Prentsa idatzia Euskadin

Euskaraz idatzitako prentsa

Uscal Herrico Gaseta / Eguna / Euskaldunon Egunkaria / Berria

Euskara hutsez idatzitako lehen egunkaria Uscal Herrico Gaseta izan zen. Ipar Euskal Herrian argitaratu zen 1848tik aurrera, Agosti Xahoren zuzendaritzapean. Ondoren, Gerra Zibilaren garaian, Eguna kazeta kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak 1937ko urtarrila eta ekaina artean.

Franco hil ondoren ere, euskarazko egunkaria sortzeko hainbat ekimen jarri ziren martxan, baina ez zuten helburua bete. Deia eta Egin kazeta elebidunek Eguna eta Hemen astekariak kaleratu zituzten 1986an, euskara hutsean eta egunen batean egunkari izateko asmoarekin. Eusko Jaurlaritzak ere euskarazko egunkari bat sortzeko ekimena izan zuen esku artean. Hala ere, horiek guztiak ez ziren gauzatu.

Gerra Zibilaren garaitik, euskara hutsez egindako lehen egunkaria, ordea, Euskaldunon Egunkaria izan zen. 1990eko uztailean aurkeztu zuten alea Donostian, Anoeta Belodromoan, egin zuten jai erraldoi batean.

Hura sortzeko lanak, ordea, urtebete lehenago hasi ziren. 1989ko azaroan, Egunkaria Sortzen elkartea jaio zen. Joan Mari Torrealdai, Joxemi Zumalabe, Martin Ugalde, Karlos Santamaria eta beste hainbat euskaltzale aritu ziren lanean euskarazko egunkaria errealitate bihurtzeko asmoz. Elkarte, enpresa eta euskal herritar anonimo ugariren laguntza ekonomikoa jaso eta Martin Ugalde izendatu zuten egunkari berri honen lehendakari.

1994an, Euskaldunon Egunkaria-k hitzarmena sinatu zuen Eusko Jaurlaritzarekin eta, ordutik aurrera, erakunde publikoak iragarkiak bertan jartzen hasi ziren.

Behartutako eraberritzea

Hamahiru urtez asteartetik igandera kaleratzen jardun ostean, 2003ko otsailaren 20an, egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak, eta Martxelo Otamendi zuzendaria eta beste bederatzi lagun preso eraman zituzten. Talde armatu bati laguntzea leporatu zien Juan del Olmo epaileak. Hainbat egun kartzelan egon ondoren, atxilotu guztiak kalera irten ziren.

berria

Kazeta itxi bazuten ere, langileek ahalegin berezia egin zuten eta Egunero egunkaria kaleratu zuten otsailaren 21etik aurrera. Tolosaldean Egunero kazetaren lege-gordailua, mantxeta eta tailerrak erabili zituzten. Horrez gainera, proiektu berri baterako dirua biltzen hasi ziren, eta orduan ere, herritar ugariren laguntza ekonomikoa jaso zuten. Azkenean, 2003ko ekainaren 21ean ikusi zuen argia Berria egunkariak.

Martxelo Otamendi bera da argitalpen berri honen zuzendaria eta langile asko Euskaldunon Egunkaria-n aritutakoak dira. Paperezko edizioaz gain, edizio digitala ere badu, www.berria.info helbidean. Eguneroko albiste eta erreportajeekin batera eduki bereziak dauzkate bertan: blogak, multimedia edukiak...

XX. mendearen lehen erdia

Diario de Navarra

1903ko otsailaren 25ean jaio zen Diario de Navarra, Euskal Herriko egunkaririk zaharrena. Besteak beste, Nafarroako sentimendu erlijiosoa, foru-erregimena eta nafar nortasuna defendatzea eta, aldi berean, Nafarroan sozialismoaren hazkundea oztopatzea ziren kazetaren helburu nagusiak.

Diario de Navarra nafar eskuinaren bozeramailea da egun. Egunkariak sostengua eman zien Primo de Riveraren eta, geroago, Francoren matxinadei.

Diario de Navarra
Liderra Foru Erkidegoan

90eko hamarkadaren amaieran egunkariak bere irudia eraberritu zuen. Gainera, teknologia berriak erabiltzeko esfortzu berezia egin zuen kazetak, eta egun webgunea dauka: www.diariodenavarra.com. 2006an, Nafarroan gehien saltzen den egunkaria da Diario de Navarra .

Era berean, herri-informazioari garrantzi berezia ematen dio kazetak, eta zenbait gehigarri argitaratzen ditu astero: La Ribera Tudelana (Erribera eskualdea), Tierra Estella (Lizarraldea), Cidacos (Tafalla eta Erriberri ingurua) eta Eco del Pirineo (Ipar Nafarroa).

La Información enpresa taldearena da Diario de Navarra. Talde horren eskuetan daude, besteak beste, Ediciones y Libros argitaletxea eta Inmobiliaria General de Navarra ere.

El Correo Español - El Pueblo Vasco

El Correo-ren jatorria El Pueblo Vasco egunkaria da. Azken kazeta hau 1910eko maiatzaren 1ean kaleratu zuten Bilbon Emilio, Gabriel eta Fernando Ybarra anaiek. El Pueblo Vasco antiabertzalea zen eta oso kritikoa izan zen Euzko Alderdi Jertzalearekin eta, Euzkadi, bere egunkariarekin. Monarkia, katolizismo eta Espainiaren batasunaren defentsa ziren kazetaren helburu nagusiak.

Errepublika garaian El Pueblo Vasco oso kritikoa izan zen gobernuarekin, erregezaletasuna azpimarratu zuen kazetak. 1936ko uztailean, Francisco Francoren altxamenduarekin, Frente Popularra egunkariaz jabetu zen baina, urte berean, abenduan, Eusko Jaurlaritzak konfiskatu zuen.

1937ko uztailaren 6an bigarren aldiz kaleratu zuten El Pueblo Vasco egunkaria Ybarra anaiek. Eta egun berean, El Correo Español kazeta falangezalea kaleratu zen. Paper eza zegoela eta, Francoren gobernuak bi egunkariak elkartu zituen. 1938ko apirilaren 13an agertu zen egunkari berria El Correo Español-El Pueblo Vasco izenarekin.

El Correo Español

1945ean El Noticiero Bilbaino egunkaritik zetorren akziodun talde batek Bilbao Editorial sortu zuen, El Correo Español-El Pueblo Vascoren jabegoan sartu eta gero. 1949. urtean Correo prentsa taldea sortzeko lehen pausua eman zen. Bilbao Editorial Sociedad Vascongada de Publicaciones enpresaren akzio-gehiengodun bihurtu zen. Azken horrek, El Diario Vasco egunkaria argitaratzen zuen.

Gehien saltzen dena

Francoren heriotzaren ostean, El Correok demokraziaren aldeko bilakaera politikoa landu zuen eta, La Gaceta del Norte (ultrakatolikoa zen), Ybarra anaien egunkariaren lehiakide nagusia, iraganeko jarreretan gelditu zen. La Gaceta del Norteren salmentek behera egin zuten nabarmenki eta 1984. urtean desagertu zen.

Trantsizio garaian hainbat kazeta garrantzitsu kaleratu ziren: 1976an El Pais jaio zen eta, 1977an Deia eta Egin. Egoera horren aurrean, eta lehiakortasunari aurre egiteko, iritzi ezberdineko ikuspegiak publikatzen hasi zen El Correo bere orrialdeetan.

80ko hamarkadan herri edizio berriak zabaldu zituen El Correok , eta 1989. urtean Editorial Catolica taldearen egunkariak erosi zituen, besteak beste, Ideal, Hoy, Ya, Sur, La Verdad.

90eko hamarkadan egunkariak bere irudia eraberritu zuen. Era berean, teknologia berriei egokitzeko esfortzu berezia egin zuen kazetak eta egun, bere webgunea dauka: El Correo Digital. 2006an El Correo Español-El Pueblo Vasco Euskal Autonomi Erkidegoan gehien saltzen den egunkaria da.

El Diario Vasco

1934ko azaroaren 27an ikusi zuen argia egunkari honen lehen aleak. Sociedad Vascongada de Publicaciones elkarteak, gaur egungo enpresa argitaratzaileak, kaleratu zuen eta bultzatzaile ugari izan zituen, besteak beste, Ramiro de Maeztu, Juan Ignacio Luca de Tena eta Federico Oliván. Orduan zehaztu ziren estatutuetan argi utzi zuten zein izango zen egunkariaren ildo politikoa: “katolikoa, monarkikoa eta Kontzertu Ekonomikoaren eta Foruen defendatzailea”. Pedro Pujol izan zen kazetak izan zuen lehen zuzendaria.

1936an, Juan March Ordinasek erosi zuen egunkaria. Uztailean, Franco jeneralak gidatu zuen altxamenduaren alde azaldu zen eta Errepublikako Gobernuak itxi egin zuen. Ondoren, Frente Popular egunkaria kaleratu zuten Diario Vasco-ren tailerretan, harik eta frankistek irabazi ondoren berriz ere kazetak argia ikusi zuen arte.

Diario Vasco

Egunkari honen hurrengo aldaketa handia 1949an gertatu zen. Bilbao Editorial etxeak, El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkariaren argitaratzaileak, Sociedad Vascongada de Publicaciones erosi zuen. Gaur egungo Correo taldearen hastapena izan zen hori.

Gipuzkoan salduena

El Diario Vasco-ren lehiakide nagusia La Voz de España egunkaria izan zen 1980ra arte. Urte horretan, ordea, UCDren gobernuak egunkari hori itxi zuen eta El Diario Vasco-k hartu zuen haren lekua merkatuan.

Gainerako hedabide guztiek bezala, kazeta honek ere ahalegin handia egin du teknologia berrietara egokitzeko. www.diariovasco.com webgunean, egunkarian kaleratu dituzten artikuluak ez ezik, blogak, kanal bereziak (Realarena, eguraldiarena...) eta bestelako informazioa ere eskura daiteke.

Sud Ouest

Sud Ouest Ipar Euskal Herrian gehien saltzen den egunkaria da. Jacques Lemoînek sortu zuen Bordelen 1944an, Frantziako hegoaldea alemaniarren agintaritzatik askatu zenean. La Petite Gironde 1872 eta 1944 artean kaleratu zen egunkariaren lekua hartu zuen.

Hasieran, Bordelen bakarrik eskuratu zitekeen kazeta hau, baina poliki-poliki eremua handituz joan zen eta, gaur egun, komunikazio talde handi bilakatu da.

23 edizio kaleratzen ditu Sud Ouest-ek egunero, bost Ipar Euskal Herrian. Angeluko, Baionako, Biarritzeko eta Donibane Lohitzune-Hendaiako edizioak Lapurdin eta Nafarroa Beherean saltzen dituzte. Zuberoan, aldiz, Oloron inguruan zabaltzen den edizio bera erosi behar da. Egunkariaz gain, hainbat astekariren eta hilabetekariren jabea da komunikazio talde hau; besteak beste, La Semaine du Pays Basque kaleratzen du.

Sud Ouest

Gaur egun, komunikazio taldearen kapitalaren %80a Lemoîne familiaren esku dago. Gainerakoa, ordea, kazetari eta langileek osatutako elkarte txikiek daukate. Aipatzekoa da, halaber, Sud Ouest taldea Vocentoren akzioen %6aren jabe dela. Espainiako taldeak El Correo Español-El Pueblo Vasco eta El Diario Vasco egunkariak kaleratzen ditu.

Etorkizunari begira

Aurrerapen teknologikoek lan egiteko modua asko aldatu dute egunkarian azken 60 urteotan. Lan sistemak eta errotatibak behin baino gehiagotan aldatu dituzte eta egunkariaren formatua ere ez da hasierako bera: 2002 arte izara formatua erabiltzen zuten; orain, ordea, txikiagoa da 42 x 28,9 zentimetrokoa.

Horrez gainera, teknologia berrietara egokitzen lehenengotarikoa izan zen. Web gunea (www.sudouest.fr) 1996tik dago martxan. Hamar urte geroago, lehenengo bi blogak jarri dituzte airean.

XX. mendearen bigarren erdia

Deia

Francisco Francoren heriotzak, 1975eko azaroan, garai berri bat zabaldu zuen Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian. Berehala, alderdi politiko, sindikatu, elkarte eta hedabide berriak sortzen hasi ziren. Trantsizio garaian sortutako lehen euskal egunkaria Deia izan zen; 1977ko ekainaren 8an kaleratu zuten lehen alea.

Ignacio Iriarte Areso izan zen kazeta honen lehen zuzendaria. Zuzendariorde lanetan, Alfonso Ventura, Martin Ugalde eta Félix García Olano aritu ziren, eta Manuel Igarreta eta Fernando Múgica izan ziren lehen erredaktoreburuak.

Egunkariaren ildo politikoak euskal nazionalismo moderatuaren bidetik joan izan dira beti, nahiz eta hasiera batean mota guztietako irakurleak bereganatu nahi izan zituzten. Hala ere, sortzaile eta bultzatzaile nagusiak EAJ/PNV alderdiko militante ezagunak izan ziren, besteak beste, Mitxel Unzueta, Luzio Aginagalde, Luis Maria Retolaza eta Eli Galdos.

Deia

Iparragirre editoriala arduratzen da egunkari hau kaleratzeaz. Bilbon du egoitza nagusia baina Gasteizen eta Donostian ere badituzte bulegoak.

Papereko edizioaren irakurleez gain, www.deia.com Interneteko helbidean ere irakurri daiteke egunkari hau.

Egin / Gara

1977ko apirilaren 29an jaio zen Egin, herri-partaidetzaren eta ekarpen txikien bitartez. Mariano Ferrer zen egunkariaren zuzendaria, eta Euskal Herriaren defentsa eta euskararen sustapena ziren kazeta berriaren helburu nagusiak.

Bere burua ezker abertzalean kokatzen zuen egunkariak bi etapa izan zituen. Hasieran, Egin-ek Euskadiko Ezkerra eta Herri Batasuna alderdi politikoen aldeko jarrerak batzen zituen. Hala ere, 1988an, Herri Batasunaren aldeko taldeak eskuratu zuen nagusitasuna.

Egin-ek erakundeen boikota izan zuen hainbat urtez, horien aurka argitaratutako artikuluengatik eta ETAren atentatuen aurrean izandako jarreragatik. Bestalde, egunkariko bi kazetari, Xabier Galdeano eta Josu Muguruza, GAL erakunde parapolizialak eta talde ultraeskuindar batek egindako atentatu banatan hil ziren, 1986. eta 1989. urteetan, hurrenez hurren.

Egunkari berria

 

1998ko uztailaren 15ean, Baltasar Garzón Auzitegi Nazionaleko epaileak Egin egunkaria eta Egin Irratia itxi zituen. Gainera, Jabier Salutregi, kazetako zuzendaria, eta Administrazio Kontseiluko beste hainbat kide espetxeratu zituen.

gara

Uztailaren 16an, Egin-eko langileek Euskadi Información kaleratu zuten, itxitako hedabidearen lerro informatiboaren jarraitutasuna bermatzeko asmoz. Gainera, “Egingo dugu” ekimena abiatu zuten, Baietz Fundazioaren bitartez dirua lortu eta egunkari berria argitaratu ahal izateko. 1999ko urtarrilaren 30ean, Gara jaio zen Mertxe Aizpuruaren zuzendaritzapean.

Baigorri argitaletxeak kaleratzen du egunkari hori. Iparraldean, berriz, Baigura argitaletxeak Le Journal du Pais Basque argitaratzen du (frantsezez eta euskaraz), Gararen ildo editorial bera duen egunkaria.

Interneten www.gara.net helbidean aurkitu daiteke egunkari hau.

Diario de Noticias, Diario de Noticias de Alava, Diario de Gipuzkoa

1994ko apirilaren 8an jaio zen Diario de Noticias Iruñean, Navarra Hoy kazeta itxi eta gero, Zeroa Multimedia SA argitaletxearen ekimenez.

Nafarroan

Diario de Noticias kazeta Navarra Hoy-ren errotatiban inprimatzen hasi zen. Egunkariaren erronka nagusia Diario de Navarra lehiakideari aurre egitea zen eta zerbitzu-egunkariaren formula hartu du horretarako.

Diario de Noticias

www.diariodenoticias.com Interneteko helbidean irakurri daiteke egunkari hau.

Araban

Diario de Noticias de Álava, berriz, 2004ko azaroaren 24an jaio zen Gasteizen, Arabako Egunkaria ixteak utzitako hutsunea betetzeko asmoz. Diario de Noticias de Álava-k Diario de Noticias de Navarra egunkariaren ildo editorialari jarraitzen dio.

Webgunea www.noticiasdealava.com helbidean dauka.

Gipuzkoan

2005eko azaroaren 24an jaio zen, bestalde, Diario de Gipuzkoa, Donostia. Euskal lurraldeetan zabaltzeko duen asmoei eutsi zien, horrela, Zeroa Multimedia argitaletxeak.

Gipuzkoako prentsaren munduan astindu handia eman zuen egunkari honen sorrerak. Izan ere, bere helburu nagusia El Diario Vasco-k duen nagusitasunari aurre egitea da. Gainera, azken 25 urteetan, lurralde honetarako propio sortutako lehen egunkaria izan da.

Paperezko edizioaz gainera, webgunea ere badu kazeta honek www.noticiasdegipuzkoa.com helbidean.

Aldizkako argitalpenak

Euskal Herrian astekari, hilabetekari, bihilabetekari eta beste hainbat aldizkako argitalpen kaleratzen dituzte gaur egun, bai euskaraz, bai gazteleraz, baita hizkuntzak nahastuz ere.

Argia, Euskal Herri osoan

Informazio orokorra ematen duelako, eremu zabalena duelako eta zaharrena delako Argia da guztietan garrantzitsuena. 1919an kaputxinoek sortu zuten Zeruko Argia eta handik bi urtera Donostian sortu zen Argia informazio orokorreko aldizkariaren oinordekoa da hau.

Hainbat hamarkadatan, agertu eta desagertu ibili zen Zeruko Argia, eta 1963an, frankismoaren urte zailetan, kaleratu zen berriz astekari gisa. Besteak beste, Ramon Saizarbitoriak, Rikardo Arregik, Ibon Sarasolak, Xabier Letek, Txillardegik eta Mari Karmen Garmendiak idazten zuten garai hartan Zeruko Argia-n.

argia

Franco hil ondoren, magazine formatuko aldizkariek indar handia hartu zuten Espainiako Estatuan, eta, Euskal Herrian, Zeruko Argia-k ere loraldia izan zuen. Aldi horretan, besteak beste, Pilar Iparragirrek, Elixabete Garmendiak, Amatiñok, Joxemi Zumalabek eta Joxe Mari Ostolazak lan egiten zuten bertan. 1977an, bestalde, Deia eta Egin sortu ziren eta Zeruko Argia-ko kazetari asko batera edo bestera joan ziren.

1980an, kaputxinoek aldizkaria argitaratzen ez jarraitzeko erabakia hartu zuten eta Joxemi Zumalabek (lehen lan-taldekoa) eta Joxemari Ostolazak (bigarren lan-taldekoa) eman zioten jarraipena Zeruko Argiari, Argia izenarekin. Besteak beste, Josu Landa, Iñaki Uria, Pello Zubiria eta Jon Barandiaran kazetariak hasi ziren lanean erredakzioan, eta oraindik ere badirau talde horrek martxan jarritako Argia aldizkariak, bere garaira egokituta.

Herria, Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herrian Herria astekaria da nagusi. 1944ko urrian kaleratu zuten lehen aldiz Piarres Lafittek, Manex Hiriart-Urrutik eta beste hainbat euskaltzalek, itxi berri zuten Eskualduna (1887-1944) astekariaren lekua betetzeko. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gertakariak jorratzen ditu, batez ere herrietan gertatzen diren berriak; hala ere, Hego Euskal Herriko albiste batzuk ere atera izan dituzte.

Lau zuzendari izan ditu orain arte Baionan egoitza duen aldizkari honek: Piarres Lafitte (1944-1967), Jean Hiriart-Urruty (1967-1969), Emile Larre (1969-2003) eta Janbattitt Dirasar (2003-...). Gaur egun, 3.000 ale inguru ateratzen dituzte, baina bere unerik onenean 7.000 argitaratzera iritsi ziren. Kolaboratzaile ugariren idatziak jasotzen ditu Herria-k bere orrialdeetan, besteak beste, Jean Haritschelharrenak, Daniel Landartenak, Maixan Minaberryrenak eta Ramuntxo Camblongenak.

Jakin, 50 urteko historia

Jakin bihilabetekaria, berriz, Arantzazun (Oñati) jaio zen 1956an, Frankismoa puri-purian zegoen garaian. Artea eta kulturaren topalekua zen orduan santutegia: basilika eraiki berria zen, Euskaltzaindiko kideak lehen Gerra Zibilaren ondorengo lehen batzarrak egiten hasi ziren... Giro horretan sortu zuten aldizkaria Arantzazuko eskolako ikasleek.

Teologiak kulturari egin zion lekua laster, eta Jakin intelektualen eta pentsalari laikoen bilgunea bilakatu zen. 1967an Joan Mari Torrealdaik hartu zuen kazetaren zuzendaritza. Berarekin batera aritu ziren lanean Karlos Santamaria eta Rikardo Arregi. Esprit aldizkari frantsesa hartu zuten eredu, “aldizkari irekia, denetariko ahotsak plazaratzen zituena” zelako.

Jakin

50 urteko bizitza luze honetan bi aldiz debekatu dute aldizkaria agintariek, 60ko eta 70eko hamarkadetan eta, guztira, 10 urtez egon zen itxita. Hala ere, denbora horretan lanean jarraitu zuten liburuak argitaratzen eta hiztegigintza prestatzen.

90eko hamarkadatik aurrera, Jakinkizunak S.L. enpresa arduratzen da aldizkaria kaleratzeaz.

Horiez gainera, asko dira Euskal Herrian euskaraz argitaratzen diren aldizkariak. Batzuk gai jakin batean espezializatu dira: mendia (Euskal Herria), zientzia (Elhuyar)... Beste batzuk, aldiz, publiko jakin bati zuzendutakoak dira; Xirika eta Matraka, adibidez, gazte jendearentzat egindako aldizkariak dira.

Gaur egun desagertuta dauden baina bere garaian garrantzia handia izan zuten aldizkariak aipatzeak ere merezi du. Euzkadi, Ere, Berriak, Garaia eta Punto y hora dira horietako batzuk.

Herri-Aldizkariak

Euskarazko prentsa lokala, gizarte eta kazetaritza fenomeno moduan, 1988ko abenduaren 2an sortu zen, Arrasate Press astekariaren lehen zenbakia kaleratuta. Ordutik hona, aldizkarien kopurua eta tirada biziki ugaritu da; azken urteotan, txoko eta bazter guztietan sortu dira herri eta eskualde aldizkariak.

Euskarazko tokian tokiko prentsaren hastapenak hobeto ulertzeko, 80ko hamarkadako gizartearen 5 alderdi garrantzitsu aipatu behar dira:
 

  • Autoedizioaren sorrera: 80ko hamarkadaren erdialdean autoedizioaren iraultza hasi zen, eta ordura arte gutxi batzuei zegokiena guztion eskura jarri zen.
  • Euskararen batasuna: 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean euskara batua finkatua zegoen eta haren erabilera zabalduta zegoen bai irakaskuntzan bai eta administrazioan eta komunikabideetan ere.
  • Euskara taldeak: Euskal Herriko hainbat herritan euskara taldeak sortzen hasi ziren garai hartan, euskararen normalizazioaren alde lan egiteko asmoz. Euskarazko komunikabideak sustatzea izan zen euskal talde horien eginkizunetako bat.
  • Herri-erakundeen irekitasuna: Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua sortu eta gero, euskararen eta euskal kulturaren aurreko jarrera irekiagoak azaldu ziren erakundeetan.
  • Euskal kazetari berrien agerpena: 80ko hamarkadan kazetari profesional euskaldunen belaunaldi berriak agertu ziren.

Tokian tokiko informazioa

Herri-hedabideen arrakastaren oinarria tokian tokiko informazioren garrantzia izan daiteke, jendeak gustuko baitu auzokoari zer gertatzen zaion jakitea. Horixe da, hain zuzen ere, prentsa lokalaren eginbeharra: herriarekin lotura duten gaiei, pertsonei, ekintzei eta taldeei buruzko informazioa eskaintzea.

Kontuak kontu, horrelakoak dira Euskal Herriko herri aldizkariak: tokian tokiko albisteetan oinarrituak, doakoak, euskaraz idatziak, erakunde publikoen diru-laguntzaz eta publizitateaz finantzatuak, informazio orokorrak modu arin eta irakurterrazean jorratzen dituztenak, herritar guztioi zuzenduak eta gaurkotasunera mugatuak.

Euskararen normalizazioari dagokionez, herri-aldizkariek euskararen erabilera normaltzen lagundu dute, euren esparruan euskara ohiko hizkuntza bihurtu dute eta. Izan ere, agerkari hauen orrialdeetan euskara normaltasun osoz erabiltzen da, herritarren artean mota guztietako gaiak zeinahi kazetaritza-generotan zabaltzeko.

Eskualdeko hedabideak

Goiena, komunikazio kooperatiba

2000ko ekainean, Euskal Herriko lehen komunikazio kooperatiba jaio zen, Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkartea. Debagoieneko zortzi herrietako (Arrasate, Eskoriatza, Elgeta, Leintz Gatzaga, Antzuola, Bergara, Oñati eta Aretxabaleta) eta Aramaioko euskara elkarteek sortu zuten. Eskualde osoan euskarazko euskarri berriak bultzatzea zen kooperatibaren helburu nagusia.

Urte horren amaieran, abenduaren 1ean, Goienkaria astekaria jaio zen. Bertan, tokian tokiko berriez gain, haran osokoak ere jasotzen dira. Goienkaria-k egunkari-formatua dauka eta prentsa-paperean egiten da.

Goienkaria

Aldizkariarekin batera, telebista-katea, Arrasate Irratia eta www.goiena.net webgunea biltzen dira Goienaren barnean. Beraz, tokian tokiko informazioa euskaraz jorratzen duen Euskal Herriko enpresa multimedia garatuena dela esan daiteke.

Hitza

2001eko ekainaren 24an, bestalde, Tolosaldeko hitza jaio zen Tolosan. Eskualdeko euskarazko lehen egunkaria izan zen honek Egunero izena zuen hasieran, eta, Egunkaria itxitakoan, Hitza sortu zen.

Tolosaldeko Hitza

Hitza da, hain zuzen ere, azken urteetan euskarazko prentsari ekarpen handienetakoa egin dion proiektua. Gaur egun, zazpi edizio egiten ditu Hitza-k egunero (Tolosaldeko hitza, Oarsoaldeko hitza, Urola-Kosta hitza, Irutxuloko hitza, Goierriko hitza, Lea-Artibaiko hitza eta Busturialdeko hitza), eta 50.000 ale inguru banatzen dira guztira.

Guardar

Guardar

 

Orria posta elektronikoz bidali

< * Bete beharreko alorrak

Eskerrik Asko.
artikuluan arrakastaz bidalita da.

cerrar ventana
Lagun iezaguzu hobetzen! Zure iritzia garrantzitsua da, eta horregatik eskertuko genizuke zure iritziak eta iradokizunak info@hiru.eus helbidera bidaltzea.

* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana