Itzuli orri osora
Aveiro, Portugalgo Venezia
jue, 31 dic 2009 10:01:00 +0100

Coimbra hiritik 55 km iparraldera, Aveirorekin, Portugalgo Venezia izenez ezagutzen den hiri ederrarekin topo egingo dugu. Deitura hau herri zaharra zeharkatzen duten kanal xarmangarrietatik datorkio. Hauek Ozeano Atlantikoan itsasoratzen dira. Esan beharra dago itsasadarra arrainetan eta ur-hegaztietan oparoa dela; gainera, uretako kirol ugari egitea ahalbidetzen du.

Lurralde etena duen udalerria da honakoa, Aveiro itsasadarrean barrena hedatzen baita. Ia 25 kilometroko luzera duen kostaldeko penintsula batek eta hainbat uhartek osatzen dute ingurune polit hau. Baina XIII. mendera arte ez zuen hiribilduko kategoria lortu. Garai hartan, Aveiro pixkanaka-pixkanaka handituz joan zen San Migel Arkanjeluari donetsitako elizaren inguruan. Tamalez, itsasadar baten ondoan egoteak hiritarren arteko komunikazioan ezegonkortasuna sortu zuen. XVI. mendearen bukaeran eta XVII. mendearen hasieran kanala itxiarazi zuten portuko erabilera galaraziz. Erabaki honek krisi politiko eta soziala sustatu zuen eta, gauzak horrela, hiritar askok inguruko herrietara alde egitea erabaki zuten. XIX. mende aldera, hiriak hobekuntzak izan zituen, eta gaur egun, testuinguru ekonomiko nazionalean duen lekua lortu zuen orduan.

Portugalgo hiri handienetariko bat ez bada ere, Aveirok kultura aukera oparoa eta baliabide mugagabeak eskaintzen dizkio bisitariari. Bere kaleak, biztanleak edo gastronomia ezagutzeko asmoz ibilbide turistiko bat abiaraziko bagenu, Beira Mar bisitatu beharko genuke. Kalezuloen artean kokatutako etxe zaharrez eta gatz usaina duten kanalez osatutako auzoa da honakoa. Lurrin horren erantzuleak hiriaren inguruan aurkitzen diren gatzagak dira. Hauetaraino, egun osoan zehar antolatzen diren itsasontzi-irteeren bidez heldu gaitezke. Mouliceiro batera, mendeetan zehar bertakoek erabili izan duten ontzira, igotzea hiriak duen erakargarri turistikoetako bat da. Beste toki esanguratsu bat Praça do Peixe dugu. Enparantza honek egunak irauten duen bitartean, arrain freskoa erosteko aukera eskaintzen du. Baina, gaua heltzean, unibertsitateko ikasleek inguruko tabernak eta jatetxeak betetzen dituzte. Aveirok herrialdeko unibertsitate garrantzitsuenetarikoa hartzen du. Campusak hiri txikia dirudi espazio naturalak edo bertan bilduta dauden berrogei eraikinak direla eta.

Arkitektura zaleentzat ezinbestekoa da Aveiroko Se Katedrala bisitatzea. 1464an eraiki zuten eta egun, monumentu garrantzitsuenetarikoa da. Barruko aldean, alboetako kaperek eta erretaulak hartzen dute garrantzia.

Jesusen Komentua bisitatzea merezi duen beste eraikina da. Orden Dominikakoa da eta XV. mendean D. Brites Leitoak sortu zuen. Barruan Aveiroko Museoa gordetzen du. Portugalgo Arte Sakratua erakusten duen museo famatuenetarikoa da eta pinturari, eskulturari, tailua edo lauza beiraztatuen fabrikazioari buruzko erakusketak antolatzen ditu maiz.

Aveiroko erdigunean Foruma aurkitzen da. Aisialdirako gune irekia dugu eta bertan, erosketak egin daitezke eta legumes izeneko salda tipikoak edo pasteis famatuak dastatu. Itsasadarrean gora jarraitzen badugu, antzinako zeramika fabrikara helduko gara. Dena den, gaur egun itxita dago eta kongresuetarako erabiltzen da.

Baina atari zabalean egotea gustatzen bazaigu, aukerarik onena Jardim e Parque Infante D. Pedrora jotzea izango litzateke. Zuhaitz ugariz osatutako zonalde honek landare eta fauna zabalak biltzen ditu. Horrez gain, parke erdian laku bat aurkitzen da eta itsasontzi-ibilaldiak eskaini egiten dira.

Lasaitasuna baina, aldi berean, dibertitzea bilatzen ari direnentzako toki egokia da. Itsasoaren usainak kanaletan amaitzen diren kalezulo guztiak zipriztintzen dituen bitartean, etxe tradizionalek eta gatz biltegiek egokiro bat egiten dute hiriak duen modernitate kutsu horrekin. Azken batean, Aveirora hurbiltzea erabakitzen duenak... errepikatu egiten du.

(Argazkiak: flickr.com)