Oro har, Morazaren erretaula handiek honako ezaugarri hauek dituzte: nitxo formako oinplanoa, mugimendu leuna, kale lauak, hiru gunetan egituratutako oskol itxurako errematea (oso apaindua) eta bi ate simetriko oinarrian ¿ezaugarri horiek Gipuzkoako ereduak gogorarazten dizkigute, baina Morazak ez zituen guztiz ulertu¿. Erdiko kaleko gelatxoa zatitutako frontoi kiribildu batez daude koroatuta, eta alboetako txirla itxurako nitxoak ertzak dituzten kupula erdiz dago koroatuta. Erretaula berean eta etengabe, bi koloma mota erabili zituen: erraboilduna eta lisoa. Bietan, fuste ildaskatua erabili zuen goiko herenean, eta gainerakoa dekorazio motiboz bete zuen; estipitea ere erabili zuen oso berandu arte. Azken erretauletan bakarrik aurkituko ditugu fuste osoa ildaskatua duten kolomak. Euskarriak eta mentsulak zeiharka daude oinplanoarekiko. Lehen lanetako dekorazio errepertorioa naturalista eta xehea da, eta geometrizaziorako joera du; geroago, zintzilikatutako oihal bertikalak eta ikoroski formakoak, plaka moztuak, ispiluak eta kolomen fusteak zeharka biltzen dituzten zintak ditu; eta azkenean, panel osoak hartzen dituzten eta koloma ildaskatuei atxikitzen diren arrokaia bikain handiak. Ia erretaula guztiek jarraitzen diote eskema horri, honako hauek izan ezik: Apodakakoak (atiko mailakatua eta koloma lisoak ditu), Argandoñakoak (neoklasikoa da, ia dekoraziorik gabea, eta koloma lisoak eta oskola ditu) eta Zamudiokoak (Morazaren lanik rococoena izango da ¿traza beste egile batena delako, beharbada¿, bai egiturari dagokionez, oinplano lerronahasia baitu, bai dekorazioari dagokionez). Antoñanan eta Zamudion daude, agian, Morazaren sagrariorik, kupuladun tenplete erakusketaririk eta arrokaia bidezko dekoraziorik onenak. Dokumentuen arabera, Langraiz Okako Jasokundearen parrokiako erretaula nagusia (1767) Andres de Sarasuari ordaindu zitzaion, baina traza, segur aski, Morazak egin zuen, bere lanen antzekoa baita. Gasteizko lantegiak beste artista dinastia batekin jarraitu zuen: Rubiotarrekin. Horietako batek, Roque Rubiok , Legardako (1774), Gobeoko (17819) eta Junguituko (1784) erretaulak egiteko ardura izan zuen; baina erretaula horietan, neoklasizismoaren espiritua sartuta zegoen ordurako.

Francisco Alvarez de Castañedak eta haren anaia Josek Arabako hegoaldean egin zituzten lanak, Lagranetik ¿han bizi izan ziren denboraldi batez¿ Errioxaraino, eta lanen bat iparraldean. 40ko hamarkadaren aurretik hainbat alboko erretaula egin zituzten; adibidez, Urduñan, Villafrían, Mesanzan, Villabuenan, Lapuebla de Labarcan eta Laguardian. Horien artean, nabarmenena Ondategiko Kristo Santuarena da (1740); erdiko kalea aurreratua eta albokoak zeiharka ditu, zurtoin jori eta zehatzen bidezko dekorazioa eta erraboiladun kolomak ("las dos partes de las columnas compuestas de dos tercios y lo demás ha de ser astreado"). Lanik adierazgarriena Labrazako San Migel parrokiako erretaula nagusia da (1750); erraboiladun koloma monumentalak ditu, eta kolometan arrokaia dago dekorazio motibo gisa. Arabako hegoaldean, Francisco Sabando izan zen arkitektorik garrantzitsuena. Labastidan jaio zen, eta San Fernando Arte Ederretako Akademian ikasi zuen; kontratuetan, "profesor de arquitectura" izendapena ematen zioten. Jaioterrira itzuli eta Logroñon kokatu zuen lantegia. Hasieran, erretaula rococoak egin zituen; esate baterako, Salinillas de Burandóneko Jasokundearen parrokiako erretaula nagusia (1775), edo alboko erretaula bat Elciegon. Geroago, neoklasizismoaren aitzindari izan zen Laguardiako San Joanen eta Vianan, baita Zumarragan ere ¿ikusi dugun bezala, Tomas de Jaureguiren erretaularen tailuak eraldatzeko agindu zuen¿. Salinillas de Burandónekoa oskol itxurako erretaula monumentala da, haustura askoko Borrominiren ereduko oinplanoa du, eta koloma ildaskatuak eta arrokaien, zinten eta hostotza asimetrikoen bidezko dekorazioa.

Kantabriako maisuak

Aurreko garaietan baino kantabriar arkitekto gutxiago aritu ziren denboraldi horretan Euskal Herrian, eta, gainera, beste maisu batzuek diseinaturiko trazei jarraitu zieten; beraz, garbi dago galdu egin zutela erretaulagintza churriguereskoan izan zuten eginkizun gidatzailea. Guztiz kontrakoa gertatu zen eskulturan, irudi gehienak eskultore kantabriarrek egin baitzituzten. Bizkaian eta Gipuzkoan, eskultore nabarmenenak hauek izan ziren: Bernardo del Anillo (Meruelo), Domingo Gutierrez (Liendo), Juan de Avendaño (Liendo), Francisco de la Lastra (Bareyo) eta Francisco de la Piedra Delgado (Santoña). Bernardo del Anillok Lezamako Andre Maria parrokiako erretaula nagusia egin zuen (1739), baita Zarauzko San Joan Bataiatzailearen komentukoa (c. 1739), Azkoitiko Santa Klara komentukoa (1740; Ignacio Iberok trazatua) eta Dimako San Pedro parrokiako lehengo erretaula ere (c. 1747). Lezamakoak gutxi bilakatutako oinplanoa du, baina euskarriak, koloma ildaskatuak eta dekorazioa eguneratuta daude. Domingo Gutierrezek eta Juan de Avendañok Amorebietako Jasokundearen parrokiako erretaula nagusia egin zuten (1749), Jaureguiren trazari jarraituz. Francisco de la Lastra izan zen Erandioko Andre Maria parrokiako erretaula nagusiaren egilea (1762), eta Francisco de la Piedra Delgadok Gordexolako Isasiko Andre Maria santutegiko erretaula nagusia egin zuen (1772) ¿arkitekto hori 1759an Errioxan zegoen, Bañaresko erretaula monumentalaren kontratazioa egiten¿. Lucas del Camino ere kantabriarra zen, baina arestian aipatu dugu, Ignacio Iberoren lana aztertzean. Urduña inguruan, Marcos de Sopeña eta Bernardo de San Miguel aritu ziren. Marcos de Sopeña Liendon jaio zen, eta Araban eta Bizkaian lan egin zuen. Retes de Tudelako Magdalena parrokiako (1763) eta Artzentalesko Traslaviñako Andre Mariaren parrokiako (1768) erretaula nagusiak egin zituen, baita Galdamesko San Pedro elizako tabernakulua eta alboko erretaulak ere Luiaondon eta Llodion. Erretaula horiek ezaugarri hauek dituzte: oinplano lerronahasiak, girlandak eta arrokaiak dituzten koloma ildaskatuak eta txinatar motiboak dituen dekorazio trinkoa eta tamaina handikoa. Sojogutiko Deikundearen parrokiako erretaula ere antzekoa da (1769), Bernardo de San Miguelek egin zuen (Ajon jaioa), eta eskulturak Bernardo Monasteriok.

Tradizioaren eta akademiaren artean. Erretaulagintza rococoaren eskultura

XVIII. mendearen bigarren hereneko erretauletan, eskultura asko eta kalitate onekoak daude; aurreko fasekoak, berriz, kalitate gutxikoak izan ziren. Erretaula churriguereskoetan irudi gutxi egin ziren, baina rococoetan irudi asko azaltzen dira. Gorputz nagusian, lehen bezala, titularra eta bi santu agertu ohi dira, baina inguruan, mentsula, oinazpiko eta frontoi gainean, askoz irudi gehiago daude, baita aingeru multzo bat ere. Atikoan, Kalbarioko taldea baino ez zegoen lehen, baina rococoan, atikoan zeruko ganga islatu, eta gloria barrokoa zabaltzen da, nitxoetan, mentsuletan edo taulamenduetan dauden irudi askoren bidez. Hasieran, erretaula rococoaren egitura irudi gutxi hartzeko antolatuta zegoen, nitxoak kontuan hartuz gero; baina, oinazpikoetan, frisoetan, taulamenduetan edo frontoietan askoz gehiago hartzeko prestatuta zegoen. Dekorazioa urritzen hasi zen, linea arkitektonikoen mesedetan, eta linea horiek oso ondo hartzen zituzten irudiak. Oro har, mukulu eskulturak dira, eta erliebeak oso gutxi azaltzen dira. Dena dela, erliebeak 70eko hamarkadan azaldu ziren berriz ere, eta ia erdiko kale osoa hartu zuten; gainera, tamaina handia zutenez, erretaularen elementu nagusiak ziren.

Eskulturak kalitate handikoak dira, eta horri asko lagundu zion gorteko eskultoreak bertan aritzeak; adibidez, Luis Salvador Carmona. Carmonak, ohiko baliabide barrokoaz gain, Berniniren eragina eta teknika akademiko bikaina erabili zituenez, maila handiko lanak lortu zituen. Italiako eskultorearen eragina nabarmena izan zen: zenbait irudiren jarrera deklamatorioak, tentsio dramatikoa eta eszenografia. San Fernando Arte Ederretako Akademiak sustatu zuen eskultura barrokoaren aldaketa kualitatibo hori, eta Euskal Herrian ere sumatu zen. Eskultoreek, estanpa errepertorio klasikoaz gain, Berniniren eta XVII. mendeko irudigile nagusien lanak eta Riberaren grabatuak zituzten esku artean. Ikonografiari dagokionez, zenbait aldaketa esanguratsu egin ziren; izan ere, titularraren ondoan, San Pedro eta San Paulo agertzen ziren artean, baina beste batzuk ere azaltzen ziren haien ordez (San Joan, Santiago, San Jose eta tokian tokiko beste zenbait). Beste aldaketa garrantzitsuagoa, atikoko Kalbarioaren ordez, gloria barroko bat jartzea izan zen: Ama Birjinaren Jasokundea, hodeiz, aingeruz eta apostolu kolegioaz inguratuta, eta zeruan Hirutasuna, Ama Birjina koroatzeko zain dagoela. Aingeruak erretaula osoan zehar daude; atikoan, musika tresnekin, Ama Birjinaren etorrera goresteko; eta gorputz nagusian, pasioaren tresnekin, baina desberdinak, logikoa denez. Beste berritasun bat atikoan bertuteak azaltzea da. Komentuetako erretauletan ez da hori gertatzen, Ordenaren ikonografia baita nagusi, eta haien santuak azaltzen dira, Jasokundearekin edo Sortzez Garbiarekin batera. Alboko erretaula asko Arrosarioko Andre Mariaren edo beste herri kofradia batzuen izenpeko egin zuten, eta beste batzuk Kristo Santuari eskaini zizkioten, bai herriak debozioa ziolako, bai erretaula nagusietako atikoetatik aldatu zutelako. Gortetik etorritako eskultoreez gain, Kantabriatik ere asko etorri ziren ¿lantegiak Euskal Herrian kokatu zituzten¿ eta bertako eskultore batzuk ere izan ziren.

Kanpoko lanak Euskal Herrira heldu ziren, bai arkitekturen baten beharragatik, bai kontzejuren baten interesagatik, bai Euskal Herritik kanpo bizi ziren euskaldunen ekimenagatik; zenbaitetan, gainera, bertako eskultoreen erreferentea izan ziren. Horietako batzuk, lantegi tradizionalean ikasitakoaren ordez, Arte Ederretako Akademian ikasitakoa erabili zuten. XVII. mendearen 40ko hamarkadatik aurrera, zenbait eskultore gailenek Euskal Herrian egin zituzten irudiak eta erliebeak; adibidez, Luis Salvador Carmonak, Juan Pascual de Menak eta Francisco eta Jose Sierrak. Bertako eskultore batzuk haien jarraitzaileak izan ziren (adibidez, Juan Bautista Mendizabal), baita zenbait kantabriar (Acebo, Argos, Munar, Monasterio, etab.) eta burgostar ere (adibidez, Gregorio Valdivielso), eta eskultura rococo aberatsak eta era askotakoak egin zituzten. Horietaz gain, egile ezezaguneko edo esleitutako lan asko daude Madriletik, Gaztelatik, Andaluziatik, Frantziatik, Italiatik edo Filipinetatik ekarriak, eta hemen ezin denak aipatu.

Gorteko eskultura Euskal Herrian: Luis Salvador Carmona eta Juan Pascual de Mena. Oñatiko Sierratarren lantegia

Miguel de Irazustak Bergarako Santa Marina elizako erretaula nagusia 1739an kontratatu zuenean, eskultura Madriletik ekartzeko konpromisoa hartu zuen ("ejecutada por artífice de toda satisfacción"). Irazustak Luis Salvador Carmona (Nava del Rey, 1708-1767) aukeratu zuen, XVIII. mendeko eskultore onenetarikoa. Carmonak Madrilen ikasi zuen lanbidea, Juan Antonio Villabrille y Ronen lantegian, Erregeren Jauregiko eta La Granjako lan handietan hartu zuen parte, Arte Ederretako Akademiaren sorrera bultzatu zuen eta " Teniente Director de Escultura " kargua izan zuen Akademian. Halako ezaupideak izanik, irudigintza barrokoaren tradizioa eta gorteko eskultura rococoaren kontzeptu berriak batu zituen bere estiloan. Maisuaren eta XVII. mendeko irudigile ospetsuen eraginez (adibidez, Gregorio Fernandez eta Pedro de Mena), Carmonaren lana herrikoia eta barrokoa izan zen; eta Juan Domingo Olivieriren eraginak ¿prestakuntza osatu zuen harekin¿, eta Errege Eraikinetan egin zuen lanak zuzentasun teknikoa eta rococoaren errealismo leuna eta atsegina eman zioten. Baina Carmonaren lanetan, Berninik izan zuen eragin handiena bai Akademiak zituen Berniniren irudien kopien bidez, bai italiar eskultoreekin izan zituen harremanen bidez. Dualtasun estilistiko hori lanen materialetan ere hautematen zaio, harria (eskultura ofizialetan) nahiz zura (erlijio eskulturetan) landu baitzituen. Euskal Herrian, Bergarako erretaula nagusiko irudiak (1739-42) eta Arimen (1743), Arrosarioko Ama Birjinaren (1742) eta San Migelen alboko erretauletako irudiak egin zituen lehendabizi; ondoren, Seguran (1743-47), Idiazabalen (c. 1743), Ziortzako kolegiatan (1745) eta, azkenik, Loiolan (1763-65) egin zituen lanak. Araban irudi asko egin zituela uste da; Carmonaren estilotik gertuen dagoena, beharbada, Lezamako Arrosarioko Ama Birjina da (1756).

Carmonak Bergararako egin zituen eskulturen artean ("mayores que el natural"), Santa Marina titularra eta haren martirioa erakusten duen erliebe bat daude; lan horiek Berniniren Longinos irudiaren kutsua dute. San Abdon eta San Senen persiar nobleak, ekialdeko luxuzko jantziak dituztela, Erregeren Jauregiko erregeen estatuetatik gertu daude. Baina Bergarako irudirik bikainenak alboko erretauletakoak izango dira, segur aski: Arrosarioko Ama Birjina, Santa Teresa eta San Migel. Lehenengoa arrakasta handia lortu zuen serie baten lehendabiziko irudia izan zen; Carmonak berak zenbait erreplika egin zituen Ziortzako kolegiatan eta Loiolako basilikan (Babesne Ama Birjina), eta bertako santu egileek imitazio asko egin zituzten. Mariak Haurra du besoetan, eta aurpegi leunez fededunarekin mintzatzen da, begiradaren eta eskuineko beso aurreratuaren bitartez, eta zeharka dauden izur multzo handi batek zurruntasuna saihestu, eta jarrera mugikorra ematen diote irudiari; irudigintza tradizionalaren eta gorteko rococoaren leuntasunaren arteko sintesia da irudia. Santa Teresa estasian eta idazten ari dela bikain irudikatu zuen egileak; aurpegiak Berniniren lanak ekartzen dizkigu gogora, eta oihalak funtsezko planoetara murrizteko ahaleginak, berriz, Menaren eragina gogorarazten digu. Deabrua garaitzen ari den San Migelen irudiak edertasun ia femeninoa du, eta contraposto ederrean mugitzen da, jantziaren izurrek lagunduta; irudi hori ere serie baten lehendabiziko irudia izan zen Carmonaren lan produkzioan. Luma apaingarria duen kasketaren eta hegalen kalitateak eskultorearen teknika handia erakusten du; elementu horiek Idiazabalgo San Migelen errepikatu zituen. Segurako erretaulan dauden berrogeita bi irudien artean, San Joan Bataiatzailerena eta San Joserena dira nabarmenenak ¿bertako santu egileek imitatu zituzten¿, baita Jasokundearen multzo eszenografikoa ere: oinetan apostolu kolegioa du eta behetik gorako perspektiban dago antolatuta, irudi guztiak ikus daitezen. Barrokoaren antzerki izaera eta efektismoa gelatxoaren bidez lortzen dira; gelatxoak naturaz gaindiko eszena hori argiztatzen du, baita besoak zabalik dituen eta hodeien artean eserita dagoen Ama Birjina ere ¿airean dagoela dirudi¿. Zumarragako Ama Birjinaren irudia Jasokunde horren erreplika da (Juan Bautista Mendizabalek egina). Loiolako basilikan, Carmonaren hiru irudi daude. Batetik, San Estanislao Kostkakoa eta San Luis Gonzaga jesuita martiri gazteen irudiak hodeizko oinazpikoen gainean daude, goretsiak; lehenengoak Haurra du besoetan, santuaren aurpegi irribarretsu eta leuna laztantzen ari dela. Bestetik, Babesne Ama Birjina Bergarako ereduari jarraituz egin zuen, egilea gaixorik, eta ikusmen arazoak zituela; gainera, etsipen handia zuen, Akademiako Eskultura Zuzendari izendatu ez zutelako ("poseido de melancolía que apenas puede dar un golpe"). Euskal Herrian, Carmonak dizipuluak izan zituen (adibidez, Manuel Acebo), baita jarraitzaileak ere (esaterako, Juan Bautista Mendizabal, Juan de Munar eta Jeronimo de Argos, eta, neurri txikiagoan, Gregorio Valdivielso).

Juan Pascual de Menaren estiloak rococo akademikoagora egin zuen; hau da, barroko tradizionalaren dinamismoa eta gehiegizko espresibitatea nahita utzi, eta ageriko neoklasizismoa landu zuen, Carmonak ez bezala. Carmonarekin oso lehia profesional bizia izan zuen, eta norgehiagoka gogorra Akademian. Arte Ederretako Akademiako Eskultura Zuzendaria eta, azkenean, Zuzendari Nagusia izan zen. Badakigu Erregeren Jauregiko lantegian aritu zela, Felipe de Castrorekin loturarik izan zuela eta harrizko eskulturak egin zituela (Neptunoko iturria), baita zurezko lan asko ere ¿hor sartzen dira Euskal Herrian egin zituen eskultura lanak¿. Bilbaoko San Nocivas elizako erretaula nagusian (Martinez de Arce izan zen trazatzailea, eta Juan de Aguirrek egin zuen) eta horren albokoetan, Menak egindako irudiak daude. Irudiok egiteko, Menak Bilbaora lekualdatu zuen lantegia, 1754. eta 1756. urte artean ("por que no padescan menoscabos las hechuras en el conocido riesgo de conducción por los caminos"). Soraluzerako ere zenbait irudi egin zituen (Andre Maria Doloretakoa eta San Jose), eta Bilbaoko San Anton elizako San Roke, San Sebastian, San Antonio eta Sortzez Garbiaren irudiak egin zituela uste da, baita Antezana de Forondako Arrosarioko Ama Birjinarena ere (c. 1763) ¿irudi hori Madriletik ekarri zuten¿. Bilbaoko San Jose (Pedro de Menaren eragina antzematen zaio), San Nikolas, San Lazaro, San Antonio eta San Joaquinen irudiek espresio atsegina dute, idealizazio klasiko apur batekin, eta zuzentasun teknikoa, konposizio estatikoa eta plano zabaleko oihalak izatea dira irudi horien ezaugarriak; Pietatearen irudi akademikoa da nabarmenena. Forondako Ama Birjinaren tailu ederrak Carmonaren eskema ekartzen du gogora, baina keinu, izur mugimendu eta aurpegi neurritsuagoak dituenez, eskultura klasikoarekin lot daiteke, espresio atsegina eduki arren.

Gorteko eskultore horien ondoan, Francisco eta Jose Sierra kokatu behar dira. Medina de Riosecoko lantegi emankorraren kide horiek eskultura rococoa ekarri zuten Euskal Herrira, eskultura atsegina eta tradizioari estu lotuta, hain zuen ere. Oñatiko Bidaurreta komentuko erretaula (1749; Frai Jacinto de Sierrak egina), Frai Jacintoren anaiek egindako eskulturaz beteta dago ("ciento veinte bultos"). Sierratarren lantegi ospetsuak hartu zuen multzo monumental hori egiteko ardura, eta Franciscok eta Josek parte hartu zuten. Erretaula horretan, ordenako santuak, beste santu herrikoi batzuk, Mariaren gurasoak, San Joan, San Jose eta, batez ere, denen buruan dagoen Jasokundea azaltzen dira, eta Apokalipsiaren inskripzioak dituzten medailez erremataturik dago. Irudi horietako aurpegiek rococoaren grazia eta samurtasuna adierazten dute, baina guztietan dinamismo pixka bat, besoen eta hanken aurrerapena eta jarrera deklamatorioa hautematen dira. Jasokundea-Koroatze multzo argitsua gailentzen da, barrokismoz beterik; eskema irekia du eta fededunengana hurbiltzen da, hodeiz, errainuz eta gardenetik sartzen den argi naturalez inguratuta, eta leku hori fededunaren aurrean gertatzen ari den mirari baten eszena bihurtzen da.

Eskultoreak eta Santu egileak, Carmonaren eragina bertako maisuengan

Juan Bautista Mendizabal I gipuzkoarra Luis Salvador Carmonaren jarraitzaile onenetarikotzat hartu izan da; izan ere, gorteko maisuaren irudiak zuzen-zuzenean ezagutu zituen Idiazabalen eta Lesakan. Itxura denez, Simon Gavilan Torrerekin aritu zen elkarlanean Leongo katedraleko erretaula nagusian (1740). Hori hala balitz, Mendizabalek Tometarren inguruan lan egingo zuen Gaztelan, Simon Gavilan Antonio Tomeren iloba baitzen. Calahorran ere jardun bide zuen, Camporredondorekin, eta Zaragozan, Jose Ramirezekin. Euskal Herrian egin zituen lanetatik ondoriozta daiteke denboraldi luzeak egin zituela kanpoan, eta denboraldi horiek bat etor daitezke aipatutako artistekin izan zuen lankidetzekin. Eibarren ireki zuen bere lantegia, Hilario anaia zaharrarekin batera, eta harekin lan egin zuen hasieran (Eibarko erretaula nagusiaren azken lanak 1736-39). Han jardun zuen hil arte, eta haren semeak, Juan Bautista Mendizabal IIak (eskultore neoklasikoa) jarraitu zuen dinastia.

Gipuzkoan aritu zen gehienbat, baina baita Bizkaian, Nafarroan eta Araban ere. Mendizabalen irudiak erretaula hauetan daude: Berrizko Audikanako Ama Birjinarenean (1735 eta 1743; San Joan Bataiatzailearen irudiak iraun du), Idiazabalgoan (1744; irudia guztiak daude, titularrarena izan ezik), Astigarretakoan (1745; hiru irudi), Lekeitiokoan (1745; San Joan Bataiatzaile bat), Lesakakoan (1753), Azkoitikoan (1753; Santa Klara komentuko alboko erretauletako zenbait irudi) eta Zumarragakoan (1756). Une horretatik aurrera eta hil zen arte (1767), ez dago haren lanen berririk. Eskultura gehienak Idiazabalen, Lesakan eta Zumarragan daude. Hauek dira Mendizabalen eskulturen ezaugarrietako batzuk: konposizio estatikoak dira, baina pertsonaia ikuslearengana aurreratzen da; jarrera deklamatorioan daude, esku bat bularrean edo aurreratua dutela, eta bestea santuaren ikurra erakusten edo liburu bati eusten; aurpegiak lasaiak eta, zenbaitetan, samurrak direnez, fededuna bereganatzen dute; oihalen mugimenduan, teknika ona nabaritzen da. Baina zenbait kasutan, eskulturek efektismoa eta antzerki izaera erabat barrokoak dituzte, eta mugimendua, keinu deklamatoriak, aingeru handi eta dinamikoak, hodeiak eta errainuak batzen dira, zeruko loriaren berregiterik eszenografikoena lortzeko; esate baterako, Zumarragako Jasokundearen irudian. Luis Salvador Carmonaren eskulturak hartu zituen eredutzat, baina bereak ez dute maisuaren irudien indarra, nahiz eta zuzentasun tekniko handia eduki.

Bertako eskultore on gutxi zeudenez ¿arkitektoak bai, ordea¿, Kantabriako maisuak etorri ziren eskulturak egitera; hala nola, Ramon del Solar, Jose Antonio de la Concha, Miguel del Mazo, Juan de Munar, Jeronimo de Argos, Manuel Acebo eta Bernardo Monasterio. Denek ez zuten kalitate bera lortu; batzuek familia lantegien tradizioari eutsi zioten ("santeros" esan zieten, baina hitz horrek ez du inolako gutxiespen zentzurik), eta beste batzuek, berriz, San Fernando Arte Ederretako Akademian ikasi zuten edo, bestela, gorteko eskultoreekin elkarlanean. Batzuk Euskal Herrian geratu ziren bizitza osoan, beste batzuk Errioxan herritartu ziren, eta, beste zenbaitetan, maisu ibiltariak izan ziren. Ramon del Solar Santoñako semeari buruzko berri gutxi ditugu, baina Amorebietako erretaula nagusiko irudiak (1749) eta, neurri txikiagoan, Gordexolako erretaulakoak (1753) ikusita, eskultore ona zela ondoriozta dezakegu. Jose Antonio de la Concha Urduñan finkatu zen (haren aita Manuel bezala; aita ere eskultorea zen), eta irudiak egin zituen Arangizen (1744), Amurrion (1747) eta Araicon (1764). Miguel del Mazo Merueloko semeak Jasokunde bat egin zuen Lezamako erretaula nagusirako (1742), Carmonaren eskemei jarraituta, eta, lehenago, Loiolako Santutegian jardun zuen elizatariko irudiak egiteko lanetan.

Juan de Munar (Meruelon jaioa) hobeto ezagutzen dugu. Artista familia bateko kide izan zen: harginak, urreztatzaileak eta eskultoreak, XVI. mendearen amaieratik XVIII. mendera arte. Horietako askok Gaztelan egin zuten lan; adibidez, Francisco Antonio de Munarrek (Juan de Munarren aita, segur aski). Juan de Munar Segovian zegoen 1747an, lanbideari zegozkion lanetan. Erabat pobre itzuli, eta Elorrion kokatu zen 1763ra arte. Urte horretan, Gaztelara bueltatu, eta denboraldi luzea egin zuen han 1785era arte; urte bat geroago, Elorrion zendu zen, hirurogeita hamaika urte zituela. Bizkaian, 1752. eta 1763. urte artean, hainbat lekutan egin zituen lanak: Elorrion (1752; erretaula nagusiaren oskoleko zenbait irudi. 1761; albokoak), Mundakan (1754; erretaula nagusia eta albokoak), Aulestin (1755; erretaula nagusiko Hirutasuna), Axpe Atxondon (1756; hiru irudi, Arrosarioko Ama Birjinaren erretaulan), Amorebietan (c. 1761; albokoak) eta Foruan (1763; hiru irudi erretaula nagusian), baita zenbait lan ere Lekeition, Güeñesen eta Zeanurin. Lan horiek direla eta, santu egiletzat jo dezakegu, deboziozko irudiak egin baitzituen, horietako asko kofradietarako; adibidez, Arrosarioko Ama Birjinaren kofradiarako. Estiloari dagokionez, gorteko ereduak imitatu nahi izan zituen, baina aurpegiek eta anatomiek zenbait akats dituzte. Carmonak sortutako Arrosarioko Ama Birjinaren eredu ospetsua imitatu zuen Munarrek, baina aurpegia ez da hain leuna, txinatar erako begiak ditu, ileek masa trinkoa osatzen dute eta konposizioa zurruna da. Jasokundeak ohiko eskema du: besoak zeharka ditu, eta aingeruz betetako hodei batek igotzen du, baina dinamikoa da.

Jeronimo de Argos eskultoreari, zenbaitetan, "santero de Isla" esan ohi zaio. Kantabriako eskultore horrek Bilbaon izan zuen lantegia, eta badirudi Munarren ordezkatzailea izan zela; izan ere, Munarrek Gaztelara itzuli behar izan zuen, Islako maisuari enkargu gehiago ematen ziotelako. Jeronimo de Argos Juan aitarekin heldu zen Bilbaora ¿aita ere eskultorea zen¿, eta lantegia ireki zuen. Bizitza osoan, Bilbaokoa zela adierazi zuen. Familiako lantegian prestakuntza tradizionala izan zuen, Errioxan ere lan egin zuen eta Manuel de Aceborekin izandako lan harremanari esker, eskultura akademikoa ezagutu zuen. Biak elkarlanean aritu ziren ia bi hamarkadetan. Ez dirudi Somorrostroko erretaularako "cuatro mancebos" irudia egin zuenik, 1742an hamabost urte baino ez zituen eta. Lehen lan garrantzitsuak Errioxan egin zituen: Labastidako parrokiako zenbait albotako irudi batzuk (1753), Logroñoko La Redonda katedraleko Nuestra Señora de los Angeles erretaulako irudiak (1762; gune barroko handi batean, katedraleko koruaren atzeko aldean) eta Bañaresko erretaula monumentaleko irudiak (1763). Bizkaian, hamabost irudi egin zituen Dimako zenbait erretaulatarako (1767), Arrosarioko Ama Birjina eta Santa Ageda irudiak Lezamarako (1773) eta zenbait irudi Gernikarako (1774; kolomari loturiko Kristo bat. 1775; tailu batzuk erretaula nagusirako. 1783; lau ebanjelariak San Marko kofradiarako). Dokumentuen arabera, Manuel de Acebo eta Jeronimo de Argos Aulestin aritu ziren elkarlanean (1776), erretaula nagusiko eskulturak banatu baitzituzten, baina lehenago ere arituko ziren, segur aski. Azkenik, Llodion jardun zuen, Aceborekin berriz ere (1778 eta 1782), parrokiarako zenbait tailu lantzen (Arrosarioko Andre Maria eta Santo Domingo), eta Santa Agedaren irudi bat ermitarako; Urdulizen, Gordexolan eta Kantabrian ere (Guriezo, Isla, Santander) egin zituen lanak.

Argosen eskulturek eskema eta aurpegi berdinak errepikatzen dituzte, eta, hori dela eta, ez dago bere irudiak beste batenekin nahasterik ¿egiaztatu da igeltsuzko eta buztinexko ereduak egiten zituela batzuetan¿. Hauek dirA haren ezaugarrietako batzuk: aurpegi estereotipatuak eta luzeak, begirada indaptsua, irudi erromanistak gogoraekartzen dituenkokots nabarmenA eta eskultura neoklasikoko zurpuntasuna. Jantziak zabalak eta lauak dira, eta izur bihurriak dituzte. LezamakoArrosarioko AmaBirjinak ezaugarri horiek ditu, eta Carmonaren ereduari jarraitxen dio. Aulestiko eta GernikakoSan Joan Ebanjelariak eta Gernikako eta Gordexolako San Migelen irudiek ere Nava del Reyko eskultorearen lanak gogorarazten dizkigute.

Manuel Acebo Meruelokoa zel (Kantabria), eta San Fernando Arte Ederretako Akademian ikasi Zuen ¿1753an matRikulatu zen; aurreko urtean Luis Salvador Carmona " Teniente Director de Escultura " izendatu zuten¿, Pascual de Mena eta Roberto Michelekin batera, eta Felipe de Castroren zuzendaritzapean. Acebo Carmonaren dizipulu egin zen, eta maiSuarengandik traDizio barrokoa eta Akademiak irakasten zuen berritasuna bereganatu zituen. Aceboren estiloan, beste eskultore batzuen estiloan bezala, estanpa eta grabatu errepertorioek ere eragin zuten ¿kasu honetan, dokumenta ditzakegu¿. Bilbaon jarri zuen lantegia, eta hil egin zenean (1793), Jose de Riberaren marrazketa liburu bat zuen; 1774an argitaratutako eta hainbeste zabaldutako liburua zen: "Livro de principios para aprender a dibuxar sacado por las obras de Joseph de Ribera llamado (bulgarmente) el Españoleto".

Lan hauek dokumentatu zaizkio, besteak beste: zenbait irudi Markinan (1760, Ecce Homo) eta Errigoitian (1768), San Pedroren eta San Pauloren eskulturak Lezamako erretaula nagusirako (1771), San Joan Bataiatzailearen, San Pauloren eta Sortzez Garbiaren irudiak Aulestiko elizarako (1776), San Joakimen eta Santa Anaren irudiak Llodioko parrokiarako (1778), San Migelen eskultura bat Ereñoko parrokiarako (1778), hiru tailu Kristo Santu ermitarako (1785; gaur egun, Gamiz-Fikako parrokian daude) eta Santa Elenaren irudi bat Llodioko Gurutze Santuko ermitarako (1792); halaber, beste zenbait irudi egin zituela uste da (adibidez, Bilbaoko Santos Juanes parrokiako San Joan Bataiatzailearen irudia). Prestakuntza akademikoa izan zuen arren, Carmonaren barrokismoa antzematen zaie bere lanei, pertsonaien jarreretan nahiz jantzietan. Esate baterako, Aulestiko San Paulok dinamismo handia, izur askoko oihal mugituak eta espresibitate handiko aurpegia erakusten du. Aulestiko Sortzez Garbiak ere Aceboren maisua dakarkigu gogora, Serradillako eta Segurako ereduak imitatzen baititu. San Joan Bataiatzailearen irudiak, berriz, neurritsuagoak dira, eta azterketa anatomiko egokia lotuta dago Akademian ikasitako zuzentasun teknikoarekin. Aceboren lanak nolabaiteko geldialdia izan zuela adierazi izan da, Carmonarenganako mendekotasuna erabatekoa izan zuelako, eta formula neoklasikoetara aurrerapausorik eman ez zuelako.

Kantabriako eskultore zerrenda Bernardo Monasteriorekin bukatuko dugu. Siete Villas lantegiko eskultore eta mihiztatzaile familia bateko kidea izan zen (harreman estuak izan zituen Gaztelako eskulturarekin, Andres de Monasteriok bezala), eta 1741etik aurrera jardun zuen lanean. Urte horretan Gasteizen zegoen, Andre Maria katedralerako irudi batzuk egiten. Handik aurrera, Juan Antonio Larrumberekin eta, batez ere, Manuel Morazarekin aritu zen lanean Mandojanan (1745), Nuestra Señora de los Angeles del Toloño santutegian (1747) Heredian (1749), Añastron (1749), Cuchon (1749), San Estebanen (1749) eta Zuhatzun (1750). Ondoren, Pancorbon kokatu zen, Jose Cortes del Valle arkitektoarekin batera, segur aski, eta harekin Burgosko zenbait lanetan parte hartu zuen. Itzuli zenean, Gernikan (1770; Bakardadearen Ama Birjinaren irudia), Sojogutin (1770) eta Sojon (1771) egin zituen lanak. Monasterioren irudiek ezaugarri hauek dituzte: kanon luzea; konposizio dinamikoak, jarrera bihurrien eta ezegonkorren bidez; izur zurrunak; aurpegi espresiboak, bekain markatuak eta ahoak irekita dituztela; eta, oro har, tradizio barrokoari atxikiko jarrera deklamatorioa. Kalitate handieneko lanak San Estebango San Pedroren, San Pauloren eta Gurutziltzatuaren irudiak dira, baita Herediako San Kristobalena ere. Gasteizko Birgitarren komentuko zenbait irudi Bernardo Monasteriok egingo zituen, segur aski; esate baterako, San Joseren irudia (Jose Cortes arkitektoari dokumentatutako lana).

Kantabriar eskultoreez gain, beste eskultore batzuek ere beren arrastoa utzi zuten, neurri txikiagoan utzi bazuten ere. Gipuzkoan, Santiago Marsili italiar eskultorea aritu zen, eta indar berria sartu zuen bertako eskulturan, Berniniren lanen indar espresiboan oinarrituta; Berninirengandik, jarrera deklamatorioak, contrapostoak eta izurren dinamismoa hartu zituen. Hala ere, Marsilik egindako zenbait irudiren jarrera neurritsuagoa da, klasikoagoa; esate baterako, Amasako San Joan Bataiatzailearen irudia. Zaragozan eta Nafarroan jardun zuen, eta jarduera horren osagarri izan ziren Amasako (1763) eta Abaltzisketako (1771) elizetako erretauletarako egin zituen tailuak. Jose Javier Echevarriak ere parte hartu zuen Abaltzisketako lanetan, Marsili lan hura bukatu gabe hil baitzen Villafrancan (Nafarroa). Francisco Azurmendi gipuzkoarraren eskultura lan trinkoak (neoklasikoa) garrantzi gutxiago du.

Araban, Valdivielso familiako kideak izan ziren eskultore nagusiak ("los santeros de Payeta"), Gregorio Valdivielso, batez ere, aztertzen ari garen kronologian. Dena dela, Burgostik ere etorri ziren eskulturak, baina noizean behin bakarrik. Gasteizko eskultura lantegia oso dinamikoa izan zen XVI. eta XVII. mendearen hasieran, eta, XVIII. mendearen 60ko hamarkadatik aurrera, bultzada berria eman zioten bi artista dinastia garrantzitsutako sortzaileek: Valdiviesotarrek, eskulturan, eta Morazatarrek, arkitekturan (aipatu ditugu). Gregorio Valdivielso lantegi burua Oñan jaio zen, handik Suzanara joan zen ¿han jaio zen haren semea, Mauricio Damian ospetsua¿ parrokiako erretaulako tailuak egiteko (1761; Manuel Moraza izan bide zen arkitektoa), ondoren, Payuetara ¿hortik datorkie izena¿ (1768), eta, azkenik, Arabako hiriburura. Gregorio Valdivielso "santeroa" rococo leunaren eta forma neoklasikoen arteko trantsizioan koka daiteke. Antza denez, Manuel Morazarekin elkartu zen, haren erretauletako irudiak egiteko. Araban, batez ere, baina baita Errioxan eta Nafarroan ere, egin zituen lanak 1761etik 1790era arte ¿urte horretan hil zen¿. Honako herri hauetan Gregorio Valdivielsok egindako irudiak eta erliebeak daude: Apellanizen, Villafrían, Urturin, San Martín de Galvarínen, Bernedon, San Román de Campezon, Urizaharren, Santikurutze Kanpezun, Salinillas de Buradónen, Aretxabaletan, Argandoñan, Gobeon, Nájeran, Naldan eta Cabredon. Hasierako tailuen konposizioa zurruna da, nahiz eta mugimendua ematen saiatu zen, contraposto txiki batzuen bidez eta besoak aurreratuz. Aurpegi borobilek ere indar espresiboen falta adierazten dute, ahoak itxita eta masailalboak irtenak baitituzte. Eskultore honen estiloaren ezaugarrietako bat izur lodietako tunikak eta mantuak lotzen dituzten lokarriak dira (erdiko begizta bikoitza dute). Labur esanda, Gregorio Valdivielso tradizioaren indarraren mendeko santu egilea izan zen, eta geroagoko lanetan, maila tekniko handiagoa lortu zuen; adibidez, Gobeoko Arrosarioko Ama Birjinaren irudian (1779).

Gamarra Nagusiko erretaulan (1753), Manuel Romero Puelles Elcaraeta burgostar eskultoreak egindako kalitate handiko irudiak daude. Elcaraeta abizena Viana-Cabredoko lantegiarekin dago lotuta, inguru horretan aritu baitzen haren semea, Manuel Benigno Romero (Calahorran, Aldeanueva de Ebron eta Tormantosen daude horren lanak), eta litekeena da zenbaitetan semearekin nahastea. Burgos hirian jardun zuen, eta handik bidali zituen lanak, batzuetan urrutira bidali ere, Gamarra nagusira, adibidez. Erretaula horretako zazpi tailuen artean, nabarmenena Jasokunde dinamikoa da: hodeiz eta aingerutxoz osatutako idulki baten gainean dago. Baina guztietan, teknika ona eta kalitate formala hautematen da; irudi batzuetan barroko hutsaren dinamismoa nabaritzen da ¿jantzi mugituak eta contraposto ederrak¿ (San Jose), eta, beste batzuetan, ikonografiak behartutako eskema konplexua, azkeneko tailu rococoen espresio atsegina adierazten duena (San Joan Nepomuceno). Elciegorako Bakardade bat eta Kristo Etzan bat ¿Aste Santuko ofizioetarako artikulatua¿ egin zituen (1763).

Aukeratutako bibliografia

ANDRES ORDAX, S.:

ASTIAZARAIN ACHABAL, M.I.:

BALLESTEROS IZQUIERDO, M.T.:

BARRIO LOZA, J.A:

BARRIO LOZA, J.A. (Zuz.):

BARRIO LOZA, J.A. eta VALVERDE PEÑA, J.R.:

CENDOYA ECHANIZ, I.:

CENDOYA ECHANIZ, I. eta ZORROZUA SANTISTEBAN, J.:

ECHEVERRIA GOÑI, P.L.:

ECHEVERRIA GOÑI, P.L. eta VELEZ CHAURRI, J.J.:

FERNÁNDEZ DEL HOYO, M.A.:

FERNÁNDEZ GRACIA, R.:

GARCÍA GAINZA, M.C.:

GONZÁLEZ ECHEGARAY, M.C.:

GONZÁLEZ ECHEGARAY, M.C., ARAMBURU ZABALA, M.A., ALONSO RUIZ, B. eta POLO SANCHEZ, J.:

HORNEDO, R.M.:

LOPEZ-BARRAJON BARRIOS, M.:

LÓPEZ DE GUEREÑU, G.:

MARTÍN GONZALEZ, J.J.:

NAVARRETE PRIETO, B.:

NICOLAU CASTRO, J.:

PAYO HERNANZ, R. J.:

POLO SANCHEZ, J.J.:

PORTILLA VITORIA, M. J.:

RÁMIREZ MARTÍNEZ, J.M.:

RAMÍREZ MARTÍNEZ, J.M. eta RAMÍREZ MARTÍNEZ, J.M.:

SAGÜÉS SUBIJANA, M.:

SAN MARTIN, J.:

SANTANA, A.:

SOJO GIL, K.:

URREA, J.:

VÉLEZ CHAURRI, J.J.:

VELEZ CHAURRI, J.J. eta BARTOLOME GARCIA, F. R.:

ZORROZUA SANTISTEBAN, J.:

ZORROZUA SANTISTEBAN, J., eta CENDOYA ECHANIZ, I.:

Bibliografia

  • La escultura de la época barroca en Álava . Valladolid, 1973. (Argitaragabeko doktore tesia).
  • Gregorio Fernández en Álava . Gasteiz , 1976 .
  • "País Vasco. Arte", Tierras de España . Madril, 1987.
  • Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII. Martín de Zaldúa, José de Lizardi, Sebastián de Lecuona . Donostia, 1988.
  • Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII. Ignacio de Ibero, Francisco de Ibero . Donostia, 1990 .
  • "La construcción del retablo de la parroquia de San Sebastián de Soreasu en Azpeitia: una obra de Juan de Apaeztegui, Martin de Olaizola y José de Echeverría". Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País , 1990, 11-40.
  • "Contribución al estudio de la arquitectura retablística de la primera mitad del siglo XVII en Guipúzcoa: la obra de Bernabé Cordero". Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País , 1990, 259-316.
  • "El arquitecto Tomás de Jaúregui y el escultor Juan Bautista de Mendizábal en el retablo mayor de Zumárraga", Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País , 1990, 359-398.
  • Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII, Martin de Carrera, Manuel Martin de Carrera . Donostia, 1991.
  • "Un nuevo ensayo estructural para la retablística guipuzcoana: la obra de los Sierra en el convento de Bidaurreta en Oñate", Boletín del Seminario de Arte y Arqueología de Valladolid , 1991, 453-470.
  • Gipuzkoako erretablistika . I. Tomás de Jaúregui, Donostia, 1994.
  • Gipuzkoako erretablistika . II Miguel de Irazusta. Donostia, 1997.
  • "El retablo del Santo Angel de la Guarda en la iglesia de San Pedro Apóstol de Vitoria", Kultura , 1992, 19-27.
  • "La parroquia de Múgica. Noticia sobre su ampliación y confección de sus retablos en el siglo XVIII", in Letras de Deusto, 21 (1981), 79-113.
  • "El retablo mayor de Amorebieta", in Letras de Deusto, 27 (1983), 89-108.
  • "Algunos aspectos del Arte". Bizkaia, 1789-1814. Catálogo Exposición , Zamudio, 1989, 174-197
  • "El patrimonio monumental religioso". Patrimonio monumental de Amorebieta-Etxano . Bilbao, 1989, 9-33.
  • "El Arte durante los siglos XVII y XVIII: el Clasicismo y el Barroco". Bilbao, arte e historia . Bilbao, 1990, 127-147.
  • "El patrimonio religioso de Gordexola". Patrimonio monumental de Gordexola , Bilbao, 1994, 14-30 .
  • " Los talleres montañeses de retablos y de escultura en Carranza (Vizcaya)". Estudios de arte. Homenaje al profesor Martín González. Valladolid , 1995, 289-293.
  • Monumentos de Bizkaia , 4 libk., Zamudio, 1986.
  • Bizkaia, Arqueología, Urbanismo y Arquitectura histórica , 3 libk., Bilbao, 1989-1991.
  • "Jesusen Lagundiko ikastetxeetako erretaula eta pinturak / Retablos y pinturas en los colegios de la Compañía de Jesús". Jesusen Lagundia Bizkaian / La Compañía de Jesús en Bizkaia. Catálogo Exposición . Bilbao, 1991, 75-90.
  • "Erretablo neoklasikoaren hasiera Gipuzkoan", Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País , 1989, 355-373.
  • "San Migelen irudia Gipuzkoako Barrokoan". Eusko Ikaskuntza , 1990, 9-19.
  • "El retablo-cascarón en Gipúzcoa. La incidencia del modelo cortesano en un núcleo periférico" . Cuadernos del INICE , 1990, 275-281.
  • "Domingo y Juan de Mendiaraz, el paso del romanismo al naturalismo barroco", Kultura , 1990, 45-56 .
  • "Dotación artística del convento de Segura (Guipúzcoa). Sor María Beatriz Antonia de Cristo Arrue y la aportación de los indianos", Actas del I Congreso Internacional de la Orden Franciscana . Leon, 1990, 27-40.
  • "Tomás de Jaúregui, maestro retablista guipuzcoano del siglo XVIII. Aproximación a su obra", Boletín del Seminario de Arte y Arqueología de Valladolid , 1991, 471-486.
  • El retablo barroco en el Goierri. La constante academicista en Gipuzkoa . Donostia, 1992.
  • "El retablo mayor de la iglesia parroquial de Asteasu", Cuadernos de Sección , 1992, 153-176 .
  • "Algunas obras de Santiago Marsili, maestro retablista y escultor italiano del siglo XVIII en Guipúzcoa", Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País , 1991, 133-161.
  • La policromía del Renacimiento en Navarra . Iruña, 1990.
  • Policromía renacentista y barroca. in Cuadernos de Arte Español, 28, Madril, 1992.
  • "Transformaciones en el mundo del retablo durante el último cuarto del siglo XVIII. Francisco Sabando profesor de arquitectura". Actas del IX Congreso del CEHA , Leon, 1994, 193-204.
  • "Sobre la modélica fundación y dotación de un convento carmelitano del siglo XVII en Bilbao", VIII Congreso del CEHA , Caceres 1990, 201-205.
  • "Oficiales del taller de Gregorio Fernández y ensambladores que trabajaron con él", Boletín del Seminario de Arte y Arqueología de Valladolid , 1983, 347-374.
  • "El taller de Gregorio Fernández". Gregorio Fernández 1576-1636 . Catálogo Exposición. Madril, 1999, 43-53.
  • El retablo barroco en Navarra . Iruña, 1997. Argitaragabeko doktore tesia.
  • "Los retablos de Lesaca. Dos nuevas obras de Luis Salvador Carmona". Homenaje a J.E. Uranga , Iruña, 1971, 327-364.
  • "La influencia de Gregorio Fernández en la escultura navarra y vascongada", Boletín del Seminario de Arte y Arqueología de Valladolid , 1972, 372-389.
  • "Dos grandes conjuntos del Barroco en Guipúzcoa. Nuevas obras de Luis Salvador Carmona" Revista de la Universidad Complutense , 1973, 81-110.
  • El escultor Luis Salvador Carmona . Iruña, 1990.
  • "Artistas montañeses en Vizcaya y Álava", Estudios Vizcaínos , 1971, 69-80.
  • Artistas cántabros de la Edad Moderna , Santander, 1991.
  • "Luis Salvador Carmona en el Santuario de Loyola", Goya , 1980, 194-199.
  • "El retablo de los Santos Juanes de Nava del Rey: un ejemplo de la influencia del grabado en la escultura española del siglo XVII", in Archivo Español de Arte, 268 (1994), 391-396.
  • "La familia Moraza", Boletín de Sancho el Sabio , 1979, 213-233.
  • El escultor Gregorio Fernández . Madril, 1980,.
  • Escultura barroca en España. 1600-1770 . Madril, 1983.
  • Luis Salvador Carmona. Escultor y Académico . Madril, 1990.
  • El retablo barroco en España . Madril, 1993.
  • "Fuentes y modelos en la obra de Gregorio Fernández". Gregorio Fernández 1576-1636 . Catálogo Exposición. Madril, 1999, 55-66.
  • "Esculturas del siglo XVIII en la iglesia de San Antón de Bilbao", in Estudios Vizcaínos, 6, 177-192.
  • "El escultor Juan Pascual de Mena", in Goya, 214 (1990), 194-204.
  • El retablo en Burgos y su comarca durante los siglos XVII y XVIII . 2 libk., Burgos, 1997.
  • "Escultores y ensambladores de Trasmiera. Artífices del taller de Siete Villas en los dos primeros tercios del siglo XVII", Cuadernos de Trasmiera , 1990, 119-142.
  • Arte barroco en Cantabria. Retablos e imaginería . Santander, 1991.
  • "Escultores y ensambladores de Trasmiera II. Artifices montañeses del taller de Siete Villas durante el último tercio del siglo XVII y el siglo XVIII", Cuadernos de Trasmiera , 1992, 159-204.
  • La escultura romanista y contrarreformista en Cantabria (c.1590-1660) , Santander, 1994 .
  • "El retablo mayor de Tracios y la proyección de los talleres de escultura cántabros en Vizcaya". Estudios de Arte. Homenaje al profesor Martín González . Valladolid, 1995, 413-417.
  • Catálogo Monumental. Diócesis de Vitoria . 7 libk. Gasteiz, 1967-1996
  • Los talleres barrocos de escultura en los límites de las provincias de Álava, Burgos y La Rioja , Logroño, 1981.
  • Retablos mayores de La Rioja . Agoncillo,1993.
  • La escultura en La Rioja durante el siglo XVII . Logroño, 1984.
  • "Cuatro retablos barrocos guipuzcoanos". Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País , XXVII-XXIX (1971-1973).
  • "Los escultores Mendizábal de Eibar", Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País , XLIV (1988), 177-183.
  • "Historia de Santa María de Deba". Santa María de Deba una iglesia marinera . Donostia, 1999, 14-135.
  • "El retablo rococó y los artistas cántabros de la segunda mitad del siglo XVIII en el valle de Llodio" , in BAI, 2 (1993).
  • "Aproximación biográfica al escultor Gregorio Fernández". Gregorio Fernández 1576-1636 . Catálogo Exposición. Madril, 1999, 15-41.
  • El retablo barroco en los límites de las provincias de Álava, Burgos y La Rioja (1600-1780) . Gasteiz, 1990.
  • " Vignola y su presencia en el retablo de la primera mitad del siglo XVlI. El ejemplo alavés", X congreso del CEHA , Madril, 1994, 289-296.
  • La policromía de la primera mitad del siglo XVII en Álava. Pedro Ruiz de Barrón y Diego Pérez y Cisneros (1602-1648) . Miranda de Ebro, 1998.
  • "EI retablo mayor de San Juan Bautista de Murélaga (Vizcaya): la incidencia del modelo cortesano en el Rococó vasco", in Letras de Deusto, 1991, 53-66.
  • "Noticias bilbaínas del escultor cántabro del siglo XVIII Manuel de Acebo", Bidebarrieta , 1997, 157-161.
  • El retablo barroco en Bizkaia . Bilbao, 1998.
  • "Precisiones sobre los Mendizábal, escultores guipuzcoanos del siglo XVIII. Nuevas obras en Bizkaia y Gipuzkoa", Kobie (Serie Bellas Artes) , 1990, 5-24.
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana