Aste honetan Trapagaran ezagutuko dugu, Bilbo Handia eskualdean (Bizkaia), Bilbotik 12 kilometrora, kokatuta dagoen udalerria. Bere 13 kilometro koadroko azaleran, Trapagaranek 12.000 biztanle baino gehiago hartzen ditu eta honako udalerriak ditu mugakide: Portugalete iparraldean, Galdames hegoaldean, Sestao eta Barakaldo ekialdean eta Ortuella hegoaldean.
Trapagaran bi eremu nagusitan zatitzen da: goiko aldea eta beheko aldea. Trapagarango biztanle gehienak beheko eremuan bizi dira eta, eremu honen iparraldean, lautada txiki batean, udalerriko auzoburua dago: Trapagaran.
Bere meatzaritzako iragan sendoak eta bere kokapenak, Triano mendien aldamenean, udalerriko goiko alde hori baldintzatu dute. Meatze-auzoek osatzen dute eremua: Zugaztieta, Burtzako, Parkotxa-Barrionuevo eta Larreineta. Alde honek udalerriko biztanle gehienak hartzen zituen meatzaritza bere goren aldian zegoen garaian. Halere, XX. mende erdialdera burdin mearen ustiapena amaitu zenean, goiko aldea biztanleak galtzen hasi zen pixkanaka. Gaur egun, biztanle gutxi bizi dira bertan eta eremua aisialdiaz gozatzeko antolatuta dago, izan ere, kirola egiteko instalazioak, arrantzan aritzeko leku aproposak, jatetxeak, aterpetxe bat eta abar aurki ditzakegu.
Errepide batek (BI-3755) eta Larreinetako funikularrak udalerriko bi alde horiek komunikatzen ditu. Funikularrak udalerriko beheko aldean dagoen Escontrilla auzoa eta 400 metroko altueran kokatzen den Larreinata auzoa lotzen ditu. Guztira, bere ibilbideak kilometro bat baino gehiago du eta bi geltoki ditu. 1926. urtean inauguratu zuten funikularra, goiko aldeko meatze-auzoak udalerriko gainerako tokiekin komunikatzeko.
Zugaztieta, meatze-herrixka
Triano mendietan eta Bizkaiko Meatzaldean izandako ustiapenaren ondorioz sortu zen Zugaztieta. EAEko meatze-herrixkarik garrantzitsuenetako bat da, eta bere hirigune historikoa Monumentu Multzo izendatuta dago. >
Herrixka XIX. mendeko azken laurdenean sortu zen, meatzaritzaren goieneko unearekin eta langileen etorrerarekin batera. Hasieran, langileak egurrezko barrakoietan bizi ziren eta, biztanleria finkatu ahala, barrakoiak harrizko etxeak bilakatu ziren. Hala, XX. mende hasierarako, auzoak 3.000 biztanle eta zenbait ekipamendu (eskola, eliza, ospitalea etab.) zituen.
Zugaztietan meatze-iragan horren aztarna ugari daude. Auzoa plaza baten inguruan egituratzen da eta, bertan, Madalen eliza aurkituko dugu. Gurutze latinozko oinplanoa eta nabe bakarra ditu. XIX. mende hasieran altxatu zuten, meatzeen ustiapen handiaren ondorioz, herrixkak bizi izan zuen hazkunde demografikoak eraginda. Auzoan zehar banatzen diren meatzarien etxebizitzak iragan horren beste aztarna batzuk dira. Gaur egun, auzoak bista ikusgarriak eskaintzen ditu, izan ere, meatze zaharrek eta, urez bete ostean, urmaelak bilakatu diren meatzeek paisaia ederra osatzen dute. Zugaztietatik gertu Larreineta auzoa dago eta, bertan, meatzarien etxebizitza gehiago eta Santa Barabara eliza bisitatu ahal izango ditugu.
Udalerriko Beheko Aldean Trapagarango udaletxea aurkituko dugu. Lauaxeta plazan kokatuta, kolore griseko harriz altxatutako eraikin neoklasiko garaikide bat da. Plaza horren aldamenean, gaur egun Kultur Etxea hartzen duen Olaso Jauregia dago.
Azkenik, herrigunea osatzen duten auzoetan baserri ugari eta zenbait eliza aurkituko ditugu, besteak beste, San Jose Langilearen eliza, San Joan Bataiatzailearen eliza edota Jaunaren Itxuraldaketaren eliza.
(Argazkiak: Trapagaran.net)