Itzuli orri osora
Normandia, gerrako paisaiaz haratago
vie, 15 ene 2010 12:52:00 +0100

Normandia, Frantziako iparraldean kokaturiko herrialdea da. Bost departamendu biltzen ditu: Calvados, Seine Maritime, Manche, Orne eta Eure; guztiak kostako herriak, azken biak izan ezik. Basoz gainezka dauden mendixkek, haranek eta landek osatzen dute eskualdea, maldaz inguratutako hondartza luzez eta Sena ibaiaren ubide dotoreaz inguratuta. Herrialde honen ondasun monumental ikusgarriak gainera argi uzten du inguru honek duen ospea ez duela soilik II. Mundu Gerran jasan zuen lehorreratzearen ondorioz lortu.

Normandiako mapan Mont-St-Michel abade-etxea da arreta gehien merezi duen gunea; UNESCOk Gizateriaren Ondasun Kultural eta Naturala izendatu zuen. Mantxako Kanalak ia guztiz inguratzen duen uharte baten gailurrean dago eta egun ere, fraide beneditarren bizilekua izaten jarraitzen du. San Michel abade-etxea XVIII. mendean eraiki zuten Aubert apezpikuaren aginduz. Diotenez, apezpikuak San Miguel Arkanjeuaren hatz-markaren arrastoa zeukan burmuinean.

Rouen Normandiako artearen hiritzat jotzen da; erabat errenazentista, Place du Vieux-Marche da erakargarririk nagusiena. Plaza ikusgarri honetan hil zuten sutan Juana Arcekoa 1431n. "Ehun kanpandorreen hiria" bezala bataiatu zuen Victor Hugok Rouen, biltzen dituen eliza anitzak direla eta; horien artean garrantzitsuenak Notre-Dame, St Ouen eta St Godardeko katedralak lirateke. St Maclou klaustroa bestalde, antzinako hilerri bat da; han lurperatu zituzten 1348an hiriak jasandako "Izurrite beltza"k eragindako biktimak, Maclou auzoko biztanlerik gehienak. Garezurren tailu beldurgarriek, gurutze itxuran jarritako hezurrek, hareazko erlojuek eta ehorzketarako erremintek apaintzen dute hilerri osoa.

Calvadoseko departamendua da baita herrialde honetako erakargarritasun turistiko aipagarrienetako bat. Nekazal gunea da, aski famatuak direlarik bertako gazta, sagardoa eta, nola ez, izen bera daraman sagarrez egindako brandya. Caeneko herria Bigarren Mundu Gerran ia osorik suntsituta geratu bazen ere, zenbait eraikuntza bere horretan mantendu ziren eta egun ere bisitatu daitezke, esaterako, Gilen I.a Konkistatzailearen aginduz altxatu ziren Aux Dames eta Hommes abade-etxeak.

1944an, II. Mundu Gerran zehar, jazotako lehorreratze ospetsuan herrialdeak izandako papera aipatzean areagotzen da Normandiara hurbiltzen den edozein turistaren arreta. Hainbat monumentu daude Normandiako hondartzetan banatuta egun hartako gertakarien ingurukoak gogora dakartzatenak. Arromanches-les-Bains hondartzatik hurbil, adibidez, tropei lehorreratzen laguntzeko Mantxako kanala zeharkatu zuen ontziaren arrastoak bisitatu daitezke oraindik ere. Musee du Debarquement museoan, egun hartan gertatutakoaren inguruko argazkiak, mapak eta maketak erakusten dira. 9.300 soldaduren gorpuzkiek Cimetiere americain de Normandie hilerrian atseden hartzen dute, Omahako hondartzaren ondoan. Hona iritsi zen lehorreratzea egin ziren 1ngo mailako tropak. Gertakariarekin zerikusi estua duten beste toki historiko batzuk Pointe du Hoc eta Utah hondartza dira. Batean, malkarretan gora egin zuten soldaduen aldeko monumentu bat dago ikusgai eta hondartza, hau da, infanteriako 4. mailako soldaduak lurra hartu zuten tokia.

Azkenik, Ormeko departamenduan ekintza kulturaletatik aldendu eta aire libreaz gozatzeko aukera ematen duten hainbat gauza egiteko parada dago. Hemen dago hain zuzen Frantziako parke nazionalik handiena, Parc Regional du Normandie-Maine. Parketik aterata, ia derrigorrezkoa da Maison du Camembert etxean egiten den gazta dastatzea eta bidaia behar den moduan bukatu eta lasaitu ederra hartzeko, Bagnoles-de-L'Orne bainuetxe termala bisitatzea edo Haras du Pinen egiten diren zaldi ikuskizunetako bat ikustea bezalakorik ez dago.

(Argazkiak: 1, 2, 3, 4, 6 eta 7: flickr.com/fabcom; 5: flickr.com/senderistas)