Grabatu barrokoa Hego Euskal Herriko lan inprimatuetan

Artikuluaren egilea: Celia Rodríguez Pelaz

Grabatuak aztertzea nahiko korapilatsua izan da beti, era askotakoak baitaude. Egin diren azterketa gehienak grabatzaileei eta haien ekoizpenari buruzkoak izan dira, bai eta haiek beste arteak hedatzeko izandako ahalmenari, liburuaren historian izan duten jokaerari eta funtzionaltasunari buruzkoak ere. Estanpa asko eta asko liburuetarako egin ziren, eta horrek erakusten du grabatuak lotura estua duela beste arlo historiko-kultural batzuekin; hala nola, inprentaren historiarekin, merkataritza zirkuituekin eta sartzeko eta hedatzeko bide nagusiarekin, egilearen eta grabatzailearen arteko harremanekin eta abarrekin.

Euskal Herriko XVII. mendeko grabatuen azterketa orokorra egitea da testu honen helburu nagusia, eta, horretarako, gure lurraldean argitaratutako liburuetako ilustrazioen azterketa egingo dugu. Hain zuzen ere, grabatuen tipologia, ikonografia eta funtzionaltasunari erreparatu diet, haien ezaugarri nagusiak eta kultur arloarekiko desberdintasunak aztertzeko. Puntu horretan, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako lan inprimatuetako ilustrazioren bat sinatu zuten grabatzaile urriei buruzko azterketa sakonagoa egingo dut.

Inprentaren eta grabatuaren arteko lotura estua ezinbesteko abiapuntua da lurralde bakoitzeko ekoizpena ulertzeko. Euskal Herriko inprentaren historiak bi atal ditu, argi eta garbi bereizita. Batetik, Nafarroakoa; horren historia garai inkunablean hasi zen eta bi mende horietako jardunean ez zen ia etenik egon. Gainera, Nafarroako hainbat tokitan zeuden inprimatzaileen tailerrak; hala nola: Iruñan, Lizarran, Iratxen, Adiosen, Los Arcosen, Tolosan... Bestetik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berandu hasi ziren arte hori lantzen, XVI. mendearen amaieran, hain zuzen ere. Bizkaian tailer bakarra zegoen, Bilbaon, ekoizpen urri eta eskasekoa. Gipuzkoan, XVII. mendearen amaieran hasi ziren; Arabako lehenbiziko tailerra XVIII. mendean hasi zen lanean. Horrek guztiak asko baldintzatzen du azterketa, logikaz, Nafarroan inprimatutako grabatuak gainerako lurraldeetako grabatuak baino askoz ugariagoak eta askotarikoagoak direlako. Probintzien arteko desberdintasun hori gai honi buruzko historiografian ikus daiteke. Izan ere, Nafarroako inprentari buruzkoa, lehenbiziko inprimatzaileari dagokiona, batez ere, nahiko handia da; gainerako probintzietan, aldiz, oso azterketa gutxi dago gai honi buruz.1 

Ingurune horretako ekoizpena oso handia ez zenez -XVII. mendean industria periferikoen gainbehera nabarmena izan zelako-, aurkitu ditugun grabatu gehienak anonimoak dira, eta askotan, inprimatzaile baten eskutik beste baten eskuetara pasatu ziren ia mende osoan, bai eta batzuk XVI. mendeaz geroztik ere. Beraz, zati handi batek iraganeko garaietako ezaugarriei eusten die, eta XVII. mendeko bigarren erdialdetik aurrera baino ez ziren egin barrokoaren moldeko lanak.

Grabatuak XVII. mendean

Zurezko grabatua inprenta asmatu baino lehen ezagutu eta erabili zen industrialki, eta oso konponbide egokia izan zen lan inprimatuetako ilustrazioen arazoa konpontzeko, edertzapena oso garestia zelako. Inprentako karaktereen artean zurezko tako grabatu bat sartzea eta testua eta ilustrazioak aldi berean inprimatzea izan zen irtenbiderik erosoena; hori dela eta, oso azkar hedatu zen. Teknika hori oso hedatuta egon zen Errenazimentu garaian Europa osoan. Euskal eremu geografikoan ere hori izan zen lan inprimatuak ilustratzeko erabilitako teknika nagusia, eta XVII. mendearen zati handi batean nagusitu zen. Zurezko grabatuarekin lotutako beste teknika -hau da, punteatua- oso gutxi erabili zen; izan ere estanpa bakarra aurkitu dugu Fiteroko monasterioko Ignacio Fermin Ibero zistertarraren Exordia Sacri Ordinis Cisterciensis laneko lehen orrialdean. Inprentaren hastapenetan beste grabatu teknika bat sortu zen, zilargileek metalezko xafletan -kobrezkoetan, batez ere- egindako lan motaren ondoriozkoa; tailu arinaz ari gara. Euskal Herriko lan inprimatuetan XVII. mendearen bigarren aldean hasi zen nagusitzen teknika hori.

XVI. mendearen bigarren erdialdeaz geroztik, krisi ekonomiko larria hasi zen hedatzen arlo guztietan, eta liburugintzan ere eragin erabakigarria izan zuen; horren ondorioz, ilustrazioen kopurua asko murriztu zen. Alde batetik, ekoizpena handitu egin zen, baina, bestetik, materialak eskasagoak ziren (papera, koadernaketa, dekorazioa eta abar). Liburuen ornamentazioa urriagoa zen; izan ere, orlak desagertu egin ziren liburuen portadetatik eta barruko orrialdeetatik. Egoera eskas horri aurre egiteko-edo, tailu arinean grabatutako aurrealdeak nagusitu ziren, ezaugarri arkitektoniko nabarmenez.

XVII. mendean, liburugintza arteen gainbehera hautematen hasi zen Europa osoan, hain justu Espainian tradizio gotikoa alde batera uzteko bidean ziren garaietan. XVI. mendea aurrera zihoala, liburuaren egitura behin betiko orokortu zen: tipografia gotikoa desagertu egin zen; portada osoa betez, lanaren izenburua, egilearen izena eta datu tipografiko guztiak ageri ziren: non inprimatuta zegoen, inprimatzaile edo liburugilearen izena, inprimaketa data eta abar. Era askotako orlak -arkitektonikoak eta historiatuak, batez ere-, batzuetan, erabat desagertu ziren -liburuaren portadan liburua identifikatzeko oinarrizko elementuak bakarrik uzten zituzten, ahalik eta ornamentazio gutxiena erabilita; hau da, marka tipografikoa, liburuaren datuak, eta biñeta txiki bat tituluaren eta inprenta oinaren artean-; eta, beste batzuetan, metalean grabatutako frontispizioak jarri zituzten orlen ordez, eta horiek, batzuetan, portadaren berdinak izaten ziren. Hutsartean grabatutako frontispizio horiek ez ziren liburuarekin batera inprimatzen; hau da, lehen koadernoan edo beste orri batean inprimatzen ziren.

Teknika horren bidez, fideltasun handiagoz bikoizten zituzten liburukiak eta mailakatzen zituzten argiak eta itzalak; horregatik izan zen pintoreen teknikarik erabiliena XV. mendeaz geroztik. Hala ere, oso zaila zen liburuen ilustrazioetara aplikatzea, ezin baitzen konposizio tipografikoarekin batera jarri eta tindatu; hori dela eta, testuak eta laminak bakoitza bere aldetik inprimatzen ziren. Baina arrakasta handia izan zuen, eta zurean egiten zen grabatua ia alde batera utzi zen; eta hori gertatu zen, batez ere, horren bidez koadroak, monumentuak, dekorazio elementuak eta abar fideltasun handiz bikoizten zirelako. Ordutik aurrera, berebiziko funtzioa izan zuen arte lanen hedapenean.

Jakina da Madrilgo eklosio artistikoa izan zela garai hartako beste ezaugarri bat; izan ere, gortearen egoitza egonkorra han finkatu zutenez, penintsulako artearen muina bihurtu zen. XVII. mendean, hainbat eta hainbat xixelkari flandestar, italiar eta frantziar etorri ziren penintsulara. Hori dela eta, Diego de Astor, Miguel L'Asne, Roberto Cordier, Juan de Noort, Herman Pannels, Cornelio eta Maria Eugenia Beer, Martin de Rosswood eta beste hainbaten sinadurak azaltzen dira penintsulako gune nagusietan. Eta jarduera hori guztia Madrilen pilatu izanak beste gune batzuen gainbehera eragin zuen; hain zuzen ere, aurreko mendean nolabaiteko loraldia izan zuten gune batzuena.

Hiriburuaren nagusitasunaren testuinguru horretan, ezinbesteko bi faktore kontuan hartuta ulertu behar dira Euskadin inprimatutako liburuetako ilustrazioen ezaugarriak: batetik, inprentak oso berandu sartu ziren euskal lurraldeetan, eta, bestetik, inprimatutako lan gehienak marjinal samarrak izan ziren. Horren ondorioz, arte "atzeratu" samarra izan zen, inolako berrikuntzarik gabea, iraganeko ildoak kopiatu besterik egiten ez zuena; eta hori hala gertatu zen, batez ere, hemen jardundako inprimatzaile eta liburugileek baliabide eskasak zituztelako eta XV. mendeko eta XVI. mendearen hasierako bigarren eskuko grabatu zaharrak erabiltzen zituztelako, erabat urratu arte. Hori dela eta, grabatu gehienek ez dute sinadurarik; izan ere, artelanean izandako esku-hartzea betikotu nahi duen sortzailearen emaitza baino gehiago, eskulangile anonimoaren lanaren sintoma baita hori. Hori nahiko normala izan zen grabatuaren hasieran; ez ordea, garai horretan.

XVII. mendean, ohikoagoa zen grabatuak sinatzea. Artistak finkatu egin ziren eta grabatuetan parte hartzen zuten guztiek sinatzen zituzten plantxak; hau da, konposizioa egituratzen zuenak, plantxara pasatzeko prestatzen zuen marrazkilariak eta grabatzaileak berak. Hiru lan horiek inskripzio hauen bidez betikotu ziren: "invenit", "deliniavit" eta "sculpsit". Sarritan, hiru funtzio horiek pertsona bakarrak egiten zituen. Hala ere, azpimarratu beharra dago grabatzailea, artistatzat baino gehiago, artisautzat hartzen zutela oraindik ere. Alde horretatik, oso argi hitz egiten du Ivins-ek: " Lo que su patrono quería de ellos era exactamente lo mismo que el granjero exige a sus gallinas ponedoras: una producción regular de huevos de tamaño, color y peso uniformes¿ Es importante observar que este fenómeno tuvo lugar justamente en el periodo en que se inició, dentro del campo de la ilustración de libros, el desplazamiento desde la xilografía a la plancha de cobre "2 ( Baserritarrek oiloetatik lortu nahi duten gauza bera lortu nahi zuten grabatzaileen ugazabek grabatzaileengandik: kolore, tamaina eta pisu bereko ekoizpen erregularra... Garrantzitsua da azpimarratzea fenomeno hori hasi zen garaian gertatu zela hain justu, liburuen ilustrazioen alorrean, xilografiatik kobrezko plantxetarako jauzia ).

Egileak

Adierazi dugun bezala, oso ilustrazio gutxi daude sinatuta eta oso gutxitan aurkitu izan dugu grabatzaile baten lan bat baino gehiago; hau da, normalean, grabatzaileak kanpokoak ziren eta liburu baten ilustrazioan baino ez zuten parte hartu, eta, normalean, liburu egileak zuzenean eskatuta.3 Batzuetan, inizialez sinatzen zutelako lortzen zuten anonimatua -aurrerago aipatuko ditugu horietako batzuk: A M, N R, F Gab., eta OL, adibidez-. Beste batzuetan, laburdurez sinatzen zuten -esate baterako, Cañizares (Cañ.)-, edota izen eta/edo abizenez -hala nola, Fray Jose de la Cruz (Fr. Cruz), Jacobo Neran (Ja-cob Neran), Juan de Courbes (I. De Courbes), Nosela (Nosela), Gregorio Fosman (Gregorio Fosman edo G. Fosman) eta Pedro de Villafranca (P. de Villafranca)-. Beste batzuetan, dokumentazioari esker jakin ahal izan dugu grabatzailearen izena: Bartolome Behan eta Matias de Abila, esaterako.

XVII. mendearen hasieran, Matias Maresek 1609an Iratxen inprimatutako Antonio Yepesen Crónica general de la Orden de San Benito libururako plantxa bat sinatu zuen Jacobo de Neran grabatzaileak. Jacobo Neran ek4 lan inprimatuetarako frontispizioak egin zituen Salamancan eta Iratxen, xixelez. Litekeena da jatorriz Flandeskoa izatea. Haren bi lan ezagutzen ditugu, biak beneditarren liburuetarako eginak. Lehenbizikoa Antonio Perezen Laurea Salamantina da, eta san Benitoren bustoa du tinpanoan; Salamancan inprimatu zuen Artus Tabernielek, 1604. urtean. Bigarrena Matias Maresek inprimatu zuen, Iratxen, 1609. urtean: Antonio de Yepesen Crónica general de la Orden de San Benito ; alboetan, hiru solairuko horma hobi bikoitzak zituen, eta, horietan, ordenako santuak. Horma hobiko erretaulen antzera zegoen antolatuta, zutabez bereizita, eta lau altueratan. Horma hobien barruan san Benitoren ordenako santuak daude, eta inskripzio argitzaileak dituzte. Ezkerrean, ATZERRIKO SANTUAK daude; hauek dira goitik behera: Italiako Gregorio Magno, Frantziako Bernardo, Irlandako Columbano, Ingalaterrako Bonifacio, Alemaniako Ruperto, Flandesko Gertruda, Poloniako Casimiro Rey eta Adalberto. Eskuinean, berriz, ESPAINIAKO SANTUAK daude: Vicente Abad, Leongo martiria; Esteban eta Gaztelako 200 martiri; Andaluziako Leandro; Gaztela Berriko Ildefonso; Portugalgo Irene; Errioxako Millan de la Cogolla; Aragoiko Iñigo; eta Galiziako Rosendo. Erdiko hutsartean, titulua, autorea eta inprenta oina. Azpian, kartelan, ordenako armarria: gaztelua, lehoia eta zutabe hautsiak; eta zutabe horietako batean grabatzailearen izena azaltzen da: Jacob Neran f. Frontispizioko goiko aldean, lelo hau dago: IN ETERNV ET VLTRA. Frontispizioa ixten, goiko aldean, Ama Birjinaren eta haurraren irudia duen medailoia; eta medailoiak inskripzio hau du inguruan: RADIFICAUI IN POPULO HONORIFI-CATO ET IN PLENITUDINE SANCTORUM DETENTIO MEA. ECCLES. CAP. 24. Medailoiaren azpian beste inskripzio bat dago: IN OMNI GENTE AT NATIONE PRIMATV TENVI. Medailoiaren ezkerraldean, berriz, honako hau: S. BENEDICTO. Horren gainean: FILII TUI DE LONGE VENIENT. Eta eskuinean: S. SCHOLASTICA; eta horren gainean: FILIAE TUAE DE LATERE SURGENS. II. liburukian, II. zenturian, errepikatu egiten da, eta hori ere Iratxen inprimatu zuten 1609. urtean, bai eta Nicolas de Assiayn-ek 1610ean inprimatutakoan ere.

Frontispizio mota horietan arkitekturak garrantzia galdu du, eta ikonografia da elementurik azpimarragarriena. Irudikatutako santu guztiak bikoteka antolatuta daude: beneditarren monasterioak -gizonezkoentzakoak zein emakumezkoentzakoak- zituzten hainbat herrialderen eta Espainiako eskualdeen irudikapenak dira. Frontispizioaren toki nagusian ordenaren sortzailea eta haren arreba azaltzen dira, Ama Birjina eta haurraren irudiak gurtzen. Beneditar ordenako santuen irudiei esker, irakurlea erraz ohartzen da ordenaren historiari eta beneditar ospetsuenei buruzko liburua duela eskuartean; liburuaren sintesia egiten duten portaden adibide garbia da.

 AM inizialak Carlos Labayenek Iruñan inprimatutako Gaspar Centolen Relaciones Verdaderas liburuan azaltzen dira. Pasioaren elementuak (arantzazko koroa, kaliza eta hiru iltze) dituen gurutzea irudikatzen du. Iltzeak egon ohi diren tokietan loreak daude, eta makila horizontaletik zintzilik, lokarri bat. Grabatzailearen inizialak gurutzeari eusten dioten podiumean daude. Gurutzearen alboan, goian, eguzkia eta ilargia ageri dira, eta behean, bi pitxar lorez beteta. Liburuaren portadan, Rotava-ko (Valencia) Miguel Grez apaizaren erretratua ageri da, apaiz horren bizitzari eta bertuteei buruzkoa baita liburua. Sinatutako estanpa zortzigarren orrialdean dago, atarikoen eta irakurle kristauarentzako eskaintzaren ondoren; izan ere, biografiatuaren jokabideari eta bertuteei jarraitzeko erregutzen zaio irakurle kristauari, eta horrek, hain zuzen ere, irudiaren deboziozkotasuna azpimarratzen du.

Prudencio de Sandoval Iruñako gotzainaren Historia y hechos de la vida de Carlos V liburuan -Bartolome Parisek 1614an5 Iruñan inprimatua-, Karlos V.aren erretratu bat ageri da, Bartolome Behan 6 grabatzaileak egina. Enperadoreak 31 urte zitueneko busto bat da, urrezko ardi larrua bularrean zintzilik duela. Grabatzaile horrek Munichen egin zuen lan, Bavariako gorteko pintore lanetan. Nahiz eta erretratu hori 1531koa den, hurrengo mendean hedatu zuten batez ere. Mende horretan, errege-erreginen irudiak horrelako grabatuen bidez hedatzea orokortu egin zen, liburutegiak eta egongelak apaintzeko, bai eta koadroak eta liburuak ere.7 Ez ahaztu estanpa grabatuak boterearen propaganda elementu garrantzitsuak izan zirela, eta, gainera, batzuetan, hori izan zela errege-erreginen eta gainerako pertsonaia politikoen irudiak ezagutarazteko modu bakarra. Horregatik sartu zuten liburu honetan urte dezente lehenago editatutako lamina hori; hau da, Karlos V.aren bizitzako gertaera nagusiak jasotzen dituena.

Mende hasieran, Victor de Hericeren Qvator Tractatvs in I.P.S. Thomae... argitaratu zen, Carlos de Labayenek inprimatuta (Iruña, 1623). Liburuaren portada zoragarria I. Courbes-ek8 sinatu zuen.

Egitura arkitektonikoa du, eta izenburua erdialdeko hutsarte batean dago. Izenburuaren alde banatan, san Ignazio eta san Frantzisko Xabier. Goian, Molina Aitaren, Roberto Bellarmina kardinalaren eta Suarez aitaren irudiak. Oinean, Vazquez aitarenak, Francisco de Toledo kardinalarenak eta Valencia aitarenak.9 Irudikatutako guztiak Jesusen Lagundiko kideak ziren; izan ere, ikurra grabatuaren goiko aldean dago. Liburuko lau tratatuen egileak frontispizioaren angeluetan irudikatu zituzten.

Grabatzaile horrek lamina bat ere sinatu zuen Martin de Labayenek Iruñan inprimatutako beste lan inprimatu baterako: Pedro del Juncoren Fundacion, nonbres i armas de la Ciudad de Astorga 10 liburuaren portadarako, hain zuzen ere. Irudian haritz baten adarra -Astorgako armarria- azaltzen da, bi zutaberen artean; zutabeetan zinta batzuk daude kiribilduta, eta armarriari heltzen dion emakumeari eusten diote. Zintetan testu hau irakur daiteke: "Astorga robur /quondamque / Asturica / Roma" y "Scirpus cum nodo / per Scirpum / iam sine / nodo."

Grabatzaile hori Parisen jaio zen, 1592. urtean, eta 1620. urtearen inguruan heldu zen Madrila. San Isidroren beatifikazio eta kanonizazio jaiei buruzko hiru libururen irudiak egin zituen, Parisko Udalaren dirulaguntzari esker. Litekeena da bere anaia Jeronimoren bitartez heldu izana Madrila, liburu merkataria baitzen Espainiako hiriburuan. 1623. urtera arte egon zen Madrilen, eta garai hartan hainbat lan egin zituen izen handiko beste grabatzaile batzuekin lankidetzan; hala nola, Alardo de Popma, Juan de Noort eta Juan Schorquensekin. Garai hartakoak11 dira Melchor Prietoren Psalmodia Eucharistica libururako egindako ilustrazioak. Frantziara itzultzean amaitu zen etapa hura; iparralderako bidaian Iruñatik igaro omen zen, eta orduan egin omen zuen Victor de Hericeren libururako aurrealdea. 1626. urtera arte Frantzian egon zen, eta, han, beste grabatzaile batzuekin harremanetan -Leonard Gaultier, esaterako- ohartzeko moduko aldaketa egin zuen bere sinaduran, "sculsit" alde batera utzi eta "fecit" sinatzen hasi baitzen.

1626tik 1641era Madrilen egin zuen lan berriro, eta haren izen ona hedatuz joan zen garaiko adituen artean. Horren lekuko dira garai hartako erlijio ordena ahaltsuenentzat eta idazle ezagunentzat -Lope de Vega, Gonzalez Davila, Pellicer de Salas¿- egindako lan guztiak. Ez dugu haren ekoizpenari eta gainerako xehetasunei buruzko albisterik 1641etik aurrera; guztiak desagertu egin dira. Madrilgo lanez gain, Sevillan, Granadan, Salamancan, Valladoliden eta Zaragozan ere azaldu dira haren lanak.

 NR inizialez baino ez zuen sinatu Ignacio Anduezaren Vida y martirio de los Santos patronos de la ciudad de Pamplona liburuaren aurrealdean zurean egindako grabatu baldarra -liburu hori Gaspar Martinezek inprimatu zuen Iruñan, 1656an-. Egitura arkitektonikoko frontispizio bat da, zutabeen gainean dintela duena; zutabeen fusteetan N R inizialak azaltzen dira, eta zutabeak podium baten gainean daude. Podiumean AVE MARIA GRA irakur daiteke. Goiko aldea frontoi kurbatu batez osatuta dago, eta bertan jainkoaren irudia ageri da: esku batean bola bat du eta bestearekin bedeinkatzen ari da; maskaroi bana du alde banatan. Erdiko hutsartean, san Ferminen irudia ageri da, oinetan duen inskripzioak adierazten duen moduan: S. FERMIN. Azken orrialdean errepikatu egiten da. Testuaren edukiak agerian uzten du irudiaren esanahia, irudiak lotu egiten baititu santu horrekiko debozioa eta santu horrek hiri horren zaindaritza izatearen publizitatea.

Gaspar Martinezek 1665. urtean Iruñan inprimatutako Jose Moreten Investigaciones Históricas de las Antiguedades del Reyno de Navarra liburuaren portada PETRUS OBRES PINXIT diseinatzaileak eta CAÑ . SCULPSIT. VALLISOLETI grabatzaileak sinatu zuten. Ezaugarri barrokizatzaileko konposizioa du. Hiru zatitan egituratuta dago. Goiko aldean, filaktelia bat ageri da, DII PATRII SERVATE DOMUM, SERVATE NEPOTES (Dioses lares: zaindu etxea eta etxekoak) legendarekin. Behean, san Ferminen eta san Xabierren irudiak, Nafarroako armarriari eusten diotela; armarria EX HOSTIBUS ET IN HOSTES (etsaiena eta etsaien aurka) inskripziodun orla batez inguratuta dago. Haren azpian, kartela bat tituluarekin, eta beherago, arrantzale batzuk itsasotik perla ostrak ateratzen eta honako lelo hau: IMA LABOR QUAERIT LUX AUREA CLAUSA RECLUDIT (lanak sakontasuna arakatzen du, argiak altxor ezkutuak aurkitzen ditu). Amaieran, pintorearen eta eskultorearen izenak. Agian, Cañizar kalkografoa da, Valladoliden XVII. mendearen erdialdean lanean aritu zena.12 

 Matias de Abila zilargileak berunean grabatu zituen Bilbaoko Kontsulatuko eta Kontratazio etxeko armak, Roque Rico de Mirandak 1669an Ordenantzei buruz egin zuen ediziorako. Zilargileak ez zuen plantxa sinatu, baina Hiribilduak inprimatzailearekin egin zituen ordainketa librantzei buruzko dokumentazioan kopuru batzuk azaltzen dira Matias de Abila zilargilearentzat "por abrir en plomo las armas del Consulado".13 Armarri horretan, hiru mastako itsasontzi baten irudia azaltzen da; hain zuzen ere, Juan de Elorza inprimatzaileak Kontsulatuko Las Pragmaticas liburuaren portadarako ere erabili zuena.

Gaspar Martinezek berak inprimatu zuen Iruñan, 1666. Urtean, Honores fúnebres que hizo el Real Consejo de Navarra a la piadosa memoria del Rey Felipe IV liburuaren aurrealdea ere. Hor, grabatzaile ezezagun batek Nosela invet f. sinatu zuen. Goiko aldean, adarrez inguratuta, errege armarri bat dago, estandarte eta garaipen artean. Erdiko aldean dago izenburua, adarrez inguratuta eta eskuinean eta ezkerrean armarriak dituela. Beheko aldean Iruña azaltzen da, lauda jotzen duen pertsonaia batekin. Honela dio legendak: FORTIA SVAVITER. Felipe IV.aren heriotza zela-eta Iruñan egin ziren ospakizunak ekartzen ditu gogora liburuaren portadak. Erregeari dagozkion elementuak armarrien bidez txertatu dira, eta Iruñari dagozkionak, hiriaren ikuspegi eskematiko baten bidez.

 Gregorio Fosman Flandesko bigarren belaunaldiaren eta grabatzaile espainiarren artekoa da.14 Madrilen jaio zen, baina grabatzaile flandestar baten semea zen. Ekoizpen oparoa utzi zuen, mendearen bigarren erdialde osoan jardun baitzuen lanean. Sevillarako eta Iruñarako egin zituen lamina batzuk izan ezik, Madrilen egin zuen lan 1653 eta 1713 urteen bitartean.

Era guztietako gaiak erabili zituen bere konposizioetarako; hala nola: armarriak, erretratuak, frontispizioak, ikurrak, santuak eta abar. Bere estiloaren bilakaeran P. Villafrancaren15 egiteko modurantz hurbildu zen. Haren ekoizpenaren azken garai horretakoa da Martin Gregorio Zabalak 1684an Iruñan inprimatutako Jose Moreten Anales del Reyno de Navarra . Konposizio barrokoa da erabat; bi aingeru daude, oihala zabaltzen, Nafarroako armarria duen arkitektura bat agerian uzteko, bai eta lanaren izenburua ere erdiko hutsartean; albo banatan, san Fermin eta san Frantzisko Xabierren irudiak ageri dira, eta azpian, garaipenak eta trofeoak.

Gregorio Fosmanek, Francisco Leonardekin batera, beste kobre bat sinatu zuen Francisco Antonio de Neirak 1696an argitaratutako Juan Lopez de Cuellaren Batallas y triunphos de la Serenissima Doña Mariana de Austria en la pompa funeral, impreso en Pamplona 16 lan inprimatuan. Hileta tumulu bat da; irudi alegorikoz apaindutako zokalodun podium baten gainean kokatuta dago, eta goian aingeru bat ageri da. Iruñan egin zuten, Austriako Marianaren omenez. Botere politikoak erregealdietako gertaera garrantzitsuenak ezagutarazteko asmoz irudiak erabiltzeko zuen joeraren adibide ugarietako bat da hori. Hain zuzen ere, Nafarroako lan inprimatu horren gisako irudiei esker dakigu nolakoak ziren pertsonaia ahaltsuen hileta elizkizun luxuzaleak egiteko altxatzen zituzten tumuluak, hieroglifikoak eta abar -benetako eskultura iragankorrak-.

Gipuzkoan inprimatutako liburuen artean, badira frontispizio gisa sortutako portadak ere; esate baterako, Leyes con que se govierna la Muy Noble y Muy Leal provincia de Álava liburuaren portada (uste dugu Martin de Huartek inprimatu zuela 1671n, noiz eta non inprimatu zuten jartzen ez badu ere).17 Honako elementu hauek azaltzen dira: goiko aldean, bi aingeru oihala biltzen ari dira, S. PRVDENCIO PATRON DE LA PROVINCIA DE ALAUA irakurtzen den kartelean santuaren bustoa ikusi ahal izateko. Santuak beste bi aingeru ditu alboetan, frisoan eserita. Azpian, basamentu altuan dagoen oroitarri batean, Arabako armarriaren irudia. Armarriaren albo bakoitzean, estandarteak, lantzak, kanoiak, kasketak, petoak, tronpetak eta danborra. Basamentuan lan inprimatuaren izenburua eta Pedro de Villafranca grabatzailearen izenburua irakur daitezke, baita non zizelkatu zuten ere: SCULPSIT MATRITI, 1671.

Frontispizio modalitate horretan, oinarriak imitatzen zituzten, eta, sarritan -horretan, adibidez-, oinarrian armarria jartzen zen titulua jarri beharrean, eta basamentuaren beste atal bat bihurtzen zen. Frontispizio osoa probintzia bera goraipatzeko asmoz egin zuten. Horregatik azaltzen dira zaindariaren irudia eta Arabako armarria; azken finean, probintziaren legeak baino ez dira.

Plantxa grabatu zuenari -hau da, Pedro de Villafrancari- dagokionez, hau dakigu: Alcolea de la Manchan jaio zen eta Madrilen ikasi zuen pintatzen, Vicente Carduchorekin batera. 1654. urtetik aurrera, Felipe IV.aren ganbera grabatzaile izan zen. Erregearen erretratu ugari egin zituen. XVII. mendean Madrilen lan egin zuten grabatzaileen artean onena dela esan ohi da.18 Grabatutako plantxa kopuruari eta plantxa horien kalitateari erreparatuta, XVII. mendeko bigarren erdialdeko onena omen da. Ez dakigu zehatz-mehatz noiz hil zen, baina badakigu 1681ean plantxa bat sinatu zuela.

Iruñan 1686. urtean inprimatutako Recopilacion de los Fueros de Navarra liburuaren lamina handi batek OL anagrama du, eta "Iruñan" egin zutela dio. Gela handi baten barruan Karlos II.a azaltzen da, bola eta aginte makila dituela; ezkutu baten gainean dago, zenbait noblek altxatuta. Irudi horri begira hainbat noble daude eserita ezkerrean eta eskuinean. Ezkerrean, kleroko hainbat ordena, eserita horiek ere. Eszenaren buru, Ama Birjina, aldare batean, eta hor hiru aldiz ageri da REAL hitza. Grabatu hori Nafarroako Foruaren zinari buruzkoa da; izan ere, errege-erreginek ere zin egin behar baitzuten Nafarroako Forua, Nafarroako errege-erregina izateko. Tradizioaren arabera, erresumako zenbait noblek ezkutuaren gainean altxatu behar zuten erregea Nafarroako gorteen aurrean, Erreal, Erreal, Erreal oihukatzen zuten bitartean.

Aztertu dugun beste frontispizio bat Martin de Huartek 1674an Donostian inprimatutako De divina Sciencia et Praedestinatione Miguel de Avendañoren liburuaren portada da. Frontispizio horren antolamendua Barrokoaren ezaugarri formalen barruan sartzen da, irudikatzen dituen ezaugarri sinbolikoak garai hartako gustuak islatzen baititu.

Dintel bat pilareetara itsatsitako kapitel korintoarretako zutabeetan oinarritzen da. Dintelaren ezkerraldean LIBRI inskripzioa irakur daiteke, eta eskuinaldean, QUINQUE. Zutabeetan, bi alegoria: ezkerrean, Ospea tronpeta bat jotzen ari da eta tronpetatik VOX HAEC NUN-CIAT OMNIS. MARIA INMACULATE CONCEPTA idatzita duen filaktelia irteten da. Eskuineko alegoria, berriz, Garaipena da, eta esku batean ikur ohikoenetako bat darama: luma; beste eskuarekin, ordea, san Ignazioren buruaren gaineko ereinotz koroari eusten laguntzen du. Frontispizioaren erdiko hutsartean santu horren bustoa dago. Buruak nimbada du eta SANCTUM PATRONI GUIPUZCOA irakurtzen da. Esku batean liburu bat du; hau dio liburuak: AD MAIOREM DEI GLORIAM. Beste eskuarekin Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudidun estandarteari eusten dio; inskripzio hau du estandarteak: ET SPERNE-MUS INSUROENTES IN NOS. IN NOMINE TUO VEXILLABIMUR. PSAL..19 Azpialdean, Gipuzkoako armarri handia dago. Behe-behean, plantxaren egilearen izena irakur daiteke: IOSEP-HUS PORTOLES, eta VALL. OLET. 1671. Frontispizioaren goiko aldean, hodei eta kerubinen artean, konpainiaren irudia (IHS) eta bihotza hiru gurutzek zeharkatuta.

Frontispizio hori Alonso de Orozcok Juan Antonio Velazquezen Philippo IIII. Hispaniarum Regi Catholico. Novo Constantino Augusto. Mundi globum, Ave Mariae sacrae ad firmitate ponenti libururako egindako frontispizioan oinarrituta egin zuten. Liburua Bartolome Portolesek inprimatu zuen Valladoliden, 1653. urtean19. Donostian eta Valladoliden inprimatutakoen plantxek, neurri berekoak izateaz gain, antzekotasun formal eta ikonografiko handiak dituzte. Basamentu altuan daude biak egituratuta, alboetan zutabeak dituzte, taulamendu soilari eusten diotenak; goian, kerubinak zeruan eta Jesusen Lagundiaren ikurra. Zutabeen aurrean bi pertsonaia hegaldun daude. Valladoliden inprimatutakoan, bi alegoria dira, haien azpian dagoen inskripzioak zehazten duen moduan: CREDO TIBI VERUM DICERE FAMA SOLES CLAUD y VICTORIA FELIX E X O R ATA VENIT; Ospea eta Garaipena dira. Bi horiek, Donostiako lan inprimatuaren aingeruak bezala, ereinotz koroari eusten diote esku batekin. Horrez gain, eskuinekoak palma bati eusten dio beste eskuarekin, eta ezkerrekoak, tronpeta bati; tronpetatik inskripzio bereko filaktelia bat irteten da: VOX HAEC NUNCIAT OMNIS. MARIA INMACULATE CONCEPTA. Bi frontispizioen arteko desberdintasun nagusia hau da: Valladolideko lan inprimatuaren erdiko hutsartean Felipe IV.aren erretratua dago, eta eskuetako batean Ama Birjina Sortzez Garbiaren estandarte bera du eta beste eskuan munduko bola. Beheko aldean, Gipuzkoako armarria zegoen tokian, kartela bat dago, lanaren izenburua, egilearen izena eta inprenta oina jasotzen dituena.

Arrazoi hauek direla-eta izan daitezke bi frontispizio horiek antzekoak: Juan Antonio Velazquezen liburuaren inprimatzailea, Bartolome Portoles (Valladolideko inprimatzailea), eta Donostiako20 lan inprimatuaren grabatzailea, Josefo Portoles , ahaideak ziren; horren adierazle ez da abizena soilik, baita bien jatorria ere: Valladolid, alegia.

Bi frontispizio hauetan irudikatutako alegoriek ohiko ezaugarri bereizgarriak dituzte. Ospeak tronpeta bat darama, goraipatu nahi den pertsonaren edo gertaeraren izena aldarrikatzeko; XVII. mendean nahiko arrunta zen, horrez gain, erretratu bat ere izatea. Askotan, aztertzen ari garen kasu honetan bezala, hegoak izaten zituen eta pertsonaiaren gainetik ageri zen tronpeta jotzen. Gipuzkoako armarriak eta Jesusen Lagundiko anagramak bi lotura elementu dituzte: batetik, santuaren erretratua, eta bestetik, jatorrizko liburuaren egilea, gipuzkoarra eta jesuita.

Josepho Portolesena da Miguel de Avendañoren De Divina sciencia et praedestinatione liburuaren bigarren tomoko armarria ere. Donostian inprimatu zuen Martin de Huartek, 1674. urtean. Egilearen armak dituen armarri ederra eta Jesusen Lagundiko IHS ikurra ere ageri dira.

Antonio de Neyrak 1698an Iruñan inprimatutako Francisco Alchacoaren Vida de la venerable sor Maria de San Pedro lanean, F. Galimo fecit. sinadura dago. Trinitatea irudikatzen duen kobre bat da. Zirkulu baten barrualdean inskripzio hau irakurtzen da: ILVSTRIS CAPITVLI ECCLESIASTICI CIVITATIS S. SEBASTIANI SVPEREGGR. SEMMA. Zirkuluaren barruan, Jainko aita dago, eserita, eta Jesukristo gurutziltzatuari eusten dio eskuekin. Buruaren gainean, usoa. Hondoan, burdin sarearen edo katedraleko koruaren dekorazioa ageri da. F. Galimo f.k sinatua da.

 F. Gab. Sculpsis-ek sinatutako armarri bat dago Juan de Lezaunen Tesoro evangélico para los curas de almas lanean; Adiosen inprimatu zuen Domingo de Bernadalak, liburuaren merkatariak. Juan Grande Santos de San Pedro Iruñako gotzainaren armarria da, hari eskaini baitzitzaion liburua.

Tolosako lehenbiziko lan inprimatuak, Bernardo de Huarteren Nueva recopilación de los Fueros de Guipúzcoa liburuak, Pedro de Larreak grabatutako portada ederra du. Goiko aldean, lehenbiziko izenburua azaltzen duen kartelari eutsiz, bi putti. Erdian, Gipuzkoako armarria hiru zatitan bereizita: goian, eskuinean, erregea tronuan eserita, ezpata eskuan; goian, ezkerrean, lau kanoiko hiru lerro erregeari begira; beheko aldean, ura, lurra eta hiru zuhaitz. Armarriaren albo bakoitzean, basamentu baten gainean dauden bi basatik esku batekin eusten diote armarriari; beste eskuan, garrote edo makila bana dute. Goian, ereinotzak, estandarteak, tronpeta gurutzatuak eta bi kasket daude.

Armarriaren azpian, danbor bat eta elkar gurutzatutako hainbat arma daude (lantzak, sastakaiak, aizkorak eta abar). Kasketak, korazak, animalien itxurako eskutokidun sableak, armadura eskuzorroak, eta kapela turkiar eta kristau bana. Beheko aldean, izenburua kartela laukizuzenean, bi esfingeren artean. Plantxa hori grabatu zuena eskultore nafarren familia bateko kidea zen, eta familia horretako kide ospetsuena Lope de Larrea21 dugu.

1698ko Bilbaoko lan inprimatu batean, Tomas Grandaren Historia de la milagrosa imagen liburuan, Arrieteren sinadura duen grabatu bat dago. Landare elementuzko orla fin batean arku zutabezko egitura bat dago, ordena korintoarreko landare apaingarriz eta basamentu baten gainean. Egituratik kanpo, goiko aldean eta arkuaren alde banatan, bi aingeru tronpeta jole. Haien gailurrean, ASSUMPTA EST MARIA IN COELUM inskripzioa, eta erdi-erdian, koroa bat. Arkuaren barrualdean Ama Birjina dago, bi koroa ditu (erreginaren koroa eta, haren gainean, izarrezko koroa, erdian gurutzea duela). Bi koroen artean, Espiritu Santua. Ama Birjina mantu batez estalita dago, eta esku batean arrosarioa eta bestearekin haurrari eusten dio (haurra koroatuta eta mantu batez estalita dago, eta eskuetako batean liburu bat du, irekita). Oinetan ilargia eta kartela bat daude; kartelan, grabatzailearen sinaduraz eta dataz (1698) gain, inskripzioa hau: LA MILAGROSA IMAGEN DE Nª Sª DE BEGOÑA. Ama Birjinaren inguruan zenbait aingeru daude, eskuetan loreak dituztela.

Tipologia eta gaiak

Biñetak

Kontzeptu horren barruan, portada edo liburuaren barrualdea ilustratzeko funtzioa duten estanpak biltzen ditugu, frontispizioen, armarrien edo marken antolamendu formalik ez dutenak. Ilustrazio mota horiek liburuen portadetan egoten dira batez ere, eta erlijio gaiak izaten dituzte ohiko gai ikonografikoak.

Nahiz eta beste gai batzuk ere erabili ziren -erretratua, esaterako-, esan beharra dago erlijio munduarekin lotutakoak izan zirela garai horretako gai nagusiak. Ez dugu ahaztu behar, estanparen jatorrizko helburua erlijioa izan zela eta, gainera, liburu egileek eta sustatzaileek lotura zuzen-zuzena zutela oraindik ere erlijio munduarekin.22 

Erlijio gaiek dena hartzen zuten; eta, askotan, beste mota bateko eszenen lagungarritzat ere erabili ziren, bai botere erreala edo nobleziaren boterea legitimatzeko (konbertsio ezaugarriz), bai dekorazio soilerako, aurrerago ikusiko ditugun inizial ugaritan, adibidez.

Gai bibliko eta hagiografikoak dira ugarienak. Santiago de la Voragineren lanaren hedapen handiaren ondorioz, eta tokiko santuei buruzko lanen arrakastaren ondorioz, pertsonaia horien ikonografia oparoa izan zen.

Ama Birjinari buruzkoak oso garrantzitsuak dira, oso ugariak baitira; era askotako ikonografiaz irudikatuta ageri da: Ama Birjina eta haurra, gorputz osokoa edo hiru laurdenekoa; Ama Birjina Sortzez Garbia, bere purutasunaren ezaugarriekin, edo tokiko bertsioetan. Ama Birjina horiek guztiak edozein liburu motatako portadetan azaltzen dira, bai eta kapitulu amaieretan edota liburuaren barruan ere. Estanpa mota horiek deboziozkoak dira batez ere, Ama Birjinari babesa eskatzeko edo liburua eskaintzeko eginak.

Zalantzarik gabe, Ama Birjinaren irudia izan zen erreformistek gehien kritikatu zuten irudietako bat. Jarrera horri aurre egiteko, kontrarreformak Ama Birjinaren purutasuna aldarrikatu zuen. Hori dela-eta, XVII. mendean, Andre Mariari buruzko ikonografiaren berpizkundea gertatu zen. Ildo horretatik, mende horretan zehar, tokiko Ama Birjinek -hau da, hiri jakin batekin lotutako irudiak eta fededunek berebiziko debozioz gurtzen zituztenak- are eta garrantzia handiagoa hartu zuten, udalerriko zaindari eta erlijio ikur nagusi bihurtu baitziren.

 Ama Birjina Sortzez Garbiak ditu bertsio gehien; era askotan irudikatuta dago: gorputz osoz, gorputz erdiz, bakarrik edo haurrarekin. Gorputz osoz, ilargia oinetan eta haurra besoetan dituela, honako honetan: Cartilla para enseñar (Matias Mares, Iruña, 1606). Ama Birjina Sortzez Garbia, bere purutasunaren ikurrak dituela: eguzkia (ELECTA UT SOL), ilargia (PHULCHRA UT LVNA), atea (PORTA COELI), zedroa, FONS HORTORUM, PVTEVS AC-VA RVM VIVENTIVM, HORTVS CONCLVSVS, VIRGA JESSE, STELLA MARIS, SICVT LILIVM INTER SPINAS, OLIVA SPECIOSA, TVRRIS DAVID, SPECVLVM SINE MACVLA, CIVITAS DEI. Irudi horren ondoren, "Salutatio Mariae" izeneko letania dago; irudi horiek guztiak aipatzen ditu eta Ama Birjinaren purutasunaren aldeko aldarrikapena da, baita irudia ere. Eta bakarrik, gorputz osoz eta ilargia oinetan duela, predestinatuen ikur, Iñigo de Lodosarena (Iruña, Diego de Zabala, 1654).

 Ama Birjina, haurra besoetan duela , Juan de Amiaxen Ramillete de Nuestra Señora de Codex liburuan (Carlos Labayen, 1608), eta Pedro Velasquezen Tratado de las Virtudes liburuaren portadan (Iruña, Juan de Oteiza, 1624).

Antzeko ikonografia, baina birjintasunari buruzko testua duela (TOTA PULCHRA ES AMICA MEA ET MACVLA NON ESTINTE / SINE MACVLA) dago Nicolas Notae Literales liburuaren 450. orrialdean (La Oliva, Martin de Labayen eta Diego Zabala, 1648); eta, askoz geroago, Martin Gregorio Zabalaren lan inprimatuen portadan (1674 eta 1688). Lehenbizikoa auzi bati dagokio eta bigarrena Oficio de Festividades liburuari. Jaime de Corellaren Practica de Confesonario liburuko egilearen eskaintzarekin lotura du (Iruña, Juan Micon, 1686).

Honako hauek dira Ama Birjinaren tokiko bertsioak: Arrosariokoa (Carlos Labayen, Iruña, 16311, Juan Mata, Parays Virginal ); Bidekoa , Francisco Elizondoren Christi nomine invocato liburuxkan (Iruña, Gaspar Martinez, 1674) testuaren hasieran egiten den laguntza eskearekin lotuta; Nahigabetua , Juan Miconek Iruñan 1684. urtean inprimatutako Luis Aguirreren laneko portadan; Codexekoa , Juan de Amiaxen Codex-eko Andre Mariaren lore sortan (Iruña, Carlos Labayen, 1608); Durangoko Uribarrikoa , Geronimo Ripaldaren Exposición breve de la doctrina christiana portada apainduz (Bilbao, Juan de Azpiroz, 1656).

Pasarte batzuk oso baliagarriak dira irudiek doktrina morala transmititzeko bizirik nola jarraitzen zuten erakusteko. Esate baterako, batetik, Itun Berriko gertaeren biñetak ageri dira Diego Izquierdoren Trilogium Eucaristicum (Iruña, Martin Labayen, 1650) lanean, testua hornituz: Egiptora ihesa (10. orrialdea) eta Ikustaldia (16. orrialdea). Eta, bestetik, Visitación en  Estado y descripción de la Santa Catedral de Pamplona lanean ere Ikustaldiaren pasarteak ageri dira (Juan de Oteiza, 1626).23 Itun Zaharrak ere estanpa ugari ditu. Hauek dira erabilienak: Jose Garciaren Anotaciones Predicables sobre el psalmo De Profundis portadako David erregea (Iruña, Carlos Labayen, 1623) -bertan, bertsoetako bat irudiaren ondoan dago-; eta Sanson eta Dalila , hainbat orla eta biñetatan azaltzen baitira.

Erlijio gaien beste irudikapen mota batzuk kristauen kode ideologikoarekin lotuta daude; hala nola: Manuel de la Concepcionen Summa Noven Partium (Iruña, Guillermo Francisco y Alcanduz, 1696) liburuko 477. orrialdeko xilografian azaltzen den Trinitatea ; Francisco Alchacoaren Vida de la Venerable sor María de San Pedro (Iruña, Francisco Antonio de Nayra, 1698) liburuko lehen orriko kalkografia; Diego de Cespedesen Libro de Conjuros contra tempestades liburuaren bi edizioetan (1633 eta 1641) azaltzen den Jainko Ahalguztiduna ; eta 1614. eta 1634. urteetako edizioetan, tetramorfoekin. Bai eta Prudencio de Sandovalen De la vida y hechos del emperador Carlos V eta Ignacio Anduezaaren Vida y martirio de los santos patronos (Iruña, Gaspar Martinez, 1656) liburuko frontispizioaren frontoian ere.

Erlijio ikonografiaren beste atal azpimarragarri bat gai hagiografikoak dira. Izan ere, santu garaikideak sartu ziren, batez ere, XVII. mendetik aurrera, Kontrarreformaren ondorioz eta ordena bakoitzean -ohiko santuei eusteaz gain- kanonizazio berriak egitearen ondorioz; esate baterako, Valentin de Hericeren Qvartor Tratatus (Iruña, Carlos Labayen, 1623) lanaren frontispizioan Ignazio eta Frantzisko Xabier azaltzen dira. Tokiko santuak ere nahiko ugariak dira: Saturnino, Honesto eta Fermin, adibidez, Juan Salaren Razones y autoridades (Iruña, Martin Labayen, 1650) liburuan; izan ere, lan horretan san Ferminen zaindaritzaren alde egiten da, eta lotura esanguratsua dago biñetaren eta testuaren artean. Jose Moreten Investigaciones históricas eta Annales del Reino de Navarra (Iruña, 1665 eta 1684, hurrenez hurren) lanetako frontispizioetan, Fermin eta Xabier santu zaindariak ageri dira; eta Miguel Urdanizenean (Iruña, 1650) san Fermin soilik. Oro har, irudikapen horiek egilearen ordenarekin lotuta daude, edota santu horiei gomendatzearekin -haren babesa eta inspirazioa izateko-.

Francisco Barrialesen Descripción del Santuario de la sierra del Pielago (Iruña, Martin Gregorio Zabala, 1679) liburuko estanpa berezia da. Estanpa horretan, debozio funtzioaz gain, Purgatorioko nahigabeen aurkako aseguroa dago -Carrete Parrondok aipatua-; izan ere, irudiarekin batera dagoen testuak dioenez, ehun induljentzia egun lor daitezke estanpari otoitz eginez gero: S.ta SABINA S. VICENTE. M.P S.ta CHRISTETA / todos tres Hermanos Patronos de Abila, y Patrones, y naturales / de Talabera de la Reyna / Su memin.ª a concedido 100 dias de Yndulg.ª a todas las personas por cada bez q. recare / vn Padre nuestro y vna Avemaria delante destas Ymagen e, y alas q. trugere consigo sus es / tampas o las tuviere en su casa rogando a Dios por la exaltacion de nuestra S.ta Fe Catolica / Ph r entre los PP. Christ. Salud desus Mag.des. Son de la Cueba y Desierto d Ermitaños leg. d Talav.ª.

Egilea ordena jakin batekoa denean, santu fundatzailea edo ordenako santuak irudikatzen dira liburuan. Esate baterako: santo Domingo Marcos de los Huertosen Tractatvs De Sacrosancto Missae (Iruña, Carlos Labayen, 1627) liburuko 11. orrialdean. Antonio Alvaradoren Arte de bien vivir (Matias Mares, 1608) liburuaren portadan san Benitoren estanpa azaltzen da, arauaren liburua Kristo gurutziltzatuari aurkezten. Urrutian, eliza bateko kanpandorrea. Irudikapena kartela batek inguratzen du, eta honela dio: DICO EGO OPERA MEA REGI. Eta santu beneditarrez inguratuta ageri da Antonio Yepesen Cronica (Matias Mares, Irache, 1609) liburuaren frontispizioan; san Bernardo , bere ikonografia arruntenean, Ignacio Fermin Iberoren Exordia Sacri Ordinis Cisterciensis (Iruña, Nicolas de Asiain, 1621) liburuan azaltzen da, Ama Birjinaren esnea hartzen, eta, beraz, horrek lotura zuzen-zuzena du liburuaren gaiarekin eta egilearekin. Diego Izquierdoren Trilogium Eucaristicum (Iruña, Diego Zabala, 1650) liburuko 12. orrialdean, san Frantziskoren estigmazioa ageri da.

XVII. mendeko Espainiako arte ikonografikoan behin eta berriro azaltzen da Eukaristiaren irudikapena. Carlos Labayenek 1611n eta 1624an inprimatutako Catecismus lanean, irudi bat dogma horri buruzkoa da: bi aingeruk tenplete doriar formako kustodia bat eusten dute, frontoi triangeluarra dute goialdean eta, haren barruan, gurutziltzatze eskematikoa duen ostia bat dago. Irudi berarekin apainduta dago Juan Beriainen Tratado de cómo se ha de oir misa (Iruña, Carlos Labayen, 1621) liburuaren portada. Gai bera lantzen da, baina kalizaren eta ostiaren irudien bidez, Antonio Venegasen Fiestas del Corpus (Iruña, Nicolas de Asiain, 1610) obran, liburuaren gaiarekin zuzen-zuzenean lotuta. Beste batzuetan, edukia zuzenean aipatzeko baino gehiago, dekoraziorako erabiltzen dira irudi mota horiek; esate baterako, Jose Moreten Anales edo Manuel de la Concepcionen Summa lanetan.

XVII. mendearen hasieran, Matias Mares inprimatzailea biñeta batez baliatu zen Fr. Antonio Audicanaren Canciones Quadragesimales (Iruña, 1601) liburua ilustratzeko; liburuaren gaia botere jainkotiarrari buruzkoa da, eta Erdi Aroko Azken Epaiketetako berezko ikonografiarekin lotuta dago. Juan Basilio Sanctororen La hagiografía y vida de santos (Bilbao, 1580 eta 1585) liburuaren bi edizioetan erabili zuten biñeta hura liburuen portada apaintzeko; horrekin batera, san Paulok Filipoarrei idatzitako gutunaren testua (Flp. 2, 10)24 ere azaltzen da, testu horretan irudiak irudikatzen duena aipatzen baita.

Azkenik, liturgiarekin lotutako eszenek ere aberasten dute erlijio ikonografia: mezek, esaterako; hala nola, Diego Galvezen Cartilla (Iruña, Mares, 1606 eta Carlos Labayen, 1608), eta Ordenanzas de San Gregorio Nacianceno lanetan (Bilbao, Nicolas de Sedano, 1686). Mezaren eszena san Gregorioren ohiko ikonografietako bati buruzkoa da; hau da, san Gregorio meza ematen ari da, eliz mutilez inguratuta, aurrean Kristoren irudia duela, Pasioaren enblemez inguratuta.

XVI. mendearen hasieraz geroztik, espiritu berri bat nagusitu zen poliki-poliki, eta liburuetako ilustrazioetan hasi zen sartzen; esate baterako, indibidualismoa goraipatzeko joera. Izan ere, egilearen erretratua, liburua eskaini zaion pertsonaren erretratua edo liburuak lantzen duen pertsonaren erretratua sartzen hasi ziren.

XVII. mendean, asko garatu zen erretratua estanpan; batez ere, metalaren gaineko grabatua orokortu zelako. Teknika horren bidez, zuri-beltzen zehaztasun hobea lortzen zen. Horrez gain, frontispizioen aldeko hautuak ez zuen erretratuen aurkako joerarik eragin; hots, erretratuak haren barruan sartu zituzten, egitura arkitektonikoen egituraren zati bat gehiago bailiran. Horren lekuko dira Molina kardinalaren, Roberto Vellarminiren, Suarez A.ren, Vazquez A.ren, Francisco Toledo kardinalaren eta Valentia aitaren erretratuak, horiek guztiak baitira Herice aitaren liburuko frontispizioaren gai nagusia. Gaspar Centrolen Relaciones verdaderas liburuaren portadan (Iruña, Carlos Labayen 1616) egilearen erretratua ageri da.

Ikuspuntu berri horrekin eta garai hartako garapen ekonomiko eta kulturalarekin lotuta -garai hartan, zientzia eta banakotasuna berebiziko printzipio garrantzitsuak bihurtu ziren- gai berriak azaldu ziren; hala nola: astrologia (zientzia hori asko garatu zen eta hainbat eta hainbat liburu argitaratu ziren); hiriko eta landako paisaiak (bidaia liburuetan, batez ere); mapak, planoak, naturako elementuak, animaliak eta landareak, bereziki (liburu mota askotan, baina, batik bat, zoologia zientziarekin eta botanikarekin lotutako liburuetan); heraldika; eta erretratua.

Frontispizioak

Autore guztiak ez dira ados jartzen frontispizio kontzeptua definitzen eta portadarekiko zer desberdintasun dituen azaltzen. Martinez De Sousak, anbiguotasunak ebazteko, historialari nagusien definizioak aztertu ondoren, honako bereizketa hauek proposatzen ditu: "portada apaindua", "portada grabatua" eta "kontraportada grabatua". Termino horiek, ordena horretan, honako portada hauei dagozkie; lehen terminoa, garai inkunableko eta XVI. mendearen hasierako portada xilografiatuei; bigarrena, XVII. mendeko kalkografiatutako portadei; eta azkena, portadako testua zeraman ikonoa zeukanari, lamina bereiz batean, eta portadaren aurrean.25 Adituen ustez, Schoeffer aitaren Rationale divinorum officiorum (1459) liburua da portada izan zuen lehenbiziko liburua.

Frontispizioek Herbehereetan dute jatorria; izan ere, garai hartan eskualde hura zen jarduera editorialaren eta tipografiaren aitzindaria, eta eragin handia izan zuen Espainian.26 Nafarroan lurralde haietatik etorritako inprimatzaileen eskutik garatu zen; Adrian de Amberesen eskutik, esaterako. Haren material tipografikoa Nafarroako beste inprimatzaile batzuen lanetan hauteman dezakegu; hala nola, Miguel de Eguia, Matias Mares eta Tomas Porralisen lanetan.

Azkar hasi ziren bilakatzen portadetako elementuak, "portada apainduen" lehenbiziko garai hartatik -marrazkiak tako bakar batez grabatzen ziren hartatik-, elementuen espezializazioko beste garai batera; hau da, elementuak inprimatzaileen artean trukatzeko eta lan batzuetatik beste batzuetara trukatzeko aukera sortu zen garaira. Horrela, batzuk elementu horizontalez egituratzen ziren, eta beste batzuk elementu bertikalez; hau da, "elementuen espezializazioa, hutsune arkitektoniko baten egiturarekin bat etorriz".27 

Liburuaren portadak ezaugarri arkitektonikoak dituenean, etxeen aurrealdeak, erretaulak eta oinarriak imitatzen dituztenean eta autorea eta lana goraipatzen dituztenean, Barroko garaiko ohiko portadak dira. Metalean grabatuta daude, eta grabatuek lotura zuzenena dute liburuarekin, askotan, plantxa berean grabatzen baitzen izenburua; hori dela eta, horretarako baino ezin ziren erabili. Horren adibide garbia da Victor Hericeren Quator tratactatus liburuaren portada: santuen erretratuen irudiak eta autorearen ordenako idazki garrantzitsu batzuk ageri dira.

XVI. mendeaz geroztik eta XVII. mende osoan, liburu askotako frontispizioak, ezaugarri arkitektonikoa zutenez, arkitekturaren elementu estruktural guztiez baliatzen ziren; esate baterako: salomondar zutabeez, frontoi zatituez, irudidun horma hobiez eta abarrez. Barroko garaiko frontispizio horiek ez zuten aurreko garaiko frontispizioen dekoratibismoa; hala ere, irudiak oso garrantzitsu bilakatu ziren.

Hauek dira frontispizioaren atalak: basamentua, gorputz nagusia eta goiko aldea. Elementu estruktural horietan oinarrituta, bilakaera estilistiko nabarmena izan zen, artearen beste arlo batzuetan gertatu zen bezala. XVI. mendean -Errenazimentu estilorako joera handikoa-, frontoi zirkularrak eta triangeluarrak erabiltzen ziren batez ere; frontoi horiei zutabeek edo pilastrek eusten zieten, eta batzuetan, irudiak zeuden haien ordez, estipiteen antzekoak. Zutabeek edo pilastrek eutsitako egitura dinteldunak dira XVI. mendearen hasierako beste ezaugarri bat. Alde horretatik, azpimarratu beharra dago erlijio liburuen portadak erdi puntukoak zirela (duintasun eta itxura handiagokoak), eta zibilak, dinteldunak.28 Horren adibide dira Miguel de Eguiaren tailerrean sortutako portadak.

XVII. mendea frontispizioaren garapenaren mendea izan zen. Oso liburu gutxi zeuden tankera horretako portadarik gabeak; izan ere, hutsarteko grabatuaz baliatzen zirenez, marrazkiak askoz perfektuagoak egin zitezkeen, eta argilunak askoz ere zehatzagoak. Irudiek askoz protagonismo handiagoa hartu zuten, nahiz eta aurreko garaiko frontispizioen dekoratibismoa galdu. Horrela adierazten du Lopez Serranok: "retablos y frontones, escudos y emblemas, filacterias y retratos, columnatas y divisas que recargan la decoración hasta el límite".29 

Barrokoaren eraginez, santu, alegoria, erretratu, enblema, armarri, oihal eta abarren artean lausotzen da egitura arkitektonikoa. Erabateko konfigurazio barroko horrekin, J. Moreten Investigaciones históricas y Annales del Reyno de Navarra liburuaren frontispizioak ditugu: oihal eta arma garaipen ugari ditu, bai eta zaindari santuen armarri eta erretratu ugari ere. Beste adibide bat Ignacio Anduezaren Vida y Martirio de los Santos Patronos (Iruña, Gaspar Martinez, 1656) liburuaren portada dugu.

Frontoi triangeluarrak edo zirkularrak zatikatuak ziren, eta haustura hori irudi bat, armari bat edo kartelak -erretratudunak eta enblemadunak- jartzeko baliatzen zituzten. Beste batzuetan, ez zegoen frontoirik, eta espazio horretan irudiak, armarriak eta beste elementu batzuk irudikatzen zituzten. Zutabeak -korintoarrak, toskanarrak, eta konposatuak- binaka irudikatzen zituzten. Interkolumnioetan irudiak jartzen zituzten, eta horiek horma hobietan zeuden, aldi berean, eta argi eta itzal joko berezia sortzen zuten, barrokoaren estilora. A. Yepesen Crónica general de la orden de San Benito liburuaren portadak ezaugarri horiek ditu; hiru mailatan antolatuta dago, albo bakoitzean horma hobi bikoitzak ditu, eta ordenako santuak. Mende hartan ia desagertu egin ziren aurreko mendeko orla eta frontispizio korapilatsuen konbinazioak; esate baterako, Pedro Irurozquiren Series toius historiae (Lizarra, Adrian de Amberes, 1557) laneko laugarren eta bosgarren portadan azaltzen direnak: orla historiatu bat du, eta barruan, ezaugarri errenazentistadun frontispizioa, landare dekorazioko zutabeak dituena eta frontoi zirkularduna.

Armarriak

Heraldika gaiek garrantzi handia hartu zuten, eta mota guztietako konposizioetan hasi ziren sartzen: frontispizioetan, erretratuekin batera eta banaka. Liburuaren barruan, portadan, portadaurrekoan edo atzeko portadan irudikatzen ziren, batez ere.

Armarriak eta liburuarekin lotutako pertsonek elkarrekin zer erlazio zeukaten kontuan hartuta, honela sailka litezke armarriak: autore armarria, liburuan azaltzen den pertsonaren armarria, eta liburua eskaintzen zaion pertsona, erakunde edo hierarkia zibil edo erlijiosoaren armarria. Zalantzarik gabe, azken horiek dira ugarienak, autoreak liburua inork babestea edo diruz laguntzea nahi zuelako. Horrela, mezenasaren armarria sartuta, eskaintza indartu egiten zen.

Hona hemen Hego Euskal Herriko grabatuen ohiko sailkapena: batetik, armarri jurisdikzionalak daude, lurralde jakin batekin lotutako armarriak -erresuma, hiribildu, hiri edo herri bati lotutakoak-; eta bestetik, armarri laiko eta eklesiastikoak -besteak beste, errege etxeetakoak, nobleziarenak, hierarkia eklesiastikoarenak eta erlijio ordenetakoak-.

 Bilbaoko armarriak hainbat bertsio ditu, baina gehienetan, Ordenantza liburuetan -esate baterako, Cole de Ibarrak 1609an inprimatutakoetan-, elementu hauek ditu: gaztelua, errenteria, bi begiko zubia eta bi otsoak. Haren ondorengoek ere hori erabili zuten; esate baterako, Pedro de Huidobrok Resumen de los derechos lanean, 1646. urtean, eta Martin Morovellinek 1665eko bertsioan. Beste batzuek, aldiz, beste bertsio bat erabili zuten: errenteria eraikina ez da azaltzen, eta, horren ordez, San Anton Eliza dago.30 Roque Rico de Mirandak ere bai, hiribilduaren Ordenantzen lan inprimatuan (1669); eta Nicolas de Sedanok, 1673 eta 1682 urteetan egindako edizioetan. Erakunde batzuek -Bilbaoko Kontsulatuak, esaterako- hiru mastako itsasontzi handi bat dute beren armetan, Roque Rico de Mirandak 1669an inprimatutako Ordenantzetan eta Jose Gutierrez de Baraonaren edizioan, 1691n.

Pedro Huidobrok 1643an egindako Foruen edizioan Bizkaiko Jaurerrikoa ageri da; kobre hori Francisco del Cantok Medina del Campon egindako ediziokoan inspiraturik dago. Jaurerriko beste armarri bat Historia y milagros de la Virgen de Begoña liburuaren portadan azaltzen da; liburua Begoñako Ama Birjinaren Bizkaiko zaindaritzari buruzkoa da; Arrietek eta Leceak inprimatu zuten, 1699an.

 Gipuzkoan , kronologia horretako lan inprimatu urrietan, probintziaren armarriak ere azaltzen dira, bai frontispizioetan, bai zenbait portadatako gai nagusi gisa; esate baterako, Andres de Pozaren Hidrografía liburuaren portadan azaltzen da, bai eta orla apaingarri batean ere (Martin de Huarte, 1675).

Nafarroako lan inprimatuetan, gai nagusia da. Lurraldearenak dira ugarienak: Nafarroako erresumako armarria ageri da, XVI. mendeaz geroztik, zuzenbide liburuen portadak apaintzen: Lege Koadernoak, Ordenantzak eta Foruak, esaterako. Zenbait armarri mota daude: lehenbiziko lan inprimatuetan, kateak karratuak dira eta kartela karratu batean daude. Matias Maresek inprimatutako lege koadernoetan (1601). Mendeak aurrera egin ahala, eskudete itxurakoak eta obalatuak azaltzen dira; esate baterako, Juan Sada Impresores taldearen (Domingo Velez de Vergara, Carlos Labayen, Juan de Oteiza, Gaspar Martinez, Martin Gregorio Zabala) Historia Apologetica obran, 1612, 1617, 1621, 1642, 1644, 1678, 1685, 1686, 1687, 169 eta 1692. urteetako Lege Koadernoetan .

Lurraldeen armarri talde horren barruan, lurralde jakinetako lan inprimatuak apaintzen dituzten armarriak ere aipatu beharko lirateke. Besteak beste: Vianako armarria, Carlos Labayenek Iruñan 1608an inprimatutako Juan de Amiaxen Ramillete de flores para nuestra Señora de Codex liburuan; Iruñakoa, Privilegio de la unión de Pamplona liburuan eta hiriko zaindariei buruzko liburuetan -esaterako, Ignacio Anduezaren Vida y martirio de los santos patronos de la ciudad (Gaspar Martinez, 1656)-; Baztangoa, 1692. urtean inprimatutako Ordenantzetan ; Orreagakoa, Carlos Labayenek Iruñan 1617an inprimatutako Martin Irigoyenen Ordo recitandi lanean.

Armarri laikoei dagokienez, azpimarratu beharra dago Nafarroako lan inprimatuetan errege armarria dela ugariena -bai Karlos V.arena, bai Felipe II.arena, bai Felipe IV.arena (kat. 121-1 zk.)-; hori liburua argitaratzen zen garaian agintzen zuen erregearekin zegoen lotuta. Errege armarri horiek portadan jartzen ziren beti, hori baitzen liburuaren atalik azpimarragarriena. Hona hemen horrelako portaden adibide batzuk: Prudencio Sandovalen Historia de los reyes (Iruña, Carlos Labayen, 1615), Benito Peñalosaren Libro de las cinco excelencias (Iruña, Carlos Labayen, 1629), eta Marco Guadalajararen Prodicion y destierro (Iruña, Nicolas de Asiain, 1614).

Talde horren barruan, nobleen armarriak sartzen dira, batez ere mende horretan izan zuten funtzio sozial, politiko eta ekonomikoaren lekuko. Hona hemen liburuetako armarri batzuk, liburu hori pertsonaia ospetsu hari eskaini zitzaiola adierazten dutenak: Feriako dukearena, Juan Marquezen El Gobernador cristiano liburuaren portadan (1615); Nafarroako Kontseiluko presidente Chaves de Morarena, Aditiones Ad Recopilationem Legum Regni Navarrae liburuan (1617); Zolinako bizkondearena, Francisco Martinezen Vida de San Francisco liburuan (1620); Aramaioko konde Alonso de Idiaquezena, Tomas Sierraren Desendaño Cristiano liburuan (Iruña, Asiain, 1613); Aragoiko erresumako inkisidore Bartolome Espejorena, Manuel de la Concepcionen De Sacrosanto Poenitentiae liburuan (M. G. Zabala, 1687); Leonora de Arbizu y Ainar andrearena, Agustin Lopez de Retaren Vida de Nuestra Señora liburuan (M. G. Zabala, 1688); Manuel de Aries y Porresena, Carlos Puertasen Gobierno moral y médico liburuan (M. G. Zabala, 1694).

Armarri eklesiastikoak ere oso azpimarragarriak dira. Armarri horiek barne hierarkia adierazten dute; izan ere, aita santuenak, kardinalenak, artzapezpikuenak eta apezpikuenak jartzen zituzten: Espinona kardinalarena, Francisco de Leonen Privanza del Hombre liburuan (Iruña, Nicolas de Asiain, 1622) ); artzapezpikuarena, Manuel de la Concepcionen Sacrosancto Poenitentiae lanean (Martin Gregorio Zabala, 1687); Antonio Venegas apezpikuarena, Pedro Oña-ren De las postrimerias del hombre liburuan (Carlos Labayen, 1608); Prudencio Sandovalena, Ignacio de Anduezaren Manual de casados liburuan. Prudencio Sandovalena, Historias de Idacio Obispo liburuan (Iruña, Asiain, 1634). Bizkaiko lan inprimatuetan ere badira armarri eklesiastikoak; esate baterako, Juan Saenz de Mañozca inkisidorearena, Juan de Gillasteguiren Apologia en defensa liburuan (P: Huidobro, 1643); Baltasar de Lazcano y Espinar Jaunaren armarria, Diego Honelen Avisos para el alma liburuan -Donostian, Martin de Huartek 1677an inprimatua-; Bernardo de Ursua artxidiakonoarena, Francisco de Alchacoaren Summa Catenata liburuan (Juan Micon, 1685); Salamancako gotzain Jose Cossio y Barredarena, Simon Salazarren Prompuario de materias morales liburuan (Juan Micon, 1687); Iruñako gotzain Juan Grande Santosena, Juan de Lezaunen Tesoro evangélico liburuan (Adios, Domingo de Berdala, 1692); Jose Iñiguez de Abarca gotzainarena, Manuel de la Concepcionen Summa liburuan (Iruña, Guillermo Francisco de Alcanduz eta Lazaro Gonzalez de Assarta, 1696).

Amaitzeko, erlijio ordenetako armarriak gelditzen zaizkigu. Oro har, autorearen ordenarekin daude lotuta. Jesusen Lagundiarena da ugariena. Lagundiaren armarria era askotan irudikatu izan da, baina elementu komunak ditu beti; hala nola, IHS inizialak, gurutzea, hiru iltzeak eta bihotza, eta barruan, eguzki distiratsua. Gehienetan, armarri horiek autorearen ordenarekin eta liburua eskaintzen zaion pertsonarekin daude lotuta. Oso ugariak dira, eta mende osoan eta inprimatzaile gehienen tailerretan inprimatu ziren; batzuetan, hori da liburuaren ilustrazio bakarra, eta portadetan ageri da, batez ere. Hauek dira portada batzuen adibideak: Marco Tulio Ciceronen Faciliores Orationes liburuarena (Iruña, Carlos Labayen, 1611) eta Sebastian Matienzoren Sintagma Reticorum liburuarena (1616). Hurrengo ugariena domingotarrena da (kat. 46-1, 118-1, 168-1, 170-1, 171-1, 186-1, 194-1 zk.); honako hauetan ageri da: Marcos de los Huertosen Ractatus de Sacrosancto Missae (1627), Bartolome Medinaren Breve instrucción (J. de Oteiza, 1626), eta Juan Ribasen Sermón de la Inmaculada (G. Martinez, 1666) lanetan. Apur bat gutxixeago ageri dira f rantziskotarrena -esaterako, Enrique Villalobosen Manual de Confesores (1625) lanean-; karmeldarrena -Marco Guadalajararen Memorable exulsión (Iruña, Nicolas de Asiain, 1613 eta 1614) lanean-; mesedetakoena -Ignacio Vidondoren Espejo Católico (G. Martinez, 1658) lanean; eta zistertarrena -Nicolas Bravoren Tractatus monasticus (M. Labayen, 1647) obran-; Olivako monasterioarena eta Sobradokoarena -Nicolas Bravoren Notae literales regulae (M. Labayen, 1648) lanean-; Orreagako monasterioarena -Martin Irigoyenen Ordo Recitandi (1617) lanean; hor, Ama Birjina eta umea ageri dira, tronuan eserita, gurutzearekin batera-.

Inprimatzaileen markak

Inprimatzaileen armarriak edo markak maisuaren inizialen hitzarmenezko ikur soilak ziren hasieran, baina XVI. mendetik aurrera, alegoria oparo eta konplexu bihurtu ziren, lelo eta ebokazio ugarikoak, eta publizitate funtzio nabarmenekoak. Balio ekonomikoa alde batera utzita, Espainiako markak apartak dira. Editoreek inprimatutako lanean parte hartu zutela adierazteko modu bat ere izan zen; hori dela eta, izena eta identifikazioa jartzen zuten albo batean, "a expensas¿" bereizgarriarekin.31 

Jatorriari dagokionez, MacMurtrie-ren iritziz,32 merkatariek beren fardelak identifikatzeko egiten zituzten marketan dago marka horien jatorria. Fust eta Schoefferrek inprimatutako Psalterio lanean erabili zituzten lehenbiziko aldiz: adar batetik zintzilikatutako bi heraldika ikur erabili zituzten. Eskema hura laster batean bihurtu zen eredu, eta, ordutik aurrera, inprimatzaile askok jarri zuten beren marka. Elementu horrek garrantzi izugarria hartu zuen: askotan, tailer edo inprimatzaile jakin baten marka ekoizpenaren kalitatearen ikur bihurtu zen. Hori dela eta, markak asko ugaritu ziren.

Sarritan, enpresetatik edo enblemetatik oso hurbil daude markak; irudia, dibisa eta inprimatzailearen leloa dituzte. Gainerako apaingarri txikien antzera, asko eta asko sinbolo garrantzitsu bilakatu ziren. Apaingarri batzuk hain dira ederrak, ezen hiztegi handiak sortu baitituzte; esaterako Silvestre edo Vindelenak.33 

Grabatzaileek artelana egin zuten, apaindu eta edertu egin zituztelako; eta hain modu berezian edertu zituztenez, liburua inprimatu zen garaiaren artea islatzen dute. Eta hori nahikoa ez, eta prozedura aldatu zuten: tailu gozoko grabatu soilak alde batera utzi, eta benetako plantxa metalikoak erabili zituzten.

Espainian, 1485. urtean azaldu zen lehenbiziko marka, atzerriko inprimatzaileei lotuta; hala ere, artelantzat hartu zen oso azkar. Orrialde osokoak izatera heldu ziren, eta, batzuetan, hura izaten zen liburuko ilustrazio bakarra.

Mendeen joan-etorrian, markak hainbat kokagune izan zituen liburuan: XV. mendeko liburuetan, kolofoietan ageri ziren; XVI. mendekoetan, portadetan hasi ziren jartzen; eta, XVII. mendekoetan, portada izaten zen tokirik aukeratuena.

Bestalde, inprimatzaile batzuek marka bat baino gehiago erabili zutela egiaztatu ahal izan dugu, eta beste batzuek marka bera erabili zutela beti. Lehenbiziko taldean, Nafarroan lan egiten zuten inprimatzaile gehienak daude. Esate baterako, Tomas Porralisek Millis inprimatzaile familiaren marka bat erabili zuen; hau da, esku batean eskudetea zeraman aingerua, GM inizialekin. Marka hori Jorge de Montemayorren Primera adición de los siete libros de la Diana (1578) liburuan ikus daiteke. Geroago, Juan de Fuenesen Libro intitulado arte militar (1582) liburuan, marka bera erabili zuen, baina eskudetean ez zuen inizialik idatzi. Eta beste liburu batean, Juan Lopezen De Re Medica, ad tyrones (1586) liburuan, bere inizialak sartu zituen markaren eskudetean: TP. Miguel de Eguiaren marka ere erabili zuen, Jaime Montañesen Espejo de bien vivir.. . (1577) liburuan. Thomas Porralisen semea, Pedro Porralis , aitak 1586tik aurrera erabilitako marka hasi zen erabiltzen, aitaren inizialei eutsiz; esate baterako, Francisco Vicente Tornamiraren Traducción del calendario gregoriano (1591) liburuan.

 Matias Maresek ere marka bat baino gehiago erabili zuen: lau, gutxienez, eta gehienak beste inprimatzaile batzuei kopiatu zizkien. Bilbaon ibili zenean, harlandu batean oinarritutako iturri hegaldun bat erabili zuen bola hegaldun bati itsatsita Hironimo Osorioren De gloria libri (1578) liburuan. Marka hori, aldaketa txiki batzuekin, inprimatzaile ugarik erabili izan dute, bai bertakoek, bai atzerrikoek; esate baterako, Sebastien Gryphek, Antonio de Antonek, Domingo de Robertisek, J. Gracianek eta abarrek. Bilbaoko nahiz Nafarroako lan inprimatuetan, Tomas Porralisek erabiltzen zuen beste marka bat ere erabili zuen, Millis familiaren markan oinarrituta; hau da, eskudetea eskuan duen aingerua. Baina Maresek Millis familiaren marka gehiago ere erabili zituen: armarria aurrean duen aingerua eta Guillermo de Millisen inizialak. Nafarroan inprimatu zuenean, Adrian de Amberesen marka ere erabili zuen: Marsilio Ficinoren Libro compuesto por el famoso medico que contiene grandes avisos¿ (1598) liburuan; eta Porralisena ere bai, eskudetea eskuan duen aingerua, Jose de Valdivielsoren Vida excelencias y muerte del gloriosisimo Patriarca... (Iruña, 1609) liburuan, Francisco Feloagaren Informaciones en derecho ... (Iruña, 1604) liburuaren portadan, eta Antonio Venegasen Relacion de las fiestas (Iruña, 1609) liburuaren portadan.

 Nicolas de Asiainek marka bakarra erabili zuen: zuzi hegaldun bat, arku bat eta buiraka bat zintzilik dituela; lurrean tiara bat dago, errege koroa bat eta ezpata bat. Jeronimo Portolesen Tractatus de Consortibus liburuaren (1619) portadan dago. Marka hori Martin Gregorio Zabalak ere erabili zuen Francisco Alchacoaren Sermones de la doctrina cristiana (1691) liburuan.

XVII. mendearen amaierako Juna Micon inprimatzaile nafarrak marka soil bat erabiltzen zuen: hankak zabalik daramatzan hegazti bat, lelo honekin: VIRTVS IN SVBLIM. Esaterako, Pensil ameno escrito por los ingenios... (1691) eta Arcadia de entremeses... (1691) liburuen portadetan.

 Bartolome Parisek 1614an inprimatutako Prudencio Sandovalen Historia de la vida y hechos del emperador Carlos V liburuan, Gripho inprimatzaile familia liondarraren marka ageri da: alegiazko animali itxurako maskaroiez eta bi puttiz apaindutako kartela bat; puttiek bi ereinotz koroa daramatzate esku batean, eta bestean luma bat, legenda honekin: DVCE COMITE FORTVNA VIRTVTE. Kartelaren barrualdean iturri bat dago, eta hanketako bat harlandu batean oinarritzen da eta bola hegaldun bati lotuta dago, kate baten bidez.

Inizialak

Lan inprimatuen inizialek eskuz idatzitako kodizeen imitazioan dute jatorria; izan ere, espazio bat uzten zen haietan, edertzaileak egin zitzan. Ohitura hura inkunableetara igaro zen geroago, eta haietako batzuk edertzaileek egin zituzten. Laster batean, tailer tipografikoetako materiala eta lana bilakatu zen.

Inizialetan, era guztietako gaiak garatu ziren: apaingarri hutsak izan zitezkeen (hostodunak, gurutzatuak, maskaradunak, landare zurtoindunak¿), nahiz gai biblikoekin lotutakoak edota eguneroko bizitzako eszenak. Dimentsio handiko inizial horiek espazio jakinak zituzten liburuetan: hitzaurrea, eskaintza eta liburuen eta kapituluen hasiera. Zenbat eta gehiago sartu XVII. mendean, orduan eta liburu gutxiagotan erabiltzen ziren, eta erabiltzekotan, hitzaurrean eta eskaintzan baino ez; XVII. mendearen bigarren erdialdean erabat desagertu ziren. Ez ahaztu inizialen jatorria mende bat lehenago hasi zela eta inprimatzaile batzuetatik beste batzuetara igaro zela mende luze batean: Adrian de Amberes, Matias Martes, Tomas eta Pedro Porralis, Carlos Labayen eta Juan de Oteizaren eskuetatik.

Jenningsek egiten duen inizialen sailkapenari jarraituz, Juan Bordesen iritziz, lau taldetan sailka daitezke. Lehenbiziko taldekoak antropomorfikoak dira; apaingarriak nahasi egiten dira, eta iniziala aldatu egiten dute. Bigarren taldean apaingarri soilek iniziala inguratzen dute, aldaketarik eragin gabe. Hirugarren taldean, irudi edo eszena batean gainjartzen diren inizialak sartzen dira. Laugarren taldean, berriz, sinadura kaligrafiko soil edo konplexuak.34 

Ikuspuntu formaletik, aurreko azalpenari jarraituz aurkitu ditugun inizial motak bigarren eta hirugarren taldeari dagozkie. Hau da, batetik, apaingarri soil direnak, batzuk beste batzuk baino trinkoagoak eta iniziala aldatu gabe inguratzen dutenak; mota horretakoei apaingarri deituko diegu. Eta bestetik, eszena edo irudi batean gainjartzen direnak aurkitu ditugu; horiei historiatuak deitu diegu eta aurrerago aztertuko ditugu.

Inprenten egoeraren baldintza batzuk zirela eta, sarritan, tailer batzuek inizial batzuk baino ez zituzten, eta haiek baino ez zituzten erabiltzen, behin eta berriro, urratu arte, oso garestia zelako edizio bakoitzerako berariazko inizialak egitea. Horrez gain, Nafarroako lan inprimatuetan, lurralde horretan lan egin zuten inprimatzaileen harremanei esker, inizial historiatuak luzaroan erabili ziren (XVII. mendearen amaiera arte ia) eta ia inprimatzaile guztiek erabili zituzten, gainera.

Erlijio gaietan, inizial asko eta askotarikoak daude. Bibliako pasarte guztiak daude irudikatuta, pertsonaia zehatzak, santuak, monjeak, gotzainak, ebanjelistak, apostoluak, dignatario eklesiastikoak eta abar; hala nola, san Jeronimo, Santiago, Mateo, san Jorge, Pedro, Paulo, Lukas, Markos eta Joan.

Inizial mota horiek gehienak Tomas Porralisek, Mathias Maresek eta Nicolas de Asiaynek erabili zituzten, beraiek inprimatutako liburuetan. Inizial horiek alfabeto berekoak dira, eta, bertan, J, K, Ñ, U, X, eta Z letrak falta dira. Guztiek dute gai sakratua, dagokien gaien ikonografia tradizionalei jarraituz. Itunen gaietako inizialen artean, gai hagiografikodunak eta Itun Zaharreko eta Berrikoak dira azpimarragarrienak; esate baterako, Deikundea, artzainen Adorazioa, Gurutziltzaketa eta Trinitatea.

XVI. mendeko eta XVII. mendearen lehen erdialdeko inprimatzaile nafarrek erabilitako beste alfabeto bat "Dantza Makabroaren edo Heriotzaren Dantzaren"35 atalekin osatutakoa da. Erdi Aroko tradizioko gai hura asko garatu zen XV. eta XVI. mendeko Europan, arte adierazpen guzti-guztietara hedatu baitzen. Zalantzarik gabe, grabatuaren ikuspegitik, Hans Holbeinek egindako bertsioak izan zuen hedapen handiena; batez ere, Melchor eta Gaspar Trechsel inprimatzaileek 1538an egindako Liongo lehenbiziko edizioaren ondoren. Izan ere, lan haiek Errenazimentuan zurezko grabatuak izandako perfekzioaren adibide ezin hobeak dira. Agortuta zirudien gai batean berrikuntzak aurkitzen jakin zuen Holbeinek: mugimendua eman zien, bizia eman zion heriotzari. XVI. eta XVII. mendeetan argitaratutako kopiak eta imitazioak amaiezinak dira, eta ez testuaren ilustrazio gisa soilik, baita inizial gisa ere. Dantza Makabroari dagozkion inizialen segida horretakoak dira Adrian de Amberesek, Miguel de Eguiak, Nicolas de Asiainek, Carlos Labayenek eta abarrek erabilitakoak. Inizial horiek, Liongo Heriotzaren Dantzaren lehenbiziko edizioarekin antzekotasun handia dutenez, zuzen-zuzenean bertsio horretatik kopiatu zituztela uste dugu, nahiz eta jatorria ezin dugun zehaztu, ez baitugu Nafarroan lehenbiziko aldiz erabili zituenaren inolako daturik.

Beste inizial talde batek -handiagoak- Itun Zaharreko pasarteak jorratzen ditu. Guztiek daukate aipatzen duten pasarteari edo pertsonaiari buruzko inskripzio bat, eta 53 mm x 53 mm-koak dira. Heriotzaren Dantzarenak bezala, iniziala zuriz nabarmentzen da, garatzen den eszenatik; Matias Mares, Nicolas de Asiain, Carlos Labayen eta Juan de Oteizaren lan inprimatuetan hauteman ditugu horrelakoak. Alfabeto horretako lau letra baino ez ditugu aurkitu, baina maila handikoak guztiak, eta dagokion pasarteari edo pertsonaiari buruzko inskripzio argitzailearekin: P letra DANIEL legendarekin, eta Daniel kobazulo baten barrualdean dagoela, lehoiz inguratuta; L letra LOT inskripzioarekin, eta Lot lo dagoela, bere alaben besoetan; E letra ABSALOM testuarekin; D letra DAVID legendarekin, eta erregea mendeko bati harrera egiten; N letra NOE testuarekin, eta Noeren ametsari buruzko eszena -hau da, gizon bat lo dago, beste asko begira dituela-.

XVII. Mendeko inprimatzaileak

Mende honetako lehen erdialdeak aurreko mendearen ezaugarriak izan zituen, baina, pixkanaka-pixkanaka, aldaketa bat hasi zen sumatzen ekoizpen dinamikan; batez ere, Madrilen zentralizatu zelako, hura bihurtu baitzen gune garrantzitsuena. Horrek periferiako guneak kaltetu zituen, baita Euskadi eta Nafarroa ere, aurreko mendearekin alderatuta, gainbehera egin baitzuten. Hala ere, azpimarratu behar da gainbehera hura, lan inprimatuen kantitatearekin baino gehiago, kalitatearekin zegoela lotuta.

Bi mende horien artean, inprimatzaile nafar bitxi bat bizi izan zen: Matias Mares . Penintsulako hiri askotan jardun zuen lanean. XVI. mendeko inprimatzaileak asko mugitu ziren toki batetik bestera, baita Mares ere. Gutxienez, honako hiri hauetan aurkitu ditugu haren lan inprimatuak: Salamancan (1566-1571), Bilbaon (1578-1587), Logroñon (1588-1597), Santo Domingo de la Calzadan (1588), Iratxen (1607-1609) eta Iruñan (1596-1609). Iruñan hil zen, eta ondoren, haren alargunak jarraitu zuen inprimatze lanetan (1609).

Mende horretako lehenbiziko inprimatzailea Carlos Labayen dugu; tailerra Iruñako Cuchilleria kalean ireki zuen, 1605. urtean. Aurretik, badakigu Zaragozan egin zituela lan inprimatuak;36 horregatik uste dugu jatorriz aragoarra zela. 1632. urtean hil zen, eta Nafarroako prentsetan berrogeita hamasei lan egin zituen, guk dakigula. Inoiz, beste inprimatzaileren batekin ere egin zuen lan; esate baterako, Juan de Oteizarekin batera, 1624an inprimatutako Cathecismus ex Decreto Sacrosancti Concilii Tridentini lanean. Juan de Oteizak hemezortzi lan inprimatu zituen 1619 eta 1639 urteen artean.

Carlos Labayen hiltzean, haren alargunak jarraitu zuen inprenta lanetan. Bi liburuk alargunaren inprenta oina daramate. Alargunarenak direla uste dugu, halaber, 1632an eta 1634an -hau da, senarra hil eta gero- senarraren inprenta oinarekin azaldutako beste bi lan.

Carlos Labayenen semeak ere, Martin Labayenek , aitak Iruñan hasitako inprenta lanekin jarraitu zuen. 1634az geroztik, badakigu hamaika lan egin zituela; azkena, 1654an. Olivako monasterioan beste bi lan egin zituen, 1647an eta 1678an. Geroago, 1681ean eta 1683an, hain zuzen ere, haren izena ageri da beste bi lanetan. Hala ere, azpimarratu behar dugu ez dakigula inprimatzaile bera den ala ondorengo bat den.

Martin Labayenek Diego Zabalarekin egin zuen lan 1646 eta 1654 urteen artean; hamabost lan egin zituzten elkarrekin. Diego de Zabalak berak bost lan inprimatu zituen 1634 eta 1656 urteen artean.

1670. urtean, lau lan inprimatu azaldu ziren Isabel Labayenen inprenta oinarekin. Dirudienez, Diego Zabalaren alarguna eta Martin Gregorio Zabalaren ama zen.

 Martin Gregorio Zabalak , Diego Zabalaren eta Isabel Labayenen semeak, Iruñan jarraitu zuen lanean, 1656 eta 1673 urteen artean. Horrez gain, hogeita hamazazpi lan egin zituen 1672 eta 1706 urteen artean.

 Cuaderno de leyes, Ordenanzas (1642) inprimatzeko, Domingo Velez de Vergararekin elkartu zen Martin Labayen. Iruñan inprimatu zuen, 1642-1644 urteetan.

 Nicolas de Asiain da XVII. mendearen hasierako beste inprimatzaile azpimarragarrietako bat. Iratxen eta Iruñan inprimatu zuen, eta, guk dakigula, berrogeita lau lan inprimatu zituen 1607 eta 1622 bitartean. 1622an hil zen.

Mendearen bigarren erdialdean, Gaspar Martinezek jardun zuen. Haren hemeretzi lan ezagutzen ditugu, 1656 eta 1675 urteen artekoak.

Mende amaierakoak ditugu, berriz, Domingo de Berdala eta Francisco Antonio de Neira . Lehenbizikoak Nafarroako zenbait herritan jardun zuen: Iruñan hiru lan inprimatu zituen, 1688tik 1696ra; Adiosen, lan bat, 1692an; eta Garesen, beste lan bat, 1693an. Bigarren inprimatzailearen hogeita bi lan inprimatu heldu zaizkigu, 1694 eta 1719 bitartekoak.

XVII. mendean hainbat inprimatzaile igaro zen Iruñatik, eta haien lan bat edo bi ezagutzen ditugu. Batzuk beste herri batzuetan finkatutako inprimatzaileak ziren, eta aldian-aldian Iruñara joaten ziren, lan jakinak inprimatzera. Beste batzuk liburugileak edo liburu saltzaileak ziren, eta haien jardun nagusia liburuak saltzea zen, baina, batzuetan, inprimatu ere egiten zuten. Hauek dira inprimatzaile haietako batzuk: Bartolome Paris -horren lan beraren bi edizio ezagutzen ditugu, 1614koa eta 1634koa-;37  Pedro Dullort -lan bakarra, 1626an-; Juan Eraso -lan bakarra, 1627an-; Juan Antonio Berdun -bi lan, 1641ean eta 1648an-; Lazaro Gonzalez Asarta eta Guillermo Francisco -bi lan, 1695ean eta 1696an-; eta Bernardo de Huarte -lan bakarra, 1695ean-.

Mende horretan, bestalde, zenbait inprenta sortu zituzten Nafarroako herri batzuetan. Denbora batez baino ez zuten funtzionatu; hau da, ez zuten jarraipenik izan. Hori gertatu zitzaion, esaterako, Garesko inprentari, han inprimatutako lan bakarra ezagutzen baitugu: Diego Maresen alargunak 1637an argitaratutakoa. Oliteko bi lan inprimatu aurkitu ditugu: Vicente Armendarizen inprenta oina dute, eta 1685 eta 1693koak dira. Tafallan lan inprimatu bakarra aurkitu dugu: Juan de Ostak 1692an egindakoa.

Gainerako lurraldeetan, bi egoera oso desberdin bizi izan ziren XVII. mendean. Bizkaian zenbait inprentak beren jardunarekin jarraitu ahal izan zuten; inprimatzaile ugari izan ziren, baina haien lan gutxi ezagutzen ditugu. Nafarroako lanen antzeko ezaugarriak zituzten; hau da, papera, tipoak eta ilustrazioak kalitate eskasekoak ziren. Bestalde, Gipuzkoan, mendea amaitzear zegoela hasi ziren inprentak lanean, Huarte familia Donostian finkatu zenean.

Bi mendeen arteko trantsiziokoa da Pedro Cole de Ibarra inprimatzailea, Bilbaon Mathias Mares ordeztu zuena. Horrela jaso zuten Jaurerriko akordioetan, 1592ko uztailaren 3an eta 1592ko apirilaren 22an. Bertan adierazten denez, 1590. urtearen hasieraz geroztik, dukat kopuru jakin bat zegoen esleituta herri xeheek, hiribilduek eta hiriek erdi bana Pedro de Cole38 liburu inprimatzaileari ordaintzeko.

Inprenta oinean Pedro Cole de Ybarra izena erabiltzen zuen arren, badakigu jatorriz frantziarra zela, Champagne departamendukoa, bai eta Jacques de Cole eta Juana Lamyren semea eta Joaquin Cole eta Joanneta de Gaulisen biloba zela ere. Datu horiek guztiak hiribilduko auzotasuna lortzeko39 aurkeztu behar izan zuen odol garbitasuneko ziurtagiriari esker dakizkigu. Batzuetan, Collet ere sinatu zuen, baina lan inprimatu gehienetan, Cole Ybarra; hori dela eta, Labayruk eta Guiardek uste zuten beste inprimatzaile bat zela. Ez dakigu zehatz-mehatz noiz hil zen, baina Guiardek dio 1632ko urriaren 23an bizirik zegoela.40 

Bizkaian, mende hasieran, Juan de Azpiroz inprimatzaileak jardun zuen. Biografo tradizionalek ia ez dute ezagutzen, eta oso gauza gutxi dakizkigu haren jarduerari eta bizitzari buruz. Bestalde, haren bi lan inprimatu baino ezagutzen ez ditugunez, eta nahiko soilak direnez, inprimatzaile ibiltari horietako bat izan zela izan liteke. Hauek dira bi lan inprimatu horiek: Geronimo Capanagaren Exposicion de la Doctrina Cristiana (1616) eta Geronimo Ripaldaren Exposicion breve de la Doctrina cristiana (1656).41 

Bilbaon finkatu zen bigarren inprimatzailea Pedro Huidobro izan zen. XVII. mendearen lehen herenean, Burgosen jardun zuen, 1621-1642 bitartean.42 Burgosen egindako lanaren erreferentzia hauek heldu zaizkigu: El libro de los milagros del Santo Crucifijo de San Agustín (1622), Relación del suceso del diluvio que en esta ciudad de Burgos sucedió el día de San Blas tres de Febrero de 1636 (1636), Cerco de Fuente-Ravia, invasión del Exercito y Armada Francesa... Juan Perez de Valderos-enak (s.a.); Fr. Andres de Losadaren Primera parte de la Cosmographia cristiana (1623); eta Fr. Francisco Riojano de la Vastidaren Panegírico evangélico al oriente más dichoso progreso (1640).

Bilbaon sei lan inprimatu zituen, 1622 eta 1644 urteen bitartean:43  El Fuero, privilegios, Franquezas y Libertades de los Caballeros hijosdalgo del Señorío de Vizcaya (1643);44 Fr. Gabriel de Gallasteguiren Apologia en defensa de la Orden de Penitencia de San Francisco (1643). Hau izan zen Bilbaoko prentsetatik irten zen azken lana: Fr. Antonio de Luengasen Juramento que hizo la Nobilísima villa de Bilbao en las elecciones de sus dos Cabildos, eclesiástico y seglar, el día de la Circuncisión de Cristo Nuestro Señor , 1644an. 1638an, Martin de Aspilqueta inprimatzaileak Relación de todo lo sucedido en Fuenterrabia inprimatu zuen. Ez dakigu lan gehiago egin zituen ala ez45 

 Martin Morovellik 1656 eta 1662 urteen bitartean jardun zuen Bilbaon.46 Hala ere, inprenta lan bat baino ez dugu ezagutzen: Juan Aguizabalen Sermón en las fiestas de la Inmaculada Concepción de Nuestra Señora (1662).

 Roque Rico de Miranda inprimatzaileak egonaldi laburra egin zuen lurralde hauetan; 1669ko lanak baino ez zaizkio ezagutzen. Hori dela eta, urte horretan bakarrik jardun zuela uste dugu, hurrengo urtean bere ordezkoa azaltzen baita: Juan de Elorza. Inprimatzaile horrek Madrilen egin zuen lan, 1650 eta 169847 bitartean. 1669ko iraileko Bizkaiko Batzar Nagusietan jasota dago Madrildik etorri zeneko unea, inprimatzaile hari Bilbaora aldatzeko eman behar zitzaion ordain saria azaltzen baita (izena esaten ez bada ere): " para traer su recámara desde la villa de Madrid a esta de Bilbao ". Urte bereko urriaren 16ko beste Batzar Nagusi batzuetan, inprimatzailea nor den zehazten da.

Bilbaon hiru lanen berri dugu, hirurak 1669an inprimatuak: Ordenanzas de la Noble Villa de Bilbao 48 , Ordenanzas de la Casa de Contratación de la M. N. y M. L. Villa de Bilbao eta Confirmación de los Fueros del Señorío dada por Carlos II en Madrid el 7 de noviembre de 1667 .

1670ean, Juan de Elorza inprimatzailea azaldu zen Bilbaon, eta, Kontsulatuko Ordenantzen ordainketa agirian jasota gelditu zen bezala, Abandoko elizatean bizi zen. Dokumentu horri esker, badakigu nor zen harekin lan egiten zuen ofiziala: Juan Esteban. Inprimatze lan baten berri baino ez dugu: Las Premáticas, ordenanzas, ley y facultad dada por sus magestades, por Privilegio especial, a la Universidad de la contratación de los fiel, y Cónsules de la Muy Noble Villa de Bilbao .

1672 eta 1692. urteen bitartean, sei lan inprimatu atera ziren Nicolas de Sedanok Bilbaon zituen prentsetatik. Allende Salazarren iritziz, 1672-1690 bitartean jardun zuen Bilbaon. Hala ere, gure iritziz, hasierako data hori ez da zuzena, 1692ko lan inprimatu bat ere badagoelako. Hauek dira aurkitu ahal izan ditugun lanak: Fr. Pedro de Hermuaren Ordenanzas de la Noble Villa de Bilbao (1673); Calendario-Ceremonial de la misa rezada (1680) eta Tratado de misioneros y Párrocos, con las condiciones de un buen predicador, del Decálogo de la educación de los hijos (1680); Tratado de misioneros y Párrocos (1692) eta San Gregorio Nacianceo (1686). Testu hagiografikoaz gain, mahastiei buruzko ordenantzak ere badaude.

 Jose Gutierrez Baraona inprimatzaileak 1691n Ordenanzas del Consulado de Bilbao lana inprimatu zuen berriro, zurean grabatutako inizial handiz, eta portada batean Kontsulatuko armarria zuela eta beste portada batean errege armarria. Dena dela, inprimatzaile horrek badu beste lan ezagun bat: 1694. urteko Concordia y Ajustamiento entre la M. N. y M. L. Señorío de Vizcaya y la Provincia de Labort, ciudad de Bayona y su gobierno .

XVII. mendeko Bilbaoko azken inprimatzailea Juan Antonio Arriete y Lecea izan zen. Gutierrez del Cañoren arabera, 1697 eta 1700 bitartean jardun zuen Bilbaon.49 Hala ere, liburu beraren bi edizio baino ez ditugu ezagutzen: bata, 1699koa, eta bestea, 1700ekoa. Horrez gain, hark zizelkatu omen zuen Tomas Grandaren 1699. urteko Historia y milagros de la prodigiosa imagen de nuestra Señora de Begoña liburuaren portadako Begoñako Ama Birjinaren grabatua. Dirudienez, Burgosen ere jardun zuen lanean, 1678 inguruan, Antonio de Castroren Fisonomia de la virtud y del vicio al natural sin colores ni artificios 50 lana inprimatu baitzuen.

Gipuzkoan, XVII. mendean hasi ziren inprenta lanak. Egia esateko, Martin de Huarte izan zen Gipuzkoako lehenbiziko inprimatzailea, orain arte ez baitugu aurkitu lehenagokoa den Pedro de Borgoñaren inprenta oineko lan inprimaturik. Horrez gain, haren jarduna oso iragankorra izan zen, herritarrek ere ez baitzuten gogoan hartu. Eta gertaera ukaezin batek baieztatzen du hori: Martin de Huarte 80 urte geroago finkatu zen, eta bai berak bai garaiko herritarrek uste izan zuten bera zela Gipuzkoako lehenbiziko inprimatzailea.

Lurralde hauetan inprenta hain berandu sartu izanaren arrazoiei dagokienez, Larrinagaren argudioak agian ez dira oso okerrak: haren ustez, herritar gehienen hizkuntza euskara -eta ez gaztelania- izateari zor zaio berandu sartu izana.51 

1667an Probintziari zuzendutako Memorial batean adierazi zuenez, bera eta bere seme Pedro -Frantziara bidali zuen, lanbidea hobeto ikastera- prest zeuden Probintzian inprimatzaile gelditzeko, letrak eta inprimatzeko gainerako erremintak erosteko laguntza jasoz gero. Hondarribian egindako VI. Batzarrean, Martin de Huarteri diruz laguntzea erabaki zen, bai eta " Probintziako inprimatzaile " titulua eta inprenta lanen esklusiba ematea ere. 1669ko Batzar batean, inprimatzaileak egindako eskari bati erantzunez, soldata ematea onartu zen.

Huarte Amezketako Ugarte-Aundia etxeko semea zen, baina oso gutxi dakigu haren bizitzari buruz. 1677an hil zen. Hark egindako hamahiru lan inprimatu ezagutzen ditugu: Pedro Alvarez de Montenegroren Oración panegírica (1669); Bernardo de Niurriagoren Memorial de la M. N. y M. L. Provincia de Guipuzcoa (1670); Sebastian Barrenechearen Respuesta a dos memoriales (1671); Por el P. Francisco de Cavanzo en el pleito con los capuchinos (1671); Relación verídica (1672); Matias Pinedoren Oración evangélica (1673); Miguel de Avendañoren De divina sciencia et praedestinatione (1674); Andres de Pozaren Hidrografía curiosa de la navegación (1675); Concordia y aiustamiento con la Provincia de Guipúzcoa y la Provincia de Labort (1675); Francisco Delgadoren Resolución de algunas Questiones canónicas y Morales (1676); Miguel de Oquendoren Vida de Santa Brígida (1676); Juan de Luzuriagaren Avisos para el alma y caminos para el cielo (1677); eta Diego Honeten Avisos para el alma y caminos para el cielo (1677). Lan inprimatu bat dago non eta zer urtetan inprimatu zen adierazten ez duena, baina, gure iritziz, haren inprentatik atera zen; hau da lan hori: Leyes con que se gobierna la provincia de Alava .

Aurretik, Martin de Huartek orri batzuk inprimatuak zituen; esate baterako, MEMORIAL DE MARTIN DE HUARTE A LA PROVINCIA DE GUIPUZCOA... (1668)52, ALEGATO DE LA PROVINCIA DE GUIPUZCOA REHUSANDO FORMAR SU MILICIA (1690), eta, azkenik, beste lan bat, Ibañez de Echevarrik idatzitako Vida de San Prudencio lanaren 57. orrialdean egiten den aipamenagatik baino ezagutzen ez dena; izan ere, bertan aipatzen denez, Pedro de Huarte izeneko batek Vita Sancti Prudentii Episcopi, et Confesoris secundum Marcum Maximum lana inprimatu zuen Donostian, 1693. urtean, baina parentesi artean " el inpresor se llamaba Martin " jartzen du.

Martin Huarte hil ondoren, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Tolosan bilduta, erabaki zuten haren alarguna, Francisca de Aculodi , izendatzea Probintziako inprimatzailea. Haren lan inprimatuak 1677 eta 1691 urte bitartekoak dira.

 Francisca de Aculodik konpromiso bat hartu zuen Probintziarekin: soldata baten truke, bere senarraren inprenta oina erabiltzen jarraituko zuen, bere semeetako bat negozioaz arduratzeko gai izan arte. Eta, hain zuzen ere, horregatik ez dago haren inprenta oineko lan inprimaturik. Martin de Huarteren alargunak 1692. urtera arte jaso zuen soldata.

Hala ere, semeetako batek inprentaz arduratzeko nahikoa adina eta ezagutzak lortu artekoa zen konpromiso hura; une hartatik aurrera, inprenta oina alda zitekeen eta semeena ezarri. Horren ondorioz, alargunak eta semeek garai berean inprimatu zuten. Sorarrain eta Larrinagari jarraituz, gure iritziz Martin de Hugarteren alargunarenak diren bi lan aipatuko ditugu: Jose Manuel Auroraren Sumario de la esclavitud de Jesús Sacramentado ... (1677) (Elgoibarko Santa Klara komentuan); Nicolas Zubiaren Doctrina Cristiana en Bascuence , (1691); eta Felipe Barredaren Sermón del Santísimo en Función de Quarenta horas en la Parroquia de San Vicente de San Sebastián (1695).

Martin Hugarteren semeak, Pedro de Hugartek , aitak hasitako lanarekin jarraitu zuen. Frantzian ikasi zuen lanbidea, eta aitaren ondoan hobetu zuen. Inprenta oina 1685etik 1729 artekoa da. Inprimitze lan hauek ezagutzen ditugu: Oracion y Exercicios que se hazen en la Iglesia de Jesús de Roma en honra de Christo Crucificado (1685); Juan de Luzuriagaren Paraninfo celeste (1690); Nicolas Zubiaren Doctrina cristiana en Bascuence (1691); Nicolas Ochoa de Arinen Doctrina cristiana explicado en el euskera hablado en Villafranca de Guipuzcoa (1713); eta Estatutos Municipales de la Santa Provincia de Cantabria (1719).

 Bernardo de Hugartek , bere anaia Pedrok bezala, Frantzian ikasi zuen lanbidea. Donostian, haren inprenta oina duten hiru lan aurkitu ditugu, 1691 eta 1701 artekoak. Dirudienez, Iruñara joan zen denboraldi baterako, eta han, A. Moreten Anales del Reino de Navarraren bigarren alea inprimatu zuen, 1695ean. Hauek dira Donostian inprimatutako hiru lanak: Taboadaren Vida del Duque Carlos V de Lorena (1692), Fr. Alonso Pozoren Historia de la milagrosa Imagen de Nuestra Señora de las Caldas y su convento (1700) eta Relación del tránsito de Felipe V (1701).

1696an, lan hau inprimatu zuen Tolosan: Fueros de Guipúzcoa. Nueva Recopilación de los Fueros, Privilegios, Buenos Usos, y Costumbres, leyes y Ordenanzas de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa ; izan ere, hori da Bernardo de Hugartek lurralde horietan inprimatutako lan bakarra; dirudienez, Madrila joan baitzen bizitzera. 1782. urtera arte ez zen berriro inprentarik izan Tolosan.

Oharrak

  • 1. Mende horretako Euskal Herriko inprentaren historiara hurbiltzeko, ikus lan hauek: ALCOCER, M.: Catálogo razonado de las obras impresas en Valladolid, 1481-1800 , Valladolid, 1926; ALLENDE SALAZAR, J.: "Notas para la historia de la imprenta en el País Vasco-navarro", I Congreso de Estudios Vascos en Oñate ,1-8 IX-1818, Bilbao, 1919; AREITIO, D.: Catálogo de la exposicion de estampas, grabados y de cien libros raros y curiosos referentes al País Vasco , Bilbao, 1944; BASAS, M.: "Cuándo, cómo y por qué vino a Bilbao el impresor Matias Mares", in La Gaceta del Norte, 1958-IV-23; BASAS, Manuel: "Nuevos datos sobre la edición de las Ordenanzas del Consulado de Bilbao en 1669 y sus impresores", in Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País , XVII. urtea, 1. koadernoa, Donostia, 1961; CABODEVILLA, Francisco Javier: "Bibliografía Navarra. Adiciones a la misma en razón de los libros existentes en la Biblioteca del Colegio de Lecaroz", Príncipe de Viana ,1979 (154.-155. or.), 267-295 or.; CABODEVILLA, Francisco Javier: "Bibliografía Navarra. Adiciones al Ensayo de Bibliografía Navarra" in Principe de Viana 1990 (190), 267.-295. or.; CASTRO, J.R.: "La imprenta en Tudela", in La imprenta en Navarra , Iruña, 1974; DE LA FUENTE, J.: "Apuntes para el estudio de la imprenta en Bilbao", in La imprenta en Bilbao en el siglo XVI , Bilbao, 1972, 9.-17. or.; DELGADO CASADO, Juan: Diccionario de impresores españoles (siglos XV-XVII ), Madril, 1996; ECHEGARAY, Carmelo: "¿Qué se leía en Bilbao a finales del siglo XVI?", 1917ko urtarrilaren 11n, Bilbaoko Elkarte Filarmonikoaren Aretoan irakurritako Konferentzia, eta La imprenta en Bilbao berrinprimatua, Bilbao, 1974; ESCOLAR, H.: Historia del libro , Madril, 1988, 329. eta 330. or., 1950; GARCIA LARRAGUETA, Santos: "La imprenta en los monasterios" in La imprenta en Navarra , Iruña, 1974; GARCIA VEGA, Blanca: El grabado del libro español: siglos XV-XVI-XVII , Valladolid, 1984; GARMENDIA, Pedro: "Las primeras ediciones de las Ordenanzas Municipales de Bilbao", in El Correo Español , 1946-XI-28; GUIARD, Teofilo: Historia de la Noble Villa de Bilbao , Bilbao, 1905; GOLDSMITH, V. F.: A Short Title Catalogue of Spanish and Portuguese Books 1601-1700 in the Library of British Museum , Londres, 1974; HERRAN, F.: Curiosidades Históricas de San Sebastián ,La Biblioteca Vascongada, 47. liburukia, Bilbao, 1900; HUARTE, Jose Maria: "La imprenta en Guipúzcoa. El primer impresor", in Euskalerriaren Alde , XVI. urtea, 265. zk., 1926, 1.-6. or.; IRIGOYEN, J.: "Rincones de la historia de Bilbao. La impresión del "Caballero Asisio" de Fr. Gabriel de la Mata, por Matías Mares, primer impresor de Bilbao", in La Gaceta del Norte , 1948-IV-4; ISPIZUA, S.: "La imprenta en San Sebastian", in Euskalerriaren Alde , XIII. urtea, 232. zk., 190.-191. or.; LOPE DE TOLEDO, J.M.: "La Imprenta en la Rioja", Berceo , 60, 1961, 207.-217. or.; MARTIN ABAD, Julian: La imprenta en Alcalá de Henares 1502-1600 , Madril, 1991; MARTIN GIL F.J.: "Libros científicos de los siglos XVI y XVII en los fondos actuales de las bibliotecas eclesiásticas vallisoletanas", in Estudios sobre Historia de la Ciencia y de la Técnica , Valladolid, 1988; MOSQUERA ARMENDARIZ, J. M. eta ZUBIZARRETA, Fr. C.: Guión manual de la tipografía vasco-navarra, Iruña ,1974; MUGICA, Serapio: "La imprenta en Guipúzcoa, examinada a través de los Libros Registros de Juntas de la Provincia", in RIEV , Bilbao, 1972, 453.-476. or.; OÑATIVIA, G. H.: "El libro en las Artes Gráficas en Tolosa", in Libro Homenaje a Tolosa (VII. mendeurrenean, 1256-1956, egina), Tolosa, 1956; PALAU Y DULCET, A.: De los orígenes de la imprenta y su introducción en España , Bartzelona, 1952; PEREZ GOYENA, Antonio: Ensayo de Bibliografía Navarra desde la creación de la imprenta en Pamplona hasta el año 1910 , Iruña, 1947-1964; PEREZ DE GUZMAN: "Noticias poco conocidas sobre la imprenta en Bilbao", Bilbao, 1955; RODRIGUEZ HERRERO, A.: Ordenanzas de Bilbao siglos XVI y XVII , Bilbao, 1948; RODRIGUEZ PELAZ, Celia: "La ilustración en los libros de Mathias Mares, primer impresor de Bizkaia", in Kobie (1995-97), 11, Bilbao, 167.-216. or.; RUIZ DE LARRINAGA, J.: Curiosidades bibliográficas. Impresos de Vizcaya, Guipuzcoa y Alava hasta 1901 , Donostia, 1949; SAGARMINAGA, Fidel: El Gobierno y Régimen Foral del Señorío de Vizcaya desde el reinado de Felipe Segundo hasta la mayoría de edad de Isabel Segunda , I. liburukia, Bilbao, 1892; SALCEDO IZU, Joaquin: "La imprenta en la legislación histórica de Navarra" in Historia de la imprenta hispana , Madril, 1982; SALINAS FRAUCA, Maria Belen: "Imprenta e impresores durante los siglos XVII-XX: en Pamplona 1600 a 1850", in La Imprenta en Navarra , Iruña, 1974; SORRARAI N.: Catálogo de obras euskaras , Bartzelona, 1891; SOTO ARANZADI, Susana: "Nuevos datos y consideraciones en torno a los primeros impresos de Martin de Huarte", in Bilduma , 5 (1991); URQUIJO, J.: "Notas de bibliografía vasca" in RIEV 18 (1927); URUÑUELA, J.: CatáloGo de la exposicIón temática de libros vascos antiguos, raros y curiosos , Bilbao, 1989; VINDEL, F.: Escudos y marcas de iMpresores y librEros en España dUrante los siglos XV al XIX (1475-1850) ,Madril, 1950; VINSON, Essai d'une Bibliographie dE la langue basqUe , Paris, 1891.
  • 2. IVINS, M. W., Imagen impresa y conocimiento , Bartzelmna, 1975, 102.-103. or.
  • 3. Hego Euskal Herriko lan inprimatuetarakO estanparen bat egin duten grabatzaileen aipamelak: AINAUD DE LASARTE, Juan de: Grabado , Ars Hispaniae, XVIII, Madril, 1962; CARRETE PARRONDO, J. et al: El grabado el España, siglos XV al XVIII , Summa Artist. XXXII. bilduma, Madril, 1987; CARRETE PARRONDO, J.: "Estampas. Cinco siglos de imagen impresa", in Cinco siglos de imagen impresa, Madril, 1981; CORREA, A.: "Repertorio de grabadores españoles", in Cinco siglos de imagen impresa , Madril, 1981; CEAN BERMUDEZ, J.A.: Diccionario historico de los más ilustres profesores de las Bellas Artes , Madril, 1800; VIÑAZA, Conde de la: Adiciones al Diccionario histórico de Juan Agustín Ceán Bermudez , Madril, 1889; BARCIA, Angel: Catálogo de los retratos de personajes españoles que se conservan en la sección de estampas de la Biblioteca Nacional , 1901; COTARELO, Emilio: Diccionario biográfico y bibliográfico de calígrafos españoles , Madril, 1913; PAEZ, Elena: Iconografía hispana , Madril, 1966-70 eta Antología del grabado español , Madril, 1952; GALLEGO, Antonio: Historia del grabado en España , Madril, 1979; GARCIA VEGA, Blanca: El grabado del libro español. Siglos XV-XVII , Valladolid, 1984.
  • 4. Grabatzaile horren jardunari buruz, ikus CORREA, A.: "Repertorio de grabadores españoles", in Estampas. Cinco siglos de imagen impresa , Madril, 1982, 276. or.; VIÑAZA, Conde de: Adiciones al Diccionario histórico de Juan Agustín Ceán Bermudez , 1889, III. liburukia, 189.-190. or.; GARCIA VEGA, B.: op. cit., II. liburukia, 327.-328. or.; BENEZIT, E.: Dictionnairie critique et documentaire des peintres, sculpteurs, dessinateurs et graveurs , Librairie Günd, 1976, t. 684 or.
  • 5. Lan horren edizio datari buruz nolabaiteko nahasmena egon da; izan ere, batzuen iritziz, 1618ko beste edizio bat ere badago. PEREZ GOYENAren iritziz ( Ensayo de tipografía navarra , 1948, II. liburukia, 113. or.) Iruñako lan inprimatu bakarra 1614koa da.
  • 6. CHECA, F.: Carlos V y la imagen del héroe en el Renacimiento , Madril, 1987, 43. or.; SANTIAGO, E.: "El reinado de Carlos V", in Los Austrias. Grabados de la Biblioteca Nacional , Madril, 1993, 51.-52. or.
  • 7. PACHECO Y LEYVA, F.: "Retratos de Carlos I de España y V de Alemania", in Archivo Español de Arte, IV. liburukia, 5. zk., 1919, 289.-291.
  • 8. Hau da grabatzaile horri buruzko lanik osoena: MATILLA, J.M.: La estampa en el libro barroco. Juan de Courbes , Lizarra (Nafarroa), 1991. or.
  • 9. Frontispizio hori hemen deskribatuta dago: PAEZ, E.: Iconografía Hispana. Catálogo de los retratos de personajes españoles de la Biblioteca Nacional , Madril, 1966, 527. or.; GARCIA VEGA, B.: op. cit., 2042. zk., eta GALLEGO, A.: op. cit., 157. or.; MATILLA, J.M.: op. cit., 83 or.
  • 10. Portada hemen dago deskribatuta: PAEZ, E.: Iconografía hispana , op. cit., 527. or. eta GARCIA VEGA, B.: op. cit., 2094. zk. MATILLA, J.M.: op. cit, 136. orrialdean, I. De Courbesen sinadura duen ale baten portada deskribatzen da eta "Con licencia, en Madrid por Pedro Laso Mercader de libros. Año 1639" datuak aipatzen ditu, baina nik aztertu dudan alean, datu horiek aldatu egin dituzte: "Con Licencia en Panplona Por Sebastian De Labaien Año 1639" ageri da, eta grabatzailearen sinadura desagertu egin da.
  • 11. J.M. MATILLAk egindako zatiketa kronologikoari jarraitu diot, op. cit.,159. or.
  • 12. CORREA, A.: op. cit., 254. or.
  • 13. BASAS, M.: "Nuevos datos...", op. cit., 7. eta 11. or.
  • 14. CORREA, A.: op., cit., 262 or.; CEAN BERMUDEZ, J.A.: op., cit., II. liburukia, 133.-134. or.; VIÑAZA: op., cit., II. liburukia, 206.-208. or.; BARCIA, A.: op., cit., 887. or.; COTARELO, E.: op., cit., I. liburukia, 293.-294. or.; PAEZ, E.: op., cit., V. liburukia, 321. or.; GALLEGO, A.: op., cit., 180.-182. or.
  • 15. GARCIA VEGA, B.: op. cit., 139. or.
  • 16. CARRETE PARRONDO, J.: "Cinco siglos", in op. cit., 105. or.
  • 17. Portadan Madril eta 1671 irakur daitekeen arren, gure iritziz, liburua Donostian inprimatu zuten, 1671n, eskuz idatzitako ohar bat dagoelako eta ohar horretan eskuizkribua data horretan egiaztatu zela aipatzen baita. Argibide hori Fray Candido Zubizarri zor diot, atsegin handiz erakutsi baitzidan Arantzazun duten alea. Erabakigarria ez den arren, aipatu beharra dago Martin de Huartek eginak zituela Arabarako enkarguak; hala ere, eztabaidaezinagoa da Martin de Huarteren beste liburu batzuetan erabilitako orla apaingarri berak erabili izana.
  • 18. AINAUD, J.: "Grabado y encuadernación", in Ars Hispaniae , XVIII. liburukia, 297. or.; THIEME-BECKER: Künstler Lexikon , 364. or.
  • 19. RODRIGUEZ, Celia: "Un ejemplo de adaptación iconográfica: De Felipe IV a San Ignacio", in Cuadernos de Arte e Iconografía , Madril, 1993, VI. liburukia, 12, 193.-198. or.
  • 20. RODRIGUEZ, C.: "Vía vallisoletana en la creación de un grabado guipuzcoano", in Kobie , 9 (1992-93), 159.-166. or.
  • 21. GARCIA VEGA, B.: op. cit., I. liburukia, 91. or., II. liburukia, 320.-321. or.
  • 22. Gai horretarako, ikus TORRES VALLE, R.: "Escudos de armas de los Mecenas españoles estampados en los libros publicados bajo sus auspicios", in Academia Heráldica , III. Liburukia; eta SIMON DIAZ, J.: El libro español Antiguo , Madril, 1983.
  • 23. Estanpa horiek lan inprimatu honetan ikusi genituen lehenbiziko aldiz: Adrian de Amberesek Lizarran 1563. urtean inprimatutako Antonio Nebrijaren Aurea Expositio lanean.
  • 24. "IN NOMINE IESV OMNE GENV FLECTATVR, CAELESTIVM TERRESTRIVM, ET INFERIORVM PAULI AD FPI. 2"; hau da: Jesusen izenean, zeruan daudenak, Lurrean daudenak eta Lurrazpian daudenak belaunika daitezen.
  • 25. MARTINEZ DE SOUSA: Diccionario de bibliografía , Madril, 1989.
  • 26. BOHIGAS, P.: El libro español , Bartzelona, 1962, 217. or.
  • 27. BORDES, J.: "Arquitectura del libro de arquitectura (1511-1842)", in Fragmentos , Madril, 1991, 101. or.
  • 28. CHUECA GOITIA, F.: Ars Hispaniae , XI, 368. or.
  • 29. LOPEZ SERRANO, M.: Exposición histórica del libro. Un milenio del libro español ,Madril, 1952.
  • 30. Bilbaoko armarriaren bertsioei buruz gehiago jakiteko, ikus GUEZALA, A. eta GUIARD, T.: Escudo de Bilbao y toponimia de Bilbao ,Bilbao, 1966.
  • 31. CUESTA GUTIERREZ, L.: La imprenta en Salamanca, avance al estudio de la tipografía salmantina (1486-1944 ), Salamanca, 1981, 46. or.
  • 32. MACMURTRIE, D.C.: The book. The story of printing and Bookmaking , New York, 1989.
  • 33. SILVESTRE, L.C.: Marques tipographiques , Brusela, 1966; eta VINDEL, F.: Escudos y marcas de impresores y libreros en España durante los siglos XV al XIX , Bartzelona, 1942.
  • 34. BORDES, J.: op. cit., 106. or.
  • 35. SANCHEZ, J.M.: Bibliografía aragonesa del siglo XVI , Madril, 1913-14
  • 36. DELGADO CASADO, Juan: Diccionario de impresores españoles (siglos XV-XVII ), Madril, 1996, II. liburukia, 514. or. Zalantzan jartzen du 1634ko edizioa Bartolome Parisena izatea, susmagarria baita bi lanen artean hainbeste urtetako aldea egonik, haren jardunaren arrasto gehiago aurkitu ez izana. Hori dela eta, uste du bigarrena lehenbizikoaren datuak mantentzen dituen beste inprimatzaile baten lana dela.
  • 37. RODRIGUEZ HERRERO, Angel: Ordenanzas de Bilbao, siglos XV y XVI , Bilbao, 1948, 11. eta 12. or.
  • 38. MOSQUERA ARMENDARIZ eta ZUBIZARRETA, FR. Candido: Guión manual de la tipografía vasco-navarra , Iruña, 1974, 40. or. Mosquerak eta Ruiz de Larrinagak bildutako datu horiek haren odol garbitasuna egiaztatzeko egindako agirietatik atera zituzten, nahiz eta, seguru asko, Angel Rodriguez Herrerok Bizkaiko Protokoloen Artxibategitik ateratako datuak baliatuko zituzten.
  • 39. GUIARD, Teofilo: op. cit., II. liburukia, 122 or.
  • 40. ALLENDE SALAZAR: "De Bibliografía: notas para la historia de la imprenta en el País Vasco-Navarro", in Primer Congreso de Estudios Vascos ,Bilbao, 1919.
  • 41. DELGADO CASADO, Juan: Diccionario de impresores españoles (siglos XV-XVII ), Madril, 1996, I. liburukia, 338. or. Autore horrek dio Huidobroren jarduna 1633an hasi zela Bilbaon, baina aipatzen duen inprimatze lana 1643koa da.
  • 42. Data horiek Mosquera Armendarizek jaso zituen Guión de tipografía vasco-navarra liburuaren 40. orrialdetik; hala ere, Gutierrez del Cañoren "Ensayo de un catálogo de impresores españoles..." lanaren arabera, inprimatzaile horrek 1633-1643 bitartean jardun zuen Bilbaon.
  • 43. Bizkaiko Foruaren inprimatze data hori ez zuen MOSQUERAk jaso, op. cit. 40 or.; horrek 1633 aipatzen du. Gure iritziz, akats bat da; 1643 jarri beharko luke, aztertutako bibliografo bakar batek ere ez baitu edizio hori aipatzen, eta gainera, ez dugu ezer aurkitu egin ditugun bilaketa lan guztietan.
  • 44. PEREZ DE GUZMAN: op. cit., 27.-28. or.
  • 45. MOSQUERA ARMENDARIZ eta ZUBIZARRETA, C.: op. cit., 41 or.
  • 46. Data horiek Gutierrez del Cañok jaso zituen, hemen: "Ensayo de un Catálogo de impresores", in Rev. de Archivos, Bibliotecas y Museos, Madril, 1900, 82. or. Hala ere, Perez de Guzmanen eta Francisco Vindelen iritziz, data horiek ez dira erabat fidagarriak, ez baita oso zentzuzkoa lanbide horretan emandako 48 urteetan hain lan gutxi egin izana. Juan DELGADO CASADOk 1674 eta 1698 urteak proposatzen ditu hark Madrilen jardundako epetzat, op. cit., II. liburukia, 585.-586. or.
  • 47. PEREZ DE GUZMAN, op. cit., 15. or. Horren arabera, portadako plantxa gero Sedanok eta Antonio de Zafrak erabilitako bera da, baita orlaren apaindurak eta inizialak ere, eta inizial horiek Huydobrok 1643ko Foruetan erabilitakoen berdinak dira; hori dela eta, uste du Roque Ricok hiribilduko inprenta bat erabili zuela, baina ez dakigu zein jaberena.
  • 48. GUTIERREZ DEL CAÑO, M.: op. cit., 669. or.
  • 49. DELGADO CASADO, J.: op. cit., I. liburukia, 44. eta 45. or.
  • 50. RUIZ DE LARRINAGA, Juan: Curiosidad bibliográfica. Impresos en Vizcaya, Guipúzcoa y Alava hasta el año 1901 , Donostia, 1949, 51. or.
  • 51. ISPIZUA, S.: "La imprenta en San Sebastián", in Euskalerriaren Alde , XIII, 232. zk., 190.-191. or.
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana