Itzuli orri osora
Ibilbidea Galdamesen barrena
vie, 26 dic 2008 11:48:00 +0100

Galdames Bizkaiko ipar-mendebaldean, Enkarterri eskualdean, dagoen udalerri bat da. 900 biztanle ingururekin eta 44 kilometro koadroko azalerarekin, Galdamesek honako udalerriak ditu mugakide: Abanto eta Muskiz iparraldean, GueƱes hegoaldean, Ortuella, Trapagaran eta Barakaldo ekialdean eta Sopuerta mendebaldean.

Enkarterriko herri gehienak bezala, Galdamesek hainbat auzo ditu udalerrian zehar barreiatuta, besteak beste, Loizaga, Montellano, San Esteban Galdames, Larrea edota Txabarri. San Pedro Galdames da udalerriko auzoburua.

Hain zuzen San Pedro Galdames auzoan, udalerriko elizarik garrantzitsuena dago: Galdamesko San Pedro parrokia-eliza. 1824an altxatu zuten estilo neoklasikoan. Oinplano basilikala du eta, barrualdean, erretaula nagusi neoklasiko bat dago. San Esteban parrokia-eliza, izen bereko auzoan kokatuta, 1886. urtean eraiki zuten, aurreko baten gainean. Kanpoaldean oso soila da, eta, barrualdean, estilo neogotikoko hainbat elementu ditu.

Montellano auzoan, nekazaritzari lotuago dagoen inguru batean, Galdamesko hirugarren eta azken eliza dago: Santa Maria de Montellano parrokia-eliza. Hiru tenpluetatik xumeena da eta ez du erretaularik aldare nagusian.

Udalerriko ondare erlijiosoa ez da, ordea, hiru eliza hauetara mugatzen. Baseliza ugari daude Galdamesen zehar sakabanatuta, besteak beste, Santiago baseliza, San Kosme eta San Damian baseliza, San Silvestre baseliza, San Frantzisko Asiskoa eta San San Joan Bataiatzailea baseliza, Santa Luzia baseliza edota Txabarriko Andra Maria baseliza.

Eraikin zibilei dagokienez, udaletxea garrantzitsuenetako bat da. San Pedro plazan kokatuta, XX. mendean altxatu zuten estilo neoklasikoan. Gainera, Galdamesen bisitatzea merezi duten hainbat jauregi daude. Akendibar Jauregia, eraikin errenazentista bat; Soleguia Jauregia, Txabarri auzoan dagoen jauregitxo barroko bat; eta Sarachaga Jauregia, Zubiaga auzoan.

Loizaga Dorretxea, Loizaga auzoan, udalerriko eraikin militarrik garrantzitsuena da. Duela gutxi egindako zaharberritze baten ondorioz, jatorrizko dorretik murruen abiagunea soilik geratzen da. Gaur egun, eraikinak auto klasikoen erakusketa bat hartzen du. Ibarruri Dorretxea eta Atxuriaga Dorretxea Galdamesen bisita ditzakegun beste dorretxe interesgarri batzuk dira.

Arenaza Kobazuloa udalerrian dagoen balio historiko handieneko toki bat da. Arenaza auzoan kokatzen den haitzulo honen barruan, madeleine aldiko labar-pinturak daude.

Meatzaritzako iragana

Meatzaritzako iragan sendoa duen udalerria da Galdames, izan ere, mendeetan zehar burdin meategien ustiapena izan da bertako jarduera nagusia. Hala, Galdamesek Triano eta Galdameseko mendi multzoa osatzen duten mendi gehienak hartzen ditu, eta, mendi horiek, burdin mineral asko zuten. 800 metro baino gehiago dituen Ganeran mendia da udalerriko tontorrik garaiena.

Hainbeste mineral zegoen mendi horietan, non haize-olak eraiki baitzituzten mendietan bertan.

(Argazkiak: Galdames.org)