Itzuli orri osora
Padua, historiak eta edertasunak bat eginda Italia iparraldean
vie, 26 mar 2010 15:15:00 +0100
Izen bereko probintziako hiriburua, Padua Italia iparraldeko hiri bat da. Veneziatik 40 kilometrora eta Vicenzatik 29ra kokatuta, ekonomia eta garraio arloan herrialdearen iparraldean dagoen hiri garrantzitsuenetako bat da. Bacchiglione eta Brenta ibaiek bere hiri-egitura baldintzatzen dute; izan ere, lehenengoak Padua zeharkatu egiten du, eta bigarrenak, inguratu. 90 kilometro koadroko azaleran 200.000 biztanletik gora hartzen dituen hiri historiko honek erakargarritasun arkitektoniko ugari eskaintzen dizkio bisitariari, bere iragan kultural eta artistiko garrantzitsuaren ondorioz.

K.a. IV. mendean sortua, historia luzea duen hiria da Padua. Dena dela, bere goren aldia ez zen XIV. eta XV. mendeetara arte heldu, hiriko unibertsitate ospetsuaren bultzadari esker. 1222. urtean sortua, Paduako Unibertsitatea munduko zaharrenetako eta famatuenetako bat da. Hala, bertan Galileo Galilei (Fisika) edo Antonio Negri (Filosofia) bezalako aditu entzutetsuek irakatsi egin zuten.

Loraldi kultural eta artistiko horren ondorioz, gaur egun monumentu eta leku interesgarriak daude Paduan. Cappella degli Scrovegni kaperan emango diogu hasiera gure bidaiari. Unibertsitatetik gertu kokatuta, tenplu hau adreiluz altxatu zuten 1303 eta 1305 urteen artean. Oinplano angeluzuzenekoa da eta kanoi-ganga batez estalita dago. Hiriko monumenturik garrantzitsuenetako bat da; izan ere, Giotto artista handiak egindako freskoak hartzen ditu. Hain zuzen, kaperako dekorazio piktorikoa italiar pinturak emandako adibiderik garrantzitsuenetakotzat jotzen dute.

Palazzo della Ragione jauregia Paduan aurki dezakegun beste eraikin sinbolikoetako bat da. 1218.ean altxatuta, Paduako Gobernuaren eta Auzitegiaren egoitza zaharra da. Eraikinak Salone izeneko areto ikusgarria hartzen du: 81 metroko luzerakoa eta 27ko zabalerakoa, egurrezko egindako ganga ikusgarri batean amaitzen da. Salone aretoa astrologiari buruzko XV. mendeko fresko batzuekin apainduta dago eta, gainera, egurrezko zaldi erraldoi bat hartzen du, Piazza del Santo plazan kokatutako Donatelloren "Gattamalata" estatua ezagunaren kopia bat dena.

Palazzo della Ragione jauregiak Paduako bi plaza nagusiak banatzen ditu: Piazza delle Erbe eta Piazza dei Fruti. Piazza delle Erbetik Piazza del Duomo-raino helduko gara eta, bertan, Katedrala eta Bataiotegia bisitatu ahal izango ditugu. Egungo Katedrala hainbat eraberritzeren ondorioa da, azkenekoa XVI eta XVIII mendeen artean egindakoa da. Katedralen aldamenean, Bataiotegia dago. XII. mendean eraikia, eraikin eder horrek Genesiaren, Apokalipsiaren eta San Joan bataiatzailearen historiaren berri ematen duten freskoak ditu, 1375 eta 1378 urteen artean margotutakoak.

San Antonio Paduakoaren Basilika, hiriko altxor preziatuena

Piazza del Santo-ra hurbilduz gero, hiriko tenplurik garrantzitsuena bisitatu ahal izango dugu: San Antonio Paduakoaren Basilika. 1238 eta 1310 urteen artean altxatu zuten eta San Antonio Paduakoaren hilobia hartzen du; hori dela eta, munduko txoko guztietatik etorritako erromes ugarik bisatzen dute egunero Basilika. Oso konplexutasun arkitektoniko handiko eraikin ikusgarri honetan zenbait estilo artistikok egiten dute bat armoniaz; gotikoak, erromanikoak edota barrokoak, besteak beste.

Hiriko hainbat tokitatik ikus daitezkeen zortzi ganga eta arabiar estiloan altxatutako kanpandorreak ditu. Barruan, aldare nagusian, Donatellok landutako brontzezko eskulturak eta erliebeak daude; halaber, ia lau metroko altuerako argimutil baliotsu batek ere erakarriko du gure arreta. Basilika dagoen plaza berean, Donatelloren "Gattamalata" eskultura ezaguna dago ikusgai.

Gure ibilaldiari amaiera emateko, Lorategi Botanikoan hartuko dugu atseden. 1545ean sortuta, munduan dagoen Lorategi Botanikorik zaharrena da. 22 mila metro koadroko azaleran hedatzen da, eta 6.000 landare mota ezberdin hazten dituzte bertan.

(Argazkiak: Wikipedia )