Itzuli orri osora
'Fragments', Marilyn Monroeren idazkiek argia ikusi dute
vie, 08 oct 2010 19:30:00 +0200

Bakardadea, filmaketa bakoitzaren aurretik sentitzen zuen izua, literaturarekiko zuen grina... besteak beste, gai horien inguruan idatzi zuen Marilyn Monroek (1926-1962), eta editore frantziar batek idazkiok bildu ditu Fragments liburuan. Orain, "Le Nouvel Observateur" astekari frantziarraren eskutik jakin dugu aktore estatubatuarraren testuon berri. Orain arte, ezezagunak ziren idazkiok jendearentzat, Annak, Lee Strasberg Actor's Studioko zuzendariaren alargunak zituen. Bernard Comment editoreak Seuil argitaletxe frantziarrarentzat bildu ditu.

Argitaratzaileak azaldutakoaren arabera, oso prezio merkean lortu zituen testuok, izan ere, Anna Strasbergen asmoa testuak era literarioan bilduko zituen editore bat aurkitzea zen, ez "Monroeren inguruko beste liburu" batekin poltsikoak betetzea.

272 orrialdetan, Marilynek hoteletako paperetan, orri solteetan, egunkarietan eta eskutitzetan idatzitako testuen kopiak biltzen ditu liburuak. 48 urtez Hollywoodeko mitoaren barne mundua ezkutuan mantendu duten idazkiak dira.

"Nola hezurmamitu dezaket hain emakume alai, gazte, eta esperantzaz betea?" galdetzen zion bere buruari datarik gabeko testu batean, filmatzen ari zela: "paper hau antzezteko eraren bila ari naiz, betidanik nire bizitza osoak deprimitu egin nau".

1943ko oharrekin, aktoreak 17 urte zituen garaiko idazkiekin hasten da liburua; Norma Jean Mortenson Jim Doughertyrekin ezkondu berri zen eta hauek ziren bere hitzak: "ziur aski barnerakoi hutsa nintzen baina, jendea gustatzen zitzaidanez, leku guztietan lagunak nituenez eta lagunok mantentzeko ahalegina egiten nuenez, izango litzatekeena baino orekatuagoa izatera iritsi zen nire bizitza".

50eko hamarkadaren hasieran, Some Like It Hot (Con faldas y a lo loco) eta The Seven Year Itch (La tentaciĆ³n vive arriba) filmen protagonistak, milioika gizon eta emakumerentzat desiraren irudia zenak, honako hau idatzi zuen koaderno beltz batean: "Bakarrik! Bakarrik nago. Beti nago bakarrik, datorrena datorrela".

Arthur Miller idazlearekin bizitzen egon zen garaietan gertatutakoaz ere idatzi zuen Marilynek: "Azkenaldian nire harreman pertsonaletan (eta profesionaletan) ezerk ez nau izutu, berak izan ezik. Zenbait alditan oso gaizki sentitu naiz berarekin", zioen aktoreak. "Beraren beldur naizen arrazoi bakarra da, uste dudalako homosexuala dela", idatzi zuen Marilynek 1955eko edo 1956ko agenda italiar batean.

New Yorkeko Payne Whitney klinikan egon zen garaietako pasarteek aktorearen sufrimendua, depresioa izateko zuen joera eta zoratzeko zuen beldurra islatzen dituzte. Lee eta Paula Strasbergiri idatzitako eskutitz batean hau aitortu zuen: "ziur nago erotu egingo naizela amesgaizto honetan jarraitzen badut".

"Mesedez, Lee, lagun iezadazu, egon beharko nukeen azken tokia da hau. Agian, Kris doktoreari deitzen badiozu, osasun mental ona dudala eta Rain pelikularako hobeto prestatzeko klaseetara itzuli behar dudala esaten badiozu...", jarraitzen zuen aktoreak, ia garrasika, eskutitz horretan, etsipenez.

Beste idazki batean, Marilynek azaltzen du Kris doktoreak galdetu ziola ea depresioak zinean paperak hobeto egiteko laguntzen zion, eta hau erantzun zion aktoreak: "Greta Garbok, Charlie Chaplinek eta, agian, Ingrid Bergmanek ere, batzuetan deprimituta zeudela lan egin zuten".

Argitalpen frantziarrean oinarrituta mundu guztian salduko duten liburuak aktoreak literaturarekiko zuen interesa ezagutarazten du. Badirudi, literaturarekin barne-bizitza aberats bat sortu nahi izan zuela Marilynek.

(Argazkiak: IMDb)