Itzuli orri osora
Motril, itsasoaren eta mendiaren artean
vie, 06 mar 2009 08:45:00 +0100

Granadako hegoaldeko muturrean kokatuta, Motril Costa Tropical eskualdeko hiriburua da. 60.000 biztanlerekin baino gehiagorekin, probintziako kostalde erdialdean dago, mendien eta itsasoaren artean. Hain zuzen, kokaleku zoragarri horri eta bere ondare monumentalari esker, aisialdia eta kultura uztartzen dituen eskaintza turistiko aberatsa du Motrilek. Hainbat herri daude udalerrian; Torrenueva, Carchuna, Calahonda, Puntalon, La Garnatilla, Los Tablones edo Las Ventillas.

Motril Granadako probintziak duen itsasorako irteera da eta, hegoaldean, Mediterraneo itsasoa du mugakide. Hortaz, Motrilgo portuak berebiziko garrantzia du. Merkataritza, arrantza eta kirol portu bat da eta, bertatik, mendiak eta itsasoa nagusi diren paisaia zoragarriak ikus daitezke.

Iparraldean, udalerriko monumenturik zaharrena dago: Enkarnazio eliza. XVI. mendean altxatutako tenplu honek estilo artistiko ugari uztartzen ditu; mudejarra, gotikoa, errenazentista edota barrokoa. Iparraldetik jarraituz gero, San Antonio baseliza aurkituko dugu; XVII. mendeko eraikin barrokoa. Karmengo eliza Motrilen dagoen beste eraikuntza erlijioso bat da. Tenplu hau XVII. mendean eraiki zuten, erdian harrizko gurutze bat duen tontor baten gainean. Mende berekoa da Jainkozko Artzainaren eliza; kanoi-gangaz estalita dagoen nabe bakarreko tenplu bat.

Udaletxea Motrilgo eraikin zibil nagusiena da. 1631n altxatu zuten, udaletxe zaharrago baten gainean. Halere, jatorrizko eraikinetik fatxada eta hormartea baino ez dira geratzen. Aurrealdea barrokoa da eta erdi puntuko arku batez osatutako portada ederra dauka.

Torre Isabel Kondesaren Etxea beste eraikin zibil garrantzitsu bat da. XVII. mendean altxatuta, XIX eta XIX. mendeetan zaharberritu zuten. Kanpoaldean, bi gorputzetan zatituta dago eta harrizko portada bat dauka. Barruan, aldiz, solairu nagusirako sarbidea den marmol zuriko eskailera ikusgarri bat da elementurik deigarriena.

Charcuna herrian, herriguneko hego-ekialdean, Charchunako Gaztelua dago. Itsasotik 70 metro eskasera kokatuta, eraikuntza berezi hau XVII. mendearen bigarren zatian altxatu zuten, tokia piraten erasoetatik babesteko.

Calderon de la Barca Antzokia Motrilgo eraikin berezienetakoa da. 1880. urtean eraiki zuten eta elementu neoklasikoekin apainduta dago. Eraikinak kanpoaldean apainketa soila duen arren, barruan edergarrien aniztasuna eta aberastasuna da nagusi; hain zuzen, sabaian dagoen mihise ikusgarria da antzokiko dekorazio elementurik azpimarragarriena. Hiru solairu ditu antzokiak: plateak, palkoak eta goialdea.

Motrilen dauden monumentuak bisitatzeko ibilbide kulturala egin ostean, udalerriko hondartzekin eta dagoen klima goxoarekin gozatzeko unea heldu da. Motrilen era askotako hondartzak daude eta guztira 20 kilometro hartzen dituzte. Hala, Granadako hondartza, 1,3 kilometroko luzerarekin, oso toki baketsua da. Askoz giro handiagoa dago, ordea, Poniente hondartzan; pasealeku ikusgarria duen bi kilometroko baino gehiagoko hondartza. Antzeko luzera dauka Peñon de Jolucar herriraino heltzen den Torrenueva hondartzak.

Hain zuzen, Peñon de Jolucarren eta Sacratif lurmuturraren artean, kala ugari daude eta denen artean Joya hondartza osatzen dute. Ur urdin eta bareak dituzten kala hauek paisaia ikusgarriak eskainiko dizkigute. Halaber, Carchuna hondartza, ia 4 kilometroko luzerarekin, edota Calahonda hondartza, udalerritik 13 kilometrora, bainatzeko eta eguzkia hartzeko hondartza aproposak dira ere.

Toki naturalekin jarraituz, ilunabar ikusgarriak eskaintzen dituzten paisaia ahaztezinak aurkituko ditugu beste hiru toki zoragarritan; Sacratif lurmuturrean, Suarez Putzuan, eta Bates Etxeko Lorategietan.

(Argazkiak: Motril.es )