Itzuli orri osora
Emakumeen Uhartea, Karibe mexikarraren altxorra
vie, 22 ene 2010 15:11:00 +0100

Emakumeen Uhartea Karibe Itsasoan kokatuta dagoen toki pribilegiatua da. Edozein bidaiari leku honen edertasunaren gatibu bihurtzen da zalantzarik gabe. Hemen ez dago aspertzeko astirik; oihan tropikalaren adar arteak, aztarna arkeologikoak, arrezife naturalak edo ur-kirolak dira Karibeko irla honek eskaintzen dituen xarmetako batzuk.

Uharte harrigarri hau Quintana Roo estatu mexikarra osatzen duten zortzi udalerrietako bat da. Yucatango penintsulatik oso hurbil dago, Cancun hiritik hamahiru kilometrora. Bertaratu daiteke ferrya erabilita, hogei minutu eskas irauten duen itsasontzi-ibilaldi batean.

Irlak zazpi kilometro ditu luzeran eta bat zabaleran. Herri txiki bat hartzen du soilik eta bertako biztanleek jakin badakite bisitaria nola gozarazi. Uhartea miatzeko bizikletak, motoretak edo golfeko karroak alokatu daitezke. Denbora eten egiten da toki honetan, hemen autoen kutsadurek ez dute tokirik.

Konkistatzaileen harridurarako

Emakumeen Uhartea Francisco Fernandez de Cordobak gidatutako espedizio espainiar batek aurkitu zuen 1517an. Garai hartan, egun daukan izena eman zioten eta, noski, kultura maiarekin zerikusia dauka. Aro prehispanikoan emakume maiek erromesaldia egin behar zuten irlara neskatila izateari uzten ziotenean eta emakume bihurtzen ziren momentuan. Emakumeen Uhartea Ixchel jainkosari, ilargiaren, amodioaren eta ugalkortasunaren jainkosari, sagaratuta zegoen. Gauzak horrela, fededunek emakume itxura zuten estatuak uzten zituzten uharteko hondartzetan. Espainiar konkistatzaileak hainbeste objektu harea artean topatzean aho bete hortzekin gelditu ziren eta izen hau ematea erabaki zuten.

Marrazoen kobazuloa

Karibeko altxorra den leku honek munduan ezagun bilakatu zen 70eko hamarkadan, hain zuzen, Marrazoen kobazuloa aurkitu zutenean. Emakumeen Uhartetik hamar minutura, 20 metroko barrentasunean, koba sakon bat dago. Bertako biztanleek diotenez, marrazoak sartu egiten dira baina ez dira irteten. Naturak eskaintzen digun fenomeno txundigarri horietako baten aurrean gaude. Tiburoiak kobazuloan sartzen dira eta bertan, orduak ematen dituzte geldi-geldirik. Txangozale adoretsuenek hementxe dute maila altuko urpekaritza egiteko aukera.

Baina, lasai, marrazoz betetako kobazuloan sartzea ez da derrigorrezkoa Emakumeen Uhartean dibertitzeko. Irla bustitzen duten turkesa koloreko urez gozatzeaz gain, ur-kirolak ere egin daitezke. Adibidez, arrantza, esnorkela, urpekaritza, snuba, sea treka, kayaka edo izurde eta dortoka artean igeri egitea. Arrezifeak dira beste erakargarritasun naturaletako batzuk; bereziki, Manchones arrezifea. Uhartetik hamar minutura dago eta bi kilometroko luzera duen koralezko uharrian zehar urpean igeri egin daiteke eta itsas azpiko faunaz gozatu.

Hala ere, gurea lehorrean egotea bada, irlaren hegoaldean tenplu maia bat aurkituko dugu. Kolonaurrekoa den eraikina da eta azpimagarria da konkistatzaileen garaitik zutik dagoela.

Lur gainean edo itsaso azpian, Emakumeen Uharteak maitemintzen du.

(Argazkiak: flickr.com)