Itzuli orri osora
Ibilaldia Alhambran barrena (II)
vie, 19 feb 2010 15:40:00 +0100

Alhambra gotorleku erasoezin bilakatzen zuen harresiak lau ate zituen kanpora: bi iparraldean (Armen eta Aldirien ateak) eta beste bi hegoaldean (Justiziaren eta Zazpi Zoruen ateak). Justiziaren atea da, zalantzarik gabe, guztien artean monumentalena. 1348an altxatu zuten eta ferra-arku erraldoi batez osatutako fatxada ikusgarria du. Ate horren atzealdean Uharken plaza handia zabaltzen da. Bertan, Ardoaren ate ezaguna aurkituko dugu. Alhambrako eraikin zaharrenetakoa da, Mohamed II.aren sultangoan zehar altxatu zuten, nahiz eta bere bi fatxaden dekorazioa beranduagokoa izan.

Gotorlekua, eremu militarra

Hain zuzen, Ardoaren ateak ematen dio hasiera eta bukaera Alhambrako hiru eremu nagusietako bat bisitatzeko ibilbideari: Gotorlekua. Hiri harresituko eremu zaharrena da, izan ere, Alhambra altxatu baino lehen eta baita musulmanak Granadara iritsi aurretik ere eraikuntzak omen zeuden toki horretan.

Eremu militarra zen. Alhambra une oro zaintzeaz eta defendatzeaz arduratzen ziren eraikuntzak eta pertsonak biltzen ziren bertan. XIII. mendean eman zioten nazariarrek gotorleku honi bere egungo fisonomia, dorre erraldoiak eraikita: Belaren dorrea mendebaldean, eta Omenaldiaren, Adargagilearen dorrea eta Hautsitako dorrea, ekialdean. Omenaldiaren dorrea gotorlekuko tokirik garaienean altxatzen da. 22 metrotik gorako altuera du eta sei solairu hartzen ditu. Bestalde, Belaren dorrea gotorleku militarreko garaiena da, 16 metroko zabalera eta 26ko altuera duen oinplanoarekin. Ziur asko, Belarena Alhambrako dorrerik ezagunena da, bereziki, goian duen kanpaia dela eta. Kanpaia dagoen tokiraino igoz gero, berehala ohartuko gara dorreak hiriaren babesteko eta defendatzeko izan zuen garrantziaz, izan ere, zabalera handiko eremu bat zaintzeko toki estrategiko bikaina da; bertatik Ibarra, Granada hiriburu osoa, inguruetako udalerriak, Sierra Nevada eta beste hainbat leku gehiago kontrolatu daitezke.

Omenaldiaren dorrearen aldamenean, beste eraikuntza militar bat aurkituko dugu: Kuboaren dorrea. Dorre erdizirkular hau 1586an altxatu zuten, Errekonkistaren ostean. Alhambrako gotorlekua bisitatuz gero, nahitaezkoa da dorre horretaraino igotzea, bertatik Darroko haranaren eta Albaicin auzoaren ikuspegi ederra izango baitugu.

Harresian dagoen atetzar batetik, eta ganga-formako barneko eremu bat zeharkatu ostean, Armen plazaraino helduko gara. Alhambrako hiri militarra zen, armadako soldaduak bizi ziren tokia. Bertan sultanaren goi-mailako soldaduen etxebizitzak zeuden, hori dela eta, gaur egun tokia Auzo Militarra bezala ezagutzen da. Egia esan, auzo hori kale estu batek bi eremutan banatzen duen hiri txiki bat da. Gaur egun, soldadu-talde haien etxeen eta eraikinen aztarna arkeologikoak ikus daitezke oraindik.

Auzo Militarretik Armen ateraino iritsiko gara, jauregi-hiriak kanpora zituen lau ateetako bat. XIV. mendera arte, hiria eta Alhambra zuzenean lotzen zituen sarbide bakarra zen, jauregi-hiriaren sarrera ofiziala Granadako biztanleentzat.

Gotorlekuan barrena egindako ibilaldiari amaiera on bat emateko, Adarbeen lorategitik pasatzea merezi du. XVII. mendean eraiki zuten, gotorlekuak babeserako izaera galdu zuenean. Gotorlekuaren sarreran kokatuta, lorategiak begiratoki bat du mendebaldean eta, bertatik, Granadako ikuspegi ikusgarri batez gozatu ahal izango dugu.

Karlos V.aren Jauregia, kristandadearen garaipenaren sinboloa

Karlos V.aren Jauregia eraikin errenazentista bat baino gehiago da. Alhambra musulmanaren bihotzean bertan kokatuta, kristandadearen sinbolotzat jotzen da, islamaren kontra lortutako garaipenaren sinboloa, alegia. Nazariar Jauregietarako sarbidea bat dauka eta Espainiako Errenazimentuko altxor arkitektonikoetako bat da. 1526an egindako bisita baten ondoren agindu zuen bere eraikuntza Carlos V.ak. Lanak urte bat geroagoa abian jarri zituzten, Pedro Machuca arkitektoaren gidaritzapean.

Jauregia karratua da eta fatxada nagusiek 63 metroko zabalera eta 17ko altuera dute. Barruko patio biribila da eraikinaren elementutik garrantzitsuena, bakarra bere estiloan eta jauregia Espainiako Errenazimentuko eraikin azpimarragarriena bilakatzen duena. Jauregiak bi solairu ditu; behekoa toskanar ordenakoa da, eta goikoa, berriz, jonikoa. Nazariar Jauregiekin lotuta dagonez, hegoaldeko eta mendebaldeko fatxadak baino ez daude guztiz apainduta. 1958 urteaz geroztik, jauregiak Granadako Arte Ederren Museoa hartzen du.

(Argazkiak: 1, 2, 3,4: Alhambra-patronato.es; 5, 6, 7: Wikipedia)