Aguraingo Koadrilaren barruan, Arabako Lautadako ipar-ekialdean, dagoen udalerria da Zalduondo. 12,14 km²ko hedadura eta 150 bizilagun eskasekin probintziako herririk txikiena dugu hauxe. Hala ere, Arabako Lautada osoan udalerri bakarrak osatutako udala da Zalduondokoa.
Erdi Aroan zehar Zalduondok berebiziko garrantzia izan zuen bertatik igarotzen baitzen Frantziatik eta Gipuzkoatik zetorren Done Jakue Bidea. San Adriango pasabidetik bide nagusiaren bigarren mailako ibilbide bat hartzeko aukera zegoen. Esan daiteke, Zalduondo bera zela Santiago Bidearen Arabako zatiaren zaintzeaz arduratzen zen udalerria.
Santiago Bidea bertan egonda ez da arraroa herriak hainbat eliza eta ermita izatea. Beste hainbaten artean, Espiritu Santuaren Ermita (San Adriango kobazuloaren barruan kokaturik dago) edota Basilika Santuarena (Aistran aurkitzen dena) dira aipagarrienak. Aistra antzinako Erromako herri bat da, Zalduondo eta Araia bitartean dagoena. Erromatar Inperioa erori eta ostean etorri ziren urte beltzetan eraiki zuten. Orain gutxi egindako indusketek argitu dutenez, VI. eta VII. mendeetako herrialdea zen Aistra. Hortaz, penintsula osoan aurkitu den garaiko herririk zaharrena dela ondorioztatu dute adituek.
Zalduondoko arkitektura eta monumentuen ondareak hein handi batean XV eta XVII. mende bitartekoak dira. Udalerrian zehar hainbat jauregi eta juntetxe aurkituko ditugu, gaur egun eraikuntza publiko edota museo bezala erabiltzen direnak. Lazarragatarren Jauregia, esaterako, XVI. mendearen bigarren erdialdean eraikitako etxe hau Eskualdeko Museo Etnografikoa da gaur egun. Arabako garaiko Errenazimentuko arkitektura estiloa du; ekialdeko sarreran plateresko arkupe handi bat eta guzti. Bi gizonezkoren estatuek esku artean duten ezkutu ikusgarri bat ere badago sarrera berean.
Lehentxo aipatutako Eskualdeko Museo Etnografikoak inguruko kultura eta historia bertara hurbiltzen diren guztiei erakusteko helburua du. Horretarako, hainbat eratako artea erakusten du: inguruetako flora eta fauna, historia, artisautza, etnografia, historiaurrea eta herrikoa besteak beste. Zalduondo Margolan Sariak lortu dituzten obrak ere museo berean daude ikusgai.
Herriko jai nagusia Inauteriak dira. 1975ean hasi ziren berriz ospatzen berrogei urte baino gehiagotan ospakizun hau debekatuta egon ostean. ;Markitos izeneko panpina da jaietako protagonista. Herrian zehar egin ostean, panpina zutoin batean sartzen dute eta epaitu ostean, erre egiten dute tradizio handiko erritual bati jarraituz. Beste zenbait pertsonaiek ere parte hartzen dute Zalduondoko inauterietan: galdaragileek, kale-garbitzaileek, ardiek, hartzak eta aiton-amonak panpinarekin batera ateratzen dira herrian zehar bueltatxoa ematera. Ospakizun hauek urtarrila aldera ospatzen dira eta nekazaritza giroko inauteria jai interesgarrienak dira Arabako ikuspuntu etnografikotik.
Jai giroari oso lotuta dago era berean, Zalduondoko historiako herritar ospetsuena, Zeledon, Gasteizko jaietan aterki bati helduta zerutik jaitsita ospakizunei hasiera eta amaiera emateaz arduratzen den pertsonaia aski ezaguna. Orain hamarkada batzuk Arabako hiriburuko blusa koadrilek Zeledon sortzeko, Zeledonio Alzola izeneko Zalduondoko baserritar batean oinarritu omen ziren, oso famatua egin baitzen Gasteiz aldean parranda zale porrokatua izategatik. Zalduondon gaur egun ere, nekazari hau jaio eta bizi izan zen etxea eta bere omenez egindako monumentu bat ikus daitezke.
(Argazkiak:www.flickr.com)