Itzuli orri osora
Zahara de los Atunes, paradisu txikia Cadizeko kostaldean
vie, 05 feb 2010 15:40:00 +0100

Cadizeko probintzian kokatuta, Atlantikoko kostalde andaluziarrean bertan, Zahara de los Atunes Barbate udalerriko alkate-auzo bat da. Gibraltar itsasartean dago, Tarifa eta Barbate artean, Cadiz hiriburutik 70 kilometrora. Itsasoan eta arrantzan errotutako herrixka txiki hau Cadizeko kostaldeko tokirik ezagunetako bat bihurtu da azken hamarkadetan, bere hondartza ikusgarriak eta paisaia naturalak direla eta.

Zaharak 2.000 biztanle inguru ditu, baina kopurua hamar aldiz hazten da udan. Milaka turista hurbiltzen dira Andaluziako herri honetara, paisaia naturalek, ur gardenek edota kostaldean marrazten diren ilunabar ahaztezinek bultzatuta. Atun-sareen bidez (tokiko tradizioak agindu bezala) atunaren arrantzan aritzen ziren arrantzaleen herri bat izatetik, herri turistiko izatera pasatu zen Zahara. Azken hamarkadetan, gainera, turismoak geroz eta garrantzi gehiago hartu izan du eta, gaur egun, sektore hori da, hain zuzen, herriaren ekonomiaren eragile nagusia.

Kostaldea da, zalantzarik gabe, Zaharak duen erakargarritasun turistikorik handiena. Barbatetik Gata lurmuturreraino hedatzen da eta bere paisaiak eskaintzen dituen ilunabar ikusgarriak, harea xeheko hondartzak eta ur gardenak dira Zahara de los Atuneseko itsasbazterreko ezaugarri nagusiak. Horrez gain, ustekabeko oparia eskaintzen dio Zaharak bisitariari, izan ere, herriko hondartzetatik Afrikako kostaldearen zati bat ikus daiteke.

Hondartzak, erakargarritasun nagusia

Pajares Hondartza Barbateren eta Zahararen arteko mugan dago. Armadaren lur-eremu batean kokatzen da, baina bainulariek hondartzan sartzeko baimena dute, bereziki udan. 500 metro luze da eta urre koloreko harea ikusgarria dauka; hori bai, ez du eskaintzen ez ekipamendurik ezta zerbitzurik ere.

Zaharako Hondartza da kostaldeko izar eta protagonista nagusia. Dunez jositako hondartza horrek 7 kilometrotik gorako luzera du eta Zaharako herrigune osoan zehar hedatzen da, Gracia lurmuturreino. Bertan, Tarifako Atlanterra izeneko luxuzko urbanizazioa kokatzen da. Levante haizeari aurre egiteko babesik ez duenez, hondartza oso egokia da ur-kirolak egiteko, bereziki windsurfa. Udan, alkate-auzora heldutako turista guztien elkargune bihurtzen da eta ekipamendu eta zerbitzu ugari eskaintzen ditu; gainera, bandera urdina dauka.

Plata eta Gracia lurmuturren artean, Alemaniarren Hondartza aurkituko dugu. 1,5 kilometroko luzera du eta mendi baten hegalpean kokatzen da. Olatu bortitzak izan ohi dira eta ez du inolako azpiegitura turistikorik. Gracia lurmuturreko itsasargira igoz gero, Zaharako kostalde osoa ikusteko eta bere edertasun naturalaz gozatzeko aukera izango dugu. Camarinal itsasargiaren aldamenean, Cañuelo Hondartzarekin egingo dugu topo. 700 metro inguruko hondartza honek isolatuta dago eta, beraz, bere izaera naturala mantentzen du oraindik.

Bere kostalde liluragarriaz gain, Zahara de los Atunesek badu bere xarma arkitektonikoa ere. Nuestra Señora del Carmen Eliza, esaterako, herriko eraikin aipagarrienetako bat da. Gobernador Sanchez Gonzalez kalean kokatuta, XVII. mendean altxatutako eraikin erlijioso ederra da.

Halaber, Zaharako Gaztelua eta harresia herrixkako eraikin esanguratsuenetakoak dira. XV. mendeko lehen erdialdera altxatu zuten helburu nagusi bat betetzeko: multzo arkitektoniko bakar batean oso funtzio ezberdineko hiru eraikin hartzeko; gaztelua, jauregia eta atuntokia. Gaztelua herria piraten erasoetatik babesteko altxatu zuten, jauregia Medina-Sidoniako dukeen udako egoitza izateko eta, azkenik, atuntokia, atun-sareen bidez harrapatutako atunak zatitu, gazitu eta prestatzeko eraikin bat hartzeko. 1985ean Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten. Gaur egun multzo arkitektonikoa erdi eraitsita dago. Harresia baino ez da zutunik geratzen eta gaztelua zegoen tokia gaur egun bat-bateko aparkalekuak edota azoka txikiak hartzeko erabiltzen dute udan.

(Argazkiak: Flickr.com)