Irlandako hiriburu kultural gisa baloratua, Galway Corrib ibaia ukitzen zuen arrantzaleen herrixka bat zen. XII. mendean anglo-normandiarrak indarrez sartu ziren, eta harresiz inguratu zuten herria. Horrela 14 tribuen menpe geratu zen agintaritza, guztiak ingeles familiakoak, eta ondorioz "14 tribuen hiria" deitzen hasi zitzaion. Herria ardo, ongailu, gatz, produktu, animalia eta arrainen merkaturatzean espezializatu zen, eta lortutako ospearen ondorioz, Londres eta Bristolen ostean hirugarren merkatal portu handiena izatera heldu zen.
Hiria antzinako eraikuntza eta plazaz dago osatua. Herri erdi-erdia, "karratu" izenez ere ezaguna, 1710. urtean eraiki zen Edward Eyreren eskutik. Ardi Aroko kale eta hormak ditu, eta baita zubi ikusgarri bat ere, "arku espainiarra" izenez ezaguna. Galwayko monumentu garrantzitsuenetako bat da hau, XVI. mendean zehar Ingalaterra eta Espainiaren arteko gerra zela eta, ingurura heltzen ziren espainiar arrantzaleen ohoretan eraikia.
Katedrala hiriaren eraikuntza handi eta ikusgarriena da, 1958 eta 1965 urteen baitan ohiko irlandar estiloan eraikia, eta hiriko espetxe zaharraren lekuan kokatua. Aipatzea merezi duen beste eraikinetako bat O`Brins zubiaren parean dagoen Bridge Mill eraikina da. Garaiera handia du, 400 urte baino gehiago ditu, eta denda txikiz betetako merkatal zentro liluragarria bilakatu da. Uda garaian erdi aroko jai handia egiten da kale horietan zehar mozorro, otordu eta bestelakoak jaiak antolatuz. Hiriaren kanpoaldean itsasoko olatu zangartsuak harkaitzetan nola apurtzen diren ikusteko beta izango du bisitariak Conneramara itsaslabarretan.
Galwayen sekulako jaialdiak antolatzen dira, esaterako, urtero bertan egiten da Irlandako arte jaialdi garrantzitsuena, Irlandako eta munduko beste zenbait tokitako idazle, aktore eta musikarien presentziarekin. Gainera, udan joan ezkero, uztailean zehazki, Fleadh Zinema jaialdiaz gozatuko du bisitariak, Irlandako eta nazioarteko 70 film eskainiko baitira hiria jai giroan murgilduz. Hau guztiaz gain, udako hilabeteetan mundu osoan ezagunak diren zaldi lasterketa ospetsuak ikusteko beta izango da.
Baina bisitari gehien erakartzen dituen gunea Galwayko badia ikusgarria da, ezaguna munduan bakarra den tradizio handiko belaontziarengatik: Galway Hooker. Irlandako Uhartearen ekialdeko kostan dagoen estuario bat da. Aran irlak, berriz, mendebaldean daude, sarrera zeharkatuta heldu daiteke bertara, eta badian zehar uharte txikiak ikus daitezke. Bertako biztanleriak oraindik orain sustrai zeltikoak ditu, eta euren hizkuntza nagusia gaelikoa da. Etxeek lastozko teilatuak dituzte, eta era horretara antzinateko kultura zeltiarrera eramaten gaitu inguru honek.
Hiriburutik, Dublinetik hain zuzen ere, hiru ordutara dagoen ikasle herri zoragarria honek berezko nortasuna du. Hiri modernoa da, segurua, eta era berean erosoa. Tradizio artistiko handia gordetzen du, hasi pinturatik, eta musika, antzerki eta zinemaraino. Han aurkitzen dira paisaia idilikoak, itsaslabar boteretsuak, eta baita benetan erakargarria den bizitza modernoa. Horregatik Irlandako hiri ederrenetariko bat dela esaten da.