Itzuli orri osora
Hannover, bihotz berdea
vie, 14 ago 2009 18:32:00 +0200

Berdegune gehien dituen Alemaniako hirietako bat da. Izen bereko herrialdeko eta Saxonia Beherea estatu federaleko hiriburua da Hannover. 523 mila lagunetik gora bizi dira bere 51 auzotan. Lorategi zein museo eskaintza zabala izateaz gain, zoo izugarria eta Alemaniako azoka-barruti handiena du. EXPO 2000 munduko erakusketa Hannoverren izan zen.

Berlinetik 265 kilometrora dago Hannover, Leine ibaiaren ertzean. Europaren erdialdean kokatuko hiri hau, 51 auzo biltzen dituen 13 barrutitan banatuta dago. Erdiguneko (Stadmitte) erakargarritasun turistiko nagusiak ezagutzeko, 4.200 metroko "hari gorria" jarraitzea besterik ez dago. Hala, XV. mendeko Udaletxe Zaharra (Altes Rathaus) eta 1913an inauguratutako Berria (Neues Rathaus), alde zaharreko (Altstadt) adreiluzko eraikin gotikoak, Leineschloss gaztelua, museoak edota opera miresteko aukera izango da. Aipamen berezia merezi du udaletxe berriko kupulatik dauden bista ederrak; okertutako igogailu bat hartu behar da Guillermo II. enperadorearen garaiko eraikinera igotzeko.

Bere berdegune ugariengatik ezaguna da Hannover. Batetik, hiriaren bihotzean dagoen Eilenriede basoa, Europako handienetarikoa da. Bestetik, Königlichen Gärten Herrenhausen izeneko lorategi barrokoek ere markak hausten dituzte, izan ere, Alemaniako handienen rankingaren lehen postuetako bat dagokie. Hiriaren erdigunetik ipar-mendebaldean daude eta 1666 urtean eratu zituzten. Antzezlanak, kontzertuak eta musikalak aurkezteko agertoki bilakatzen da lorategia udako Festwochen Herrenhausen izeneko aste kulturaletan. Herrenhausenetik gertu, ingeles estiloko Georgengarten lorategi botanikoa bisitatu daiteke. Europako lorezaintzaren hiru mende laburbiltzen ditu bi kilometrotan. Eta aipatu azken honen aurrez aurre, Berggarten entzutetsua dago. Bertan, 500-800 orkidea ederren loraketa bertatik bertara ikus daiteke.

Haize freskoa hartu eta landaren batean atseden hartu ostean, zooko animaliak agurtuko ditugu. Alemaniako zaharrenetarikoa da eta erdigunetik bi kilometrora kokatzen da. Sei habitat ezberdinetan banatutako 2000 animali inguru hartzen ditu eta ikuskizunak eskaintzen dituzte egunero.

Arte eta historia zaleek egunak eman ditzakete museoz museo, guk zenbait proposamen luzatzen dizkizuegu. Erdiguneko Maschsee laku artifizialaren ondoan, Sprengel Museum dago. Arte garaikidea nagusi da bertan eta Picassoren, Nolderen, Kleeren... artelanak biltzen ditu. Bestalde, antzinako kulturak ardatz ditu August Kestener Museumak. 1889an ireki zituen bere ateak eta Saxonia Beherako museo handienetarikoa da. Bitxikeriak bitxikeri, arte satirikoari omenaldia egiten dio Wilhem-Busch-Museumak. Izen bereko artistaren bilduma erraldoia du erakusgai hala nola, 335 oleo, 1200 marrazki, 896 eskutitz eta 193 poema. Azkenik, naturarekin bat egiten duen museo berezia gomendatzen dizuegu, La grotte, alegia. Ipuinetako Herrenhausen lorategiko haitzulo batean bete zuen bere ametsa Niki de Saint Phallek. Sona handiko artistak koloretako beirak, ispiluak eta harri-koskorrak erabili zituen mosaiko bat egiteko. Etengabeko argi aldaketek itxuraldatu egiten dute artelana eta adin guztietako bisitariak liluratu egiten ditu.

Munduko hiriburu bilakatu zen Hannover 2000ko ekainaren 1etik urriaren 31ra arte. "Gizakia, natura, teknika" lelopean, EXPO 2000 munduko erakusketa hartu zuen hiriak.Alemaniako azoka-barruti handiena du Hannoverrek; milioi bat metro koadroko eremuan 27 esparru itxi biltzen ditu. Hala, milioi erdi bisitarik bat egiten duten CeBIT Europako informatika azoka esanguratsuenean urtero. Venezuelako pabilioi originalak EXPO 2000 ekitaldi garrantzitsua gogoratzen du. 3 solairuko lore formako egiturak 16 petalo dituen bobeda du. Zurtoin hidraulikoak 19 metro ditu eta petalok ireki eta itxi egiten dira, lorea zabal-zabalik dagoenean, 39 metroko diametroa du. "Mundurako lore bat" lana Fruto Vivas arkitektoaren diseinua da eta Venezuelako lore nazionala den orkidea omentzen du.

(Argazkiak: 1, 2, 3, 5, 6 eta 7:www.flickr.com; 4: www.viajeros.com)