Itzuli orri osora
Menorca, harriak hitz eta pitz
vie, 19 jun 2009 08:45:00 +0200

Mediterranear itsasoan kokatzen da Balear Uharteetako bigarren irla handiena, 702 kilometro koadroko azaleran 67.000 lagun bizi dira. Mallorcarekin, Eivissarekin eta Formenterarekin batera Balear Uharteak izeneko artxipelagoa osatzen du. Oraingoan, Menorcako sorburuetara bidaia egingo dugu eta historiaurreko eraikin bereziak izango ditugu hizpide hala nola, taulak, nabetak eta talayotak.

Irlak 8 udalerri ditu: Mao hiriburua, Ciutadella antzinako hiriburua, Alaior, Es Castell, Sant Lluis, Ferreries, Es Mercadal eta Es Migjorn Gran. Mao ekialdean eta Ciutadella mendebaldean biztanle gehien hartzen dituzten herriak dira, 28.000 eta 27.000 inguru, hurrenez hurren.

Mao hiriburura joko dugu lehendabizi. Portuko iparraldeko bokalean Fortalesa de lsabel II dago. Britaniarren erasoen mehatxuengatik eraiki zuten XIX. mendearen erdialdean. Behaketa astronomikoak, erakusketak, antzinako gauzen azokak... antolatzen dituzte eremu harresitu horretan.

Mao eta Alaior artean Torralba d'en Salord herrixka kokatzen da. Harresietako arrastoak gordetzen dituzte eta Historiaurretik Erdi Arora arte jendea bizi izan zen. Baina, duda barik, bere erakarritasun nagusia pilastrez inguratutako 4,30 metrotako taula da. Menorcan ez beste inon dauden eraikuntza megalitikoak dira taulak.

Jarraian, Alaiorren hegoaldera abiatuko gara Balearretako herrixka handiena bertatik bertara ezagutzeko. Torre d'en Gaumes du izena eta 60.000 metro koadro ditu; Mallorcako handienak, berriz, 17.000 ditu. Azken indusketa arkeologikoek 27 eraikin talayotiko egon zirela eta kataluniarren etorrera arte jendea bizi izan zela ezagutzera eman dute. Herrixkaren goiko aldean kokatzen dira eraikin interesgarrienak, hiru talayot eta taula bat dituzten eremuak, hain justu.

Mao eta Ciutadella lotzen dituen errepidean, hiriburutik 4 kilometrora dago Talati de Dalt historiaurreko herrixka. K.A III. mendean, ehun bat lagun bizi zirela diote.

Hurrengo geldialdia, Ciutadellatik kilometro gutxira egingo dugu. Bertan, Balear Uharteetako banako monumentu adierazgarriena miretsiko dugu, Naveta de Es Tudons. Biziki ederra da bi solairuko hilobi-monumentu hori, eta 1959-1960 urteen artean zaharberritu zutenez, kontserbazio-egoera bikainean dago. 100 pertsonen arrastoak, brontzezko objektuak eta kultura talayotikoan nagusi zen zeramika lanak aurkitu dituzte.

Azkenik, Ciutadellan osteratxoa egingo dugu eta hasteko, gotiko estiloko Menorcako katedralera hurreratuko gara. Antzinako meskita zegoen tokian eraiki zuten 1287. urtean eta jatorrizko minaretea gordetzen du. Bisitariak ezinbestean XVIII. mendeko Capella de les Animes ikusgarria ezagutu behar du. Ondoren, portuko zaindaria agurtuko dugu: Castell de San Nicolau. XVII. mendearen bukaeran eraiki zuten, ingelesek irla okupatu aurretik. Gaztelua berez, defentsarako dorre bat da eta apainketa barrokoko ate bakarretik sartzen da. Udan, zabal-zabalik ditu ateak eta neguan, aldiz, udaletxean baimena eskatuz gero, taldeko bisitak egin daitezke.

(Argazkiak: 1, 6: flickr 2: www.fortalesalamola.com; 3, 5: wikipedia; 4: www.talayots.es)