Euskadiko eta Nafarroako Grabatuak, Errenazimentu Garaian

Artikuluaren egilea: Juan Carrete Parrondo

Kasu honetan beharrezkoa ez dela jakinda ere, egokia iruditzen zait grabatuen eta estanpen arteko bereizketa egitea; hain zuzen ere, horien historiaz arituko baikara hemen. Izan ere, bi kontzeptu horiek sarritan nahasten dira, hizkuntza herrikoian gertatzen den bezala. Grabatua teknika bat eta sortze prozesu bat da; estanpa, berriz, teknika edo prozesu horren bidez sortutako gauza. Estanpak komunikabideak dira, ideiak eta ezaguerak adierazteko. Batzuetan artelanak ere izaten dira eta, kasu horietan, artearen historiak aztertuko ditu. Bartsch-en ikuspegia oinarri hartuta, garrantzi handiena jatorrizko grabatuei eman zaio, baita artistei ere, horiek asmatzen zituzten grabatzaileei.

Europan, Errenazimentu garaian, grabatuaren oinarrizko teknikak hedatu ziren estanpak egiteko. Zizelkadura -hainbat agiri behar bezala aztertu ondoren, badirudi hitz hori XV. eta XVI. mendean erabili zutela-, berriz, Antzinaroan eta Erdi Aroan erabiltzen zuten dagoneko, baina teknika hori XIV. mendean hedatu zen Europan, paperaren erabilera zabaldu zenean. Funtsean, egurrezko edo metal bigunezko zati batean "mozketak" egiten dira gubia eta hortz batzuekin. Mozketa horien bidez, egur edo metal zatiaren azala beheratu eta, ondorioz, estanpazioaren bidez paperean finkatu beharreko zatiak besterik ez ziren geratzen erliebean. Garai hartan ale ugari argitaratu baziren ere, gaur egun oso ale gutxi geratzen dira. Horietako gehienak artisau ezezagunek egiten zituzten eta, oro har, Kristoren nekaldiari, Ama Birjinari eta santuei buruzko irudiak inprimatzen zituzten. Zizelkadurarekin lotuta, punteaketaren teknika ere garatu zen garai hartan: metal bigunaren gainean egiten zen, azala ziztatuz eta irudiak hainbat punturen bidez sortuz. Horren emaitza hondo beltzeko estanpa bat izaten zen, irudia puntu zuriz markatuta zuena. Europan zizelkadura nahiz puntaketa bidez egindako estanpei buruzko azterketen arabera hamar mila ale inprimatzen zituzten, batez beste.

Grabatuak egiteko beste teknika nagusia kobre gainean egindako taila gozoa izenekoa da. Teknika hori zilargileek garatu zuten XV. mendearen erdialdean. Lehenik eta behin, kobrezko xafla mehe bat hartu eta ondo leuntzen zuten; ondoren, grabatzaileak xixela edo azido korrosiboak erabiltzen zituen irudiak markatzeko. Izan ere, azken horiek bernizik gabeko metal zatiei eragiten diete. Azal metalikoan egindako tailak estanparen irudia ziren, horiek beteko baitziren tintaz. Ondoren, paperean geratzen ziren estanpazioa torkuluan egin ondoren. XVI. mendean, kalkografiazko hiru mila estanpa inprimatzen ziren, batez bestez.

Azken urteotan estanpei buruzko azterketak ugaritu egin dira, baita zailtasun handienak dituen garaiari buruzko azterketak ere: Errenazimentu garaikoak, hain zuzen. Izan ere, garai hartako estanpa gutxi geratzen dira. Halere, estanpa mota berberak egiten zituzten beti, eta, gehienetan, liburuetako irudietan oinarrituta. Horrekin batera, ordea, kontuan hartu behar da orain arte estanpei buruz egindako ikerketetan grabatzaileak eta haien ekoizpena bakarrik aztertu dela. Azkenaldian, berriz, estanpek izandako eginkizuna ere aztertzen hasi dira. Grabatuen azterketak helburu historikoa eta kulturala behar du izan; ezin da katalogatze lan soila egin, nahiz eta hori izan egin beharreko lehenengo lana. Kontuan hartu behar da hori guztia estanpen mundu konplexuaren atal bat besterik ez dela. Bada ia ezezaguna den beste atal bat: kobrezko xaflen eta egurrezko nahiz metalezko zatien zirkulazioa eta, batez ere, estanpen hedapena; hau da, estanpen salerosketa eta horiek gizartean sartzeko modua. Jakina da XV. eta XVI. mendeetan Iberiar Penintsulan bertan egindakoak baino askoz estanpa gehiago hedatu zirela. Hona hemen zenbait adibide: 1350. eta 1400. urte bitartean, Kolonia eta Nüremberg hirietako erakunde publikoek negozio munduan ziharduten familia nagusiei -merkatari familiei- eman zieten erabakiak hartzeko boterea. Azkenaldian egindako ikerketen arabera, merkataritza sare handiak omen zeuden Itsaso Beltzetik Espainiaraino eta Brujastik Europako hego-ekialderaino. Sare horretatik hainbat berrikuntza tekniko ere hedatu ziren; horien artean, inprenta, eta, horrekin batera, estanpak. 1412. urtean santa Katalina Sienakoari buruzko agiri bat idatzi zen Venezian, eta agiri horrek estanpen hedapenari buruzko ikuspegi goiztiarra eman digu:1 "Birjina horren irudia [santa Katalina Sienakoarena], paperezko orrietan inprimatzeko erraza [... ]; ondorioz, irudi hori hedatzea ere oso erraza da, batez ere Ama Birjinaren jarraitzaileentzat. Horrela, Ama Birjina behar bezala gurtzeko aukera izango dute, ez publikoki bakarrik, baita pribatuan ere, nork bere etxean. Ziur nago irudi horiek egiten hasi zirenetik dagoeneko milaka egin dituztela eta egunero egiten dituztela gehiago. Izan ere, irudi horietako batzuk, Venezian banatzeaz gain, aipatutako herrialdeetara ere heldu dira: Italiara, Alemaniara, Greziara, Poloniara, Dalmaziara eta Egiptora, hain zuzen. Santu batzuen irudiak, horien omenezko egunetan, paperezko orritan inprimatu eta kopiatu dira; fededunei, irudi hori eskuratu bezain laster, fedea eta errespetua areagotu egiten zaie".

Estanpak ekoizteko, enpresa bat osatzeaz gain -txikia bazen ere-, beharrezkoa zen merkataritza egitura bat ere: editorea, saltzailea, erosleak eta irudiaren ekoizlea (grabatzailea). Batzuetan, ekoizlea, editorea eta saltzailea pertsona bera izaten ziren. Horrekin batera, torkuluz eta prentsaz osatutako berariazko makinak ere beharrezkoak ziren, baita langile espezializatuak ere. Baina, horren guztiaren gainetik, beharrezkoena kapitalaren inbertsioa zen, etekinak berehala lortzeko; horrekin guztiarekin, estanpatze industria ekoizpen zentro handietan biltzen zela ondorioztatzen dugu, egungo multinazionalen antzera jokatzen zutela. Zentro horiek kontsumitzaile txikien eskuetara banatzen zituzten produktuak. Guri dagokigun lurraldearen kasuan, ekoizpen zentro handiak zeuden inguruan; hegoaldean, Salamanca, Medina del Campo eta Valladolid. Pradoko Andre Mariaren monasterioan, Gasteizko Santo Domingo komentuko Rosarioko Ama Birjinaren kandelaren bulda argitaratu zuten 1536an.2 Iparraldean, berriz: Lyon, Paris, Ginebra... Iparraldera sartzeko bideak Bilbo eta Irun ziren.

Parisen, hainbat editore Espainiarekin egindako estanpen salerosketan espezializatu ziren.3 Martin Bonnemerrek -1584an hila- Espainiako bezeroentzat egin zuen lan, eta estanpa batzuetan gaztelerazko hitzak irakur daitezke; esaterako, Justiziaren eta San Frantziskoren estanpetan. Simon Graffartek ere Espainian saldu zituen estanpa herrikoiak, 1603. eta 1609. urte bitartean behintzat. Editore horrek harreman estua izan zuen Laurent Melhon-ekin, Jean Rambaud-ekin, Jacques Bertrant-ekin -Dofinerriko merkatariak-, eta Jean Salmon-ekin -Toursko merkataria-; horiek guztiek Espainiarekin aritzen ziren salerosketa jardueretan. Jacques (c. 1550-1595) eta Nicolas (1577-1633) Lalouette deboziozko estanpen editoreak ziren eta estanpa ugari esportatu zituzten Espainiara. Jean Leclerc estanpen merkatariak (1560-1622) ere taila gozoaren teknikaren bidez egindako deboziozko estanpa ugari esportatu zituen Espainiara. Espainiak Thomas Leur-ekin (c. 1555-c. 1612) izandako harremanak 1603. eta 1608. urte bitartean daude dokumentatuta. Ezagunak dira Espainiak beste hainbat merkatarirekin ere izandako harremanak: Grenobleko Laurent Melhonekin, Orléansko François Tremblayrekin, Cazères-en-Gascogneko Jacques Ducos-ekin eta Carel van Boeckel estanpen merkatariarekin. Horiek guztiek Espainiarekin ziharduten salerosketa lanetan. Denis de Mathonnière (c. 1545-1596) estanpatzailea eta grabatzailea zen, eta erlijio gaiak, erlijio alegoriak eta moralak, kartak, kronologia, estanpa apaingarriak (hostoak, txoriak, ehiza), egutegiak, jokoak eta anatomiak egiten zituen. Mathonnière-ren 1598ko inbentarioan estanpen sei resma agertzen dira, eta resma bakoitzak hirurogeita hamar sol balio zuen. Gainera, bere lanetako izenburuak frantsesez eta gaztelaniaz agertzen ziren; ondorioz, lan horiek Espainiara esportatzen ziren, zalantzarik gabe. Nicolas Prou-ek (c 1555-1611) egurrezko grabatuak egiten zituen eta erlijio estanpak eta alegorikoak Espainian saldu zituen, 1603. eta 1607. urte bitartean, behintzat. Harreman estua izan zuen Laurent Melhon de Grenoble, Antoine Dupuis de Toulouse, Jean Girard eta Jean Heullain merkatariekin, eta horiek guztiek Espainiarekin egin zuten lan.

Aurreko datu guztiak kontuan hartuta, begi bistakoa da Espainian, estanparik ekoizten ez bazen ere, estanpa ugari erosten zirela. Estanpak karta edo egutegi gisa erabiltzen ziren, baita eredu gisa ere hainbat lanbidetan. Horrez gain, fededunek barkamena eskatzeko erabiltzen zituzten estanpak, baita erlijio talisman modura eta oroigarri edo fede objektu modura ere. Beraz, zalantzarik gabe, Errenazimentu garaian estanpa ugari hedatu ziren Euskadiko eta Nafarroako azoketan eta erromes guneetan. Halere, gaur egun ez dugu horri buruzko informazio gehiegi eta ez daukagu garai hartako alerik. Izan ere, estanpak oso objektu hauskorrak ziren eta, ondorioz, galkorrak, ezohiko egoeretan izan ezik. Erlijio estanpak ziren hedatuenak garai hartan, eta gutxi irauten zuten, ia jabearen bizitzak bezainbeste. Gainera, moden ondorioz, azkar ordezkatzen zituzten. Oso ezohikoa da gaur egun garai hartako estanpak aurkitzea; horietako batzuek, material gogor batera itsatsi zituztelako iraun dute. Estanparekin lotutako beste gai bat liburuen baitako ilustrazioena da. Ilustrazioak zehaztasun handiagoz aztertzen hasi dira, inprimatzaileen ekoizpenari jarraituz. Halere, badira gai horri lotutako zenbait arazo, batez ere egileekin lotuak. Baina gai hori Jardunaldien baitako beste komunikazio batean landuko da eta, beraz, nik ez dut horretan gehiago sakonduko.

Hitzaldi honetan, estanpei buruzko zenbait alderdi mahaigaineratu nahi ditut, hori guztia ikertzaileentzako lagungarri izan dadin eta, denborarekin eta horien ikerketekin, estanpen historia berregin eta osatu dadin.

Lehenik eta behin, estanpatutako lehenengo egur edo metal zatien gaia ere berrikusi egin beharko litzateke. Oraindik ez ditu inork aztertu Erdi Aroko errege kantzelaritzetako zenbait agiri: izan ere, agiri horietan zigilu biribilak agertzen dira. Batzuetan, zigilu hori erliebean grabatutako trokel bat zen; tindatu aurretik, trokel hori pergaminoan estanpatu eta, ondoren, argiztatu egiten zuten. Madrilgo Lazaro Galdeano bilduman gordetako zigilu biribilaren trokel bitxia ere aztertzeke dago oraindik. Euskadiren eta Nafarroaren kasuan, berriz, gai horri lotutako lana zaila da, baina hor dago. Beste gai bat notarioen zigiluak dira. Protokoloen artxiboetan inork ez du oraindik sistematikoki zigilurik aztertu, baina gai horrek ezusteko ugari ekar ditzake. Eskuz idatzitako liburuak aztertzean, oso arreta gutxi jarri izan da irudietan; liburu horietako batzuetan estanpen zatiak agertzen dira, eta irudi bitxiak osatzen dituzte collage modura. Escorialeko Liburutegiko ale batzuetan ikusi ditudan ereduetan oinarrituz, uste dut horiek ez direla bakarrak eta metodo hori ilustrazio lanetan oso ohikoa zela. Azkenik, beste gai bat agiriei buruzkoa da; agiri horiek bilatzea oso zaila eta neketsua da, eta estanpak oso noizbehinka eta azaletik aipatzen ditu. Katalunian hainbat eredu aurki ditzakegu.4 Lantzeko lehenengo iturria notarioen protokoloak dira: halere, horiek lantzeko, argi izan behar dugu ia ezinezkoa izango dela garai hartako egoeraren berri emango digun funtsezko agiri bakarra aurkitzea. Izan ere, grabatzaileek eta estanpariek ez zituzten kontratuak notarioen bidez egiten. Eta bada hori guztia are zailagoa egiten duen beste zerbait: agiri horietan estanpak izendatzeko erabiltzen den terminologia zehaztugabea. Horregatik, arreta handiz irakurri behar ditugu agiri horiek. Izan ere, "irudi", "margo", "margotutako orria" eta "santudun orria" irakurriko ditugu horietan, besteak beste. Grabatzaileari zizelkatzaile deitzen zioten, baina, batzuetan, "irudi egile" edo "istorioen zizelkatzaile" ere esaten zieten. Hori guztia kontuan hartuta, oso komenigarria da hitzez hitzeko transkripzioak egitea, ahalik eta osatuenak.

Ez zait oldarkorregia iruditzen inprentetan, liburuetarako estanpez gain estanpa solteak ere egiten zituztela pentsatzea -liburuetako estanpen gaia zaila da; izan ere, lanerako hipotesia hau izan daiteke: estanpa galdatuak eztenez eta trokelez egiten zituzten bezalaxe, irudidun metalezko zatiak ere jatorrizko "trokel" batean oinarritzen ziren-. Ziur asko, Europako beste herrialde batzuetako estanpen kopiak ere egingo zituzten. Iruñako inprimatzaileek -Arnaldo Guillen de Brocar (1490-1499), Adrian de Anvers (1568-1569), eta Tomas Porralis (1569-1595)-, Lizarrakoek -Miguel de Eguia (1546) eta Adrian de Anvers (1547-1567)-, Tuterakoek -Tomas Porralis (1572-1573)- Bilbokoek -Matias Mares (1557-1587)-, Fiteroko monasteriokoek (1606) eta Iratxeko Andre Maria monasteriokoek, ziur asko, tokiko deboziozko estanpak egingo zituzten bertako biztanleentzat.

Lizarran bada azpimarratu beharreko kasu zehatz bat, ez baitirudi bakarra denik. Adrian de Anversek ermandadeen gutunak eta barkamen bulgak estanpatu eta grabatu zituen.5 1559an gertatutako kasua prozesuaren autoen bidez ezagutzen dugu. Laburbilduz, hau gertatu zen: "Iruñako Errukiaren Andre Mariaren Ospitale Nagusiko maizterrek, beste lagun batzuekin batera, hainbat agiri sortu, inprimatu eta estanpatu dituzte. Agiri horiek barkamen bulga gisa aurkezten dituzte. Jendea ospitaleko kofradiako kide izateko engainatzen dute, horrela Erromako Aita Santuaren barkamena lortuko dutelakoan. Hori guztia gezurra bada ere, Erresumako leku batetik bestera dabiltza jendeari iruzur egin nahian eta ahalik eta etekin handiena ateratzeko asmoz. Jokabide hori irain izugarria da Jainko gure Jaunarentzat eta eredu tamalgarria eta kaltegarria, berriz, errepublikarentzat".

Agiri berberak informazio zehatza ere emango digu.

1537an, Iruñako Errukiaren Ospitale Nagusiko kofradiaren gutun baten kopiak inprimatu ziren, paper orri erdiaren tamainakoak.

1543an, Juan de Flandes eta haren emazte Maria de Olagüek Iruñako Errukiaren Ospitale Nagusiko kofradiak idatzitako gutunaren hiru mila kopia egin zituzten, paper orri erdiaren tamainakoak.

1556. eta 1558. urte bitartean, Adrian de Anversek Iruñako Errukiaren Ospitale Nagusiko kofradiaren gutun bat inprimatu zuen, orri erdiaren tamainakoa. Berunezko moldea Ospitaleko maizterrena zen, eta 1555. urtea baino lehenago grabatu zuten. Estanpak hainbat herritara heldu ziren: Abartzuza, Aritzala, Aizkoa, Iruñuela, Hiriberri, Argiñao, Estenotza, Arzotza, Jaitz edo Salinas de Oro eta Etxaurira.

1558an, Adrian de Anversek berak berriz inprimatu zuen Iruñako Errukiaren Andre Mariaren Ospitale Nagusiko kofradiaren gutuna; oraingoan, hamabi mila ale inprimatu zituen, paper orri erdiaren tamainakoak.

Gauza bera egin zen 1559an beste hamabi mila alerekin. Ale bakoitzean bi irudi estanpatu zituzten. Aurrekoen berdinak ziren, baina testuan, "berriz emandakoak" jarri beharrean, "berriz egiaztatuak" ageri da.

1559an, Adrian de Anversek Iruñako Errukiaren Ospitale Nagusiko barkamenezko hamabi mila estanpa inprimatu zituen. Inprimatutako mila postalen truke dukat bat ordaindu zuten.

Azkenik, agiri berberak esaten digunaren arabera, 1560an Adrian de Anversek barkamen orri baten mila ale inprimatu zituen (elizaren atean jartzeko, esan ziotenaren arabera) Iruñako Santa Eulalia Monasterioko mesedetako fraideentzat. Lau mila dukat eman zizkioten ordainetan. Oso informazio gutxi daukagu XV. eta XVI. mendeetan estanpa horiek zuten prezioari buruz, bai horiek ekoizteko prezioaz, baita horiek saltzekoaz.6

Eta hona hemen berririk esanguratsuena: kasu horretan, Adrian de Anversek san Sebastianen irudi bat eta Mesedearen ordenaren arma ezkutua "moztu" edo grabatu zuen, egur edo metal zati baten gainean. Euskadiko garai hartako beste grabatzaile baten berri besterik ez daukat: Jose Loisonena, hain zuzen. Grabatzaile horrek Gabriel de Mata-ren lanaren azala egin zuen (Primera, segunda y tercera parte del caballero assisio, en el nacimiento, vida y muerte del seráfico padre san Francisco). Lan hori Matias Mares-ek argitaratu zuen Bilbon, 1587. urtean.

Hausnarketa hauen ostean, oraindik ikertzeko eta aztertzeko gauza ugari daudela geratu zaigu agerian, ia beti bezala. Kasu honetan, gainera, estanpak gordetzearen eta horien bildumak egitearen garrantziaz ere ohartu behar dugu, nahiz eta batzuentzat garrantzi gutxikoak izan. Izan ere, Europan, XIX. mendera arte, estanpak komunikabide garrantzitsuenetakoak izan ziren eta, sarritan, ez dira behar bezala balioetsi.

Oharrak

  • 1. H. D. Saffrey. "Ymago de facili multiplicabilis in cartis. Un document méconnu, daté de l 'année 1412, sur l 'origine de la gravure sur bois à Venise". Nouvelles de l 'estampe 74 (1984) 4-7.
  • 2. Luis Fernández, La real imprenta del Monasterio de Nuestra Señora de Prado. 1487-1835, Salamanca, 1992, 67. or.
  • 3. Préaud, M., P. Casselle, M. Grivel y C. Le Bitouzé, Dictionnaire des éditeurs d 'estampes à Paris sous l 'Ancien Régime, Nantes, 1987.
  • 4. Josep María Madurell i Marimón y Jordi Rubio, Documentos para la historia de la imprenta y librería en Barcelona (1474-1553), Bartzelona, 1955.
  • 5. José Goñi Gaztambide, "La imprenta en Estella en el siglo XVI", en La imprenta en Navarra, Iruña, 1974, 131. -141. or.
  • 6. 1520. urtean, Dureroren orri erdiko estanpa kalkografiko batek langile baten eguneko soldataren erdia balio zuen ( F. Anzelewski, "Quelques considérations sur les prix et les formats des gravures à l 'époque de Dürer", Nouvelles de l 'estampe 64-65 (1982)11).
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana