Itzuli orri osora
Copenhague, Danimarkaren muin nagusia
vie, 29 ene 2010 10:07:00 +0100

Sjælland uhartean aurkitzen da Copenhague, Danimarkako hiriburua eta hiri garrantzitsuena; 2.673 km2 ditu eta 1.800.000 biztanletik gora. Copenhagueren jatorria XI. mende inguruan dago, havn (portua) zeritzon arrantzale herrixka tiki batean. Denboraren poderioz, merkataritza esparruan, portu honen garrantzia areagotzen hasi zen eta Købmandshavn (dendarien badia) izena hartu zuen; hemendik dator egungo hiriaren izena.

Copenhagueko Alde Zaharra, hiriaren oinarria da eta oraindik ere jatorrizko arrantzale kutsua gordetzen du. Udaletxeko plazatik Kongens Nytorvera arte doazen bost kaleek (Frederiks berggade, Nygade, Vimmelskaftet, Amagertorv eta Ostergade) Stroget izeneko gunea osatzen dute eta oinezkoen munduko alderdirik luzeena dela diote askok. Hiriko alderik jendetsuenetakoa dugu, dendaz eta era anitzeko saltokiez gainezka dago.

Amalienborg Jauregia, errege familiaren etxea, Danimarkako arkitekturaren erakusgarririk landuenetakoa da. N. Eigtvedek altxatu zuen 1750 eta 1768 bitartean. Garai hartan errege zen Federico V.aren omenez egindako estatuaren inguruan eraikita dauden lau jauregi berdin-berdinek osatzen dute. Gaur egun, jauregietako bi ikusteko aukera dute bisitariek, Christian VII eta Christian VIII. Bi hauek, gainera, erreginak berak ere erabiltzen ditu gonbidatuei harrera egiteko.

Marmorkirken (marmolezko eliza) dugu hiriko beste eraikuntza benetan bitxietako bat. Dotoreziaz betetako itxura du eraikuntza hau XIX. mende amaierakoa da. Deigarriena, elizako kupula da zalantzarik gabe; Erromako San Pedro elizarenaren antz handia hartzen diote adituek.

Langelinie parkean, portuko badian, hiriko ikur nagusienetakoa dago, Sirenatxoaren eskultura ospetsua. Portu ondoko bidexka batek gidatzen du bisitaria Hans Christian Andersen idazle famatuaren pertsonaia dagoen tokiraino. Brontzez egindako estatuak 1,25 metroko garaiera du eta granitozko harri baten gainean kokatuta dago. Danimarkako kondaira batek dio, behin arrantzale xume bat sirena baten ahotsarekin liluratu omen zela eta sirena bera ere biziki maitemindu omen zela arrantzaleaz. Maiteminak bultzatuta, sirena izateari utzi eta gizaki bihurtu omen zen bere maitearen ondoan bizi ahal izateko.

Rosenborg Jauregia Christian IVak eraiki zuen udako etxe bezala erabiltzeko baina beranduago, berriztatu egin zuten eta, egun duen itxura hartu zuen gaztelu honek. Barruan gordetzen diren altxorrak hainbat dira baina, koroako bitxiak dira zalantzarik gabe, esanguratsuenak. Jauregia inguratzen duten lorategiak Danimarka osoko zaharrenak dira; milaka turisten bisitak jasotzen dituzte egunero.

Hirian dauden 35 bat museotatik Museo Nazionalak eta Arte Ederren Museoak ia derrigorrezkoa den bisita bat merezi dute. Lehena, mundu mailako historiaren inguruko obrak biltzeaz gain, Danimarkako kultura eta historia instituziorik garrantzitsuena ere bada; Arte Ederren Museoak, bere aldetik, Picasso, Matisse, Rubens edo Rembrandt bezalako artista esanguratsuen obrak erakusten ditu.

Ez da toki historiko bat eta ez du aberastasun kultural edo arkitektoniko argirik, baina, hala ere, Tivoliko Lorategiak dira Copenhagueko turistek gehien bisitatzen duten guneetako bat. 1843ko abuztuaren 15ean zabaldu zen jolas-parke honen sarrerako ate bitxiak orduko berbera izaten jarraitzen du oraindik. Batzuek, modatik pasatua dagoela eta aski garestia dela diote; kitsch estilokotzat jotzen dute. Hala ere, familia osoa joateko toki bikaina da, danimarkarrek betidanik biziki maite dutena gainera; horregatik dago seguru asko beti jendez gainezka. Hainbat gauza egiten eguna pasatzeko aukera ematen du: tren eta errusiar mendietan ibili, erakusketa edo kontzertuez gozatu, jolas ezberdinetan parte hartu edo iturri eta lorategietan zehar paseatu ostean jatetxeren batean otordu on bat egin, eta abar. Urtero, lau milioi pertsona inguruk bisitatzen dute parkea eta aipatutako ekintza guztiez gain, Europako iparraldeko mitologiaren eta Hans Christian Andersen idazle ospetsuaren ipuinen inguruko hainbat datu eta bitxikeria ikasten dituzte. Parkeak bisitariei eskaintzen dien azken oparia noria erraldoian igotzen direnek soilik gozatu dezakete: Copenhagueko ikuspegi liluragarriaz gozatzeko aukera ezin hobea.

2000. urtetik Copenhague eta Malmö (Suedia) hiriak, itsaso gainetik doan Oresund Zubiari esker lotuta daude. Errepidez edo trenez gurutzatu daiteke: ibilgailuentzako sei errail eta trenentzako bi nasa ditu. Ia zortzi kilometroko luzerarekin, Europako zubi konbinaturik (tren-errepide) luzeena da.

Baina ez dago hiriburutik alde egiterik Christianiako "mundu" berezian sartu gabe. 1971tik abian dirauen hippie ideologiako komuna honek ez du kultura ez bizitza estilo zehatzik; "Barruti Askea" izenarekin egin da ezaguna. Norbere kudeaketan eta adostasun demokratikoetan oinarritu nahi zuen giza esperimentu bezala hasitako ekimen honek, gaur egun ere, bizitza estilo alternatibo bat dutenak biltzen ditu baina Danimarkako legediaren menpe bizi dira.

(Argazkiak: flickr.com)