Itzuli orri osora
Eivissa, sorburuetara bidaia
vie, 15 may 2009 18:32:00 +0200

Ibiza, katalanez eta ofizialki Eivissa, Mediterranear itsasoan kokatzen da. Mallorcarekin, Menorcarekin eta Formenterarekin batera Balear Uharteen parte da. 70. hamarkadan hippyen paradisu bilakatu zen eta gaur egun, asko eta asko dira oraindik bere diskoteketako gaugiroaz eta hondartza ederrez gozatzeko asmoz bertaratzen diren turistak. Oraingoan, Eivissaren ondare kulturala eta naturala ezagutzera emango dizuegu, hala, nola, iraganarena bidaia egingo dugu eta Gizateriaren Ondare izendatutako herrixka feniziarra, Espainiako Estatuko lehen arte garaikideko museoa eta Ses Salines natura-erretserba bisitatuko ditugu.

Pitiusas izenaz aski ezagunak dira Eivissa eta Formentera. Grekoen eta erromatarren garaian, makina bat pinu zeuden irlotan eta zuhaitz horri grekoz pitys esaten zioten. Halaber, garai hartakoek Gimnesias zeritzoten Mallorcari eta Menorcari. Hamaika irlatxok inguratzen dituzte Pitiusak, hain zuzen, Eivissa eta Formentera artean Portes, Caragolé, Penjats, Negres, Punta Rama, Illa d'en Poros, Torretes, Gastaví, Illa de S'Alga, Espalmador, Espardell eta Espardelló daude. 570 kilometro koadrotan 125.000 biztanletik gora hartzen ditu Eivissak. Iberiar Penintsulatik 77 kilometrora dago, Alacanteko Denia herriaren aurrean eta Mallorca berriz, hego-mendebaldean 140 kilometrora du. Iparraldetik hegoaldera 41 kilometro luze eta ekialdetik mendebaldera 15 kilometro zabal ditu uharteak. Ciutat d'Eivissa da bere hiriburua eta herri garrantzitsuenak Santa Eulària des Riu, Sant Antony de Portmany eta Sant Josep de sa Talaia dira. Azken honetan, Eivissako mendirik garaiena dago, 475 metroko Sa Talaia.

Irlako 85 metro koadro hartzen dituzten zenbait erakargarritasun turistiko Gizateriaren Ondare izendatu zituen Unescok 1999an. Batetik, Sa Caleta kokaleku feniziarrak eta 3000 mila hilobitik gora biltzen duen Puig des Molins nekropolia. Bestetik, Errenazimenduko arkitektura militarraren adibide den hiriburuko Dalt Vila eta, azkenik, Ses Salines natura-parkea.

Sant Jordiko aireportuan lurreratu eta hiriburura abiatuko gara. Hasteko, Dalt Villa izeneko esparru harresitua ezagutuko dugu. Otomandarren eta piraten erasoetatik babesteko eraiki zuten harresia XVI. mendean. Barrutiak bost ate ditu baina guk Marina auzoaren parean dagoen ate nagusia, Portal de ses Taules izenekoa hautatuko dugu. Hala, arma patioan sartuko gara eta hortik, Placa de Vila auzoaren bihotzera iritsiko gara. Enparantza hori, badiaren eta Formentera irlaren bista ederrak eskaintzen dituen bastioietara igotzeko gure abiapuntua izango da. Jarraian, gotiko estiloko katedrala dagoen plazara hurreratuko gara. Bertan, Museo Arkeologikoa kokatzen da eta bere ondoan, Kartagoko arrasto bilduma handiena gordetzen duen Puig des Molins nekropolia ostera egitea gomendatzen dizuegu.

Eivissako portuaren ondoan, La Marina auzoa dago. Horma zurituko etxea tipikoak nagusi dira eta bere kale estuetan, besteak beste, artisautzako produktuak zein arropa zuria ardatz duen adlib modako arropako denda ugari eta arte galeriak daude. Eta arteaz ari garela, ezin dugu hiriburua agurtu Museu d'Art Contemporani d'Eivissa (MACE) bisitatu gabe. 1969an ireki zituen bere ateak eta arte garaikidearen alorrean aitzindaria izan zen Espainiako Estatuan. 1964ko Eivissako Bienalaren harira inauguratu zuten; ferian saritutako lanak museo batean erakusteko eman baitzituzten antolatzaileek. Horrez gain, grabatu bilduma zabala ikus daiteke.

Uhartearen hegoaldera egingo dugu jauzi. Sa caleta herrixka feniziarra Sant Josep de sa Talaia udalerrian dago, hain justu, Es Codolar hondartza eta Puig de Jondal arteko erdibidean. Zenbait ikerketen arabera, metal bila zihoazen feniziarrek eraiki zuten herrixka K.A VII. mendean baina 80. hamarkadara arte ez zuten balio handiko aztarnategi hori aurkitu. Berrogei edo berrogeita hamar urtez hirurehun bat lagunen bizilekua izan omen zen. K.A VI. mendearen hasieran baina, euren kokalekua utzi, Eivissako badiara lekualdatu eta hala, egungo uharteko hiriburua eraiki zuten.

Gure azken geralekua Parc Natural de Ses Salines d'Eivissa i Formentera izango da. Eivissako hegoaldetik Formenterako iparralderaino iristen da parke naturala, lehorreko 2.800 hektarea eta itsasoko 13.000 inguru hartzen ditu. Bere ondare biologiko aberatsa babesteko, natura-erretserba eta natura-parkea izendatu zuten, 1995ean eta 2001ean, hurrenenez hurren. 210 hegazti eta 178 landare espezie katalogatu dituzte.

(Argazkiak: 1, 2, 4: www.flickr.com; 3, 5, 6, 7: www.illesbalears.es)