Itzuli orri osora
Ibilbidea Fruizen barrena
vie, 30 ene 2009 11:48:00 +0100

Bizkaiko erdialdeko udalerri bat da Fruiz, Bilbotik 22 kilometrora, Uribe eskualdean, kokatutakoa. Butroe ibaiak ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen udalerri honek 5 kilometro koadroko azalera du eta 400 biztanle inguru hartzen ditu.

Fruizek honako udalerriak ditu mugakide: MeƱaka iparraldean, Morga hegoaldean, Arrieta eta Morga ekialdean eta Gamiz-Fika mendebaldean. Udalerrian bizi diren biztanle eskasak auzo ezberdinetan banatzen dira; Aldai, Andekoa, Botiola, Mandaluniz, Lotina edota Legarreta, besteak beste.

Biztanle gutxi eta hedadura txikia izan arren, Fruizek ondare arkitektoniko aberatsa hartzen du. Hala, hirigune historikoaren erdialdean, Salbatore eliza aurkituko dugu. XIII. mende inguruan altxatuta, egun ikusten dugun eraikina XVI eta XVII. mendeetan egin zituzten zenbait zaharberritzeren emaitza da.

Salbatore elizak balio historiko eta artistiko handia du, izan ere, jadanik aztarna erromaniko gutxi batzuk baino ez dituen arren, Bizkaian geratzen den estilo artistiko horretako eraikin bakarretako bat da. Bere portada barrokoa da tenpluak duen elementurik interesgarriena; oso baliotsuak diren kapitelekin eta lore eta geometria ornamentazioarekin apainduta dago. Dorrea geroagokoa da, XVI. mendekoa, eta soiltasunez apainduta dauden lau gorputzetan zatitzen da.

Mota honetako eraikinekin jarraituta, Fruizen bisitatzea merezi duten baseliza ugari daude. Salbatore elizatik gertu, Jesus Gurutziltzatuaren baseliza aurkituko dugu. Gaur egun Kristo Santuaren santutxo gisa ezagutzen den eraikin hau XVII. mende erdialdean hasi ziren eraikitzen. Oinplano angeluzuzenekoa da eta Toskanako sei zutabe ditu euskarri.

Andekoa auzoko toki garai batean, San Lorenzo baseliza aurkituko dugu. Lau angeluko oinplanoko eraikin soila da eta, egoera oso onean egon arren, gaur egun ez du elizkizunik hartzen.

Botiola auzoan, udalerriko hirugarren eta azken baseliza aurkituko dugu: San Migel baseliza. XVIII. mende erdialdean altxatu eta, 1972.ean, zaharberritu zuten, kanpoko egitura erabat aldatuta. Igandeetan meza ospatzen dute bertan eta, irailaren 29an (San Migel), erromeria bat hartzen du.

Udalerriko eraikin erlijiosoak ezagutu ostean, Aldai auzora joko dugu Fruizko eraikin zibil garrantzitsuenetako bat ikusteko: Fruizko udaletxea. 1883. urtean altxatuta, erabat zaharberritu behar izan zuten 1914an, urte horretara arte etxebizitza pribatu bat baitzen. Hiru maila ditu (bi solairu eta ganbara) eta aurrealdeko baoak bost ardatz bertikaletan banatuta daude. Erdiko hiru ardatzetan, leihoak handiagoak dira eta balkoi bat dago.

Azkenik, Fruizen aurki ditzakegun baserri ugarietako batzuk bisitatzen emango diogu amaiera gure ibilalditxoari. Lezamiz, Ormaetxe, Goienetxe, Gordoniz, Biotza, Larrako, Azakarre, Ullatre edota Legarreta baserriak dira guztietan aipagarrienak.

(Argazkiak: Fruiz.net)