Nafarroa Foru Erkidegoko udalerria da Berriobeiti, Iruñerriko eskualdean, Iruñeako ipar-mendebaldetik 2 kilometrora. 30 kilometro koadroko baino gehiagoko azalera du eta 900 metroko altuera duten zenbait mendiz inguratuta dago, hala nola, Ezkaba (892 metro) eta Eltxumendi (852 metro). Txulapain, Ezkabarte, Iruñea, Oltza eta Itza ditu mugakide Berriobeitik.
Hain zuzen, Berriobeiti Iruñerriko eskualdean dauden bost zendeetako bat da eta 10 kontzejuk osatzen dute: Aitzoain, Añezkar, Artika, Ballariain, Berriogoiti, Elkarte, Larrageta, Lotza, Oteitza eta Berriobeiti.
Nahiz eta udalerriko auzoburua Berriobeiti izan, Artika da kontzejurik garrantzitsuena. Berriozar eta Antsoain artean kokatuta, Artika Iruñetik gertuen kokatutako kontzejua da eta hain zuzen, kokapen estrategiko horri esker, 1.700 biztanle hatzen ditu, udalerriko erdia ia (3.600).
Artikan udalerriko eraikin erlijioso nagusienetako batekin egingo dugu topo: San Martzelo eliza. 1860. urtean altxatutako eraikin moderno bat da, XX. mende amaieran zaharberritu zutena. Hiru tartetan zatitutako nabe bakarra du eta tarte bakoitza ertz-ganga batez estalita dago. Barrualdean, harrizko bataiarri bat dago, bataio-kapera barruan. Gainera, zenbait erretaula ikusi ahal izango ditugu; bat errenazentista, Errosarioko Andre Mariarena, XVI. mendean eraikitakoa; beste bat barrokoa, erretaula nagusia, XVIII. mende amaieran eta XIX. mende hasieraren artean eraikitakoa; eta lehenengoaren (Errosarioko Andre Mariarena) antzeko ezaugarriak dituen Santa Barbararen erretaula bat.
Ballariainen, kontzejuko erdialdetik apur bat urrunduta, San Pedro eliza dago. Tenplu erromaniko hau XII. mendean eraiki zuten eta XV.ean eta XX. mende amaieran zaharberritu zuten. Nabe bakarra du, bi tartetan zatituta eta dorrea, hain zuzen, bigarren tartearen gainean altxatzen da. Barrualdean, Erdi Aroko bataiarri bat, XVI. mendeko erretaula nagusi errenazentista bat eta tailu bi daude; bata XVII. mendekoa eta erromanista, eta, bestea barrokoa.
Añezkarren San Andres parrokia dago. XII. mende amaieran edo XIII. mende hasieran eraikita, lau tartetan zatitutako nabe bakarreko oinplanoa du. Gainera, tenpluak bost leiho dauzka eta, estrategikoki kokatuta daudenez, argitasun handia sartzen da barruan. Barrualdean, hainbat elementu daude, besteak beste; XVI. mendeko bataiarri bat, XVI. mendeko erliebe errenazentista bat, XIX. mendeko tailu bat, eta urregintza-pieza batzuk, hala nola, kaliza gotiko bat edo kopi barroko bat.
Santa Ageda parrokia Aitzoain kontzejuko gain batean kokatuta dago. Erdi Aroko tenplu hau XIII. mendean eraiki zuten eta hiru tartetan zatitzen den nabe bakarreko oinplanoa dauka. Portada gotikoa du elizpean eta, barruan, bi erretaula ditu: bata, XVI. mendekoa, errenazentista, eta, bestea, erretaula nagusia, erromanista.
Eraikin erlijiosoak ezagutzen jarraituko dugu. Horretarako, Berriobeiti kontzejurantz abiatuko gara eta, bertan, Garbikundearen eliza bisitatu ahal izango dugu. Horrez gain, Santa Eulalia parrokia, Berriogoitin, San Esteban eliza, Larragetan, edota San Joan Bataiatzailearen eliza, Oteitzan, ere ezagutzea merezi du.
Udalerriko arkitektura zibilaren adibiderik aipagarrienak bisitatzeko, lehenbizi Aitzoainera joango gara, bertan Ansaldo jauregia baitago; albo banatan bi dorre dituen eraikin handi bat. Berriogoitin, elizaren aldamenean, Armategi Kaboaren jauregia dago, dorre handi bik eskolta ematen dioten eraikina. Gainera, Berriogoitin zein Berriobeitin jauretxe ugariz eta eraikin zahar eta modernoen arteko uztarketa ederraz gozatu ahal izango dugu.
(Argazkiak: Berrioplano.es)