Nafarroa hegoaldean, Erribera eskualdean, kokatzen da Corella, Iruñetik ia 100 kilometrora. Hiri honek 7.000 biztanle baino gehiago hartzen ditu eta 81 kilometroko azaleran zabaltzen da. Fitero, Cintruenigo, Tutera, Castejon eta Alfaro (Errioxa) ditu mugakide Corellak.
Iragan barroko garrantzitsua du Corellak. Estilo artistiko honen aztarnak hiriko txoko, kantoi eta eraikin guztietan aurki ditzakegu. Adibiderik onena San Miguel kalearen eta Garcia plazaren artean dago: Sesmatarren Jauregia. Hiriko eraikin barrokorik esanguratsuena da. Oinplano kubikokoa da eta, izkina batean, armarri barroko ikusgarri bat dauka. Eraikinak dituen bi sarrera ateetan kateak daude esekita; hori dela eta, eraikina Kateen Etxea gisa ere ezagutzen da.
Foruen plazan beste eraikin zibil interesgarri bat aurkituko dugu: Virto de Veratarren Etxea. XVIII. mende erdialdera altxatuta, oinplanoko kubikoko eraikuntza barroko bat da. Barruan, ganga Virto de Vera familiaren armarriekin apainduta dago.
Merced kalean, Enkarnazio Monasterio zaharrean, Arrese Museo Etxea dago. Eraikina XVI. mendean altxatu zuten, eta Jose Luis de Arresek museo bilakatu zuen jabearekin (Maria Teresa Saez de Herediarekin) ezkondu ostean. Senar-emazte hauek arte bilduma interesgarria biltzea lortu zuten; bereziki, errenazimenduko eta barrokoko arte sakratuari buruz.
Foruen plazan, Corellako udaletxe aurrean, Bajamarreko Markesen Etxea aurkituko dugu. Orain gutxi zaharberritutako jauregi itxurako eraikin eder honek aurrealde ikusgarria du eta, bertan, Udalak eskainitako goraipamen bat dago.
Plaza berean, albo oso bat hartuta, hiriko eraikin erlijioso nagusienetako bat dago: Rosario eliza. XVI. mende erdialdean altxatuta, mende bat geroago handitu eta, XX. mende erdialdean, zaharberritu zuten dorre bat atxikitzeko. Erdiko kupula (mihise zaharrekin apainduta) eta erretaula nagusi ikusgarria (XVII. mendekoa) dira tenpluko elementurik aipagarrienak.
San Migel eliza bisitatzea merezi duen beste tenplu bat da. Corellako elizarik zaharrena da, baina bere Erdi Aroko jatorritik ez da aztarnarik geratzen. XV. mendetik aurrera zaharberritze sakonak izan dituenez, elementu barroko ugari hartzen ditu. XVIII. mendeko erretaula barroko bat da elizako elementurik garrantzitsuena.
Villarreko Andre Mariaren baseliza beste eraikin erlijioso interesagarri bat da. XVII. mendean altxatuta, nabe bakarreko eta gurutze latinozko tenplu bat da. Baselizak apainketa barrokoa dauka, baina barruko erretaula nagusia manierista da.
Halaber, Corellan bi komentu aurkituko ditugu; Carmen komentua, XVI. mendean sortuta; eta Araceli komentua, XVII. mendekoa.
Azkenik, ibilalditxoari amaiera emateko, La Estanca berdegunean atseden hartuko dugu. Alhama ibaiaren urarekin sortutako urmael honek bista ederrak, giro naturala eta flora eta fauna aberatsa eskaintzen du.
(Argazkiak: Wikipedia)