Itzuli orri osora
Leslie Nielsen, komediari loturiko aktorea hil da
vie, 03 dic 2010 19:30:00 +0100
Ohikoa zen paper komikoetan ikustea, nahiz eta noizean behin zenbait filmetan gaizto aurpegia jarri. Leslie Nielsen komiko kanadarra, ilezuriarengatik eta aurpegiko espresio bereziengatik ezaguna, joan den igandean zendu zen bere jaioterriko ospitale batean neumonia batek sortutako zailtasunak medio. 84 urte zituen.

Leslie Nielsen Kanadako aktoreak, Airplane (Aterriza como puedas) edo The Naked Gun (Agárralo como puedas) pelikula ezagun bezain zentzugabeen protagonistak, agur esan digu aste honetan pairatzen zuen neumoniak eragindako zailtasunen ondorioz.

"Atsekabetuta gaude Leslie Nielsen aktore maitearen heriotzarekin. The Naked Gun filmean Frank Drebin tenientea hezurmamitzeagatik egin zen ezaguna, nahiz eta zineman eta telebistan 60 urteko ibilbide luzea izan", dio Nielseren familiak idatziriko komunikatuak.

Doug Nielsen aktorearen ilobak bertako irrati batean jakitera eman zuen aktorea 12 egunez ospitalean ingresaturik egon zela eta honen egoerak okerrera egin zuela azken 48 orduetan. Gaineratu zuen Nielsen familiaz eta lagunez inguratuta joan zela.

Galai izatetik komediante izatera saltoa

1926ko otsailaren 11n Reginan (Kanadan) jaioa, Nielsenek filmografia oso zabala du, eta 60 urteko ibilbidean zehar ehun film baino gehiago egin ditu, eta ehunka telebista saiotan parte hartu du. 1950eko hamarkadan telebistako aktore lanetan hasi zen New Yorken, eta 150 antzezlanetan parte hartu zuen.

Ondoren, Hollywoodera joan zen eta bere lehendabiziko protagonista paperak egiten hasi zen. Zuen altuera eta presentziaren ondorioz, galai paperak egokitu zitzaizkion. Honen drama garrantzitsuenen artean daude Forbidden Planet (Planeta prohibido, 1956) edo The Poseidón adventure (La aventura de Poseidón, 1972) filmak.

Publikoari barrea eragiten zion aktorea

Hala eta guztiz ere, eta galai bezala lanean hasi bazen ere, bere baitan gaitasun komikoa zuen Nielsek, Airplane! (1980) pelikulara arte ezkutuan mantendu zuena. Jim Abrahamsek, David Zuckerrek eta Jerry Zuckerrek zuzenduriko parodia honetan Rumack doktorea hezurmamitu zuen Nielsenek.

Aipatu filmarekin, pareko estiloa zuten beste zenbait film ere egin zituen, zenbaitetan David Zuckerrekin batera. Ondorengo filmeak dira aipagarrienak: The Naked Gun (1988) filmaren trilogia, Spy Harden (1996), Family Plan (1998), Safety Patrol (1998), 2001: A Space Travesty (2000) edo Chilly Dogs (2001). Izenburu hauez gain, beste parodia batzuetan ere parte hartu zuen Nielsenek, besteak beste Repossessed (1995), Scary movie 3 (2006) edo Superhero movie (2008).

Lau bider ezkondua, bigarren emaztearekin bi alaba izan zituen, Maura eta Thea Nielsen. Emmy sarietara bi aldiz izan zen izendatua Day by Day eta Police Squad! telesaiengatik. Aktorea sekula ez zen erretiratu eta film bat utzi du hil osterako. Zineman bere azken parte hartzea The Waterman Movie pelikulan izan zen, bertako pertsonaia baten ahotsa jarri zuen.

(Argazkiak: IMDb)