Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: A. C. Crombie

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Koldo Morales Belda

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 2002-12-31

XIII. mendean geologian jardun zuen autore italiar garrantzitsuena Ristoro d'Arezzo izan zen. Badirudi Albertus Magnusen lana ezagutu zuela, edo, agian, iturri berberez bailatu zela. Nolanahi ere, Italiako geologiaren hurrengo bi mendeetako autore nagusia Albertus Magnus izan zen. Tradizio italiarrari jarraituz, Ristororen La Composizione del Mondo (1282) lana oso astrologikoa izan zen. Beraren iritziz, eremu lehorrak itsasotik igo izanaren arrazoia izarren erakarpen-indarra izan zen, imanek Lurreko burdina erakarri baitzuten. Orobat, beste eragin batzuk ere deskribatu zituen, hala nola, uraren higidura, itsasoko uhinak harea eta hartxintxarra gorantz botatzen, Noeren Uholdeak metatutako sedimentuak, lurrikarak, ur jakin batzuen kare- metaketak eta gizakien jarduerak. Hainbat behaketa egin zituen, eta Apeninoetan almenen formaz higatutako geruzak deskribatu zituen, geruza horiek barnean burdina zutela eta harea-lur, eskisto eta konglomeratu leunagoz osatutako ur-metaketen gainean zeudela adieraziz. Fosildutako molusku maskor batzuen jatorria itsasoa zela jakin zuen; gainera -antza denez-, mendira egindako espedizio batean putzu bero bat deskubritu zuen, eta bertan bainatzen ari zelarik ilea "harri bihurtu" zitzaion. Beraren ustez, fosildutako maskor horiek mendietan agertu izanaren arrazoia ez zen bizirik egon ziren garaian harri bihurtu zirela, baizik eta Uholdearen eragina.