Itzuli orri osora
Ouarzazate, zinemaren fabrika desertuaren atean
vie, 26 mar 2010 15:15:00 +0100

Maroko hegoaldean kokatua, Ouarzazate edo Uarzazate Desertuaren Atea bezala ere ezaguna da, izan ere hegoaldean desertuarekin dago lotuta. Atlas Mendietatik eta Draa ibaiaren haranetik hurbil dagoelako ere ezaguna da. Baina, Ouarzazate zerbaitegatik bada ezaguna, zinemarekin duen loturagatik da; izan ere, hainbat superprodukzio filmatu dituzte bertan, hala nola Lawrence de Arabia edo Gladiator. Gainera, bertan egindako filmetako askoren dekoratuak oraindik ere ikusgai daude Ouarzazaten.

Marokoko Hegoalde Handira egiten diren txangoen hasierako puntua izaten da Ouarzazate. Halere, denborarekin, Desertuko Atea helburu turistiko bilakatu da, bere ondareari esker.

Horren adibide garbia da Taourirt kasba (kasba: antzinako auzoa), UNESCOk gizadiaren ondare izendatutako adobe okrezko eraikin taldea. Azpimarragarriak dira bertan estukozko dekorazioa eta bi gela ederretan dauden margotutako zedro zurez egindako sabaiak. Glaouiko bajáren antzinako etxea zen, eta erabat zaharberritu zuten, teknika tradizionalak erabiliz. Egun ehunka bizilagun bizi dira han, eta inguruko artisautzaren aberastasuna ikusteko toki onenetakoa da. Bertako artisauek alfonbrak, altzari txikiak, kanaberazko otzarak, bitxiak, eltzegintza eta sastakai berbertarrak egiten dituzte. Kasba horretan urtero, irailean, Ahwach jaialdia ospatzen dute, eskualdeko ondarea sustatzeko.

Azpimarragarriak dira, Ouarzazaten, baita ere, Tiffouloute kasba eta Aït Benhaddou ksara. Arkitektura tradizionalaren adibide nabarmen bi dira, aurrerago ikusiko dugun 1000 qasabahen (kasben) ibilbide famatuaren aurrerapena. Aït Benhaddouko izugarrizko ksara (gotorlekua) ere Gizadiaren Ondare izendatu zuen UNESCOk, eta bertatik hainbat ikuspegi eder ikus daitezke, hala nola palmadien gainetik harrizko desertuaren panoramikak eta Atlas mendiak.

Hegoalde handiaren sekretuak

Ouarzazatetik ekialderantz, Bounalnerantz, joanez gero, Dadesen haranarekin egingo dugu topo. 1000 kasben ibilbidea bezala ezagutzen den toki hau kasba eta herri gotortu (ksour) bereziz betetako lur idorra da. Ingurune horretan berbertarren adobezko etxebizitzak ezagutzeko aukera izango dugu, baita Skoura palmadian freskatzekoa ere.

Ouarzazatetik hegoaldera bagoaz, lehenik eta behin Drâa ibaiaren harana, desertuko errepide bat zeharkatuko dugu, eta ondoren, Zagorara heldu arte oasi askorekin egingo dugu topo. Bertatik dabiltzanentzat gomendagarria da, baita ere Amezreou eta Tamgrout herriak bisitatzea. Amezrou judutarren antzinako auzoa da eta Tamgrouten Koranaren eskuizkribu ederrak biltzen dituen liburutegi garrantzitsu bat dago.

Isilik, filmatzen ari gara

Ouarzazateren izena berbere hizkuntzatik dator, eta "zaratarik gabe" edo "nahasmenik gabe" esan nahi du. Agian bere izenak iradokitzen duen isiltasunagatik izango da, baina batez ere dituen egoera klimatiko, geografiko eta ekonomiko ezin hobeengatik, Ouarzazate filmaketa estudio askoren egoitza bilakatu da. Horrela, hiriak hiru nazioarteko estudio ditu, 150 hektarea baino gehiago dekoratuz beterik, eta bertan zuzendari handi askok egin dute lan, hala nola Orson Wellesek, Martin Scorsesek, Oliver Stonek, Ridley Scottek edo David Leanek.

Ouarzazateko estudiorik handiena Atlas Corporation Studios da, eta bertan La Joya del Nilo, Cleopatra, Gladiator, Asterix y Cleopatra, En el reino de los cielos, Los diez mandamientos bezalako pelikulak fimatu dituzte. Estudioen eta ezenatokien handitasuna ikusten goza dezakegu bertan, eta pausoz pauso espazioan eta denboran bidaia egin.

(Argazkiak: visitmorocco.com)