Itzuli orri osora
Florentzia, artearen hiria
mié, 25 feb 2004 08:27:00 +0100

Errenazimentuaren gotorlekua, arte eta kulturgune garrantzitsua da Florentzia. Toskanako hiriburua sinboloz beteta dago. Ederra eta disdiratsua, ondare artistiko bikaina du, garai handi baten lekuko.

Florentzia Errenazimentuaren sorlekua da. Arte mota horren erakusleiho handiena da Italiako Toskanako hiriburua. Hiri horretako eliza, museo eta txoko guztiak bizi izan dituen garai handi baten lekuko dira. Arte horrek hirian izan zuen garrantzia edozein lekutan islatzen da, eta handitasun horrek bisitaria barneratzen du.

Arno ibaiaren ertzean dago Florentzia. 962. urtea ezkeroztik Erromatar Inperioaren menpe egon zen Toskana osoarekin batera. XI. mendearen amaieran hiriak autonomia lortu zuen. Erdi Aroan, sistema feudala alde batera utzi eta, orduan, aurrerakada handia eman zuen Florentziak, bizitasuna berreskuratuz. Horrela, XV. mendean medicitarren dinastiaren esku geratu zen, 1737ra arte. XVIII. mendean, Napoleonen garaiko gerrak zirela eta, gainbehera artistiko eta soziala izan zuen hiriak. 1865-71 urte bitartean, berriz, Italiako hiriburu izan zen.

Gaur egun, Florentziak 397.434 biztanle inguru ditu, eta artisautza, turismo eta kultur gune garrantzitsua da. Sinboloez gainezka dago hiria. Bisitarien gehiengoak Migel Anjel artistaren David obrarekin lotzen du Florentzia. Miguel Anjelek Florentzian igaro zuen bere gaztaroa, eta bertan egin zuen bere lan ezagunetakoa.

Giotto, Brunelleschi, Donatello eta Botticellik ere euren sorkuntza-lana Florentzian landu zuten. Artista hauek eginiko obra asko eta asko kaleetan edota eraikinetan ikus daitezke. Horren lekuko da Signoria enparantza, bertakoen eta kanpotarren biltoki dena.

Uffizi eta Pitti jauregiak ere aipatzekoak dira. Errenazimentuko pintura bildumarik baliotsuenak daude jauregi horietan. Italiako hiri horren teilatuen artean Duomoko kupula nabarmentzen da gehien. Brunelleschik eraiki zuen katedral hori eta jantzirik ederrenarekin jantzi zuen eraikina. Camparineko kanpandorrea ere nabarmendu beharra dago. Italia osoan aurki daitekeen ederrenetako bat da. Kanpandorrearen eraikuntzan hiru arkitektu aritu ziren, eta bakoitzak bere aztarna utzi zuen.

Horretaz guztiaz gain, Florentziak beste milaka txoko eskaintzen dizkio bisitariari. Ikusi beharrekoak dira Santa Maria Fiore katedrala, Santa Croce (XIII. m.), Santa Maria Novella (XIII-XIV. m.) eta San Lorenzo (XV. m.) elizak.

Artea da nagusi Florentzian, baina, horretaz gain, beste eskaintza asko ere badira. Jaki gozoak prestatzen dituzten jatetxeak, argazkiak ateratzeko txoko ederrak edota erosketak egiteko dendak daude nonahi.

Signoria enparantzan kafetegi eta tabernak aurki ditzakegu baina, inguru hori oso turistikoa denez, garestiak dira. Hobe dugu Florentzian kale artean ibiltzea jatetxe merkeagoren baten bila.

Duomotik iparraldera abiatuta, unibertsitate gunera iritsiko gara. Prezio merkeak dituzten trattoria-k daude inguru hartan. Hiriaren erdian, Oltrarno izeneko auzoan, asetuta geldituko gara edozein pasticceria-tan gosalduta. Eta izozkiak gustuko dituenak, edonon aurki daitezke gelateria-k.

Florentzia Toskanako lekurik ederrenetakoa da, baina ez bakarra. Ondo-ondoan daude Siena eta Pisa hiriak. Florentziatik hurbilago, Fiesole herrixka 9 kilometrora dago. Bertako begiratoki ederretik Chianti ardo ezaguna egiten diren mahastiak ikus daitezke.