Aste honetan Areatza ezagutuko dugu, Arratia-Nerbioi eskualdean, Bizkaian, kokatzen den udalerria. Arratia ibarran, Bilbotik 29 kilometrora, dago Areatza eta 1.000 biztanle inguru bizi dira bertan. 9 kilometro koadroko azalerarekin, Areatzak honako udalerriak ditu mugakide: Arteaga eta Zeanuri iparraldean, Orozko eta Zeanuri hegoaldean, Zeanuri ekialdean eta Orozko eta Arteaga mendebaldean.
Juan Nuñez de Lara Bizkaiko Jaunak sortu zuen udalerria XIV. mende erdialdera Villa de Haro izenarekin, bere emaztearen (Maria Diaz de Haro) familiaren ohorez. Udalerriak ez zuen 1980. urtera arte Areatza izena ofizialki hartu. Auzoburua Areatza auzoa da, udalerriko iparraldean kokatuta.
Arratia ibarrean sortu zen lehenbiziko herribildua izan zen Areatza eta, bere herriguneak, udalerriko kutsu historiko hori mantentzen du oraindik. Hirigune historikoa Areatzako tokirik interesgarrienetako bat da, zalantzarik gabe. 1996. urtean, hirigunea Ondasun Kultural izendatu zuten, Monumentu Multzo kategoriarekin, eta bere Erdi Aroko egitura mantentzen du oraindik: iparraldetik hegoaldera bi kale luze eta paralelo (Bekokale eta Goikokale), eta, horiek zeharkatzen, bi kantoi.
Hirigune historikoan balio historiko-artistiko handiko eraikin ugari daude, adibidez, Bekokaleko 7. zenbakian dagoen etxea. XV. mende amaieran altxatu zuten eta hiru mailatan zatituta dago; bi solairu eta ganbara. Arkuak dituzten bi sarrera ditu; bat dobela handiekin, eta, bestea, erdi puntuko arkuekin.
Gortazar Jauregia arkitektura aristokratikoaren adibide ederra da. XV. mende amaierako jauregi honek lau angeluko oinplanoa dauka, sarbidea, beheko solairuko albo batean duelarik. Beheko solairu hori harlanduz altxatuta dago, eta, goikoa, aldiz, adreiluz. Aurrealdean, XVIII. mende erdialdeko fresko barrokoak ditu.
Hirigune historikotik irten gabe, Errukiñe kalean, Guardamino Jauregia aurkituko dugu. XVII. mendeko eraikin honek estilo artistiko ugari uztartzen ditu, eta, jatorriz jauregi barroko bat izan arren, aurrealdea da bere lehenbiziko garai horretatik geratzen den elementu bakarra.
Hirigune historikotik kanpo, Ugunaga dorrea bisitatu ahal izango dugu. XVI. mendean altxatu eta XVIII.ean zaharberritu zuten dorre hau eraikin kubiko bat da eta, aldaketa ugari izan dituen arren, oraindik kutsu militarra mantentzen du.
Udalerriko eraikin publikoen artean, udaletxea da aipagarriena. 1862. urtean altxatu zuten Luis de Bengoechearen gidaritzapean, eta, jatorrian, udalerriko eskolak hartzeko eraiki zen. Plaza batera begira dagoen bere aurrealde ikusgarria eta erdi puntuko hamaika arkuk osatzen duten arkupea dira eraikinak dituen elementurik azpimarragarrienak. Plaza horretan bertan Parketxea aurkituko dugu; Gorbeia Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa hartzen duen hiru solairuko eraikina.
San Bartolome eliza udalerriko eraikin erlijiosorik garrantzitsuena da. XIV. mende erdialdean altxatu zuten hainbat estilo artistikoren arteko nahasketa ederra den eraikin hau. Portada tenpluak duen elementurik azpimarragarriena da. Hiru tartetan zatituta eta erliebez apainduta dago, erretaula nagusi gisa. Lehenengo atalean, San Pedro eta San Pabloren bustoak daude; bigarrenean, bost horma-hobi ikus daitezke, eta, bigarrenak eta laugarrenak, San Pablo eta Ama Birjinaren tailuak dituzte; azken atala frontoi bat da, Jaunaren erliebe batekin apainduta dagoena. Portadaren aldamenean, XVIII. mendean eraiki zuten dorre bat altxatzen da.
Azkenik, beste eraikin erlijioso interesgarri batzuk aurki ditzakegu udalerrian; Pietatearen baseliza, XVI. mendekoa, egun ikusten dugun eraikina XVIII.ekoa izan arren; Santo Tomas baseliza, XVIII. mende amaieran eraiki zutena; eta Errukiñe baseliza, izen bereko kalean kokatzen den XX. mendeko tenplua.
(Argazkiak: Areatza.net)