Itzuli orri osora
Ibilaldia Alhambran barrena (I)
vie, 12 feb 2010 15:44:00 +0100
Alhambra Granadako ekialdean, La Sabika mendixkan, Darro eta Genil ibaien arroen artean altxatzen da dotore eta gailen, bere harresi gorrixkaren babesean. Seiehun urtetan baino gehiagotan zehar eraikia, hiria gotorleku militarra, jauregi-hiria, Errege-erregina Katolikoen egoitza eta Granadako Erresumako kapitaintza jenerala izan da, aro horietako bakoitzak hirian barna arrasto baliotsuak eta aberatsak utzi dituela. UNESCOk Gizadiaren Kultura Ondare izendatutako jauregi-hiri andalustar hau bisitatzea nahitaezkoa da turismoa, artea, historia... maite dutenentzat. Hala, arte andalustarraren eta arte musulmanaren altxor preziatuenetakotzat jotzen den monumentu multzo honek ezkutatzen dituen txoko eta eraikin liluragarrienak bisitatuko ditugu, Alhambran nonahi ageri den uraren soinuaz lagunduta.

Alhambraren historia bere kokapen estrategikoari lotuta dago. Zenbait mendik babestutako muino arrokatsu baten gainean eraikia, Alhambra AlbaicĂ­n eta Sacromonte auzo historikoen aurrean dago, Granada hiri osoa zaintzen. Kokapen paregabe hori dela eta, jauregi-hirian sartu aurretik Granadako bi auzo historiko horietara hurbilduko gara, hori baita leku aproposena Alhambraren eta naturaren arteko bat egitearen harmonia bikaina ikusteko.

Hurbilpen historikoa

Bidaiari ekin aurretik Alhambrarekin lotutako gertakari historiko nagusiak ezagutzea komeni da, mendeen joan-etorriak hiri harresitu honetan utzitako aztarnak ulertzeko.

IX. mendekoak dira Alhambrako lehen aztarnak, baina XIII. mendera arte ez zuten gotorleku bihurtu, Nazariar lehen erregeak (Mohamed I.ak) gortea Albaicingo gotorlekutik Alhambrako muinora eraman zuen arte, alegia. 1238an, Mohamed I.ak errege egoitza ezarri zuen Alhambran eta, hala, egun ezagutzen dugun jauregi-hiriaren eraikuntza abiatu zuen.

Mohamed I. (1238-1273), Mohamed II. (1273-1302) eta Mohamed III. (1302-1309) sultanen agindupean altxatu egin ziren hiri harresituaren oinarrizko eraikin eta lanak; garai horietan, dorreak, jauregiak, harresiak eta meskitak altxatu zituzten eta ura hirira eraman zuten. Hala, Alhambra jauregi, zitadela, gotorleku eta sultanen eta gorteko funtzionarioen eta langileen egoitza bihurtu zen, besteak beste.

Dena dela, XIV.ean heldu zen Alhambraren garairik distiratsuenak, Yusuf I.aren (1333-1354) eta Mohamed V.aren (1362-1391) sultangoekin. Bi sasoi horietakoak dira, hain zuzen, gaur egun monumentu multzoan ikus daitezkeen eraikin gehienak.

XV. mende amaieran, Errege-erregin Katolikoek Espainiako Errekonkista amaitu zuten eta, urte horretan bertan, Boabdil Nazariar erregea kanporatu egin zuten, Granadako Erresuma amaitutzat emanda. Garai honetan, Errege-erregina Katolikoek Alhambran aldaketa anitz agindu zituzten, tartean hainbat eraikin botatzea edota Carlos V.aren Jauregiaren eraikitzea. Halere, XVIII. mendetik aurrera Alhambrak ez zuen inolako zainketarik izan eta hondatzen joan zen, urteen joan-etorriaz. Mende bat geroago, XIX.ean, eraikin multzoa berreraikitzeko, zaharberritzeko eta kontserbatzeko lanak hasi ziren, gaur egun ere egiten direnak, alegia.

Eraikin multzo ikusgarri honen eraikuntzan zehar izandako gertakari historiko aipagarrienak errepasatuta, eta Albaicin eta Sacromonte auzo historikoetatik jauregi-hiriak utzitako irudi zoragarriaz gozatu ostean, ibilaldiari ekingo diogu Alhambran barrena, gure zentzumenak erabat aseko dituen esperientzia bati hasiera emanda.

Alhambrako barrutian hiru eremu bereiz daitezke: Gotorlekua, Alhambrako gotorleku militarra eta eremurik zaharrena; Nazariar Jauregiak, gorteko administrazio funtzioak eta Granadako Errege-erreginen bakarleku pribatua hartzen zituen jauregi multzoa; eta Generalifea, Errege-erregina musulmanek atseden hartzeko erabiltzen zuten landetxea.

Sarrera

Zenbait ibilbide daude Alhambran sartzeko. Interesgarriena Granada erdialdetik oinez igotzea da, jauregi-hiria altxatzen den ingurune naturalaz gozatzeko. Hala, Granadako Plaza Berritik abiatuko gara, eta Cuesta de Gomerez bidetik igo egingo dugu. Ibilbide hau hartuz gero, aurkituko dugun lehen monumentua Granaden atea izango da. Ate errenazentista honen atzean Alhambrako basoa zabaltzen da, albo bakoitzean pasealeku bana dituela. Ezkerrekoa hartuta, harresiaren hegoaldeko tartera helduko gara eta Alhambrarako sarbide nagusia aurkituko dugu: Justiziaren atea.

(Argazkiak: 1, 2, 6: Alhambra-patronato.es; 3, 4, 5, 7 Wikipedia)