Itzuli orri osora
Gomera, miatu gabeko uhartea
jue, 24 dic 2009 09:58:00 +0100

Kanariar Uharteetako bigarren irlarik txikiena da Gomera. 375 kilometro koadro ditu eta Ozeano Atlantikoan kokatzen da, Afrikako ipar kostaldearen parean. Kanariar beste uharteak bezala, Gomerak ere, jatorri bolkanikoa du baina bertako sumendiek ez dute inoiz erupziorik izan.

Gomerak ez du jendetza handiko turismo erakartzen, uharteko zatirik handiena miatu gabe dago eta basoak, harea beltzezko hondartzak, parke naturalak eta mendiak dira nagusi irla osoan zehar. Natura atsegin dutenentzat toki zoragarria dudarik gabe. Urteko edozein sasoitan bertara hurbiltzen diren turistek, irlak eskaintzen dituen txoko ezin hobeei esker, aukera aproposa dute mendian ibiltzeko edota eskaladaz gozatzeko. Gomeran paisaia zoragarria da jaun ta jabe, eskalatzeko haitzak, Roque de Agando bezalako gune bolkanikoak, uharteko flora eta fauna aberatsaz gozatzeko aukera izango dugu, besteak beste.

Gomerako lehen biztanleak guantxe eta Afrikako ipar-mendebaldeko berbereak izan ziren. Hauek Silbo izeneko komunikazio era baten asmatzaileak izan ziren: txistu soinu berezi bat eginez komunikatzen ziren uhartean bizi ziren guantxeak.

Irlako ipar-mendebaldean Hermigua dago. Haran eder hau zeharkatzeaz batera ezin ditugu bisitatu gabe utzi inguruetako herririk esanguratsuenak. Agulo, esaterako, Gomerako herririk txikiena da. Bertako kale estuak eta harriz egindako etxeak uharteko arkitekturaren adibiderik argienetakoa lirateke. Leoncio Bento deritzon plaza nagusian San Markos Eliza dago.

Iparraldera joz, Vallehermoso udalerrira helduko gara. Herri honen txokorik interesgarrienak Alde Zaharra eta Epina izeneko aisialdi gunea dira. Azken honetan, zazpi iturritatik isurtzen den ur freskoa edateko aukera ezin hobea izango dugu. Aintzira Handia izeneko gunea ere toki aparta da pasiera bat emateko eta bista ederrez gozatzeko.

Aintzira Handitik abiatuz, Garajonay da derrigor bisita merezi duen txokoa. 1.487 metroko tontorra duen mendatea dugu Garajonay. Bertan dago baita, izen bera daraman Parke nazionala ere. Ustez, izen honek antzinako kondaira batetan izango luke jatorria. Dirudienez, Gara eta Jonay izeneko maitaleek mendi honetan egin omen zuten bere buruaz beste beren familiek bien arteko harremana onartzen ez zutelako. UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatu zuen 1.986 urtean Garajonayko Parke Nazionala.

Aipatutakoaz gain, uharte honek harea beltzeko hondartzak eskaintzen dizkio bisitariari. Hareatza hauetako onenetarikoak San Sebastian, La Cueva, Avalos edota la Playa del Ingles izango lirateke. Azken hori hippyek maiz erabili izan dute beren komunak antolatzeko. Halaber, hainbat igerileku natural aurkituko ditugu irlan.

Gomerak oparitzen duen lasaitasunaren eta turismo baketsuaren aurrez aurre, uhartetik 35 minutu eskasera, topatuko dugu hala nahi izan ez gero Tenerifeko hondartza jendetsuetan. Baina azken finean, hor datza Gomerako irlaren xarma: inork ezagutzen ez dituen txokoak eta oso gutxik zapaldu duten ingurune honek denboran atzera garamatza, gizartea era basatian bizi zen garai hartara arte, hain justu.

(Argazkiak:gomera-island.com)