Itzuli orri osora
Vicenza, Palladioren Hiria
mié, 31 mar 2010 15:15:00 +0200
Veneziatik 60 kilometro eskasera, Verona eta Padua artean aurkituko dugu Vicenza. Veneto eskualdean kokatutako izen bereko probintziako hiriburua, Palladioren Hiria bezala ezagutzen da; izan ere, Andrea Palladio arkitekto ospetsuak diseinatutako eraikin ugari ditu hiriak, tartean arkitektura garaikidearen altxortzat hartzen diren batzuk. Hartara, Vicenza maila handiko hiri arkitektonikoa da; hori dela eta, hiria Gizadiaren Ondare izendatu zuen Unescok.

K.a. VIII. mendean sortuta, Vicenzari XV. mendean heldu zitzaion loraldia, 1404 eta 1700 urteen artean, Veneziako Errepublikan sartu zenean. Garai hartan, aberastasuna heldu zen Vicenzara eta, diruarekin, oparotasunaren isla izan behar zuten hormigoizko erraldoiak altxatzeko nahia. Lan horretan, hiriko merkatari aberatsek eta aristokratek lankiderik egokiena aurkitu zuten: Andrea Palladio arkitektoa. Paduan jaiotako artista handiak jauretxe ugari altxatu zituen Veneto eskualdean. Jauretxe horiek gaur egun villa palladiar izenaz ezagutzen dira eta, 1996an, Gizadiaren Ondare izendatu zituzten.

Piazza dei Signori plazan, Vicenzako eta Palladioren beraren eraikin esanguratsuenetako bat aurkituko dugu: Palladioren Basilika. 1549an diseinatu zuen Andrea Palladiok eraikin errenazentista hau. Jatorrizko eraikina XV.ean eraiki zuten Palazzo della Ragione hartzeko; hau da, hiriko gobernuaren eta epaitegien egoitza izateko, alegia. Jauregia erautsi egin zen eta Palladiok hartu zuen eraikin berria altxatzearen ardura. Marmolezko kanpoko egitura bat, logia bat eta arkupe bat gehitu zizkion eraikinari, oso irudi bereizgarria emanez. Plaza berean, Palladioren Basilikaren ondoan, 82 metroko altuera duen dorre ikusgarri bat dago.

Piazza Matteottin Palladiok altxatutako eraikin ezagunetako bat dago: Palazzo Chiericati. Chiericati familia boteretsuaren aginduz eraikia, jauregia 1550etik 1680ra bitartean altxatu zuten. Aurrealdeak hiru gorputz ditu eta eraikinaren lau fatxadetan zutabe-lerro bi daude gainjarrita; beheko zutabeak dorikoak dira eta goikoak, berriz, jonikoak. XIX. mendetik aurrera, eraikinak Vicenzako Museoa hartzen du.

Palladioren sinadurarekin altxatutako beste bi jauregi ikustea nahitaezkoa da: Palazzo Tiene eta Palazzo Barbaran Da Porto; lehenbizikoaren fatxada Contra Porti kalera begira dago; bigarrena, 1570 eta 1575 urteen artean eraiki zuten eta, gaur egun, Palladio Museoaren eta Andrea Palladioren Arkitektura Ikertzeko Zentroaren egoitzak hartzen ditu.

Antzoki Olinpikoa, Palladioren altxorra

Dena dela, Vincenzan bisitatzea merezi duen Palladioren eraikin bat baldin badago hori Antzoki Olinpikoa da, zalantzarik gabe. 1580.ean diseinatuta, munduko lehenbiziko antzoki itxia izan zen. Palazzo Chiericati-ren aurrean kokatuta, eszenaurrea da eraikineko elementurik bereizgarriena. Bertan, Herkulesen omenez altxatutako arku ikusgarri bat dago, hiriaren ikurraz apainduta dagoena. Halaber, agertokiak plaza baten itxura du.

Villa palladiarrak, Gizadiaren Ondare

Veneto eskualdetik sakabanatuta, Andrea Palladiok hogei bat villatik gora altxatu zituen XVI. mendearen erdialdera, Vicenzako familia dirudun (aristokratak gehienak) ospetsuenentzat. 1994 eta 1996 urteen artean, villa palladiarrak Gizadiaren Ondarearen zerrendan sartu zituen Unescok. Erabilera zen jauretxe horien ezaugarri bereizgarrienetakoa; izan ere, jauregi palladiarrak ez ziren altxatzen jabeen aisialdirako soilik, beste mota batzuetako villekin gertatu bezala. Palladiok eraikitako jauretxeak produkzio-gune garrantzitsuak ziren, ia beti mahasti eta landa handiz inguratuta zeuden.

Capra Villa da, ezbairik gabe, mota horretako etxerik ezagunena eta garrantzitsuena. 1566tik aurrera altxatuta, oinplano zentraleko landa-jauregi hau Vicenza hiriaren kanpoaldean dago, muino baten gainean. Erromako Panteoi zoragarrian oinarrituta, Capra Villa arkitektura garaikidearen eraikin aipagarrienen artean dago, izan ere, XVI. eta XX. mendera bitartean gehien ikertutako eta imitatutako eraikuntzetako bat da. Eraikina karratua da, erabat simetrikoa, eta bere lau fatxadek galeria bana dute; galeria horietan sartzeko eskalinata ikusgarriak daude. Lau sarrera-ateek ganga batez estalita dagoen areto batera daramate; gela hori da, hain zuzen, eraikinaren ardatz nagusia. Jauregiaren barrualdea kanpoaldea bezain ikusgarria da, eskultura eta fresko ikusgarriekin apainduta dago eta.

Vicenzatik urrunago egon arren, badaude Veneto eskualdean bisitatzea merezi duten beste villa palladiar batzuk ere; besteak beste, Villa Badoer Fratta Polesine udalerrian, edota Villa Barbaro, Master udalerrian.

(Fotos: Wikipedia )