Itzuli orri osora
Bilar, historiaurreko aztarnaz jositako herri txikia
vie, 23 ene 2009 11:48:00 +0100

Arabako Errioxaren bihotzean dago Bilar herrixka. Plaza nagusian dagoen Jasokundeko Andre Mariaren elizaz gain, enparantzan bertan dauden jauregi dotoreak eta handik gertu dagoen XVIII. mendeko "Indianoaren" etxea dira herriguneko eraikinik ederrenak. Baina Bilarren ondare nagusia herrigunetik kanpo dauden historiaurreko arrastoek osatzen dute. Sorginen Txabola trikuharria, adibidez, ikusgarria da zinez.

Arabako lurralde historikoaren hegoaldean dago Bilar, 585 metroko altueran, Guardiatik 6 kilometrora. Guardia-Arabako Errioxako koadrilaren barruan dago.

Laborantza izan da betidanik herriko ekonomiaren ardatza. 1667an lortu zuen Bilarrek hiribildu izaera. Historiaurreko aztarnaz josita dago, mahastiak, artadiak, errekak eta sakanak nagusi diren ingurune batean.

Plaza nagusia, bertan dauden Jasokundeko Andre Mariaren eliza itzela eta jauregi dotoreak, eta handik hurbil dagoen "Indianoaren" etxea (XVIII. mendeko jauregi barroko dotorea) gailentzen dira herriguneko monumentuen artean.

Jasokundeko Andre Mariaren elizan ekingo diogu herria eta inguruak ezagutzeko ibilbideari. XVI. mendeko eraikin itzaltsua da. Altuera handiko nabea eta areto-oinplanoa ditu. Barruan, koloma ildaskatu baten gainean eraikitako bataiarria eta XVI. mendeko erretaula errenazentista nagusia nabarmentzen dira.

Eliza atzean utzi eta Herreria kaletik jarraituko dugu. Ondoren, ezkerreko bidea hartuko dugu eta, kalea amaitzen denean, lurrezko pista batean zehar jaitsiko gara Uneba errekaraino. Gero, zubi txiki bat zeharkatu eta bidezidor batetik gorantz jarraituko dugu asfaltozko pista batera iritsi arte. Goranzko bidean eskuinera egingo dugu eta, 50 metrora, ezkerretara dagoen mendi-bidetik segituko dugu Sorginen Txabola trikuharrira heldu arte; inguruotan daudenen artean handienetakoa eta ondoen mantentzen denetakoa da. 1935ean aurkitu zuten. Bertan egindako indusketetan, giza hezurrez gain, hainbat gauza topatu zituzten: aizkorak eta zeramika zatiak, besteak beste.

Ondoren, asfaltozko bide bat hartuko dugu Kantabriako mendilerrorantz, ezkerrerantz segitzen duen beste pista batera iritsi arte. Hurrengo bi bidegurutzeetan erdiko bidetik segituko dugu, iparralderantz, Peña del León mendirantz.

Indusketa txiki batera iristen garenean, eskuineko aldetik igaro eta 350 metroko artadi itxi bat zeharkatzen duen bide bat hartuko dugu. Baso horretan ezpelak, erratzak eta ipuruak ikusiko ditugu, besteak beste. Pista horretatik Abrigo de Los Husos aztarnategi arkeologikora helduko gara. Sekulako garrantzia du, lehenengo etxe-abereak eta zerealaren laborantzaren aztarnak ez ezik, oso aspaldi abere-hazkuntza inguru horietan oso errotuta zegoela erakusten duten aurreneko ukuiluak aurkitu baitzituzten bertan. Ondoren, bidexka batetik jarraituko dugu Uneba iturriraino.

Azkenik, iturriraino eraman gaituen bidetik atzera egingo dugu bidegurutze bateraino. Jarraian, ezkerreko pista hartu eta Uneba erreka zeharkatuko dugu beste bidegurutze batera heldu arte. Berriz ezkerrera egin eta, kilometro batera, eskuinera doan bidetik jarraituko dugu Los Llanos trikuharriraino.

(Argazkiak: www.elvillar.es)