Itzuli orri osora
Ibilaldia Alhambran barrena (III)
vie, 26 feb 2010 16:03:00 +0100

Gotorlekua eta Karlos V.aren Jauregia atzean utzita, Alhambrako beste eremu batean murgilduko gara: Nazariar Jauregietan. Gortearen funtzio administratiboak eta Granadako Errege-erreginen egoitza hartzen zituzten jauregiek osatzen dute Nazariar Jauregiak. Alhambran sei jauregi eta bi dorre-jauregi egon ziren, baina gaur egun, Mexuar aretoak eta Comares eta Lehoien jauregi-multzoa.

Mexuar aretoa

Mexuar izeneko aretoa da jauregi-hirian bisitatuko dugun lehenbiziko tokia. Ismail I.aren (1314-1325) agindupean, Comares eta Lehoien jauregiak baino lehenago, altxatutako jauregi bateko gela bat zena, gerora errege-jauregiaren harrera-leku publiko bilakatu zuten. Bere historia luzean, hainbat zaharberritze izan ditu. Erregeak audientziak emateko eta justizia-areto gisa ere erabiltzen zuen. Halaber, aretoaren atzealdean otoiztegi bat dago, sultanak, haren familiak eta gorteko langileek otoitz egiteko erabiltzen zuten gela txiki eta ederra.

Ferra-arkuko ate txiki batetik Mexuar aretoko Patioan sartuko gara. Patio horretan, hain zuzen, ematen zien audientzia sultanak bere mendekoei. Iparraldeko aldean dagoen hiru arkuko arkupe bat igarota, Urrezko Gelan sartuko gara.

Urrezko Gela gorteko administratzaileek eta idazkariek erabiltzen zuten, sultanak emandako epaiak idazteko. Sartu bezain laster, gelaren goiko aldera begiratuko dugu, izan ere, bere egurrezko sabai ikusgarria da areto honetako elementurik aipagarriena. Errekonkistaren ostean, gela berriz ere apaindu egin zuten, pintura gotikoekin eta Errege-erregin Katolikoe ezkutu eta ikurrekin.

Comares Jauregia, erregearen egoitza ofiziala

Urrezko Gelatik irteterakoan, Comares Jauregiko fatxada ikusgarriarekin egingo dugu topo. Arte andalustarraren mugarrietako bat izateaz gain, aurrealde hori Comares Jauregiko sarrera nagusia da. Comares erregearen egoitza ofiziala zen eta, beraz, fatxada horrek esparru administratiboa (publikoa) eta familiarra banatzeko balio zuen. Hori argi eta garbi ikus dezakegu aurrealdeko bi ateetan; izan ere, horietako batek egoitzara ofizialera eramaten du eta, besteak, jauregiko patiora: Mitreen Patiora, alegia.

Jauregia osatzen duten gela guztiak patio angeluzuzen horren inguruan antolatzen dira. Mitreen Patioaren erdiko gunean uraska bat dago, patioak duen xarmaren gakoa. Uraskak berebiziko garrantzi arkitektoniko eta estetikoa du; izan ere, uraskako uretan patioaren estruktura osoa islatzen da.

Patioaren iparraldean, Comares Dorre erraldoia ikusiko dugu. 45 metroko altuerarekin, Txaluparen eta Enbaxadoreen gelak hartzen ditu dorreak. Lehenbizikoa bigarrenaren gelaurrea da. Txaluparen Gelako elementurik aipagarriena bere ganga erdizilindrikoa da. Bestalde, aretoak etzalekuak ditu eta alikatatu ezberdinekin apaindutako zokalo batez inguratuta dago.

Txaluparen Gela atzean utzita, jauregiko gela dotore eta handientsunena ezagutuko dugu: Enbaxadoreen Gela. Comares Dorrean kokatua, jauregiko gelarik handiena eta garaiena da. Oinplano karratukoa, alboek 11 metroko luzera eta 18 metroko altuera dute. Zorua marmolez egina omen zegoen. Gelaren apainketa aberatsa da oso, eta horma guztiek igeltsuz egindako apaingarri ezberdinak dituzte: oskolak, loreak, izarrak, idatziak. Halaber, gela dekorazio-inskripzioz beteta dago; poemak, Jainkoari zuzendutako alabantzak, testu koranikoak...

Dena dela, Enbaxadoreen Gelako elementu deigarriena, zalantzarik gabe, bere sabai liluragarri da. Kubo-formakoa da eta, bertan, kultura musulmaneko zazpi zeruak ageri dira, bata bestearen gainean; Koranak dio zeru horien guztien gainetik Jainkoaren tronua dagoela. Sabai osoa izarrez beteta dago, ehun eta bost guztira.

Enbaxadoreen Gela bisitatu ostean, Mitreen patiora bueltatuko gara. Albo batean dagoen arku txiki batetik igarota, Comares Bainuara iritsiko gara, pasadizo batean barrena. Comares eta Lehoien jauregien artean altxatuta, bainua bi jauregiak lotzen dituen gela. Terma erromatarren eredua jarraitzen du eta, bere berezitasuna dela eta, xarma handieneko Alhambrako aretoetako bat da.

(Argazkiak: Wikipedia )