Itzuli orri osora
Chichen Itza: Uretako magoen putzuaren ahoa
vie, 18 dic 2009 16:19:00 +0100

Yucatan da, hitz batean esanda, maien zibilizazioa maite dutenen topalekua. Tinumgo herrian, Yucatango estatuan, balio historiko handia duen aztarnategi arkitektonikoa aurkitzen da. Chichen Itza hiriaz ari gara. Nahiz eta gaur egun ondareak baino ez diren geratzen, bere garaian Erdialdeko Amerikako leku gorenetarikoa izan zen. Bere izena hitz maietatik dator: Chi (ahoa), Chen (putzua), Itz (magoa) eta A (ura). Beraz, bere izena Uretako magoen putzuaren ahoa litzateke.

Putzuak garrantzia hartzen du hiriaren izenari dagokionez, Chichen Itzan penintsulako lehenengo geruza freatikoa aurkitzen delako. Zenote bat da. 60 metroko diametroa eta 13 metroko sakonera du. Maiek sakratutzat jotzen dute bertan Chaac jainkoari, euriteen jainkoari, eskaintzak egiten zizkiotelako. Putzu honetara jaurtitzen ziren maiz emakume gazteak eta birjinak, beti arropa zeremoniatsuekin jantziak eta bitxiak gainean zeramatzatela. Zeremonietarako zentrotzat hartu zen Chichen Itza mendeetan zehar; horiek horrela, zenote horretara hurbiltzen ziren etengabe beraien eskaintzak egitera.

Baina zenote sakratu horrez gain, Chichen Itzak eraikin monumentalak ditu; ezagunena Kukulkaneko Piramidea litzateke. Lau alde dituen eta tenplu angeluzuzen batean amaitzen den piramidea dugu. Alde bakoitzak 24 m neurtzen ditu altueran eta goiko tenplura heltzeko harmailadiak ditu. Piramidearen iparraldeko aurpegian, mailadiaren oinarrian, Kukulkan jainkoaren sinbolo diren bi suge lumadunen buruak kokatzen dira. Ohitura zenez, maien hiri guztiek jainko bat zuten eta Chichen Itzakoak Kukulkan zuen izena. Kondaira maiak dioenez, Kukulkan Quetzalcoatl jainkoaren berraragiztatzea izan zen. Ekinozio egunean, jainko honen irudia birgogorazteko helburuarekin, piramidea argi-ilun joko baten agertoki bihurtzen da. Honek, Eguzkiaren argiarekin batera, ikusmenezko efektu bat sortzen du. Badirudi ikuskizun horretan antzeman daitekeela nola tenpluaren goialdetik piramidearen oinetaraino suge bat jaisten den. Kukulkan jainkoak Lurrera heldu zenekoa antzezten du.

Piramidearen ekialdean beste eraikin ikusgarri bat aurkituko dugu. Zuhaitzen artean Gerlarien Tenpluak bere lekua aldarrikatzen du. Honakoa, mailakatutako beste piramide bat da eta Mila Zutabeetako Tenpluarekin lotuta dago. Bi tenplu horietara sartzeko ate bat dago eta honek suge erraldoi baten gorputza irudikatzen du zutabeen bidez. Azpimarragarria da maiek sugea animali sakratutzat jotzen zutela. Zonalde horretan, Chac-mool baten eskultura aurkitzen da. Irudi honek gizon bat errepresentatzen du; baina gizaki honen gorputzak berezitasun batzuk ditu: etzanda ageri da beti, bere ukondoen gainean ipinita, belaunak tolestuta dituela eta burua 90 gradu okertuta duela. Estatua honi buruzko teoria aipagarri batek dioenez, harri hau sakrifizioak egiteko erabili ohi zen.

Munduak jada eskaini dio Chichen Itzari merezi duen balioa. 1988an Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen eta 2007ko uztailaren 7an, Munduko Zazpi Mirari Berrien taldean sartu zuten. Kontinente guztietako milioika boto-emaileak ezin dira oker egon, bizitzan gutxienez behin bisitatzea komeni den leku horietakoa da Chichen Itza.

(Argazkiak: Flickr.com)