Errenazimentuko arkitektura Euskal Herrian: hurbilketa bat

Artikuluaren egilea: Jose Angel Barrio Loza

Betidanik iruditu izan zait bidegabea euskal arkitekturaren garai gorena Errenazimentu garaian hasi zela esatea. Nire ustez, gaur egun Euskaditzat hartzen dugun lurraldea Berant Erdi Aroan hasi zen arkitekturaren arloan garrantzia hartzen. Izan ere, garai hartan hasi zen Euskadin berezko kultura artistikoa sortzen; batez ere, XV. mendeko bigarren erdian eta XVI. mendeko lehenengo hamarkadetan, gotiko berantiarraren baitan (estilo hori oso ospetsua da lurralde horietan). Hamarkada horietan zehar, hainbat eta hainbat eraikin egin ziren, zibilak eta erlijio eraikinak, eta horiek zientifikoki aztertu ziren; izan ere, guztiak ziren estilo artistiko berekoak eta, ondorioz, guztiak batera aztertzeko aukera ematen dute. Are gehiago, Euskadiko ateak mundu zabalera ireki ziren une horretan bertan gauzatu zen garai orotako euskal arkitekturaren lan nagusietako bat: baserria, alegia. Horrez gain, dorretxeak ere garai hartakoak dira, baina horiek berezko nortasun gutxiago dute, antzekoak baitira leku guztietan. Gotiko berantiarra oso estilo garrantzitsua izan zen Euskadin, eta ez arkitekturaren arloan soilik, eskulturaren arloan ere bai.

Beraz, nire ustez, Flandesko gotikoa ezin da euskal arkitekturaren beste zenbait garai garrantzitsurekin konparatu, eta Errenazimentu estiloaren loraldia XV. mendean hasitakoaren oihartzuna da. Hori dela eta, euskal arkitektura gotikoa gizarteko talde guztiek -hiribilduetako herritarrek, gudariek eta nekazariek- onartutako sarrera apartatzat hartu behar da, gutxienez.

Gainera, usteak uste, Errenazimentuko arkitektura ez zen Euskadi osoan berdin hedatu; egoera desberdina izan zen lurralde bakoitzean, eta kasu batzuetan, gainera, zenbait jokabide heterodoxo ere gertatu ziren. Garai hartako eraikinen zerrendari jarraituz, euskal lurralde batzuetan Errenazimentuak garrantzirik ez zuela izan ikusten dugu: esaterako, Kuartangon, Gobiaranen, Aiaran, Arabako Mendietan eta abar. Bailara horietan, erlijioaren arloan, Erdi Aroko arkitektura da nagusi; hau da, erromanikoa. Beraz, xarmaz betetako hainbat eta hainbat eliza aurki ditzakegu bertan, baserri barrokoekin batera; edo, hobeto esanda, Barroko garaian eraikitako baserriekin batera -XVII. eta XVIII. mendeetan eraikitakoak, batez ere-. Euskadiko Kantauri aldean ez da gauza bera gertatzen, ezta Arabako Errioxan ere, lurralde horietan Errenazimentuak garrantzi handia izan baitzuen.

Bestalde, inork ez du zalantzan jartzen Gipuzkoako paisaia barrokoa denik; batez ere, XVIII. mendeko barroko estilokoa. Izan ere, probintzia horretan oso arkitekto garrantzitsuak aritu ziren lanean, eskualdeetako mugez haraindi. Primerako lanak egin zituzten lurralde horretan, eta berezko nortasuna duten lanak ere aurki ditzakegu bertan.

Azterteta zorrotzagoa eginez gero, Euskadiko Errenazimentu guztiak ere ezaugarri berberak ez dituela esan dezakegu, estilo horrek ere ez baitzuen erantzun bakarra eman. Aitzitik, hainbat desberdintasun aurkitzen ditugu alderdi kontinentaleko (Araba) eta Kantauri alderdiko (Bizkaia eta Gipuzkoa) lanen artean, bai erritmoari, bai tipologiari dagokionez. Ostera, badira ageriko ezaugarri komunak ere; esaterako, Errenazimentu estiloak duen Burgos aldeko kutsua (aldi platereskoa eta manierista -nazioartekoa edo fantastikoa-) edo egile komunak (plano egileak, asentalariak eta harginak).

Aurreko paragrafoetan esandakoarekin, Euskadi osatzen duten 7. 254 km2-en baitan hainbat errealitate geografiko eta sozial daudela adierazi nahi izan dut, eta egoera horiek elkarren artean desberdinak direla, bai ekonomiari, bai jabegoaren banaketari, bai demografiari dagokionez, besteak beste. Eta eremu geografikoen zatiketarekin eta biztanleen aniztasunarekin batera, bada Arte Ederren arloan are eta garrantzi handiagoa duen beste alderdi bat: mendeetan zehar, euskal lurraldea lau elizbarrutitan banatuta egon izana (Burgos, Calahorra, Iruña eta Baiona). Elizbarruti horien guztien egoitzak azterketa honetatik kanpo dauden eremutan kokatuta egon dira. Beraz, Euskadi, fisikoki lurralde periferikoa izateaz gain, administratiboki ere lurralde periferikoa izan da.

Errenazimentuko Arkitektura Euskadin nolakoa izan den aztertzea ez da lan erraza: izan ere, Euskadi ez da lurralde laua, zailtasunez betetako paisaia baizik. Beraz, agerikoa denez, hainbat hamarkadatan zehar gai hau ez du inork aztertu, artearen historiak piztu izan dituen bokazio urriek nahiago izan baitute duela gutxiko artea aztertu; esaterako, euskal pintura modernoa. Ez zen harritzekoa aukera hori egitea, aurreko garaietako artearen azterketak hainbat eta hainbat zailtasun baitzituen -metodoari eta dokumentazioari dagokionez, batez ere-. Hori dela eta, Maria Asuncion Arrazola Amak Gipuzkoan egindako hasierako ahaleginak balio handia du, zalantzarik gabe.

Nire ustez, ikerlariek hainbat arrazoirengatik egin diote uko aurreko garaiak aztertzeari. Arrazoi horiek metodologian eta dokumentazioan dute eragina. Arrazoi metodologikoen artean, hauek azpimarra ditzakegu:

Dokumentazioarekin lotutako arrazoi nagusiak hauek dira:

Dena dela ere, egoera horiek oso ohikoak dira Espainiako geografia errenazentista guztian. Halere, garrantzitsuena hau da: eraikinak izan badirela eta oso interesgarriak direla. Gainera, oso eraikin nabarmenak eta proposamen bitxiak aurki ditzakegu horien artean.

Gaur egun, balio handiagoa ematen ari zaie Espainiako arkitektura periferikoei, eta, horien artean, euskal arkitekturari ere bai: arkitektura neoklasikoari, esaterako. Halaber, arkitektura errenazentistak ere interes handiagoa piztu du azkenaldian. Bistakoa da alde horretatik egindako ahalegin orok merezi duela.

1480az geroztik -hau da, Errege-Erregina Katolikoen erregealdiaren hasieratik eta Bandoen Gerraren ondorioak gainditu ondoren-, jo eta su hasi ziren eraikitzen eta berreraikitzen Euskadin -edo Euskadiko lurralde gehienetan, behintzat-; eraikin horiek guztiak garaiko estiloaren arabera egin ziren; hau da, estilo gotikoari eta, batzuetan, mudejarrari jarraituz -Urolako bailaran, Gipuzkoan-. Geroago, Errenazimentua ere sartzen hasi zen, bai herrietako eta herrixketako ekimen pribatuetan -etxe burgesak, jauregiak, baserriak, kapera pribatuak, komentuak-, bai elkarte ekimenetan -elizak, udaletxeak, kontratazio etxeak-, baita azpiegituratan ere -kaiak, kaleak, zubiak, iturriak, zolaketak, etab. -. Distira hori artearen beste zenbait alorretan gertatzen denaren isla besterik ez da; bereziki, eskulturan -erretaulak eta hilobiak-, hesigintzan, etab.

Gotiko berantiarraren garaian, lehenik, eta geroago Errenazimentuan hautemandako baikortasun orokor hori testuinguru jakin baten baitan ulertu behar da; izan ere, garai hartan bakea zen nagusi gizartean, eta egoera ekonomikoa, berriz, oparoa. Horrez gain, erlijio debozioak indar handia zuen, eta emulazioak eta proposamen berriak oso erakargarriak ziren. Horixe zen egoera orokorra penintsulako geografia guztian. Ikus dezagun nola bizi izan zuten egoera hori Euskadin.

Oso garrantzitsua da faktore ekonomikoak kontuan hartzea. Idazki honetan ez dut garai hartako ahalegin ekonomikoa aztertu nahi, ahalegin horiek nork egiten zituen baizik; izan ere, garai hartako Euskadin ez zegoen errege-erreginen edo antzekoen ekimenik ere, ez aristokraten ekimenik -ez zegoen aristokratarik-, ezta gotzainen edo elizbarrutietako kide nagusien eskutik sustatutako ekimenik. Ondorioz, oso talde txikia geratzen zen ekimenak sustatzeko: bertako bizpahiru gotzain -Zurbano eta Mercado de Zuazola-, goi mailako funtzionario gutxi batzuk -Perez de Lazarraga, Fernando de Escoriaza sendagilea, Martinez de Alegria aholkularia, Karlos I. aren Estatu Kontseiluko idazkari Alonso de Idiaquez, Zenarruzako Diego de Irusta abadea-, erdi mailako funtzionarioak eta Gasteizko zenbait merkatari. Besterik ez. Gainerako beste ekimen guztiak herritarrek (hornikuntza lanak) eta elizak egiten zituzten.

Hain zuzen, erlijio arkitekturari dagokionez -hori izan zen alorretan oparoena-, ekimen herrikoiak izan ziren nagusi, zalantzarik gabe; hau da, elizak. Alor zibilean, berriz, jauregien kasuari dagokionez, gizarteko eliteek garrantzia izan zuten (burgesiak, alegia). Garrantzia hori nabarmenagoa izan zen Gasteizen eta Gipuzkoan Bizkaian baino; agian, lurralde horiei buruzko dokumentazio gehiago aurkitu dugulako.

Horrez gain, arkitektura erlijiosoari dagokionez, patronatuak aipatu behar dira. Herri patronatuak herrikoiak zirenean -hau da, herrietako eliztarrak parrokien eta baselizen jabe zirenean-, oso lan eskuzabalak egiten ziren. Patronatuak merkatarien edo jabe partikularren esku zeudenean, ordea, aurrekontuen murrizketak ziren nagusi. Egoera hori oso ondo ageri da artxiboetan, sarritan irakur baitaitezke gotzainaren edo erregearen aurka egindako salaketak, ikerketak, aurkako ikerketak, hamarrenen blokeoak, etab. Esaterako, garai hartako gangak egurrez egiten ziren eta horrek zerikusi zuzena du azaldu dudan egoera ekonomikoarekin.

Alderdi ekonomikoen atzetik, pentsaera ere aipatu beharrekoa da: sustatzaile gehienak kontserbadoreak ziren, baita Euskaditik kanpoko kultura zentro garrantzitsuetan humanismoaren ildo berriekin bat egin zutenak ere. Ez naiz ari Tuyko gotzainaz (Martin de Zurbano) edo Juan Perez de Lazarragaz (Isabel Katolikoaren kontularia, lehenik, eta haren idazkaria eta testamentu betearazlea, ondoren); azken finean, ez baita harritzekoa XVI. mendeko hirugarren bosturtekoan bizi izandako gizon horiek Erdi Aroko mentalitatea izatea. Ni Rodrigo Mercadoz ari naiz; Valentzian, Napolin, Granadan eta Valladoliden bizi izan zen, baina, halere, artearekiko jarrera zalantzatia eta okerra agertu zuen: lurperatu zuten kapera gotikoa da, Oñatiko parrokiari oparitu zion klaustroa bezala. Unibertsitatean sustatu zituen lanak eta haren mausoleoa, berriz, errenazentistak dira.

Dena dela ere, artelanak ez ziren inoiz komisio emaileak agintzen zuenaren arabera bakarrik egiten; trazatzaileek egindako proposamenen arabera egindako aukerak izaten ziren, zuzenketadunak edo zuzenketarik gabekoak. Izan ere, trazatzaileek segurura jotzen zuten: XV. mendeko tradizio handiaz gozatu zuten XV. mendeko hainbat hamarkadatan zehar tradizio eta onespen handia izandako proposamenak egin zituzten.

Ez dugu beste osagai bat ahaztu behar; gotzaindegiak, hain zuzen. Izan ere, Trentoko Kontzilioaren aurretik, gotzaindegiek elizbarrutian egindako artelan ugari ikuskatzen zituzten. Calahorrako gotzaindegian, besteetan bezalaxe, ikuskatzaileak eragin izugarria zuen, teorikoki gai guztiei buruko irizpenak, gomendioak eta aholkuak ematen zituelako. Calahorrako elizbarrutian lan egin zuten ikuskatzaileek harreman bikaina izan zuten bertako gotzainarekin: Arabako Bernal Diaz de Luco gotzain kontziliokidearekin, hain zuzen.

Une honetan beste alderdi bat hartu behar dugu kontuan, urteetan zehar bazterturik egon arren gaur egun interes handia piztu duena: eskulan espezializatuaren prestakuntzaz ari gara; batez ere, trazatzaileen kasuaz -horien artean, euskaldunak ("bizkaitarrak") eta menditarrak zeuden-. Izan ere, talde hori besterik ez dugu aurkituko aurkeztu nahi dudan paisaian.

Oro har, gutxietsi egin izan dira hargintzaren maisu, arkitekto, elizagile eta gotzaindegietako ikuskatzaile izandako horiek, langile hutsak zirela uste izan baita. Ez ziren aintzakotzat hartu, ez zutelako idazki teorikorik idatzi, ez trataturik, ez eskulibururik -horietako askok zailtasun handiak zituzten beren izen-abizenak behar bezala idazteko-. Gainera, ez zen bibliografia egokirik aurkitzen horien liburutegietan. Aitzitik, betiko jardunbideak menderatzen zituztela esan ohi da; esaterako, Simon Garciaren argitalpenen bidez ezagutzen ditugunak. Trazatzaileek maiz erabiltzen zituzten jardunbide horiek.

Trazu eta marrazki gehiago ezagutu ditudan heinean, ez naiz ideia horrekin bat egiten ausartzen. Izan ere, ideia horren arabera, badirudi maisu horien artelanek ez dutela nahikoa berme ematen. Aipatzekoak dira Vianako portadak (Juan de Goyazek eginak), Murillo de Rio Lezakoak (Juan Ochoa de Arranoteguirenak), Eltziegokoak (Juan de Astiasurenak), Urretxukoak eta Tolosakoak (Juan de Lizarazurenak), Laguardiako Andre Maria elizako gurutzadura (Iñigo de Zarragarena), etab. Maisu horiek guztiek Calahorrako eta Iruñako elizbarrutietan besterik ez zuten lanik egin eta, ondorioz, ez zuten harremanik izan garaiko arte gune garrantzitsuenekin. Batzuetan, nabarmentzekoa da trazuen gauzatze fisikoa bera -marrazkiaren kalitatea, alegia-; horren adibidetzat, Juan de Olatek -Bolibar-Zenarruzaren hargin apal bat- Santo Domingo de la Calzadako katedraleko sakristiarako diseinatutako trazuak aipatu nahi ditut.

Gainera, idatzitako baldintzetan, trazatzaileek etengabe azaltzen dituzte lanerako erabiltzen dituzten kontzeptu estetikoak, eta kontzeptu horiek maisuen prestakuntza teknikoa eta horien jarrera errenazentista uzten dute agerian; esaterako, geometria, simetria, proportzioa, perfekzioa, grazia ona, dezentzia, dotorezia, betikotasuna, erosotasuna, trebetasuna, apaindura, lan aberatsa, autoritatea , etab.

Geroz eta ziurrago nago Errioxa, Euskadi eta Nafarroa inguruko hargin horiek guztiek -Landerrain, Armendia, Arteaga, Mutio, Elosu, Ocariz, Solarte, Juan eta Pedro de Lizarazu, Iturreta, Arostegui, Astiasu, Guerra, Echaburu, Apoita, Emasabel, Regil, Iñigo, de Zarraga eta Terrero, Hernando de la Vega, Velez de Huerta eta, noski, Juan de Rasines menditarrak- trazuak egiteko gaitasun handia zutela, dokumentuetan sarritan aipatzen denez. Trazuak ondo eta erraz egiteaz gain, lanak finkatzeko eta zuzentzeko gai zirela ere ziur nago. Printzipio teorikoekin edo printzipiorik gabe, egindako lanengatik epaitu behar ditugu.

Ez ditut aztertuko noizean behin lurralde hauetan lanean aritu ziren kanpoko zenbait trazatzaile: esaterako, Juan de Vallejo eta Frai Martin de Santiago domingotarra. Izan ere, horiek oso ospetsuak ziren aspalditik. Aitzitik, harritu egiten nau dokumentuetan atzerriko izenik ez agertzea -egurrezko eskulturan gertatzen den ez bezala-, kanpotarrak baitziren, nahitaez, Berant Erdi Aroan inguru horietako harrobietako buruak (beste zenbait lekutan bezala). Baina XVI. mende hasieratik, inguru honetako dokumentuetan euskaldunen edo menditarren izenak besterik ez dira agertzen; batez ere, euskaldunenak. Dirudienez, azken horiek Palentzian, Valladoliden, Cuencan eta Salamancan eta, batez ere, Burgosen ikasi zuten; izan ere, lan aparta egin uten Gaztelan (Albiz, Lanestosa, Ibarra, Tolosa, Alava, Mimenza, Oria, Celaya), eta bertan egindako ikasketa agiri ugari ematen zituzten. Horien artean, Juan de Vallejok berebiziko lana egin zuen ikastunekin, aparejadoreekin eta laguntzaileekin: Hernando de Mimenza, Juan de Lizarazu eta abarrekin.

Edonola ere, maisu harginek proposatutako irtenbideek frogatzen dute eraikuntzaren profesional horiek askotariko prestakuntza zutela, eskultoreena baino askotarikoagoa oraindik. Logikoki, aniztasun horrek zerikusi handia du ikaskuntza lekuarekin eta bakoitzak ondoren egindako ibilbidearekin. Kontratazio, tasatze eta ikuskaritza lanetan ziharduten maisuak asko mugitzen ziren leku batetik bestera; eraikuntza lanetatik atera gabe lanean ziharduten ofizialak, ordea, askoz gutxiago mugitzen ziren.

Arkitekturaren bilakaera

Errenazimentua oso estilo sortzailea eta mugikorra denez, ezin da garapen ildo bakarra izan mende luze batean zehar. Aitzitik, hiru hamarkadatik behin gutxi gorabehera, aldaketa eta bilakaera adierazleak agertu eta sekuentziak eta erritmoak zalantzan jartzen ziren -deiturak ere bai-, baita azterketa eta zuzenketa kronologikoak ere.

Euskal arkitektura Errenazimentuaren berezko ezaugarri "aldaezintzat" hartu gabe ere, badira lurralde honetan aipatu nahi ditudan zenbait jardunbide bitxi, azaletik bada ere:

Fase platereskoa

Goian irakurri duzuenez, ni ere ados nago gotiko berantiarra berriz baloratzeko joerarekin, XVI. mendeko lehenengo urteetako gotikoa barne; joera hori edonon gertatzen ari da, gainera. Arkitektura gotiko Flandestarrak malgutasun handia agertzen du XV. mende bukaeratik aurrera, eta, horren ondorioz, bao ederrak sortzen hasi ziren jauregietan eta baserrietan. Bao horiei esker, parrokietako zatiketa espaziala leuntzea lortu zuten. Horrez gain, forma flamigeroak ere sartzen hasi ziren eta, geroago, forma anbiguoagoak. Horrekin guztiarekin, bezeroak erosoago sentitzen hasi ziren, erantzun horiek nahiko ondo asetzen baitzituzten partikularren, kabildoen eta taldeen beharrak. Beraz, ez dira harritzekoak garai hartan han eta hemen sortu ziren eztabaidak: Salamancan 1522an, eta Segoviako, Astorgako edo Calahorrako katedraletan, besteak beste. Azken kasu horrek du interes handiena guretzat, Calahorra izan baitzen elizbarrutiko hiria euskal lurralde askorentzat (erdiarentzat baino gehiago).

Hori dela eta, Errenazimentuak oso erraz lortu zuen arrakasta lurralde honetan. Horrela, plateresko aren fasea -edo Protoerrenazimentu ornamentala ere deitzen zaio-, Felipe Vigarnyk Burgostik Gasteiza zuzenean ekarritakoa da (Santa Maria ospitaleko portada); estilo hori Haroko Santo Tomas elizako portaletan eta Casalarreinako komentuan ageri da (XVI. mendeko bigarren hamarkadakoa). Euskadin estilo horrek ez du garrantzi handirik izan, Gasteizko, Durangoko, Dulantziko, Kanpezuko Santa Cruzeko edo Aguraingo eraikin bikain batzuen kasuan izan ezik: kasu gehienak hilobietako arkosolioak, harrizko pulpituren bat eta, batez ere, koruen aurrealdeak dira. Horiek guztiak behar bezala azalduko ditugu.

Zenbait maisu gotiko, Vigarny bera barne, berritasunak barne hartzeko gai izan ziren; Sancho Martinez de Arego bizkaitarra ere bai. Hargin gotiko horren arrastoa Busturian aurkitu nuen lehenengo aldiz, 1501. urtean, eta geroago, berriz, Bilboko San Anton elizan eta desagertutako San Frantzisko komentuan, Begoñan eta abar. Ez zen gauza bera gertatu beste zenbaitekin, Olabe familiarekin, esaterako: hogei urtean zehar, Gueñesko elizako alde gotikoaren lanak zuzendu zituzten, baita Kalagorriko katedraleko lan garrantzitsuak ere. Familia horretako maisuak ez zeuden, ordea, berritasunak onartzeko prest. Beraz, badirudi egia dela garai berriek artista berriak (edo berriztatuak) eskatzen dituztela.

Platereskoa apainduraz betetako estiloa da eta Italiako osagai apaingarri zorrotzak eta berriak sartzen ditu, nahiz eta horiek, Euskadi kontinentalaren kasuan, aurreko egitura gotikoetan aplikatu ("putti", "candelieri ", palmetak, obak, bihiak): esaterako, Aguraingo eta Kanpezuko Santa Cruzeko koru eklektikoetan eta Gasteizko zenbait hilobitan eta erakinetan. Halere, kasu hori ia ezezaguna da Kantauri aldeko eremuan. Beraz, oso aztarna txikia utzi zuen, Burgosko estilokoa, gainera.

Halere, Euskadiren kasuan, zenbait izen eta data eman ditzakegu gotikoaren iraupenari eta platereskoaren arrakasta neketsuari buruz; euskal Errenazimentuari buruz, alegia. Horrela, besteak beste, Gueñesko Andra Maria eliza azpimarratu nahi nuke, 1516ko gotiko hispano-Flandestarren eredu eder eta anbiguo gisa. Begoñako basilikaren trazuak, berriz, 1511n egin zituzten Arego eta Uriona harginek. Urte horretan hasi ziren Bidaurretako komentua egiteko lanak, Oñatin. 1517an, Zurbano gotzainaren hilobia gordetzeko kapera egiten hasi ziren, gotiko estiloan. Hilobia, berriz, platereskoa da -gari hori oso nahasia izan zen, beste adibideren batekin ikusiko dugunez-. Oñatiko San Migel elizako klaustroa eta Errukiaren kapera Pedro de Lizarazuk egin zituen, 1526. eta 1525. urteetan, hurrenez urren. Lan hori Rodrigo Mercado de Zuazola gotzainarentzat egin zuen. Gotzain horrek bere hilobia kapera horretan egiteko agindu zion Diego Siloeri, oraingoan estilo errenazentistari jarraituz. Dirudienez, gotzainak Granadan ezagutu zuen Siloe. Donostiako San Bizente eliza 1507. urtekoa da, eta Gordexolako San Juan de Molinarkoa eta Mungiako San Pedro elizak, berriz, 1525ekoak, gutxi gorabehera. Azken horren portada ikusgarriak gure garaira arte iraun du. Idazkunen arabera, berriz, 1521ean hasi ziren Trutziozko elizaren alde gotikoa egiten.

Burgos aldeko ezaugarri erakargarriei dagokienez, artelanetan ikus dezakegunaz gain, badira horri buruz mintzo diren zenbait dokumentu ere. Hori guztia egiaztatu egiten da hiri horretako erregimentuak 1539an Juan de Herbeta hargina Burgosera eta Valladolidera bidali zuenean, eraikinak ikusi eta proposamen zehatzak egin ditzan. Horrez gain, Juan de Vallejori ere deitu zioten, noiz edo noiz, etab¿

Jasotako datuen arabera, XVI. mendeko lehenengo laurdenean gotiko berantiarra zela nagusi dela esan dezakegu. Data horretatik aurrera, hizkuntza berria hasi zen sartzen Euskadin; erromatarra, alegia. Halere, hizkuntza horrek ez du hizkuntza modernoa erraz gaindituko. Izan ere, azken horrek iraun egingo du beste bosturteko batean zehar, hibrido moduan bada ere. 1526. urtean hasi zen estetika berria abiarazten Gipuzkoan; izan ere, urte horretan, modu sinbolikoan besterik ez bada ere, erromatar erako moldura batzuk egin ziren Oñatiko San Migel eliza eta klaustroa lotzen dituen atean. Gipuzkoan ez zen atzerapen kronologiko nabarmenik gertatu Burgostarrek (Virganyk) Errioxan egin zutenarekiko -1513an Santo Domingo de la Calzadako baldakinean, 1514an Haroko elizako portada-erretaulan eta 1519an Casalarreinako komentuan- edo palentziarrek Juan Rodriguez de Fonseca gotzain "bidaizalearen" esanetara egin zutenarekiko, adibidez. 1513an, Palentziako katedraleko San Antolin kripta, eskailera eta putzuaren karela egokitu zituzten, besteak beste; gainera, katedral bereko koruko itxituraren zati bat ere egokitu eta haren armak jarri zituzten bertan-. Atzerapen kronologiko hori are eta txikiagoa da Santa Mariako ospitalearekin konparatzen badugu; izan ere, eraikin horretako portada tailatzen ari ziren 1520. urtean, Martin de Açurio maisuaren agindupean.

Hiri horretan platereskoaren adibide gehiago aurki ditzakegu, eta horietako batzuek egile eta data ezagunekin, gainera; esaterako, hainbat hilobiren enkoadraketak (Arriagatarrenak San Migelen, Diego de Aguillo margolariak 1530ean trazatuak; Kristoren hilobiaren arkua, San Bizenteko la Milagrosa kaperan; etab. ). Adibide horietan guztietan, dagoeneko desagertu ziren arku zorrotzen taila erzdunak, arku konopialak eta alfizetako markoak; horien ordez, puntu erdiko arkuak erabiltzen hasi ziren, eta taila gogorren ordez, berriz, taila leunagoak. Emandako adibideak kontuan harturik, argi ikus dezakegu platereskoak Gasteizen nolabaiteko indarra hartu zuela.

Estalduren gaia oso bestelakoa izan zen. Hain zuzen, hizkuntza berria onartzeko orduan, elizetako gangak erromatar erara egiteak eragin zituen kezkarik larrienak; luze eman zuen sistema berri hori onartzeak, nahiago baitzituzten gotikoko gangak. Aitzitik, espazioaren kontzeptu berria ulertzeak ez zuen hainbeste arazo ekarri, eta hori da, hain zuzen, funtsezkoena eta pentsamolde aldaketa handiena eskatzen duena.

Gainontzean, eraikuntzarako eskaintza berriak -zutabe balastratuen fusteak eta apaingarriz hornitutako fuste klasikoak, ateburuak eta puntu erdiko arku sistemak, karpanelak, eskartzanoak eta abar; horrez gain, eredu apaingarri berriak, obak, "candelieriak", palmetak, bihiak, txirla formako apaingarriak, betiere taila leunez eginak- onartuz joan ziren 1520tik 1535. urtera arte gutxi gorabehera, erretaulen arkitekturarekin gertatzen ari zenarekin batera (Galdakaon, Aberasturin, Bidaurretan). Izan ere, estilo hispano-flandestarraren tortsioen, soken eta bestelakoen taila erzdunak alde batera uzten hasi ziren.

Eraikin bat platereskoa dela esateko funtsezko osagaiak apaingarriak direla kontuan hartzen badugu, ez dut guztiz platereskotzat har daitekeen eraikinik ezagutzen. Bai, ordea, neurri batean platereskoak diren hainbat eraikin; esaterako, Gasteizko Andre Mariaren ospitale zaharreko portada. Halaber, Aregok eta haren semeak lan aparta egin zuten Aguraingo koroan, 1530ean. Diego de Aguillo margolariak Arriaga familiarentzat Gasteizko San Migelen 1530ean egindako lana ere bikaina da. Bidaurretaren komentu ezin hobea ez dut atal honetan sartu nahi, horren alfizak eta apaingarri gogorrek kutsu gotiko handiegia dutelako.

Arkitektura zibila ez baztertzearren, Gasteizko Aguirretarren jauregia eta Hondarribiko Karlos I. aren jauregia aipatuko ditut atal honetan. Halere, lehenengoa behin eta berriz berritu badute ere, bigarrenak Berant Erdi Aroko kutsu handia du -Bidaurretaren lanak bezalaxe-, Isabel erreginaren garaikoa, sarrerako alfiz horrekin. Bi jauregiek patioa dute, baina, alde horretatik, Gasteizko Gasteizko Bendaña jauregia nabarmendu behar da, hiru pisuko patioa baitu, bola formako kapiteldun zutabeez baliatuz. Zutabe horien gainean arku beheratuak daude; guztia Isabel erreginaren leinukoa da eta Gaztelako kutsua du, Valladolidekoa, zehazki (Santa Cruzeko eskola). Zestoako Lili jauregiak ezin hobeto islatzen du garai hartako bizileku ikuspegi berria, batez ere egongelako leiho multzoari begiratzen badiogu. Halere, jauregian gerra garaiko zenbait osagai ere ageri dira; esaterako, izkinetako ontzitxoak. Eta bizileku ikuspegiarekin jarraituz, ezinbestekoa zaigu Azkoitiko Basozabal jauregia aipatzea (ibai gainean dago, ekialdera). Jauregi horrek ere badu patio bat. Bestalde, Azkoitiko Floreaga etxea ere aipatzekoa da, mudejar estilokoa; etxe hori izugarri argitsua da.

Nazioarteko manierismoa (edo fantastikoa)

Ibilbide luzeagoa egin beharko dugu apaingarritzat osagai fantastikoak erabiltzen dituen Errenazimentu helduaren baitan barneratzeko: larruzko oholak, kerubinez osatutako frisoak, idien buru hezurrak, itsas zaldiak, sugeak eta manierismoaren berezko irudiak. Euskadin ez dugu horrelakorik ikusiko XVI. mendeko laugarren hamarkadara arte eta, urte horietatik aurrera, Trentoko kontziliora arte iraun zuenestilo horrek. Izan ere, kontzilioak fantasia horiek geldiarazi zituzten. Hori da nazioarteko manierismoaren denbora eremua -manierismo fantastikoa edo lehenengo manierismoa ere deitzen zaio-. Lehenengo manierismo hitza mendeko azken hereneko erromatar manierismoaz bereizteko erabiltzen da.

Eraikuntzaren osagaiak gehiegi ezkutatzen zituztela ikusirik, arazorik gabe desagertu ziren egituretako gehiegizko apaingarriak, bai euskarrietan, bai arkuetan, baita ateburuetan ere. Beraz osagai horiek berezko izaera berreskuratu zuten. Ez zen gauza bera gertatu, ordea, "erromatar" eran egindako gangekin; izan ere, gai horrekin lotutako arazoa ez da ia sartzen Errenazimentuaren garaipenari dagokion zati kronologikoan. Egia esan, ganga horiek ez ziren inoiz erabat onartu, izar formako ganga gotikoak nahiago zituztelako; ondorioz, azken horiek izan ziren nagusi.

Euskal elizetako estalduretan formula gotikoekin atzera eta aurrera egin izana (lehen eskuko proposamen horiek Simon Garciagandik kopiatu ziren, besteak beste) ez da gaur egun alderdi negatibotzat hartzen euskal arkitektura errenazentista baloratzean, ezta Gaztelako, Nafarroako eta Errioxako antzeko joerak baloratzean ere. Izan ere, horiek jarrera tradizionalak besterik ez dira, eta bezeroak eta harginak oso eroso eta gustura sentitzen ziren horiekin. Izar formako gangak Pirinioez bestaldetik ekarri ziren eta erabat onartu ziren: ganga horiek luze iraun zuten eta oso emaitza ederrak ematen zituzten gainera, imajinazioz beteak. Kopatutako nerbioak erabiltzen hasi zirenean, berriz, gangak benetako erronka bihurtu ziren. Egitura horiek dira, zalantzarik gabe, euskal Errenazimentuko erlijio arkitekturaren bereizgarri nagusietakoak eta honako honen eredu bikaina: conformitá de las manieras tedesca y romana .

XVI. mendeko bigarren herenean apaingarriak berritu egin ziren eta, horiekin batera, tailetan eta erliebeetan irudikatutako ideiak ere berritu egin nahi izan zituzten. Urte horietatik aurrera, gai sakratuen irudikapena murriztu eta humanismo egokitua lantzen hasi ziren. Gizarteko eliteak humanismoarekin lotutako mezuen aldeko joera agertu zuten, eta gaur egun horiek ulertzen saiatzen ari gara. Periferian ere humanismoak arrastoa utzi zuela egiaztatzeko, baditugu hainbat adibide inguruan: Escoriaza-Esquivel jauregiak, Gasteizen -maitasunaren tenpluaren eta herritar zuzenaren bizilekuaren alegoria-; Oñatiko unibertsitateko portada eta klaustroa - Herkulesen Lanak eta mitologiako beste zenbait pasarte irudikatzen dira-; eta Lovianoko jauregia, Ermuan -portadan Scevola moralizatzaile bat ageri da-; horrekin baera, Puebla de Arganzon herriko Santiago kaleko etxe batean titularren dominak ikus daitezke ezkutuen ondoan (horren atzean, ospearen kontzeptua dago estalirik; autoestimu pertsonalaren kontzeptua, alegia), eta Biasteriko Paternina-Samaniego etxean, berriz, armarria enfasi handiz irudikatuta dago. Garai hartan, humanismoa demokratizatu eta sakratu bihurtu nahi izan zuten, eta elizetako portadetan ere osagai humanistak irudikatzen hasi ziren (Vianako Andre Maria elizan eta Bilboko San Anton elizan); irudikapen horietako bakoitzak mezu kriptiko jakin bat adierazten du. Aipatutako ia adibide guztiak 1540. urte ingurukoak dira; izan ere, hamarkada horretan euskal Errenazimentua joera unibertsala hartzen hasi zen.

Garai hartako Errenazimentuak hainbat eta hainbat eraikin utzi dizkigu, baina horien artean aztertzeko interesgarrienak eta errazenak erlijio arkitekturaren baitakoak dira. Erlijio arkitekturaren baitan, gainera, hainbat eta hainbat estilo aurki ditzakegu estiloaren hasieratik. Horien guztien artean, ospetsuenak areto elizak edo hallenkirche izenekoak dira -horietako bi besterik ez daude Araban: Gasteizko San Bizentekoa eta Añanako eliza hondatua-; halere, nitxo moduko kaperez osatutako nabe zabaleko elizak ere garrantzi handikoak dira. Horiez gain, gurutze formakoak ere nabarmentzekoak dira -Bizkaian ez dago horrelakorik, eta hori nahiko bitxia da-, baita nabe bakarrekoak ere. Bestalde, beste zenbait bitxitasun ere azpimarratzea merezi du: Eibarko areto eliza (gurutzadura du) eta Bergarako San Pedro eliza. Azken horretan, burualde handi bat konbinatzen da eta, bertan, sistema zentratu bat hauteman dezakegu, altuera bereko hiru nabez osatuta.

Ez dut luzatu nahi zutabe elizen jatorria aztertzen, ezta horien abantailak azaltzen ere, aski ezagunak baitira. Halere, bada azpimarratu nahi dudan gauza bat: zutabe elizez ari garenean, euskal gotikoaren kontzeptua ez dela egokia, hain zuzen. Kontzeptu hori Lamperezek erabili zuen eraikin mota horiek Euskadin ezarri zirela azaltzean. Halere, kontzeptu hori okerra da, eraikinen banaketa ez baita inolaz ere berdina. Horrez gain, Nafarroan mota horretako bi eliza besterik ez daude, eta Bizkaian, Gipuzkoan eta Errioxan, berriz, hamabi baino gehiago.

Zutabe elizen hedapena eta ospea ez zen Euskadin hasi; dokumentazioaren arabera, euskal lurraldeetako areto eliza zaharrenak Gaztelako (Gaztela Mantxa eta Gaztela eta Leon) eliza batzuk baino geroago eraiki ziren: Torquemadakoa (1490), Lillokoa (1490), Medina del Campokoa (1503), Nava del Reykoa (1500), Mota del Cuervokoa (1507). Eta Aragoiko zenbait eliza ere aurrekoak dira: Barbastroko katedrala (1500), Zaragozako Katedrala (1491), etab. Zutabe elizek ez dute talde berdintsua osatzen: aitzitik, batasunaren ordez aniztasuna da nagusi. Halere, egia da areto eliza horien eraikuntza lan gehienen atzean hargin euskaldunak edo bizkaitarrak (menditarrak) egon zirela, horiek izan baitziren eliza mota horren hedatzaileak. Hori dute batasun elementu bakarra.

Geografian elizen banaketa oso desberdina bada ere, areto eliza ugari garai hartako hiri nagusien inguruan daude: Zaragoza, Burgos, Palentzia eta Toledo. Euskadin, eliza mota horiek herrietan bakarrik daude, eta Errioxan, berriz, nonahi.

Gai hau amaitzeko, interesgarria iruditzen zait beste ideia bat azpimarratzea, ereduaren iraupenarekin zerikusi handia baitu, inkontzienteki bada ere: XIX. mendean, hallenkirche motako elizak eraikitzen jarraitzen zuten Bizkaian. Zutoinen gainean "teilapez" edo "oholez" estalitako Errenazimentu garaiko eraikinak -horma perimetralak zituztenak- zutabe areto bihurtzen zituzten. Rigoitiakoa da adibideetan onena, baina Arrazuakoa, Foruakoa eta Amorotokoa ere aipatzekoak dira. Mimetismoa ikaragarria da, eta, elementuak bereizi ahal izateko, onena gangei begiratzea da, kasu honetan beti formula trenkaturen bat erabiltzen baitute. Domingo de Echaburu durangoarrak Alejo Miranda akademiko ospetsuaren esanetara egin zuen lan, eta oso iaioa zen aipatzen ditudan nahasketa jolas horiek egiten.

Simon Garciak "nitxo" formako alboko kaperaz osatutako nabe zabaleko elizen defentsa egin zuen. Nik neuk ildo horretan idatzitako testu bat berriz argitaratzeko aukera izan nuen: Sancho de Legarra euskal harginak san Clementen (Mantxan) 1554an defendatutakoa, hain zuzen.

Eredu horrek dituen abantaila guztietatik, eta zutabeerdien edertasunaz gain -kontrahormek barrualdera bideratuak-, hau azpimarratu nahi dut: funtzionaltasuna; izan ere, horma bularrek alboko igarotzea errazten dute. Horrez gain, menos costa delako kontzeptua ere aipatu behar da. Erredaktoreek ez zuten hori inoiz ahazten eraikuntza lanaren baldintzak idaztean.

Euskadin, Errioxan eta Nafarroan ezagutzen ditudanak kontuan hartuta -asko daude, areto elizen aldean-, eliza mota hori da egokiena biztanleria kopuru ertaina duten herrientzat (Amurrio, Berriatua, Ermua, Beizama, Ispaster, Hernani, Amezketa, Ataun, Legutiano, Araia, Lapuebla de Labarca). Halere, Logroño hirian ere mota horretako eliza bat aurkitzen dugu, Santiagokoa, eta sekulakoa eta benetan bikaina da, gainera.

Gainerako eliza motak ez dira hain interesgarriak; halere, gurutze formakoak ez dira baztertu behar. Izan ere, eliza mota horiek osagai sinbolikoak edukitzeaz gain, funtzionalak ere baziren, hilobi partikularrak sartzen baitziren bertan. Gainera, benetan eredu bikainak aurkitzen ditugu gurutze formako elizen artean (Aian, Lesakan), baita apalagoak diren beste batzuk ere (Samaniegokoa). Amorebietako eliza nabe bakarrekoa eta bikaina da. Gurutzaduraren ordez, atrofiatutako kapera sistema bat du lehenengo zatian eta, ondoren, kapera horiek gurutzadura itxura hartzen dute. Beraz, ikusi dugunez, badira hainbat formula eta barietate, baina ez dut gai horretan gehiago luzatu nahi.

Ez dakit beste une batean aipatzeko aukerarik izango dudan, beraz, Amorebietako elizaren kasua orain aipatuko dut, badaezpada: "portada-erretaula" direlakoen bi portada ditu eliza horrek, eta hori oso bitxia da Bizkaian. Burgosen eta Palentzian, berriz, aspaldikoak dira horrelako eliza motak (Colonia familia). Eliza horiek 1556. urte inguruan diseinatu ziren eta, antza, Domingo de Iturreta hargin polemikoa hango edo Errioxako inspiratu zen. Halere, 1583an eraikuntza lanetatik kanpo utzi zuten, jarrera ganoragabea izateagatik. Manierismoaren lehenengo fase horretan, ohikoena portadak garaipen arku formakoak egitea zen, arkua arkitrabearekin konbinatuz, eta zutabeak markoztatzeko erabiliz: esaterako, Gordexolan, Gasteizko Santa Cruz komentuan, Bilboko San Anton elizan eta Begoñako basilikan. Azken horrek Hontañon arkitektoaren kutsu handia du.

Giorgio Vasari asaldatu egingo litzateke Ibarrangeluko San Andres elizako egoera "doilorrak" ikusiko balitu (Bizkaia, 1559). Izan ere, eliza hori itxurazko egur ganga batez estali zuten horma perimetraletara itsatsitako zutoin batzuen gainean. Eliza horretan areto handi bakarra dago, eta ganga ligneak izar forma du, kopadura bidez; ganga hori Brujasko kontzejuko ganga ospetsua baino zabalagoa da. Kasu hori euskal arkitekturak batzuetan agertzen duen klasizismoaren aurkako jarreraren adierazle argia da.

Aurkako beste jarrera bat proportzioaren kontzeptuarekin lotuta dago; Errenazimentuan hain garrantzitsua den kontzeptu horrekin, hain zuzen. Errenazimentuko elizetan luzetarako tentsioa bilatzen da, eta proportzioak nahiko araupetuta daude (1/2 edo 1/3). Areto eliza ugaritan, ordea, gutxi gorabeherako laukia erabiltzen da; esaterako, Bergarako San Pedro elizan, Idiazabalen, Trutziozen eta Seguran. Gotiko garaian ere horrelakorik gertatzen zen, eta jarrera hori XVI. mende bukaeran zuzendu zuten; izan ere, garai hartan onartu zen azkenean proportzioen gaia (Tolosan, Aulestian, Zumarragan). Bestalde, Elorrioko elizako zutabeak 18, 81 metrokoak dira eta gangak 26, 04 metroko altueran daude. Beraz, eliza horretan, tentsio bertikala zabalerarekin orekatuta dago.

Beste jarrera antiklasiko edo heterodoxo bat kapitelekin lotuta dago; izan ere, batzuetan (Galdakaon, Gasteizko San Bizenten, Arteagan eta Xemeinen) kapitelik ez da erabiltzen, eta nerbioak zuzenean lotzen dira fustearekin. Beste kasu batzuetan, berriz (Elorrion edo Eibarren), kapitelak akanto koroak dira, eta bertatik giza irudiak ateratzen dira. Kasu horiek mende erdialdekoak dira. Beraz, espazioa asimilatzeko eta Errenazimentuko hizkuntzaren sintaxia ulertzeko heterodoxia ez da kontzeptu abstraktua Euskadin.

Akats sintaktikoekin edo akatsik gabe, errezeloekin edo errezelorik gabe, Errenazimentuko hizkuntza 1540. urte inguruan onartu zen erabat, ganga gotikoak izan ezik. Eman dezakedan frogarik onena hau da: Erdi Aroko estilotik Errenazimenturako birplanteamenduak ugariak dira. Eraikin monumental horietako lauren biografia ezagutzen dut (Gueñeskoa, Truziozkoa, Elorriokoa eta Gernikakoa), eta horietan guztietan historia berbera da: hasiera batean, hiru nabe mailakatu egiteko asmoa zuten, baina, estilo berriaren eraginez, zutabeen formula modernoari jarraitzea erabaki zuten; hau da, altuera berbereko nabeez osatutako espazio bakarra egitea. Gueñesko elizaren eraikuntza data nahiko zehatza da: 1541. urtea. Kasu horretan, Juan de Rasinesen gomendioei jarraitu zieten. Gainera, Rasines bera izan zen eraikuntza lanen buru. Dirudienez, Salamancako txostenaren ondorengo urteak funtsezkoak izan ziren, orduan onartu baitzituzten eliztarrek hargin berritzaileenen proposamenak.

Arkitektura zibilak ere modaren bilakaeraren eragina izan zuen. Etxebizitzen eraikuntzaren kasuan, formula jakin bat ezartzen zenean, horren arabera egindako etxe edo jauregi motak iraunkorragoak izaten ziren eta aukera gutxiago zeuden arlo horretan tipologia berriak sortzeko. Horrez gain, mota horretako eraikin kopuru gutxiago egiten zen; halere, esan beharra dago hainbat eta hainbat eraikin gaur egun desagertu ere egin direla. Aurretik esan dugunez, baserriak Erdi Aroan egiten ziren dagoeneko, XV. mendean. XVI. mendeko bigarren herenean egin zituzten guztietan oso aldaketa gutxi sartu ziren; hau da, XVI. mendeko erdialdeko urte haietan sortzen hasi ziren ideia berriak ez ziren ia islatu ere egin baserrien eraikuntzan. Izan ere, ordura arteko teilatu mota -bolumen bakarrekoa, bi isurialdez osatua- erabilgarria zen oraindik baserritarrentzat, ogia egiteko labea izan ezik. Baserri horien ezaugarri bereizgarriena ate dintelduak edo arku formako ateak ziren. Eraikin horietan, alor ekonomikoarekin lotutako guneek zuten garrantzirik handiena; hau da, ukuiluek eta lastategiek. Bizitzeko guneei, ordea, ez zieten hainbesterainoko garrantzirik ematen, eta aurrealdean jartzen zituzten. Halere, mende horretako baserrietan leiho handiagoak jartzen hasi ziren, eta ezaugarri berri horrek agerian uzten du baserritarren artean ere erosotasunaren eta bizigarritasunaren ideiak sartzen hasiak zirela. Xemeingo Ubilla eta Meabe baserriak aipatu nahi ditut, baita Mungiako Landetxo baserria ere, besteak beste. Baserri horiek guztiak XVI. mende hasierakoak dira eta Berant Erdi Aroko eta Isabel erreginaren garaiko osagai ugari barne hartzen dituzte (bao lerronahasi aberatsak, bolak¿) oraindik ere. Geroago fase manieristan egindako baserrietan (esaterako, Berriatuko Lekoia baserria), berriz, ez da aparteko aldaketarik ageri; desberdintasun bakarra, agian, leihoetan apaingarri gutxiago erabiltzen zituztela izan daiteke.

Ordura arte, Errenazimentuko baserrien eraikuntzan egurra erabiltzen zuten gehien bat, bai egituraren euskarriak egiteko (zutoinak), bai itxiturak egiteko (aurrealdeko "geletan" eta abar). Izan ere, garai hartako baserri batzuk egur hutsez eginda daude. Horiek aztertzeko eta ulertzeko eragozpenik handiena hau da: ez dute joera zehatzik adierazten eta, ondorioz, oso zaila da horietan estilo arautuei antzematea.

Gauza berbera gertatzen da jauregien kasuan ere, garai manieristan egindakoak gotiko garaian egindakoen antzekoak baitira; izan ere, Berant Erdi Aroko jauregietan hanpatutako proposamena gauzatu egiten zen dagoeneko (esaterako, Karlos I. aren jauregian, Hondarribian). Aldaketak prestazioetan igartzen dira, erosotasunean, eskaileren enfasian, etab. Garai hartako jauregi gehienak XVI. mende erdian egin ziren, bai hirietan, bai landa guneetan -hau da, mendi erdian eraiki ziren-. Kantauri aldeko Euskadiko jauregiak trinkoak dira -atlantikoak-. Arabako eta, batez ere, Gasteizko jauregiek, berriz, patioa dute -meditarraneoak dira-. Bi kasuetan leiho zabalagoak egiten hasi ziren, baita, Andaluzia edo Extremadura aldean bezala, ertzetako leihoak ere: esaterako, Bergaran, Agurainen eta Ordizian. Horrez gain, loggiak ere egiten hasi ziren goiko solairuetan eta, behean, berriz, portiko zabalak: esaterako, Ermuan (Lovianoko jauregia), Elorrion (Arabioko jauregia), Amurrion (Urrutia jauregia). Dorretxe zaharrak ere zaharberritu egin zituzten kasu batzuetan, eraikin erosoagoak itsatsiz edo, Errenazimentu estiloko galerien bidez solairu irekiak sortuz: esaterako, Oxirondo jauregia (Gordexolan) edo Muntxaraz jauregia (Abadiñon). Zaharberritu gabe geratu ziren eraikin batzuetan, nostalgia militarraren kutsua ageri da, ontzitxo markoztatu batzuen bidez (Urrutiako jauregia, Amurrion). Gauza bera gertatzen zen aurreko garaietan ere, Azpeitiko Enparan jauregian edo Zestoako Lili jauregian. Burgosen (El Rivero de Montija), Errioxan (Briones, Haro), Benaventen eta beste edozein lekutan ere horrelako ezaugarriak aurkitzen ditugu.

Atlantiko aldeko Euskadin patiodun jauregi gutxiago egin ziren, lurralde horretako hezetasuna zela eta. Gasteizko ia jauregi guztietan, ordea, patioa aurki dezakegu -ezaugarri bitxia da hori, Mesetakoa eta mediterraneo ingurukoa, batez ere-: Aguirre, Escoriaza-Esquivel eta Ruiz de Vergara, besteak beste. Horien guztien artean, aurrerago ikusiko dugunez, Escoriaza-Esquivel jauregia da eraikin nabarmenena. Kantauri aldean, berriz, Bilboko Arana jauregiak du patioa; badaude beste batzuk Gipuzkoan, baina oso gutxi dira

Arabako Errioxan, mahastiz inguratutako herrietan, nekazari dirudunek etxe burgesak eraiki zituzten, baita olagizonek eta industrialariek ere Kantauri aldeko guneetan -mailuek sutegietako ingudeen gainean jotzen zuten lekuetan-: Lezan, Biasterin, Eltziegon, Oionen eta Durangon, Bergaran, Elorrion, Arrasaten eta abar, hurrenez hurren. Halere, oso etxe gutxi nabarmentzen dira.

Gehiegizkoa iruditzen zait idazki honetan XVI. mende erdiko Errenazimentuko arkitekturaren lorpenak azaltzea, ez oso-osorik, ez partzialki. Beraz, eredu nabarmen batzuei buruzko zenbait iruzkin, arrazonamendu edo balorazio proposatzen dut, garai hartako gertakizunik garrantzitsuenak azpimarratuz.

Lehenengoa Oñatiko Unibertsitatea da, hori baita eraikinetan interesgarriena, hainbat arrazoirengatik. Lehenik, unicum a izan zelako euskal Errenazimentuko arkitekturan, nahiz eta hezkuntza zentroen artean erdiko maila gainditzen -agian, ez zituen Gaztelako edo Andaluziako ikastetxe nagusi garrantzitsuenak ere gainditzen-. Bigarrenik, sustapen pribatuaren eredu bitxia delako, lurralde hauetan ez baitzen ia horrelakorik egiten. Eta, azkenik, Oñatitik sartu zirelako Gipuzkoan -ez Araban, ez Bizkaian- nazioarteko manierismoaren ideiak eta formak.

Jakina denez, Avilako itzal handiko Rodrigo Mercado de Zuazola gotzainari Oñatiko parrokian hilobi kapera bat eraikitzeko baimena eman zioten. Lehentxeago, ordea, baimen hori ezeztatu egin zioten Lopez de Lazarraga erregina Katolikoaren idazkari ohiari. Mercado gotzainak kapera hori eraiki zuen, baita parrokiako klaustroa egiteko dirua eman ere: azkenean, 1540tik aurrera eta fundazio lanekin amaitzeko, unibertsitate bat eraiki zuen bailarako biztanleentzat .

Herritik kanpo, haren hilobia izango zen tenpluaren aurrean, eraikin bat egin zuten, garaiko hezkuntza zentroen ezaugarri guztiekin: eraikina nahiko handia, bi pisukoa, klaustroa erdian duela. Gelak klaustroaren inguruan egin ziren, eta eskailera bikaina egin zuten; ate ondoan, berriz, kapera bat, eta eraikinaren aurrealde nagusian, portada. Hori guztia egiteko, aurrekontu txikia izan zuten. Ondorioz, bost urteren buruan, hormak eginda zeudenean, Pierres Picart eskultoreari eraikinaren itxura lotsagarria hobetzeko eskatu zioten: horretarako, tailatzeko lau pilastroi jarri zituen, horiek ematen baitiote emaitza estetikorik onena kanpoaldeari. Pilastroi horietan, gainera, pasarte mitologikoak irudikatu zituen, jendeak horiek irakur eta interpreta zitzan. Eskultoreak Valladoliden jaso zuen lan horren berri, eta hiri horretako Santa Cruz eskolako pilastroiak Oñatikoen antzekoak dira.

Patioa, oso ederra eta proportzionatua, Zenarruzako klaustroa baino harmonikoagoa da. Horrez gain, zizelkatutako medailoi batzuk aberasten dute eta eraikinaren gunerik nabarmengarrienetakoa da, eskailerarekin batera: azken hori egurrezko sabai mudejar aberats batek estaltzen du. Portadak lau maila ditu: sarrerakoa, gotzainarentzako horma hobia -otoitz egiten irudikatuta dago; antza, bere burua asko estimatzen zuen gotzainak-, Karlos I. aren ezkutua eta Betiko Aitaren irudia duen kanpai horma. Hori guztia San Migel parrokiako Errukiaren kaperan urte batzuk lehenago egindako mausoleoaren antzekoa da. Azken horren egilea Diego de Siloe izan zen eta, dirudienez, Mercado de Zuazolak Granadan ezagutu zuen, bertako Kantzelaritzako buru zenean. Datuak elkarren artean lotzen baditugu, Unibertsitatearen egilea ere Errenazimentuaren arrano hura izan zela ondoriozta dezakegu. Hala izan ez bazen ere, agerikoa da Unibertsitateko egileak aipatutako mausoleoa kontuan hartu zuela.

Badakigu Unibertsitatea eraikitzeko lanak Domingo de Guerra maisu hargin gipuzkoarrak zuzendu zituela. Maisu horrek beste lan aparta batzuk ere egin zituen Samaniegoko elizan eta Arabako Errioxan; aitzitik, badirudi hori ez zela nahikoa izan. Tasatzaileak ere ezagutzen ditugu, eta lehen mailako profesionalak izan zirela ziurta dezakegu, gainera: Juan de Lizarazu gipuzkoarra eta Juan Ochoa de Arranotegui bizkaitarra. Tasatze lana 1558an egin zen eta eraikin garrantzitsua tasatu zuten, gaztelau leinukoa, egurrez estalitako eskaileraduna eta mudejar estiloaren arabera egina.

Berebiziko aldi honetako zutabe elizen artean, bada azpimarratu nahi dudan bat: Soreasuko San Sebastian eliza, Azpeitian. Eliza bikain hori hargin fin batek trazatu zuen 1563. urtean: Martin de Armendiak, hain zuzen. Hargin horren lan eremua nahiko txikia zen. Nork bere gaitasunak parekoen gaitasunekin neurtu behar ditu, eta ez handiagoak direnekin (Granada, Jaen, Ubeda eta Siloe eta Vandelvira, esaterako). Armendiak Azpeitian eliza itzela egin zuelako diot hori, eta ia atzerapen kronologikorik gabe gainera, Calahorrako eta Iruñako elizbarruti zaharretan egiten ari zirenarekiko. Izan ere, eliza hori angelu zuzenean gurutzatutako nerbioz sendotutako kupula trenkatuek estaltzen dute eta horrek kasetoi hutsen sare sendo baten itxura ematen dio. Hori guztia toskanar zutabe batzuen gainean dago, obez osatutako lepoko txikiz apainduta. Emaitza oso harmonikoa da. Harginek kasetoidurak deitzen zieten zutabe horiei eta Arrazola Amak esaten duenez, Camon Aznarri asko gustatu zitzaizkion. Beraz, Portugalgo Thomarkoekin konparatu zituen zutabeak, baita Pedro de Legorreta hargin gipuzkoarrarekin ere, inguru hartan lan egin baitzuen.

Berrikuntzaren aldeko apustu horren aurkakoak dira Eibarko eta Elorrioko elizetako gangak; izan ere, izar formako ganga horiek oso modu dinamikoan eta apetatsuan daude gurutzatuta, eta luzatu eta uzkurtu egiten dira. Ganga gotikoaren gehiegizko barrokizazioa dela esan dezakegu. Nire ustez, ganga horiek bertako harginek beren gaitasun teknikoak agerian uzteko grina adierazten dute. Herediako gangaren atalek hogeita hiru klabe dituzte, eta Elorrioko gangaren atalen irazkiak, berriz, hogeita zazpi eta hogeita hiru; Angiozarko ganga ligneoak, hogeita hamaika; eta, azkenik, Gasteizko Santa Cruz komentuko elizako gangaren zati batek, hogeita bost klabe.

Lehen erronka teknikoez aritu naiz; orain, berriz, adierazi nahi dudana ezin hobeto irudikatzen duen erronka tekniko baten berri eman nahi dut. Gertakizun hau 1632. urtean jazo zen, hargin onak eman dituen herri batean: Elorrion. Parrokiako koruko arku beheratu itzelaren zinbria kentzen ari zirenean, maisu harginak horren trinkotasunari buruzko apustua egin zuen. Horretarako, geldi-geldirik geratu zen klabearen azpian, egitura kentzen zuten bitartean. Herritar guztiek lasaitu ederra hartu zuten korua erori ez zela ikustean. Dirudienez, eraikuntza lanek herritarren interesa pizten zuten. Harginak Rafael de Garaizabal zuen izena. Nolako antzinekoak, halako gibelekoak!

Kopatutako izar formako lehenengo ganga malgua XV. mende bukaeran egin zen Espainian, 1495. urtean, Palentziako katedralean. Egilea Simon de Colonia izan zen. Orduz geroztik, ganga mota hori bilakatu egin da, eta euskal maisu harginek beren trebetasunak erakusteko interes handia agertu zuten XVI. mendearen erdialdean; horretarako, geroz eta forma eta irazki konplexuagoak egiten hasi ziren. Beraz, susmoa dut kopatutako izar formako gangen iraupenak eta horien etengabeko errepikapenak zerikusi handia duela euskal harginen harrotasun profesionalarekin, horrela, lanbidearen sekretu zaharrak menderatzen zituztela erakusten baitzuten.

Juan de Urrutiaren Santo Cristoren kapera ere aipatu nahi dut -Balmasedako San Severinon dago-. Garai hartan Enkarterriak Burgosko elizbarrutiaren baitan zeuden. 1541. urtea baino lehenago, Juan de Rasinesek Balmasedan hilobi motako kapera oktogonal bat egitea proposatu zuen, Burgosoko estiloari jarraituz, berriz ere. Kapera horretan lauki formako oinarritik gangaren oktogonora nola igarotzen den ikus dezakegu, tronpa ikusgarrien bidez (halere, ganga zulatuaren litsez betetako trazeria da gehien balioesten dena). Burgos eta Burgosko osagaiak beti agertzen dira Bizkaiko eremu horretan, baita Bilbo inguruan (horma hobien Siloen estiloko kartilago itxurako apaingarriak, San Anton eta Encarnacion elizetako portadetan), Gasteizen eta Gipuzkoan ere. Halere, horien guztien artean, Urrutiako kapera azpimarratu nahi dut, Burgosekiko lotura zuzen-zuzena duelako.

Domingo de Guerraz lehen ere hitz egin dut, baina berriz ere aipatzera noa, hark Arabako Errioxan egindako Samaniegoko elizaren edertasuna goratzeko. Eraikin hori gurutze formakoa da, eta zutabeak, berriz, artekatuak eta harmoniaz betetako erritmodunak. Horiek eta ohol konposatuek ez digute Burgosko kutsurik adierazten, Andaluziako kutsua baizik; Granadako, Guadixko eta Jaengo katedralen kutsua, hain zuzen. Horrek guztiak indartu egiten du aniztasunari buruz esandakoa indartu egiten du, eta ez tipologia aldetik bakarrik, baita kutsu aldetik ere. Beste argudiorik ezean, horiek maisu garrantzitsuen etengabeko joan-etorriekin izan dezakete zerikusia. Halere, Samaniegokoa salbuespena, gainerako eraikinetan Gaztelako kutsua baita nagusi.

Euskadiko hegoaldeko lurralde aberats horietako erdi mailako elizetan edo baseliza xumeetan, maisu harginek oso emaitza ederrak lortu zituzten. Horren adibide nabarmena Eltziegoko parrokia da; nabe bakarreko tenplu horretan, horma hobiz osatutako kaperak daude, eta absidearen gainean ganga abeneratua ikus dezakegu. Ganga hori absidearen parametro guztian zehar hedatzen da, friso baten bidez -erretaulak ezkutatu egiten du-; ondorioz, oso emaitza ederra eta miresgarria da. Gainera, aurrealde aparta du, albo banatan dorreduna. Dorreak arku handi batek elkartzen ditu eta portiko bikaina osatzen dute behean, eta goian, berriz, efektu handiko konjuratze loggia, efektu handikoa. Hamabost edo hogei urte geroago, eredu horren erreplika xume bat egin zen ondoko Lapuebla de Labarcan. Juan de Astiasu enpresaburu eta hargin eraginkorrak Eltziegon ziharduen lanean 1551tik aurrera. Eltziegoko eliza horretako aurrealdean Markinako Domingo de Emasabel hargina ere irudikatuta dago.

Eman dudan tenpluen zerrenda labur eta hautakor hau hiru komentu aipatuz amaituko dut, bakoitza probintziako hiriburu batekoa. Hiru komentuak domingotarrenak dira eta, ziur asko, trazalari berak egin zituen: Frai Martin de Santiagok, hain zuzen. Gasteizkoa desagertu egin da dagoeneko, baina ez Bilbokoa (Encarnacion) eta Donostiakoa (San Telmo, 1541ekoa, gaur egun museotzat erabiltzen dena). Azken horretan, klaustroa oso nabarmena da, benetan bikaina baita. Bilbokoan, berriz, aurrealdea da azpimarragarriena; izan ere, aurrealde hori Salamancako San Esteban elizakoaren eskalazko kopia da. Komentu horietako elizak egun Errege-Erregina Katolikoen a deitutako eredu sustraituaren arabera egindakoak dira, baina Bilbokoak ezaugarri horiek galdu zituen, bertan egindako lan tamalgarrien ondorioz -espero dut egoera hori behin betikoa ez izatea-; izan ere, lan horiek beheko kaperen horma zatikatzaileak apurtu zituzten.

Nazioarteko estilo manieristaren araberako euskal jauregien artean, ezin dugu ahaztu Ermuko Loviano jauregiaren egoera tamalgarria; horrez gain, merezi du dagoeneko hainbat aldiz aipatutako Gasteizko Escoriaza-Esquivel jauregia (1540an eraikia) berriz ere gogora ekartzea. Kanpotik oso soila da, baina, halere, portada oso fina du, Gaztelako kutsuaren arabera egindakoa. Gainera, portada mezu humanistaz josita dago. Jauregi horren barrualdean, berriz, benetako altxor bat gordetzen da: duela gutxi berreskuratutako bi pisuko patio arkuduna, hain zuzen. Patio horren angeluetan, Italiako eta Burgosko kutsua duten taila alegorikoak ikus ditzakegu. Eskaileretako tailetan, berriz, Gaztelako kutsua hauteman dezakegu. Halere, taila horietan ez dugu Juan de Vallejoren ohiko ezaugarri bat aurkitzen: hau da, uztai artean zintzilikatuko zapatak eta oihalak.

Dena dela ere, etxebizitzei buruzko atal honetan, elementu zehatzen ordez jauregiz eta kapare etxez betetako hiri multzoak aipatzea litzateke bidezkoena, horiek baitira giroa eta kutsua ematen dutenak; esaterako, Elorrio, Gasteiz, Agurain, Biasteri eta Bergara (batez ere, azken hori). Izan ere, Bergaran hainbat motatako eta ezaugarritako eraikinak daude: batzuk isolatuta, beste batzuk kaleetan lerrokatuta. Batzuetan militar kutsua da nagusi eta beste batzuetan, berriz, etxebizitza kutsua. Hain zuzen, eraikin ugari daude, baina halere, herri bakar bateko eraikin guztiak batuta ere, ezin dezakegu esan inguruan hiri errenazentista bat ere daukagunik.

Manierismo erromanista

Dokumentazioan acabar en perfección adierazpena irakurtzen dugunean, ez dugu osagarrietan pentsatu behar (tailak edo moldurak), larriagoa den zerbaiten baizik: esaterako, eraikina amaitzea eta gangak iraultzea.

Izan ere, artelan garrantzitsuenen eraikuntza lanak amaigabeak dira, eta, sarritan, mende bat irauten dute. Hori dela eta oso zaila da hainbat elizaren eraikuntza ibilbideak biltzea. Nik neuk ez dut lan askorik behar duela urte batzuk Gueñesko Andre Maria elizaren historia korapilotsuari buruz argitaratu nuena gogoratzeko. Ezinbestekoa da eraikinari galdetzea eta dokumentazioari begiratzea eta, halere, emaitzak ez dira inoiz seguruak. Dena dela ere, harrigarria da ibilbide luzeko elementu askoren estilo batasuna. Gotikoaren eta Errenazimentuaren arteko loturak ez dira irakurtzeko zailak; bai, ordea, hurrengo faseen arteko loturak irakurtzea, geldialdiak eta arduradunen aldaketak gertatu badira ere. Teorian, artelan baten trazak gordetzen direnean eta horiek arduradun guztien esku garatzen direnean, artelan horren batasun artistikoak bermatuta egon beharko luke. Kasu horien berri ugari izan dut, baina beste kasu batzuetan, ordea, trazak galdu edo diseinuak zuzendu egin dira, baita traza berriak egin ere. Bestalde, badut trazarik gabe egin diren artelan batzuen berri ere.

Datu harrigarri hau nabarmendu nahi nuke: Oñatiko Unibertsitateko bi tasatzaileek lanaren azterketa itsu-itsuan egin zutela esan zuten, aurrean trazarik izan gabe. Antza, zirriborro zarpail batez baliatu ziren unibertsitate hori egiteko.

Alde horretatik, XVI. mendeko hirugarren hereneko arkitekturaren azterketak arazo metodologiko ugari dakartza berekin, aurretik hasitako eraikinak gainjartzen baitziren; hau da, nazioarteko manierismo garaiko eraikinak eta planta berriko beste eraikinak -garai horri manierismo erromanista deitzen diot nik, eskulturaren erritmora egokitzeko; beste batzuek, berriz, klasizismoa deitzen diote-. Lan ugari egin zen mende horretan zehar, oraindik ez baitzen nabaritzen mende bukaeran etortzear zegoen krisi ekonomikoaren eraginik (krisi horrek porrot ikaragarriak ekarri zituen berekin). Halere, ez dugu gauza bat ahaztu behar: garai hartan, lan asko zegoen dagoeneko harrobi asko zeudelako, eta ez hainbeste harrobi berriak ireki zirelako. Dena dela ere, ezin diogu geure buruari iruzurrik egin: mende horretan egindako lan gehiena elizetako atal osagarriekin zegoen lotuta (sakristiak eta dorreak), baita kapera partikularrekin. Horrez gain, jauregi eta baserri batzuk ere egin ziren, baina ez gehiegi.

Garaiak berriak ziren, eta harginak ere bai. Izan ere, XVI. mende bukaeran hasi ziren Euskadin (Araban eta Enkarterrin, batez ere) maisu hargin menditarrak nagusitzen: esaterako, Velez de Huerta, Ribas, Ponton eta Cuesta. Horiek hainbatekin aritu ziren lanean, eta lehian ere bai; besteak beste, hauekin: Garitarekin, Ortuñorekin, Sebastian de Zarragarekin, Ibargüenekin, Olaterekin, Elorriagarekin, Garaizabalekin, Homarrrekin eta Juan Emasabelekin.

Manierismo berri horren berritasunak nahiko nabarmenak dira batzuetan, eragina baitute egituran (zutabe klasikoak, pilareak eta pilastrak) eta gangetan (trenkatuak, kainoi formakoak, etab. ) baitute eragina, baita apaingarrietan ere (kateak eta enkoadraketa geometrikoak, bereziki, eta txirlen desagerpen azkarrak). Horrekin batera, ikonografia berria erabiltzen hasi ziren (Bertuteak eta telamonak), baita beste zenbait alderdi berri ere (triangelu formako frontoiak, frontoi borobilak, moldura arinez edo lauez inguratutako baoak, etab. ). Oro har, estilo berri horrek formula lehorrak erabiltzen zituen. Ni, behintzat, ez naiz gai Euskadin aurreko tipologiak eta mende horretako tipologiak bereizteko, ez erlijio arkitekturaren arloan, ez zibilean edo etxebizitzen arloan; ez, behintzat, XVII. mendera arte. Desberdintasunei antzemateko, elizetako gangetan jarri beharko nuke arreta -gogoan izan gurutzadura gangak nahiago zituztela-, eta horien konplexutasuna aztertu.

Erlijio arkitekturan, euskarri nagusiak zutabeak ziren oraindik, baina baketa handien lastarik gabeak: garai hartako zutabeak soilak eta ordena doriko-erromatarren araberakoak ziren. Batzuetan, oben koroak zizelkatzen zituzten molduretan: esaterako, Zumarragan eta Urretxun (azken hori egurrez egina). Mendeak aurrera egin ahala, Trentoko erromanismoaren ohiko toskanar pilastra leunak agertu ziren, bai hormetan itsatsita, bai kapera nagusiaren ahokaduretan itsatsita: esaterako, Idiazabalen eta Tolosan. Halere, oraindik ez zen egiten zerrenda lauen formako kapiteldun gurutze formako pilarerik. Izan ere, pilare mota hori XVII. mendean heldu zen hona.

 Erromatar eran egindako estaldurei buruz idatzi dira agiri gehienak, interes berezia baitute. Lehen agertutako sistema txirlena edo txirla formako tronpena izan zen. Sistema hori aurreko fasean ere lantzen zen; Eltziegon, esaterako. Oraingoan, berriz, Biasterin, Lermandan, Zornotzan, Mendiolan, Dulantzin, Arabako Ihurreko bataio kaperan eta nonahi aurki dezakegu. Sistema hori maisu bizkaitarrek eta menditarrek egin zuten eta oso emaitza ederrak lortzen zituzten, gainera.

Formula hori nahiko berandu zabaldu zen hemen, eredu gehienak 1570eko hamarkadakoak baitira. Halere, desfasea ez da hain nabarmena, aurretik esan bezala, geure parekoekin konparatzen badugu.

Txirla formako apaingarriak desagertzen hasi ziren -erretauletatik desagertu egin ziren dagoeneko- eta, gehienetan, absideetan edo gurutzaduren besoetan ageri ziren. Horiekin batera, aldi batean, agirietan eta maisuen ahotan kasetoidura izenez ezagutzen direnak ere erabili ziren -Azpeitikoak deskribatu ditugu-. Siloek lehenago Granadako katedraleko beheko kaperetan eta San Jeronimo elizan egin zuen bezala, txirla formako apaingarriak, salbuespenak salbuespen, garrantzi gutxiko lekuetan erabiltzen ziren: portaletan, sakristiara heltzeko bidean, nitxo kaperetan; kasetoidun kanoi forman erabiltzen zituzten beti. Azpeitian ez ezik, beste zenbait lekutan ere ikusi ditut: Deban, Azkoitian, Seguran, Agurainen, Ermuan, etab; baita beste nabe nagusi batzuetan ere: Laurgainen, Orion, Ereñon, Bolibarren, Arteagan, etab. Sistema horiek kanoia baino konplexuagoak dira, eta saiakera guztiak berandu samar egin ziren.

Azpeitiko gangak trenkatuak dira, eta gailendutako nerbioek sendotzen dituzte. Horiek Urretxuko San Martin elizako estaldura ligneoaren garai berean trazatu ziren, hain zuzen, Euskadin, Urretxukoa da petxinen gainean egindako lehen ganga eta lehen ertz ganga. Azken hori 1567. urtekoa da gutxi gorabehera. Izan ere, hiru urte geroago, eliza hori egin zuen arotzak, Gabiriako Beisagasti maisuak, tasatzeko eman zion Urretxuko Juan de Lizarazu tasatzaile aberatsari. Lizarazuk Burgosen ikasi zuen, Juan de Vallejo maisuarekin, eta garai hartan elizbarrutian egiten ziren lanen erritmo berean jardun zuen, kronologikoki batere desbideratu gabe; izan ere, urte horietakoa da Santo Domingo de la Calzadako San Frantzisko komentuko eliza -eskualdeko abangoardiako lehenengo lana-, Andrea Rodi edo Perez de Obieta trazatzaileak egina. Euskadiko ganga ligneoen baitan, Urretxukoa ez da berezia areto elizen artean bakarrik; gainera, eliza hori bakarrik dago horrela estalia, gainerakoetan ohiko gurutzadura gotikoa erabili baitzen. Abangoardiako ekarpen horrengatik besterik ez bada ere, Juan de Lizarazuk garrantzi nagusia izan beharko luke euskal hargin errenazentisten artean, baita eliza hori egin zuen arotzak ere: Juan de Beisategastik, hain zuzen.

Urretxuko eliza eta Durangorako trazak data bertsuan egin ziren; hau da, 1570. urtean. Azken horiek Eibarko Martin de Urigüen harginak egin zuen. Maisu hori eskarmentu handikoa zen, 1567. urtean Escorialeko erizaindegiko patioa egiten jardun baitzuen. Besteak beste, bide horretatik sartu zen erromanismoa Euskadin; hau da, Gorteko zentroak ezagutzen zituzten bertako maisu prestatuen bidez. Halere, momentuz, horrek ez zuen fruitu handirik eman.

Urigüenek Durangon egindakoaz ez dut gauza askorik esan oraingoz, eraikin horren biografia oso konplikatua delako. Gainera, jakin dudanez, XVII. mende hasieran San Juan de Anitua ere bertan ari zen lanean, bere trazekin. Anitua apaingarririk gabeko barrokoaren interprete nabarmena zen, baita haren biloba San Juan de Urizarzabala ere.

Erromatar erako gangen bidaiara itzuliko gara berriz; oraingoan, XVI. mendeko Arabako eliza multzo bat aztertuko dugu (1575-1585 hamarkadakoak, zehazki). Eliza horietako Galizano Juan Velez de Huerta menditarrak trazatu zituen edo, bestela, Ortuño de Zarraga bizkaitarrak. Kapera partikularrak eta sakristiak kupula edo elipse formako egiturez daude estalia. Estaldura horiek katesoien irazkiek aberasten dituzte, batzuetan nerbio zentrokideekin, beste batzuetan nerbio erradialekin, eta beste batzuetan, biekin. Osagai jakinak baino, interesgarriagoa da multzo guztia nabarmentzea. Eliza horiek guztiak Arabako Lautadan daude: Betoñon, (1575) Larrean, Zurbanon (1583), Guereñan (1589), Oreitian, Mendozako Infanteen kaperan, etab. Halere, badira beste batzuk inguru horretatik kanpo ere: Samaniegoko sakristia, Payetako eliza burua, eta. Guztietan ederrena, Payetakoa da, Arabako Mendialdean: eliza horretako absidea da ederrena eta planoetan -ez hainbeste errealitatean- Ubedako Salvador elizaren burua gogorarazten digu. Tamalez, Arabako eliza hori nahiko ezezaguna da, baina Arabako bizpahiru espezialista horietako baten lana izango da; agian, Zarragarena.

Beste gai bati heldu baino lehen, formula hauetako batzuk formula gotikoekin batera landu izan direla azpimarratu nahi dut, emaitza benetan ederra izaten baita. Horren adibiderik bikainena Biasterko Andre Maria elizarena da. Bururantz zabaltzen da, eta horren nerbioen irazkiak trapezio formako gune irregularrak sortzen ditu; gainera, txirla formako apaingarri bat du absidean, garaipen arkuko formakoa eta luneta txikiduna (horiek ez zuten arrakasta handirik izan Euskadin, garai hartan). Lan eder hori Migel Anjelen ohiko irudiekin aberastuta dago, gainera. Irudi horien gorputzak sendoak dira eta oihal likatsuek estaltzen dituzte. Hori ez da batere harritzekoa, lan hori Iñigo de Zarraga harginak egin zuela kontuan hartuta, eta oso iaioa baitzen.

Beste adibide aparta bat Ermukoa da: kasetoidun kainoiak erabili ziren nitxoetan, eta nabean, berriz, gurutzadura. Arteagan, areto elizaren azken atalean, estalkiak kasetoiak ditu, eta gainerako ataletan, berriz, gurutzadurak. Dagoeneko esan dudanez, emaitza oso ederra da.

Bada eskualdeko erlijio arkitekturaren une zoragarri horren beste adibide bat: Arabako Mendiolako elizaren gangak, Juan Velez de Huertak 1578. urte aldera trazatu zituenak. Horretarako, gurutzadurak, txirla formako egiturak, txirla formako tronpak, lunetak eta tailak konbinatu zituen: fantasia mundu bikaina, benetan.

Bidaia honen azken edo azkenaurreko geltokia kate geometrikoz aberastutako kupulak dira. Horiek lauak dira dagoeneko. Izan ere, hori da manierismo erromanistaren espirituari dagokiona, baita dekoratzeko Serlioren estiloari dagokiona ere. 1590. edo 1595. urteetan hasi ziren egiten, eta, beste kasu batean gertatzen zen bezala, Gaztelatik hurbilen dagoen lurraldean izan zuen eragin handiena; hau da, Arabako Lautadak.

Puntu honetan, interesgarria da zenbait ekimen partikular aipatzea. Ekimen horiek ez dira taldeentzat sustatzen, koruen edo sakristien kasuan izan ezik (azken finean, horiek ez dute arrisku tekniko handirik). Horien artean hauek dira aipagarrienak: Mezkiako kapera (1591), Añuako sakristia (1612), Dulantziko sakristiako kupula, tronpa abeneratuen gainean egina, horren aurrealdea -alegiazko estipiteak eta kariatideak ikus ditzakegu bertan-, Txintxetru (1604) Elburgo eta Zalduendo. Bizkaian, ordea, ez dut horrelakorik ezagutzen. Halere, lurralde horretan badira irudi geometrikoz osatutako kateak zenbait koruren aurrealdean; esaterako, Berrizen, Andikonan, etab.

Halere, eredu onenak Araban aurkitzen ditugu, kaperen eta arkosolioen ahokaduretan: Estarroan, Betoñun, Gasteizko katedral zeharrean, Audikanan, Arinizen, Agurainen eta zenbait portadatan; esaterako, Artziniegako Agustindar Amen komentuan. Bestalde, leiho-zutoihaletan ere badira kateak: Berrizko Lariz jauregian eta Aretxabaletako Otalora jauregian, besteak beste. Azkenik, ateburuetan ere gauza bera gertatzen da -Abadiñoko Dorre jauregian-, baita karteletan edo kontsoletan ere ere; esaterako, Berrizko Berrizbeitia baserrian -gaur egun zaharberritzen ari dira-, Garatikue baserrian, Garay baserrian, etab.

 Berrizbeitia baserria ezkondutako bikote batek finantzatu zuen, beren izena gerora ere gogoratua izan zedin: Esta obra izieron azer Bartolome de Berriz e Maria su muger 1572. Baserri horren kasuak eten bat merezi du; izan ere, baserri horrek agerian uzten du etxebizitza mota horiek ez direla ia aldatu XVI. mende hasieratik, tipologiari dagokionez. Gauza bera gertatzen da Garatikue baserrian (1574. urtekoa); izan ere, horren ataria nekazaritza eta abeltzaintza arkitekturaren bertsio jantzia besterik ez da. Baserri horren jabeak Don Juan eta Don Lope de Garay aita-semeak ziren, eta haiek inskripzio nabarmen batean jarri nahi izan zuten familiaren eta etxearen izena. Inskripzio hori egokia izango litzateke unibertsitate bat sortzeko ere. Horrez gain, landako bi eraikinek, Larizkoarkein eta Abadiñoko Dorrearekin batera -guztiak oso hurbil daude elkarrengandik- beste irakaspen bat ematen digute: Bizkaian, XVI. mendeko azken hereneko urte horietan, kalitate handiko lanak egiten zituzten harria lantzen eta tailatzen -baita idazkunak ere-.

Kate mailaketa geometrikoak jauregietan ere erabiltzen ziren, bertako fusteetan batik bat; horren adibide argiak Bilar herrian (1556. urterako lanak nahiko aurreratuta zeuden, Domingo de Astiasu buru zela; ondoren, Juan de Emasabelek ordezkatu zuen) eta Gasteizko katedral zaharrean daude (Juan de Elorriagak 1577. urtetik aurrera egina, baita Juan de Emasabelek berak ere); kate horiek edonon egin ziren bi hamarkadetan zehar, baina ez eraikinetako funtsezko ataletan, Biasteriko Andre Maria elizan izan ezik.

Gure inguruko desbideratze kronologikoak azaltzeko, 1595. urtea ekarri nahi dut gogora; izan ere, urte horretan Juan de Olatek Santo Domingo de la Calzadako sakristia egiteko trazuak aurkeztu zituen. Bertan ageri dira: kate lauak, ez gailenduak -hau da, plakak bere horretan-, maisu bizkaitar batek eginak -trazatzaile menditarrek Arabako elizetan egindako plaken antzekoak dira-. Oraingoak, gainera, Iñigo de Zarragak lehenago egindako beste batzuk baino ausartagoak dira; hain zuzen, Biasteriko Andre Maria elizako gangetako plementu trapezialetako itxurazko nitxoen markoetan egin zituen haiek baion ausartagoak.

Erromatar erako estaldura horiez azaldu ditudan gauza guztiak salbuespenak dira eta, agian, gehiegizko garrantzia ematen diet ohiko estaldura sistema gotikoak nagusi diren lurralde batean -sistema horiek, ordea, bilakatu egin dira denborarekin-. Hain zuzen, XVI. mende bukaeran trazatu ziren elizen itxura aurrekoena baino askoz lasaiagoa da, eta ez apaingarriak abstraktuagoak direlako bakarrik, gurutzaduren diseinua askoz ere bareagoa delako baizik. Zumarragako eliza oso esanguratsua da alde horretatik. Eliza horren lehenengo trazuak, 1578koak, gordeta daude, eta nahiko konplexuak dira. Kopa ugari ageri ziren, eta horiek urte batzuen buruan egiten hasi zirenean, ugaritasun hori ez zen onartu. Horren ordez, askoz sistema sinpleagoa aukeratu zuten: tertzelete soilak poloaren inguruan zirkulu bat zutela. Aulestiko areto eliza mende bukaeran trazatu zuen Martin de Homarrek, eta adibide hori ere oso argia da; izan ere, trazatzaile horrek ondo ezagutzen zituen Elorrioko elizaren elastikotasun itogarriak, lan hori ere berak egin baitzuen. Eliza horretako gurutzadurak asko sinpletu zituen, eta hori izango da XVII. mendeko joera nagusia.

Triangelu formako frontoi osoak, apurtuak, hainbat motatako kiribil formakoak, puntu erdikoak, etab¿ Elementu berri horiek guztiak oso lehorrak ziren. Horiek manierismo erromanistan ere agertzen ziren, eta estilo hori bereizteko lagungarriak dira, gainera. Horiei esker, errazagoa da erlijio eraikinak eta zibilak sailkatzea eta, gainera, arkitektura geroz eta argiago agertzen ere laguntzen dute. Une horretan, piramideak eta esferak erabiltzen hasi ziren, azken ukituak emateko. Horrez gain, kapitelak ere agertzen hasi ziren dorreak edo linternak apaintzeko. Halere, elementu horiek oso hauskorrak dira, eta izandako hiru interesgarrienak -bat Bilbon, San Anton elizan, eta bi Gasteizen, katedral zaharrean eta alondegian) dagoeneko desagertu egin dira.

Gasteizko Andre Maria elizako dorreak leihoak ditu eta errematetzat, frontoia; gauza bera gertatzen da beste hainbat lekutan: Hondarribiko Casadevante jauregian; Santa Cruzko, Bikuñako eta Anguraingo Zamalmuruko kapetako sarbideetan; Gasteizko Andre Maria elizako Martinez de Alegriaren arkosolioan -1581eko Bertuteen tailak barne hartzen ditu-; Herediatarren kaperan (Heredia, 1595); Martinez de Orraindiren kaperan, Gasteizko San Pedro elizan (1590), Araiako Leceatarran kaperan; Eibarko elizako portadetako batean, Mundakako elizako portadan (taila erromanistak ageri dira portadako garapen arkuaren gainean), baita hainbat eta hainbat eraikinetan ere, egurrezko lanetan gertatzen den bezalaxe (erretauletan eta tiraderetan).

Bada, erremate mota horiek desagertuz joan ziren mende berrian sartzean; batez ere, frontoi triangeluarrak eta hautsiak, horietan zizelkatutako irudiak barne (Bertuteak, telamonak et airudi biluziak, frontoietan irristan -esan bezala, horiek onartuak ziren erretaulen erliebe ligneoetan-). Horiekin batera, puntu erdiko baoak ere desagertu iziren -dinteldunak jarri zituzten horien ordez-, bai eta kate geometrikoa eta beste dekorazioa abstraktu batzuk ere. Hori guztia, biluztasun hutsa lortu nahian; eta biluztasun horren adierazgarri dugu: plaka laua (gogorra, lehorra baino gehiago), baoak definitzeko edo mailak bereizteko erabilia; taula lauak; kapitela irudikatzeko erabilitako plaka laua, plakaz inguratutako ispilu biribila¿ Biluzte eta "ab nauseam" prozesu hori Euskadin ere ezarri zen, eta estiloa berez hizkuntza klasikotik sortu bazen ere, hizkuntza hori gero eta gehiago desnaturalizatu zen. Horregatik eta estilo hori gure lurraldean XVII. mendean finkatu zelako, ez dut gehiegi sakondu nahi Errenazimentuaren baitako fase horretan, barrokoan baizik, apaingarririk gabeko fasean. Bistakoa denez, urte horietako arkitektura aldatzen hasi zen, Errenazimentua atzean.

Apaingarriez gain (horrek du garrantzi gutxiena), egituren aldaketa da funtsezkoena, bai euskarrietan -urte horietan kapiteldun pilareak eta pilastrak edo Toskanar zutabe soilak erabiltzen hasi ziren-, bai gangetan -ganga trenkatu ugari egiten hasi ziren, baita lunetak eta ertzak erabiltzen ere, besteak beste-. Hori dela eta, 1612an Tolosako koroa egin zuten harginen eta trazatzaileen hitzek (Pedro Zalduak eta Francisco de Landak) zentzua hartzen dute; izan ere, horien hitzetan, gurutze ganga baztertu egin behar da, hala egiten baita Espainia osoan . Gainera, maisu horien arabera, gurutze ganga baztertuz gero kostu ekonomikoa gutxitu egingo zen, eta kontzeptu hori ez litzateke inoiz ahaztu behar, ez behintzat hemendik aurrera.

Bibliografia

  • Euskal arkitektura Espainiako, Gaztelako eta Aragoiko arkitekturara egokitzeko zailtasuna, euskal arkitekturaren erritmoa desberdina baita. Beraz, sarritan zailtasun handiak sortzen dira kronologia aldetik.
  • Hainbat osagaiz osatutako errealitate batean kokatzeko zailtasuna, baita Errenazimentuko eraikinen zerrenda luzea eskola edo familia jakin batzuen baitan kokatzeko zailtasuna ere. Izan ere, askotariko eraikinak daude Euskadin; besteak beste, artelanek luze iraun dutelako eta eraikin bakoitzaren egileak etengabe ordezkatu zirelako.
  • Aurrekoarekin lotuta, zenbait eraikin aztertzeko zailtasuna, horietan hainbat eraginen arteko nahasketa dagoelako eta jokabide heterodoxoak edo ezaugarri antiklasikoak antzematen direlako.
  • Arkitektura zibila dokumentatzeko zailtasuna, ez baitago lehen eskuko iturririk, edo oso iturri gutxi baitago.
  • Are gehiago, dagoen dokumentazioa interpretatzeko zailtasuna, horiek oso zatitua daudelako eta berez zailak diren eraikinei buruzko informazioa ematen digutelako. Horrez gain, eraikinen historiak ere konplexuak eta korapilotsuak dira: lanaren eskualdaketa, azpikontratazioak, etab.
  • Elizen eta jauregien eraikuntzan, harria besterik ez zuten erabiltzen itxiturak eta euskarriak egiteko: harri horien estereotomia asko zaintzen zuten eskuarki, eta ondo finkatzen zituzten. Hori ez da harritzekoa, Euskadiko eta Trasmierako ofizialak oso iaioak baitziren.
  • Arkitektura herrikoiaren kasuan -baserrien eraikuntzan, batez ere- oso erraz konbinatzen zuten harria adreiluarekin eta egurrarekin, eraikinen itxiturak egiteko.
  • Euskadiko hiru probintziak barne hartzen dituen eremu txiki batean, egurra erabiltzen zuten erlijio eraikinen estaldurak egiteko -ekintza hori lotsagarria zen, egurra ezkutatzen saiatzen baitziren-.
  • Elizetan, ganga gotikoak jartzen zituzten; hasieran, izar itxura sinplekoa eta, geroago, konkorduraz zailduta. Jarrera hori beste zenbait eskualdetan ere ikusten da.
  • Bolumen garbiak eta trinkoak atsegin zituzten; horren ondorioz, kanpotik begiratuta, inork ezin zuen jakin tenpluak barrutik nolakoak ziren, eta ezinezkoa zen espazioaren banaketa asmatu, barrura sartu arte.
  • Oro har, une jakin batetik aurrera, uko egin zioten zizelkatutako apainketari, eraikin gehienetan; tailazko apaingarriak portadetan, koruetan, gangen giltzarrietan eta hilobietako arkosolioetan jartzen ziren. Bestela,pinturaz baliatzen ziren eraikinak apaintzeko (elizetako grisailak Araban, eta margotutako ganga ligneoak Bizkaian).
  • Elementurik esanguratsuenak azpimarratzeko interesik; esaterako, portadak nabarmentzeko. Izan ere, horiek apaindura gutxikoak eta monotonoak dira, eta oso gutxitan izaten zuten abangoardiako elementurik.
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana