Aste honetan Noain ezagutuko dugu, Nafarroa Foru Erkidegoaren erdialdean, Iruñerriko eskualdean, dagoen udalerria. Iruñeko hegoaldetik 5 kilometrora kokatuta, 450 metrora altxatzen da eta 5.000 biztanle inguru hartzen ditu.
Ia 50 kilometro koadroko azalerarekin, Noainek honako udalerriak ditu mugakide: Aranguren ibarra, iparraldean, Orbaibar eta Izarbeibar hegoaldean, Untzitibar ibarra eta Elo ekialdean eta Galar eta Beriain mendebaldean.
Elortzibar gisa ere ezagutzen da Noain eta 11 herrik osatzen dute: Imarkoain, Elortz, Dorre, Gerendiain, Iharnotz, Zabalegi, Zulueta, Oritz, Otao, Ezperun eta Noain (udalerriko auzoburua).
Noainen, hain zuzen, udalerriko eraikuntza nagusi eta bereziena aurkituko dugu: Noaingo akueduktua. Ventura Rodriguezek diseinatu zuen 1782. urtean eta bi urte geroago inauguratu zuten. Ura Subitzako iturburutik Iruñeraino eramatea zen azpiegitura hidrauliko honen helburua. Bere garaian kilometro bateko baino gehiagoko (1.245 metro) luzera eta harrizko eta adreiluzko 97 arku zituen. XIX. mende amaieran, ura Artetatik eramaten hasi zirenean, azpiegitura hau ez zen jadanik erabiltzen eta, 1939an, Udalak Aldundiari utzi zion egoera onean manten zezan.
Udalerriko auzoburutik irten gabe, San Migel eliza bisitatu ahal izango dugu. Tenplu gotiko bat da, hiru tartetan zatitutako nabe bakarrarekin. Dorrea, dorreko kanpai-horma eta XVIII. mendeko elizpea dira kanpoaldean dituen elementurik aipagarrienak. Korua, sakristia eta alboko bi kaperak XVI. mendekoak dira. Elizan 1983. urtetik ez da elizkizunik egiten.
Gerendiainen beste eraikin erlijioso bat aurkituko dugu: San Joan Bataiatzailearen eliza. Tenplu hau Erdi Aroan altxatu zuten eta nabe bakarra eta kanoi-ganga ditu. Barrualdean, erretaula barroko handi bat eta beste bi, txikiagoak, daude.
Elortzen Andra Maria Zeruratzearen eliza dago. XVI. mendean altxatu zuten, Erdi Aroko beste baten gainean, eta udalerriko tenplu nagusienetako bat da. Elizak izar-gangak eta errenazimentuko elizpe ederra ditu. Barruan, Erdi Aroko bataiarri bat, koru altu bat eta XVII. mendeko erretaula bat ikusteko aukera izango dugu.
Dorren, jatorri erromanikoko tenplu bat dago: San Pedro eliza. Hiru tartetan zatitutako nabe bakarrekoa da eta elementu erromaniko ugari dauzka, hala nola, kapitelen apainketa. Barrualdean, San Pedroren XVI. mendeko irudi errenazentista bat hartzen du tenpluak.
Halaber, Noaingo herrietan bisitatzea merezi duten beste eraikin erlijioso batzuk daude; San Adrian parrokia, Oritzen; Andra Maria Zeruratzearen parrokia, Otaon; Rosario eliza, Zabalegin; eta San Esteban eliza, Zuluetan.
Eraikin zibilei dagokienez, Oritz Jauregia da nagusienetakoa. Izen bereko herrian kokatuta, eraikin errenazentista hau XVI. mendean altxatu zuten, harriz, beheko aldean, eta, adreiluz, goikoan. Otaon Erdia Aroko zubi eder bat aurkituko dugu, erdi puntuko lau arkuz osatuta dagoena. Erdi Arokoa baita ere Iharnotzen dagoen dorrea da. Oinplano karratuko dorre hau, XIV. mendean altxatu zuten gain batean, harana babes eta zain zezan. Azkenik, Zabalegin XVI. mendeko bi etxe bisitatu ahal izango ditugu eta, Dorren, mende horretako eta XVII.eko beste batzuk ere aurkituko ditugu.