Itzuli orri osora
Goa, hippy berrien paradisua
vie, 03 abr 2009 18:31:00 +0200

Indiako mendebaldeko kostaldean eta Mumbaitik 400 kilometrora kokatzen da herrialde horretako estaturik txikiena. Bost mendetan zehar portugaldarren kolonia izan zen Goa, hala, elizak eta hinduisten tenpluak nonahi daude. 60. hamarkadan, hondartza idilikoek eskaintzen zuten bakardade bila zihoazen hippyen helmuga turistiko bilakatu zen. Gaur egun asko eta asko dira oraindik 100 kilometroko kostaldean zehar sakabanatuta dauden kala ederrak, diskoteketako gaugiroa eta azoka txikien xarma ezagutzeko asmoz motxila lepoan hartuta bertara joaten diren turistak.

Arabiako Itsasoko urek bustitzen dute Indiako estatu txiki hori. 1.100 miloi bizi dira Indian eta Goak, 3.700 metro koadrotan 1,3 milioi lagun besterik ez ditu hartzen. Goa, guztira, hamaika azpibarruti biltzen dituen bi barruti nagusitan antolatzen da: Hegoaldeko Goa (Canacona, Momugao, Quepem, Salcette eta Sanguem) eta Iparraldeko Goa (Bardez, Bicholim, Pernem, Ponda, Satari eta Tiswadi).

Vasco da Gama itsasgizona izan zen Indiara iritsi zen lehen europarra 1498an. Espezien merkatuko jaun eta jabe izan nahi zuten portugaldarrak eta horretarako, kolonia bat ezartzea zuten helburu. Hala, 1510ean, Alfonso Alburquerque almiranteak Velha Goa edo Goa Zaharra euren kolonia izendatu zuen. 1542an, Francisco Javierren gidaritzapean, Asiaren ebanjelizazioaren alde buru-belarri jardun zuten jesuitak lehorreratu ziren. Biek ala biek aski ondo egin zuten beraien lana. Iparraldeko Goan dagoen Panjim da estatuko hiriburua, 100 mila biztanleko hiri txiki horren eraikinetan eta kaleen izenetan nabaria da oso konkistatzaile portugaldarren eragina. 1986an, Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zituen Goako elizak zein komentuak eta horietako garrantzitsuenak, hiriburuan kokatzen dira.

Indiako eta mundu osoko katolikoak erromes joaten dira Goako eliza ospetsuenera, Basilica of Bom Jesusra; izan ere, 1594an inauguratutako eraikin erlijiotsuak, Francisco Javier jesuitaren erlikiak gordetzen ditu. Halaber, plaza nagusian dagoen Church of Our Lady of the Immaculate Conception (1541) eta St. Cajetan´s Church bisitatu daitezke, besteak beste. Bost mendeko okupazioaren ostean, katolizismoa eta hinduismoa elkarrekin bizi dira Goan, horrenbestez, jainko eta jainkosa hinduistak gurtzeko toki dezente daude. Batetik, Noroa ibaia, Arvalem ur-jauzia, Sidhanath mendia bezalako naturaren harribitxiak eta bestetik, tenpluak. Esate baterako, Sri Mangesh, Sri Bagwati, Sri Ananta Brahma herriko tenplua, eta berriki, 1966an eraikitako Gopal-Ganapathi.

Mundu osoan ezagutzera eman zuten hippyek Goa. Turkesa koloreko itsaso gardena, palmondoak, kokondoak, iluntze zoragarriak, ametsetako hondartzak, parranda... 60. hamarkadako hippyek bide eman diete motxila lepoan hartuta doazen turista gazteei, hala, turismoa diru-iturri garrantzitsua da. Hain zuzen, Indiako 2,2 milioi lagun eta 300.000 atzerritar hurreratzen da urtero, azaroa eta martxoa bitartean, eguzkiaren, harearen eta surfaren lurraldera.

Calangute eta Baga izeneko hondartzak, hippyen kutunenak ziren. Lehena, familiarekin oporretan joateko helmuga turistikoa den bitartean, bigarrena, gautxorientzako askoz aproposagoa da. Atseden hartzeko lasaitasuna nahiago dutenek, hobe dute iparraldeko hareatzetara abiatzea hala nola, Arambolera, Mandremera, Agondara...Eta egunez eguzkia hartu eta gauez parranda egiteko Anjuna, Candolin, Morjim eta Vagator hondartzatxo ezkutuak proposatzen dizkizuegu. Horrez gain, Tito´s, Paradiso, Cubana edo Utopia diskoteka ospetsuetan dibertsioa egunsentira arte ziurtatuta dago.

Bestalde, figuratxo hinduistak, zetazko alkandorak, Tibeteko mantra budistak biltzen dituzten diskoak, etab. eros daitezke harrera oso ona duten azoka txikietan. Halaber, ilea rastaz eta azala tatuaiez apaintzeko aukera dago. Asteazkenetan Anjuna hondartzan da hitzordua, eta ostiraletan, Mapusa izeneko herria Goako bazter guztietatik etorritako erosleen bilgunea da.

Eta kale merkatuetan tratuan aritu ondoren, Goa bertatik bertara ezagutzeko zenbait proposamen luzatzen dizkizuegu: lehena, Mandovi ibaian zeharreko bidaia egitea; bigarrena, Aldona herritik gertu dagoen Pompurbako ur mineraleko iturrian zintzurra bustitzea; eta hirugarrena, Panajimtik 60 kilometrora kokatzen den Dudhsagar ur-jauzi ikusgarriak bisitatzea.

Azkenik, afaltzera gonbidatzen zaituztegu. Janari txinatarra, punjabia, portugaldarra, indiarra... eskaintzen duten jatetxe mordoa dago Goan. Guk bertako janariaren aldeko hautua egingo dugu noski, eta Xacuti oilaskoa, Sorpatel txerria edota Balchao ganbak eskatuko ditugu. Hori guztia, zapore fuerteko Kingfisher garagardoarekin lagunduko dugu eta Feni kopatxo batekin topa egin ondoren, hurrengora arte agurtuko gara.

(Argazkiak: www.flickr.com)