Itzuli orri osora
Ibilaldia Alhambran barrena (IV)
vie, 05 mar 2010 09:03:00 +0100

Aste honetan Lehoien Jauregia bisitatuko dugu, nazariar artea gailurrera eraman zuen Alhambrako eraikina, alegia. Alhambrak eta nazariar sultangoak bizitako distira handieneko garaiaren ikur arkitektonikoa da Lehoien Jauregia. Bertan, elementu guztiek (ura, argia, apainketa...) armonia handiz egiten dute bat, nazariar artea edertasunaren eta espresioaren gorengo mailan ezarriz.

Barneko patio baten inguruan egituratzen da jauregia, eta patio hori inguratzen sultanaren lau gela pribatuak daude: mendebaldean Mokarabeena, ekialdean Erregeena, iparraldean Bi arrebena eta Ajimezena, eta hegoaldean Abencerrajes izenekoa.

Mokarabeen Gela izango da gure ibilbidean bisitatuko dugun lehenengoa, sarrera nagusitik gertuen dagoena baita. Jauregiko gelarik zaharrena da eta, bere garaian, mokarabez apaindutako ganga ikusgarria zeukan, XVI. mende amaieran bolborategi batek eztanda egin eta erabat suntsitu zuen arte.

Mokarabeen Gelatik, Alhambrako toki ezagunetako batera egingo dugu salto: Lehoien Patiora, alegia. Oinplano angeluzuzenekoa, marmol zuriko 124 zutabek osatzen duten galeria batez inguratuta dago, klaustro kristau baten antzera. Galeria edo arkupe hori jauregiko lau geletarako sarbidea da. Gela horietako bakoitzetik ur-jario bat ateratzen da, eta lau latsek patioaren erdi-erdian egiten dute bat: Lehoien Iturrian. Jauregiko apainketaren aberastasunaren ikurra, marmol zuriz altxatutako iturri ikusgarri hori eskultura musulmaneko obrarik garrantzitsuenetako bat da. Zurrusta gisa, leihoen eskultura batzuk arduratzen dira ur-zurrustak isurtzeaz eta, eskultura horien gainean, hamabi alboko "katilu" bat.

Eraikinaren hegoaldean, jauregiko bi bizitokietako bat dago: Abencerrajes Gela. Zortzi muturreko izar baten itxurako mokarabezko kupula da, zalantzarik gabe, gelako elementurik aipagarriena. Gela horren aurrean, iparraldean, jauregiko beste bizitegia aurkituko dugu: Bi Arreben Gela. Gelako zorua marmolezkoa da eta bere dekorazioa ikusgarria da oso, igeltsuz egindako apaingarriekin. Iturri txiki bat dago gela erdian, ura Lehoien Iturrira daramana. Begirada altxatuz gero, gelako elementurik garrantzitsuena ikusiko dugu: mokarabe fin eta dotorez apaindutako kupula ikusgarria.

Gela-hondoraino bagoaz, Ajimezen Gela ikusiko dugu. Bertan, jauregi-hiriko txokorik xarmagarriena bisitatuko dugu: Lindaraja Begiratokia. Alhambra osoan ez dago apaindura aberatsagoa duen tokirik. Bere garaian, Granadako hiriburua ikusteko begiratoki ederrena zen, baina Karlos V.aren Jauregiaren eraikuntzak paisaia estali zuen.

Erregeen Gelak patioaren ekialde osoa hartzen du; izan ere, jauregiko gelarik handiena da. Gela jaiak ospatzeko eta harrera-leku gisa erabiltzen zen 30 metroko luzerako atari baten inguruan egituratuta dago eta tamaina bereko hiru etzaleku hartzen ditu, mokarabez apaindutako kupula ikusgarriak dituztenak.

Karlos V.aren Gelek jauregiko beste leku interesgarrienetako bat osatzen dute. Sei dira guztira eta Karlos V.aren erregealdian zehar altxatu zituzten, 1528 eta 1537 bitartean, Linaraje eta Burdinsarearen patioen artean.

Lehoien Jauregiaren aldamenean, Partal Jauregia altxatzen da. Egia esan, jauregia osatzen zuten lau eraikinetatik bakarra baino ez da zutik geratzen. Eraikina arkupe batez osatuta dago eta, aurrean, uraska bat du, Comares Jauregiaren estruktura gogoraraziz. Arkupearen gainean, Damen Dorrea altxatzen da.

Partal Jauregiaren eremua utzi aurretik, Partaleko Lorategietan barrena ibiltzea oso bizipen gomendagarria izan daiteke, Alhambrako toki lasaienetako eta ederrenetako bat baita.

(Argazkiak: Wikipedia )