Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Wilhelm Dilthey

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Xabier Mendiguren Bereziartua

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1995-08-03

V Beren materiala Zientzia horien materiala errealitate historiko-sozialak eratzen du, gizadiaren kontzientzian albiste historiko gisa gorde eta presentera hedatzen den gizarte-ezagutza gisa zientziaren eskura jarri den heinean. Denik neurgaitzena delarik ere material hori, bere inperfekzioa ere nabaria du. Zientziaren beharrizanarekin inola ere bat ez datozen interesak, beharrizan horiekin erlazioan ez dauden transmisio-baldintzak izan dira gure informazio historikoaren egoeraren determinatzaile. Kanpamenduko suaren ondoan bildurik, leinu eta gerrako lagunek beren heroien balentriak eta beren leinuaren jatorri jainkotiarra kontatzen zituzten garaitik, bizikideen interes sendoak ohiko giza bizitzako korronte iluneko gertakariak goretsi eta iraunarazi egin ditu. Geroagoko garai bateko interesak eta patu historikoak erabaki dute zerk iritsi behar zuen guganaino gertakari horietatik. Historiografiak, aurkezpen-arte libre gisa, osotasun neurgaitz horretako parte jakin bat laburbiltzen du, zeina interesgarri den nonahitik begiratzen zaiolarik ere. Horri gehitzen zaio gaur eguneko gizartea nolabait esateko iraganeko geruza eta hondakinen gainean bizitzea hizkuntza eta superstizioan, ohitura eta zuzenbidean egindako kultur lanaren jalkinek, bestalde, baita idatzietatik gainezkatzen diren aldaketa materialek ere, tradizio bat daukate beren baitan, era estimagaitzean idatziak bermatzen dituena. Hala eta guztiz ere, patu historikoaren eskuak ere erabaki du horiek iraunaraztea. Bi puntutan bakarrik dago zientziaren eskakizunei egokitzen zaien materialaren egoera. Europa modernoko mugimendu izpiritualen joanaira aski behar besteko osotasunez dago idatzietan, zeinak beren osagai dituzten. Eta estatistikazko lanek baimentzen dute, enplegatuak izan direneko denboraldi labur eta herrialdeen zirkulu estuaren barrenerako, berorien baitako gizarte- gertakarien zenbakizko ikuspegi zehatza: gaur eguneko gizartearen egoeraren informazioari oinarri zehatza ematea ahalbidetzen dute.