Itzuli orri osora
Ushuaia: hiri australena
mié, 10 jun 2009 08:45:00 +0200

Ushuaia Tierra del Fuego, Antartida eta Islas del Atlantico Sur probintzietako hiriburua da, "munduko hiri australena" bezala ezaguna. Beagle kanalaren ertzean kokatuta dago, mendebaldean Martial eta ekialdean Olivia eta Cinco Hermanos mendiak dauzka. Argentinako txoko honek paisaia berdingabea eskaintzen du, hain zuzen, mendiak, itsasoa, glaziarrak eta basoak uztartzen dituena.

Lurralde horretako lehen bizilagunak oinez iritsi ziren duela hamaika milurteko, egun, Isla Grande de Tierra del Fuego deitzen zaion lekura. Iparraldetik iritsi ziren ehiztari eta biltzaile nomadak ziren, eta baliabide naturalekin bizirauteko prest zeuden, izan ere, gune hori Patagonia kontinentalarekin kontaktuan zegoen oraindik. Kontinenteko tehuelche herriarekin ahaidetuta zeuden talde horietatik, selknam eta haush herriak sortu ziren. Patagonia mendebaldeko artxipelagoetatik ere beste bizilagun saldo bat iritsi zen. Itsasoko nomadak ziren, yamanastarrak eta kawesqartarrak.

Thomas Bridges izeneko gizon batek zuzentzen zuen artzain anglikanoen misiolari talde bat Beagle kanalean hasi zen bizitzen, 1869an. Gerora hiria izango zen lekutik oso hurbil jarri zuten haien kanpalekua.

Ushuaia Augusto Laserrek sortu zuen 1884ko urriaren 2an, Beagle kanalaren kostaldearen gainean. Andeetako Martial eta Olivia izeneko mendiek, haran emankorrek eta glaziar ikusgarriek inguratzen zuten hiria. Misio anglikanoa osatzen zuten kideek onartu egin zuten Argentinako Errepublikaren subiranotasuna.

Zibilizazioak aurrera egiten zuen heinean, indigenen bizimodu tradizionalak aldaketa ugari jasan behar izan zituen. Ushuaiatik eta beste hainbat lekutatik etxaldeetako jabeek kontratatutako mertzenarioak abiatu ohi ziren, aborigenak hiltzera. Hori dela-eta, lurralde hartako jatorrizko bizilagun gutxi geratzen zen bizirik 1930 urte inguruan.

XX. mendearen hasieran, Ushuaiako herrixka haren inguruan presondegi entzutetsua eraiki zuten. 1902tik 1947ra erabili zuten kartzela gisa, eta, ondoren, Argentinako Armadaren esku geratu zen. Denboraldi batez utzita egon eta gero, gaur egun, Itsas Museoa eta Presondegiaren Museoa aurkitzen dira bertan. Baina leku hark, baditu bitxikeria gehiago. Adibidez, munduko trenbide sare australena zuela. Kartzelatik Tierra del Fuego parke nazionala dagoen lekuan zeuden lan eremuetara presoak eramaten zituen. Gaur egun, helburu turistikoak lortzeko erabiltzen da trenbide sarea, hain zuzen, parke nazionalaren sarrerako terminala eta handik zazpi kilometrora dagoen estazioa lotzen ditu.

Interesguneak

Tren del Fin del Mundo edo Ferrocarril Austral Fueguino deritzon munduko lehen tren ekologikoak Tierra del Fuego Parke Nazionalaren zati bat zeharkatzen du. Tren horretaz gain, ez dago eremu horretara iristeko beste modurik. Ushuaia mendebaldean kokatuta dago, hiritik zortzi kilometrora; handik irteten dira Tierra del Fuegora doazen trenak.

Tierra del Fuego parke nazionala, bestalde, 1960an sortu zuten. 63.000 hektareako lur eremua hartzen du, eta Argentinako urpeko basoen premiazko erreserba da. Bertako bizilagunen arabera, "Paradisu Australa" da. Ushuaian hegoalderako hiru zenbakia duen errepidea hartu eta 12 kilometrora kokatuta dago.

Azkenik, Martial glaziarra hiritik zazpi kilometrora dago. Martial mendikatearen oinarrian Andeetako eski pista aurkituko dute bisitariek. Bertara igotzeko 1.100 metroko bidea egiten duen "aerosilla" hartu daiteke. Behin gora iritsita, Beagle kanala eta glaziarra ikusi daitezke.

(Argazkiak: Victor Alonso)